Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2024ko abuztuaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
4027

AGINDUA, 2024ko uztailaren 10ekoa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariaren» 2024rako deialdia.

Urriaren 3ko 145/2023 Dekretuak «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» arautzen du. Sari horren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan adinekoentzako ingurune ahalbidetzaileak sortzeko asmoz, merezi duten aintzatespen publikoa ematea lagunkoitasun berritzaile eta eraginkorrak dakartzaten jardunbide egokiei.

Dekretu horren 3. artikuluan ezartzen denez, saria urtero deituko du gizarte-politiken arloan eskumena duen sailburuak. Deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, hautagaitzak aurkezteko epea, esku-hartzearen arloa, hautatutako gaia, sariaren zenbatekoa eta epaimahaikideen izendapena.

Deialdi-agindu honek dagozkion aurreikuspenak jasotzen ditu Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako xedapenak betetzeko, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da (plan estrategiko hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen). Agindu horren bidez, 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen da.

Horrenbestez, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

2024rako, «Adineko pertsonentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» deitzea, onartu diren eta eranskinean jaso diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz aurreikusita ez dagoen guztirako, honako hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: 145/2023 Dekretua, urriaren 3koa, «Adinekoentzako lagunkoitasuneko jardunbide egokien saria» arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 10ean.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

ERANSKINA
ADINEKOENTZAKO LAGUNKOITASUN JARDUNBIDE EGOKIEN SARIAREN 2024KO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea «Adineko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» deitzea 2024rako. Sari horren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan adinekoentzako ingurune ahalbidetzaileak sortzeko asmoz, merezi duten aintzatespen publikoa ematea lagunkoitasun berritzaile eta eraginkorrak dakartzaten jardunbide egokiei.

Bigarrena.– Esku-hartze arloa eta gaia.

Deialdi honetan, «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» jasoko duen esku-hartze arloa Errespetua eta Inklusioa izango da.

Horretarako, bakardade egoerei heltzea da hautatutako gaia.

Hirugarrena.– Sariaren ezaugarriak.

1.– Saria 3.000 eurokoa izango da.

2.– Saria ematea bateragarria da helburu bererako estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko edozein administraziok edo erakunde publikok zein pribatuk emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin.

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Izapideak soilik elektronikoki egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/servicios/1089405

3.– Espedientera sartzeko eta eskabidearen ondorengo izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Bosgarrena.– Hautagaitzak eta eskatutako dokumentazioa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo den eskabide elektronikoaren inprimakian beteko da hautagaitza: http://www.euskadi.eus/servicios/1089405

2.– Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, baldin eta eskabidea sinatu duen pertsona ez badago erakunde eskatzailearen ordezkari gisa inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan. Hona hemen ordezkarientzako sarbidea: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu

b) Azalpen-memoria bat, saria eskuratzeko aurkezten den jardunbidearen ezaugarriak eta xehetasunak azaltzeko. Horrekin batera, aipatutako memorian jasotako informazioa egiaztatzeko beharrezko dokumentuak ere aurkeztuko dira, baita epaimahaiak baloratu beharrekotzat jotzen direnak ere, saria lortze aldera.

Erakundeek bete beharreko memoriaren eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089405

Seigarrena.– Epaimahaia.

Saria merezi duen hautagaitza ebaluatu eta hautatzeko epaimahai bat eratuko da, honako kide hauek izango dituena:

– Presidentea: Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordetzako kargua betetzen duen pertsona.

– Ordezkoa: Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren Zuzendaritzako zuzendaria.

– Bokalak:

1.– Antonio Campos Illarramendi, Helduak Adi! Asociación Red Social de Euskadi por un Plan Integral de Participación de las Personas Mayores Elkarteko presidentea.

Ordezkoa: Lourdes Lope Gorrotxategi, Helduak Adi! Asociación Red Social de Euskadi por un Plan Integral de Participación de las Personas Mayores Elkarteko bokala.

2.– Jose Luis Agirre Etxebarria, Asociación Seniors para la cooperación técnica Secot Elkarteko presidentea.

Ordezkoa: Jorge García Cámara, Asociación Seniors para la cooperación técnica Secot Elkarteko bokala.

3.– Felix Elcoroiribe Aguirre, Federación Gipuzkoana de jubilados y pensionistas «Agijupens» Erretiratu eta pentsiodunen Gizarte zentroen Gipuzkoako Federazioko presidentea.

Ordezkoa: Alberto Saez de Viteri Fernández, Federación Gipuzkoana de jubilados y pensionistas «Agijupens» Erretiratu eta pentsiodunen Gizarte zentroen Gipuzkoako Federazioko bazkide laguntzailea.

4.– Luis Carlos Matias Calvo, Asociación Provincial de Pensionistas, Jubilados y Viudas de Álava «Las Cuatro Torres» Elkarteko presidentea.

Ordezkoa: José Arellano Marquínez, Asociación Provincial de Pensionistas, Jubilados y Viudas de Álava «Las Cuatro Torres» Elkarteko presidenteordea.

5.– Celia Gómez Póveda, Lares Euskadi Elkarteko presidentea.

Ordezkoa: Ladislao Arriola Peña, Lares Euskadi Elkarteko presidenteordea.

6.– Beatriz Gázquez Delgado, 3D Social Movement-eko kudeatzailea.

Ordezkoa: Beatriz Jiménez González, 3D Social Movement-eko aholkularia.

7.– M.ª Jesús Goikoetxea Iturregui, Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultatekoa.

Ordezkoa: Brígida Argote Martínez de Lagrán, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Adinekoen Arloko zuzendariorde teknikoa.

Idazkaria: Saioa Landa Ayo, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzako teknikaria.

Ordezkoa: Igone Magunagoitia Moreno, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzako teknikaria.

Zazpigarrena.– Saria ebaztea.

1.– Epaimahaiak txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza jasoko duena.

2.– Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendariak saria emateko edo deialdia hutsik uzteko ebazpen-proposamena egingo du, hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak adierazita.

Era berean, txosten bat egingo du, eta bertan jasoko du, eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela erakunde onuradunak betetzen dituela saria jasotzeko baldintza guztiak.

3.– Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, dagokion urteko deialdiaren agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta jakinarazpenik jaso ez badu, aurkeztutako hautagaitzak ezetsitzat eta deialdia hutsik geratu dela ulertuko da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan arabera. Hala ere, berariazko ebazpena eman beharra ez da alde batera utziko. Hala dauka xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak.

4.– Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendariak helaraziko dio ebazpen- proposamena gizarte-politiken arloan eskumena duen sailburuari

Halaber, deialdia hutsik deklaratzeko proposamena egingo du honako kasu hauetan:

a) Hautagaitzetako batek ere ez baditu betetzen urriaren 3ko 145/2023 Dekretuan jardunbide egokitzat hartzeko ezarritako baldintzak.

b) Hautagaitzetako batek ere ez badu lortu 60 puntuko gutxieneko puntuazioa.

5.– Proposamena ikusi ondoren, sailburuak saria emateko edo deialdia hutsik uzteko agindua emango du. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean jakinaraziko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

6.– Sailburuak agindua ematen duenean (saria emateko zein deialdia hutsik uzteko), administrazio-bidea agortuko denez, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera izango da, organo berari aurkeztuta, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Zortzigarrena.– Saria ematea.

1.– Saria ekitaldi publikoan emango da, eta data jakinaraziko zaio erakunde sarituari.

2.– Ekitaldi horretan, erakunde sarituak labur azalduko ditu egindako praktikaren xehetasunak, eta txeke bat emango zaio emandako sariaren zenbatekoarekin.


Azterketa dokumentala