170. zk., 2024ko irailaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 6 orri.)
- EPUB (147 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
ARARTEKOA
4070
EBAZPENA, 2024ko uztailaren 12koa, Arartekoarena. Honen bitartez, arloko bi teknikari behin-behineko langile gisa hautatzeko prozedura iragartzen da.
Arartekoaren zerbitzuko langileen atxikipena arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera (Arartekoa sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legearen 38.etik 40.era bitarteko artikuluak, Ararteko erakundearen antolaketa eta funtzionamendurako araudiaren 30. artikulua eta ezarri beharreko gainerako arauak), arartekoak aske izendatzen ditu bere zereginak betetzeko beharrezkoak diren aholkulariak eta konfiantzako langileak.
Aipatutako araudia betez eta merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioen arabera, Arartekoak prozedura bat iragartzen du hautagaien egokitasuna ebaluatzeko, ondoren arartekoak arloko bi teknikari izenda ditzan. Langile horiek behin-behinekoak izango dira.
Beraz, hauxe da prozedura honen xedea: espezializatutako balorazio-batzorde batek behar diren ezagupenak eta lanbide-esperientzia egiaztatzen dituzten pertsonak hautatzea.
Hona hemen deialdiaren oinarriak:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Iragarritako lanpostuak.
Deialdi honen bidez, arloko bi teknikari hautatu nahi dira, Ararteko erakundeak gaur egun taxututa dauzkan jardun-arloetako teknikari arduradunei laguntzeko eta haiekin elkarlanean aritzeko.
Beraien lana batez ere kexak eta kontsultak ebaztea izango da, baita txostenak eta gomendioak prestatzea ere, beraien laguntza jasotzen duten edo lankide dituzten teknikarien ikuskaritzapean.
Deialdi honetan parte hartzeko behar den espezializazioa kontuan hartuta, hautaturiko pertsonek ondo baino hobeto ezagutu behar dituzte administrazio-araudi orokorra eta administrazio publikoen araubidea eta funtzionamendua.
Kategoria horretarako ezarrita dagoen ordainsaria erakundearen aurrekontuan zehaztuta dago. Arartekoaren webgunean ikus daiteke: www.ararteko.eus.
Bigarrena.– Betekizunak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, interesdunek Zuzenbidean lizentzia edo gradua dutela egiaztatzen duen unibertsitate-titulua izan beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako, eta gutxienez bi urteko eskarmentua dutela iragarritako lanpostuari dagozkion antzeko eginkizun juridikoetan.
Era berean, euskararen ezagutza egiaztatu beharko dute: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 maila, gutxienez.
Hirugarrena.– Merezimenduak.
Merezimenduak frogen bitartez egiaztatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Oro har, merezimendu hauek hartuko dira kontuan:
1.– Titulu akademikoak.
2.– Administrazioan egindako ibilbidea: zer lanpostu bete dituzten administrazio publikoetan.
3.– Lanbide-jarduera.
4.– Prestakuntza-ikastaroak.
5.– Euskararen ezagutza (C2 maila). Ingelesa eta Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk jakitea.
Balorazio Batzordeak zenbait irizpide ezarriko ditu merezimendu horiek baloratzeko. Titulazioekin, aurrez izandako eskarmentuarekin eta prestakuntzarekin lotutako merezimenduek zerikusia izan beharko dute arloko teknikariaren lanpostuaren berezko eginkizunekin.
Euskararen eta gainontzeko hizkuntza ofizialen ezagutza egiaztatzeko eta ondoren, hala badagokio, baloratzeko, Batzordeak honako dekretu hauetan baliokidetzat jotako titulu eta ziurtagiriak soilik hartuko ditu kontuan: 187/2017 Dekretua, uztailaren 4koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dekretua aldatzen duena; eta 117/2015 Dekretua, ekainaren 30ekoa, hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze– eta hornitze-prozesuetarako.
Laugarrena.– Eskabideak.
Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak, ebazpen honekin batera erantsitako ereduaren arabera, Arartekoaren erregistroan aurkeztuko dira (Vitoria-Gasteizko Prado kaleko 9. zenbakian), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan xedatutako moduan, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Parte hartzeko eskabideari dokumentu hauek erantsiko zaizkio:
1.– NANaren fotokopia edo, bestela, atzerritarraren identifikazio zenbakiarena, pasaportearena edo beste agiri baliokide batena.
2.– Prozesuan parte hartzeko aukera ematen duen unibertsitate-tituluaren fotokopia.
3.– Eskarmentua egiaztatzen duten agiriak, bai administrazio publikoen arloan, bai lanbide-jardueran, halakorik bada.
4.– Prestakuntza-ikastaroen, euskararen eta Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuen ezaguera egiaztatzen duten ziurtagiriak.
5.– Curriculum-memoria; bertan adieraziko dira egokitzat jotzen diren inguruabar eta gai guztiak, batik bat adierazitako merezimenduak eta betetako eginkizunak.
Bosgarrena.– Balorazio Batzordea.
Arartekoak izendatuko du hautapen-prozesuko Balorazio Batzordea; kide hauek izango ditu Batzordeak:
Batzordeburua:
– Arartekoaren ondokoa.
Batzordekideak:
– Idazkari nagusia.
– Arartekoaren arloko teknikari arduradun bat.
– Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko ordezkari bat.
– Eusko Legebiltzarreko ordezkari bat.
Batzordeak kideen artetik bat izendatuko du, idazkari-lanak egin ditzan.
Arartekoak, hala badagokio, ordezko batzordekideak izendatuko ditu, eta horiek titularrak ordezkatuko dituzte, baldin eta haiek arrazoi bidez zeregin horri uko egiten badiote edo eginkizun hori betetzerik ez badaukate.
Batzordearen osaera Arartekoaren webgunean argitaratuko da.
Batzordekide gehienak bertan ez badaude, ezingo da batzordea eratu, ezta jardun ere. Berdinketarik badago, batzordeburuak kalitateko botoa izango du.
Seigarrena.– Hautapen-prozedura.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileak hautapen-prozedurarako onartu ala baztertuko dituen.
Arartekoaren webgunean (www.ararteko.eus) argitaratuko da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko erabakia, baita prozedura honi buruz ondoren egingo diren komunikazio guztiak ere.
Argitaratzen diren jakinarazpen orotan, nortasun agiri nazionalaren, atzerritarraren identifikazio zenbakiaren, pasaportearen edo agiri baliokidearen zenbakia bakarrik erabiliko da interesdunak identifikatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko agintariek ezarritako bermeei jarraikiz.
Hasieran baztertutako eskatzaileek hamar egun baliodun izango dituzte balizko zuzenketak edo alegazioak egiteko.
Balorazio Batzordeak hautagai guztiei edo haietako batzuei deitu ahal izango die banakako elkarrizketak egiteko; hala, hautagaiek lanpostuko eginkizunak betetzeko zer gaitasun dituzten ondorioztatu ahal izango du, haien ezagupenetatik eta lan-eskarmentutik. Elkarrizketa horietan, beharrezkotzat jotzen bada, berariazko proba idatzi bat egin dadin eskatu ahal izango da.
Merezimenduak baloratu eta, hala badagokio, banakako elkarrizketak eta probak egin ondoren, Balorazio Batzordeak Arartekoari proposamena egingo dio, eta hurrenkeran adieraziko ditu iragarri diren lanpostuak betetzeko egokientzat jotzen dituen pertsonak.
Eskakizun egokiak betetzen dituen hautagairik ez dagoela irizten bazaio, lanpostuak bete gabetzat jo daitezen proposatu ahal izango du Balorazio Batzordeak.
Zazpigarrena.– Izendapenak.
Balorazio Batzordeak proposatutakoen artetik, arartekoak libreki izendatuko ditu hautatutako pertsonak. Proposaturiko hautagaien egokitasuna baloratzeko, beharrezkotzat jotzen dituen elkarrizketak egingo ditu arartekoak. Elkarrizketa horietan, bereziki kontuan hartuko du ea proposaturiko hautagaiak egokiak diren erakundeko lanpostu hutsak betetzeko.
Hilabeteko epean hasi beharko dute lanean iragarritako lanpostuetan, deialdi hau ebatziko duen Arartekoaren erabakia jakinarazten zaien egunetik aurrera.
Izendatutako pertsonak behin-behineko langileak izango dira, eta Langileen Estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan Eusko Legebiltzarreko behin-behineko langileentzat ezarritako araubidea ezarriko zaie.
Lanpostuak berehala utzi beharko dituzte Eusko Legebiltzarrak izendatutako ararteko berriak kargua hartzen duenean.
Arartekoaren zerbitzura lanean hasten dena funtzionarioa bada, zerbitzu berezietako egoeran geratuko da bere jatorrizko administrazioari dagokionez.
Zortzigarrena.– Balorazio Batzordeak proposatutako hautagaiak.
Balorazio Batzordeak proposatutako hautagaietatik Arartekoak azkenean hautatzen ez dituenak kontuan hartu ahal izango dira erakundeak etorkizunean izan ditzakeen teknikari-premiei erantzuteko.
Bederatzigarrena.– Datu pertsonalak.
Parte-hartzaileek ematen dituzten datu pertsonalak helburu bakar batekin tratatuko dira: beraien hautagaitza iragarritako hautapen-prozeduran sartzea.
Datuak helburu jakin baterako biltzen dira; horregatik, helburu hori betetzeko behar den denboran gordeko dira, baita helburu horren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak argitzeko ere. Gainera, artxibategiei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritako epeetan gordeko dira.
Interesdunek informazio gehigarria eskatu ahal izango dute, eta, kasuaren arabera, datuak ikusi, zuzendu edo ezerezteko eskubidea baliatu ahal izango dute, edo datuak tratatzeari aurka egiteko, tratamendua mugatzeko edo datuak transferitzeko eskubidea. Horretarako, idazki bat bidal diezaiokete Datuak Babesteko ordezkariari, lopd@ararteko.eus helbidea baliatuz edo Arartekoaren egoitza elektronikoaren bitartez.
Orobat, Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo ahal izango dute, beraien datuak babes ditzaten eskatu nahi badute.
Eranskineko ereduko parte hartzeko eskabidea sinatzen badute, parte-hartzaileek espresuki eta argiro baimena emango diote Arartekoari beraien curriculumari buruzko datu pertsonalak tratatu ditzan, lehen adierazitako helburua lortzeko.
Hamargarrena.– Aurkaratzeak.
Balorazio Batzordearen erabakiei Ararteko erakundean aurka egin ahal izango zaie, hamar egun balioduneko epean, haiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 12a.
Arartekoa,
MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.