177. zk., 2024ko irailaren 11, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (140 KB - 3 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4212
EBAZPENA, 2024ko uztailaren 22koa, Industria Administrazioko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiko administrazio-baimena ematen da «BESS Retuerto» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako, Barakaldoko udal-mugartean (Bizkaia).
Espedientea: 48-GE-Y-2023-00039.
AURREKARIAK
1.– 2023ko abenduaren 21ean BESS Development 3 SL enpresak aurretiko administrazio-baimena eskatu zuen «BESS Retuerto» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako. Proiektua Barakaldoko udal-mugartean (Bizkaia) kokatuta dago.
2.– Proiektuaren xede den instalazioak sarbiderako eta konexiorako baimena dauka, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresa banatzaileak emana 2023ko uztailaren 21ean.
3.– 2024ko urtarrilaren 23an Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena (ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua) egiteko eskaera bidali zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari.
4.– Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen denaren ondorioetarako, argitara eman zen horren iragarkia, adierazitako eskabidea jendaurrean jartzeko, 2024ko otsailaren 2ko EHAAn eta 2024ko otsailaren 6ko BAOn.
5.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, bidezko separata igorri zitzaien ukitutako administrazio publikoei, baldintza teknikoak aurkezteko.
Kontsulta egin zitzaion Barakaldoko udalari, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondarearen Zuzendaritzari, URA-Uraren Euskal Agentziari, I-DE Redes Eléctricas Ingeligentes-i, Red Eléctrica de España-ri eta Bizkaiko Foru Aldundiari ere.
6.– Kontsultak eta jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren jasotako txostenen hitzez hitzeko kopiak bidali zitzaizkion BESS Development 3 SL sustatzaileari.
Red Eléctrica de España-k bere jabetzako instalakuntzarik ez duela kalterik jasoko jakinarazi du.
URA-Uraren Euskal Agentziaren txostenean adierazitakoari jarraikiz, instalazio berrien ondorioz ondasunen eta pertsonen segurtasuna ez da uraldiekiko kalteberagoa izango, eta inguru horretako uholde-arriskua ez da nabarmen handituko. Gauza bera adierazten da lehendik zegoen eta instalazio horrekin lotuko den azpiestazioa (ST Retuerto) handitu eta berritzeari dagokionez.
Bizkaiko Foru Aldundiak esan du ez daukala eskumenik instalazioa baimentzeko, BI-10 errepide foralaren babesgunetik kanpo dagoelako.
7.– 2024ko otsailaren 13an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak erakunde eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen. Jasotako txostenak aztertu ondoren ingurumen-inpaktuaren txostena egin da; hona:
Inpaktu handienak instalazioa eraikitzeko eta eraisteko lanen fasean gertatuko dira, proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, eta kontuan hartuta sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak, bai eta ingurumen-inpaktuaren txostenean ematen direnak ere, ez da aurreikusten eragin negatibo nabarmenik izango denik aipatutako inguruneko alderdietan.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere eduki beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Hori guztia jasota geratzen da Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko maiatzaren 29ko Ebazpenean. Ebazpen horren bidez BESS Development 3 SL enpresak Barakaldon (Bizkaia) sustatutako BESS Retuerto baterien biltegiratze-instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da; 2024ko ekainaren 26ko EHAAn argitaratu zen.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza da espediente hori izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Espedientea izapidetzean honako arau hauetan ezarritako izapideak bete dira: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituena; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2021 Legearekin bat etorriz.
3.– Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren 2024ko uztailaren 16ko aldeko txostena.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarritzat hartuta, Industria Administrazioko Bizkaiko lurralde ordezkariak hauxe
EBAZTEN DU:
Aurretiko administrazio-baimena ematea BESS Development 3 SL enpresari, «BESS Retuerto» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako. Proiektua Barakaldoko udal-mugartean (Bizkaia) kokatuta dago.
Ebazpen hau 48/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera ematen da, eta baldintza orokor hauek kontuan hartuta:
1.– Eraikitzeko administrazio-baimena ebazpen hau jakinarazten denetik 6 hilabete igaro aurretik eskatu beharko da.
2.– Exekuzio-proiektua Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak 2024ko maiatzaren 29an egindako eta 2024ko ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (125. zk.) argitaratutako ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzetara, babes-neurrietara eta konpentsazio-neurrietara egokitu beharko da. Neurri horiek obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta betetzeko behar den aurrekontua eduki beharko dute.
3.– Onartzeko aurkeztutako proiektuan araudi elektrikoaren arabera eta industriaren arloan aplikatu beharreko industriako segurtasuneko eta kalitateko arauak bete beharko dira.
4.– Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da ebazpen hau ematen den egunetik aurrera.
5.– Ebazpen hau gorabehera, obrak egiteko behar diren udal- eta probintzia-eskumenetako eta bestelako baimenak eta lizentziak beharko dira; eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe ematen da, jabetza-eskubidea salbu utzita.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.
Bilbao, 2024ko uztailaren 22a.
Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,
MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.