170. zk., 2024ko irailaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (236 KB - 11 orri.)
- EPUB (328 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4071
AGINDUA, 2024ko uztailaren 8koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024. urtean «Kiroletik Bagoaz Euskaraz» sariaren bigarren edizioa arautu eta horretarako deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio hizkuntza politika eta euskararen sustapenaren inguruko egitekoak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren barruan, aipatutako eginkizunak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen zaizkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.
Arestikoa gauzatze aldera, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak diseinatutako «Kirolean Euskara Sustatzeko Plana 2021-2024» onartu zuen.
Planean adierazten da euskararen erabilera normalizatzeko behar-beharrezkoa dela gaur erabiltzen ez den eremuetara iristea gure hizkuntza eta helburu hori lortzeko arlo ezberdinetan erein behar dela euskararen hazia. Hori horrela izanik, aspaldi jarri zuten Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako arduradunek (HPS) arreta hizkuntzak erabilera informala duen eremuetan, bereziki aisialdiaren esparruan. Gazteen kasuan, eskolaz kanpoko jarduerak eta guneak lantzea dagokigu, bereziki kirol esparrua non euskara kontsumitu, sortu eta erabiltzeko aukerak erraztu eta euskararen erabilera areagotzeko lana egin behar den.
Ikerketek argi adierazten dute kirola dela EAEko gazteen sozializazio-eremu garrantzitsuenetakoa, baita eskolan euskaldundutako gazte belaunaldi berrien eskolaz kanpoko jarduera nagusia ere. D ereduko kirola eta Euskara Kirolkide ikerketa-proiektuek adierazi bezala, kirola da euskararen erabilera sustatzeari begira eskola eta kalearen arteko zubi lana egin dezakeen esparrua.
Aurrekoagatik guztiagatik, «Kirolean Euskara Sustatzeko Plana 2021-2024» delakoan hainbat helburu eta ekintza zehazten dira arestikoa betez joan gaitezen arian-arian. Besteak beste kirol munduan «euskararen prestigioa handitzea» aipatzen da azken helburuetako moduan eta horretarako «Kiroletik Bagoaz Euskaraz» saria Kirolean euskararen erabilera era sistematikoan lantzen duten pertsona, elkarte edota taldeei aitortza eginda, kirol arloan euskararen erabileraren gizarteratzea du asmoa.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da kirol munduan euskararen erabilera sustatzen duten praktika onak saritzeko «Kiroletik bagoaz euskaraz» sariaren II. Edizioa arautzea eta horretarako deia egitea.
2.– Sariaren helburua da Kirolean euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona, elkarte edo taldeen jarduna jende aurrean aitortu eta saritzea.
2. artikulua.– Sariaren izaera.
Saritutako pertsona, elkartea edo taldea sortzaile gazte baten lanaren ale bat jasoko du. Sariaren ikurra euskal artista gazte batek egindako obra bat izango da, eta «Kiroletik Bagoaz Euskaraz» markaren iruditegiarekin lotura izango du zelanbait.
3. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.
Honako deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.
4. artikulua.– Saritua izateko baldintzak.
1.– Sariduna izaera bikoa izan daiteke:
a) Kirolean euskararen gizarte erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde edota kirol elkarteak (pertsona juridikoak).
b) Kirolean euskararen gizarte erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren pertsonak (adituak, ikerlariak, entrenatzaileak, presidenteak...).
2.– Ezin izango dute saridun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
3.– Aurreko ataletan aipatutako baldintzez gain, honako hauek ere kontuan hartuko dira.
a) Hautagaia pertsona fisikoa izatekotan, bizirik direnen aldeko proposamenak besterik ez dira onartuko. Gainera, aurkeztutako hautagaiek euren lana edo saritzen den jardunbidea EAEn garatu behar dute.
b) Kirol elkarteen kasuan, gaur egun kirolean euskararen erabilera sustatzeko lanetan aktibo egon behar dute eta euren lana edo saritzen den jardunbidea EAEn garatu behar dute.
4.– Hautagaiek aurreko puntuetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Sariketan parte hartzeko baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioa diharduen administrazioaren esku badago edo beste edozein administraziok egina bada, deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Horien artean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak automatikoki egiaztatuko ditu organo kudeatzaileak. Interesduna espresuki aurka agertzen bada, berak aurkeztu beharko ditu beharrezkoak diren agiriak.
5. artikulua.– Hautagaitzak aurkezteko epea eta modua.
1.– Hautagaitzak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta bi hilabeteko epean amaituko da.
2.– Epaimahaian izendatutako 3 adituek hiruna hautagaitza aurkeztuko dituzte, lurralde bakoitzeko hiru, alegia, guztira 9 hautagai izango direlarik. Hautagaitzak sariaren helburuak aintzakotzat hartuz egingo dira eta hautagai diren pertsona edo elkarteen jardunaren kalitatea eta ibilbidea kontuan izanda. Halaber, EAEko lurraldetasuna eta kirol disziplinen aniztasuna aintzat hartuko dira.
3.– Adituek egokien irizten duen moduan egingo dituzte hautagaitza horiek erabakitzeko egin beharreko jarraipen eta hautaketa lanak, ahalmena baitu sariaren gaineko erabakiak hartzeko.
4.– Adituek ezingo dute hautagaitza berbera proposatu sariaren edizio jarraietan. Adibidez, I. Edizioaren hautagaitzarik ezingo da errepikatu II. Edizioan.
5.– Adituek aurkeztuko dituzte hautagaitzak eta horien berri emango dio organo kudeatzaileari. Eskaerarekin batera, hautagaien merezimenduen inguruko dokumentazioa aurkeztuko du honako helbide honetan:
Euskara Sustatzeko Zuzendaritza
Kultura eta Hizkuntza Politikako Saila
Donostia, 1
01010 Vitoria-Gasteiz
Helbide elektronikoa: euskara-sustapen@euskadi.eus
6.– Epaimahaiak jagongo du adituek aurkeztutako hautagaitzek betetzen dituztela 4. artikuluan xedatutako baldintzak.
7.– Adituek aurkeztutako hautagaiei posta elektronikoaren bidez komunikatuko zaie haien parte-hartzea sariketan, une horretan, gainera, administrazioarekiko komunikazio-kanala zein izatea nahi duten galdetuko zaie.
6. artikulua.– Saria banatzeko irizpideak.
1.– Saria aitortzeko kirolaren esparruan euskararen normalizazioaren eta euskararen erabilera hauspotzearen alde egindako ekarpena balioetsiko da. Egindako lana eta ekarpena honako irizpide hauen arabera baloratuko da:
(Ikus .PDF)
2.– Hautagaitzen ebaluaziorako aurretiaz zehaztu eta haztatu diren adierazleen taulak erabiliko ditu epaimahaiak. (ikusi I. eta IV. eranskinak)
7. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Epaimahaiaren zeregina izango da aurkeztu dituen hautagaien merezimenduak aztertu eta balioestea 6.– artikuluan xedatutako adierazleen arabera eta ondoren sarirako proposamena egitea.
2.– Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
– Euskara Sustatzeko zuzendaria izango da epaimahaiko buru.
– Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zuzendaritzako zuzendaria.
– Euskara eta kirolaren gaia landu eta alorrean prestigioa duten 3 aditu, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak izendaturik.
● Arabako aditua Alex Vadillo Otxoa edo bere ordez Beñat Mendiguren Cosgaya.
● Bizkaiko aditua Iratxe Etxebarria Arizmendi edo bere ordez Karmele Gisasola Zenikazelaia.
● Gipuzkoako aditua Iñaki Iturrioz Rosell edo bere ordez Nekane Jauregi Arruabarrena.
– Lehen edizioaren irabazlea: Aritz Olagoi Olazabal.
– Kirolene kirol-ikasketa zentroko kide bat: Joseba Urkola Aresti edo bere ordez Juan Ramón Fernández López.
– Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) kide bat: Leire Guerenabarrena Kortazar edo bere ordez Maite Garmendia Rementeria.
– Genero Berdintasunean eta Kirolean aditua den kide bat: Dorleta Ugalde Usandizaga edo bere ordez Susana Carramiñana Garcia.
3.– Idazkari-lanak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu. Iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez. Idazkariaren lana izango da epaimahaiaren bilkuren edukien eta erabakien aktak jasotzea baita epaia oinarritzen den deliberamendu arrazoitua ere prozesua hasi eta saria ematen deneraino.
4.– Epaimahaia osatzerakoan, ordezkaritza orekatuaren printzipioa gordeko da, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bateginak xedatutakoaren arabera.
5.– Hautagai guztien kasuan epaimahaiak isilpeko espediente bana osatuko du, aurkeztutako hautagaiaren merezimenduak aztertu eta egiaztatzeko behar diren eginbideez. Horretarako, epaimahaiak bere kideen artetik espediente bakoitza osatuko duen epaimahaikide bat bereiz dezake, informazio aldia amaitu ondoren burututako eginbideak eta bildutako frogak epaimahaiari berari aurkez diezazkion.
8. artikulua.– Sariari buruzko erabakia.
1.– Epaimahaiak saria emateko proposamen arrazoitua egingo du. Erabakiak botoen gehiengoaren arabera emango dira, eta, berdinketarik egonez gero, presidentearen botoak ebatziko du. Epaimahaiko idazkariak bertako jardun eta erabakien berri jasoko du aktan, baita epaia funtsatzen duen deliberamendu arrazoitua ere.
2.– Epaimahaiaren proposamena ikusita, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bidezko agindua emango du, «Kiroletik Bagoaz Euskaraz» saria merezi duen pertsona, elkarte edo talde izendatzeko. Agindu hori sei hilabeteko epean saridunari jakinaraziko zaio, agindu hau buletinean argitaratzen denetik kontatuta. Agindu horren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Dena dela, uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren araberako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera ere izan dezakete.
3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko nor den sariduna, eta hedabideetan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bidera ditzakeen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango dira.
4.– Saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, epaimahaiaren iritziz hautagai bakar batek ere ez badu merezimendu nahikorik egin.
5.– Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.
9. artikulua.– Datu pertsonalak.
Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula (abenduaren 5eko 3/2018 Legea, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak kudeatzea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da.
Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024000-capa2-eu.shtml
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 8a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.