Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2024ko irailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4074

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 8koa, Trafiko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko zenbait tresna, zinemometroen osagarri, instalatzea eta erabiltzea baimentzen duena, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplina helburu.

Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean gertatzen diren zirkulazio-istripuen ehuneko handi batean abiaduraren faktorea agertzen da. Horregatik, gomendagarria da faktore hori sakon kontrolatzen jarraitzea, errepideetako bide-segurtasuna zaintzeko.

Horiek horrela, azken urte hauetan eta bigarren mailako bide-sarearen zenbait puntutan istripu-tasa gora doala ikusten ari da. Bide-segurtasunari buruzko azterketak egin dira eta horien emaitza izan da istripu horien eragileetako bat abiadura izan ohi dela.

Esperientziak erakutsi digu trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplina helburuetarako zinemometroak erabiltzea metodo eraginkorrenetako bat dela, zirkulazio-abiadura bidean ezarritako abiadura-mugen barruan manten dadin lortzeko.

Bide-segurtasuna indartzeko eta zirkulazioa arintzeko, egokitzat jo da ebazpen honetan aipatzen den bide-tartean irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko zenbait tresna, zinemometroen osagarri, instalatzea eta erabiltzea.

Aurreko guztiagatik eta uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren (Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duena) hirugarren xedapen gehigarrian eta abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eta Trafiko Zuzendaritzari esleitzen zaizkion eginkizunak betetzeko (Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 17.3 artikulua), hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Trafikoaren kontrola, erregulazioa, zaintza eta diziplina helburu, irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko dispositibo batzuk, zinemometroen osagarri, instalatzeko eta erabiltzeko baimena ematea, hurrengo bide eta kilometro-puntuan ezarriko den kabina batean:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Abiadura kontrolatuko den kilometro-puntuan, herritarrei horretarako egokiak diren seinale informatiboen bidez ohartaraziko zaie zinemometroa badagoela.

Hirugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak arau-hauste horiei dagozkien zehapen-prozedurak tramitatzeko eta ebazteko eskumena duten organoetara helaraziko dira. Grabazioetan jasotako ekintzetatik ez-zilegi penalen bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazio horiek eskumena duen agintaritza judizialera bidaliko dira.

Laugarrena:- Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Datu Pertsonalen Tratamendu-jardueren Erregistroaren parte izango dira, eta Trafiko Zuzendaritzaren aurrean erabili ahal izango dira datuetara sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, datuen eramangarritasunaren gaineko eskubidea eta datuen tratamendua mugatzeko eta horri aurka egiteko eskubideak.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari jakinarazi behar zaio, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimena eman eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak bere laugarren ataleko bigarren paragrafoan ezarritakoa betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 8an.

Trafiko zuzendaria,

ESTIBALIZ OLABARRI GONZALEZ.


Azterketa dokumentala