Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2024ko irailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

URAREN EUSKAL AGENTZIA
4081

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 15ekoa, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen esparruan Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskuaren atariko ebaluazioaren berrikuspena eta eguneratzea jendaurrean jartzeko dena (hirugarren zikloa).

Uholde-arriskuen Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko uztailaren 9ko 903/2010 Errege Dekretuaren 5. artikuluak xedatzen du uholde-arriskuaren atariko ebaluazio bat egingo dela demarkazio hidrografiko bakoitzean, zehazteko lurraldeko zein eremutan egon daitekeen uholde arrisku handia edo litekeena den arrisku hori gauzatzea.

Demarkazio horretako plangintza hidrologikoa eta uraren kudeaketa modu koordinatuan egiten da estatuko administrazio orokorraren –Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren bitartez, erkidego arteko arroen eskuduna baita– eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean –haren barne-arroetan– Uraren Euskal Agentziaren bitartez, zeina administrazio hidrauliko eskuduna baita Euskadiko Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen esparruan, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskuaren bigarren atariko ebaluazioa behin betiko onartu zen Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren 2019ko martxoaren 13ko Ebazpenaz; onarpen hori abiapuntu izan zen, geroago Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskua kudeatzeko Plana martxoaren 21eko 197/2023 Errege Dekretuaren bidez onartzeko.

Uztailaren 9ko 903/2010 Errege Dekretuaren 21.2 artikuluak xedatutakoari jarraituz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografiko osoaren uholde-arriskuaren atariko bigarren ebaluazioa berrikusi eta eguneratu da; lan hori lankidetzan egin dute Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta Uraren Euskal Agentziak, eta, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ere parte hartu du. Berrikuspen eta eguneratze hori jendaurrean jarri behar da, gutxienez hiru hilabetez, 903/2010 Errege Dekretuaren 7.4 eta 21.1 artikuluen arabera.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen esparruan Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskuaren atariko ebaluazioaren berrikuspena eta eguneratzea jendaurrean jartzea, hiru (3) hilabetez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera,. Atariko ebaluazio hori uholde-arriskua kudeatzeko plangintzaren hirugarren zikloari dagokio.

Epe horretan, helbide honetan kontsultatu ahalko dira Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskuaren atariko ebaluazioaren berrikuspenaren eta eguneratzearen agiriak: https://www.uragentzia.euskadi.eus/kantauri-ekialdeko-demarkazioko-uholde-arriskuaren-atariko-ebaluazioaren-berrikuspen-eta-eguneratzea-hirugarren-zikloa/webura00-01020202revisionplan/eu/ eta Uraren Euskal Agentziaren bulegoetan (Boulevard eraikina, Gamarrako Atea kalea 1.A – 11. solairua, 01013 Vitoria-Gasteiz) jendeari arreta emateko ordutegian.

Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren agiriak, kontsultatzeko jartzen direnak, demarkazio osoari dagozkio; hau da, agiriok barnean hartzen dute hala estatuaren eskumen-lurraldea nola Euskal Autonomia Erkidegoarena, informazioa osoagoa izateko. Dena den, jendaurrean jartzeko aldia irekitzeko ebazpen hau Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen eremurako baino ez da egiten, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa baitira.

Aipatutako epe horretan, ekarpenak egin eta egoki iritzitako oharrak eta iradokizunak formulatu ahalko dira, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen bideetako edozein erabilita, eta, aurkezteko moduari dagokionez, aintzat hartuta arau horren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak. Uraren Euskal Agentziari zuzendutako ekarpenak, oharrak eta iradokizunak posta elektroniko honetara bidali ahalko dira: epri@uragentzia.eus

Bigarrena.– Agintzea ebazpen hau argitara eman dadila Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 15a.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ANTONIO AIZ SALAZAR.


Azterketa dokumentala