170. zk., 2024ko irailaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (234 KB - 19 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4072
AGINDUA, 2024ko uztailaren 16koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024. eta 2025. urteetan euskal kultura-ondarea babestera bideratutako ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzak emateko araubidea iragarri eta arautzen duena.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak, 10. artikuluko 19. apartatuan, Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) ematen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumen esklusiboa, eta Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen du ondare hori esportaziotik eta espoliaziotik babesteko Estatuak ezartzen dituen arauak eta betebeharrak betetzea.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 1. artikuluan jasotzen duenez, EAEko euskal kultura-ondarerako ezartzen den araubide juridikoaren helburua da ondare hori babestea, kontserbatzea eta balioestea, bai eta pertsona guztiek irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan ezagutu, ikertu, zabaldu eta gozatu ahal izatea ere, betiere baldintzek ahalbidetzen badute, bai egungo belaunaldiarentzat bai etorkizuneko belaunaldientzat.
Maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 79.2 artikuluak, sustapen-neurriei dagokienez, ezartzen du Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta udalekin lankidetzan, kultura-ondareari buruzko ikerketa eta prestakuntza sustatuko dituela. Ondare hori, orain dela urte batzuetara arte, ondare historiko-arkitektonikora eta arkeologikora mugatzen zen, baina urteak igaro ahala, komunitate zientifikoak ia landu gabeko eremuetara zabaldu da, industria-ondaretik ondare immaterial edo ukiezin izenekora, eta, nola ez, memoria historikoaren ondarera, ondare higigarriaz gain. Hori guztia, ondare horien identifikazioan eta balorazioan genero-ikuspegia txertatzeko beharra ahaztu gabe.
Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak esleitzen dizkion eskumenak garatzen ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuarekin bat etorriz (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zk.).
Helburu horrekin, agindu honek kultura-ondarearen babesari aplikatutako ikerketa-proiektuak egiteko dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautzen dituen esparrua ezartzen du, eta dirulaguntza horien deialdia egiten du 2024an eta 2025ean gauzatzeko.
Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan formulatutako helburu estrategikoei lotuta dago eta horiei erantzuten die. Plan estrategiko hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen (agindu hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 28ko Aginduaren bidez aldatu zen, batetik, sailaren 2024ko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen duena eta, bestetik, 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duena). Bi planak eskuragarri daude hemen: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdiko laguntzen helburua euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuei buruzko ikerketa-lanak egitea da, adierazpen immaterialak izan ezik, haien ezaugarriei eta/edo EAEko kultura-ondarearen ikuspegitik duten garrantziari buruzko ezagutza berria sortzen dutenak, kultura-ondarearen ikuspegitik balorazio kritikoa egiten laguntzeko eta haren babesa hobetzeko, ondare material higiezina eta higigarria barne.
2. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira ezagutza handiagoa lortzen laguntzen duten ikerketa-proiektuak, bai eta euskal kultura-ondarea babesteko irizpide funtsatuak ezartzen eta tresna erabilgarriak prestatzen laguntzen dutenak ere. Proiektu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-ondare materialari buruzkoak izango dira beti, eta iturri dokumental, bibliografiko, arkeologiko, toponimiko, grafiko eta bisualetara jo beharko dute, bai eta ahozko transmisio-iturrietara ere.
2.– Dirulaguntza-lerro honetatik kanpo geratzen dira:
a) Kultura-ondare immateriala ikertzeko jarduerak.
b) Laborategi edo profesional espezializatuek analitikak soilik egitea xede duten proiektuak, adibide gisa eta zehaztasun-asmorik gabe: datazio absolutuak, dendrokronologia, DNAren analisiak edo biologia molekularra, isotopo egonkorrak, etab. Hala ere, kultura-ondarearen, ondare higigarriaren edo higiezinaren ikerketa-gai bat planteatzen duten proiektuek dirulaguntza jaso ahal izango dute, baldin eta analitiketara jo behar badute laguntza gisa edo proiektuaren xede den ondarea ikertzeko erabilitako informazioa hobetzeko edo zehazteko. Nolanahi ere, analisi horien izaera osagarria eta ez zentrala berariaz justifikatu beharko da proiektuan.
c) Kultura Ondarearen Zuzendaritzak deialdi honen aurretik formalizatutako kultura-ondarearen katalogoak egitea planteatzen duten proiektuak.
d) Jarduera bakar edo nagusitzat iturri bibliografikoetan, ahozko iturrietan, artxibo-, dokumentazio- eta museo-funtsetan, memorietan eta dokumentazio arkeologikoan bildutako datuak edo informazioa hustea eta biltzea duten proiektuak, zabaltzeko edo argitaratzeko, edo datu-baseetan, informazio dokumental eta/edo geografikoko sistemetan edo higiezinen dokumentazio geometrikoan gerora ikerketak egiteko iturri gisa, edo dokumentu edo ondare-objektuen irudi edo eredu digitalak lortzea duten proiektuak.
e) Landa-lan arkeologikoak, hala lurpean nola eraikinetan (altxaeren analisia), foru-aldundiek abian jarritako beste dirulaguntza-lerro batzuetan diruz laguntzen direnak, baldin eta ikerketaren xede nagusia badira.
f) Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aplikatuz nahitaez egin behar diren lan arkeologikoak, babes bereziko eta ertaineko kultura-ondasun deklaratutako eremu arkeologikoei eragiten dieten edozein motatako lanen ondorioz, bai eta ustezko arkeologia-eremuei eragiten dietenak ere.
g) Foru-aldundiak edo beste administrazio publiko batzuk giza baliabide propioekin edo kontratazio bidez egiten ari diren ikerketa-jarduerak.
3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.
1.– Dirulaguntza hau eskatu eta lortu ahal izango dute pertsona fisikoek eta pertsona juridiko pribatuek, baldin eta sozietatearen xede edo helburu sozial gisa kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatzea badute.
2.– Ezin izango dituzte laguntza hauek jaso sektore publiko instituzionala osatzen duten erakundeek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera.
3.– Era berean, dirulaguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeek, ondasun-erkidegoek edo bestelako edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizik, baldin eta, nortasun juridikorik izan ez arren, ikerketa-lanak egin baditzakete.
Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta horietako bakoitzari aplikatuko zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar gisa jardungo duen pertsona bat izendatu beharko dute, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Elkartea ezin izango da desegin Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideen legezko preskripzio-epea igaro arte.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako xederako, 190.000 (ehun eta laurogeita hamar mila) euro bideratuko dira. Horietatik, 95.000 (laurogeita hamabost mila) euro 2024ko ekitaldiko aurrekontuari dagozkio, eta 95.000 (laurogeita hamabost mila) euro 2025eko konpromiso-kredituei.
5. artikulua.– Muga edo gehieneko zenbatekoa, diruz lagun daitezkeen gastuak eta dirulaguntzaren bateragarritasuna.
1.– Onartutako aurrekontuan jasotako diruz laguntzeko moduko gastuen ehuneko ehun (% 100) hartu ahal izango dute dirulaguntzek, proiektu bakoitzeko 15.000 (hamabost mila) euro gainditu gabe, eta, betiere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-kontsignazioen barruan.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira lana gauzatzetik zuzenean eratorritako gastu guztiak, baldin eta lana justifikatzeko epea amaitu baino lehen egin badira eta agindu honen 21. artikuluan ezarritako epemuga badute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 83. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Zehazki, gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:
a) Langile-gastuak, barnean hartuta pertsona fisiko onuradunek egindako lanaren ordainsaria, beka gisa, pertsona edo erakunde onuradunak kontratatutako eta ikerketa-lana egiteko atxikitako pertsonen soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak, eta hirugarrenen zerbitzu profesionalak.
b) Kontsumigarriak, erremintak eta tresnak erosteko gastuak, eta landa-lanerako norbera babesteko ekipamenduak (NBE). Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira, halaber, landa-lana egiteko ibilgailu motordunen alokairuak eragindakoak, bai eta lurrak mugitzeko makinarenak eta ikerketaren xede diren elementuen topografiarako, dokumentazio geometrikorako edo dokumentazio fotografikorako bestelako tresna espezializatuenak ere.
c) Landa-lanetan parte hartzen duten pertsonen bidaia- eta mantenu-gastuak. Dirulaguntza jaso ahal izango dute soilik arrazoituta badaude eta landa-lanak egiteko behar-beharrezkoak badira. Proiektuan esplizituki justifikatu beharko dira, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan dagokion partida ekonomikoarekin. Bidaia-gastuei dagokienez, diruz lagundu ahal izango dira garraiobide publikoak erabiltzeagatiko gastuak eta norberaren ibilgailua edo alokatutako ibilgailua erabiltzeagatiko bidaia-kalte-ordainak. Azken horiek, gehienez ere, 0,29 €/km ordainduko dira. Hala badagokio, diruz lagundu ahal izango dira landa-lanak egiteko beharrezkoak diren autobideetako bidesariak eta aparkaleku-gastuak. Garraio publikoan egindako joan-etorriak diruz lagunduko dira, bidaia-titulua edo dagokion faktura aurkeztuta egiaztatutako zenbatekoaren arabera. Ostatu-gastuak gehienez 100 eurokoak izango dira pertsonako eta eguneko. Mantenu-gastuak diruz lagundu ahal izango dira, bazkariak badira; gosariak eta afariak, berriz, landa-lanean etxetik kanpo bidaiatu eta lo egin behar duten pertsonentzat baino ez dira diruz lagunduko, eta ostatu-erregimenak ez ditu zerbitzu horiek barnean hartzen. Landa-lanak egiten diren lekuaren kokapena dela eta, eraginkorragoa bada elikagaiak edo prestatutako produktuak erostea ostalaritzako establezimendu batera joateko, erosketa horiek diruz lagundu ahal izango dira. Mantenu-gastuetarako dirulaguntza gehienez 42 eurokoa izango da pertsonako eta eguneko.
d) Administrazio-gastu espezifikoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta badaude eta ezinbestekoak badira behar bezala prestatu edo gauzatzeko, eta, betiere, proiektuaren aurrekontuan berariaz aurreikusita eta kuantifikatuta badaude. Gehienez ere, diruz lagundutako programari egotz dakizkiokeen zuzeneko kostuen % 10 lagundu ahal izango da diruz.
4.– Ez dira diruz lagunduko balio erantsiaren gaineko zergari dagozkion gastuak, pertsona edo erakunde onuradunek berreskuratu edo konpentsatu ditzaketen heinean. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa aurreikusitako zuzeneko gastuen eta egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da. Pertsona edo erakunde eskatzaileak eskabidean adierazi beharko du, erantzukizunpeko adierazpen bidez, dirulaguntzaren xede diren eragiketetan jasandako BEZa osorik edo zati batean kentzeko edo berreskuratzeko eskubidea duen.
5.– Deialdi honetan ezarritako mugak errespetatuz, dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da. Nolanahi ere, pertsona edo erakunde onuradunak berariaz hitzeman beharko du ez duela gainfinantzaketarik izango. Horretarako, eskabide-orrian egindako adierazpena aurkeztu beharko du.
6. artikulua.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek bete beharreko betekizunak.
1.– Jarduteko gaitasun osoa izatea.
2.– Pertsona juridikoen kasuan, xede edo helburu sozial gisa kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatzea izan beharko dute.
3.– Ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako kasuetako batean dauden pertsonak edo erakundeak.
Hona hemen kasu horiek:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideren batean sartuta egotea, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.
f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez izatea, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
h) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta izatea ebazpen irmo baten bidez, lege honen edo hori ezartzen duten beste batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua, zehatuta egotea arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatu gabe.
7. artikulua.– Zuzendaritza zientifikoa eta proiektuen betekizunak.
1.– Bai eskabidea pertsona fisiko batek aurkezten badu, bai pertsona juridiko batek aurkezten badu, lana banaka edo taldean egin ahal izango da.
2.– Nolanahi ere, lana banaka egiten duen pertsonak edo, hala badagokio, talde baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsonak lizentzia edo gradu baten titulua edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria izan beharko du. Ikasketa-arlo hauetako batean oinarrituko da ikasketa-plana: Historia, Artearen Historia, Arkeologia edo Kultura Ondarea. Bestela, balioduna izango da, halaber, graduondoko titulu ofizial bat –IAD, master edo doktoretza–, baldin eta titulu hori lortzeko ikerlanak lotura zuzena badu jakintza-arlo horiekin.
3.– Proiektu baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsona deialdi honetara aurkeztutako proiektu bakarrean bakarrik egon ahal izango da halakotzat.
4.– Dirulaguntzaren eskatzaile gisa pertsona fisiko bat agertzen bada, eskatzaile horrek berak hartuko du bere gain proiektuaren zuzendaritza zientifikoa, edo berak bakarrik egingo du proiektua, eta, horretarako, artikulu honen 2. puntuan adierazitako kualifikazio zientifiko-akademikoaren baldintza bete beharko du. Eskatzaile gisa pertsona juridiko bat edo pertsona fisiko eta/edo juridikoen talde bat agertzen bada, artikulu honen 2. puntuan ezarritako titulazio-baldintzak betetzen dituen pertsona bat izendatu beharko du proiektuaren zuzendaritzaren arduradun. Nolanahi ere, pertsona fisiko edo juridiko berak ezin izango du dirulaguntza bat baino gehiago jaso, ez banaka ez talde bateko kide gisa.
5.– Proiektuaren zuzendariak unibertsitateko irakasle baten edo doktore-titulua duen eta unibertsitate edo erakunde zientifiko batekin estatutu- edo lan-lotura iraunkorra duen pertsona baten berme zientifikoa izan beharko du. Abal honetatik salbuesten dira doktore-titulua duten eskatzaileak, baldin eta agindu hau argitaratzen den egunean unibertsitateetako eta ikerketa-erakunde publikoetako irakasle eta ikertzaileen (irakasle ikertzaileak) edo irakasle eta ikertzaileen (ikertzaileak) plantillan badaude modu iraunkorrean.
8. artikulua.– Azpikontratazioa.
1.– Onuradunak hirugarrenekin kontratatu ahal izango du zati batean diruz lagundutako jarduera gauzatzea, aurrekontuaren % 80ra arte, kontratu guztien prezioak batuta. Ondorio horietarako, azpikontrataziotzat joko da dirulaguntzaren xede den jarduera hirugarrenekin hitzartzea. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da pertsona edo erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
2.– Jarduera Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera azpikontratatu beharko da, eta, beraz, dirulaguntzaren onuradunek ezin izango dute diruz lagundutako jardueren egikaritze partziala itundu 20/2023 Legearen 31. artikuluaren 7. apartatuan ezarritako kasuren batean dauden pertsonekin edo erakundeekin.
9. artikulua.– Proiektuak egiteko epea.
Diruz lagundutako proiektuak 2024ko ekitaldian hasi beharko dira. Amaitzeko azken eguna 2025eko urriaren 31 izango da, eta ezin izango da exekuzio-epea data horietatik aurrera atzeratu edo luzatu.
10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Dirulaguntza hauen xedea eta helburua kontuan hartuta, pertsona fisikoek bitarteko elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak, Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1c) artikuluan xedatutakoaren arabera. Pertsona juridikoak ere behartuta egongo dira harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera, administrazio-prozeduraren edozein izapide egiteko.
3.– Eskabide-inprimakia, bai eta horiek aurrez aurre nahiz elektronikoki izapidetzeko zehaztapenak eta ereduak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, artikulu honen 5. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan.
4.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030009
5.– Eskaeraren osteko izapideak egoitza elektronikoaren bidez egingo dira, eta artikulu honen 4. apartatuan adierazitako helbidetik sartu ahal izango da, edo, bestela, zuzenean sartu ahal izango da dagokion espedientera, Nire Karpetatik, helbide honetan: www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Halaber, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
7.– Egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
8.– Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari den pertsona fisiko edo juridiko batek egin ahal izango ditu, betiere modu elektronikoan. Horretarako, ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
11. artikulua.– Pertsona edo erakunde eskatzailearen eta proiektuaren zuzendaritza zientifikoa egiten duen edo bere gain hartzen duen pertsonaren betekizunak egiaztatzea.
1.– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileen edo, hala badagokio, ordezkatzen dituen pertsona fisikoaren nortasunaren egiaztapena automatikoki egiaztatu ahal izango du organo kudeatzaileak, pertsona fisiko edo erakunde eskatzaileen baimenik behar izan gabe. Hala ere, pertsonak edo erakundeak espresuki uko egin ahal izango dio organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatzeari, eskaeran dagokion aukera markatuta, eta, orduan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.
2.– Dirulaguntza pertsona juridiko batek eskatzen badu, haren xede edo helburu sozialean kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatu izana egiaztatzeko, erakundearen estatutuen edo eratze-eskrituren kopia aurkeztu beharko da.
3.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, baimena eskatu beharrik gabe, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuz. Pertsona eta erakunde eskatzaileek berariaz adierazi ahal izango dute uko egiten diotela zuzeneko egiaztapen horri, baina, kasu horretan, eskabidearekin batera, baldintza hori betetzen dutela egiaztatzeko behar diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte. Hala ere, pertsona fisikoek egiaztapen sinplifikatua egin ahal izango dute, erantzukizunpeko adierazpen bidez, agindu honen 10. artikuluan adierazitako lekuetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Ordainketak egunean izatea eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea eskatzen diren baldintzak dira, bai onuradun izateko, bai onuradun izaten jarraitzeko.
4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, eskaera-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
a) Helburu berberarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk egindako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarreren eskabideak jakinaraztea, baldin eta eskabidea izapidetzeko unean oraindik ebatzi gabe badaude edo, hala badagokio, lortu badira. Halaber, gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa jakinaraztea.
b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.
c) Eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bateginaren arabera eta Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutakoaren arabera sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik jarritako administrazio-zehapen edo zehapen penalak barne.
d) Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan laguntza hauen onuradun izateko ezarritako betekizunak.
5.– Bai pertsona fisikoen kasuan, bai pertsona juridikoen kasuan, unibertsitate-tituluen arloan eskumena duen ministerioaren mendeko erregistroan kontsulta eginez egiaztatuko da pertsona edo erakunde eskatzaileak alegatzen duen titulazioa, 7. artikuluan proiektua zuzentzeko eskatzen dena. Hala ere, 1992. urtea baino lehen lortutako tituluak egiaztatzeko, tituluaren kopia edo titulu horiek eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren kopia aurkeztu beharko da. Ikerketa-lanaren zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsonak berariazko baimena eman ondoren egingo da kontsulta.
Lanaren zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsona 7.2 artikuluaren kasuan badago, alegatutako graduondoko tituluaz gain, eskabidean adierazi beharko du alegatutako ikerketa-lana gordailututa edo argitaratuta dagoen doako sarbide publikoko biltegiaren URL helbidea, edo emaitzak jasotzen dituen artikulu zientifikoa, organo kudeatzaileak kontsulta dezan.
Ikerketa-lana ez badago erabilera publikoko eta doako biltegi batean jarrita, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da baldintza hori egiaztatzeko:
– Graduondoko titulua (ikertzeko nahikotasunaren ziurtagiria edo IAD) edo Master Amaierako Lana lortzeko aurkeztutako ikerketa-lanaren kopia, edo haren emaitzak jasotzen dituen artikulu zientifiko argitaratu bat, inguruabar hori edukian zehaztuta.
– Alegatutako titulua doktoregokoa bada, Unibertsitateak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, doktorego-tesiaren defentsa egiaztatzen duena, egilea, titulua eta lortutako kalifikazioa adierazita. Laguntzak kudeatzen dituen zuzendaritzak informazioa zabaltzeko eskatu ahal izango du, doktorego-tesiaren edukiaren lagin bat aurkeztuz, edo emaitzak argitaratu dituen artikulu edo monografia bat aurkeztuz, baldin eta uste bada tesiaren tituluak ez duela behar beste adierazten egindako ikerketaren xedea, betekizuna betetzen dela ziurtatzeko.
6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak eskubidea izango du administrazio publikoen esku dauden datu eta dokumentuak ez aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren arabera. Kasu horretan, adierazi beharko da zein administrazio-organotan eta zein unetan aurkeztu ziren, eta interesdunaren berariazko baimena aurkeztu beharko da, eskatzailea ez diren hirugarrenen datu pertsonalak dituzten kasuetarako.
12. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu eskatzaileak:
1.– Egin beharreko ikerketa-proiektuaren memoria. Memoria horrek 40.000 karaktere izango ditu gehienez, zuriuneak zenbatu gabe, eta epigrafe hauetan egituratuta egon beharko du:
– Izenburua.
– Proiektuaren aurkezpena.
– Proiektuaren helburu zehatzak (dirulaguntzaren iraupena kontuan hartuta).
– Gaiaren interesa eta ikerketen egungo egoera.
– Hipotesiak, metodologia eta lan-plana, dagokion kronogramarekin.
– Hala badagokio, proiektua gauzatzen lagunduko duen gizataldearen osaera, bere gain hartuko dituen edo lagunduko dituen lanak adierazita.
– Iturri eta bibliografia espezifikoak.
– Ikerlanaren testuan erabiliko diren hizkuntza koofizialak: euskara, gaztelania edo elebiduna (testu osoa bi hizkuntzetan).
2.– Proiektuaren zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsonaren eta proiektua gauzatzen lagunduko duten langile kualifikatuen curriculum vitae laburtua.
3.– Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu banakatua eta xehatua, agindu honen 9. artikuluan adierazitako lekuetan eskuragarri dagoen «Gastuen aurrekontua» ereduaren araberakoa.
4.– Erakunde zientifiko batekin estatutu- edo lan-lotura iraunkorra duen unibertsitateko irakasle edo ikertzaile doktore baten txostena, aurkeztutako proiektua bermatzen duena, agindu honen 10. artikuluan adierazitako lekuetan eskuragarri dagoen inprimaki-ereduaren arabera.
5.– Abal-txostenetik salbuesteko 7.5 artikuluan aurreikusitako kasuan, eskatzaileak salbueste horretarako eskatzen den baldintza betetzen duela egiaztatzen duen ziurtagiria, unibertsitateak edo ikerketa-erakundeak egina.
6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak edo haren ordezkariak eskabide-inprimakian markatzen badu nortasun-datuak automatikoki egiaztatzearen aurka dagoela adierazteko aukera: eskatzailearen NANaren fotokopia, eta, hala badagokio, haren ordezkariarena, pertsona fisikoa bada.
7.– Zerga-egoitza EAEn duten pertsonek edo erakundeek, baldin eta eskaera-inprimakian adierazi badute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituztela automatikoki egiaztatzearen aurka daudela, dagozkien ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, edo, pertsona fisikoen kasuan, 11.3 artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpena, 10. artikuluan adierazitako lekuetan eskuragarri egongo den ereduari jarraikiz. Egoitza fiskala atzerrian duten pertsonek edo entitateek dagokion zerga-administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
8.– Eskaera-inprimakian alegatutako titulu akademikoa zuzenean egiaztatzeari aurka egiteko aukera markatu bada soilik, edo titulua 1992a baino lehen lortu bada edo atzerriko unibertsitateetan lortu bada, lizentzia edo gradu, master, IAD edo doktoregoko tituluaren kopia, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriarena, agindu honen 7. artikuluan eskatzen den bezala.
9.– Lanaren zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsona 7.2 artikuluaren kasuan badago eta ikerketa-lana ez badago sarbide libreko eta doako gordailuetan, alegatutako graduondoko titulua lortzeko egindako ikerketa-lanaren kopia, formatu elektronikoan.
10.– Dirulaguntza Eusko Jaurlaritzaren mendeko ez diren erregistroetan inskribatuta dagoen erakunde juridiko-pribatu batek eskatzen badu, haren estatutuen edo eratze-eskrituren kopia.
11.– Eskatzailea talde bat bada, agindu honen 3. artikuluaren arabera, erantsi egin beharko da taldeko kideek edo, pertsona juridikoak badira, haien legezko ordezkariek sinatutako dokumentu bat, honako hauek egiaztatzen dituena: talde gisa eskabidea aurkezteko erabakia, kideen identifikazio-datuak (izen-abizenak edo sozietatearen izena), IFZ edo IFK, kide bakoitzak proiektua gauzatzeko bere gain hartutako konpromisoak, bai eta kide bakoitzari aplikatuko zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira, eta ordezkari edo ahaldun bakar gisa jardungo duen pertsona izendatzeko erabakia, zeinak nahikoa ahalmen izango baitu taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko.
13. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.
14. artikulua.– Dokumentazioa berrikustea eta akatsak zuzentzea.
1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskabidea epe barruan eta behar bezala egin dela, eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztu dela.
2.– Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo baloratzeko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela, aldez aurretik horretarako ebazpena eman ondoren.
15. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Balorazio Batzorde bat eratuko da, proiektuak baloratzeko eta onartzeko eta ez onartzeko gaiak aztertu eta ebazteko. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eskabideak baloratzeko txostena egingo du.
2.– Batzordeak osaera orekatua izan beharko du, eta bi sexuek % 40ko ordezkaritza izan beharko dute, gutxienez, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bateginean ezarritakoaren arabera. Honako hauek osatuko dute batzordea:
a) Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Kargua hutsik badago, betetzen duena kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, batzordeburua maila, antzinatasun eta adin handieneko batzordekideak ordezkatuko du, hurrenkera horretan.
b) Dona Gil Abad, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren arduraduna.
c) Kultura Ondarearen Zuzendaritzako kultura-ondareko bi teknikari, Kultura Sailburuordetzako titularrak izendatuak.
d) Kultura-ondarean aditua den pertsona bat.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko pertsona bat izango da batzordeko idazkari, eta hitza izango du, baina botorik ez. Kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eratzeko eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea izango ditu eginkizun.
3.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Salbuespen gisa, Balorazio Batzordeak komenigarritzat jotzen duenean, aholkularien laguntza eskatu ahal izango du, proiektuak jorratzen duen gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (genero-ikuspegia, esaterako) aditu direnen laguntza, alegia.
5.– Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, batzordeburua eta idazkaria eta gutxienez batzordekideen erdiak bertaratu beharko dira, aurrez aurre edo urrutitik.
6.– Balorazio Batzordea osatzen duten pertsonek abstenitu egin beharko dute eta errekusatu ahal izango dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan.
16. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak norgehiagoka-prozedura honen bidez emango dira:
– Behin eskabideak aurkezteko epea amaituta eta, hala badagokio, 14.2 artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatuta, agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskabideak Balorazio Batzordeak ebaluatuko ditu, 17. artikuluan finkatzen diren irizpideei jarraikiz.
– Laguntza jaso ahal izateko, proiektuek 50 puntu edo gehiago lortu beharko dituzte ebaluazio-fasean.
2.– Bi proiektuk edo gehiagok ikerketaren, ikuspegiaren eta metodologiaren xedeak berdinak edo oso antzekoak badira, eta, horiek gauzatzeko, ondasun berean teknika suntsitzaile edo erdisuntsitzaileen bidez esku hartu behar bada, edo Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen araberako administrazio-baimena behar bada, eta, ebaluatu ondoren, 50 puntu edo gehiago lortzen badituzte, puntuazio txikiena lortu dutenak baztertuko dira, eta puntuazio handiena lortu duena baino ez da geratuko.
3.– Hainbat proiektuk lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, Agindu honen 16. artikuluaren e) letran puntuazio handiena lortzen duenak izango du abantaila. Berdinketak jarraitzen badu, agindu honen 16. artikuluko h) irizpidea betetzen duen eskatzaileak izango du abantaila, eta eskatzaileetako bakar batek ere ez badu baldintza hori betetzen, agindu honen 16. artikuluko b) irizpidean lortutako puntuaziorik altuena izango da berdinketa erabakiko duena.
4.– Gutxieneko puntuazioa lortzen duten edo gainditzen duten proiektuei eskatutako zenbatekoaren % 100erainoko dirulaguntza emango zaie, gainfinantzaketarik eragin gabe eta, betiere, agindu honen 5. artikuluan ezarritako gehieneko muga errespetatuz. Proiektuek lortutako puntuazioak markatutako lehentasun-ordenari jarraituz emango dira laguntzak, baliabide ekonomiko erabilgarriak agortu arte.
5.– Dirulaguntza bat eskuratzeko gutxieneko puntuazioa lortu duten proiektuak geratzen badira, baina ezin bazaie eskatutako zenbateko osoa diruz lagundu, dirulaguntza partziala eman ahal izango zaie, baldin eta, hala ere, proiektua gauzatzea bideragarritzat jotzen bada. Dirulaguntza partziala emateko, lehentasun-ordenari jarraituko zaio, eskatutako zenbatekoaren % 100eko dirulaguntza jaso dezakeen azken proiektutik hasita, harik eta eskatutako zenbatekoa dirulaguntza partzialak gutxienez % 65 estaltzen duen lehen proiektua aurkitu arte.
6.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki osora biribilduko dira. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoak deialdian finkatutako kreditua gainditzen badu, finantzaketa handieneko proiektutik kendu egingo da ateratzen den aldea.
17. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Dirulaguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko, alderdi hauek baloratuko dira, guztira 100 punturen gainean:
a) Aztergai den eremuaren izaera orokorragoa edo ez hain orokorra (kultura-ondasunen pluraltasuna biltzen duen ala ez, hura ez baita kopuruaren kontua, baizik eta koherentzia duen ondasun-multzo bat izatea, tipologia, kronologia, eremu geografiko eta abarren adierazgarri dena): 10 puntu, gehienez.
– 5 eta 10 puntu artean emango dira, baldin eta ikerketa tipologia jakin bateko ondasunetan zentratzen bada, edo eremua Euskal Autonomia Erkidegoa bada, edo, lurralde historiko bateko ondasun multzo partzial bat izanik ere, talde esanguratsua bada.
– 1 eta 4 puntu artean emango dira elementu bat edo batzuk modu isolatuan aztertzen direnean (ez du zertan banakakoa izan).
b) Kultura-ondasunen inguruko proiektuak, baldin eta ondasun horien inguruabarrek lehentasunezko hautagai egiten badituzte aztertzeko. Gehienez ere, 15 puntu:
– Interes-mailagatik edo berezko balioagatik (balio historikoa, artistikoa, arkeologikoa, etnografikoa eta euskal kultura-ondarean duen salbuespen-maila), hain landua ez den jakintza-arlo bati atxikitzeagatik, kontserbatzeko zailtasun handiagoa izateagatik, babes-mekanismoak artikulatzeko zailtasun handiagoa izateagatik: 15-8 puntu.
– Aztertzea egokia izateagatik, ondasunaren aldeko edo kontrako kanpoko inguruabarrak kontuan hartuta (izan litezkeen hirigintza-, ekonomia- edo azpiegitura-planak, eragin negatiboa izan dezaketenak, interes soziala, balioztatzeko planak egotea...): 1etik 7 puntura.
– Lanaren xede den ondasunak lehentasuna ematen dion aurreko egoeretako bat ere betetzen ez badu: 0 puntu.
c) Beste iturri batzuen artean landa-lanera jotzen duten proiektuak, gehienez 10 puntu, egin beharreko landa-lanen intentsitatearen eta bolumenaren arabera. Honako hauek emango dira:
– 5 eta 10 puntu bitartean, hainbat elementutan luze-zabaleko indusketa arkeologikoa edo zundaketa arkeologikoa egitea eskatzen duten lanei; edo elementu bat osorik edo zenbait elementuren zati bat hartzen duten dokumentazio geometrikoko lanei edo altxaeren azterketa estratigrafikoko lanei.
– 1 eta 4 puntu artean, elementu baten zundaketa edo dastatze puntualak direnean, edo hainbat elementutan administrazio-baimenik behar ez duten landa-lanak direnean.
– 0 puntu, proiektuak inolako landa-lanik aurreikusten ez badu.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 64. artikuluan ondare arkeologikorako jasotako esku-hartzeez gain, aztergai diren kultura-ondasunen datuak «in situ» biltzea dakarten beste modalitate batzuk ere hartzen dira landa-lantzat: elkarrizketak, inkestak, ondasunak berrikustea datuak hartzeko, higiezinen azterketa estratigrafikoa, etab.
d) Lehen mailako dokumentu-iturriak zuzenean kontsultatzeko artxiboetara jo behar duten proiektuak: 5 puntu, gehienez. Honako hauek emango dira:
– 5 puntu, dokumentazio historikoa artxiboetan kontsultatzea eskatzen duten proiektuei.
– 1etik 4ra, beste informazio-iturri dokumental batzuetara jotzen dutenak.
– 0 puntu, proiektuak ez badu aurreikusten lehen mailako dokumentu-iturriak kontsultatzea.
e) Proiektuaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 45 puntu. Atal hau baloratzeko, honako azpi-irizpide hauek hartuko dira kontuan:
e.1.– Helburuen, esparru teorikoaren eta metodologiaren deskribapenaren egituraketa-, zehaztasun- eta zehaztasun-maila: 25 puntu, gehienez, baremo honen arabera:
Oso handia: 20-25
Nahiko handia: 10-19
Urria: 1-9
Batere ez: 0
e.2.– Pertsonaren edo, hala badagokio, gizataldearen egokitasuna eta gaitasun zientifiko-teknikoa proiektua behar bezala gauzatzeko: 10 puntu, gehienez, baremo honen arabera:
Oso egokia: 6-10 puntu.
Egokia maila nahikoan: 5 puntu.
Egokitasun eskasa: puntu 1.
e.3.– Kultura-ondarea babesteko orientazioa: 1etik 10era.
Babeserako orientazio eta aplikazio praktiko handia: 5-10 puntu.
Orientazio eta aplikazio praktiko eskasa edo nulua babesean: 1-4 puntu.
f) Ikerlanak euskaraz idatzi behar dituzten proiektuei 5 puntu emango zaizkie.
g) Aztergai nagusia ondare higigarria duten proiektuei 5 puntu emango zaizkie.
h) Ikerketa-proiektuaren zuzendaritza zientifikoa emakume batek gauzatzen duenean; edo proiektuak genero-ikuspegia txertatzen duenean ikerketaren xedean, bost pertsonak baino gehiagok osatzen dutenean. Bi egoera horietako edozein gertatzen bada, 5 puntu emango dira.
Ondorio horietarako, proiektuak ikerketaren xedean genero-ikuspegia txertatzen duela ulertuko da, aurkeztutako proiektuaren memoriak analisi espezifiko baten bidez justifikatzen duenean ikerketaren xedeari ikuspegi kontzeptual edo metodologikotik heltzean ezagutzaren egungo egoeran eragin nabarmena izan duten genero-joerak egon direla, informazio-hutsune edo interpretazio-joera gisa. Hala badagokio, halakorik egon bada, horiek zuzentzen lagunduko duen ikuspegi edo metodologia bat aplikatu beharko da baloratu beharreko proiektuan.
18. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio Batzordeak balorazio-txosten bat egingo du, eta egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko du bertan. Kultura Ondarearen zuzendariak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusi ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen horretan, dirulaguntza nori ematea proposatzen den adierazi beharko da, baita dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta, hala badagokio, ebaluazioa eta ebaluazioa egiteko jarraitu diren irizpideak zehaztu beharko dira.
2.– Onartutako ebazpen-proposamena, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko zaio, ebazpena eman dezan.
3.– Ebazpenak, gutxienez, honako hauek jasoko ditu:
a) Dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, xedea, zenbatekoa, modua eta ordaintzeko epeak adierazita.
b) Eskatutako laguntza eman ez zaien eskatzaileen zerrenda, arrazoi eta guzti.
c) Onartu ez diren eskaerak, ez onartzeko arrazoia adierazita.
d) Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu honen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.
e) Proiektua gauzatu ondoren, emandako dirulaguntzak justifikatzeko modua eta epea, agindu honen 22. artikuluan adierazitakoaren arabera.
f) Diruz lagundutako jarduera gauzatuko dela bermatzeko egokitzat jotzen den beste edozein betebehar.
3.– Ebazpena gehienez ere bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.
Hala ere, akatsak zuzentzeko epe bat ireki bada, aipatutako epea etenda geratuko da pertsona edo erakunde eskatzaileari bidalitako errekerimenduaren jakinarazpena jasotzen denetik benetan bete arte edo, bestela, emandako epea amaitu arte.
4.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Artikulu honen 3. apartatuan ezarritako epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek zilegi dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzea, 7. apartatuan adierazitako gora jotzeko errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.
6.– Laguntzak eskatzen dituztenei ebazpena jakinarazteaz gain, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jakinarazteko eta denek jakin dezaten. Lehenik egin den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7.– Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.
19. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan jasotako eta araututako dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta ikerketa-lana egin dela justifikatzea.
d) Beste edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea, lortutako laguntza horiei uko egiten zaiela edo laguntza horiek onartzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpenarekin batera. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen edo unean bertan.
e) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea. Bereziki, ezinbestekoa izango da ahalik eta lasterren jakinaraztea diruz lagundutako jardueren gauzatzea atzeratzen duen edozein zirkunstantzia edo gertaera, baldin eta horren ondorioz proiektua ezin bada gauzatu.
f) Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea, jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta diruz lagundutako jardueren kontrol, egiaztapen, jarraipen eta ikuskaritzaren funtzio edo ahalmenen menpe jartzea.
g) Argitara daitezkeen testu edo dokumentuetan, ikerketaren emaitzetatik eratorrietan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundu duela aipatzea, eta sailaren logotipo ofiziala sartzea. Proposatutako ikerketarako emandako dirulaguntzak etorkizunean master amaierako lan bat edo doktorego-tesi bat eragiten badu, lan edo tesi horretan Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza adierazi beharko da, eta ale bat Kultura Ondarearen Zuzendaritzara bidali.
h) Dirulaguntzak irauten duen bitartean, oinarri hauen ondoriozko arauak betetzea, etenik gabe.
i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar betetzea.
20. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, agindu hau kudeatzeko arduraduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du.
Horretarako, eta beste entitate eta erakunde publiko batzuei legez dagozkien ahalmenei kalterik egin gabe, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak behar bezala gauzatzen direla bermatzeko egokitzat edo beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapenak eta egiaztapenak egitea.
21. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
1.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:
a) Lehenengo ordainketan dirulaguntzaren % 50 ordainduko da, dirulaguntza eman ondoren.
b) Gainerako % 50a laguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera ordainduko da, gastua eskatutako agiriak aurkeztuta justifikatu ondoren, eta, betiere, 2024. urtea baino lehen.
2.– Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide elektroniko honetan sartu beharko du: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
3.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudia aplikatuz dagozkionak. Horretarako, pertsona fisiko eskatzaileek zerga-egoitza non duten adierazi beharko dute eskabidean. Hala badagokio, onuradunak berariaz eskatu beharko du jarduera-hasieragatiko atxikipen-tasa.
22. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, Nire Karpeta atalaren bidez espedientea eskuratuz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Justifikazioak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, agindu honen 9. artikuluaren 5. apartatuan adierazitako helbidean.
3.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, dirulaguntza eragin zuen jarduera egin dela eta horrek eragindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde edo pertsona onuradunak. Horretarako, gutxienez, honako hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Diruz lagundutako ikerketa-lanaren azken dokumentuaren kopia bat, laburpen elebidun batekin –euskaraz eta gaztelaniaz–, gehienez ere 1.800 karakterekoa. Haren tamaina osoa edo eranskinen bat 30 MB baino handiagoa bada, dokumentu batean helbide elektroniko bat adieraziko da, organo kudeatzaileak lana duten fitxategiak deskargatu ahal izan ditzan.
Nolanahi ere, aurkeztutako emaitzek bat etorri beharko dute eskabidearekin batera aurkeztutako hasierako memoriaren planteamenduekin.
b) Hala badagokio, eskaerarako azterlana bermatu duen pertsonak sinatutako txostena, egindako lana ontzat ematen duena eta egokitzat jotzen dituen beste ohar batzuk egiten dituena.
c) Dirulaguntzarekin finantzatu diren jardueren adierazpena, egindako gastu bakoitza banakatuta. Onuraduna elkarte bat bada, taldea osatzen duen pertsona fisiko edo juridiko bakoitzak egindako gastuak banakatu beharko dira.
Jardueren adierazpenean bertan, hala badagokio, lana egiteko jasotako beste dirulaguntza edo kanpoko diru-sarrera batzuen erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da. Dirulaguntza onartu zenetik edo eskaera izapidetu ondoren onuradunak lana egiteko beste dirulaguntza edo diru-sarreraren bat jaso badu, eta hori ez bada justifikazio-izapidearen aurretik jakinarazi, zenbatekoa zehaztu beharko du, baita eman duen pertsona edo erakundea ere. Hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko du, adierazteko ez duela beste dirulaguntza edo diru-sarrerarik jaso diruz lagundutako lana egiteko.
d) Gastuen egiaztapena, aurkeztutako gastu-aurrekontuaren zenbateko osoaren baliokidea. Horretarako, fakturak, faktura sinplifikatuak eta/edo langileen nominak aurkeztuko dira, bai eta merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duen edo administrazio-eraginkortasuna duen beste edozein dokumentu ere, gastuen zerrenda sailkatuan jasota. Egiaztagiriek zerrenda sailkatuan emandako zenbakia izan beharko dute.
5.– Justifikazio-agiriak aurkezteko azken eguna 2025eko azaroaren 17a da, egun hori barne.
6.– Aurkeztutako justifikazioan zuzen daitezkeen akatsak hautematen badira, horiek zuzentzeko eskatuko da, eta 10 eguneko epea emango da horretarako.
7.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa beteko da.
23. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.
1.– Hasieran aurkeztutako gastu-aurrekontua baino gastu handiagoak justifikatzeak ez du eskubiderik emango hasieran onartutako dirulaguntza handitzeko.
2.– Likidazioa prozedura honen arabera egingo da:
a) Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, eta behar bezala justifikatutzat jo ondoren, ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordainduko da.
b) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua bete dela ulertzen bada, eta benetako kostuak aurrekontuan jasotakoak baino txikiagoak izan badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, jarduera justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du.
Diru-zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar bazaizkio, likidazio-ebazpenean bi hilabeteko epea emango da, jakinarazten denetik, dagokion itzulketa egiteko, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40., 41., 42. eta 43. artikuluetan ezarritako prozedura errespetatuz.
24. artikulua.– Itzultzeko arrazoiak.
1.– Dirua itzultzeko arrazoi izango dira:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezarritakoak ez betetzea.
c) Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak eta haren garapenek ezarritako nahitaezko beste edozein betebehar ez betetzea.
d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako beste edozein.
2.– Artikulu honen aurreko zenbakian aipatutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak –partez edo osorik–, gehi dirulaguntza ordaindu zenetik aplikatu beharreko legezko interesak, eta dagokion likidazio-ebazpena eman beharko da emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutako baldintzetan eta hura bete ondoren.
25. artikulua.– Enpresak deslokalizatzeko konpromisoa.
Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 19ko 20/2023 Legearen V. titulua aplikatu behar zaien enpresa, elkarte eta fundazioek 48. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako araubidea bete beharko dute, eta enpresak ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko dute. Horretarako, dagokion adierazpena sinatu beharko dute eskabide-inprimakian.
26. artikulua.– Datu pertsonalen babesaren arloko oinarrizko informazioa.
Eskatzailearen datu pertsonalak «Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.
Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak: arloan eskumena duten administrazioak.
Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: Gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/es/transparencia/026100-capa2-es.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eur-lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX: 32016R0679&from=ES
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 16a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.