170. zk., 2024ko irailaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (507 KB - 41 orri.)
- EPUB (2807 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4082
EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 6koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2024. urterako «Euskadiko enpresen konektagarritasunerako» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea, argitaratzea eta deialdia egitea agintzen duena. Programaren 1. lerroa Europar Batasunak – Next Generation EUk finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak («SPRI»), Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.
Horri dagokionez, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategia bultzatzera bideratutako zenbait ekintza garatu ditu SPRIk. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira EAEko enpresetan eraldaketa digitala eta zibersegurtasuna bultzatzera bideratutako laguntza-programa anitzak. Programa horiek babesa ematen die honako alor hauekin lotutako proiektuei: Zibersegurtasuna eta Komunikazio Industrialak, Cloud Computing, datuen Analitika Aurreratua eta Business Intelligence, Robotika Konektatua, Ikuspegi Artifiziala eta Sentsorika. Enpresetan proiektu horiek ezartzeko, gero eta konektibitate, datuen biltegiratze eta prozesamendu handiagoa behar da. Hala, enpresek ezingo dituzte balio erantsiko zerbitzuak eskuratu (cloud-zerbitzuak, datuak urrunean ostatatzea, kudeaketa banatuko aplikazioetarako sarbidea, informazioaren segurtasun-kopiak, etab.), baldin eta ez badute banda zabal ultralasterreko zerbitzuak kontratatzeko aukerarik, edota ez badute gaitasun handiko, latentzia txikiko eta ekipo nahiz gailu asko konektatzeko aukera eskaintzen duen barneko komunikazio-sarerik.
Hori horrela, Europako Batzordeak «Europako Gigabit Gizartearentzako Konektagarritasuna» izenekoaren oinarriak ezarri ditu, eta proposatzen du digitalki intentsitate handia duten enpresek 1 Gbps simetrikoko Interneterako konexioak izan behar lituzketela 2025erako.
Horren ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatzean, lehentasunezko helburu gisa ezarri dugu abiadura handiko barneko komunikazio-sare elektronikoak instalatzeko inbertsioak ahalbidetzea, 1 Gbps-ko abiaduran zerbitzuak eskaini ahal izateko, baita banda zabal ultralasterreko zerbitzuak Euskadiko enpresetara zabaltzea ere, kokaleku dituzten industrialde edo eremu geografikoetan operadoreen telekomunikazio-azpiegiturak falta direlako zerbitzu horiek ez dituzten enpresetara, hain zuzen ere.
Bestalde, Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DEAL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du Lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hori guztia dela eta, hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– 2024. urterako «Euskadiko enpresen konektagarritasunerako» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen eranskinean. Programaren 1. lerroa Europar Batasunak – Next Generation EUk finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea 2024ko «Euskadiko enpresen konektagarritasuna» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau. Programaren 1. lerroa Europar Batasunak – Next Generation EUk finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2024ko abuztuaren 6a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.