Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

167. zk., 2024ko abuztuaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4041

EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 14koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan luzatzen baita 2024ko eskaera bakarra egokitzeko epea, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan.

Abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuak, 2023tik aurrera zuzeneko ordainketen bidezko esku-hartzeak aplikatzeari eta Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan betekizun komunak ezartzeari buruzkoak, eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra arautzeari buruzkoak, 112. artikuluan ezartzen du nekazariek, eskaera aurkezteko eta aldatzeko epea amaitu ondoren, eskaera bakarra egokitu ahal izango dutela, aurretiazko kontroletan, administrazio-kontroletan edo monitorizazio bidezko kontroletan hautemandako ez-betetzeak zuzentzeko, honela administrazio-murrizketak eta -zehapenak saihestuz.

1048/2022 Errege Dekretuak eskaera bakarraren egokitzapen horiek egiteko ezartzen duen epea 2024ko abuztuaren 31n amaituko da.

Aurrekoa gorabehera, Errege Dekretuak ezartzen du autonomia-erkidegoek aukera dutela beren jarduera-eremuan eskaera bakarra egokitzeko epea luzatzeko, betiere Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsari jakinarazpen arrazoitua egin ondoren eta Europar Batasuneko erregelamenduek baimentzen duten gehieneko epearen barruan. Kasu horretan, epemuga saldoaren lehen ordainketaren edo aurrerakinaren eguna baino hamar egun lehenagokoa izan behar du gutxienez.

Autonomia-erkidegoak eskaera bakarra egokitzeko epea luzatzea erabakitzen badu, ulertu behar da monitorizazio bidezko kontroletan detektatutako gorabeherei erantzuteko ebidentzia gehigarriak aurkezteko epea ere luzatu egiten dela gorabehera horiek detektatu diren esku-hartzeetarako, aipatutako Errege Dekretuaren 111. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Eskuduntza duen agintaritzak onuradunei hautemandako gorabeherak jakinarazi beharko dizkie, ebazpen honen arabera ezarritako eskaera bakarraren egokitzapen-epea amaitu baino hamar egun baliodun lehenago, beranduenez, nekazariek erantzun ahal izateko gutxieneko denbora bat izan dezaten.

Ildo beretik, 1048/2022 Errege Dekretuaren 113. artikuluak aukera ematen die autonomia-erkidegoei laguntza-eskaerak osorik edo partzialki erretiratzeko epea, hasiera batean abuztuaren 31rako ezarrita dagoena, luzatzeko.

2024ko kanpaina honetan, eskaera bakarra aurkezteko eta aldatzeko epea luzatzea aholkatu duten inguruabar batzuk eman dira, kontrolen hasiera eta espedienteen kudeaketa atzeratuz. Baina, are gehiago, errealitate horren gainean egoeraren araberako arazo batzuk sortu dira, eta, horien ondorioz, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan eskaera bakarra egokitzeko epea atzeratzea, nekazariei behar adinako tartea emateko laguntza-eskaerak egokitzeko edo proba gehigarriak aurkezteko, administrazioak antzeman diren gorabeherak jakinarazi ondoren, edo laguntza-eskaerak osorik edo zati batean kentzeko.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2024. urterako, irailaren 20ko epemuga ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan, nekazariei jakinarazitako aurretiazko kontroletan, administrazio-kontroletan eta monitorizazio bidezko kontroletan hautemandako gorabeherei buruzko eskaera bakarrak egokitzeko azken eguntzat.

Bigarrena.– 2024rako, irailaren 20ko epemuga ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan, monitorizazio bidezko kontroletan detektatutako gorabeherei erantzuteko ebidentzia gehigarriak aurkezteko.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 2024. urterako, irailaren 20ko epemuga ezartzea laguntza-eskabide guztiak edo batzuk erretiratzeko.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta ondorioz, beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45., 121. eta 122. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 14a.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,

JORGE GARBISU BUESA.


Azterketa dokumentala