Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2024ko irailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4181

1925/2024 EBAZPENA, abuztuaren 22koa, Bilbo-Basurtuko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbo-Basurtuko Erakunde Sanitario Integratuan Kudeaketako Zuzendariorde (Ekonomia eta Finantza Arloa) lanpostu bat izendapen askez betetzeko.

Bilbo-Basurtuko ESIko Kudeaketako Zuzuendariorde (Ekonomia eta Finantza Arloa) lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarrien arabera:

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea A1/A2 lanbide-taldean.

b) Titulu hau edukitzea: A1/A2 lanbide-taldeari dagokion titulua.

c) Gutxienez 5 urteko lan-esperientzia edukitzea A1/ A2 lanbide-taldean.

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

– Esperientzia profesionala izatea arlo ekonomiko eta finantzarioan (kudeaketa ekonomiko-finantzarioa, kontratazio administratiboa, erosketak, azpiegiturak eta zerbitzu orokorrak).

– Arlo ekonomiko eta finantzarioa kudeatzeko sistemak eta tresnak garatzeko ezagutza eta esperientzia izatea.

– Zerbitzuak eta azpiegiturak berritzeko eta hobetzeko proiektuetan esperientzia izatea.

– Ezagutza/esperientzia edukitzea lantaldeen koordinazio eta zuzendaritzan.

– Ezagutzak edukitzea kudeaketa-tresnetan, kalitate-ereduetan, prozesuetan, etengabeko hobekuntzan, ISOn eta KAEn.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein meritu aurkeztu ahalko da (ikerketak, ikastaroak, masterrak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak...).

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbo-Basurtuko ESIko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Montevideo etorb. 18, 48013 -Bilbo). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek Bilbo-Basurtuko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea (Montevideo etorb. 18, 48013 Bilbo), beren datu pertsonal guztiekin eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera.

Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman beharko du eskaeran.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Epaimahaiak lanpostua hutsik uztea proposa dezake, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.

6.– Hautaketa prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzeko ebazpena.

Osakidetzako Bilbo-Basurtuko ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea). Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bilbao, 2024ko abuztuaren 22a.

Bilbo-Basurtuko ESIko zuzendari-gerentea,

JESÚS MARÍA LARRAÑAGA GARITANO.


Azterketa dokumentala