170. zk., 2024ko irailaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (295 KB - 29 orri.)
- EPUB (613 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
4084
AGINDUA, 2024ko apirilaren 12koa, Osasuneko sailburuarena, arlo sanitarioko profesionalak 2024an prestatzeko beken eta laguntzen oinarriak ezarri eta deialdia egiten duena.
Osasun Sailaren helburuetako bat da osasun-zerbitzuen kalitatea hobetzea, kolektibo sanitarioaren prestakuntza handiagoaren bidez. Horretarako, epe ertain eta luzeko estrategia bat planteatu du, EAEko sistema sanitarioko langileek praktika profesionalean duten gaikuntza areagotzeko.
Horrela, prestakuntzaren bidez, kualifikazio optimoa bermatzen du, eta langileen garapen profesionala sendotzen.
Beka eta laguntza horiek emanez, sustatu nahi da bi helburu hauek betetzea: batetik, zentro nazionaletan eta atzerrikoetan graduondoko prestakuntza-jarduerak egitea, arlo jakin batzuetan gaitasun aurreratuak eskuratzera bideratuta daudenak, eta Osasun Sailak estrategikotzat jotzen dituenak bere helburuak betetzeko; bestetik, atzerriko zentroetan prestakuntza-egonaldiak egitea, prestakuntza-programa indibidualizatuak egiteko, osasunaren zientziekin lotutako arlo guztietan ezagutza eta trebetasunak areagotzeko.
Dirulaguntza lerro hori jasota dago Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduan, zeinaren bidez onartzen baitira Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa eta 2024ko ekitaldiko Dirulaguntzen Urteko Plana. Plan hori Euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, Euskal Administrazioaren Interneteko Euskadi.eus atarian, url honetan: Agindua, 2024ko otsailaren 7koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Plana.– Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus.
Agindu honek aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan dagokion partidan.
Horregatik guztiagatik, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako eskumenei jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2024an osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia eta oinarri-arauak onartzea, agindu honen I. eranskinean ezarritako moduan.
AZKEN XEDAPENAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek ondorioak izango ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 12a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
ERANSKINA
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da bekak eta laguntzak emateko oinarriak ezartzea eta deialdia egitea osasun-arloan 2024an hasiko diren profesionalak prestatzeko modalitate hauetakoren batean:
a) Estatuko unibertsitate-ikastegiek edo Osasun Ministerioaren mendeko osasun-institutuek, edo autonomia-erkidegoen mendeko osasun-eskolek emandako graduondoko ikastaroetan parte hartzea; edo, aipatutako erakundeek ematen ez badituzte ere, hitzarmen baten bitartez halako izaera lortzen duten ikastaroetan parte hartzea, baldin eta unibertsitatearen graduondoko titulu propioren bat sortzen badute.
Prestakuntza-jarduerak soilik bideratu beharko dira gaitasun aurreratuak eskuratzera honako arlo eta ikasgai hauetan:
– Kudeaketa sanitarioa: kostu sanitarioen eta ospitale-kostuen kudeaketa eta kontrola, marketina, giza baliabideak, zerbitzu sanitarioen produktibitatea eta plangintza, kalitatearen kontrola, arreta soziosanitarioa, langile sanitarioen arriskuak, erakunde sanitario motak, kudeaketa sanitarioko politikak, plangintza estrategikoa, zerbitzu sanitarioen ikuskapena eta kudeaketaren tratamendu informatikoa.
– Osasun publikoa: haurren obesitatea eta elikadura-nahasmenduak prebenitzea; tresna metodologikoak ezartzea (estatistika eta epidemiologia); plangintza eta ebaluazioa (beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia eta ekitatea, adierazleak; gaixotasunen prebentzio- eta babes-estrategiak; osasuna sustatzea).
– Zaintza aringarriak: alderdi kulturalak, sanitarioak, psikosozialak, legezkoak eta etikoak; alderdi horiek eskaintzen dituzten zerbitzuen kudeaketa; ikerketa, sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.
– Familia eta komunitateko medikuntza: horren garapena sustatzea eta bultzatzea.
– Integrazio asistentziala: zainketa sanitarioak antolatzea, pazienteen emaitzak hobetzea helburutzat hartuta, prozesu asistentzialak integratuz.
– Suizidioa prebenitzeko estrategiak: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/estrategia_prevencion_suicidio/es_def/adjuntos/euskadin-suizidioa-prebenitzeko-estrategia.pdf
– Euskadiko Onkologia Planeko ekintzak: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/plan_oncologico_2018_2023/eu_def/adjuntos/euskadi-onkologia-plana-2018-2023.pdf
– Gaixotasun neurodegeneratiboak: Alzheimer-en gaixotasuna, Parkinson-en gaixotasuna eta bestelako parkinsonismoak, alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) eta esklerosi anizkoitza.
– Gaixotasun neuromuskularrak: Duchenne-ren muskulu-distrofia, Steinert-en gaixotasuna, muskulu-atrofia espinala eta miastenia larria.
– Generoa eta osasuna: generoaren eta osasunaren arloko prestakuntza integrala, zeinaren helburua baita genero-ikuspegia txertatzea zerbitzu sanitarioetako jarduera asistentzialean, plangintzan eta kudeaketan, arlo horretako ikerketa-proiektuak egin eta ebaluatzea, ezagutza zientifikoa handituko duten osasunaren eta generoaren arloko ikerketak proposatu eta garatzea, eta arlo sanitarioan genero-indarkeriako kasuak detektatu eta tratatzea.
– Eutanasia.
– Gaixotasun kardiobaskularrak: kardiopatia iskemikoa eta iktusa.
– Zahartzea eta kronikotasuna.
– Bioetika.
b) Atzerriko unibertsitate-zentroetan emandako graduondoko ikastaroak egitea, 1. artikulu honetako a) modalitatean aipatutako arloetan gaitasun aurreratuak eskuratzeko.
a) eta b) modalitateetatik kanpo geratzen dira ikerketarekin lotutako ikastaroak, berariaz jasota ez dauden arloetan.
c) Atzerriko zentro sanitarioetan edo ikerketa sanitarioko zentroetan prestakuntza-egonaldiak egitea, osasun-zientziekin lotutako arlo guztietan ezagutzak eta trebetasunak areagotzera bideratutako prestakuntza-programa indibidualizatuak egiteko.
Doktoretza-programak deialdi honetatik kanpo geratzen dira.
2.– Diruz lagundutako graduondoko ikastaroen karga akademikoa bat etorriko da egindako ikasturteari dagokion programan jasotako ETCS kredituekin. Ikastaroak bideratu daitezke titulu ofizialak zein propioak lortzera.
3.– Ez da bekarik edo laguntzarik emango Osasun Sailak diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak burutzeko.
2. artikulua.– Onuradunak.
Beka eta laguntzen onuradun izan daitezke baldintza hauek betetzen dituzten osasun-arloko pertsona fisiko profesionalak:
a) Goi-mailako edo erdi-mailako unibertsitate titulu bat izatea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea, bekarako edo laguntzarako eskabidea aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagotik.
c) 1. artikuluan zehazten diren prestakuntza-jardueraren bat egitea.
d) Ez egotea egoiliar-sistemaren bidezko prestakuntza-aldian.
e) Eskabidea aurkezteko egunean eskatzailea arlo sanitarioan ari bada lanean, prestakuntza-jarduera egiteko, lantokiko zuzendaritzaren baimena aurkeztu beharko du eskabidearekin batera; baimen horretan adieraziko da zer egokitzapen-maila duen prestakuntza-egonaldiak edo graduondoko ikastaroak eskatzailearen jarduera profesionalarekiko, ertaina edo txikia. Baimen hori ez da beharrezkoa izango prestakuntza online egiten bada.
Inor ezingo da laguntza hauen onuradun izan baldin eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako gorabeheraren batean badago.
3. artikulua.– Aurrekontua eta organo kudeatzailea.
1.– 2024. urtean, 180.000 euro bideratuko dira bekak eta laguntzak finantzatzera; haietatik, 108.000 euro 2024ko ekitaldiari dagozkio, eta 72.000 euro, berriz, 2025eko ekitaldiari.
2.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu beka eta laguntzok.
4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak kategoria hauetan multzokatzen dira:
a) Beka: mantenu-gastuak hartzen ditu barnean, hala atzerriko unibertsitateetan ematen diren graduondoko ikastaroetakoak, nola atzerriko osasun-zentroetako edo ikerketa sanitarioko zentroetako prestakuntza-egonaldietakoak. Barnean hartzen du, halaber, prestakuntza-egonaldietan onuradunarekin bizi diren adingabeko seme-alabek sortutako gastuak –bidaia izan ezik– ordaintzeko laguntza-osagarria, jarraian hiru (3) hilabete baino gehiago emanez gero egonaldian.
b) laguntza: bidaia-gastuak, tasa akademikoak eta ostatua hartzen ditu barnean.
2.– Laguntzen onuradunak izan daitezke, soilik, prestakuntzako jarduerarekin batera ordaindutako beste jardueraren bat egiten duten pertsonak, eta laguntzak eta bekak jaso ahalko dituzte ordaindutako jarduerarik egiten ez dutenek.
3.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen gehieneko zenbatekoak:
a) Joan-etorrien kasuan, ostatu-gastuak: mila (1.000) euro hilean, jardueraren aldia hilabetetik beherakoa bada, proportzionalki doituko da.
b) Tasa akademikoak: zortzi mila (8.000) euro.
c) Bidaia-gastuak: edozein garraiobide erabiltzeagatik ordaindutako zenbatekoa, bi mila (2.000) euro.
d) Laguntza-osagarria: hirurehun (300) euro hilean, seme-alaba bakoitzeko.
e) Otordu-gastuak: soilik atzerriko prestakuntza-ikastaro eta -egonaldietarako, 1.1 artikuluko b) eta c) modalitateetarako, eta hilean bostehun (500) euro; jarduera-aldia hilabetetik beherakoa bada, proportzioan doituko da.
Diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoen batura ezin izango da inola ere 10.000 eurotik gorakoa izan.
4.– Emango den beka edo laguntza, gehienez, ikasturte batekoa izango da. Diruz lagundutako graduondoko ikastaroetan, ikasturteari dagokion prestakuntza-programan jasotako ETCS kreditu guztiak gainditu beharko dira.
5. artikulua.– Emateko prozedura eta ebaluazio-irizpideak.
1.– Norgehiagoka-prozedura erabiliko da bekak eta laguntzak emateko.
2.– Eskabideak alderatzeko prozesua 6.2 artikuluan aurreikusitako bi faseetan burutuko da.
3.– Eskabideak eta horien haztapena alderatzeko, ebaluazio-irizpide hauek erabiliko dira:
a) Egonaldiaren edo graduondoko ikastaroaren prestakuntza-planaren edukiek lanbide-jarduerarekin duten erlazioa; edo, langabezian badago, eskatzaileak egin dituen ikasketekin duten erlazioa (30 edo 15 puntu):
– 30 puntu emango dira, baldin eta eskatzailearen lanpostuari esleitutako eginkizunak orain edo etorkizunean hobetzea bada prestakuntza-ekintzaren helburua.
– 15 puntu emango dira, prestakuntza-ekintzaren helburua bada lana bilatzen eta lanbidearen garapenean eta sustapenean laguntzea, hau da, gaitasuna eta garapen profesionala ematea eskatzailearen lanpostua ez den beste baten zereginak bete ahal izateko.
b) Egonaldiaren edo ikastaroaren kalitatea (20 puntu gehienez):
b.1.– Graduondoko ikastaroetan parte hartzea atzerriko unibertsitateetan: kontuan hartuta unibertsitateak zer toki duen Academic Ranking of World Universities-ARWU sailkapenaren azken argitalpenean: https://www.shanghairanking.com/rankings/arwu/2023
– lehenengo 100 postuen artean badago: 20.
– 101. eta 200. postuen artean badago: 15.
– 201. eta 300. postuen artean badago: 10.
– 301. eta 500. postuen artean badago: 5.
– ez da sailkapenean agertzen: 0.
b.2.– Estatuko unibertsitateek emandako graduondoko ikastaroetan parte hartzea:
– Euskal Herriko Unibertsitatea: 20 puntu.
– Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako unibertsitateak: 17 puntu.
– Estatuko gainerako unibertsitateak, kontuan hartuta unibertsitateak zer maila duen BBVA-IVIE Fundazioaren Espainiako unibertsitateen U sailkapenaren edizio eguneratuenean (https://www.u-ranking.es/analisis.php):
– lehenengo 4 mailak: 15.
– 5., 6. eta 7. mailak: 11.
– 8., 9. eta 10. mailak: 8.
– 11. maila: 5.
– ez da sailkapenean agertzen: 0.
b.3.– Atzerriko osasun-zentroetan edo osasun-ikerketako zentroetan egindako prestakuntza-egonaldiak:
– Scimago Institutions Rankings-en edizio eguneratuenean unibertsitateak duen mailaren arabera (El Scimago Institutions Rankings ikerketarekin lotutako erakunde akademikoen ranking bat da, adierazle baten arabera sailkatua. Adierazle horrek Ikerketa, Berrikuntza eta Inpaktu Sozialaren emaitzetan oinarritutako hiru indize konbinatzen ditu):
https://www.scimagoir.com/rankings.php?ranking=Overall&area=2700
– lehenengo kuartila: 20.
– bigarren kuartila: 15.
– hirugarren kuartila: 10.
– laugarren kuartila: 5.
– ez da sailkapenean agertzen: 0.
c) Eskatzaileak Euskadiko sistema sanitarioarekin eduki duen lan-harremanaren berri, eskabidea aurkeztu eta laguntzak ematen diren arteko aldian (10 puntu gehienez):
– Langile finkoa izatea, edo espezialitatea -egoiliar gisa- amaitua izatea agindu hau argitaratu aurreko bi (2) urteetan: 10.
– Bitarteko langilea: 5.
– Behin-behinekoa, ordezkoa, norberaren kontura lan egiten duten pertsonak, sektore pribatuko soldatapekoak eta langabezian daudenak: 2.
6. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea, diru-zenbatekoak zehaztea eta ebazpena proposatzea.
1.– Balorazio Batzorde bat eratuko da, eta haren ardura izango da prozesu osoaren funtzionamendu egokia zaintzea eta prozesu hori bultzatzea. Batzorde horri dagozkio espedienteak baloratzeari buruzko eginkizunak, bai eta prozeduran zehar sortzen diren zalantzak argitzeko behar diren neurri guztiak hartzea ere. Balorazio Batzordeari dagokio, halaber, sor daitezkeen gorabeherak kontuan hartzea eta aintzat hartzea, eta, horretarako, oinarrien interpretazioari eta gauzatzeari buruzko erabaki arrazoitua emango du, eta oinarri horietan aurreikusi gabeko guztia ordeztuko du, indarrean dagoen objektibotasunean, inpartzialtasunean eta legezkotasunean oinarritutako irizpideen arabera.
Batzordea honako hauek osatuko dute:
a) Batzordeburua: Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria (Mikel Sánchez Fernández).
b) Bokalak:
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko zuzendaria (Víctor Bustamante Madariaga).
Ordezkoa: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ospitale Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzako zerbitzuburua (Koldo Berganzo Corrales).
– Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko arduraduna (Antonia Daza Gutierrez).
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prestakuntzako Zerbitzu Korporatiboko burua (Francisco Serna Rodriguez).
c) Idazkaritza: Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko teknikaria (Miren Gixane Dañobeitia Olaeta).
Behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean esku hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko (8.5 Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legea).
2.– Bi fasetan egingo da eskabideak ebaluatzeko eta zenbateko indibidualak zehazteko prozesua:
a) Lehenengo fasea: programa honen azken hiru (3) deialdietan bekarik edo laguntzarik lortu ez duten pertsonek aurkeztutako eskaerei dagozkien zenbatekoak ebaluatu eta finkatuko dira.
Baldin eta 3. artikuluan adierazitako zuzkidura ekonomikoa ez bada aski gutxieneko puntuazioa lortu eta gainerako baldintzak bete dituzten eskabide guztiei erantzuteko, apartatu honetan adierazitako zenbatekoetan, zuzkidura ekonomikoa eskabideen artean hainbanatuko da, hasieran kalkulatutako kopuruen proportzio berean.
b) Bigarren fasea: lehen faseko laguntzei buruz egindako ebaluazioaren emaitzak aurrekontua agortzea eragin ez badu, gainerako eskaerei dagozkien zenbatekoak ebaluatu eta finkatuko dira.
Soberako zenbatekoa, lehenengo fasea egin ondoren, ez bada nahikoa bigarren fase honetako eskabide guztiei erantzuteko, gutxieneko puntuazioa lortuta eta eskatutako gainerako baldintzak beteta, atal honetan adierazitako zenbatekoetan eskaera horien artean hainbanatuko da, hasieran kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean, eta hainbanaketa horrek ez die eragingo lehen fasean kalkulatutako laguntzei.
3.– Hauek dira eskabideak ebaluatzeko eta zenbatekoak zehazteko prozedura osatzen duten jarduketak:
a) Egiaztatzea eskabideek 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta, hala badagokio, zuzenketa egiteko eskaria egitea 10.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Kanpoan uztea 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak.
c) 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzea, 5.3 artikuluan ezarritako irizpide eta haztapenen arabera.
d) Kanpoan uztea hogeita hamar (30) puntu baino gutxiago lortu dituzten eskabideak, hori baita izan beharreko gutxieneko puntuazioa.
e) Gutxienez hogeita hamar (30) puntu lortu dituzten eskabideei dagokien gastu diruz lagungarria kalkulatzea: eskabidean identifikatutako aurrekontua bat etorriko da 4. artikuluan ezarritako muga eta zehaztasunekin.
f) Zenbatekoak zehaztea, diruz lagun daitekeen gastuari ehuneko hauek aplikatuz:
– % 100: 50 puntu edo gehiago lortu dituzten eskabideak.
– % 90: 41 eta 49 puntu artean lortu dituzten eskabideak.
– % 80: 30 eta 40 puntu artean lortu dituzten eskabideak.
4.– Zenbatekoak zehaztu ondoren, organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo du (Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 21.3 artikulua). Organo horrek, gainera, proposamenarekin batera, txosten bat aurkeztu beharko du, eta bertan jaso bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako pertsonek laguntzak eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela (Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legea (21.3):
a) Dirulaguntza ematea: onuradunaren nortasuna, diruz lagundutako prestakuntza-jarduera eta dirulaguntzaren zenbateko osoa.
b) Dirulaguntza ukatzea: eskatzailearen nortasuna, dirulaguntzaren xede den prestakuntza-jarduera eta dirulaguntza ez emateko arrazoia.
c) Artxibatzea: eskatzailearen nortasuna, dirulaguntzaren xede den prestakuntza-jarduera eta artxibatzeko arrazoia.
7. artikulua.– Ebazpena.
1.– Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez amaituko da prozedura, zeinak 6.4 artikuluan identifikatutako datuak adieraziko baititu. Ebazpena jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
2.– Ebazpena argitaratzeko epea hiru (3) hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Aipatutako epea igaro eta gero ez bada ebazpenik argitaratu, interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela.
3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean (1), ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
8. artikulua.– Uko egitea.
Dirulaguntzari uko egin nahi dioten onuradunek idazki bat aurkeztu beharko dute Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, 10.3 artikuluan aurreikusitako eran, hamar (10) eguneko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Onuradunak ez badio uko egiten dirulaguntzari epearen barruan, ulertuko da onartu egin duela, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.2.b) artikuluarekin.
9. artikulua.– Beken eta laguntzen bateragarritasuna.
1.– Bekak ez dira bateragarriak jarduera bera finantzatzeko emandako bestelako dirulaguntzekin.
2.– Laguntzak, ordea, bateragarriak dira jarduera bera finantzatzeko beste dirulaguntza batzuekin; baina, jarduerak sortzen dituen gastuak guztizko zenbatekoak gainditzen baditu, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da emandako laguntzaren zenbatekoa. Era berean, onuradunak konpromisoa hartu beharko du gainfinantzaketarik ez izateko.
10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak egiteko, eredu normalizatuak beteko dira, eskuragarri daudenak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan -https://www.euskadi.eus/servicios/0086111 web-orrian- , eta, horrekin batera, bidali beharko da prestakuntza-egonaldiaren edo graduondoko ikastaroaren prestakuntza-plana, non jasota egongo baitira programa, edukia eta jarduerak.
Hauek dira web-orrian eskura dauden agiri normalizatuak:
a) Eskabide-eredua eta, horrekin batera, eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluak eskatu bezala, hau egiaztatuko duena:
– Xede eta helburu berarekin laguntzarik jasotzen ari den edo ez administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik.
– Ez duela ordaintzeke laguntzak itzultzeko betebeharrik.
– Beste administrazio publiko zein pribaturen bati laguntza eskatu dion eta onartu zaion edo ebazteko zain dagoen.
– Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.
– Ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.
– Eskatzaileak ez duela ikusten ezintasunik diruz lagundutako prestakuntza-jarduerei dedikazio egokia eskaintzeko, ordaindutako lana edo beste edozein egiteko duelako.
– Aipatutako betebeharrak betetzen jarraituko duela, aitortza edo ariketa horri dagokion aldian, eta baldintzen edozein aldaketa jakinaraziko zaiola administrazioari, baldintzak osorik ez betetzea eta hirugarrenen eskubideak kaltetzea saihesteko.
– Adostasuna: baimena ematen diola deialdia egin duen organo kudeatzaileari, administrazio eskudunean egiaztatzeko eta ziurtatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Aurka eginez gero, prozeduran eskatzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko ditu.
b) I. eranskina – Prestakuntza-planaren datuen inprimakia.
c) II. eranskina – Eskatzailearen curriculuma, azalpen-memoria bat barnean hartuko duena, non zehaztuko baita zer erlazio duten egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-planaren edukiek eskatzailearen jarduera profesionalarekin edo, eskatzailea langabezian badago, egin dituen ikasketekin.
d) Matrikula-inprimakia, 2024-2025 ikasturtekoa, non matrikulatutako kreditu guztiak eta matrikularen kostua jasoko baitira.
e) Eskabidea aurkezteko egunean eskatzailea arlo sanitarioan ari bada lanean, eskabidearekin batera lantokiko zuzendaritzaren baimena ere aurkeztu beharko du prestakuntza-jarduera egiteko; baimen horretan adieraziko da prestakuntza-egonaldiak edo graduondoko ikastaroak eskatzailearen jarduera profesionalarekiko duen egokitzapen-maila: handia, ertaina edo txikia. Baimen hori ez da beharrezkoa izango prestakuntza online egiten bada.
2.– Prestakuntza-jarduera baterako baino gehiagorako dirulaguntza lortu nahi duten pertsonek jarduera bakoitzerako eskabide bat aurkeztu beharko dute.
3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formulario normalizatuaren bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0086111 Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Eskabidea egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Helbide honetan eskura daitezke identifikazio eta sinadura elektronikorako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da (1), agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
5.– Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, hamar (10) egun emango zaizkio interesdunari, akatsak zuzendu ditzan eta, zuzendu ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela jakinaraziko zaio.
11. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 32. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, gastuak jatorrizko fakturen bidez eta froga-balio baliokidea duten eta merkataritza-trafikoan balioa duten edo administrazio-eraginkortasuna duten gainerako dokumentuen bidez egiaztatuko dira, eta gastuak faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira.
Gainera, jarduerak finantzatzeko, dirulaguntzaz gainera norberaren funtsak edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuk jaso badira, justifikazioan egiaztatu beharko da zein diren funts horien zenbatekoak eta jatorria eta nola aplikatu diren diruz lagundutako jardueretan.
Jarduera gauzatu dela eta funtsak hura finantzatzeko erabili direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, beken zein laguntzen kasuan:
– Gastuen zerrenda eta dagozkien fakturak eta ordainagiriak.
– Gogobetetze-mailaren galdetegia, III. eranskinean zehazten dena.
– Zentroak emandako titulua, gainditutako ETCS kredituen guztizko kopurua jasotzen duena; kreditu horiek bat etorri beharko dute dagokion prestakuntza-programan ikasturte batean ezarritako irakastorduen kredituekin.
2.– Justifikazio-agiriak hilabeteko epean aurkeztuko dira, diruz lagundutako jarduera gauzatzeko epea amaitzen denetik aurrera.
Epe hori luzatu ahal izango da, baldin eta onuradunek epea amaitu baino lehen eskatzen badute. Osasuneko Sailburuordetzak baimena eman dezake justifikazioa aurkezteko ezarritako epea luzatzeko, betiere epearen erdia gainditzen ez bada eta hirugarrenaren eskubideei kalterik egiten ez bazaie (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikulua).
Ezarritako justifikazio-epea igaro eta administrazio-organo eskudunari aurkeztu ez bazaio, organo horrek onuradunari eskatuko dio hamabost eguneko epe luzaezinean aurkez dezala, kapitulu honetan aurreikusitako ondorioetarako. Justifikazioa atal honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, itzulketa eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legean ezarritako gainerako erantzukizunak eskatuko dira. Justifikazioa atal honetan ezarritako epe gehigarrian aurkezteak ez du onuraduna salbuetsiko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen IV. tituluaren arabera dagozkion zehapenetatik.
12. artikulua.– Ordainketa.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikoan agertu beharko du.
Onuradunek esteka honetan kontsultatu, aldatu eta alta eman ahal izango diete banku-datuei: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Ordainketa bi zatitan egingo da:
a) Zenbatekoaren ehuneko hirurogei (% 60) 8. artikuluan adierazitako epea igarotakoan ordainduko da.
Laguntzaren % 60 aldez aurretik ordaintzearen salbuespena, zeina Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 33.2 artikuluaren arabera egin ahalko baita, justifikatuta dago onuradunek prestakuntza-jarduera hasi aurreko gastuei aurre egiteko duten ohiko beharrizanagatik.
b) Gainerako zenbatekoa (% 40) 11.1 artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu ondoren ordainduko da. Ordainketa hori 2025eko ekitaldian egingo da.
Ordaindutako zenbatekoei indarrean dagoen zerga-araudiak ezarritako atxikipena aplikatuko zaie, hala dagokionean.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak izango dituzte, eta, zehazki, honako hauek:
a) Laguntza emateko hasierako baldintzetan edozein aldaketa egiteko, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren baimena beharko da.
b) Dirulaguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, eta Osasun Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
c) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.
e) Helburu bererako lortutako edozein motatako laguntzak aitortzea.
f) I. eranskin honetako 2. artikuluan eskatutako baldintzak betetzea.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
Baldin eta dirulaguntzaren onuraduna badagi Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetako batean, edo betetzen ez badu agindu honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta emakida-ebazpenean ezarritako edozein baldintza, Osasuneko sailburuak ebazpen bat emango du; horren bitartez, adieraziko du galduta duela ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, itzuli behar dituela jasotako zenbatekoak eta haiei dagozkien berandutze-interesak, osorik edo partez; hargatik eragotzi gabe lege honen 30.5.b artikuluan xedatutakoa. Betebehar horrek ez du zerikusirik izango eska daitezkeen zehapenekin.
Dirulaguntzen Araubideari buruzko Legearen 41. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza ematen duen organoak izango du eskumena onuradunari dirulaguntzak itzul ditzala eskatzeko, III. tituluan araututako prozeduraren ebazpenaren bidez, baldin eta lege horren 36. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada jasotako zenbatekoak itzultzeko.
Erantzukizunen araubidea Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa da.
15. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.
Datu pertsonalak «Irakaskuntza eta Garapen Profesionala» deritzon tratamendurako erabiliko direla jakinarazten da, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Hona tratamendu horren ezaugarriak:
Arduraduna: Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.
Helburua: eskabideak kudeatzea, eta irakaskuntzarako eta garapen profesionalerako Osasun Sailak deitutako laguntzen jarraipena egitea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoko misio bat betetzeko edo tratamenduaren erantzuleari emandako botere publikoak gauzatzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: arlo horretan eskumenak dauzkaten administrazio publikoei eman ahalko zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko eskubidea dute interesdunek, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/089300-capa2-eu.shtml