170. zk., 2024ko irailaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (222 KB - 13 orri.)
- EPUB (261 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4073
AGINDUA, 2024ko abuztuaren 6koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailbururena, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko deialdia egiten eta arautzen duena.
Euskadiko Autonomia Estatutuaren 12. artikuluak Autonomia Erkidego honi esleitzen dio lan-arloko Estatuko legediaren betearazpena. Aldi berean, Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak adierazten duenez, «Langileen sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babesteko eta sustatzeko». Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak sindikatuei egiten dien aipamenak esan nahi du «Espainiako konstituzio-sistemaren oinarrizko osagaia» direla (1996ko abenduaren 17ko 210/1996 Konstituzio Auzitegiaren Epaia). Konstituzio-aitorpen horrekin, sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak aintzat hartzen dira, alderdi politikoekin batera (Espainiako Konstituzioaren 6. artikulua), Espainiako Konstituzioaren arabera Zuzenbide-estatu soziala eta demokratikoa osatzen duten elkarte gisa.
Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluaren aitorpenak, lehenik, jarduera-esparru subjektiboaren hedaduran eragiten du. Erakunde sindikalei ematen zaien garrantzi publikoaren ondorioz, erakunde horiek sindikatu bakoitzeko afiliatuen ordezkaritzan eta defentsan jarduteaz gain, langile guztien ordezkaritzan ere jarduten dute.
Aipatutako arauak erakunde sindikalei esleitzen dien izaerak, bestetik, sindikatuek lortu beharreko helburuei eragiten die. Espainiako Konstituzioaren 7. artikulu horrek berak zehazten du erakundeon helburuen berariazkotasuna. Arau horren arabera, «Langileen sindikatuek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babesteko eta sustatzeko». Interes ekonomiko eta sozialak aipatzeak sindikatuen helburu zilegien askotarikotasuna dakar. Helburuok hertsiki lan-arlokoak izan daitezke –lan-baldintzak defendatzea enpresaburuaren aurrean–, baina baita arlo sozio-politikokoak ere, botere publikoen aurrean defendatzekoak –langileen bizi-baldintzen defentsa, gizatalde diren aldetik–.
Erakunde sindikalen izaera berezia oro har elkarteetatik bereizitako araubide juridiko bat izatean ere islatzen da. Erregimen juridiko hori Espainiako Konstituzioaren 28.1 artikuluan eta Sindikatu-askatasunaren abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan oinarritzen da. Aurreko horren froga da, halaber, Elkartze Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 1.3 artikulua sindikatuen berariazko legedian ezarritakoari lotzen zaiola. Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak agintzen duenez, erakunde sindikalen sorrera-askatasuna eta jardunbidea bermatu behar ditu lege-esparruak, eta erakundeon sorrera eta jardunbidea Konstituzioaren eta Legearen araberakoak izan behar dira.
Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen finantzaketa-bideetako bat dirulaguntza publikoak dira. Erakundearen funtzionamendu-gastuei eta erakundearen helburuekin loturiko beste jarduera batzuei aurre egiteko laguntza gisa justifikatzen dira. Laguntza horiek, halaber, erakunde publikoetan parte-hartze instituzionala izateak dakartzan gastuei aurre egiteko balio dute.
Erakunde sindikalak eta enpresaburuen elkarteak ekonomikoi laguntzeko politika publikoek arazo nagusi bat dute; alegia, botere publikoek langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean eskurik ez sartzeko betebeharrarekiko bateragarritasuna. Zehazki, erakunde sindikalen ikuspegitik, aipatutako politikak sindikatu-askatasuna urratu dezakete bi alderditan, banakorenean eta kolektiborenean. Banakoaren askatasuna urratu dezake, sindikatu-askatasunari eragin diezaiokeelako, langileak sindikatu jakin batzuetara afiliatzera bultzatzen baditu. Kolektiboaren askatasuna urratu dezake, berriz, sindikatu batzuk lehenesten baditu beste batzuen aldean eta sindikatu-jarduera askea oztopatzen badu.
Erakunde sindikalen eta enpresaburuen elkarteen finantzaketa publikoari buruz, Konstituzio Auzitegiak adierazi izan du elkarteok bitarteko ekonomikoz hornitzeko politika publikoak ez direla langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean Estatuak eskua ez sartzeko printzipioaren aurkakoak; izan ere, Espainiako Konstituzioak aitortzen dizkion funtzioak betearazteko ezinbestekoak dira erakunde sendo eta ekintzarako bitartekoz hornituak.
Askatasun sindikalak, zeinak askatasun-alor bat bermatzen baitie sindikatuei administrazio publikoen esku-hartzerik gabekoa, ez ditu debekatzen, ordea, egintza sindikala sustatu edo sindikatuaren indarra handitzea bilatzen duten ekintza publikoak, betiere sindikatuaren autonomia murriztu gabe.
Alde horretatik, lan-arloan eskumena izan duten sailek eta, gaur egun, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, dirulaguntzak eman dizkiete sindikatuei, beren helburuen barruan jarduerak egiteko baldintzapean.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean, 03. atalean, 3112 programan (Lana eta Enplegua), kreditu bat ezartzen da erakunde sindikalentzat, erakunde sindikal guztiek beren hauteskunde-ordezkaritzaren arabera egin beharreko jarduerak diruz laguntzeko.
Dirulaguntza horiek emateko irizpidea onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakunde sindikal eskatzaileen ordezkaritzan oinarritzen da; neurri hori 2023ko abenduaren 31n lortutako hauteskunde-audientziaren araberakoa izango da, eta erakunde sindikal horiek hauteskundeetan lortutako emaitzak azaltzen dituen akreditazio-ziurtagiriaren bitartez dokumentatu beharko diete enpresetako langileen ordezkariei eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoei.
Horri dagokionez, Jurisprudentzia desberdina, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Hirugarren Salaren jurisprudentzia errepikatua hartu behar dira kontuan; izan ere, jurisprudentzia hori eskatzen ari da erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko arauetan diskrezionalitatea eta zehaztugabetasuna saihesten duten alderdiak sartzeko, eta erakunde onuradunek justifika dezatela dirulaguntzak ematea eragin duen helburua bete dela.
Adierazitako zentzuan, sindikatu-ordezkagaitasuna erreferentziazko eta beharrezko faktorea da dirulaguntza hauek zehazteko, izan ere Sindikatu-askatasunari buruzko Lege Organikoak espresuki ezartzen baitu sindikatuaren entzunaldiaren irizpidea –lantokietako ordezkaritza bateratuko hauteskunde-emaitzekin neurtzen dena– dagoeneko usadiozko irizpidea dela gure ordenamenduan. Hain zuzen ere, lege horretako 6.3 artikuluan jasota dago ordezkaritza handiena duten sindikatuei alderdi desberdinetatik aitortu behar zaiela ordezkaritza-gaitasuna, lantokietako eta haietatik kanpoko lan-harremanen demokratizaziorako tresna gisa, Konstituzioaren 7., 9.2 eta 129. artikuluak betez.
Gainera, kontuan hartu behar da aipatutako sindikatu-ordezkagaitasuna erabiltzen dela sindikatuek administrazio publikoetan edo beste hainbat arlotako erakunde edo organismoetan daukaten ordezkaritza instituzionalaren irizpide nagusi gisa, eta, horregatik, oso egokitzat jotzen da faktore hori erabiltzea deialdi honetako dirulaguntzetara bideratutako kredituak banatzeko formula ere zehazteko.
Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluak ezartzen duenez, xedapen honen bidez deitutako dirulaguntzen lerroa Lan eta Enplegu Sailaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren Aginduan aurreikusita dago. Agindu hori modu digitalean sinatu zen 2024ko martxoaren 5ean, eta Lan eta Enplegu Sailari dagokion gunean argitaratu zen, www.euskadi.eus webgunean.
Horrenbestez, aipatutako helburua betetzeko eta aurrekontu-aurreikuspen hori gauzatzeko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 10.1 artikuluan eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 3.2.e) artikuluan ezarritako eskumena baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea, 2024rako, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko oinarriak, agindu honen I. eranskinean jasotzen direnak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.
Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENEKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 6a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzea 2024ko ekitaldirako, erakunde horien jarduera sindikalak eragindako ohiko gastuak finantzatzeko eta sindikatu horien bulegoen eta zerbitzuen funtzionamenduak 2024. urtean zehar eragindako gastuei aurre egiteko.
2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren aurrekontu-kredituarekin ordainduko dira. Adierazitako kredituaren zenbateko banakatua hauxe da: 878.662,00 euro 2024rako ordainketa-kreditu gisa, eta 219.666,00 euro 2025erako konpromiso-kreditu gisa.
2. oinarria.– Erakunde sindikal onuradunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan 2023ko abenduaren 31n ordezkaritza duten eta 2024. urtean jarduerak gauzatzeko asmoa duten erakunde sindikalak izan daitezke agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunak.
Erakunde sindikalen ordezkaritza Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publiko eskudunak horretarako emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da, eta ziurtagiri hori espedienteari erantsiko dio deialdi hau kudeatzen duen organoak berak. Ziurtagiri horretan espresuki jasoko dira 2023ko abenduaren 31n erregistratutako hauteskunde sindikalen emaitzak.
2.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde sindikalek ezin izango dituzte agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratu honako egoera hauetakoren batean badaude:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak, edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio Publikoen Zerbitzura dauden Langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat badute, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
f) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean ez egotea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzko agindua).
g) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatu araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
h) LGTBI-fobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne hartuta (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
i) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, salbu eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu bada.
j) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
3. oinarria.– Izapidetze telematikoa.
1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta laguntzak emateko deialdi honetan sartzen diren gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.
2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabiliko da, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1059007
Izapideak bide elektronikoz egiteari buruzko jarraibideak aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.
3.– Espedienterako sarbidea, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta agindu honetan sartzen diren eskabidearen ondorengo gainerako izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu behar izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta.
3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
5. oinarria.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea egiteko formulario elektronikoa bete beharko da. Agindu honen I. eranskinean zehazten dira formularioaren konfigurazioa eta edukia. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1059007
2.– Eskabide-orrian bertan jasoko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez honako baldintza hauek egiaztatuko dira:
a) Helburu bererako diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabide batzuen egoera (eskatuta, jasota edo izapidetzen), edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
b) Eskatutako laguntza jarduera berberetarako aitortu edo ordaindutako beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketarik ez izatea, laguntza likidatu arteko aldian helburu bererako etorkizunean jaso ditzakeenak jakinarazteko betebeharrari kalterik egin gabe.
c) Ez egotea agindu honen II. eranskinaren 2.2 oinarrian ezarritako kausaren baten eraginpean, ezta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako kausaren baten eraginpean ere.
d) Erakunde eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritako baldintzetan. Agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
e) Dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta eskabide eta dokumentazioan jasotako datuak osoak eta egiazkoak direla, eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzen duela.
3.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Erakunde sindikalak dagokion administrazio-erregistroan izena emana duela frogatzen duen agiria. Erakunde sindikalek beren estatutuak Enpresa Elkarteen eta Erakunde Sindikalen Erregistroan gordailututa badituzte, ez dute zertan aurkeztu dokumentazio hori, betiere, aurrez, deialdia kudeatzen duen organoari hori egiaztatzeko baimena ematen badiote.
b) Sinatzailea identifikatzea, edo, hala badagokio, deialdia kudeatzen duen organoari eman zaion baimena, hori egiaztatzeko, eta ordezkotza egiaztatzen duen agiria; edo erakundearen organo eskudunak egindako egiaztagiria, sinatzaileak erakunde horren izenean jarduteko daukan gaitasuna egiaztatzen duena.
c) 2024. urtean egingo diren jarduera eta gastuen aurreikuspena azaltzen duen memoria, memoria horretan deskribatutako jardueren kostuaren aurrekontu xehatua barne. Jarduerak finantzatzeko beste baliabide batzuk daudela adierazi egingo da, halakorik egonez gero.
4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira, hurrenez hurren, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoak. Espedientea kudeatzen duen organoak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean bilduko ditu dokumentu horiek. Hala ere, erakunde eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du; kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
Egoitza beste autonomia-erkidego batean duten eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak elkarreragingarritasun-zerbitzurik ez duen erakunde eskatzaileen kasuan, zerga-betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.
6. oinarria.– Eskabidearen akatsak konpontzea.
Dirulaguntza eskatzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoa betez.
7. oinarria.– Dirulaguntza erabakitzeko irizpideak.
Laguntzak emateko prozedura lehia-konkurrentzia da, hainbanaketarekin.
Agindu honen helburu diren dirulaguntzei erantzuteko esleitutako kreditua proportzionalki banatuko da erakunde sindikal eskatzaileen artean, daukaten ordezkaritza kontuan hartuta, betiere, 2023ko abenduaren 31n hauteskundeetan izandako emaitzen arabera, eta muga ezarriko du diruz lagundu daitezkeen egiaztatutako gastuen araberako zenbateko errealak.
8. oinarria.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.
1.– Agindu honen bidez emandako dirulaguntza bateragarria da beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik lor daitezkeen laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta agindu honen lehenengo ebazpen-zatian deskribatutako jarduerak finantzatzea xede badute.
2.– Nolanahi ere, laguntza guztien batura ezingo da izan, inola ere, jardueren benetako kostua baino handiagoa, hau da, ezingo da gainfinantzaketarik eman. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntza honen zenbatekoa murriztu egingo da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
9. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea.
1.– Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzako teknikariek izango dute agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren berariazko ebazpenaren bidez eman eta ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.
Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeak jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Ebazteko eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu honek ondorioak dituenetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
10. oinarria.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpenaren aldaketa.
Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edonola ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzen onuradun izateko arauetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
Agindu hau aldatu ahal izango da, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak gerora sortutako edo aurreikusi ezin diren gorabeherek aldatzen badute, betiere aldaketa horiek ez badute emandako dirulaguntzaren izaera edo helburuak indargabetzen, aldaketak ez badie kalterik egiten hirugarrenen eskubideei, eta aldaketa-eskaera jarduera egiteko epea amaitu baino lehen aurkezten bada. Kasu horretan, jarduketa-plana aldatzeko proposamena organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak agertu bezain laster. Hori horrela, aldaketa, dirulaguntza ematen duen organoaren onarpenaren mende egongo da.
11. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Oro har, erakunde onuradunak betebehar hauek izango ditu:
a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea.
b) Organo emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.
c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
d) Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari jakinaraztea, idatziz, beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak edo laguntzak.
e) Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari jakinaraztea, idatziz, dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektiboren aldaketa, eta Zuzendaritza horrekin lankidetzan aritzea egoera horien egiaztapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
f) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
g) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
h) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan aurreikusitako beste edozein.
2.– Zehazki, erakunde onuradunak betebehar hauek izango ditu:
a) Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari justifikatzea, 2024ko abenduaren 16a baino lehen, dirulaguntzen xedea bete dela; horretarako, 2024an egindako jardueren eta gastuen azalpen-memoria aurkeztu beharko da. Justifikazioa emandako dirulaguntzaren % 80koa izango da gutxienez.
Gainerako ehunekoari dagokion justifikazioa, aurrez dirulaguntza osoa justifikatu ez bada, 2025eko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean egin beharko da, eta azalpen-memoria ere aurkeztu beharko da.
Aipatutako memoriei gastu arrunten eta funtzionamendu-gastuen zerrenda erantsi beharko zaie, kontuan hartuta eskuratze-kostua ezin dela izan merkatuko balioa baino handiagoa –nominak, fakturak, eta abar–, eta horien originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta hala badagokio, kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duten TC kotizazio-buletinak ere.
b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean erakunde sindikalek berariaz onartzen ez badute, eskaerari uko egiten diotela ulertuko da.
12. oinarria.– Ordaintzeko modua.
Ordainketa zatika egingo da, era honetan:
a) Lehenengo ordainketan dirulaguntzaren % 80 ordainduko da, agindu honetako 11. artikuluak zehazten dituen memoria eta agiriak aurkeztu ondoren.
b) Bigarren ordainketa, alegia, dirulaguntzaren gastu osoa justifikatu osteko ordainketari dagokiona, 2025erako konpromiso-kredituaren kontura ordainduko da.
Entitate eskatzaileak Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar dute, ordainketak egin ahal izateko, betiere, aldeko ebazpena eman bada.
Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko du interesdunak, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
13. oinarria.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.
1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu (halakorik ezarri bada), dirulaguntza galdu egingo da, eta bi hilabeteko epean itzuli egin beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa ere. Horretarako, Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 75 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.
3.– Erantzukizunen araubidea, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa izango da.
14. oinarria.– Datuen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesa eta datu horien zirkulazio askea arautzen duena eta 95/46/EE zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa aintzat hartuta, deialdi horretako parte-hartzaileen datu pertsonalak «sindikatuen ordezkaritzagatiko dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Jarduera horren helburua erakunde sindikalei beren ordezkaritzaren arabera dirulaguntzak izapidetu eta ematea da eta tratamenduaren arduraduna Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza da. Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako eginkizun bat betetzeko, elkartze sindikalerako eskubidea arautzen duen apirilaren 1eko 19/1977 Legearen eta sindikatu askatasunari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren babespean. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko eskubideak ere, tratamenduaren arduradunaren aurrean.