170. zk., 2024ko irailaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (181 KB - 9 orri.)
- EPUB (132 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4075
AGINDUA, 2024ko uztailaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2024an Irale programan irakasle liberatuak dituzten itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntza deialdia iragartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 legeak eta maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuek, hurrenez hurren, Haur Hezkuntzari, Batxilergoari eta Oinarrizko Hezkuntzari eragiten diotenek, irakasleen hizkuntza gaitasuna indartzea oinarrizko xedetzat dute.
17/2023 legearen oinarrizko balioak zehazten dituen IV. tituluak esaterako, hizkuntzek Euskal Hezkuntza Sisteman duten tokia arautzen du. III. kapituluak irakasleen eta irakasle ez diren langileen hizkuntza-gaikuntza indartzeko modua aztertzen du.
Bide beretik, 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuetan, curriculumaren oinarrien eta ikasleen konpetentzien arloarekin batera, Pedagogia eta Kudeaketa-autonomiari propio eskaintzen zaio kapitulu bat. 77/2023 dekretuko 20. artikuluan esaterako, «Irakasleen konpetentzia-profila, prestakuntza, koordinazioa eta ebaluazioa» zehazten direnean, irakasleen prestakuntzaren helburu nagusiak finkatzen dira. Irakasleek beren funtzioen berezko erantzukizunak, hau da, ikasleen irteera-profilari lotutako konpetentziak lortzen laguntzearekin loturiko erantzukizunak betetzeko izan beharreko konpetentzia-profil egokia zehazten da.
Bada, testuinguru horretan kokatzen da Irale programa, prestakuntza-arloko eragile gisa. Euskalduntze programekin batera, Irale programaren eskaintza nagusia goi-mailako ikastaroak dira, bai irakastorduz kanpokoak, bai irakastordu barnekoak. Nagusiki, ikastaro horiek izan dira programaren berrikuntza nagusia, eta, neurri batean, ikastetxeetan egiten diren berrikuntza-proiektuei eta bertako hezkuntza-eredu pedagogikoei, nahiz hezkuntza- eta hizkuntza-proiektuei erantzuteko baliagarri izan daitezke.
Programa honen gauzapenerako, Hezkuntza Sailburuordetzak 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetarako Irale programaren ikastaroak egiteko plazak esleitzeko prozedurak argitaratu ditu, hurrenez hurren, 2023ko apirilaren 3ko eta 2024ko apirilaren 22ko aginduen bidez. Aginduotako I. eranskinetan ikastaro hauen hartzaileak zein diren zehazten da, ikastetxe pribatuetako irakasleek deialdian eskaintzen diren irakastordu barneko hainbat ikastaro egiteko aukera dutelarik. Ikastaro horietako batzuetan dedikazioa osoa izanik, langileen liberazioa beharrezkoa da. Gauzak horrela, ikastetxe pribatuetako liberazio horien ordezkatzeak eragindako gastuak diruz laguntzeko deialdia da hau.
Dirulaguntzen deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago; zehazki, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzaren 4715 programan, irakasleak euskaraz prestatzeko helburu estrategikoarekin.
Dirulaguntza deialdi honen oinarriak honako lege eta dekretu hauek dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege hori garatzen duen eta dirulaguntzei aplikatzen zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
2024an Irale programan irakasle liberatuak dituzten itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntzen oinarriak onartzea; agindu honen eranskinean daude jasota oinarri horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik, aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 17a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
Agindu honen xedea da itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egitea eta deialdia arautzeko oinarriak ezartzea, 2024an Irale Programako ikastaroetan, eskola-ordutegiaren barruan, aritutako irakasleen ordezkatzeak eragindako gastuak diruz laguntzeko.
2. oinarria.– Diruz lagundutako jarduera.
1.– Aurreko artikuluan aipatzen diren ikastaroak U2, U3, 3000, 4000, 5000, R300, R400, R600 eta R900 ikastaroak dira, honako bi agindu hauen bidez deituak: Agindua, 2024ko apirilaren 22koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deitzen baitira Irale programaren 2024ko udako eta 2024-2025 ikasturteko ikastaroak, eta ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita (2024ko maiatzaren 10eko EHAA); eta: Agindua, 2023ko apirilaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deitzen baitira Irale programaren 2023ko udako eta 2023-2024 ikasturteko ikastaroak, eta ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita (2023ko apirilaren 18ko EHAA).
2.– Dirulaguntzaren xede den jarduera da 2024an ikastaro horiek egingo dituzten irakasleen lanaldi-liberazioen ordezkapenak egiteko langileak kontratatzea.
3.– Ondorio horietarako, liberaziotzat hartuko da ikastaroa egiten den hilabeteetan lanik ez egitea, lan-eskubideak murriztu gabe, soldata barne; eta ikastaroa egitetzat hartuko da ikastaroaren deialdian ezarritako baldintzak betetzea.
4.– Kontratatutako langileek ordezkapena egiteko bete beharreko baldintzak 6. oinarrian ezarritakora egokituko dira.
3. oinarria.– Kreditu erabilgarria.
1.– Dirulaguntzak emateko 1.433.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorren kontura.
4. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa hurrengo taulan finkatutako zenbatekoen arabera kalkulatuko da, ordezkapen-aldiaren eta emandako irakasmailaren arabera. Honako arau hauek aplikatuko dira:
a) % 100ari dagokion zutabeak erreferentziazko gehieneko zenbatekoak finkatzen ditu.
b) Taulako zenbatekoak irakasleko eta liberazio-aldi bakoitzerako zenbateko oso bezala finkatu dira.
c) Zenbatekoa aldi osorako gehienekoa da; liberazioa edo ordezkapena aldi osoa baino txikiagoa bada, dagokion zenbateko proportzionala aplikatuko da.
d) Zenbatekoak lanaldi osoan ordezkatutako irakasle baten kasurako finkatuta daude. Ordezkatutako irakasleak lanaldi partziala badu, kalkulua dagokion proportzioan egingo da.
e) Dirulaguntzan ez dira sartzen ordezkatutako irakaslearen Gizarte Segurantzaren konturako prestazioak.
(Ikus .PDF)
2.– Aurreko taulan zehaztutako zenbatekoen % 100 ordainduta, dirulaguntza hauetarako aurrekontua gaindituko balitz, eskabide bakoitzari esleituko zaion ehunekoa gutxituko da aurrekontura egokitzeko beharrezkoa den kopuruan.
5. oinarria.– Erakunde onuradunak, baldintzak eta horien egiaztapena.
1.– Deialdi honetan parte hartu eta dirulaguntza jaso ahal izango dute hezkuntza-ituna duten ikastetxeen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta aldi berean jarraian adierazitako baldintza espezifiko eta orokorrak betetzen badituzte.
2.– Honako berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) 1. oinarrian aurreikusitako ikastaroa egiteko aldian hezkuntza-ituna izatea, ikasturtean onartutako irakasleek emandako irakasmaila eta irakaskuntzetarako.
b) Ikastaroan onartutako irakasleak beren lanalditik liberatu izana.
c) Onartutako irakasleen ordezkapen osoa kontratatuta izatea, lan-kategoria eta irakaskuntza-esleipen bereko irakasleekin.
3.– Erakunde eskatzaileek eta onuradunek dirulaguntzen arloari dagozkien honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:
a) Egiaztatzea egunean dituztela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gainerako baldintzak eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legean ezarritakoak.
4.– Deialdia kudeatzen duen zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du aurreko 2. apartatuko a) letran jasotako baldintza espezifikoa eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko baldintza orokorrak betetzen direla, salbu eta erakundeak horretarako baimenik ematen ez badu; kasu horretan, organo eskudunek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, baldintza horiek betetzen dituela egiaztatzen dutenak.
5.– Aurreko 2. apartatuko b) eta c) letretan jasotako betekizun espezifikoak betetzen direla honela egiaztatuko da:
a) Deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bukatuta dauden liberazioak eta ordezkapenak eskabidearekin batera egiaztatuko dira, ordezkoaren kontratuaren kopia erantsita.
b) Deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bukatu ez diren liberazioak eta ordezkapenak 14. oinarrian xedatutako moduan egiaztatuko dira.
6.– Aurreko 3. apartatuko b), c), d) eta e) letretan jasotako betekizun orokorrak eskabide-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.
6. oinarria.– Ordezko irakasleak.
Ordezko irakasleak kontratatzeko, arau hauek bete beharko dira:
a) Kontratazioa legeria eta hitzarmen kolektibo aplikagarriaren araberakoa izango da.
b) Ordezko irakasleek irakaskuntzak emateko baldintzak bete behar dituzte, eta ordezkatutako irakasleen lan-kategoria eta irakaskuntza-esleipen berarekin arituko dira.
c) Irakasle liberatu bakoitzaren ordezkapena irakasle batekin edo batzuekin egin ahal izango da, baina ordezkapenaren indarraldia ez da ikastaroa egiteko aldia baino luzeagoa izango eta, ondorioz, ezta liberazio-aldia baino luzeagoa ere.
d) Ordezkapena bitarteko kontratu bidez egingo da, erlijioko irakasleak ordezkatzeko edo ondorengo kasu hauetarako izan ezik, kasu horietan ordezkapena plantillako langile mugagabeekin egin ahal izango baita:
– Ordezkapenari dagokion ikasturtean ikastetxeko gela-kopurua murriztu denean aurreko ikasturtearekiko, baina irakasle kopurua mantenduta.
– Ikastetxeak, ordezkapena egiteko, ikastetxeko irakasleen lanaldi partziala handiagotzen duenean.
7. oinarria.– Deialdiaren instrukzio-organoa eta dirulaguntzen kudeatzailea.
Hezkuntza Saileko Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari dagokio deialdi hau bideratzea eta emandako dirulaguntzak kudeatzea.
8. oinarria.– Eskaerak aurkeztea eta baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.
1.– Eskabidea ikastetxeko pertsona fisiko edo juridiko titularrak aurkeztuko du, elektronikoki, 15 laneguneko epean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabidea egiteko informazioa eta ondorengo izapideetarako sarbidea eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak daude eskuragarri, eta, horren bidez, eskabide-inprimakian sartzeko aukera dago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2024/irale-pribatuak/web01-tramite/eu
Eskabide bakarra beteko da ikastetxeko titular bakoitzeko, eta bertan ikastetxean ordezkapenaren xede diren irakasleak eta horien ordezko irakasleak zerrendatuko dira.
3.– Kudeaketa-zuzendaritzak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak eskuratzearen aurka eginez gero eskabidean, betebehar horiek betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak erantsi beharko dira.
4.– Eskabidearekin batera, 5. oinarriko 6. apartatuan jasotako egiaztagiriak aurkeztuko dira.
5.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat jasotzen du, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
a) Edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, jaso direla jakinaraztea, eta, hala bada, laguntza eman duen erakundearen zenbatekoa eta izena adieraztea.
b) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, sexu-bereizkeriagatiko debekuak berariaz aipatuta.
c) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.
d) Berdintasun-plana indarrean duela, erakundea horretara behartuta badago, Estatuaren araudiaren arabera.
e) 50 langile baino gehiago dituzten erakundeen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako ezein egoeratan ez dagoela.
6.– Eskabidearen ondorengo izapideak (sarbidea, izapidetzea eta jarraipena) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidea elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
9. oinarria.– Eskabidea zuzentzea.
1.– Eskabidea ez bada osorik bete edo eskatutako dokumentazioren bat ez badago erantsita, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera.
2.– Errekerimendua elektronikoki jakinaraziko da, eskatzailearen «Nire karpeta» atalaren bidez. Zuzendaritza kudeatzaileak jakinarazpenaren abisuak bidali ahal izango ditu eskabidean horretarako adierazitako posta edo gailu elektronikora, baina jakinarazpen horrek ez du jakinarazpen-ondoriorik izango.
10. oinarria.– Behin-behineko ebazpena.
1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak behin-behineko ebazpena onartuko du. Ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa, eta hamar egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak ere bidaliko dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorreko zenbakietara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpenerako baliorik izango.
2.– Behin-behineko ebazpenean honako hauek bereiziko dira:
a) Baldintzak ez betetzeagatik onartu ez diren eskaerak. Ondorio horietarako, eskatutako ordezkapenen zati bati edo guztiei buruzkoa izan daiteke ez onartzea, eta ebazpenean adieraziko da bete ez den betekizuna.
b) Emandako dirulaguntzak, baldintzak betetzen dituztenen artean, dirulaguntza jaso duten ikastetxeak adieraziko dira, bai eta bakoitzari emandako zenbatekoa ere.
11. oinarria.– Prozeduraren ebazpena.
1.– Hezkuntza Sailburuordeari dagokio prozedura ebaztea, ez onartzeko, emateko eta ukatzeko ebazpenen bidez. Ebazpen horietan, zuzendaritza instrukzio-egileak onartutako behin betiko ebazpena jasoko da.
2.– Prozeduraren ebazpena honako egutegi honen araberakoa izango da:
a) 2024ko urriaren 31 baino lehen, 2024ko urtarriletik ekainera bitarteko liberazioen ordezkapenei dagozkien dirulaguntzak.
b) 2024ko abenduaren 31 baino lehen, 2024ko irailetik abendura bitarteko liberazioei dagozkien ordezkapenei dagozkien dirulaguntzak.
3.– Ebazpen horiek elektronikoki jakinaraziko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa, eta, jakinarazpena egin eta hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaliko dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorreko zenbakietara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpenerako baliorik izango.
4.– Gardentasunaren ondorioetarako, emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
12. oinarria.– Dirulaguntza jaso duten erakundeen betebeharrak.
Hauek dira dirulaguntzen erakunde onuradunen betebeharrak:
a) Dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta 15 eguneko epean idatziz uko egiten ez bazaio, onartu egin dela ulertuko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
c) Deialdi honetan irakasleak liberatzeari eta ordezkatzeari buruz ezarritakoa betetzea, bai eta dirulaguntza emateko kontuan hartu diren gainerako baldintzak ere.
d) Jarduera eta gastua bete direla justifikatzea, 14. oinarrian adierazitakoaren arabera.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazio guztia ematea.
f) Xede berbera duten bestelako dirulaguntzak edo laguntzak, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotakoak, jakinaraztea.
g) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
13. oinarria.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako eman ditzakeen beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Kasu horretan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso direla jakinarazi beharko da. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
14. oinarria.– Diruz lagundutako jarduera bete izanaren eta egindako gastuaren justifikazioa.
Jarduera bete izanaren eta egindako gastuaren justifikazioa honela egingo da:
a) 2024ko urtarriletik ekainera bitarteko liberazioen gastuari dagozkion ordezkapenetarako, dirulaguntza-eskaerari ordezko irakaslearen kontratuaren kopia erantsita.
b) 2024ko irailetik abendura bitarteko liberazioen gastuari dagozkion ordezkapenetarako, ordezko irakaslearen kontratuaren kopia aurkeztuz, ikasturtea hasi eta 15 egun balioduneko epean.
15. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.
Ordezkatutako irakaslearen liberazio-aldia amaitu ondoren ordainduko dira dirulaguntzak, betiere ordezkapena eta gastua aurreko oinarrian adierazitako moduan justifikatu badira.
16. oinarria.– Laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –besteak beste, ordezkatutako irakasleen Gizarte Segurantzaren konturako prestazioak eta ezarritako mugak urratuz beste laguntza edo dirulaguntza batzuk aldi berean lortzea–, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
17. oinarria.– Ez betetzea, ordaintzeko eskubidea galtzea eta itzultzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, aitortzeko prozedura egin ondoren, galdu egingo da emandako dirulaguntza ordaintzeko eta ordaindutakoa itzultzeko eskubidea, bai eta dirulaguntza ordaintzen denetik itzultzea erabakitzen den egunera arteko berandutze-interesak ere. Horretarako, Hezkuntza Sailak dagozkion egiaztapenak egiteko ahalmena izango du.
2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
18. oinarria.– Datu pertsonalak.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko dirulaguntzak.
Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: Ikaskuntza eta Hezkuntzaren Berriztatzea finantzatzea eta laguntzea.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak:
Ekonomia eta Ogasun Saila, ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxeak.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).