Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2024ko abuztuaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4026

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako (Gipuzkoa) Añ.03.1 Añorgako Geltokia hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko maiatzaren 8an, Donostiako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Donostiako Añ.03.1 Añorgako Geltokia hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa (aurrerantzean, Plana) egin zedin. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin da; arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.

Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, 2024ko ekainaren 4an, kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, aipatu legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartekoetan ere, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Aplikatu beharreko lege eta arauak ikusita (10/2021 Lege Orokorra, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Añ.03.1 Añorgako Geltokia hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Donostiako indarreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, 2010eko HAPO) 2010eko ekainaren 25eko ebazpenaren bitartez onetsi zen behin betiko. Ondoren, onespen hori osatu egin zen, 2014ko maiatzaren 29ko udal-ebazpenaren bidez onetsi zen «Urumea ibarrari buruzko HAPOaren behin betiko onespenaren etenaldia zati batean kentzeko» dokumentuarekin.

HAPO horren eta aipatutako dokumentu osagarriaren testuinguruan, hiri osoaren hirigintza-araubide orokorra finkatu, eta hiri osoaren egiturazko hirigintza-antolamenduko araubidea ezarri zen, Añ.03 Añorga Txiki hirigintza-eremukoa barne, eta horren barruan, Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremukoa. Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremua hiri-lurzoru gisa sailkatuta dago, 39.157 m2-ko azalerarekin, kalifikazio globalari dagokionez; lursail gehienak (32.265 m2) «A.30 Eraikuntza irekiko bizitegiko zona» tipologiako eremu global batean integratzen dira; gainerakoa (6.892 m2), berriz, E.20 Trenbide-sistema orokorreko zona tipologiako eremu batean. Gainera, HAPOak aipatutako azpieremuari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Berezi bat prestatzea xedatzen du, antolamendu xehakatua zehazteko.

Añ.03.01 Añorgako Geltokia azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren helburua azpieremu horren antolamendu xehakatua zehaztea da.

Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari, sustatzaileak hala eskatuta, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren izapidea egin zitzaion, eta izapide hori Donostiako (Gipuzkoa) Añ.03.1 Añorgako geltokiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa igorri zenean amaitu zen (2022ko urtarrilaren 3ko EHAA, 1. zk.). Dena den, ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia amaitu da, eta, ondorioz, sustatzaileak berriro hasi behar du ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea.

«Añ.03.1 Añorgako Geltokia» azpieremuko Plan Bereziaren antolamendu-irizpideak bat datoz 2010eko HAPOan ezarritako helburuekin, hots, Añorgako Geltokiko hiri-berroneratzeari ekitearekin, gaur egun nagusiki ezarrita dauden industria-erabilerak desagerraraziz eta horiek etxebizitza-erabilerarekin ordezkatuz; era berean, espazio libreak eta beste elementu batzuk sortuko dira, forma, tamaina eta kokaleku egokiarekin. Hala, Añorga Txiki hirigunearen hiri-, ingurumen- eta paisaia-kalitatea hobetzea lortu nahi da.

Irizpide eta helburu orokor horiek honela zehazten dira:

– Bizitegi-garapen berri baten aurreikuspena, Añorga Txikiko gainerako hirigunean integratuta, multzoaren ingurumen-kalitatea hobetuz alde horretan.

– Eremuko ekipamenduaren birkualifikazioa, ekipamendu berrien antolamendua planteatuz edo lehendik dauden ekipamenduak hedatuz, bai eta espazio libreak ezarriz ere.

– Zuzkidura publiko berriak antolatzea (plaza, espazio libreak, tokiko ekipamenduak...).

– Amassorrain ikastola sendotzea eta handitzea.

– Añorgako tren-geltokia planteatutako garapen urbanistikoan integratzea, baita Añorga Txikiko hirigunean ere.

– Lehendik dauden eraikinak eraistea, Amassorrain ikastola eta Añorga hiribideko 1., 3. eta 5. lurzatietan dauden hirurak izan ezik.

– 2010eko HAPOan aurreikusitako hirigintza-garapena eta, zehazki, aurreikusitako eraikigarritasuna antolatzea, baldintza hauetan: 250 etxebizitza inguru ezartzea guztira, 25.000 m2(t)-ko eraikigarritasunarekin. Horietatik 4.181 m2(t) gizarte-babeseko etxebizitzen araubideari atxikitzen zaizkio (erregimen orokorreko BOE), eta beste 4.180 m2(t) babes tasatuko etxebizitzei; gainerakoa, 15.890 m2(t), sustapen libreko etxebizitzetara bideratuko da. Halaber, 2.500 m2(t)-ko eraikigarritasun tertziarioa proposatzen da.

Garapen berri gisa, bost eraikineko multzo bat proiektatu da, sestra gainean, azpieremuan aurreikusitako etxebizitza-programari eusteko, baita modu gehigarrian planteatu diren erabileretarako ere. Iparraldetik hegoaldera, «A», «B», «C», «D» eta «E» eraikuntza-unitateak deritze; horietatik, lehenengo biek («A» eta «B») etxebizitza babestuak hartuko dituzte, bai gizarte-babesekoak, bai babes tasatukoak, hurrenez hurren, eta beste hirurek («C», «D» eta «E») sustapen librekoak.

Añ.03.1 Añorgako geltokia azpieremua Añorga Txiki hirigunean dago, Donostia udalerrian, eta auzora sartzeko bidearen (Añorga hiribidea) eta Euskotrenen trenbideen artean dago (ekialdetik mugatzen du). Azpieremuaren azalera 39.157 m2-koa da.

Gaur egun, Añorgako Geltokia azpieremuan honako hauek daude: Amassorrain ikastola, erabilera partzialen bat duten bi industria-eraikin, etxebizitza kolektiboen eraikin txiki bat eta familia bakarreko bi etxez osatutako multzo bat, jarduera ekonomikoetarako (merkataritza, lantegia eta abar) instalazioekin osatuta.

Plan Bereziarekin, azpieremuaren iparraldeko muturrean, Añorga hiribideko 1, 3 eta 5 zenbakietan, dauden eraikinen multzo bat finkatuko da, baita Amassorrain ikastola ere, baina horren lurzatia zabalduz, etorkizuneko hazkunde-beharrei begira. Eremuko gainerako eraikinak eraitsi egingo dira.

Hegoaldean dagoen muinoaren berdegunea ere mantendu egiten da, baina ikastolaren lurzatia hedatzen den beste murriztuko da.

Alternatibei dagokienez, lau garapen-alternatiba aztertu dira, eraikinen antolamenduan eta gaur egun lurpetik doan Añorga errekaren zatia aire zabalera irekitzeko erabakian desberdintzen direnak.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du baldintzarik ezartzen, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Planaren eremua hiri-lurzoru finkatugabea da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenean energia-aurrezpena eta efizientzia indartzeko neurriak sar daitezke.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da detektatu Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, uholde-arriskuari, ingurumenari, kultura-ondareari, segurtasun eta osasunari, lurzoru kutsatuei, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Eraginen eta ziur asko erasango den eremuaren ezaugarriak.

Aztergai dugun Plan Berezia hirigunean egiteko da, Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremuan, zeina Añorga Txiki hirigunean (Añ.03 Añorga Txiki eremua) integratuta baitago, Donostiako udal-mugartearen hego-mendebaldeko muturrean, Añorga-Errekalde auzoan.

Azterketako azpieremuak Añorga hiribidearekin egiten du muga mendebaldean, eta Euskotrenen trenbidearekin ekialdean. Azaleraren ia erdia eraikuntza eta eremu asfaltatuekin dago okupatuta.

Hidrologiari dagokionez, aztergai dugun eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Urumeako Unitate Hidrologikoan dago. Añorga erreka trenbidearekiko paraleloan doa azpieremuan barrena 575 metro inguru, hego-mendebaldetik ipar-ekialdera. Errekan ubidea aldatzeko lanak egin ziren, eta lurperatuta zeuden zenbait tarte aire zabalera ireki ziren. Gaur egun, ibilgua 175 m-ko lehen tarte batean bideratuta dago, eta lurperatuta dago bere garaian Miko eta Firestone enpresei loturik zeuden lurzatien azpian (197 metro) eta, azken 200 metroetan, ibilgua berriro lurrazaletik doa bideratuta.

Lurrazaleko ur-ibilguei buruzko kartografiaren arabera, eremuaren ekialdean dagoen mendi-hegaletik hiru erreka igarotzen dira, zeinak, trenbidearen tartean, lurpetik igarotzen baitira Añorga errekaraino iristen diren arte.

Egun bertan dagoen landaredia hau da: eremuaren hego-mendebaldeko muturrean dagoen hostozabal eta baratze masa bat eta eraikina duten lurzatietako lorategi-zonak.

Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kartografiaren arabera, azterketaren eremuan Batasunaren intereseko 6510 habitata identifikatu da: Altitude baxuko sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis). Haatik, landa-bisitaren ostean egindako kartografian, ez da identifikatu sega-belardi elkorren ezein habitat; izan ere, gaur egun, eremuaren hegoaldean trenbideak, bideratutako erreka eta hostozabalen masa eta baratzeak daude. Eremu horretan ez da flora-espezie mehatxaturik identifikatu.

Era berean, beren funtzionaltasun ekologikoagatik, Añorga errekaren ondoko ibaiertzeko landaredi-tarte txikiak nabarmentzen dira. Segida ekologikoaren ondorioz, egiturazko heldutasuna eskuratuko dute, eta oso eraldatuta dagoen errekasto horren baldintza ekologikoak hobetuko dituzte.

Eremuan dagoen fauna gizatiartze-mailak eta landare-estalkiaren sinplifikazio-mailak baldintzatzen dute; gauzak horrela, ez dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasotako espezieen habitat bereizgarririk, eta, beraz, ez dirudi eremuan egongo direnik. Ibai-ibilguei loturiko espezieei dagokienez, Gipuzkoan onartutako eta lauki-sarean aipatutako kudeaketa-plana dutenei dagokienez (bisoi europarra eta desman piriniotarra), eremuan dago espezie horietarako Interes Bereziko Eremurik eta, ibilguaren egoera dela eta (lurperatuta eta bideratuta dauden zatiak txandakatzen dira), ziurrenik ez dago halako espezierik bertan.

Añ.03.1 Añorgako Geltokia hirigintza-eremuan eta haren ingurune hurbilean ez dago ezein eremu babesturik, ez nazioarteko tresnek babestutako eremurik, ez eta inbentarioan jasotako natura-intereseko lekurik ere (LAGetako azpiegitura berdearen elementuak edo EAEko hezeguneen inbentarioa). Halaber, ez dago interes geologikoko gunerik bertan. Natura 2000 Sareko espaziorik hurbilenak 4 km baino gehiagora daude: Oriako itsasadarra KBEa (ES2120010) eta Urumea ibaia KBEa (ES2120015).

Mugikortasunari dagokionez, nabarmentzekoa da, gaur egun, azpieremu berean, Donostia-Bilbo eta Lasarte-Hendaia lineei zerbitzu ematen dien Euskotren geltoki bat dagoela, bai eta hiriko eta hiriarteko autobusen bi geltoki ere. Gainera, GI-21 errepidearekiko modu paraleloan, Gipuzkoako Bizikleta Bideen LPSak definitzen duen I-2 Donostia–Mutriku ibilbidea osatzen duen bidegorria igarotzen da.

Ondarean eskuragarri dagoen informazioaren arabera (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Zuzendaritzaren Euskal Kultura Ondarearen Informazio Sistema) eta Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babestekoaren Plan Bereziaren (HEOBPB) arabera, ez da ondare arkeologiko eta arkitektoniko babestuko elementurik identifikatu Añorgako Geltokia azpieremuan, ez eta inguruetan ere.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak II. eranskin gisa jasotzen du Añ.03.1 Añorgako Geltokia Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren inpaktu akustikoaren azterketa. 2020ko martxoa. Aipatutako azterketa akustikoaren arabera, egungo egoeran, emaitzek erakusten dute eremuaren ekialdean gainditu egiten direla Kalitate Akustikoko Helburuak (KAH) aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua), trenbidearen presentziagatik. Gauez, trenak ez ezik, Añorga hiribideko zirkulazioak ere KAHen muga gainditzen du azterketa-eremuaren mendebaldean.

Azpieremua «Antigua» Babes Akustiko Bereziko Eremuan (BABE) dago, eta hango Ekintza Planak bide batzuen abiadura 30 km/h-ra jaistea proposatzen du hiri-kaleen inpaktua murrizteko zuzenketa-neurri gisa.

Bibrazioen azterketa ere egin da, trenbide-ardatz batetik 75 metrora baino gutxiagora eraikinak eraikitzea aurreikusten baita Planean. Azterketa horren ondorioa da etorkizuneko etxebizitzek lurzoruaren kotan duten bibrazio-mailak ez dituela gainditzen eraikinen barnealdeari aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak.

Ingurumen-arrisku naturalei dagokienez, ez da arrisku nabarmenik hauteman; izan ere, etorkizuneko hirigintza-garapena kokatuko den eremuak akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun oso txikia du, uholde-arriskuko eremuetatik kanpo dago eta lurzoruaren higadura-maila baxua da, RUSLE ereduak muturreko higadura-prozesuak dituen eremu gisa kartografiatutako eremuaren hegoaldean dagoen eremu txiki bat izan ezik, baina HAPBaren jarduketek ez dute eraginik izango eremu horretan.

Azterketaren azpieremuan kutsatuta egon litezkeen industria-erabilerako lurzorutzat jotako bi kokaleku daude; horietako bat, GEOIKER 20069-00265 kodea duena, bere garaian Miko eta Firestone enpresak egondako lurzatia (3.406 m2); eta, bestea, 20069-00264 kodea duena, azpieremuaren iparraldeko muturrean dagoen mekanika-lantegi batena (175 m2).

Klima-aldaketari dagokionez, Planaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta, uste da azpieremua giza osasunaren gaineko bero-boladen arriskuaren eta hiri-ingurunearen gaineko ibai-uholdeen arriskuaren eraginpean egon daitekeela.

Planaren garapenak izan ditzakeen ondorio kaltegarriak honako jarduketa hauek gauzatzeari lotuta daude:

– Eraikinak eta instalazioak eraistea.

– Landaredia soiltzea.

– Lur-mugimenduak.

– Añorga errekaren ibilgua aire zabalera irekitzea.

– Lursaila egokitzea eta ezpondak sortzea errekaren ibilguaren ingurunean.

– Urbanizazio-lanak (espaloiak, bideak, bestelako azpiegiturak eta zerbitzuak).

– Sestra gainean eta azpian eraikinak eraikitzea.

– Obren eraginpean dauden azalerak leheneratzea.

– Bizitegi-jarduera eta jarduera osagarriak (hirugarren sektorekoak eta ekipamendukoak).

Planak gehienbat obra fasean sor ditzakeen inpaktu hauek identifikatu dira:

– Lurzorua okupatzea, eremua lehendik urbanizatuta bazegoen ere, azpieremuaren % 65,08an, berdeguneak eta ibaiaren ibilgua kenduta, esku-hartze nabarmena egingo da. Dena den, lurzoruaren iragazgaiztea % 10 inguru murriztu daiteke, material iragazkorrak erabilita aparkaleku, espaloi eta eraiki gabeko bestelako espazio publiko, plaza eta abarren lurzoruetan.

– Hondakinak sortzea eta lurrak mugitzea; hondakin asko sortuko dira antolamendutik kanpo geratzen diren eraikinak (industrialak eta etxebizitza kolektibokoak) eraistearen ondorioz eta eremu urbanizatuak ezabatzeko lanetan. Eraikin berriak eraikitzeko lursailaren kota jaisteak, sestra azpian 20.418 m2-ko eraikigarritasuna egikaritzeak eta erreka 190 metroko tarte batean irekitzeko lur-indusketek lur-mugimendu handiak eragingo dituzte. Beraz, litekeena da azpieremuko urbanizazio-obrek lur-soberakin asko sortzea.

– Añorga erreka desestaltzeko lanek lurrazaleko uren kalitatea kaltetu dezakete, eta ura uhertu –solido esekiak areagotzen badira edo istripuz isurketaren bat jazotzen bada–. Halakorik bada, Añorga errekaren zati horretako lurrazaleko uren kalitatea murriztu egingo da.

– Zarata eta atmosferako kutsadura ustiapen-fasean. Etorkizuneko kanpoko zaratari dagokionez, kalitate akustikoko helburuen (KAH) mugak gaindituko dira aztertutako hiru aldietan. Baina, fatxadako zarataren kasuan, gainditzeak etorkizuneko eraikinetako beheko solairuetan gauez bakarrik gertatzen dira, eta KAHak bete egiten dira fatxadan eguneko eta arratsaldeko tarteetan.

Bibrazioei dagokienez, aurkeztutako bibrazio-azterlanaren arabera, ondorioztatzen da etorkizuneko etxebizitzen bibrazio-mailak, lursailaren kotan, ez dituela gainditzen eraikinen barruan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak.

– Eragin-arriskua, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak egoteagatik. Bere garaian Miko eta Firestone (3.406 m2) enpresak egondako lurzatietan bizitegi-eraikinak eraikitzea aurreikusten da; bertan, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak daude. Ondorioz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (lurzoruaren kalitatea deklaratzeko kasuak), beharrezkoa da lurzoruaren kalitatearen adierazpen-prozedurarekin hastea, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluaren b) eta d) kasuetan egoteagatik, 31.4 artikuluarekin bat etorriz. Gainera, 23.2 artikuluarekin bat, beharrezkoa izango da Indusketa Selektiboko Plan bat prestatzea, eta hori ingurumen-organoak onartu beharko du, aurreikusitako indusketak hasi aurretik.

Obra fasean, garrantzi txikiagoko beste inpaktu negatibo batzuk ere izango dira: landaredia kentzeak eragindakoak, eta faunari edo paisaiari eragindakoak. Ustiapen fasean ere beste eragin negatibo batzuk egon daitezke, hala nola mugikortasun-eskaria handitzea eta airearen kalitatea kaltetzea.

Ustiapen fasean, erreka desestaltzeak honako hauek hobetuko ditu: ibilguaren geomorfologia (substratua, irregulartasuna, etab.), uren kalitatea (oxigenazioa, tenperatura, etab.) eta baldintza ekologikoak (ibaiertzeko landaredia, igarobide izaera, etab.), orokorrean. Oro har, eragina positiboa izango da errekastoarentzat eta haren ingurunearentzat.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira bertan.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra faseari nola jardueraren funtzionamendu faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

Planaren jarduketak GEOIKER 20069-00265 kodea duen lurzatiak –bere garaian Miko eta Firestone enpresak egondako lurzatiak, eta jarduketa-zantzuak topatu diren inguruko eremuak– lurzoruaren kalitate-adierazpena jasotzearen mende egongo dira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako prozedurari jarraikiz. Hala ere, kokagune horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten inguruabarrik egonez gero, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitate-adierazpenik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-eremuko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

Inbentarioan jasotako eremua induskatzen denean, hondoan ura badago, karakterizatu egin beharko da, isurketarako, tratamendurako eta abarrerako. Horretarako, aldez aurretik, organismo eskudunaren idatzizko baimena beharko da, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi jakinarazi beharko zaio ura dagoela, zein den haren kalitatea eta isurketak egiteko baimenik duen. Ondoren, baimenaren eskakizunak betez kudeatu ahal izango da.

– Lurzorua eta lurpeko urak babestera bideratutako neurriak.

Prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

Garapen-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du. Hondakin-urak udalerriko hondakin-uren kolektore orokorrera konektatuko dira.

– Uholde-arriskuak murrizteko neurriak.

Urbanizazio-proiektuak azterlan hidrauliko bat izan beharko du, proposatutako ubideratzearen nahikotasun hidraulikoa aztertu eta justifikatzen duena.

Jabari publiko hidraulikoari, edo harekin lotura duten babes-eremuei (zortasun- eta garbitasun-eremuak), eragin diezaiokeen edozein jarduketak arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko du. Organismo horretan aztertuko dira bereziki lanen ezaugarriak eta eraginak eta, hala badagokio, dagozkion aginduak eta betekizunak ezarriko dira.

– Uren kalitatearen gaineko eragin negatiboa murrizteko neurriak.

Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek azaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

– Hondakinak sortzeari eta kudeatzeari buruzko neurriak.

Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketatik eratorritakoak barne. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira.

– Kultura-ondareari buruzko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako gainerako xedapenei jarraikiz, obretan aztarna arkeologikoren bat egoteko arriskua dagoela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri behar den.

– Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

Lanek iraun bitartean, sorburuan zaratak murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki indusketa-, eraispen-, kargatze eta deskargatze- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorreko lanetan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, eta obretan erabilitako ekipamenduaren zaraten kontrolean ere, besteak beste.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Obra fasearen ostean, eta eraikin berriak erabilgarri jarri aurretik, zarata-neurketak egingo dira eraikinen barnealdean, barnealdeko kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen diren egiaztatzeko.

Bibrazioei dagokienez, eraikinen zimendatzea bibrazioaren sorburura hurbilduko direnez, beste azterketa bat egitea gomendatzen da eraikinen zimendu-kotan, eraikinen barrualdeari aplika dakizkiokeen kalitate akustikoko helburuak gainditzen ez direla egiaztatzeko. Gainditzeak gertatuz gero, zuzenketa-neurri egokiak ezarri beharko dira.

– Lurraldearen paisaia-leheneratzerako neurriak.

Añorgako erreka ekologikoki leheneratzeko, bioingeniaritzako teknikak erabiltzea proposatuko da, estali gabeko erreka-zatiaren ertzak babesteko eta berriro landareztatzeko. Berriro landareztatzeko proiektu hori eremua urbanizatzeko proiektuaren barruan sartu beharko da.

Inguruko ingurumen-ezaugarriak aintzat hartuta, eta eraikin berriak zona horretako paisaian integratu daitezen, hainbat eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), inguruko eraikuntza-tipologiarekin eta estetikarekin bat etorrita.

Era berean, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz berriro landareztatzeko lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

Ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira, hala nola Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

Planaren eremuko espazio berdeak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20 b zenbakia (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza, hemen eskuragarri: https://www.ihobe.eus/argitalpenak).

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza jasangarrirako gidan (hemen eskuragarri: https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, ez dela aurreikusten Donostiako Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremuari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, Planak ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri Donostiako Udalari ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Donostiako Añ.03.1 Añorgako Geltokia hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada gehienez ere lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 22a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala