175. zk., 2024ko irailaren 9a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (225 KB - 16 orri.)
- EPUB (131 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4183
EBAZPENA, 2024ko uztailaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Enkarterri –«Avellaneda - Cadagua ibaia» 2.2.1 tartean, Zallan (Bizkaia)– lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatu du proiektua.
AURREKARIAK
2024ko maiatzaren 8an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Enkarterri —«Avellaneda – Cadagua ibaia» 2.2.1 tartean— lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskabidea egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko maiatzaren 20an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren inguruan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraituz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean eta 8. taldean biltzen diren proiektuei. Ingeniaritza hidraulikoko eta ura kudeatzeko proiektuak: f) Distantzia handira ura bideratzeko instalazioak, I. eranskinean barne hartu gabekoak, hiri-lurzorua ez den lurzoruan kokatuak eta 10 km baino gehiagoko luzera dutenak, baita atalase horretatik behera daudenak ere, 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen dituztenean.
Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie II.E eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei. E8 taldea. Ingeniaritza hidraulikoko eta ura kudeatzeko proiektuak: 8.f. Hornikuntzako lehen mailako sareak bideratzeko instalazioak, 800 mm-ko edo gehiagoko diametroa eta 3 km-ko edo gehiagoko luzera dutenak eta erabat edo zati batean lurzoru urbanizatugabetik igarotzen direnak.
Proiektuak ur-eroanbide berria aurreikusten du hiri-lurzorua ez den lurzoruan, guztira, 3 km-tik gorako luzerarekin (eroanbide nagusia 2.931,1 m eta eroanbide osagarria 2.154,7 m; guztira, 5.085,8 m) eta 800 mm-ko diametroarekin (eroanbide nagusia).
Eroanbidea luzeagoa izango da, jada egindako aurreko tarteak eta aurreikusitako etorkizunekoak kontuan hartuz gero. Ildo horretan, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskinak 1. puntuan jasotzen du, besteak beste, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaiela eranskin horretako ataletan jasotako atalaseetara iristen diren eta zatikatuta dauden proiektuei, indibidualki aztertutako proiektuetako bakoitzaren magnitudeak edo dimentsioak pilatuta.
Bestetik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak, ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egin behar zien proiektuen artean, aintzat hartzen ditu —III. eranskina, II. eranskineko proiektu bati ingurumen-ebaluazio arrunta edo sinplifikatu egin behar zaion zehazteko irizpideak; B atala: II. eranskineko 2) puntuan ezarritako atalaseetatik behera kokatutako proiektuei ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egiteko irizpide orokorrak— hauekin gainjarritako proiektuak, besteak beste, «...babes-araubide bereziko espezieak eta Batasunaren intereseko habitatak kontserbatzeko arlo garrantzitsuak (eremua kudeatzeko organo-eskudunak proiektuek kontrako ondorioak sortu ezin dituztela jakinarazten duenean salbu)»; proiektua bat dator onartutako kudeaketa-plana duten fauna-espezieen (bisoi europarra) interes bereziko eremuekin eta Batasunaren intereseko habitatekin (6510 Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak).
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Sailak sortzeko, ezabatzeko eta aldatzeko eta horien funtzioak eta jarduketa-arloak zehazteko Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertu da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Aplikatu beharreko lege eta arauak ikusita (10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluaziokoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, zeinaren bidez ezartzen den Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Sailak sortzekoa, ezabatzekoa eta aldatzekoa eta horien funtzioak eta jarduketa-arloak zehaztekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, sektore publikoaren araubide juridikoarena eta aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Enkarterri —«Avellaneda – Cadagua ibaia» 2.2.1 tartean— lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, hurrengo baldintzen arabera:
A) Proiektuaren xedea da Enkarterriko baliabide hidrikoen aprobetxamendua hobetzea, kudeaketa integratua eta malgua ahalbidetuko duten azpiegitura berrien bitartez.
B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez egiten baita Enkarterri —«Avellaneda – Cadagua ibaia» 2.2.1 tartean— lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Enkarterriko baliabide hidrikoen aprobetxamendua hobetzeko, BBUPen lehen mailako sarekoa den Las Carreraseko biltegitik edateko ura hornitzea onartu da. Biltegi horretatik eskualdea hornitzeko, hainbat tarte daude. Horien artean, 1. tartea: Las Carreraseko biltegia – El Arenao; 2.1. tartea: Jarraltarako desbideratzea - Avellanedako biltegia eta 2.2. tartea: Avellaneda – Sollano – Bilbato – Ametzaga. «Avellaneda – Sollano – Bilbato – Ametzaga» 2.2. tartea banatu egingo da, azpitarte desberdinetan, eta proiektua «Avellaneda – Cadagua ibaia» 2.2.1. tarteari dagokio.
«Avellaneda – Cadagua ibaia» 2.2.1. tarteari dagokion proiektua Zallan dago, Bizkaian, eta jarraipena ematen dio 1. tarteko obretan egindako azpiegitura hidraulikoari eta «Enkarterri lehen mailako sarearen bidez hornitzea» proiektu bateratuko 2.1. tartearen diseinuari.
Eroanbide nagusia burdinurtu nodularreko hodi batek osatzen du, DN800 mm-koa eta C30 klasekoa, eta funtzionamendu itzulgarria du. 1. eta 2.1. tarteetako diametro eta material berberak ditu.
Proiektuaren xede den 2.2.1. tartearen luzera, guztira, 2.931,1 m-koa da. Horretaz gain, proiektuak eroanbide osagarria dauka, Otxarango desbideratzean hasten da eta Avellanedako biltegira arte iristen da. Hodia FD DN150 mm-koa eta 64 klasekoa da, eta bide nagusiarekiko paralelo doa (L = 2.154,7 m).
Trazatu osoan zehar barne hartzen da zuntz optikoa instalatzeko obra zibila. Orokorrean, zuntz optikoaren kanalizazioak bide nagusiarekiko zanga paraleloan doa, Artebizkarrako mikrotunela salbu; han tinkatze-hodiaren hormetan ainguratuta instalatzen da.
Eroanbide nagusiaren tartea, Avellanedako biltegiaren eta Otxarango desbideratzearen artean, zati batzuetan, pistak aprobetxatzen dira hodia jartzeko.
Bestalde, adierazi behar da trazatuak bi ur-ibilgu zeharkatzen ditu: Era erreka (bidegurutzea zangan) eta Otxaran erreka (gurutzaketa mikrotunelean). Biak interes bereziko eremuak dira bisoi europarrarentzat Bizkaian.
Eroanbideez gain, proiektuak barne hartzen ditu hurrengo egiturak eta jarduketa osagarriak:
– Otxarango desbideratzea, eta, horren barruan, beste maniobra- eta babes-elementu batzuen artean, Bilbatoko eta Ametzagako biltegietarako adarraren hasiera, Avellanedako biltegirako eroanbide osagarriaren hasiera (DN150 mm) eta kontrapisu bidez ixten den gainabiadura-balbula bat (DN800 mm), bide nagusia hausten bada, uholdeen aurka babesteko.
Kokapen berean daude deribazio-kutxatila bera, Bilbato eta Ametzagarako adarrerako presioa murrizteko kutxatila bat eta Artebizkarrako mikrotunelaren sarrera-putzua. Deribazio-kutxatilaren barneko dimentsioak 8,0x4,4x3,65 m dira eta presioa murrizteko kutxatilarenak, berriz, 6,30x2,75x3,07 m, biak HA-30 hormigoi armatuarekin amaituak.
Elementu horiek guztiak lurzatiaren urbanizazioan integratzen dira +103,0 m-ko kotan; perimetroko itxitura du, sarrerarako gune zolatua eta gune berdeak kutxatilek, putzuek edo instalazio osagarriek okupatu gabeko eremuetan.
– Artebizkarrako mikrotunela, 630 m-ko luzera duena, 2.500 mm-ko barne-diametrodun (3.000 mm-ko kanpo-diametroa) hormigoizko hodi tinkatuaren bidez egina. Barnean kokatzen da DN800 mm-ko burdinurtuzko hodia, hormigoizko bermeen gainean kokatutako aire-instalazioan.
Toki faltagatik eta hondeaketaren altueragatik, bi putzu sakon behar dira, pilote-pantailarekin; bat zulaketaren sarrerarako eta bestea irteerarako. Sarrera-putzuak planta angeluzuzen bat du eta 0,65 m-ko diametroko 52 pilote ditu, bereizita 0,90 m-ko eta 17,1 m-ko luzerakoak. Irteera-putzuak planta trapezoidala du eta 0,65 m-ko diametroko 41 pilote ditu, bereizita 0,90 m-ko eta 13,76 m-ko luzerakoak.
Bi kasuetan, tinkatzea egin ostean, barne-bolumena aprobetxatzen da mikrotunelerako sarbideak eraikitzeko eta eroanbidean beharrezko balbulak kokatzeko. Sarrera-putzuan, barneko hustearen zati bat hondeaketan hautatutako materialarekin betetzen da ondoren; irteera-putzuan, aldiz, ez da betetze-lanik egin behar, txikiagoa baita.
– Bentosa-kutxatilak, hustubide-kutxatilak eta ebakitze-kutxatilak. Trazatuan, lau bentosa-kutxatila, hiru hustubide-kutxatila eta ebakitze-kutxatila bat behar dira.
– Bizikleta-pista. Zallako Udalak eskatuta, bizikleta-ibilbide publiko bat aurreikusi da Otxarandik Avellanedara, zabor-legarrezko edo errekarrizko akabera trinkoarekin, eroanbidea eraikitzeko plataformarekin bat. Ibilbide hori osatzeko, proiektuak barne hartzen du 3 m-ko zabalerako sarbide independente bat, gutxi gorabehera eroanbidearekiko paraleloa den trazatuarekin eta 130 m-ko luzerarekin, zeina 2+100 KP inguruan hasten den. Ibilbide-tarte horrek hormigoi birrinduzko akabera dauka malda altuaren ondorioz.
– Artebizkarrako mikrotuneleko komunikazioetarako kanalizazioa. Era berean, Zallako Udalak eskatuta, proiektuak barne hartzen ditu DN 315 mm-ko diametro nominaleko PVCzko bi hodi eta aireko instalazioa, mikrotunelaren giltzarrira ainguratutako euskarrien bidez. Eremu-erreserba bat dira Zallako Otxaran eta La Llana auzoen arteko komunikazio- edo elektrizitate-instalazioen pasaerarako.
Obrak gauzatzeko, lurra mugitu beharko da. Hondeatzeko materialaren ezaugarriak direla-eta, zati bat berrerabili egingo da obretan, betetze-material gisa. Kalkulatzen da hondeaketako 48.932,9 m3, betetzeko 27.884,8 m3 eta 29.348,8 m3 landare-lur, lur edo harri birkokatu beharko direla.
Obrak gauzatzeko, kontuan hartu dira behin-behineko instalazio batzuk, eroanbideen trazatuan eta proiektuaren osagai apartekoetan, hala nola Otxarango desbideratzean eta Artebizkarrako mikrotunelean jarriko direnak. Guztira, jarduketa-eremuan banatutako bost esparru dira eta, arau orokor gisa, hesituta egon beharko dute. Eremuen aurreikuspen hori kontratista adjudikaziodunak berretsiko edo aldatuko du, aukeratutako eraikuntza-prozeduraren, obra-planifikazioaren eta erabiliko diren giza baliabideen eta makinen arabera.
Aurkeztutako dokumentazioak adierazten du esparru horietara sartzeko ez dela pentsatu behar izan eroanbideen eraikuntza-pistari bide gehigarrietan. Artebizkarrako mikrotunelaren kasuan, hiriguneko kaleetatik sarrera zuzena da. Obretako zirkulazioa existitzen diren bide publikoetatik edo trazatutik egingo da, oinezkoen sarbidea eta obra-makinena bereizita.
Oro har, obretarako sarbidea existitzen diren bide, kale eta errepideetatik egingo da eta, ahal den neurrian, obren perimetroko itxitura egingo da, arreta berezia jarriz herriguneen inguruan.
Obrak gauzatzeko kalkulatutako epea hamalau hilabetekoa da guztira.
Alternatibei dagokienez, eta aurkeztutako dokumentazioaren arabera, horien analisia egin da trazatuaren definizio-esparruan, «Avellaneda – Sollano – Bilbato – Ametzaga» 2.2. tarterako, Enkarterri lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektu orokorrean. 2.2.1. tartea, gutxi gorabehera, bat dator «Avellaneda – Sollano – Bilbato – Ametzaga» 2.2. tartearen hautatutako alternatibaren lehenengo 2.930 metroekin. Guztira, 12 alternatiba aztertu dira bide nagusiaren (DN 800 mm) tarte nagusirako. Gainera, 2.2. tarterako trazatuaren definizio-esparruan, sei alternatiba gehigarri aztertu ziren Longarreko ponpaketaren eta Sollanoko EUTaren artean.
Alternatiben analisian erabilitako irizpideak barne hartzen dituzte: alderdi tekniko eta eraikuntza-alderdiak (azpiegituretan izan dezakeen eragina eta eroanbidea ustiatzeko erraztasuna), alderdi ekonomikoak (eraikuntza- eta ustiapen-kostuak), inpaktu soziala (jabetza pribatuei eragindako afektazioak eta bizikleta-bide eta oinezkoen ibilbideei eragindako afektazioa) eta ingurumen-inpaktua (katalogatutako eremu naturalei, lehentasunezko eta lehentasunik ez duten habitatei, babestutako animalia-espezieen interes bereziko eremuei, ibilguei, ur-bazterreko landarediari, ondare-elementuei eragindako afektazioa eta kutsatutako lurzoruei eragindako afektazio-aukera).
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, irizpide anitzeko analisiaren emaitza gisa, ondorioztatzen da B4 alternatiba dela onuragarriena eta hori hautatu da eraikuntza-proiektuan garatu beharreko trazatu orokor gisa. «Longarreko ponpaketa – Sollanoko EUT» tartean, alternatiben analisiaren emaitza gisa, E1 alternatiba garatuko da.
2.– Proiektuaren kokapena.
Adierazi moduan, proiektua Zallan dago eta hainbat eremutatik pasatzen da: hirigunea eta hiri-periferia eta nekazaritza- eta baso-eremuak.
Trazatua Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Hasierako puntua Avellanedako biltegiaren altueran kokatzen da (koordenatuak: X=487092.385, Y=4786156.158) eta Era eta Otxaran errekak zeharkatzen ditu, Cadagua ibaira isurtzen direnak. Proiektuaren amaiera Cadagua ibaitik 200 m-ra kokatzen da gutxi gorabehera, hirigunean, Agirre Lehendakariaren etorbideko 25 zenbakiaren aurrean. Adierazi moduan, proposatutako trazatuak Era erreka zeharkatzen du, eta ingurumen-dokumentuaren arabera, funts txikikoa da; ia ibilgurik ez du lursailean hondeatuta, eta bazterretan zuhaixka-landaredia du. Bestalde, Otxaran errekak emari iraunkorra du. Egoera naturalean dago proiektuarekin gurutzatzen den puntuan, eta bazterretan landaredi asko du. Trazatuak bat egiten du Jabari Publiko Hidraulikoarekin eta haren zortasun- eta polizia-eremuekin; gainera, Otxaran errekak eta Cadagua ibaiak bat egiten dute Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko espezie mehatxatuen (bisoi europarra) interes bereziko eremuekin.
Litologiari dagokionez, trazak txandakako detritikoen guneak zeharkatzen ditu nagusiki, kare- edo silize-lutitez eta ale oso xeheko hareharri ilunez osatutakoak, lokalki konglomeratu-formakoak, porositateagatik iragazkortasun txikikoak. 0+550 KParen eta 1+000 KParen artean gutxi gorabehera, trazatuak pitzaduragatik iragazkortasun txikia duten tuparri-kareharrien, tuparrien, kareharrien eta kalkareniten alternantzia zeharkatzen du. Aldiz, ibai-ibilguen inguruan, trazatuak porositateagatik iragazkortasun ertaina duten depositu alubialak zeharkatzen ditu. Proiektuak eragindako lurzoruek bat egiten dute flubisolekin ibai-ibilguen inguruan eta kanbisolekin trazak eragindako gainerako eremuan; lehenengoek lur-lantzerako erabilera-gaitasun oso handia dute eta, bigarrenek, mugak dituzte maldagatik edo ezaugarri fisikoengatik.
Ikuspuntu hidrogeologikotik, proiektua Hegoaldeko Antiklinorioko (ES017MSBT017-006) lurpeko ur-masaren gainean asentatzen da, egoera global onekoa dena, eta zeharkatu egiten du Arabako Plataforma Jabariaren Balmaseda-Elorrio Sektore Kuaternarioa, ibai-ibilguen inguruan eta horiei lotutako kuaternarioa. Balmaseda-Elorrio Sektore Kuaternarioa, EAEko lurpeko ur-masen sektorea, bat dator interes hidrogeologikoko gunearekin.
Ez dago ez Natura 2000 Sareko gunerik, ezta naturagune babesturik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere. Halaber, ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko puntu edo lekurik; era berean, ez da ikusten gainjartzerik erabilera publikoko mendiekin. Adierazi behar da, nahiz eta zuzeneko ezarpen-eremutik kanpo izan, Cadagua ibaia, proposatutako trazatuaren amaieratik gertu, Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegitura berdearen bilbe urdinean sartzen dela.
Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiaren arabera, proiektuak honakoak zeharkatzen ditu: belardi eta laborantza atlantikoak, baso-plantazioak, harizti azidofiloak eta harizti-baso misto atlantikoa (batzuetan fase gaztean edo degradatuan) baratze- eta fruta-arbolen eremuak, txilardi-otadi-iratzedi atlantikoko azalak eta hirigune eta alfer-lurrak. Horrek guztiak berretsi egiten du aurkeztutako dokumentazioa, zeinaren arabera trazatuak hurrengoak zeharkatzen dituen: intsinis pinuko baso-plantazioak, baso mistoa, sastraka, belardi eta laborantza atlantikoak eta gune antropikoei (erruderal nitrofiloa, baratzeak eta fruta-arbolak eta beste mota batzuk) lotutako landaredia. Proiektuaren ezarpen-eremuan ez da identifikatu mehatxatutako flora-espezierik, nahiz eta ukitzen duen «Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak» (HIC1 6510) lehentasunik gabeko Batasunaren intereseko habitatarekin.
Faunari dagokionez eta aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuaren eremuan abifauna-espezieak daude, batetik, eremu ireki eta laborantza-eremuekin erlazionatuta (besteak beste, hurrengoak aipatzen dira: sorbeltz arrunta (Apus apus), enara arrunta (Hirundo rustica), enara azpizuria (Delichon urbica), buztangorri iluna (Poenicurus occhruros), mika arrunta (Pica pica), arabazozo beltza (Sturnus unicolor); eta, gutxiago, ibai-ibilguei eta errekei lotuta (Bereziki Cadagua ibaiaren ertzean, hurrengoak aipatzen dira, besteak beste: martin arrantzalea (Alcedo atthis), buztanikara horia (Motacilla cinerea), buztanikara zuria (Motacilla alba) edo errekatxindorra (Cettia cetti). Ikus daitezken harraparien artean, hurrengoak aipatzen dira: zapelatz arrunta (Buteo buteo), miru beltza (Milvus migrans), miru gorria (Milvus milvus) eta belatz gorria (Falco tinnunculus). Cadagua ibaiari lotutako fauna iktikoari dagokionez, besteak beste, hurrengoak aipatzen dira: txipak (Phoxinus bigerri) eta loina arruntak (Parachondrostoma miegii). Proiektuaren eremuan ugaztun ugari daude; hauek, besteak beste: basasagua (Apodemus sylvaticus), ur-arratoia (Arvicola sapidus), satitsu arrunta (Crocidura russula), landa-lursagua (Microtus arvalis), basurdea (Sus scrofa) eta azeria (Vulpes vulpes). Bisoi europarra (Mustela lutreola) nabarmentzen da, izan ere, proiektuak zeharkatzen dituen ibilguak (Era eta Otxaran errekak) espezie horretarako interes bereziko eremua dira eta kudeaketa-plan onartua du 118/2006 Foru Dekretuaren bidez —118/2006 Foru Dekretua, Foru Aldundiarena, ekainaren 19koa; beraren bidez Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik—. Ibai-ibilguei lotuta, aurkeztutako dokumentazioak ibai-karramarro arrunta (Austropotamobius pallipes) ere aipatzen du. Bestetik, saguzar-espezieak —ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), Geoffroy saguzarra (Myotis emarginatus), koba-saguzarra (Miniopterus schreibersii) eta ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolopus euryale)—, anfibioak eta narrastiak daude proiektuaren eremuan. Eremuan ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein eremu, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016ko maiatzaren 23ko EHAA, 96. zk.) izendatutakoak.
Paisaiari dagokionez, proiektuaren eremua hurrengoek osatzen dute: nekazaritza- eta basogintza-mosaikoak eta nekazaritzako paisaia atlantikoak, baso-plantazioak ibai-eremuan eta hiriguneak. Azpiegitura hidraulikoa egiteko proposatutako trazaduraren hasiera-puntua «Avellaneda dorretik» 400 m-ra kokatzen da; hura da EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren paisaia-mugarria, nahiz eta proiektuak ez dituen ukitzen katalogatutako edo inbentariatutako paisaia-balioak. Era berean, proiektuan ez dago gainjartzerik eraikitako kultura-ondareko ezein elementurekin edo kultura-ondare gisa aitortutako ezein ondare-arkeologikorekin.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, geoEuskadiren arabera, proiektuaren eremuan 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldiak daude, trazatua eta Otxarango erreka gurutzatzen diren tokian (mikrotunelean), eta Q 500eko uraldiak, berriz, proiektuaren xede den tartearen amaierako puntuaren inguruan, Cadagua ibaitik gertu. Era eta Otxaran errekei lotutako uholde-arriskuari dagokionez, ingurumen-dokumentuak adierazten du funts txikiko ibarbide edo ibilgu geldikorrak dira eta (aipatutako erreketan) uholdeek eragindako kalteen arriskua baxua dela; izan ere, euri-jasak direla-eta errekek gainezka egingo balute ere, ekarpen-arroak txikiak dira eta, ondorioz, uraldi-emaria ere neurrizkoa izango da. Bestetik, baso-plantazioen azalera batzuk ukitzen dituenez, baso-sute arrisku handia identifikatzen da. Halaber, eremuak higadura-arrisku potentzial handia du, eta arrisku hori areagotu egingo da, landaredia kentzean eta lur-mugimenduak egitean.
Beste arrisku batzuei dagokienez, eremuan ez dago Ihoberen Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen Inbentarioko kokalekurik; ez da identifikatzen sismikotasunaren ondoriozko, errepide edo tren bidezko salgai arriskutsuen garraioan izandako istripuen ondoriozko eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia duten guneen ondoriozko arrisku handirik.
3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obrak egiteko fasean sortuko dira. Hurrengoen ondoriozko eraginak izango dira nagusiki: landaredia kentzea eta moztea, horniduraren eta zuntz optikoaren eroanbidea kokatuko den zanga egiteko lur-mugimenduak, Otxarango adarra kokatuko den lurzatiaren urbanizazioa, tinkatze-sistemaren bitartez Artebizkarrako mikrotunelaren hondeaketa, trazatuan zehar kutxatilak jartzea, Era erreka gainazalean gurutzatzea, bizikleta-pista egokitzea eta, aldi baterako, trazan zehar obretarako behin-behineko instalazioak jartzeko bost esparru okupatzea. Horien ondorioz, hauek kutsatzeko arriskuan eragin ditzakeen inpaktuak sortuko dira: lurzoruak, landaredia, fauna, Era errekako bidegurutzeko ibai-morfologia, kalitate atmosferikoa, egoera akustikoa eta paisaia. Horietaz gain, hondakinak sortzetik eta istripuzko isuriengatik lurzoruak eta urak kutsatzeko arriskutik ere eratorriko dira, bereziki azaleko ibilguetatik gertu dauden lanetatik eratorritakoak; ibai-uren kalitatea murriztea eragin ahal izango dute, solido esekiak areagotzeagatik eta erabilitako makinetatik datozen istripuzko balizko isuriengatik.
Proiektuak aurreikusitako lur-balantzearen arabera, 4.438 m3 landare-lur soberakin eta 24.910,4 m3 lur edo arroka soberakin egongo dira birkokatzeko, eta horiek balioztatzea ez balitz posible izango, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Uholde-eremuak ukitzen dituzten trazaren zati batzuei dagokienez, kontuan hartu beharko dira Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetan xedatutakoa eta EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoa.
Bestetik, proiektuaren eremuan baso mistoa eta «Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak» (HIC1 6510) lehentasunik gabeko Batasunaren intereseko habitat gisa sailkatutako belardiak daude. Zehazki, 8.337 m2 baso-misto eta 20.557 m2 belardi eta laborantza atlantiko kentzea aurreikusten da. Aldi baterako edo betiko eragindako gainerako landaredia intsinis pinuaren baso-plantazioak, sastrakak eta gune antropikoei lotutako landaredia dira. Guztira, 42.235 m2 landaredi kaltetuko dela aurreikusten da. Ingurumen-dokumentuak landaredia babesteko intereseko neurri batzuk aurreikusten ditu (zuinkatzea, obrek zeharka eragiteko arriskua duten zuhaitzak babestea, Era errekako ibilguko bidegurutzean erriberako landaredia berreskuratzea, ezponden hidroereitea, bereziki bizikleta-pistari dagokionez, eta hondeaketak eragindako belardiak leheneratzea), nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenean ezarritakoaren arabera, beste alderdi batzuen artean, berrikusi egin beharko den bizikleta-pistaren behin betiko zabalera, ahalik eta gehien murriztuz, landarediari eragindako afektazioa murrizteko eta leheneratzea maximizatzeko, eta osabidezko neurrien proiektu bat gehituko da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak baliozkotuko dutena, hornidura-proiektua onartu aurretik.
Faunari dagokionez, proiektuak obrak aurreikusten ditu bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuan, bereziki, Era errekaren zangako bidegurutzean. Espezie horrek kudeaketa-plan onartua du 118/2006 Foru Dekretuaren bidez —118/2006 Foru Dekretua, Foru Aldundiarena, ekainaren 19koa; beraren bidez Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik—. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren txostenean ezarritakoaren arabera, Natura Ondarearen Zerbitzuari ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako nahitaezko txostena eskatu beharko zaio, eta bidegurutzean zubi txiki bat jarri beharko da, erreka igaro ahal izateko. Espeziearen kudeaketa-planaren zehaztapenen arabera egin beharko dira obrak, horretarako aldi kritikoa errespetatuz. Ingurumen-dokumentuak adierazten du 30 m2 inguru berreskuratuko direla Era ibilguaren zanga-gurutzaketaren ingurunean, bisoi europarrarentzako habitata erraztuko duten zuhaixka-espezieekin. Bestetik, karramarro autoktonoari dagokionez —dokumentazioan aipatzen da espezie hori badagoela—, aleak harrapatu eta birkokatu egingo dira eta, gainera, babesguneak sustatu eta sortuko dira Era errekan, espeziea berriro sartzea laguntzeko. Nolanahi ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren aipatutako txostenaren arabera, balorazioak aurkeztuko dira nahitaezko txostenean, karramarro autoktonoari dagokionez. Bestetik, Otxarango errekaren gurutzaketa mikrotunelaren bidez egingo da, ibilguari eragin gabe.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren kartografiaren arabera, proiektuaren eremuak higadura-arrisku handia du; ildo horretan, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, obraren tipologia, lerradurak jasan ditzaketen materialen estaldura urria eta jarduketaren zati handi batean lurraren malda txikia kontuan hartuta, lurra irristatzeko probabilitatea txikia da.
Funtzionamendu-fasean, inpaktu posible esanguratsuenak dira lurraren modelatzeari eragindako afektazioa, lurzoruaren galera edo kutsadura eta paisaiaren afektazioa. Ingurune antropikoaren gainean sortzen diren efektu positibo gisa: ur-horniduraren eta jarduera ekonomikoaren hobekuntza.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Enkarterri —«Avellaneda – Cadagua ibaia» 2.2.1 tartean— lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Natura Ondarearen Zerbitzuari eskatuko zaio 118/2006 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako nahitaezko txostena, bisoi europarraren kontserbaziorako interes bereziko eremuari eragiten baitio proiektuak. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko ekainaren 6ko txostenaren arabera, Natura Ondarearen Zerbitzuak iritzia emango du aldez aurreko baimenaren beharrari buruz (Kudeaketa Planaren 9. artikulua), baldin eta, azkenean, bisoi europarraren habitataren ezaugarriak alda ditzaketen jarduketak daudela uste bada. Halaber, aipatutako nahitaezko txostenean aurkeztuko dira karramarro autokronoari dagozkion balorazioak.
Era erreka gurutzatzeko, haren gainean zubi txiki bat jarriko da, erreka igaro ahal izan dadin.
Gainera, proiektuak barne hartuko ditu Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2024ko ekainaren 11ko txostenean adierazitako neurri hauek:
– Bizikleta-pistaren zabalera berrikusiko da, ahalik eta gehien murriztuz, bereziki, Era errekaren gurutzaketan, proiektuak eragin txikiagoa izan dezan landaredian eta, aipatu gurutzaketan, erriberako landarediaren jarraitutasuna eta konektagarritasun ekologikoa ahalbidetzeko.
– Ezponden amaierako diseinuak kontuan hartuko du hura eraberritzeko aukera, hidroereiteaz gain, zuhaixka-espezie autoktonoen bitartez.
– Konpentsazio-neurrien proiektu bat prestatuko da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak baliozkotu beharko dutena, hornidura-proiektua onartu aurretik. Konpentsazio-neurrien proiektu horrek alderdi hauek hartu beharko ditu kontuan:
• Kendutako baso autoktonoaren azalera konpentsatuko da 1:2 kendutakoa: eraberritua proportzioan, funtzionaltasun ekologikoaren galera konpentsatzeko modu gisa.
• Kendutako sasien azalera konpentsatuko da 1:1 kendutakoa: eraberritua proportzioan.
• Berrezarri beharreko guneen kuantifikazioa (1) ez da izango «ezabatutako zuhaitz-aleena», ingurumen-dokumentuak proposatu moduan, baizik eta eragindako landare-eraketa bakoitzaren azalerena, eta (2) balioztatutako afektazio-azaletan oinarrituta egingo da, eta ez da onartuko azkenean obrek eragindako azalera errealaren doikuntza-planteamendurik ondorengo faseetan, azalera hori espero dena baino handiagoa denean izan ezik.
• Konpentsazio-neurrien proiektuak argi eta garbi jaso beharko ditu kartografian jarduketaren xede izango diren guneak, eta eremu desberdinetan aplikatu beharreko tratamenduak identifikatuko ditu, bereizitako guneak zehaztuz gero.
Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako operazio osagarrien multzoa garatzeko, proiektua gauzatzeko ezinbesteko den gutxieneko eremua baino ez da erabiliko, betiere ezarritako gehieneko mugen barruan. Obren mugaren zuinketa egingo da, eta saihestu egingo da obrako makinak eta ibilgailuak aurreikusitako mugetatik kanpo ibiltzea.
Era errekaren gurutzaketako obrek bisoi europarrarentzako garai kritikoa errespetatu egin beharko dute; hots, martxoaren 15etik uztailaren 31ra arteko aldia.
Debekatuta dago makina astunek ibilguen barruan eta Jabari Publiko Hidraulikoaren 5 metroko zortasun-eremuan zirkulatzea, eta eremua balizatu egingo da, espazio hori libre mantentzeko.
Beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarbideen irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak —makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne— ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideen arabera egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta balio agrologikoa duten lurzoruei eragin gabe.
Kontratistek egokitu beharko dituzte obretako instalazio osagarriak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak arras txikiagotzeko. Kontratistaren instalazio-eremuen mugaketa zehatza eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, txosten honetan aurrerago obrako ingurumen-aholkularitzarako ezarritakoaren arabera.
Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredia naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden guneetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko. Horren harira, obrak gauzatzeko nahitaez moztu behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak in situ balizatuko dira aldez aurretik. Zuhaitzak moztu aurretik markatu egingo dira, eta ahalik eta mozketa gutxien gauzatuko dira. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak ez izateko kolperik eta kalterik. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
Osasun publikoa babesteko neurriak.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren 2024ko ekainaren 6ko txostenaren arabera, proiektuak kontuan izango ditu hurrengo kontsiderazioak:
– Kontsumorako urarekin kontaktuan dauden azaleren desinfekziorako, substantzia kimikoak erabiliko dira eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 22ko 528/2012 (EB) Erregelamenduak (bioziden merkaturatzeari eta erabilerari buruzkoa) 4. produktu motarako (TP4) ezarritakoa bete beharko dute.
– Kontsumoko urarekin kontaktuan dauden materialek Kontsumoko uraren kalitatearen eta uraren kontrol eta horniduraren irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituen urtarrilaren 10eko 3/2023 Errege Dekretuan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte.
– 3/2023 Errege Dekretuaren arabera, eroanbide bat eraikitzeko, osasun-agintaritzaren aldeko txostena beharko da. Horretarako, dokumentazioa aurkeztu beharko da, aipatutako Errege Dekretuaren III. kapituluaren lehenengo atalean adierazitakoa (33. artikulua).
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
Jabari Publiko Hidraulikoan eta horiekin lotutako babes-eremuetan egiten den jarduera orok Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko baimena beharko du, zeinak, hala badagokio, dagozkion baldintzak ezarriko baititu.
Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den guneetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira, ingurumen-agirian aurreikusiak. Proposatutako neurrien funtzionamendua egokia dela kontrolatu beharko da, ekarpen solidoak Jabari Publiko Hidraulikora irits ez daitezen.
Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Ez da egingo lur-bilketarik ibai-ibilguen ingurumarietan.
Obretako makinak gordetzeko eremuak eta horien mantentze-lanak egiteko gunea drainatze-sare naturaletik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
Tunel-tinkatzeak egitean sortzen diren urak dekantazio-putzuetara bideratuko dira. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.
Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko dira, eta metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.
Hormigoi-kanaletak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Ezingo da inola ere hormigoi garbiketako esnea ibilgura isuri.
Dekantazio-putzuak garbitzetik datozen lohiak eta hormigoizko kanaleten garbiketa-eremuetako hormigoi-hondarrak hurrengo apartatuetan ezarritako baldintzen arabera kudeatu beharko dira.
Interes agrologikoko lursailak babesteko neurriak.
Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren 2024ko maiatzaren 31ko txostenaren arabera, eta Nekazaritza eta Elikadura Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikulua aplikatuz, kontuan izan beharko da nekazaritzaren arloko foru-organo eskudunaren txostena.
Proiektuak aintzat hartuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko ekainaren 26ko txostenean ezarritako hurrengo neurriak:
– Belardi, laborantza eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren azaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretik aparte pilatu behar da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.
– Makinen, materialen eta abarren erabileraren pean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.
– Hala badagokio, eragindako laborantzak birlandatzea, dagozkien kalte-ordainekin.
– Itxiturak eta lurzatietan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (drainatzeak, etab.) eta eragindako laborantzak ordeztu behar dira.
Igarobidea babesteko eta eragindako eremuak lehengoratzeko neurriak.
Proiektua gauzatzean eragindako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesurik eta ibilguetarako solido-arrasterik ez izateko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.
Landareztatzeko lanak ezberdin planteatu beharko dira, eragindako lur-eremuen aurreko ezaugarrien arabera.
– Eragindako baso mistoko guneak ordeztu egin beharko dira harizti azidofiloaren eta harizti-baso misto atlantikoaren berezko espezieen bitartez.
– Baso-plantazioen guneetan, aldi baterako okupatzen diren lurren gainean, eragindako laborantzak birlandatuko dira, dagozkien kalte-ordainekin, hala badagokie. Gune horretan inguruari naturaltasun handiagoa ematen dioten laborantzak edo hostozabal autoktonoen espezieak landatzeko aukera planteatuko da.
– Sastraken guneak, aldi baterako okupatzen diren lurren gainean, lehengoratu egingo dira harizti-baso misto atlantikoaren berezko espezieekin ahal denetan.
Lur-mugimenduak dauden bitartean, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.
Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki, eta Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Buddleja davidii edo beste espezie inbaditzaile batzuen propaguluekin edo haziekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihestu beharko da.
Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, proiektuaren afektazio-eremuan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
Proiektuak flora exotiko inbaditzailea ezabatzeko plan bat jaso beharko du, jarduketa-eremuetan detektatzen diren flora-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
Obrak kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.
Lanak egiten diren artean beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira ordutegien mugaketari, obretako makinen mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, eta hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.
Uholde-arriskura bideratutako neurriak.
Ez da obretako instalazio osagarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea) uholde-arriskua duten eremuetan, uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere. Nolanahi ere, kontuan hartu beharko dira Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetan xedatutakoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoa.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.
– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
Aipatu ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat, eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.
Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.
– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak aldatutakoa, zeinaren bidez arautzen baiten eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinen ekoizpena eta kudeaketa) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondeaketako soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturaletarako, ukitutako lursaila morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balioztatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan —Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa— xedatutakoa izango da aplikatzekoa.
Edozein inguruabar dela medio hondeaketako soberakinak pilatzeko biltokiak egin behar izanez gero, betelana egiteko proiektu bat idatziko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokitu beharko zaio. Horretaz gain, proiektuan honako hauek jasoko dira: kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hautatutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako lehengoratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.
Bestalde, obrak amaitzean proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketaren soberakinen jarraipena helarazi beharko dizkio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara zuzendutako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Horrez gain, erabilera horretarako baimenak aurkeztu beharko dira, hondakinen araudiaren arabera nahiz meatzeen araudiarekin bat etorrita.
– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.
Atmosferako kutsadura prebenitzeko neurriak.
Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.
Obretako instalazio osagarrien guneetako irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistemekin hornituta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.
Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obrek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Baso autoktonoaren azalari eragindako afektazioa kontrolatzea.
– Era errekaren ibilguari eta haren inguruneari eragindako afektazioa kontrolatzea.
– Hondakinen isurpenik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Proiektuak afektazio-eremuan herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
– Era errekaren inguruko jarduketei dagokienez, obren egutegia betetzea, bisoi europarraren aldi kritikoa saihestuz.
Garbiketa eta obren amaitzea.
Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honen aurreko apartatuetan hondakinak kudeatzeko xedatzen dena aplikatuko da.
Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu arte eta horien berme-aldian zehar, obra-zuzendaritza jarduleak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.
Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obrak gauzatzean. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere Ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hortaz, ez da beharrezkoa Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak sustatutako Enkarterri —«Avellaneda – Cadagua ibaia» 2.2.1 tartean— lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan eta egun bereko 21/2021 Legearen II.E eranskinaren 4. puntuan adierazitakoaren arabera, dagoeneko baimenduta, onartuta, gauzatuta edo gauzatze-prozesuan dagoen proiektu baten edozein aldaketa, baldin eta ingurumenean eragin nabarmenak izan baditzake, aipatu araudian jasotzen den bezala, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren mende egongo da.
Bosgarrena.– Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Zazpigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailak 25.
Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
AITOR ALDASORO ITURBE.