175. zk., 2024ko irailaren 9a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (143 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
4178
EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 6koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez agintzen baita Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuetan enplegua finkatzeko prozesu berezietan eta salbuespenezko prozesuetan hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko irailaren 8an emandako Aginduaren bidez, oinarri orokorrak onartu ziren arautzeko nola bideratuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuetan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak. Agindu hori, berriz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko irailaren 13an.
Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko azaroaren 17an emandako beste agindu baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuetan enplegua finkatzeko prozesu berezietako eta salbuespenezko prozesuetako deialdia egin zen, eta prozesu horietako oinarri espezifikoak onartu ziren. Agindu hori ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko azaroaren 23an.
Hautaketa-prozesuei aplikatu behar zaien 14. oinarri orokorrak ezartzen duenez, hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak egiteko epea igarota eta erreklamazioak ebatzita, IVAPeko Zuzendaritzak ebazpen bat emango du hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko agintzeko.
EBAZTEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Hautaketa-prozesuetako web-orriko Eskaerak eta jarraipena atalean eta 7. oinarri orokorrean adierazten diren tokietan argitaratzea Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuetan enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu berezietan eta salbuespenezko hautaketa-prozesuetan hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrendak. Ebazpen honen xede diren lanpostuak hauek dira:
– Kontserbatzailea. Salbuespenezko prozesua.
– Kaizainburua. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.
– Kaizaina. Salbuespenezko prozesua.
– Mekanikaria. Salbuespenezko prozesua.
– Mekanikari gainbegiralea. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.
– Medikua (Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia). Salbuespenezko prozesua.
– Praktiketako monitorea. Salbuespenezko prozesua.
– Mantentze-lanetako arduraduna. Salbuespenezko prozesua.
– Histopatologiako teknikaria. Salbuespenezko prozesua.
– Mantentze-lanetako teknikaria. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.
– Justizia Administrazioko organo tekniko laguntzaileetako hezitzailea. Salbuespenezko prozesua.
Bigarren artikulua.– Hautatutako pertsonei kontratuak formalizatzeko behar diren agiriak aurkezteko 20 egun balioduneko epea ematea, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dena. Dokumentuak Funtzio Publikoko Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira. Aurkeztu beharreko dokumentazio zehatzari buruzko informazioa Enplegu Publikoaren webguneko «Nire deialdiak» atalean dago, «lanpostuak jabetzeko urratsak» sarbidean.
Epe berean, hautatutako pertsona guztiek kontratuak sinatzeko ezinbestekoa den informazioa bete beharko dute, Enplegu Publikoaren webguneko «Nire deialdiak» atalean, «lanpostuak jabetzeko urratsak» sarbidean.
Hirugarren artikulua.– Dokumentazioa aurkezteko epea amaituta, Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ebazpen horren bidez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari bidaliko zaio oinarri orokorretan ezarritakoa bete duten pertsona hautatuen zerrenda, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen zerbitzurako lan-kontratuak formalizatzeko.
Laugarren artikulua.– Gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen honen aurka, ez baitu agortzen administrazio-bidea; betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Errekurtsoa, bestalde, ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke, edo Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, ezetsitzat hartu ahal izango da, eta lan arloko demanda aurkeztu ahal izango da, 2 hilabeteko epean, zerbitzuak ematen diren tokiko edo demandatuaren egoitzako hiriko Lan Arloko Epaitegian, demandatzailearen aukeran, Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 69. artikuluaren arabera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak emandako idazketan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 6a.
IVAPeko Zuzendaritza hutsik dagoelako sinatzen du (maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuaren 6.3 artikulua).
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Hautaketa eta Prestakuntzako zuzendariordea,
IMANOL URIGUEN GARAIZABAL.