Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2024ko irailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4182

AGINDUA, 2024ko uztailaren 19koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako artxibo-funtsekin eta dokumentu-ondarearekin lotutako ikerketa-proiektuetarako bekak ematea eta, halaber, onartzen baita 2024an lau beka emateko deialdia.

Euskadiko Artxibo Historikoari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoari lotutako artxibo-funts publiko eta pribatuen informazioa zabaltzea, bai eta Euskadiko dokumentu-ondarearen eta artxiboen balioari buruzko kontzientziazio sozial eta kolektiborako neurriak proposatzea ere, arlo horretako prestakuntzan eta hezkuntzan lagunduz.

Helburu horrekin, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ikerketa-beka hauen deialdia egiten du, norberaren izenean aurkezten diren ikertzaileentzat, Euskadiko Artxibo Historikoan dagoen euskal dokumentu-ondarearen ikerketa sustatzeko.

Era berean, beka horiek ematea laguntza-lerro bat da, indarrean dagoen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen dena. Hain zuzen ere, lerro hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 28ko Aginduaren bidez sartu zen plan horretan. Agindu horren bidez, batetik, 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen da, eta, bestetik, 2024ko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen da. Agindu hori Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean dago argitaratuta, eta honako hau da haren URL helbidea: https://www.euskadi.eus/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/web01-s2hhk/eu/

Adierazi behar da laguntzen deialdi honek aipatutako 2021-2024 DPEan jasotako helburu estrategikoak lortzen laguntzen duela; zehazki, helburu hauek: Euskadiko artxibo-sistema garatzea eta Euskadiko kultura-ondarea babestu eta haren balioa nabarmentzea.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako dokumentu-ondarearekin zerikusia duten ikerketa-proiektuetarako bekak emateko oinarri arautzaileak onartzea, agindu honen I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.

Bigarrena.– Lau bekatarako deialdia egitea 2024an, Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako dokumentu-ondareari buruzko ikerketa-lanak egiteko.

Beka bakoitzaren zenbatekoa 10.000,00 (hamar mila) euro izango da, dagokion partidaren kargura, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean jasotako aurrekontu-kredituaren barruan, eta Agindu honetan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 40.000,00 (berrogei mila) eurokoak izango dira, gehienez ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Era berean, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 19a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

ERANSKINA
Agindua, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako artxibo-funtsekin eta dokumentu-ondarearekin lotutako ikerketa-proiektuetarako bekak eta, halaber, onartzen baita 2024an lau beka emateko deialdia.
OINARRIAK

1. artikulua.– Helburua.

Deialdi honen helburua da Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako dokumentu-ondarearekin zerikusia duten ikerketa-proiektuetarako bekak emateko oinarri arautzaileak ezartzea. Bekak emateko, norgehiagokaren araubidea erabiliko da.

Oinarri arautzaile hauen arabera emandako beka bakoitzaren zenbatekoa 10.000,00 euro gordin izango da.

2. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak izan daitezke beka hauen onuradun:

a) Unibertsitate-graduko edo graduondoko titulua izatea, zeinaren ezagutza-eremuak zerikusia baitu dokumentu-ondarea kontserbatzearekin, ikertzearekin eta haren balioa nabarmentzearekin. Halakorik ezean, beka hauen onuradun izan ahalko dira, halaber, gradu edo graduondoko titulu hori eduki ez arren, azken urtean –kurtsoko ikasgai guztietan– matrikulatuta daudenak,

b) Aurrez Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako dokumentu-ondareari buruzko ikerketa-proiekturen bat garatzeko bekarik jaso ez izana.

2.– Era berean, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako kasuetako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

Hona hemen kasu horiek:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

3. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Memoria xehatua, aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak eta justifikazioa adierazten dituena.

b) Eskatzailearen curriculuma, behar bezala sinatuta, aurkeztutako proposamenari lotutako merezimenduak zehazten dituena.

c) Deialdi honen 2. artikuluko a) letran azaldutako eskakizuna betetzen dela egiaztatzen duen titulua edo antzeko ziurtagiria.

2.– Eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpen hauek aurkeztu beharko dira:

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena sinatzaileak ez daukala sexuan oinarritutako bereizkeriagatik jarritako zehapen administratibo edo penalik eta ez daukala Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak jarritako debekurik, zehapenak dirauen bitartean agindu honetan araututako bekak eskuratzea eragozten duenik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena eskatzaileak ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren zehapen administratibo edo penalik eta ez daukala horretarako desgaitzen duen inolako legezko debekurik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dela eskatu edo jaso edozein administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatutako beste dirulaguntza, laguntza, beka, diru-sarrera edo baliabiderik agindu honetan araututako bekaren helburu bererako.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dela jaso beste beka berdin edo antzekorik edozein erakunde publiko edo pribatutatik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzuli beharragatiko betebeharren ordainketak.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena egiazkoak direla eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak eta betebeharrak.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emanak, hurrenez hurren.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Interesdunak horren aurka egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu beka-eskabidearekin batera.

4. artikulua.– Beste beka edo laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Beka bateraezina izango da beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen edo ematen dituzten beka, dirulaguntza edo laguntzekin.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskatzaile bakoitzak beka-eskaera bakarra egin ahal izango du. Aurretik erregistratutako eskaera bat duenak beste eskaera bat aurkezten badu, automatikoki atzera egingo du eta prozedura amaituko da; horretarako, dagokion atzera egiteko ebazpena emango da, legez ezarritako eran.

3.– Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoz aurkeztu ahalko dira, honela:

a) Aurrez aurreko bidea: eskaerak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan aurreikusten dira erregistro horiek) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organo edo bulegoetan. Eskaerak Zuzenean zerbitzuan aurkezteko, aurretik hitzordua eskatu beharko da nahitaez, https://www.euskadi.eus/herritarrekin_interakzioa/aurretiko-hitzordua-zuzenean-zerbitzuko-aurrez-aurreko-arretan/web01-tramite/eu/ helbidean edo 945 01 90 00 telefono-zenbakian (zenbaki hori hitzorduak eskatzeko edo bertan behera uzteko bakarrik da).

b) Bide elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, artikulu honen 4. apartatuan aipatzen diren helbideetan.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bide presentziala erabiliz edo bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko zehaztapenak. Helbide honetan eskura daitezke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1238502

Bide elektronikoz egindako eskaeren osteko izapideak, jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein unetan alda daiteke aukeratutako bidea.

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean zein bestean aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta hari atxikitako egiaztagiriak. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura osoan zehar, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

7.– Eskaerak ordezkari baten bidez ere izapidetu daitezke modu elektronikoan, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

8.– Eskaerak aurkezteak berekin dakar berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek definitzen dituzten baldintzak.

6. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta dela edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela eskaera izapidetzeko onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela, edo baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo falta diren dokumentuak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio emandako epean zuzenketarik egiten ez badu eskaeran atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, dagokion ebazpena eman ondoren.

7. artikulua.– Kalifikazio Batzordea. Osaera eta funtzioak.

1.– Kalifikazio Batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak onartzeko modukoak diren ala ez aztertzea, bai eta eskabide horiek ebaluatzea ere, agindu honen 9. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

2.– Kalifikazio Batzordeak kide hauek izango ditu:

– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da.

– Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzakoa.

– Unibertsitateko bi irakasle, bat historia modernokoa eta bestea historia garaikidekoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko norbait arituko da Kalifikazio Batzordeko idazkari, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe. Kalifikazio Batzordeko idazkariari dagokio kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eratzeko eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez izendatuko dira Kalifikazio Batzordeko kideak. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Kalifikazio Batzordeak, egokitzat jotzen duenean, laguntza eskatu ahal izango die proiektuaren gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (adibidez, genero-ikuspegian) adituak diren aholkulariei.

4.– Kalifikazio Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da gutxienez batzordeburua, idazkaria eta batzordekideen erdiak egotea, bai bertan edo bai urrutitik jardunez.

5.– Kalifikazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta errekusatuak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

6.– Kalifikazio Batzordea osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko. Horri dagokionez, bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean joko da ordezkaritza orekatutzat.

8. artikulua.– Bekak emateko prozedura.

1.– Laguntzen deialdia ebazteko, norgehiagoka bidezko lehiaketa erabiliko da. Horretarako, 9. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran jarriko dira eskaerak, eta puntuaziorik handiena jasotzen duenetik hasita esleituko dira lau bekak.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen dituzten programei bakarrik emango zaie beka.

3.– Balorazio Batzordeak balorazio-txosten bat egingo du, eta bertan zehaztuko da egindako ebaluazioaren emaitza. Kultura Ondarearen zuzendariak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena aztertu ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Elementu hauek izan beharko ditu:

– Baietsitako eskaerak, onuradun bakoitzaren bekaren zenbatekoarekin.

– Ezetsitako eskaerak eta ezesteko arrazoiak.

– Onartu ez diren proposamenak, ez onartzeko arrazoia adierazita.

4.– Kultura Ondarearen zuzendariak emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera; izan ere, interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak baino ez dira agertzen prozeduran, eta haiek bakarrik hartzen dira kontuan.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Kalifikazio Batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako proiektua eta ikertzailearen eta haren lan-ingurunearen ezaugarriak.

Era berean, pertsona horrek bekaren xede den proiektuaren inguruan dituen ezagutzak, prestakuntza eta esperientzia baloratuko dira, bai eta proposatutako ikerketa-proiektua zehazteko eta adierazteko gaitasuna eta proiektuaren proposamenaren interesa eta ikuspegia ere.

Horretarako, balorazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan, bakoitzari esleitutako puntuazioaren arabera:

1.– Ikertzaileen merezimenduak eta esperientzia: 30 puntu, gehienez.

a) Prestakuntza, gehienez 10 puntu: 4 puntu emango zaizkie unibertsitate-graduko titulazioei, 6 puntu graduondokoei eta masterrei, eta 10 puntu doktoregoei.

b) Argitalpen zientifikoak, hala argitaraturiko liburu-euskarria dutenak nola argitalpen digitaletako testuak, «paperak» edo lan kolektiboetarako ekarpenak: gehienez 10 puntu. Liburuei 5 puntu emango zaizkie, eta artikulu edo ekarpen bakoitzari, puntu bat.

c) Euskaraz jakitea: gehienez 5 puntu. Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera baloratuko da, 3 puntu emanez C1i eta 5 puntu C2ri.

d) Artxibo-ikerketan izandako esperientzia: gehienez 5 puntu. Eskatzaileak artxiboetan egindako lana baloratuko da, hain zuzen ere bere argitalpenen bidez egiaztatzen duena eta bere ikertzaile-curriculumean argudiatzen duena.

2.– Ikerketa-proiektuaren metodologia, garrantzia eta kalitatea: 70 puntu, gehienez:

a) Planteamendu metodologikoaren berritasuna: 20 puntu, gehienez.

b) Gaiaren planteamenduaren koherentzia: 20 puntu, gehienez.

c) Erabiliko diren dokumentu-iturrien aniztasuna eta aberastasuna: 10 puntu, gehienez.

d) Landuko den gaia eta, hala badagokio, genero-historiaren ikuspegia: 10 puntu, gehienez.

e) Behin betiko lana idaztean euskara erabiltzea: 10 puntu.

10. artikulua.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua, errekurtsoak eta publizitatea.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio deialdia ebaztea, balorazio-batzordeak txostena egin ondoren eta Kultura Ondarearen zuzendariak proposatuta.

Ebazpena emateko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek zilegi dute eskabideak ezetsi direla ulertzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, artikulu honen 5. paragrafoan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.

2.– Ebazpenean, bekak zein onuraduni eman zaizkien adieraziko da eta gainerako eskaerak espresuki ezetsi direla. Horrez gain, eskaera guztien zerrenda ordenatua azalduko da, agindu honetako 9. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera eskabide bakoitzari emandako puntuazioa adierazita. Onartu ez diren eskaeren zerrenda eta ez onartzeko arrazoia ere adieraziko dira.

Berdinketa gertatuz gero, aurkeztutako proposamenen kalitate zientifikoaren arabera puntuaziorik altuena lortu dutenak lehenetsiko dira zerrendan.

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, jakinarazpen elektronikoen kasuan, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazi duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta adieraziko zaio jakinarazpen bat duela eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan. Abisu hori egiten ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

4.– Ematen den ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Jakinarazpen elektronikoak banaka egingo zaizkie prozedurako interesdunei, «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Era berean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da. Ebazpenaren jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, egiten den aurrenekoaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Ebazpen horrek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 121. eta 122. artikuluek ezarritakoarekin.

6.– Onuradunen batek bekari uko egiten badio agindu honen 12. artikuluan ezarritako hamar eguneko epean, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –Kalifikazio Batzordearen beste deialdirik egin beharrik gabe– zerrendan puntuazioaren arabera hurrena dagoenari ematea beka, baldin eta hark onartzen badu.

11. artikulua.– Onuradunen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko harremanaren izaera juridikoa.

Bekak emateak ez du kontratu edo estatutu bidezko harremanik ezartzen onuradunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren artean, eta, beraz, ez du inola ere lan- edo funtzionario-harremanik sortuko aipatutako erakundearekin.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honen bidez sortutako beken onuradunek; betebehar hauek, bereziki:

a) Emandako beka onartzea. Ildo horretan, beka eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, onartutzat joko da.

b) Lanaren jarraipena egiteko izendatu den pertsonari ematea hark eskatzen dituen txostenak, ikerketaren xehetasunak eta lanaren azken emaitza.

c) Beka zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

d) Beka eman duen erakundeari justifikatzea beka ematea edo laguntzaz baliatzea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera bera gauzatu dela.

e) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea beka eman duen erakundeari.

f) Beste erakunde publiko zein pribatuei helburu berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren beketarako eskaera egiteko unean ebatzi gabe bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.

g) Beka emateko kontuan hartu zen edozein egoera objektibo edo subjektibo aldatu bada, hala gertatu dela jakinaraztea beka eman duen erakundeari.

h) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Euskadiko Artxibo Historikoak emandako babesa beren-beregi adieraztea beka honen laguntzarekin egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta haien publizitatean ere.

i) Diruz lagundutako lanen kopia bana bidaltzea, euskarri informatikoan, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzari. Herritarrak sentsibilizatzeko eta bekadunen garapen profesionalari bultzada eta laguntza emateko komenigarritzat jotzen dituen bitarteko eta euskarriak erabiliko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lanaren zabalkundea egiteko.

j) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketak egunean izatea dagokion zenbatekoa jasotzeko unean.

k) Itzulketa-betebeharren ordainketa egunean izatea.

l) Alta emanda egotea Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

m) Diruz lagundutako lana Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatzea.

n) Edozein formatutan argitaratzen diren argitalpenak, haien iragarkiak eta bekaren laguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egin beharko dira. Hizkuntza-kalitatea bermatzeko, Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan.

o) Hizkuntza sexistarik ez erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko da.

13. artikulua.– Proiektuaren iraupena eta proiektuari jarraipena egitea.

1.– Bekek 12 hilabeteko iraupena izango dute, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, eta epe hori ezin izango da 2025eko abenduaren 31tik harago luzatu.

2.– Euskadiko Artxibo Historikoak propio izendatutako pertsona batek gainbegiratuko du bekaren xede den ikerketa-lana.

Hauek izango dira pertsona horren eginkizunak:

a) Lau beken xede diren proiektuen garapenaren jarraipena egitea.

b) Lau hilean behin jarraipen-bilerak egitea.

c) Abian den ikerketaren bilakaera gainbegiratzea.

3.– Egindakoari buruzko hasierako txostena aurkeztu beharko dute bekaren onuradunek, beka emateko ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean, beka jaso duen proiektuaren plangintzarekin eta metodologiarekin bat etorriz.

4.– Era berean, onuradunak bere ikerketaren emaitza testu-formatuan entregatu beharko du, bekaldia bukatzeko epearen barruan.

5.– Hasierako txostena eta lana, lehenik eta behin, proiektuaren jarraipena egiten duen pertsonak baliozkotu beharko ditu.

14. artikulua.– Proiektuaren zabalkundea egitea.

1.– Onuradunek ikerketa-beka hauek onartzeak berekin dakar Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematea obra publikoki komunikatzeko, erreproduzitzeko, banatzeko eta eraldatzeko lanetarako.

2.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektuaren edukia ezagutarazteko egokien iritzitako bideen bitartez egingo da bekaren xede den proiektuaren eta lortutako emaitzen zabalkundea.

3.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskubidea izango du bekaren helburu den proiektua –oso-osorik edo zati bat – argitaratzeko. Argitalpena edozein formatutan egiten dela ere, proiektuaren egilea zein den aipatuko da eta jabetza intelektualaren eskubidea arautzen duen araudia errespetatuko da.

4.– Era berean, egileak bekaren helburu den proiektuaren argitalpenetan eta publizitate guztietan adierazi beharko du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso duela, dagokion publizitate-euskarrian haren marka korporatiboa erreproduzituz.

15. artikulua.– Beka ordaintzea.

1.– Emandako bekak bi zatitan ordainduko dira: lehenengo zatia, guztiaren % 50, beka onartzen den unean ordainduko da; eta, bigarrena, gainerako % 50a, ikerlana entregatu eta bekarekin egindako ikerketaren emaitza izango den azken lanari jarraipena egiteko arduradunak lan hori onartu ondoren.

2.– Bigarren ordainketa egiteko, onuradun bakoitzak aurretik hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Diruz lagundutako programaren helburua bete dela justifikatzen duen memoria.

b) Bekaren helburu den ikerketaren emaitza, Word formatuan.

c) Ikerketa-lana Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatzeko eskatu izanaren egiaztagiria.

d) Helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jaso bada eta deialdi honetarako eskaera aurkezteko unean horren berri ez bazegoen, haien zerrenda.

3.– Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonda ere, inskribatutako datuak aldatu badira, erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi beharko du. Eredu hori eskabide-ereduarekin batera eskuragarri jarriko zaie eskatzaileei, eta url helbide honetan ere eskuratu daiteke:

https://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/ALTA.pdf

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

4.– Beka ezingo da ordaindu onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta ez dituen bitartean.

5.– Eskaera egin duen interesdunak bere eskabidean berariaz egin badio uko betebehar horiek ofizioz egiaztatzeari, eta justifikazioa ez badu aurreikusitako epean aurkezten, interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean aurkezteko. Epe hori igaro eta justifikazioa aurkeztu ez badu, beka likidatzeko prozedurari ekingo zaio.

6.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudia aplikatuz legozkiokeenak. Horretarako, pertsona fisiko eskatzaileek beren egoitza fiskala adierazi beharko dute eskaeran. Hala badagokio, onuradunak berariaz eskatu beharko du jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa.

16. artikulua.– Ez-betetzeak edo dirua itzultzeko arrazoiak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako beka osoa edo haren zati bat agindu honetan adierazitako jardueretarako erabili beharrean, beste zenbaitetarako erabiltzea.

b) Aurkeztutako programa aldatzea, aurretik Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren baimenik izan gabe.

c) Ez betetzea agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, beka emateko egintzan ezarritakoak.

d) Ikerlana ez aurkeztea ezarritako epean.

2.– Salbuespenez, onuradunak, arrazoi justifikatuak izanik, ez badu lortzen proiektua erabat gauzatzea, beka kudeatzen duen organoak betetze partzialaren kasua onar dezake, betiere bekaren onuradunak egindako lanek berezitasun- eta espezifikotasun-ezaugarri objektiboak badituzte, diruz lagundutako proiektuaren xede eta helburuari berez balio erantsia ematen diotenak. Ikerketa-proiektuen garapenaren jarraipena egiteko izendatutako pertsonaren aldeko txostenak bermatu beharko ditu inguruabar horiek.

Kasu horretan, aldatu egingo da beka emateko ebazpena, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztu egingo da, ikerketa-proiektuaren garapen-maila egiaztatuari dagokion proportzioan.

17. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

– Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza. Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 80 00.

Webgunea: http://euskadi.eus

– Helburua: ikerketa historikoaren arloko bekak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesedetan edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat gauzatzeko.

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: norbere datuak eskuratu, zuzendu eta ezereztea, baita datuen tratamendua mugatzea edo aurkaratzea ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

– Informazio gehigarria: datu-babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, hemen aurki daiteke:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa1-eu.shtml


Azterketa dokumentala