Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

167. zk., 2024ko abuztuaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4042

EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 6koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, «Kloud 2024» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia argitaratzea agintzen duena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasunerako bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzen ditu.

Ildo horretatik, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategia bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira Euskadiko enpresetan eraldaketa digitala eta zibersegurtasuna bultzatzera bideratutako laguntza-programa anitzak.

Horrekin lotuta, «Kloud» izeneko laguntza programa («Programa») Euskadiko enpresetako areto teknikoetan edo Datuen Prozesamendu Zentroetan (aurrerantzean, «CPD») dauden zerbitzuak edo azpiegiturak Cloud ingurune komertzialetara migratzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DAEL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, DAELen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.

SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez baimendu da programari dagokion gastua.

Hori guztia dela eta, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– 2024. urterako «Kloud» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– 2024. urterako «Kloud» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2024ko abuztuaren 6a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
KLOUD 2024 LAGUNTZEN PROGRAMAKO OINARRI ARAUTZAILEAK

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI), Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren menpeko erakunde publikoak, hainbat ekintza gauzatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta, bestea beste, enpresen garapena sustatzeko.

Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategian (EEDE2025), Euskadiren Eraldaketa Digitalerako Plan Estrategikoan, definitutako jardute-politikekin bat datorren tresna bat da «Kloud» programa. Hori dela eta, Euskadiko enpresetako areto teknikoetan edo CPDetan dauden zerbitzuak edo azpiegiturak Cloud ingurune komertzialetara migratzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.

Azkenik, adierazi behar da programa hau jasota dagoela 2024 ekitaldirako SPRIren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, Administrazio Kontseiluak 2023ko abenduaren 22an onartu zuenean. Planaren helburu hau lortzen laguntzeko xedea du: «Enpresei babesa ematea beren areto tekniko eta CPD pribatuetako ekipoak Kloudean eskainitako kanpoko instalazioetara migratzeko, eta zibersegurtasuna, eraginkortasuna eta zerbitzua hobetzeko bidean».

1. artikulua.– Xedea.

Programaren helburua da euskal enpresetako areto teknikoetan edo CPDetan dauden zerbitzu edo azpiegiturak Cloud ingurune komertzialetara migratzeko proiektuei babesa ematea. Proiektu horiek Cloud zerbitzuak eskaintzen dituzten hornitzaile teknologikoek ezarri beharrekoak dira.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako laguntzen ondoz ondoko esleipenaren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.

2.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek 2023ko abenduaren 13an Batzordeak onartutako (EB) 2831/2023 Erregelamenduak jasotako garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza izaera dute. Aipatutako Araudia de minimis laguntzekin lotuta Europar Batasuneko Funtzionamendu Tratatuak jasotzen dituen 107 eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da (EBren 2831/2023 Erregelamendua).

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

4.– Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2024ko baliabide ekonomikoak 1.600.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2024rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.

1.– Edozein enpresa-jarduera egiten duten pertsona juridikoek (enpresaren neurria edozein izanda ere) eskura ditzakete programa honetan aurreikusitako laguntzak; baita Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden enpresa-taldeetako enpresa nagusiek ere, hala eskatzen badute, baldin eta talde osoa aintzat hartuta, oinarri hauetan eskatzen diren ezaugarriak betetzen badituzte, haien egoera ekonomiko bateratua aintzat hartuta, eta 5. artikuluan zehaztutako eta diruz lagun daitezkeen jarduerak gauzatzeko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute.

b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan alta emanda badaude.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) Zuzenean edo zeharka, oinarri hauetan jasotako dirulaguntzaren xede diren arloetan zerbitzuak eskaintzen dituzten Informatika Aholkularitzako eta Ingeniaritzako enpresetan % 25eko edo gehiagoko partaidetza badute edo horietan gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasuna badute.

b) Sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeak badira, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.

c) DAELen 13. artikuluan edo 2003ko azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusten den egoeraren batean dauden erakundeak badira, aplikagarria den heinean.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta daudela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpena inpugnatu delako bertan behera uztea adostu bada.

d) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituztenek.

e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende daudenek.

f) Krisian dauden enpresa edo entitateak badira, horretarako krisian dauden eta enpresa arlokoak ez diren enpresen berregituraketako eta salbamenduko Estatuko laguntzei buruzko arauen definizioa aintzat hartuta (2014/C 249/01).

g) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenek, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela.

– Euskadiko ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak aurka egin dezake. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.

b) Gainerako baldintzak erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, eta adierazpen hori eskaerak prozesatzeko aplikatiboan txertatzeko garaian Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikulua bete beharko da, baita DAELen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak ere. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako baldintzen egiazkotasuna ikuskapen bidez edo dokumentazioa eskatuz egiaztatu ahal izango da hala badagokio.

c) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak bete direla ziurtatuko da, Erantzukizunpeko Adierazpenaren bidez edo auditorearen ziurtagiriaren bidez.

5.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epea.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira honako tipologia hauetako proiektuak:

– Cloud Estrategiako aholkularitza: tipologia honek aholkularitzari lotutako gastuak bakarrik hartzen ditu barne. Bertan, kanpoko enpresa adituak eskatzailearen egoeraren diagnostikoa eta Cloud azpiegituretan edo zerbitzuetan soluzioak ezartzeko aholkularitza teknikoa egiten ditu. Horrela, proiektu honen emaitzak artikulu honetan definitutako beste tipologien aurreproiektu gisa balio du.

– Colocation: zerbitzariak eta beste hardware ekipo batzuk hirugarrenen datu-zentro batean ostatatzea. Norbere datu-zentro bat mantendu beharrean, enpresek espazioa alokatzen dute azpiegitura sendoa eskaintzen duten instalazio espezializatuetan, hala nola energia, hoztea, segurtasun fisikoa eta abiadura handiko Interneterako konexioak dituztenetan.

– Hosting: enpresa batek espazioa eta baliabideak alokatzen ditu zerbitzuen hornitzaile baten jabetzakoak diren eta hark kudeatzen dituen azpiegitura teknologikoetan. Hainbat mota daude: partekatua, zerbitzari pribatu birtuala (VPS) eta dedikatua. Hornitzailea arduratuko da azpiegitura teknologikoa mantentzeaz, haren segurtasunaz eta kudeatzeaz.

– IaaS (Infraestructure as a Service): zerbitzuen kontsumorako harpidetza-eredua erabilita Internet bidez baliabide informatiko birtualizatuak kontratatzea, hala nola biltegiratzea, sareak, prozesatzea eta beste zerbitzu batzuk (edukiontziak, adibidez).

Orokorrean:

– Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatzen diren eta erakunde onuradunaren beraren katalogoaren barruan dauden produktuak/zerbitzuak.

– Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.

– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ezingo dute baldintzatu inportatutako produktuen ordez bertako produktuak erabiltzea.

2.– Proiektuak, hasten direnetik, beranduenera jota, 12 hilabeteko epean gauzatuko dira.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta aplikatzeko baldintzak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastu edo/eta inbertsiotzat hartuko dira aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software gastuak, baldin eta lotura estua badute zerbitzuak edo azpiegiturak Cloud inguruneetara migratzearekin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Laguntza-eskaera SPRIn aurkeztu ondoren eta proiektua gauzatzeko epean zehar sortuak edo fakturatuak izan behar dute.

2024ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak onartuko dira orobat, betiere araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkeztu badira eskaerak.

b) Kanpoko enpresa adituek eginak.

2.– Softwareari eta hardwareari lotutako ohiko gastuak, gehienez, 12 hilabeteko epean onartuko dira, betiere artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 5. artikuluan deskribatutako proiektuen tipologian sartuta badaude.

3.– Fakturan aplikatutako balio erantsiaren gaineko zerga ez da izango diruz lagun daitekeen gastua.

4.– Honako hauek ez dira izango diruz lagun daitezkeen gastuak eta inbertsioak: eskatzaileak berak egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea eta aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

5.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Sektore publikoren batekoak edo sektore publikoaren parte ez izatea, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalerako arauen arabera, ezta elkarte edo elkargokide profesionaletakoak ere.

b) Ez izatea zuzeneko edo zeharkako parte-hartzerik laguntzaren eskatzailearekin % 25ean edo gehiagoan, ez eta haren gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere.

6.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta inbertsioak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Oinarri hauen 5. artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jardueretatik etorritako gastuak izan behar dute.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Diruz lagun daitezkeen gastuen balorazioa kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) DAELen 30.1 artikuluan aurreikusten den moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inola ere merkatuaren balioa baino altuagoa izan. Alde horretatik, antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

e) DAELen 31.1 artikuluak, DLOko 29. artikuluak eta 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuko 68. artikuluak (Errege Dekretu horrek onartu zuen 2023ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Legearen Araudi Orokorra –«DAO»–) xedatutakoa betez, onuradun batek azpikontratatu egiten duela ulertuko da hirugarren batzuekin dirulaguntzaren helburu den jarduera osorik edo partzialki gauzatzea hitzartzen duenean. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.

f) DAELen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada (azken kasu horretan, 651/2014 Erregelamenduari atxikitako enpresen kasuan izan ezik).

Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

g) Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira DAELen 30. artikuluarekin bat datozenak.

7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

1.– Laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira.

2.– Diruz lagundu daitekeen jarduera bat edo gehiago egiteko ekitaldian zehar, enpresa onuradun bakoitzak urtean 50.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez. Proiekturako «onartutako gastuen eta inbertsioen aurrekontutik» diruz lagun daitekeen kontzeptu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren ehunekoa (artikulu honetan bertan deskribatzen den moduan) % 50ekoa izango da.

3.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen kontzeptuak:

– Aholkularitza eta/edo garapena: proiektua egiteko softwarea garatzeko edo aholkularitzako lanei dagozkien gastuak («orduak/pertsona»). Aholkularitzako eta/edo garapeneko kontzeptuetarako gehieneko dirulaguntzak ezingo du proiektuko 50.000 euro baino gehiagokoa izan. Hau da, Aholkularitza eta/edo Garapeneko gastuak kontzepturako «onartutako aurrekontuak» ezin du izan 100.000 eurotik gorakoa.

– Hardwarea eta/edo lizentziak: proiektua egiteko beharrezkoak diren hardware ekipamendua eta hodeiko lizentzia edo zerbitzuei lotutako kostuak diruz lagundu daitezke. Proiektuaren xede diren kontzeptu horri lotutako gastuak gehienez ere 12 hilabeteko epean onartuko dira.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan aurrez ikusitako laguntzak beste laguntza bateragarri batzuekin edo Batasuneko finantzaketarako beste modu batzuekin pila daitezke.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk edota bestelako sarrera mota batzuk, publiko nahiz pribatuak, gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko eta/edo pribatu batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek garrantzi gutxiagoko laguntzen edo de minimis izaera dute.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen de minimis guztien kopurua ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan azken hiru urteko edozein alditan zehar.

5.– De minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, ezta arriskuaren finantzaketa-neurri berdinarentzako estatuko beste edozein dirulaguntzari ere, baldin eta metatze horrek gaindituko badu laguntzaren intentsitatea edo dagokion dirulaguntzaren kopururik altuena. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– De minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

9. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRIren webguneaz baliaturik.

2.– Aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek dirulaguntzaren eskaera bete beharko dute SPRIren webgunean dagoen aplikazio informatikoaren bitartez. Ondoz ondoko pantailak ditu aplikazioak eta eskatzaileek eskatuko zaien informazioa ikusi ahal izango dute horietan, oinarri hauen arabera.

3.– Dirulaguntzaren eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko aitortu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIk emandako helbide elektronikoan eskaeran eginiko sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

4.– SPRIk kontsultatu egingo du ea zerga-betebehar guztiak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzen diren, baita enpresa jarduera ekonomikoen zergan alta emanda dagoen ere. Nolanahi ere, dirulaguntzaren eskaera egitean aukera dago eskatzaileak uko egiteko SPRIren kontsulta horri. Kasu horretan, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

5.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.

6.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri eta informazio hauek aurkeztu behar dira:

a) Oinarri arautzaile hauen eranskinean ageri den normalizatutako ereduaren edukiaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpena.

b) Alderdi hauei buruzko informazioa:

– Aurreko hiru urteetan jasotako de minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

c) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

d) Erakunde onuradunaren IFZ.

e) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar duena:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionez).

– Detektatutako arazoa / premia. Lortu nahi diren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza eta/edo aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Dirulaguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den konponbidearen azterketa zehatza.

– Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak, eta hardwarea (hala badagokio).

– Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).

– Proiektua gauzatzeko egutegia.

f) Hainbat hornitzaileren eskaintzak, DAELen 30.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

g) Enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan sortu bada, enpresaren «negozio-plana» aurkeztu beharko da.

6.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, dirulaguntzak eskatzetik etorritako jardueretan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2024ko azaroaren 15ean bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2024ko azaroaren 15eko 17:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

Laguntza-eskaera eta aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa diruz lagun daitekeen jarduera hasi aurretik aurkeztu beharko dira.

Era berean, tramitaziora onartuko dira 2024ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera horiek araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkeztu badira.

11. artikulua.– Laguntza aitortzeko eta ebazpena emateko prozedura.

1.– Organo kudeatzaileak kudeatuko ditu laguntza-eskaerak, espedientea osorik dagoen unetik aurrera.

2.– Prozedura SPRIko Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du, ondoz ondoko esleipenaren erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean, igortzen denetik zenbatzen hasita. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Bestela, zuzenean, Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegien aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.

3.– Ebazteko epea. Ebazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

4.– Erakunde eskatzaileei ebazpenen berri ematean jakinaraziko zaie zenbateko dirulaguntza emango den, zein baldintzatan ematen den, EBren 2831/2023 Erregelamenduaren araberakoa izango den eta jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere adieraziko da.

5.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko gehieneko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren webguneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.

2.– Likidazio-eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.

a) Diruz lagun daitezkeen gastu eta inbertsioen fakturak, banakatuta ageriko direlarik aholkularitza eta/edo ingeniaritzako gastuak eta hardware eta software kostuak.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagiriak.

c) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretan bideratutako funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.

d) Egindako lanak egiaztatzeko memoria teknikoa. Erakunde hornitzaileak egingo du behin proiektua gauzatu ondoren, eta informazio hau jasoko du:

– Konpondutako arazoa/premia. Lortutako helburuak.

– Eginiko ingeniaritza- eta/edo aholkularitza-lanak eta proiektuan sortutako dokumentuak.

– Aholkularitza zerbitzuaren barruan eginiko lanen deskargu zehatza, bertan adieraziz eskaini zaion ordu kopurua (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, eskainitako...).

– Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin lotutako hardware eta software arloko inbertsioen azalpena eta frogak (pantaila atzemateak, argazkiak...). Azaldu erlazioa eta zergatik diren beharrezkoak.

– Fakturatutako zenbatekoak banakatuta, orobat adieraziz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak eta hardwarea (hala badagokio).

– Erregelamendu honek ezartzen duena betetzen dela eta jarduera egingo dela bermatzeko moduari buruzko deskribapena, horrek erabakiko baitu dirulaguntza ematea: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua. Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko erregelamendua da eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen du.

e) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

Likidazio-eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dena den, eskatzaileak uko egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

f) Ez dira kontuan hartuko 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.

13. artikulua.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, eskaera ukatuko da, helburu horretarako agindutako ebazpen baten bidez.

14. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzaren ordainketa aldi bakar batean egingo zaio laguntzaren erakunde onuradunari, 12. artikuluan eskatutako likidazio-eskaera eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta diruz lagun daitekeen gastua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 7. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauen arabera emango diren dirulaguntzen onuradun izango diren erakundeek honako artikulu hauetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte: DAELen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta, aplikagarria den heinean, DLOren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak. Gainera, zehazki eta xede mugatzailerik gabe, betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.

b) Eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea SPRIren aurrean eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea.

c) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamar egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.

d) Laguntza zer proiektutarako eman den, proiektu hori garatzera bideratzea.

e) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

f) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

g) Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo Estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.

h) SPRIri jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

i) Dirulaguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatu dela jakinaraztea SPRIri.

Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

j) Esleipenaren ebazpena eman aurretik eta ordaintzerako unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak zein dirulaguntzen itzulketei lotutako betebeharrak egunean daudela egiaztatzea, aintzat hartuta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023ko otsailaren 13an emandako Agindua.

k) Erakundearen izaera juridikoak hala ezarriz gero, kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legeriak eta sektoreko legeriak ezartzen duten baldintzetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitate-egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egin daitezkeela bermatzeko.

l) Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.

m) Hedapen-neurri hauek ezartzea dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, DLOren 18.4 artikuluaren arabera.

– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: https://www.spri.eus/es/logo/

– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.

n) Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DAELen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.

ñ) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

o) DAELen 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza jasotzen duena enpresa bat baldin bada, operazio komertzialetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikagarria den sektoreko araudian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, hala badagokio, merkataritzako-operazioetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

p) Onuraduna DAELen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizaziorik ez egitea.

q) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan jasotako eskakizun eta betebeharrak betetzea. Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko erregelamendua da eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen du.

16. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Alde baten instantziari erantzunez gero, onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DAELen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez.

b) Zenbatekoa ez handitzea.

c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.

d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.

e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.

f) Hirugarrenen eskubideak ez urratzea.

2.– Onuradunak emandako dirulaguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketarekin zenbatekoa txikitzen bada, DAELen 40. artikuluan aurreikusitakoa jarraituko da.

3.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da proiektuak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori).

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan. Era berean, arau-hausteren bat egiaztatuz gero, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea eragotz dakioke kanpoko enpresari.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Diruz lagun daitezkeen gastuak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) DLOren 37. artikuluan, DAOren 91tik 93ra bitarteko artikuluetan eta DAELen aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIko Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirua itzultzeko prozedura abiaraztea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DAELeko 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, DAELen ezarritakoaren arabera.

5.– Onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira dirulaguntza entregatuko da partzialki edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak jasotzeko eskubidea duen emandako dirulaguntza partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.

6.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.

2.– 2003ko azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta, aplikagarria denean, 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko EB 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueraren finantzaketaren izaera publikoaren berri eman beharko dute. Horretarako, jasotako laguntza aipatu beharko dute, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren logotipoa sartu beharko dute, ikusteko moduan, diruz lagundutako jardueren zabalkunde publikorako material, argitalpen edo ekitaldi guztietan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak datuak babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehekatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/lege-oharra/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Euskal Agentzia izango dela horren arduraduna (www.avpd.euskadi.eus).

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

SPRI-Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

oinarrien ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duena, eta:

HONAKOA ADIERAZTEN DU HAREN ERANTZUKIZUNPEAN

I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:

(i) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat duela. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izango du inpaktua eta bertan egingo da diruz laguntzekoa den jarduera.

(ii) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda dagoela.

(iii) Eskaera honi dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:

a) Aurreko hiru urteetan jasotako de minimis laguntzak, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

(iv) Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen duela, DAELen 49. artikuluan adierazitako baldintzetan.

(v) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa hartzen duela, DAELen 9.4h) artikuluan adierazitako baldintzetan.

(vi) Ez dutela loturarik zuzenean edo zeharka akzioen edo partaidetzen bidez oinarri hauetan azaltzen diren dirulaguntzaren eragin eremuetan zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresekin.

(vii) Ez izatea sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeak, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.

(viii) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.

(ix) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.

(x) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe ez egotea.

(xi) LGTBIfobia ez egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

II.– I. atalean egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan; eta aurrez aipatutako betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, haren eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tartean zehar.

III.– Badakiela adierazpen honi laguntzen dion edo adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuzena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez baditu, ezingo duela eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. atalean ezarritakoaren arabera.

[ ] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.


Azterketa dokumentala