171. zk., 2024ko irailaren 3a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (242 KB - 15 orri.)
- EPUB (311 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
4110
EBAZPENA, 2024ko ekainaren 6koa, Lehiaren Euskal Agintaritzarena, zeinaren bidez publiko egiten baitira Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera-esparruko beken oinarriak eta deialdia.
Lehiaren Euskal Agintaritza sortzeko Legearen bidez (1/2012, otsailaren 2koa) eratu zen Lehiaren Euskal Agintaritza, administrazioko organismo autonomo gisa, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikirik eta esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko nortasun juridiko propioarekin eta jarduteko gaitasun osoarekin.
Lehiaren Euskal Agintaritzaren helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatu, bermatu eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez. Horretarako, zenbait eskumen baliatuko ditu, hain zuzen ere, zehatzeko, sustatzeko, aurkaratzeko, irizpenak emateko, kontsultatzeko eta arbitratzeko eskumenak.
Lehiaren Euskal Agintaritzaren 2024ko Ekintza Planak erakundearen helburuen artean jasotzen du profesional gazteekiko konpromisoa sendotzea, bai praktikak egiteko programaren bitartez, bai prestakuntzako eta ikaskuntzako aukerak eskainiz.
Egiaztatu da jarduera horiek eraginkorrak izan direla helburua lortzeko, eta, era berean, haien xedea da Lehiaren Euskal Agintaritzan jasotako eskaerari erantzuna eman ahal izatea; bai Lehiaren Euskal Agintaritzarekin harremanetan jartzen diren ikasleek eta graduatu berriek zuzenean egindako eskaerei, bai unibertsitateek egindakoei.
Eskaera horri erantzuteko eta goi-mailako ikasketak amaitu berri dituztenen gaitasunetarako prestakuntza-praktikak sustatzeko, Lehiaren Euskal Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onetsi zuen 2024ko otsailaren 27an egindako bilkuran, aldez aurreko nahitaezko urrats gisa eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea betez. Plan horretan, berariaz jasotzen da unibertsitate tituludunak lehiaren arloan eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren berezko funtzioetan prestatzeko programa baten deialdia egiteko aukera.
Azaldutako gogoetak oinarri harturik, Lehiaren Euskal Agintaritzak, 2021eko eta 2022ko deialdietako emaitza onak ikusita, egokitzat jo du deialdi publiko berri bat egitea bere egoitzan prestakuntza-praktikak egitera bideratutako beka bat emateko, eta, hala, prestakuntza teoriko-praktikoa sakondu ahalko dute goi-mailako unibertsitate-titulua lortu berri dutenek eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren funtzio propioetan sakondu nahi dutenek.
Lehiaren Euskal Agintaritzaren baliabide ekonomikoak eta teknikoak mugatuak direnez, bekadunak hautatzeko prozesu bat egingo da lehiaketa-emakidaren prozedura bidez, eta jasotako eskabideak erkatuko dira, deialdian aldez aurretik ezarritako balorazio-irizpideak aintzakotzat harturik.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 7.2.a) artikuluan exijitzen du printzipio jakin batzuen arabera egin dadila lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena; besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, 20/2023 Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du nahitaezkoa dela dirulaguntza edo dirulaguntza-programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hori guztia dela eta,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduketa-eremuetan prestakuntza jasotzeko beka baten oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du; hala ere, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo beraren aurrean, hilabeteko epean, edota zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako aretoan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko dira zenbatzen.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2024ko ekainaren 6a.
Presidentea,
AINARA HERCE SAN MARTÍN.
I. ERANSKINA
LEHIAREN EUSKAL AGINTARITZAREN JARDUKETA-EREMUETAN PRESTAKUNTZA JASOTZEKO BEKA BATEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da beka bat ematea goi-mailako unibertsitate-titulua duen pertsona bati (graduduna, lizentziaduna edo titulazio baliokidea duena), baldin eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduketa-eremuetako gaietan osatu eta garatu nahi badute beren lanbide-heziketa, erakunde horren egoitzan prestakuntza-praktikak eginez, gehienez ere hamar hilabeteko epean.
2. artikulua.– Beken ezaugarriak eta diru-zuzkidura.
1.– Bekari esker, adjudikaziodunak prestakuntza teoriko-praktikoa jasoko du Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduketa-eremu propioetan, hala nola zehapen-espedienteak izapidetzea eta lehia sustatzeko txostenak egitea, besteak beste.
Horretarako, bekadunak Lehiaren Euskal Agintaritzako langileekin batera esku hartu ahal izango du lehia-espedienteen dokumentazioa aztertzen, jurisprudentzia biltzen eta aztertzen, datuak jasotzen eta aztertzen, eduki juridiko-ekonomikoko txostenak egiten eta araudiaren azterketa egiten. Era berean, hainbat eratako espedienteak izapidetzen lagundu ahal izango du (hala nola administrazioko zehapen-espedienteak, aurkaratzekoak eta bide judizialean defendatzekoak). Gainera, prestakuntzarako egokitzat jotzen diren jardunaldi eta jardueretara joan ahal izango da.
2.– Beka esleitzeak ez du sortzen inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik Lehiaren Euskal Agintaritzarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin, prestakuntzakoa den aldetik. Ordaintzen den zenbatekoa ez da hartuko ordainsaritzat, prestakuntzarako laguntzatzat baizik.
3.– Beka emateko, norgehiagoka-prozedura baliatuko da, deialdian ezarritako balorazio-irizpideen arabera, lehentasun-hurrenkera ezartze aldera.
4.– Deialdiko beka-programaren kreditua, guztira, 11.600 eurokoa da. Lehiaren Euskal Agintaritzaren 2024ko gastuen aurrekontuko 3.480 euroko ordainketa-kreditua, 4. kapitulukoa eta 6115 programakoa, eta 2025erako 8.120 euroko konpromiso-kreditua.
Adjudikaziodunari 1.100 euro ordainduko zaizkio hilean. Ordainketa guztiak gordinak izango dira, eta bekaren jasotzaileak ordaindu beharreko gizarte- eta zerga-kotizazioen atxikipenen mende egongo dira, indarrean dauden arauek ezarritako baldintzetan. Bekaduna Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartuko da.
5.– Bekak, gehienez ere, hamar hilabete iraungo du, adjudikazio-ebazpenean zehaztutako hasiera-egunetik aurrera, eta ezin izango da luzatu 2025eko uztailaren 31 baino gehiago.
Adjudikaziodunak Lehiaren Euskal Agintaritzaren bulegoetan egin beharko du prestakuntza, beka eman ondotik bi alderdiek adosten duten ordutegiaren arabera. Astean 30 ordu izango dira, astelehenetik ostiralera, lan-ordutegian.
6.– Beka ez da bateragarria gainerako laguntza edo dirulaguntza instituzionalekin, salbu eta alderdi pertsonalei lotutakoak badira. Era berean, bateraezina da Lehiaren Euskal Agintaritzak esleituta dituen eginkizunak oztopatu edo talka egin dezakeen edozein jarduera profesionalekin ere.
Prestakuntza-aldian zehar gertatutako inguruabarrengatik adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, jakinaren gainean ipini beharko da Lehiaren Euskal Agintaritza eta aukeretako bati uko egitea erabaki beharko du bekadunak.
7.– Adjudikazioduna bilduta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erantzukizun zibileko eta istripuen polizaren barruan, beka indarrean den bitartean.
3. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.
1.– Deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte, bai aurrez aurreko kanala erabiliz, bai bitarteko elektronikoak baliatuz.
2.– Aurrez aurreko kanala aukeratuz gero, eskabide inprimatua, data eta sinadura aurkeztu beharko da, eskatutako dokumentazioarekin batera, Lehiaren Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusian (Lehiaren Euskal Agintaritza, Ercilla kalea 4, 2. solairua, 48009 Bilbao). I. eranskinean dago jasota eskabide-eredu normalizatua.
Eskabideak Zuzenean Zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, baina soilik aldez aurretik hitzordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean helbidean), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein modutan.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa telematikoki izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/servicios/1113105).
Prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egin nahi dituzten interesdunek ziurtagiri elektroniko onartua eduki behar dute: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» baliatuz: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
4.– Eskabidea eredu normalizatuaren bidez egingo da, behar bezala beteta, zeina egoitza elektronikoko helbide honetan baitago eskura: https://www.euskadi.eus/servicios/1113105
Identifikatzeko eta eskabideak sinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak baliatuko dira, zeinak honako helbide honetan baitaude eskura: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
5.– Eskatzaileak elektronikoki izapidetu ahal izango du eskabidea, ordezkari baten bidez. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko du ordezkariak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
6.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
4. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
Lehiaren arloko prestakuntza-beka jarduteko gaitasun osoa duten pertsona fisikoei dago zuzendua, eta nahitaezkoa izango da honako baldintza hauek betetzea, dela bekaren onuradun izateko, dela bekari eusteko, harik eta haren likidazioa egin arte:
a) Zuzenbidearen, ekonomiaren edo enpresaren arloetan, graduko unibertsitate-titulua, lizentzia edo baliokidea izatea, eta ez igarotzea 6 urte baino gehiago unibertsitate-titulua lortu zenetik eskabideak aurkezteko epea amaitzen denera arte.
Kasu guztietan ere, atzerrian edo estatukoak ez diren Espainiako zentroetan lortutako tituluek baliozkotuta edo aitortuta egon beharko dute.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea auzotasun administratiboa, beka-deialdiaren data baino lehenagotik.
c) Ez jaso izana zigorrik, ez penalik, ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.
d) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik, berariaz kontuan harturik sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.
e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta ordainduta edukitzea dirulaguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak ere.
f) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako legezko debekuren baten pean.
g) Lehenagotik horrelako edo antzeko bekarik jaso ez izana Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.
5. artikulua.– Eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.
1.– Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, beka jasotzeko eskaturiko betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko:
a) NAN, AIZ edo pasaportea.
b) Alegatutako merezimenduak zerrendatzen dituen curriculum vitaea.
c) Aipatutako eremuetako baten unibertsitate-titulua edo hura emateko eskubideen ordainketarena, bai eta ziurtagiri akademiko pertsonalarena ere, unibertsitate-tituluari dagozkion irakasgai guztien kalifikazioak eta deialdiak adierazita.
d) Graduondoko titulua (masterra, doktoregoa, espezialista edo baliokideak) eta hari dagozkion kalifikazioen eta irakasgaien ziurtagiria.
e) Alegatutako ikastaroen ziurtagiriak.
f) Alegatutako hizkuntzen maila egiaztatzen duen titulu ofiziala.
g) Aurreko puntuetan zerrendatu gabe egonik, curriculum vitaean alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak.
2.– Bekaren eskatzaileek ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte; besteak beste, gai bakoitzeko ordu edo kreditu kopurua eta landutako gai zehatzak jasoko dira bertan.
3.– Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Administrazioak datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez egiaztatu ahal izango du betetzen direla betekizunak. Eskatzaileak uko egiten badio egiaztapen horri, eskabidean adierazi beharko du, eta berak aurkeztu beharko ditu agiri horiek.
Nortasuneko eta titulazio ofizialen eskakizunen egiaztapena elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez lor daiteke.
4.– Eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskatzaileak honakoa adierazi beharko du:
a) Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak, betetzen dituela laguntzaren onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak, eta ez duela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekurik.
b) Hitza ematen duela bete egingo dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak laguntza guztiz justifikatzen den arte, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
c) Ez duela izaera bereko edo antzeko bekarik jaso EAEko Aurrekontu Orokorren kontura.
d) Ez duela jaso bateraezina den beste laguntza instituzionalik, eta ez duela Lehiaren Euskal Agintaritzak adjudikatuta dituen funtzioak oztopatu edo horiekin talka egin dezakeen inolako lanbide-jarduerarik.
6. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen akatsak zuzentzea.
1.– Dokumentazioa osatu gabe badago, eskatzaileari eskatuko zaio dokumentazio guztia hamar eguneko epean igor dezan. Epe hori ezin izango da luzatu, norgehiagoka-prozedura bat delako.
2.– Epe hori igaro ondoren, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, ez baldin bada aurkeztu eskatutako dokumentazioa, ulertuko da eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutako moduan ebazpena eman ondoren.
7. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Balorazio Batzordeak aztertuko eta balioetsiko ditu eskabideak, eta batzorde hori honako hauek osatuko dute:
Batzordeburua: Lehiaren Euskal Kontseiluko kidea (Enara Venturini Álvarez). Ordezkoa: Lehiaren Kontseiluko kidea (Rafael Iturriaga Nieva).
Kideak: lehiaren arloko hiru arduradun (Guillermo Aranzabe Pablos, Zorione Garitano Azkarraga eta Ibon Xabier Álvarez Casado). Ordezkoa: Jaione Aberasturi Erezuma.
Idazkaria: Lehiaren Euskal Agintaritzako idazkari nagusia (Josu Aguirre Goitia); hitza izango du, baina botorik ez.
2.– Balorazio Batzordeko kideren baten postua hutsik badago, inor falta bada edo kideren bat gaixorik badago, edo, bestelako legezko arrazoiren baten ondorioz Balorazio Batzordeko kideren batek ezin badu parte hartu eta ez badago ordezkorik izendatuta, Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak izendatuko du.
8. artikulua.– Hautagaiak aukeratzea eta balorazio-irizpideak.
1.– Bekadunak bi fasetan hautatuko dira, irizpide hauek kontuan hartuta:
a) Lehenengo fasea: 85 puntu.
Honako hauek izango dira balorazio-irizpideak:
1) Ikasketa-espedienteari 30 puntu emango zaizkio gehienez, graduko unibertsitate-titulua, lizentzia edo baliokidea eskuratzean lortutako batez besteko nota kontuan hartuta emango direnak, honela:
– 10 puntu, batez besteko nota 5 eta 5,99 artean dagoenean.
– 15 puntu, batez besteko nota 6 eta 6,99 artean dagoenean.
– 20 puntu, batez besteko nota 7 eta 7,99 artean dagoenean.
– 25 puntu, batez besteko nota 8 eta 8,99 artean dagoenean.
– 30 puntu, batez besteko nota 9 eta 10 artean dagoenean.
2) Lehiaren Euskal Agintaritzak betetzen dituen eginkizunekin lotura zuzena duen beste unibertsitate-gradu bat. 20 puntu, gehienez ere.
Zuzenbidean eta ekonomian/enpresan gradu bikoitza edo baliokidea dutenei 20 puntu emango zaizkie.
3) Graduondoko ikastaroak, eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren arlo eta eginkizun propioekin lotutako beste prestakuntza-ikastaro eta merezimendu akademiko batzuk, bereziki Europako zuzenbidea, merkataritza-zuzenbidea, merkatuen erregulazioa, lehia, datuak jasotzea eta aztertzea, azterketa ekonomikoa eta abar: 20 puntu, gehienez ere (ez dira balioetsiko ez badute zerikusirik Lehiaren Euskal Agintaritzaren eginkizunekin).
Graduondokoak: gutxienez 450 orduko iraupena edo kreditu baliokideak (15 puntu, gehienez ere):
10 puntu, 450 eta 999 ordu bitartean, edo kreditu baliokideak.
15 puntu, mila ordutik aurrera, edo kreditu baliokideak, bai eta datuak biltzeari eta aztertzeari buruzko beste edozein ere.
Hobekuntza- eta prestakuntza-ikastaroak (450 ordutik beherako graduondokoak barne) (5 puntu, gehienez ere):
2,5 puntu, 20 eta 49 ordu bitartean, edo kreditu baliokideak.
5 puntu, 50 ordutik aurrera, edo kreditu baliokideak, bai eta datuak biltzeari eta aztertzeari buruzko berariazko edozein ikastaro ere.
4) Euskararen ezagutza. Gehienez ere 10 puntu, honela baloratuta:
C1 ALTE = EGA; IVAP 3HE; Hirugarren Maila HABE = 10 puntu.
B2 ALTE= IVAP 2HE; Bigarren Maila HABE = 5 puntu.
B1 ALTE= IVAP 1HE; Lehenengo Maila HABE = 2 puntu.
5) Ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren ezagutza: 5 puntu, gehienez ere. Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren mailen arabera baloratuko dira, honela:
C1 edo gehiago = 5 puntu.
B2: 3 puntu.
B1: 2 puntu.
Lehenengo fasean gutxienez 20 puntu lortzen dituzten izangaiak igaroko dira bigarren fasera.
b) Bigarren fasea: 15 puntu.
Elkarrizketa pertsonala, gaiaren inguruko prestakuntza duela egiaztatu ahal izateko. Gehienez ere 15 puntu emango dira.
Elkarrizketaren bidez, hautagaiei aukera eman nahi zaie eskumenen arloan duten kualifikazioari buruzko ikuspegi integralagoa eman dezaten. Hala, trebakuntza jaso duten alderdiak eta gai horretan izan duten aldez aurreko esperientzia luze eta zabal azaldu eta argitu ahal izango dituzte, posible da eta curriculumean ez egotea behar bezala islatuta. Egiten zaizkien galderen bidez, lehiaren arloan aldez aurreko prestakuntza eta interesa dutela eta Lehiaren Euskal Agintaritzan sartzeko gaitasuna eta interesa dutela egiaztatzen saiatuko da. Errazago egite aldera, telematikoki egin ahal izango da (bideokonferentzia, telefonoa, etab.).
Fase honetan gutxienez 6 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileak beka emateko prozesutik kanpo geratuko dira.
2.– Balorazio Batzordeak Idazkaritza Nagusiari helaraziko dio egindako balorazioa, deialdi honen organo kudeatzailea den aldetik. Hark, bere aldetik, adjudikazio-proposamen bat egingo du, eta Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteari aurkeztuko dio. Proposamen horrek, halaber, ordezkoen zerrenda jasoko du. Haiei Balorazio Batzordeak ezarritako lehentasun-ordenaren arabera deitu egin ahal izango zaie, Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak egoki irizten badu, uko egiterik edo bestelako gorabeherarik egonez gero beka betetzeko. Bekadun titularrari ordezkapenaren unean beka amaitzeko geratzen zaion denborarako izango da aipaturiko ordezkapen hori, bekari uko egin eta ordezkapena ahalbidetzen duen kreditutik libratu ondoren.
3.– Deialdia hutsik geratu ahal izango da ez badago lehiakiderik edo hautagaiak ez badira iristen eskatutako mailara.
4.– Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak, Idazkaritza Nagusiak egindako adjudikazio-proposamena ikusita, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, beka ematea erabakiko du ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Lehiaren Euskal Agintaritzaren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, guztiek haren berri izan dezaten.
5.– Ebazpen horrek agortu egingo du administrazio-bidea, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lehiaren Euskal Agintaritzaren presidenteari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
6.– Prozeduraren gehieneko epea igaro bada eta ez bada jakinarazi ebazpena, ulertuko da dirulaguntzaren eskaera administrazioaren isilbidez ezetsi dela, eta, hala, dagokion errekurtsoa jarri ahalko da.
7.– Bekari uko eginez gero, baliatu ez den beka-zatiak galdu egingo ditu eskubide ekonomikoak.
9. artikulua.– Bekadunaren betebeharrak.
Bekaren onuradunak nahitaez bete beharko ditu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 27. artikuluetan aurreikusitako betebeharrak, eta, zehazkiago, honako hauek:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, beka emateko ebazpena jakinarazten zaionetik zazpi eguneko epean, idazki bat bidali beharko du esanez onartzen duela beka eta bere egiten dituela beka jasotzetik eratorritako betebeharrak. Beka onartzeak esan nahi du onartzen direla deialdi honetako oinarriak.
2.– Deialdian eta dirulaguntzak erregulatzen dituen araudi aplikagarrian ezarritako eskakizunak betetzea.
3.– Prestakuntza-jarduerak tutoreak emandako jarraibideen arabera egitea, ahalik eta probetxu handiena ateraz.
Prestakuntza-aldiaren azken astean, txosten bat aurkeztu beharko du, eta bertan Lehiaren Euskal Agintaritzan eginiko prestakuntza-lanaren alderdi esanguratsuenak zehaztu beharko ditu.
4.– Ezarritako ordutegiak betetzea eta ondo erabiltzea eskura jarritako bitartekoak, izan ekipamenduak, izan instalazioak.
5.– Behar den konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza-aldian eskura ditzakeen gai, gertaera, txosten edo bestelako informazioei dagokienez. Horretarako, dagokion dokumentua sinatu beharko da (IV. eranskina).
6.– Bekari uko eginez gero, galdu egingo dira baliatu ez den beka-zatiaren eskubide ekonomikoak.
7.– Bekaren onuradunaren betebeharra izango da Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen dioten informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatze-funtzioak ari denean.
8.– Alta emanda egotea Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Eskakizun hori nahitaezkoa izango da deialdia ebazteko eta ordainketak egin ahal izateko (https://www.euskadi.eus/alta-modificacion-datos-terceros).
9.– Beka lortzeko, nahitaezkoa izango da deialdian adierazitako baldintzak betetzea, dela bekaren onuradun izateko, dela hari usteko, beka likidatu bitarte guztian.
10. artikulua.– Bekadunaren eskubideak.
1.– Onuradunak hilabetea amaitu ondoren jasoko du bekaren hileko zenbatekoa. Prestakuntza-aldia hilabetetik beherakoa bada, benetako prestakuntza-egunen arabera kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa.
2.– Bekadunak Lehiaren Euskal Agintaritzako langileen laguntza izango du prestakuntza-aldian. Horretarako, plantillako pertsona batek tutoretza-lanak egingo ditu eta gidatu egingo du egin beharreko lanetan.
3.– Prestakuntza modu egokian aprobetxatzen duen bekadunak alderdi hori egiaztatzen duen ziurtagiria jasoko du.
11. artikulua.– Ez-betetzeak.
Egiaztatuz gero ez direla betetzen beka ematea eragin zuten baldintzak, jasotako zenbateko guztiak eta berandutze-interesak ordaindu beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, hala zehazten baitute, batetik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak eta, bestetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Eta horrek ez du eragotziko, halaber, dagozkion gainerako eginbideei ekitea. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.3 eta 36.1 artikuluetan jasotako egintzak eta egoerak.
12. artikulua.–– Dirua itzultzeko prozedura.
Ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak betetzen ez badira, emandako beka itzultzeko prozedurari ekingo zaio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak dioenari jarraikiz, bai eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren araubide orokorra arautzen da, eta horietan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira; 1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.).
13. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak «Lehiaren arloko bekak» deritzon datuen tratamendurako artxibo batean sartuko dira. Tratamendu horretarako, kontuan hartuko dira batetik, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, eta, bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena (III. eranskina).
Informazio gehiago eskuratzeko, jo esteka honetara: https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/arbol?locale=eu
Datu horiek Lehiaren Euskal Agintaritzak sustatutako laguntzen kudeaketara mugatuko dira, botere publikoen jarduneko misio bat betetzeko. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, datuen tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta araubidean aurreikusitako beste edozein eskubide ere. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa-eta-segurtasun-politika/web01-sede/eu/
Datuak ez dira ipiniko hirugarrenen eskura, lege-betebeharren bat izan ezean, eta ez zaizkie lagako hirugarren herrialdeei.