175. zk., 2024ko irailaren 9a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (185 KB - 12 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4184
AGINDUA, 2024ko uztailaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko programentzako 2024-2025 ikasturteko dirulaguntzak.
Hezkuntza Saila ekimen multzo bat bultzatzen ari da derrigorrezko hezkuntzan eta derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten konpetentzia hobetu dezaten.
Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2024. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Plan estrategiko hori, berriz, Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Hezkuntza Saileko https://www.euskadi.eus webgunean argitaratu da.
Lanbide Heziketari dagokionez, Hezkuntza Sailak Erasmus + Europako programak finantzatzen parte hartzen du; Lanbide Heziketako praktikak egiteko dira programa horiek, eta, haien bidez, ikasleei aukera ematen zaie praktiken bidezko prestakuntza jasotzeko Europar Batasuneko herrialdeetan. Horretaz gain, heziketa-moduluak atzerriko hizkuntzetan egitea ere eskaintzen du.
Bestalde, hizkuntzak giltzarri direnez, ikasleen enplegagarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko, eta enpresek merkatu global batean jardutea eskatzen dutenez gero, Lanbide Heziketako VI. Euskal Planak eleaniztasunaren alde egiten du nabarmen, Lanbide Heziketaren Euskal Sistema nazioartekotzeko estrategiari jarraituz. Estrategia hori lehendik ere garatzen ari zen, eta indartu egin da VI. Planarekin. Aipatu beharrekoa da planaren 7. ardatza: «LHko euskal sistema nazioartekotzea», 15. esku-hartze arloa: helburutzat ditu, beste batzuen artean, «enplegagarritasuna hobetzea, beste kultura batzuetara irekitzea, ikasteko motibazioa, autokonfiantza eta beste hizkuntza batzuk ikastea».
Eleaniztasuna jorratzen da, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 28. artikuluan.
Amaitzeko, etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruzko 2018ko maiatzaren 22ko Europako Kontseiluaren gomendioaren arabera, konpetentzia eleaniztuna etengabeko ikaskuntzarako funtsezko zortzi konpetentzien artean dago. Europako Batzordeak azpimarratu egiten du hizkuntzak ikastearen garrantzia eta hiritar ororen hizkuntza-konpetentziak hobetzen laguntzen duten sistemak indartzeko beharra, bereziki prestakuntza jasotzen ari diren gazteen kasuan, europartasuna, enplegagarritasuna eta mugikortasuna indartzeko.
2024ko uztailaren 30ean egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak onetsi zuen heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko programentzako 2024-2025 ikasturteko dirulaguntzak iragartzen dituen Agindua. Hortaz, beharrezko publizitatea emateko honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Hezkuntzako sailburuaren Agindua, zeinaren bidez iragartzen baitira heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko programentzako 2024-2025 ikasturteko dirulaguntzak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 30a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
ERANSKINA, HEZKUNTZA SAILBURUAREN 2024KO UZTAILAREN 30EKO AGINDUARENA. AGINDU HORREN BIDEZ, HEZIKETA-ZIKLOAK ESKAINTZEN DITUZTEN ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN ATZERRIKO HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMENTZAKO 2024-2025 IKASTURTEKO DIRULAGUNTZAK IRAGARTZEN DIRA
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK
1.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2024-2025 ikasturtean heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko programarako dirulaguntzen deialdia egitea.
2.– Aurrekontu-zuzkidura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
a) 100.000 euro baliatuko dira agindu hau garatzeko.
b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, 50 eurokoa izango da diruz lagundutako talde bakoitzean modu presentzialean emandako ordu bakoitzeko. Modalitate ez-presentzialean (online) diruz lagundutako talde bakoitzaren zenbatekoa 4 eurokoa izango da irakastorduko eta ikasleko. Halaber, modalitate mistoan diruz lagundutako talde bakoitzaren zenbatekoa 5 eurokoa izango da ikastorduko eta ikasleko.
3.– Erakunde onuradunak.
a) Agindu honetan araututako dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte EAEan Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emateko baimen ofiziala jaso duen itunpeko ikastetxe pribatu guztiek. Ikastetxe eskatzaileak laguntzak jasotzeko honako hauek bete beharko ditu: Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, hori baita laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen legedia.
Erakunde onuradunak artikulu horretan jasotakoa betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa izango du eta Administrazioaren esku jarriko du Administrazioak egiaztatzeko eskatzen dionean.
b) Ikastetxe onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta, Gizarte Segurantzari nahiz dirulaguntzak itzultzeko prozedurei lotutakoak.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, betekizun hori betetzen dela, eta, horretarako, ez du erakundearen baimenik beharko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuz.
Edozein ordainketa egin baino lehen, ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta, Gizarte Segurantzari nahiz dirulaguntzak itzultzeko prozedurei lotutakoak beteta dituztela egiaztatuko da.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari beste organismo publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
Dirulaguntza-eskaera aurkezten bada, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean ziurtagiri telematikoen bidez egiazta dezan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituela. Kasu horretan, eskatzaileak ez du ziurtagiri hori aurkeztu beharko.
c) Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 34. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
d) Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik inor sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik edo ez betetzeagatik emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko araudia (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea).
Derrigorrezkoa izatekotan, berdintasun-plana indarrean izan beharko du eta/edo sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatu beharko du, emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarrean dagoen legedian ezarritako terminoetan.
Diruz lagunduko den jarduerak ezin izango du eragin sexuan oinarritutako bereizkeriarik.
4.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.
a) Diruz lagunduko dira 24-25 ikasturtean matrikulatu diren Lanbide Heziketako ikasleei emandako atzerriko hizkuntzako ikastaroak. Jarduera hori ikastetxean bertan eta irakastorduetatik kanpo egin beharko da. Gutxienez 40 ordu eta gehienez 100 ordu iraungo du irakaskuntza-modalitate presentzialean, ez-presentzialean (online) edo mistoan (ikastaroaren orduen % 20 gutxienez modalitate presentzialean). Ikastaroa modu presentzialean, ez-presentzialean (online) edo mistoan eskaini daiteke, haietako edozein aldaeratan, eta astean gutxienez 2 ordukoa eta gehienez 8koa izango da.
b) Ikastaroak ikastetxeko irakasleek zein % 100era arte azpikontratatutako irakasleek emango dituzte. Irakasleek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B2 mailaren baliokidea den hizkuntza-gaitasunaren agiria izan beharko dute gutxienez. Ikastetxeko Zuzendaritzak baldintza hori eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen betetzen dela ziurtatuko du, eta ziurtagiri horren kopia gordeko du.
c) Ikastaro horietan, hizkuntza ikuspegi praktiko batetik landuko da; alde batetik, Lanbide Heziketako tituludunen lan-egoeren eguneroko erabilerei lotuta, eta, bestetik, taldeko ikasleek ikasten dituzten lanbide-arloekin zerikusia duten erabilera teknikoei lotuta. Hala, komunikazio-gaitasuna landuko da bereziki, solasaldiak eta ahozko azalpenak eginez –banaka eta taldean–, eta eguneroko lanean multimedia-baliabideak sartuz. Horiek guztiak modalitate presentzialean zein ez-presentzialean (online) egin ahalko dira. Ikastetxeak erabakiko du.
d) Ikastaroak emateko gastuak lagunduko dira diruz, eta nomina eta/edo fakturen bidez justifikatu beharko dira. Era berean, multimedia-materialak ere diruz lagunduko dira, hala nola erabilera-lizentziak eta softwareak, bai irakaskuntza modalitate telematikoan irakastekoak, bai aldiberekotasun-baldintza bete gabe ikastekoak, hau da, ikasleek bakarka ikasteko multimedia-programen lizentziak edo baliabide informatikoak.
Diruz lagunduko den jarduera osorik edo partzialki kontratatu ahal izango da, eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluaren eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluaren arabera kontratatuko da. Enpresa kontratatuak entitate onuradunaren mende soilik egongo dira, eta horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean. Idatziz egingo da entitate onuradunaren eta kontratisten arteko kontratua. Kontratistak, betiere, antzeko arloetan egiaztatutako prestakuntza-esperientzia izan beharko du.
e) Irakasleak ikastetxekoak badira, atzerriko hizkuntza indartzeko programa emango duen irakasleen soldata-kostua ez du estaliko hezkuntza-itunetatik eratorritako ordainketa eskuordetuak.
f) Bertaratzea honela kontrolatuko da:
– Ordu presentzialak: sinaduren kontrol-orrien bidez (3. eranskina).
– Ordu ez-presentzialak (on-line): hiru ebidentzia-mota hauek jaso beharko dira:
• Prestakuntza-saio bakoitzaren pantaila-argazkia, parte-hartzaileak bertaratu direla adierazten duena. (Ordu sinkronoak).
• Saio ez-presentzialen (online) plangintza eta pertsona bakoitzak saio bakoitzean duen bertaratzea jasotzen dituen klase-emailearen adierazpena. (Ordu sinkronoak 4. eranskinean). (Ordu asinkronoak 4.bis eranskinean).
• Erabilitako plataformak sortzen dituen konexioen erregistro eraginkor eta sinesgarria. Erregistro horrek pertsonak, datak eta konexio-denborak identifikatuko ditu. (*Ordu sinkronoak eta asinkronoak).
*Sinkronoak: ikastaroan parte hartzen dutenek aldi berean gauzatzen dute ikaskuntza-prozesua. Asinkronoetan edozein unetan ematen da.
5. artikulua.– Programan parte har dezaketen ikasleak.
Edozein heziketa-ziklotako itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleek parte har dezakete atzerriko hizkuntza indartzeko programan.
6. artikulua.– Izena ematea, ikasleak hautatzeko metodoa eta eskoletara joatea.
a– Matrikula boluntario eta doakoa eskainiko da atzerriko hizkuntzako ikastaroetan, eta nahitaezkoa izango da gutxieneko bertaratzea betetzea (orduen % 80), modalitate bakoitzean.
b) Ikastetxe batek jaso dituen eskabideak eskaini ditzakeen plazak baino gehiago badira, berdintasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioetan oinarrituko da hautaketa-metodoa. Hautaketa-metodoa II. eranskinean deskribatuko da.
7.– Taldeak eratzea.
a) Modalitate presentzialean, hizkuntza bakoitzeko taldean gutxienez 6 ikasle egongo dira, eta gehienez 20. Modalitate ez-presentzialean (online), ez da egongo gutxieneko eta gehieneko ikasle-kopururik.
b) Hizkuntza bakoitzean taldeak eratuko dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan (HEEEB) ezarritako mailak kontuan hartuta: A1, A2, B1.1, B1.2 eta B2. Ikastetxe batek maila berean interesa duten 20 ikasle baino gehiago balitu, maila horretako bi talde egin ahal izango ditu.
8. artikulua.– Hizkuntza-ikastaroen ebaluazioa.
Ikasturte-hasieran, ikasleei proba bat egingo zaie, matrikulatu diren mailaren arabera. Eskolak amaitzean, azken azterketa bat egin beharko dute ikastetxeek.
Era berean, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak emango duen gogobetetasun-inkesta bat egin beharko dute.
9.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira xede bera duten entitate publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin.
10.– Datu pertsonalak.
Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: laguntza eta dirulaguntzak lanbide heziketako ikastetxeentzat eta erakunde laguntzaileentzat.
Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Entitate laguntzaileentzako dirulaguntzak.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
– Europar Batasuneko organoak.
– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Europako Batzordea.
Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
II. KAPITULUA
ESKAERAK ETA EMATEKO PROZEDURA
11.– Eskabideak aurkeztea.
a) Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
b) Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskabidea egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.
c) Eskabideak eta haiei erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, eskabidea egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.
12.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaera egiten duten ikastetxeek honako esteka honetako eranskinak baino ez dituzte erabiliko dokumentazioa aurkezteko, eta behar bezala beteko dituzte: https://www.euskadi.eus/servicios/0097513
a) Eskabide-inprimakia (1. eranskina).
b) Proposatutako talde bakoitzeko, prestakuntza-jardueraren fitxa bat (II. eranskina).
c) Eskolak emango dituzten irakasleek gutxienez Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B2 mailaren baliokidea den hizkuntza-gaitasunaren agiria dutela egiaztatzen duen egiaztagiria. Baldintza hori eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete beharko da.
13.– Akatsak zuzentzea aurkeztutako eskabidean.
Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
14.– Eskabideak aurkeztea eta elektronikoki izapidetzea.
a) Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
Eskaera izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskaeraren inprimakira sartzeko erabiltzen dena eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituena, helbide honetan eskura daiteke:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/
b) Izapidetze elektronikoa araututa dago ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa.
c) Eskabidea egin ondorengo izapideak, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira.
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
d) Helbide elektroniko honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:
https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
e) Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkariak inskribatuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen erregistroa elektronikoan, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
f) Hirugarrenen alta bide elektronikoz izapidetu ahal izango da (hala egin beharko dute izapidetze elektronikoa erabiltzera behartuta daudenek), egoitza elektronikoan horretarako eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
15.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.
Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria izango da agindu honetan araututako dirulaguntzen organo kudeatzailea.
16.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
Eman beharreko guztizko zenbatekoak agindu honen 2.a) artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura gainditzen badu, honela jokatuko da:
a) Ikastetxe eskatzaile bakoitzari talde bat emango zaio. Ikastetxeak talde bat baino gehiago eskatu badu, guztira ordu-kopuru txikieneko iraupena duena aukeratuko da.
b) Hala ere, deialdiko aurrekontu-zuzkidura gainditzen bada, talde bat emango da ikastetxe bakoitzeko, 40 ordu gutxienez guztientzat.
c) Aurrekontuaren zenbatekoa ikastetxe eskatzaile bakoitzeko 40 orduko talde bat betetzeko nahikoa ez bada oraindik, irakastordu bakoitzeko prezioa murriztuko da, deialdiaren zuzkidurara egokitu arte.
d) Aurreko a) apartatuan aurreikusitakoaren arabera ikastetxe eskatzaile bakoitzari talde bat eman ondoren talde gehiago finantzatu ahal badira, eskolak ematea aurreikusi duten ikasleen guztizko kopuruaren arabera ordenatuko dira ikastetxeak, handienetik txikienera, eta beste talde bat esleituko zaie ikastetxeei, ikastetxe bakoitzeko bigarren taldea agortu arte.
e) Aurreko d) apartatua aplikatu ondoren aurrekontua geratzen bada erabilgarri, apartatu honetan aurreikusitakoaren arabera jokatuko da, zuzkidura agortu arte.
17.– Prozedura ebaztea.
a) Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean bideratuko dira, eta prozedura hori ebaztea Lanbide Heziketako zuzendariordeari dagokio.
b) Ebazpen hori argitara emango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa), eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Ebazpenetan honako hauek ere jasoko dira: emandako dirulaguntzen zerrenda, eta baztertu eta prozeduratik kanpo geratu direnen zerrenda; emandakoen kasuan, zenbatekoak adierazi beharko dira, eta, baztertu eta prozeduratik kanpo geratu direnen kasuan, horretarako arrazoiak zeintzuk izan diren.
c) Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara mezuak bidaliz Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.
d) Ebazteko eta ebatzitakoa ikastetxe interesdun guztiei jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igarota, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek eskabidea ezetsitzat jo ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
e) Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
f) Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
III. KAPITULUA
ORDAINKETA, ONURADUNEN BETEBEHARRAK ETA JARRAIPENA
18.– Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza bi epetan ordainduko da. Lehena, emandako laguntza osoaren % 80, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 19.a) artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainerako % 20a hizkuntza-ikastaroak amaitu eta ikastetxeko Zuzendaritzak behar bezala egin direla egiaztatu ondoren ordainduko da, justifikazioa 20. artikuluan zehazten diren epe eta baldintzetan aurkezten bada.
Hirugarrenen alta bide elektronikoz izapidetu ahal izango da (hala egin beharko dute izapidetze elektronikoa erabiltzera behartuta daudenek), egoitza elektronikoan horretarako eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https:/www.euskadi.eus/hirugarrenak
19.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:
a.– Ematen den dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta onuradun gisa proposatutako pertsonek ez badute dirulaguntza onartzen esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean, orduan onuradun gisa proposatutakoek eskaerari uko egiten diotela ulertuko da.
b) 2024-2025 ikasturterako Ikastetxeko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako heziketa-jarduerak.
c) Agindu honen 3., 4., 5., 6., 7., 8., 9. eta 10. artikuluetako baldintzak betetzen direla ikuskatzea.
d) Emandako dirulaguntza justifikatzea 20. artikuluan jasotakoaren arabera.
e) Gutxienez 5 urtean artxibatzea 4.f) artikuluan aipatutako dokumentuak eta gastuen jatorrizko frogagiriak, erakunde eskudunek egiaztatze- eta kontrol-lanak egin ahal izan ditzaten.
f) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.
g) Ikastaroetako saio bakoitza amaitzean, bertaratze metatuko balantze partziala egitea erabaki zuzenak hartu ahal izateko, deialdiaren 22. artikuluak xedatzen duenaren arabera –artikulu hori dirulaguntzaren baldintzak aldatzeari buruzkoa da–.
h) Ikastaro osoa egitea dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartu den talde bakoitzeko irakastorduen kopuruarekin eta banaketarekin.
i) Bertaratzea kontrolatzea 4.f) artikuluan aipatutako dokumentuen bidez. Ikasleak bertaratu direla egiaztatuko dute, eta ikastetxean gordeko dira, egiaztapenik egin behar denerako.
j) Ikasle bat eskolen % 20ra edo gehiagora joan ez bada justifikatu gabe, ikastetxeko zuzendariak, tutoreak hala proposatuta, Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean jarriko du https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ helbidearen bidez.
k) Dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzea eskatzea 22. artikuluan zehazten diren kasuetan.
l) Jasotako dirulaguntza itzultzea 23. artikuluan aurreikusitako egoeretan.
m) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako gainerako betebehar guztiak betetzea, eta, bereziki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko eskatzen zaion informazio guztia ematea, agindu honen xede diren programen finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia ematea barne. Horrenbestez, ikastetxe onuradunak ikasleei eta familiei jakinaraziko die programa diruz laguntzen duela Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak.
n) Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari dirulaguntza ematean kontuan izandako edozein baldintzaren aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzea.
20.– Dirulaguntzak justifikatzea.
a) Ikastaroak bukatu ahala, eta beranduenez 2025eko ekainaren 30ean, ikastetxe onuradunek, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ helbidearen bidez honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, behar bezala beteta eta hurrengo helbidean aurkitu daitezkeen eranskinak erabilita:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/
1) III., IV. eta IV. bis eranskinak (bertaratzen kontrola).
2) V. eranskina (parte-hartzeari eta hasierako eta amaierako azterketaren emaitzei buruzko akta).
3) VI. eranskina (memoria ekonomikoa).
4) Ikastaroak ematen dituzten pertsonen nominen benetako kopiak eta dirulaguntza honen ebazpenaren bidez eskatutako eta baimendutako gastuen fakturak.
5) Baldin eta zenbait gastu lotuta badaude ikastaroa modalite telematikoan ematearekin eta multimedia-lizentziekin, gastuok egiaztatzeko fakturen kopiak aurkeztu beharko dira.
b) Artikulu honen aurreko apartatuan adierazitako justifikazio-aldia baino lehen ordaindu diren nominak edo fakturak bakarrik onartuko dira egindako gastu gisa.
c) Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoz, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira.
https//www.euskadi.eus/nirekarpeta
21.– Jarraipena.
a) Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako heziketa-jarduerei, Hezkuntzako Ikuskaritzaren bidez, haiek egiten direla bermatzeko.
b) Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, Ekintzailetza eta Aldaketaren Kudeaketa Arloak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, ebazpen hau betearazteko neurriak har ditzan.
22.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
a) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin eta 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Erregelamenduaren 64. artikuluarekin bat, eman den dirulaguntzaren zenbatekoa aldatuko da aldi berean beste ekarpen batzuk jaso badira, bai eta kasu hauetan ere:
1) Modalitate presentzialerako:
Saio bakoitza amaitzean, bertaratzearen balantze partziala egin beharko da.
Orduen % 80ko gutxieneko bertaratzea gainditu duten ikasleen kopurua talde bakoitzeko 3 ikasle baino gutxiagokoa bada, une horretatik aurrera eta ikasturtea bukatu artean, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.
2) Modalitate ez-presentzialerako (online) edo mistorako:
Saio bakoitza amaitzean, bertaratzearen balantze partziala egin beharko da.
Ikasleren batek ezin izan badu % 80ko gutxieneko bertaratzea bete, ikastetxeko zuzendariak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez. Kasu horietan, ordura arte emandako irakastorduak baino ez dira ordainduko.
3) Irakastorduak ez badira 19.h gidalerroan ezarritakoak adina, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da benetan eman diren irakastorduen arabera, betiere 4.a gidalerroan talde bakoitzarentzat ezarritako gutxieneko 40 irakastorduak eman badira.
b) Horretarako, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak dagokion aldaketaren ebazpena emango du, eman diren kopuruak aldatzeko. Hortaz, erakunde onuradunak sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, betiere emandako gutxieneko 40 orduen muga errespetatuta.
Horretarako, kontrolatu beharko da 4.f) artikuluan aipatutako dokumentuen bidez. Ikasleak bertaratu direla egiaztatuko dute, eta ikastetxean gordeko dira, egiaztapenak egin behar direnerako. Ikasle bat eskolen % 20ra edo gehiagora joan ez bada justifikatu gabe, ikastetxeko zuzendariak, tutoreak hala proposatuta, Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean jarriko du https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ web-orriaren bidez.
23.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
a) Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hauetako bat gertatuz gero:
1) Jarduerak irauten duen bitartean ez betetzea bertaratzearen edo emandako irakastorduen gutxieneko ehunekoak; horrelakoetan, eman den dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu ahalko da, 22. artikuluaren arabera. Horretarako, onuradunari entzunaldia eskaini ondoren, diruz lagundutako jarduketa bete gabetzat hartuko da, eta emandako dirulaguntza egokituko da, aipatutako puntuan ezarritakoari jarraikiz.
2) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.
3) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasota daude.
4) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako itzulketa-arrazoiren bat gertatzen denean.
5) Aldi berean, erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana.
b) Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Deialdi hau administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan jasotako baldintzetan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiaren arabera, bai eta laguntzen eta dirulaguntzen esparruan aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz; horrez gain, eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.