Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2024ko irailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4185

AGINDUA, 2024ko abuztuaren 29koa, Osasuneko sailburuarena, larrialdietako lanbide-jardunaren ziurtagiriak emateko erakunde eskudunak izendatzen dituena.

Uztailaren 2ko 610/2024 Errege Dekretuak, Larrialdietako Medikuntzako mediku espezialistaren titulua ezartzen duenak eta Familia eta Komunitateko Medikuntzako mediku espezialistaren tituluaren prestakuntzako zenbait alderdi eguneratzen dituenak (2024ko uztailaren 3an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean), lehen xedapen iragankorrean arautzen du Larrialdietako Medikuntzako espezialistaren titulu horretarako ezohiko sarbidea.

Lehen xedapen iragankor horren 1. puntuan, Larrialdietako Medikuntzako espezialistaren titulua ezohiko bidetik eskuratzeko aukera ematen zaie Osasun Zientzietako mediku espezialistaren titulua dutenei eta Medikuntza Orokorrean edo Familiako Medikuntzan jarduteko gaikuntza dutenei, ekainaren 4ko 853/1993 Errege Dekretuan ezarritakoaren babesean, betiere Osasun Profesionalen Estatuko Erregistroan (REPS, gaztelaniazko siglak) erregistratuta badaude eta U.68 laguntza-unitateko osasun-baimena duen C.1.1 osasun-zentro publiko edo pribatu batean eta Zentro, Zerbitzu eta Establezimendu Sanitarioen Erregistro Orokorraren (REGCESS, gaztelaniazko siglak) arabera U.100 laguntza-unitatearen baimena duen C.2.5.7 osasun-zentro batean jardun dutela egiaztatzen badute. Sartzeko hiru kasu arautzen dira, egoeraren arabera. Hauek dira:

a) Sarbide zuzena errege-dekretu hau indarrean jarri aurreko zazpi urteetan gutxienez lau urtez zerbitzuak eman dituztela egiaztatzen duten pertsonentzat. Lanbide-jardun hori bat etorriko da, gutxienez, ziurtagiria ematen duen osasun-zerbitzu publikoko estatutupeko langileen ohiko lanaldiarekin. Lanbide-jarduera lanaldi partzialean egiten bada, egiaztatu beharko da arestian adierazitako zerbitzu-prestazioaren baliokidea eman dela, errege-dekretu hau indarrean jarri aurreko hamar urteetan.

b) Sartzeko bide bat, proba praktiko bat gainditu ondoren, bi eta lau urte bitarteko lanbide-jarduna egiaztatzen duten espezialistentzat, errege-dekretu hau indarrean jarri aurreko lau urteetan. Lanbide-jardun hori bat etorriko da, gutxienez, ziurtagiria ematen duen osasun-zerbitzuko estatutupeko langileen ohiko lanaldiarekin. Lanbide-jarduera lanaldi partzialean egiten bada, egiaztatu beharko da arestian adierazitako zerbitzu-prestazioaren baliokidea eman dela, errege-dekretu hau indarrean jarri aurreko hamar urteetan.

Era berean, proba praktikoa egin ahal izango dute errege-dekretu hau indarrean jarri aurreko hiru urteetan prestakuntza amaitu duten espezialistek, baldin eta egiaztatzen badute lanaldi osoko lanbide-jarduna egin dutela, edo horren baliokidea, lanaldia lanaldi partzialekoa izan bada, gutxienez, espezialistaren titulu hori lortu zenetik arau hau indarrean sartu arte igarotako denboraren ehuneko berrogeita hamar.

c) Sartzeko bide bat, etorkizuneko espezialistentzat proba praktiko bat gainditu ondoren: errege-dekretu hau indarrean jartzen denean prestakuntza mediko espezializatua egiten ari direnek eta errege-dekretu hau indarrean jarri ondoren prestakuntza hori hasi eta Larrialdietako Medikuntzako espezialisten lehen promozioa amaitu baino lehen amaitzen dutenek egiaztatu beharko dute lanaldi osoko jarduera profesionala: gutxienez, kasuan kasuko espezialistaren titulua lortu zenetik igarotako denboraren ehuneko berrogeita hamar, edo baliokidea, lanaldia lanaldi partzialekoa bada. Lanbide-jardun hori bat etorriko da, gutxienez, ziurtagiria ematen duen osasun-zerbitzuko estatutupeko langileen ohiko lanaldiarekin.

Xedapen iragankor horren 5. apartatuko a) letran ezartzen da prozedura nahitaez bitarteko elektronikoen bidez gauzatu beharko dela. Horretarako, interesdunek Osasun Ministerioaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dute eskabidea (Larrialdietako Medikuntzako espezialistaren titulua ezohiko bidetik eskuratzeko) eta lanbide-jardunaren egiaztagiria (lanbide-jardunarena). Horretarako, baliozko ziurtagiri elektronikoa eskatuko da. Bestalde, 5. apartatu horretako b) letrak adierazten du Osasun Ministerioaren egoitza elektronikoan administrazio-prozedura bat gaituko dela eskaera aurkezteko, eta eskaerarekin batera prozedura horretan jasotako lanbide-jardunaren ziurtagiria erantsi beharko da. 1.a) eta 1.b) apartatuen arabera lanbide-jarduna egiaztatzen duten pertsonen eskabideak modu mailakatuan aurkeztuko dira, jaiotza-hilabetearen arabera, urtea kontuan hartu gabe. Talde bakoitzak hamabost egun naturaleko epea izango du eskabidea aurkezteko, xedapenean bertan agertzen den kronogramaren arabera. 1.c) egoeran dauden eta prestakuntzan dauden espezialisten kasuan, eskaerak aurkezteko epea Larrialdietako Medikuntzako espezialisten lehen promozioa amaitu eta hurrengo hilaren lehen egunean hasiko da, eta hamabost egun naturaleko iraupena izango du.

Eskabideekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, aipatutako 5. apartatuko c) letrak adierazten du lanbide-jarduera egiaztatzeko, dagokion autonomia-erkidegoko Osasun Saileko titularrak zehaztutako unitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dela, egiaztatutako aldi osoan baimendutako C.1.1 osasun-zentroetako U.68 laguntza-unitateko edo C.2.5.7 osasun-zentroetako U.100 laguntza-unitateko kudeatzaileak edo legezko ordezkariak proposatuta, osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduak baimentzeko oinarri orokorrak ezartzen dituen urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Agindu honen xedea da EAEko lurralde-eremuan larrialdietako lanbide-jardunaren ziurtagiria emateko ardura izango duten unitateak izendatzea –ziurtagiri hori beharrezkoa da ondoren larrialdietako medikuntzako espezialistaren ziurtagiria lortzeko–, bai eta ziurtagiri hori emateko prozedura arautzea ere, gure lurralde-eremuko osasun-zentro pribatuetan egindako lanbide-jardunaren kasuan, uztailaren 2ko 610/2024 Errege Dekretuan jasotakoaren arabera (errege-dekretu horrek Larrialdietako Medikuntzako mediku espezialistaren titulua ezartzen du, eta Familia eta Komunitateko Medikuntzako mediku espezialistaren tituluaren prestakuntzako zenbait alderdi eguneratzen ditu).

Horretarako, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenen arabera,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Lanbide-jardunaren egiaztagiria emateko unitate eskudunak.

a) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak du egiaztapen-ziurtagiria emateko eskumena, ibilbide profesionala EAEko osasun-zentro pribatuetan egin duten interesdunen kasuan.

b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak du egiaztapen-ziurtagiria emateko eskumena, ibilbide profesionala EAEko osasun-zentro publikoetan egin duten interesdunen kasuan.

2. artikulua.– EAEko osasun-zentro pribatuen kasuan ziurtagiria emateko prozedura.

1.– Uztailaren 2ko 610/2024 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorraren 5. apartatuko c) letraren arabera, prozedura alderdi batek eskatuta hasiko da. Horretarako, interesdunak dagokion eskaera aurkeztu beharko du, eta eskaerarekin batera, C.1.1 osasun-zentroetako U.68 laguntza-unitateko edo C.2.5.7 osasun-zentroetako U.100 laguntza-unitateko gerentearen edo legezko ordezkariaren proposamena aurkeztu beharko du, egiaztatutako aldi osoan baimendua, osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduak baimentzeko oinarri orokorrak ezartzen dituen urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Eskabidea esteka elektronikoa honako helbide elektroniko honetan egingo da:

Euskaraz:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/12518

Gaztelaniaz:

https://www.euskadi.eus/servicios/12518

Ziurtagiri bakarra emango da eskabide bakoitzeko, 610/2024 Errege Dekretuaren eranskineko eredura egokituta.

3. artikulua.– Ziurtagirien eskaerak aurkezteko epea.

Uztailaren 2ko 610/2024 Errege Dekretuak, lehenengo xedapen iragankorraren 5. apartatuko b) letran, eskatzaileen jaiotza-hilabetearen araberako egutegi mailakatua ezartzen du Osasun Ministerioari akreditazioa eskatzeko, urtea kontuan hartu gabe. Horregatik, eta lanbide-jardunaren egiaztagiriak mailaz maila egin ahal izateko, ziurtagirien eskabideak I. eranskineko lanbide-jarduna egiaztatzeko ziurtagirien kronogramaren arabera egingo dira.

4. artikulua.– Laguntza-unitateko gerentearen edo legezko ordezkariaren proposamena.

1.– Ziurtagirian jasota gera dadin, laguntza-unitateko gerentearen edo legezko ordezkariaren proposamenetan informazio hau jaso behar da:

a) U.68 laguntza-unitatea duen C.1.1 zentro sanitarioaren edo U.100 laguntza-unitatea duen C.2.5.7 zentro sanitarioaren baimen-aldia, zerbitzuak eman diren Zentro Normalizatuko Kodearen (ZNK) arabera identifikatuta.

b) Emandako zerbitzuen hasiera- eta amaiera-datak.

c) Ordu-dedikazioa.

d) Egindako asistentzia-jarduerak.

Interesdunei laguntza-unitateko gerentearen edo legezko ordezkariaren proposamena lortzen laguntzeko, eredu hauek emango dira: borondatez erabiltzekoak, laguntza-unitateko kudeatzailearen edo legezko ordezkariaren proposamena eskatzekoak (II. eranskina) eta laguntza-unitateko gerentearen edo legezko ordezkariaren proposamena eskatzekoak (III. eranskina). Eredu horiek aipatutako helbide elektronikoan ere eskuragarri egongo dira.

5. artikulua.– EAEko osasun-zentro publikoen kasuan ziurtagiria egiteko prozedura.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak ahalmena du, bere eskumenen esparruan, agindu honetan xedatutakoa behar bezala betetzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarraibide guztiak emateko, EAEko osasun-zentro publikoen kasuan ziurtagiria emateko prozedurari dagokionez.

6. artikulua.– Errekurtsoen araubidea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

7. artikulua.– Indarrean sartzea.

Agindu hau sinatzen den egunetik aurrera aplikatuko da, kontuan hartu barik noiz argitaratzen den Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Legegunea euskal araudiaren atarian.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 29a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala