177. zk., 2024ko irailaren 11, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (219 KB - 12 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
4211
91/2024 EBAZPENA, abuztuaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin sinatutako hitzarmena, destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan duten karrera judizialeko langileen etengabeko prestakuntzari buruzkoa, 2024. urterako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako zabalkundea emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin sinatutako hitzarmena, destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan duten karrera judizialeko langileen etengabeko prestakuntzari buruzkoa, 2024. urterako. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 30a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABUZTUAREN 30EKO 91/2024 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKOA, DESTINOA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN DUTEN KARRERA JUDIZIALEKO LANGILEEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZARI BURUZKOA, 2024 URTERAKO
Madrilen, 2024ko ekainaren 13an.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea, ord., Vicente Guilarte Gutiérrez bokal txit gorena, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 2023ko uztailaren 19ko Erabakiaren (1.20) arabera izendatua, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 585. artikuluak ematen dizkion ahalmenez baliatuz eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ordezkari gisa, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 598.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean, Nerea Melgosa Vega, Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izendatzeko Lehendakariaren otsailaren 13ko 6/2023 Dekretuaren bidez izendatua, Autonomia Estatutuaren 33.2 artikuluak eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.b) artikuluak ematen dizkioten ahalmenez baliatuz.
Bi alderdiek elkarri nahikoa gaitasun eta legitimazio aitortzen diote lankidetza-hitzarmen hau egin eta sinatzeko, eta, horrenbestez, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Espainiako Konstituzioaren 122. artikuluak ezartzen duenez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) da haren gobernu-organoa, eta Auzitegi Goreneko presidentea izango du buru. Era berean, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren (aurrerantzean, BJLO) 104.2 artikuluak xedatzen duenez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokio Botere Judizialaren gobernua, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eskumenak lurralde nazional osoan gauzatzen ditu. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 105., 585. eta 588. artikuluen arabera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea da nazioko lehen agintaritza judiziala, eta Botere Judizialaren eta haren gobernu-organoaren ordezkaritza du.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Botere Judizialaren gobernu-funtzio konstituzionalen artean, eskumen esklusiboa du epaile eta magistratuen hasierako eta etengabeko prestakuntzaren arloan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 560.1 7.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hori gauzatzeko, lege-testu horren 433bis.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, beste erakunde eta organismo batzuekin lankidetzan jardun dezake.
Bigarrena.– Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 35.3 artikuluak, 13.1 artikuluarekin lotuta, autonomia-erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioaren beharrei erantzuteko ahalmen guztiak.
Hirugarrena.– Bi erakundeen arteko lankidetza 1991ko irailaren 9an sinatutako hitzarmen baten bidez gauzatu zen. Testu horretan, alderdi horiek Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten karrera judizialeko kideen prestakuntza-arloko lankidetza gauzatu zuten, eta elkarlan horretan finkatu ziren bi erakundeen arteko lankidetzaren oinarriak.
Aipatutako hitzarmenean oinarrituta, bi alderdiak lankidetzan ari ziren Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten epaile eta magistratuen etengabeko prestakuntzan, aipatutako hitzarmenaren jarraipen-batzordearen urteko aktak sinatuz. Akta horietan, hitzarmena egikarituz urtero garatu beharreko jarduerak ezartzen dira, eta haren indarraldia Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren eraginpean geratzen da.
Ildo horretan, bi erakundeek beharrezkotzat jo zuten hitzarmen hori indarreko legedira egokitzea, eta hori 2022ko irailaren 14an sinatutako hitzarmenean islatu zen, aipatu urtean indarrean egon zena, bi erakundeen arteko lankidetza-ildo horiei eusteko eta horiek bultzatzeko. Azken hitzarmena 2023ko apirilaren 12an sinatu zen.
Laugarrena.– Azaldu berri den guztia kontuan hartuta, bi alderdiek, bakoitzak bere eskumenak erabiliz, eta beren eskumeneko gaietan lankidetzan aritzea bientzat onuragarria dela ulertuta, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza, Eskola Judizialaren bidez eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten epaile eta magistratuentzako prestakuntza- eta hobekuntza-jarduerei dagokienez, nola biltzarrak, mintegiak, solasaldiak, egonaldiak, jardunaldiak eta ikastaroak antolatzeko jarduerei dagokienez, hala horiek hobetzen lagun dezaketen ikerketak, argitalpenak eta azterlanak egiteko jarduerei dagokienez.
Hitzarmen honen lankidetza-esparrua, hitzarmenaren indarraldira mugatzen da.
Bigarrena.– Lankidetza-araubidea.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila lankidetzan arituko dira, jarraian ezartzen den moduan, prestakuntza- eta hobekuntza-programak finantzatzen, antolatzen eta kudeatzen, erkidego horretan diharduten epaile eta magistratu guztientzat.
Hirugarrena.– Lehentasunezko ikasgaiak.
Esparru horren barruan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak epaile eta magistratuak hobeto prestatzeko komeni diren jarduera guztiak sustatuko dituzte, ados jarrita, eta arreta berezia jarriz Zuzenbide Autonomikoarekin, Euskal Zuzenbide Zibilarekin, Europar Batasuneko Zuzenbidearekin eta Oinarrizko Eskubideekin, genero-indarkeriarekin –gai horri buruzko estatu-itunarekin bat etorriz–, eta, oro har, Euskadin ezarrita dauden lege-arau guztiekin lotura duten haietan.
Laugarrena.– Alderdien konpromisoak.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak elkarrekin hartuko dute beren gain erkidegoaren eremuan urtero egiten diren prestakuntza- eta hobekuntza-jarduera guztien antolaketa eta kudeaketa materiala, betiere hitzarmen honen esparruan programatutako jarduerak badira, eta ezertan eragotzi gabe Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, bere prestakuntza-planen barruan, probintzia mailako edo maila apalagoko beste jarduera batzuk erraztu ahal izatea, edo autonomia-erkidegoaren mailan, hitzarmenaren esparruan aurreikusi gabeko jarduerak direnean.
Bosgarrena.– Finantzaketa.
Erakunde sinatzaileek finantzatuko dute hitzartutako helburuak gauzatzeko kostua, bakoitzak egindako ekarpenen bidez, eta ekarpen horiek zehaztuko dira, urtean-urtean aurreikusitako ekintzen eta ekitaldi bakoitzean Urteko Jarduera Programan jasotako aurrekontu-xedapenen arabera.
Honako hau izango da aurreikusitako jardueren aurrekontua eta finantzatzeko era:
Bi erakundeek finantzatuko dituzte jarduerak, bakoitzak bere aurrekontu-ekarpenen mugaren barruan.
Finantzaketa hori % 50ekoa izango da, baina ez da 40.000 eurotik gorakoa izango.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gehienez ere hogei mila euro (20.000,00 euro) emango ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hogei mila euro (20.000,00 euro), gehienez ere, 2024an egiten diren jardueretarako.
2024. urterako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokion zatia honako aurrekontu-partida hauen kontura izango da: 080132.111.O.22606 (Bilerak eta hitzaldiak), 080132.111.O.230 (Dietak eta Ostatua), 080132.111.O.231 (Joan-etorriak), 080132.111.O.233 (Ordainsariak). Partida horiek 2024ko aurrekontuari dagozkio.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagokion zatia 2024 1001011100 1.14110.23700 2023/000648 aurrekontu-partidaren kargura izango da.
Likidazio partzialik egin behar izanez gero, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gastuen zenbatekoa, dagokion zatian, transferituko dio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari, sail honek egindako jarduerek sortutako gastu horiei dagokien egiaztagiria aurkeztu eta gero.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, bere aldetik, bere gain hartu ahal izango ditu zenbait jarduera, bai eta horien gastuak ere, eta, aurrez egiaztatu eta gero, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eskatu ahal izango dio dagokion zatia ordaintzeko.
Hitzarmen honen Jarraipen Batzordeak erabakiko du, urteko jarduketa-programan edo berariazko akordioen bidez, zer jarduera finantzatuko diren c) eta d) letretan aurreikusitako moduan.
Hitzarmen honen azken likidazioa programatutako prestakuntza-jarduerak amaitu ondoren egingo da. Horretarako, alderdi bakoitzak beste alderdiari emango dio bere aurrekontuaren kontura egindako gastuak egiaztatzen dituen behar beste ziurtagiri, eta zordunak, berriz, erakunde bakoitzak ezarritako prozeduraren bidez, dagokion zenbatekoa ordainduko dio beste alderdiari, betiere hitzarmenaren aurrekontu osoari egindako ekarpenetan oreka lortzeko.
Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute, bereziki, hitzarmen hau eraginkorra izan dadin bidezkoak diren aurrekontu-aurreikuspenak eta legezko izapideak egitera.
Seigarrena.– Urteko jarduketa-programa.
Diru-sarreren aurrekontua alderdien ekarpenek osatuko dute.
Gastuak honela banatuko dira:
Administrazio-kudeaketak berekin dakartzan guztiak, hala nola baliabide materialak, giza baliabideak eta azpiegitura (lokalak, material didaktikoa, diplomak egitea, laguntzaileak, administrazioa, etab.).
Zuzendarien, txostengileen, errelatoreen, hizlarien eta abarren ordainsariak eta gastuak.
Txostenen edizioa.
Hitzarmen honen xede den kidegoko bertaratutakoen dietak eta joan-etorrien gastuak.
Nolanahi ere, gastuen eta diru-sarreren aurrekontuak orekatua izan beharko du, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian zerbitzuagatiko kalte-ordainei buruz indarrean dauden arauen araberakoa.
Urteko programan jasotako gastuen aurrekontuan hartutako betebeharren ordainketak bi alderdiek egingo dituzte, hitzarmen honen bosgarren klausulan zehazten den moduan.
Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
Hitzarmen hau gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzeko eta haren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzorde Mistoa sortuko da. Batzorde hori alderdi bakoitzeko bina ordezkarik osatuko dute, eta nor bere arau instituzionalen arabera izendatuko dira. Txandaka izango dute batzordeburutza bi alderdiek, eta epealdia urtebeterako izango da.
Batzordea alderdi sinatzaileetako edozeinek eskatuta bilduko da, batzordeburuak deialdia egin ondoren, eta gutxienez urtean behin, egindako lankidetzaren emaitzak aztertzeko.
Batzordeak txostenak eskatu ahal izango ditu hitzarmen honen xede diren neurri, emaitza eta gorabeherei buruz, eta bere eginkizunak hauek izango dira:
a) Hitzarmen honen xedea gauzatzera bideratutako jarduerak egin daitezen proposatzea. Jarduera horiek betebehar eta konpromiso ekonomikorik badute, hitzarmen hau betearazteko dagokion akordioaren bidez antolatuko dira, eta alderdi sinatzaile bakoitzak bere nahitaezko izapideak beteko ditu.
b) Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak garatzeko egindako jardueren eta lanen jarraipena egitea.
c) Hartutako konpromisoen berrikuspen posibleak aztertzea eta, hala badagokio, proposatzea.
d) Erakunde sinatzaileen arteko koordinazio-eginkizunak bultzatzea, hitzarmenaren helburuak ahalik eta egokien lortzeko.
e) Hitzarmena interpretatzea eta hura gauzatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea.
Batzorde hori, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen (aurrerantzean, SPAJL) 49.f) artikuluan ezarritakoa betez, bi alderdiek adostutako tresna da hala hitzarmenaren beraren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, nola sinatzaileek hartutako konpromisoena. Aipatutako Legearen 51.2.c) eta 52.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera beteko ditu bere eginkizunak, eta haren osaera nahiz eginkizunak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalaren edukira egokituko ditu (15. artikulua eta hurrengoak).
Zortzigarrena.– Datuen babesa.
Informazioaren segurtasunari eta datu pertsonalen babesari dagokienez, alderdiek honako jarduketa eta konpromiso hauek hartzen dituzte beren gain:
Datu pertsonalen tratamenduan, alderdi bakoitza izango da hitzarmena aplikatzeko behar diren tratamenduen erantzule, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua aplikatuz (DBEO). Erregelamendu hori pertsona fisikoen babesari buruzkoa da, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez. BJKNren kasuan, Idazkaritza Nagusia da tratamenduaren arduraduna, DBEOren ondorioetarako. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kasuan, Justizia Administrazioko Zuzendaritza da tratamenduaren arduraduna, DBEOren ondorioetarako.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia arduratuko da Karrera Judizialeko kideek hitzarmen hau betez egindako zikloetan, ikastaroetan, mintegietan, solasaldi edo mahai-inguruetan parte hartzeari buruzko datu pertsonalak tratatzeaz, bai eta datu horietatik eratorritako irakaskuntza-, administrazio- eta ekonomia-jarduerak kudeatzeari eta izapidetzeari buruzko tratamenduez ere. Datu pertsonal horiek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren «Etengabeko prestakuntza eta prestakuntza osagarria» eta «Irakasleak» izeneko tratamendu-jardueretan sartuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, bestalde, zikloen, ikastaroen, mintegien, solasaldien edo mahai-inguruen garapenetik eratorritako irakaskuntza-, administrazio- eta ekonomia-jarduerak kudeatzeko eta izapidetzeko tratamenduen arduraduna da.
Alderdi sinatzaileen erantzukizun-eremuaren zehaztapena datuen titularrei jakinaraziko zaie klausula honen g) letran jasotako eskubideen berri ematean.
Hitzarmen honetatik eratorritako datuak identifikagarriak eta finantzarioak izango dira, eta hitzarmenaren xedean zehaztutakoa betetzeari zuzenduak.
Hitzarmen honetatik eratorritako tratamenduei eragiten dieten segurtasun-gorabeherak gertatuz gero, alderdiek konpromisoa hartzen dute elkarri ahalik eta lasterren jakinarazteko, gertakaria Kontrol Agintaritzari (Datuak Babesteko Espainiako Agentzia) eta eragindako pertsonei jakinaraz dakiekeen ebazteko, hirurogeita hamabi orduko muga gainditu gabe, DBEOren 33. artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, alderdiek konpromisoa hartzen dute intzidentea konpontzen laguntzeko eta bitartekoak jartzeko, berriz ere antzeko gorabeherarik gerta ez dadin.
Alderdiek informazioaren segurtasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko solaskideak izendatuko dituzte, eta horiek arduratuko dira gerta daitezkeen segurtasun-gorabeheren tratamendua jakinarazteaz eta koordinatzeaz.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, tratamendua mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, une bakoitzean beren egoitzei dagokien helbidean, edo, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren kasuan, webgunean eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez:
http://www.poderjudicial.es/cgpj/es/Temas/Proteccion-de-Datos/Ejercicio-de-derechos--formulario-/.
Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kasuan:
Alderdiek konpromisoa hartzen dute, honako arau hauetan ezarritakoa aplikatu beharreko moduetan betetzeko: Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, eta hura garatzeko xedapenak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokion ezpertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), eta indarrean dagoen gainerako araudia
Bederatzigarrena.– Konfidentzialtasuna.
Alderdiek adostu dute konfidentzialtasunez tratatuko dituztela hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean beste alderdiari eman zaizkion datu, dokumentazio eta informazio guztiak. Bi alderdiek adostu dute, halaber, informazio hori ez zabaltzea ezein pertsona edo erakunderi, bertako langileei izan ezik, baldin eta konfidentzialtasunari ere eusten badiote, eta hitzarmen hau behar bezala betetzeko beharrezkoa den neurrian soilik. Hori guztia Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legetik eratorritako publizitate- eta gardentasun-betebeharrei eragotzi gabe.
Konfidentzialtasun-akordioak indarrean jarraituko du hitzarmen hau azkendu ondoren ere, azkentzeko arrazoia edozein dela ere.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta eraginkortasuna.
Hitzarmen hau indarrean egongo da sinatzen den unetik alderdiek beren gain hartutako betebeharrak bete arte. Ez du inola ere 2024ko abenduaren 31 gaindituko.
Hamaikagarrena.– Hitzarmena aldatzea, suntsiaraztea eta azkentzea.
Hitzarmen hau aldatu ahal izango da bi aldeek hala erabakitzen badute, dagokion aldaketa-gehigarria sinatuz. Eranskin hori hitzarmen honen agintari berberek sinatu beharko dute.
Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera, hitzarmena azkendu egingo da haren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoiren bat dagoenean.
Suntsiarazteko arrazoiak dira:
Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hitzarmenaren luzapena adostu gabe.
Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.
Epaileak hitzarmena deuseza dela erabakitzea.
Kasu horretan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio bete ez duen alderdiari, bi hilabeteko epean bete ditzan betegabetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaileei jakinaraziko zaie.
Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan badirau, errekerimendua egin zuen alderdiak alderdi sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoia badagoela, eta hitzarmena suntsitutzat joko da, betiere epaileak hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen badu.
Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, legeetan aurreikusita badago.
Aurrekoez gain, honako kasu hauetan ere suntsiarazi ahal izango da hitzarmena:
Hitzarmena salatzea, sinatu den baldintzetan funtsezko aldaketak egon direla uste bada.
Hitzarmenaren xedea eragozten duen ezinbesteko arrazoiren bat bada.
Hitzarmena suntsiarazteak ez du eragingo gauzatzen ari diren jarduerak amaiaraztea, eta Jarraipen Batzorde Mistoak jarduera horiek amaitzeko epe luzaezin bat ezarriko du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.3 artikuluan xedatutakoa betez.
Hamabigarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluak arautzen du. Ez du kontratu-izaerarik.
Hitzarmen honen edukiaren interpretazioa, aldaketa, eragina edo suntsiarazpena dela eta auzirik sortuz gero, alderdiek ez badute elkarrekin adosturik konpontzen Jarraipen Batzorde Mistoan, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko da auzia, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.
Eta ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakaria, o.,
Vicente GUilarte Gutiérrez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburua,
Nerea Melgosa Vega.
ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZA ETA BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN ARTEKO PRESTAKUNTZA HITZARMENEAN PROGRAMATUTAKO JARDUERAK
2024. urtea
2023ko abenduaren 19an, epaile eta magistratuen etengabeko prestakuntzaren esparruko lankidetza-hitzarmenaren Jarraipen Batzordea bildu zen, elkarte judizialetako ordezkariekin eta berdintasun-magistratu delegatuarekin batera, hitzarmen horren esparruan 2024rako egin beharreko jarduerak diseinatzeko.
Programa hori egiteko, kontuan hartu dira egindako proposamenak, epaileen artean hausnarketarako eta elkarrizketarako guneak sustatzeko, jurisdikzio-funtzioa betetzerakoan interes berezia duten gaien azterketa eta eztabaida sustatuz. Ikasgaiak hautatzerakoan, jurisdikzio bakoitzaren alderdirik berrienak hartu dira kontuan. Ikastaroak jurisdikzio-ordena bakoitzerako espezializatuta egongo dira, baina eskainitako plaza guztiak betetzen ez badira, edozein magistratuk nahiz epailek eskuratu ahal izango ditu, lana edozein eremutan egiten duela ere. Jarduera zuzentzen zaion jurisdikzio-ordenaren arabera finkatuko da jarduera bakoitzera bertaratu ahal izango direnen gehieneko kopurua. Kasuren batean plaza baino eskatzaile gehiago balego, hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak aztertuko du plaza kopurua handitzen den ala ez. Handitzen ez bada eta plaza baino eskatzaile gehiago badago, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Batzorde Iraunkorrak egingo du hautaketa. Automatikoki eten egingo dira eskainitako plazen % 70 betetzera iristen ez diren jarduerak.
Hasierako aurrekontu-partida hau du: berrogei mila euro (40.000,00 euro), hogei mila euro (20.000,00 euro), Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jarritakoak, eta hogei mila euro (20.000,00 euro), Eusko Jaurlaritzak jarritakoak.
Hasiera batean, hauek dira finkatzen diren parametroak egitekoak diren jarduerak arautzeko:
– Egun bateko iraupena duten prestakuntza-ekintzen zuzendariek, zuzendarikideek eta koordinatzaileek gehienez ere seiehun eta berrogeita hamar euro (650,00 euro) gordin jasoko dituzte zeregin horrengatik, ponentzia bat ematea edo mahai-inguru batean parte hartzea barne. Prestakuntza-ekintzen zuzendari, zuzendarikide eta koordinatzaileen zeregina jardueraren zuzendaritza bakarrik bada, berrehun eta berrogeita hamar euro (250,00 euro) jasoko dituzte gehienez. Jarduera batek bi zuzendari edo koordinatzaile edo gehiago baditu, horien artean hainbanatuko da dagokion ordainsaria.
– Egun eta erdiko iraupena duten prestakuntza-ekintzen zuzendari, zuzendarikide eta koordinatzaileek gehienez zazpiehun eta hirurogeita hamabost euro (775,00 euro) gordin jasoko dituzte zeregin horrengatik, ponentzia bat ematea edo mahai-inguru batean parte hartzea barne. Prestakuntza-ekintzen zuzendari, zuzendarikide nahiz koordinatzaileen zeregina jardueraren zuzendaritza bakarrik bada, hirurehun eta hirurogeita hamabost euro jasoko dituzte gehienez (375,00 euro). Jarduera batek bi zuzendari nahiz koordinatzaile edo hortik gora baditu, horien artean hainbanatuko da dagokion ordainsaria.
– Hizlari gisa parte hartzen duten irakasle-laguntzaileek laurehun euroko (400,00 euro) ordainsari gordina jasoko dute gehienez. Ponentzia bi txostengilek edo gehiagok partekatzen badute, ordainsaria haien guztien artean hainbanatuko da.
– Prestakuntza-ekintzaren zuzendari nahiz koordinatzaile ez diren mahai-inguruetako parte-hartzaile eta moderatzaileek gehienez hirurehun euroko (300,00 euro) ordainsari gordina jasoko dute laguntzagatik.
– Goian adierazitakoekin bat ez datozen irakaskuntza-lankidetzen kasuan, Hitzarmenaren Batzorde Betearazleak dagokion ordainsari gordina ezarriko du. Nolanahi ere, ordainsari hori orduko 30,00 eta 100,00 euro artekoa izango da, eta gehienez ere 300,00 euro-koa.
Hitzarmen honen esparruan, txostenak edo idatzizko komunikazioak aurkezteagatik ez da kopuru gehigarririk ordainduko.
Honako jarduera hauek proposatzen dira:
Zibila.
1.– Urteko merkataritza- eta konkurtso-topaketa.
Plazak: 15.
Iraupena: egun 1.
Zuzendaria: Zigor Oyarbide de la Torre jauna, Bilboko Merkataritza Arloko 2 zenbakiko Epaitegiko magistratua.
Data: 2024ko irailaren 26a.
Lekua: Bilbao, Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza.
2.– 15/2022 Legea Jurisdikzio Zibilean aplikatzea. Arazo praktikoak kontratuen eremuko diskriminazioaren aurrean.
Plazak: 15.
Iraupena: egun 1.
Zuzendaria: Ana García Orruño andrea, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratua.
Data: 2024ko maiatzaren 23a.
Lekua: Bilbo, Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza.
Penala.
3.– Sexu-delituen errealitatea Espainian eta haien arau-panorama berria.
Plazak: 15.
Iraupena: egun eta erdi.
Zuzendariak: Julián García Marcos jauna, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Hirugarren Sekzioko magistratua, eta María Josefa Barbarín Urquiaga andrea, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioko magistratua.
Data: 2024ko maiatzaren 9a eta 10a.
Lekua: Bilbo, Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza.
4.– Oinarrizko eskubideak urratuz lortutako frogak baztertzeko araua.
Plazak: 10.
Iraupena: egun 1.
Zuzendariak: Ane Fadrique Blanco andrea, Irungo Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiko epailea, eta Augusto Maeso Ventureira jauna, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioko magistratua.
Data: 2024ko urriaren 30a.
Lekua: Donostia.
Administrazioarekiko auziak.
5.– Administrazioarekiko auzien topaketa.
Plazak: 10.
Iraupena: egun 1.
Zuzendaria: Trinidad Cuesta Campuzano andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salako magistratua.
Data: 2024ko urriaren 24a.
Lekua: Bilbo, Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza.
Lan arloa.
6.– Arau- eta jurisprudentzia-berritasunak lan-arloko jurisdikzioaren gaietan.
Plazak: 10.
Iraupena: egun 1.
Zuzendariak: Garbiñe Biurrun Mancisidor andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salako presidentea, eta Juan Carlos Benito-Butrón Ochoa jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salako magistratua.
Data: 2024ko urriaren 17a.
Lekua: Donostia.
Diziplinartekoa.
7.– Teoriatik praktikara: prestakuntza integrala aditu-frogan.
Plazak: 20.
Iraupena: egun eta erdi.
Zuzendaria: Gorka de la Cuesta Bermejo, Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiko epailea.
Data: 2024ko maiatzaren 16a eta 17a.
Lekua: Bilbao, Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza.
8.– Karrera judizialerako interesgarriak diren lizentziak, baimenak eta gobernu-alderdiak, kontziliazioaren eta berdintasunaren ikuspegiarekin.
Plazak: 15.
Iraupena: egun eta erdi.
Zuzendariak: Sara Carrión de Castro andrea, Barakaldoko Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiko magistratua, eta Susana Lestón Piñero andrea, Barakaldoko Lehen Auzialdiko 4 zenbakiko Epaitegiko magistratua.
Data: 2024ko urriaren 3a eta 4a.
Lekua: Bilbo, Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza.
9.– Botere Judizialeko kideen lan-karga eta karrera horizontala.
Plazak: 15.
Iraupena: egun 1.
Zuzendariak: Rosa Esperanza Sánchez Ruiz-Tello andrea, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiko magistratua.
Data: 2024ko ekainaren 6a.
Lekua: Vitoria-Gasteiz.