165. zk., 2024ko abuztuaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (282 KB - 17 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
SEGURTASUN SAILA
4024
EBAZPENA, 2024ko uztailaren 30ekoa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizial kategoriara igotzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten duena.
Deialdi hau egiten da honako hauetan xedatutakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua, Ertzaintzaren espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023 Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretua.
Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Arautzailearen onespena dago eta, ildo horretatik, Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaera ere kontuan hartzen da.
Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari honek ebatzi du Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizial kategoriara igotzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea, honako oinarri hauek kontuan izanik:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizial kategorian 122 plaza barne promozioko oposizio-lehiaketa bitartez betetzeko, hautaketa prozedurarako deialdia egiten da. Prozedura osatzeko, prestakuntza-ikastaro bat egingo da. Plaza horiek betetzeko eskatutako titulazioa Euskal Administrazio Publikoetako funtzionarioen C Taldeko C-1 Azpitaldeari dagokion mailakoa izango da, sartzeko eskatzen den titulazioaren arabera, eta guztiek Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna dute. Hona hemen plaza horien xehetasunak:
– Espezialitaterik gabeko 72 plaza (Herritarren Segurtasuna); haietatik 48 derrigortasun-data igarota eta 24 derrigortasun-data igaro gabe.
– Espezialitaterik gabeko 4 plaza (Herritarren Segurtasuna), C pilotua eta indarrean dagoen C1 motako ziurtagiri aeronautikoa, titulazio espezifikoarekin: Helikopteroko pilotu komertziala eta C1 ziurtagiri mediko aeronautikoa; derrigortasun-data igaro gabeko plazak dira guztiak.
– Espezialitaterik gabeko 2 plaza (Herritarren Segurtasuna), C pilotua + «IFR» eta indarrean dagoen C1 motako ziurtagiri aeronautikoa, titulazio espezifikoarekin: Helikopteroko pilotu komertziala eta C1 ziurtagiri mediko aeronautikoa; derrigortasun-data igaro gabeko plazak dira guztiak.
– Espezialitaterik gabeko plaza 1 (Herritarren Segurtasuna), urpekaria, berariazko titulazioaren betekizunarekin: sakonera ertaineko Urpekaritza Profesionalaren Nortasun Txartela eta urpeko jardueren lizentzia; derrigortasun data igaro gabe.
– 30 plaza IKIO2/IKI espezialitatearekin; haietako 4 derrigortasun-data igarota, eta 26 derrigortasun-data igaro gabe.
– 12 plaza Bide Segurtasuneko espezialitatearekin; haietako 7 derrigortasun-data igarota, eta 5 derrigortasun-data igaro gabe.
– Plaza 1 Eskolta/Esku-hartze espezialitatearekin, derrigortasun-data igaro gabe.
Deitutako plaza kopurua handitu ahal izango da, Ertzaintzako ofizial Kategoriako lanpostu hutsen arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpen baten bidez, bat etorriz Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntzarako Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoarekin. Hemeretzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko da ebazpen hori.
Handitze hori hamaikagarren oinarrian aurreikusitako izapidearen aurretik egin beharko da.
Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak eta baldintzak.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek, onartuak izateko, betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Aurretik eskaera egitea.
b) Ertzaintzaren karrerako funtzionario izatea, Oinarrizko Eskalakoa edo Ikuskapen Eskalako ofizialorde kategoriakoa.
c) Zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalan edo Ikuskapen Eskalan, edo seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo zerbitzu berezietan.
d) Oinarrizko Eskalakoa izanda, benetako zerbitzuetako 4 urte beteta izatea.
Benetako zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 78. 4 artikuluan ezarritakoaren arabera zenbatuko dira.
Jatorrizko kategorian edo eskalan benetan lan egindako denbora zenbatzeko, Ertzaintzako karrerako funtzionario gisa barne-sustapenean sartzeko aukera ematen duten administrazio-egoeretan igarotako denborari gehitu egingo zaio barne-sustapenean sartu aurreko praktikei dagokiena, baldin eta hautaketa-prozesua gainditu bada.
e) Falta astuna edo falta oso astuna egiteagatik zehapenik jaso ez izana, ezarritako zehapena baliogabetzea lortu ez bada behintzat.
f) Dagokion espezialitatea izatea, espezialitate-eskakizunarekin eskainitako plazak aukeratuz gero.
g) Eskatutako titulazio-baldintza izatea, hala eskatzen duten plazak eskatuz gero.
2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko apartatuan ezarritako betekizun guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, nahiz eta eskakizun horiek egiaztatzeko prozeduraren fasea ere bete beharko duten.
3.– Hautaketa-prozeduran onartu eta parte hartu ahal izateko, nahikoa izango da pertsonak eskabidean adieraztea eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituela, hain zuzen eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.
Deialdia egin duen organoak ofizioz egiaztatuko ditu betekizun horiek, eta, horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzari dagokion ziurtagiria eskatuko zaio.
4.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, hautaketa-prozeduraren edozein unetan, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian, onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzeko eskumena duen organoari jakinarazten bazaio izangaietako batek ez dituela betetzen deialdian parte hartzeko baldintzak, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko du, edo, hala badagokio, prestakuntza-ikastarotik edo praktika-alditik kanpo, interesdunari entzun ondoren.
5.– Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da; beraz, proba psikoteknikoak eta nortasun-probak egiteko baimena eman beharko da, eta proba horien emaitza balorazio-faktore gisa erabiltzea onartuko da, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera.
Hirugarrena.– Eskaerak.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek eskaera egin beharko dute GURENET saileko intranetaren bidez, bertan eskuragarri egongo den eskaera-eredua betez. Eskaera horretan, aukeratu nahi den maila-igoerako ikastarorako plazak adieraziko dira, lehentasun-ordenaren arabera.
Gutxieneko iraunkortasun-betebeharragatik lotutako funtzionarioek berariaz eskatu beharko dituzte atxikita dauden espezialitateko plazak. Horrela egin ezean, nahitaez atxiki ahal izango dira plaza horietara.
2.– Eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Eskaeran zehaztu beharko da zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi diren oposizio-probak. Eskabidean adierazitako aukera aldatu ahal izango da, Epaimahai Kalifikatzaileari idatziz jakinarazita, probak eta/edo ariketak egin baino 72 ordu lehenago gutxienez.
4.– Eskabidea betetzeak berekin ekarriko du eskatzaileak berariaz adieraztea deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela, hain zuzen eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunerako betetzen dituela.
5.– Alegatu daitezkeen merezimenduak hautaketa-prozesurako izangaien espediente pertsonalean jaso behar direnez, ez da beharrezkoa izango horiek alegatzea, ezta egiaztatzea ere.
Ofizioz egiaztatu eta baloratuko dira, kontuan hartuta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean espediente pertsonalean aurkeztutako merezimenduak balioetsiko direla.
Laugarrena.– Izangaiak onartzea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea amaituta, eta bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da.
2.– Bazter utzitako izangai bakoitzari dagokionez, baztertzea eragin duten arrazoiak adieraziko dira behin-behineko zerrendan, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta eskaerak dituen akatsak zuzentzeko.
3.– Aurkeztutako erreklamazioak onartu edo ezetsiko dira onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen ebazpenean, eta zerrenda hori lehenengo apartatuan aurreikusitako moduan emango da argitara.
4.– Zerrenda horietan, bai eta ondoren argitaratzen diren gainerakoetan ere, zenbaki profesionalaren bitartez identifikatuko dira pertsonak.
Bosgarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.
1.– Oposizio-lehiaketako probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko eta parte-hartzaileak hautatzeko, Epaimahai Kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi mahaikidek osatuko dute; bietako batek idazkari-lanetan jardungo du.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez jakinaraziko da Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta haien ordezkoen izendapena, hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera. Otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bate etorriz, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egongo da Epaimahaiaren osaeran.
2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna kide anitzeko organoen funtzionamenduaren arau erregulatzaileek araupetuko dute.
Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 23. eta 24. artikuluetan adierazitako abstentzio- eta errekusazio-arrazoiak aplikatuko zaizkie.
Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzen duenak legez aurreikusitako ordainsariak jasoko ditu.
3.– Hautaketa-sistema osatzen duten probak eta merezimenduak garatzea eta ebaluatzea Epaimahai kalifikatzaileari dagokio; autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
4.– Epaimahai Kalifikatzaileak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, hautaketa-sistemak jasotzen dituen proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari edo aditu horiek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dute.
5.– Hautaketa-sistema garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahai Kalifikatzaileak oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian; gainera, ahalmena izango du bai sistema interpretatzeari eta aplikatzeari buruz eta bai bere eginkizunak betetzeari buruz sortzen diren arazo guztiak ebazteko.
6.– Epaimahaiak ezin izango du deialdiko plazen kopurua baino hautagai gehiago hautatu, eta erabat deusezak izango dira muga hori hausten duten proposamen guztiak.
7.– Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.
8.– Epaimahai Kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira:
2024ofiziala@seg.euskadi.eus
Epaimahaiak bide hori erabiliz erantzungo die jasotzen dituen idatziei.
Seigarrena.– Hautaketa-prozesua.
1.– Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa bitartez gauzatuko da; hau da, oposizio- eta lehiaketa-prozedurak egingo dira, izangaien gaitasuna eta ondoriozko lehentasun-ordena zehazteko.
2.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta han lortutako puntuak ezin izango dira kontuan hartu oposizioko ariketak gainditutzat hartzeko, ez eta ariketotan lortutako kalifikazioak aldatzeko ere.
Zazpigarrena.– Oposizioa.
Oposizioa proba hauek osatuko dute (bata bestearen atzetik egingo da):
1.– Lehenengo proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: jakintza-proba.
Proba honetan test erako galdetegia idatziz erantzun beharko da. Probaren edukiak ebazpen honen eranskineko programan zehaztuta daude.
Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun-aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.
Proban gaizki emandako erantzun bakoitzak erantzun zuzenaren balioaren 1/3ko zigorra jasoko du. Erantzun gabeko galderak eta bi erantzun dituztenak ez dira zigortuko.
Proba hau 0 puntutik 60ra bitartean baloratuko da, eta automatikoki baztertuko dira gutxienez 30 puntu lortzen ez dituztenak.
Hautaketa-sistema egokia izan dadin, Epaimahai Kalifikatzaileak, proba honetan eskatu beharreko gutxieneko maila eta erakutsitako ezagutza-maila kontuan izanik, eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, erabaki ahal izango du ariketa bakoitza gainditzeko beharrezkoa izango den gutxieneko puntuazioa non ezarri; erabaki hori argitaratuko du.
Horrelakoan, ariketa honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai Kalifikatzaileak formula hau aplikatuko du:
HPB = (PBgeh/2) x (1+P-m)/(PZgeh-m))
Hau da:
HPB = Hautagaiak lortutako puntuazio bihurtua.
PBgeh= Proban lortutako gehieneko puntuazio bihurtua (Deialdi-oinarrien arabera proban lor daitekeen puntuazio gehiena: 100,00 puntu).
PZ= Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena.
PZ= zuzenak - (hutsegiteak x 1/3).
m = Epaimahaiak proba gainditzeko ezarritako ezinbesteko gutxieneko puntuazio zuzena.
PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (proban lortutako gehieneko puntuazio zuzena).
2.– Bigarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: proba psikoteknikoa.
Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizial kategoriako polizia-lanak egiteko izangaien gaitasunak ebaluatzeko proba.
Proban gaitasun hauek baloratuko dira:
a) Arrazoitzeko gaitasuna.
b) Pertzepzio-gaitasunak (identifikazioa, bereizketa...).
c) Espazio-gaitasunak.
d) Ahozko adierazpenerako gaitasunak.
Test motako galdetegi bati edo batzuei idatziz erantzun beharko zaie. Galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta haietako bakarra izango da zuzena.
Erantzun oker bakoitza erantzun zuzen bakoitzaren balioaren 1/3arekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.
Proba hau 0 eta 40 puntu artean baloratuko da. Automatikoki baztertuko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.
Hautaketa-sistema egokia izan dadin, Epaimahai Kalifikatzaileak, proba honetan erakutsi den gutxieneko maila kontuan hartuta, eta izangaien identitatea jakin aurretik, puntuazio-atalasea erabaki ahal izango du, proba hori gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ezartzeko; erabaki hori argitaratuko du.
Horrelakoan, ariketa honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai Kalifikatzaileak formula hau aplikatuko du:
HPB = (PBgeh/2) x (1+P-m)/(PZgeh-m))
Hau da:
HPB = Hautagaiak lortutako puntuazio bihurtua.
PBgeh = Ariketan lortutako gehieneko puntuazio bihurtua (Deialdi-oinarrien arabera proban lor daitekeen puntuazio gehiena: 10,00 puntu).
PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena.
PZ = zuzenak - (hutsegiteak 1/3).
m = Epaimahaiak ariketa gainditzeko ezarritako ezinbesteko gutxieneko puntuazio zuzena.
PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (proban lortutako gehieneko puntuazio zuzena).
Zortzigarrena.– Oposizioko proben garapena.
1.– Probak ezin izango dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte.
2.– Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia Epaimahai Kalifikatzaileak iragarriko ditu, hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat, gutxienez zazpi egun natural lehenago. Gainerako ariketak argitaratzeko iragarkiak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira, hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
3.– Aurreko zenbakian ezarritakoa gorabehera, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki ahal izango du probak eta ariketak deialdi honetan ezarritakoaz bestelako hurrenkeran egitea, bai eta egun berean proba bat baino gehiago egitea ere. Kasu horretan, proben eta/edo ariketen emaitzak deialdiaren oinarrietan ezarritako ordenan argitaratuko dira. Aurrekoak probak eta/edo ariketak gainditu dituzten izangaien proba bakoitzaren emaitzak baino ez dira argitaratuko, zazpigarren oinarrian ageri den ordenari jarraituz.
4.– Hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira epaimahaiak nahitaezko probak egiteko egindako deialdira adierazitako egunean, orduan eta lekuan agertzen ez diren izangaiak, ez agertzeko arrazoiak ezinbestekoak izan arren. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba egitera berandu (behin proba hasita) bertaratzen diren izangaiei.
Aurreko paragrafoan ezarritakoaren salbuespen gisa, aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, hautaproben garapenean, Epaimahai Kalifikatzaileak probak egiteko datak edo lekuak egokitu ahal izango ditu, haurdunaldiagatiko arriskuagatik edo erditu aurreko edo ondorengo aldian egoteagatik hala behar duten emakumeen kasuan, baldin eta inguruabar horien berri ematen bazaio Epaimahai Kalifikatzaileari proba edo ariketa egin aurretik eta medikuaren ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badira.
5.– Oposizioan parte hartzen dutenek euren gaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa eraman beharko dute probetara, eta Epaimahai Kalifikatzaileak beti eskatu ahal izango du agiri horiek erakustea.
6.– Proba bakoitza amaitzean, Epaimahai Kalifikatzailearen erabaki baten bidez, proba gainditu duten eta kanpoan geratu diren izangaien zerrenda argitaratuko da, eta lortutako emaitzak adieraziko dira bertan, bat etorriz hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin.
Bederatzigarrena.– Lehiaketa.
1.– Lehiaketa-fasearen kalifikazioa oposizio-fasea gainditu dutenei baino ez zaie aplikatuko.
2.– Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den eguna aintzat hartuta baloratuko dira merezimenduak, hirugarren oinarriaren 5. apartatuan ezarritakoaren arabera.
3.– Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin izango dira merezimendutzat hartu deialdian parte hartzeko eskatutako betekizunak eta baldintzak.
4.– Lehiaketa-fasean, merezimenduak baloratuko dira, 40 punturaino, baremo hauen arabera:
4.1.– Lanbide-historia gehienez 25 punturekin baloratuko da. Ondorio horietarako, aintzat hartuko dira Ertzaintzaren lanpostuetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian eta polizia-lanean egindako lanak.
4.1.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako edozein moduren bidez lortutako lanpostuetako jardun profesionala edo zereginak baloratuko dira.
Lanpostu bakoitza Ertzaintzako lanpostuen zerrendan adierazitako lanpostu-kodearen bidez identifikatuko da. Ez dira lanpostutzat hartuko lanpostu-kode bereko dotazio desberdinak.
Apartatu hau gehienez 22 punturekin baloratuko da, baremo partzial hau erabiliz, izangaiak deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko azken egunera arte Ertzaintzan edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian betetzen dituen lanpostuak soilik kontuan hartuta, Ertzaintzan lanbide-jardunean emandako hilabete oso bakoitzeko (unitatetik beherako zatikiak alde batera utzita); honela baloratuko dira:
Ertzaintzako ofizial kategoriarako edo goragoko kategorietarako gordetako lanpostuetako egonaldiak: 0,25 puntu jardun profesionaleko zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko, eskabideak aurkezteko azken egunera arte zenbatuta (unitatetik beherako zatikiak alde batera utzita).
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarako irakaskuntza-, hautaketa- edo ikerketa-eginkizunetan diharduten zerbitzu-eginkizunetako lanpostuetako egonaldiak: 0,10 puntu erakunde autonomo honetan lanean emandako hilabete oso bakoitzeko, eskabideak aurkezteko azken egunera arte zenbatuta (unitatetik beherako zatikiak alde batera utzita).
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetzan aritzea, polizia-aditu gisa irakaskuntza-lanak eginez. Azken bost urteetan egindako kolaborazioak zenbatuko dira, eskabideak aurkezteko azken egunera arte zenbatuta: 0,10 puntu, emandako 20 irakastorduko (unitatetik beherako zatikiak alde batera utzita).
4.1.2.– Polizia-lanean eskuratutako aintzatespenak gehienez 3 punturekin baloratuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubideari buruzko abenduaren 7ko 146/2022 Dekretuan araututako aintzatespenak ematea balioetsiko da, baremo honen arabera:
a) Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorridun domina: 3 puntu.
b) Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri berdedun domina: 2 puntu.
c) Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri zuridun domina: 1 puntu.
4.2.– Ikasketak, gaikuntza eta trebakuntza profesionaleko jarduerak gehienez 15 punturekin baloratuko dira. Atal honek titulazio eta diploma ofizialen balorazioa hartzen du barne, eta halakotzat hartuko dira soilik Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak aitortutakoak, bai eta ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea ere.
4.2.1.– Titulu eta diploma ofizialei gehienez 10 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:
a) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 2. mailako titulazio ofizialak (Kualifikazioen Europako Esparruko 6. maila): 5 puntu emango zaizkie.
b) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. mailako edo goragoko titulazio ofizialak (Kualifikazioen Europako Esparruko 7. maila edo goragokoa): 7 puntu emango zaizkie.
Titulazio-maila bat goragoko beste maila batera sartzeko beharrezkoa den kasuetan, maila altueneko titulua baino ez da baloratuko.
Unibertsitateen berezko tituluak ez dira baloratuko.
4.2.2.– Ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea. Balioespen akademikoa duten tituluak emateko legez gaitutako ikastetxeek emandako ziurtagiri ofizialaren bidez balioetsiko da hizkuntza horien ezagutza agiri bidez egiaztatzea. Atal hau gehienez 5 punturekin baloratuko da, xehetasun eta maila hauen arabera:
a) Tarteko maila (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila edo baliokidea): 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.
b) Maila aurreratua (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko C1 edo goragokoa edo baliokidea): 3 puntu hizkuntza bakoitzeko.
Hizkuntza berak ezin izango du balorazio bat baino gehiago jaso; beraz, maila handienekoa bakarrik hartuko da aintzat.
Hamargarrena.– Euskararen ezagutza baloratzea.
1.– Euskara jakitea merezimendu gisa baloratuko da, bakarrik betekizuna ez den lanpostuetan. Gehienez 14 puntu emango zaizkie eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatua dutenei edo Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin baliozkotzeari eta parekatzeari buruzko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.) ezarritakoaren arabera aitortu edo parekatu direnei.
2.– Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.
3.– Egiaztapen hori ofizioz egiaztatu eta baloratuko du Epaimahai Kalifikatzaileak.
Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketaren azken kalifikazioa.
1.– Oposizio-lehiaketaren azken kalifikazioa bi faseetan lortutako puntuen batura izango da, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik ateratzen dena gehituta derrigortasun-datarik gabeko hizkuntza-eskakizuna duten plazetan, eta horrek guztiak zehaztuko du hautaketa-prozesuan parte hartzen duten izangaien lehentasun-hurrenkera.
2.– Sailkapen-ordenan puntu-berdinketak honako irizpide hauen arabera ebatziko dira, zehazki ordena honi jarraikiz:
a) 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.
b) Ezagutza teorikoen proban lortutako puntuaziorik onena (oposizioko lehenengo proba).
c) Proba psikoteknikoan lortutako puntuaziorik onena (oposizioko bigarren proba).
3.– Hautaketa-sistema osatzen duten proba eta merezimenduen sailkapena amaitu ondoren, Epaimahai Kalifikatzaileak lehiaketa eta oposizioa gainditu duten izangaien behin-behineko sailkapen-ordena onartu eta argitaratuko du, hemeretzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.
Lehenengo oinarrian zehaztutako aukera bakoitzeko, behin-behineko sailkapen-ordena bat ezarriko da, eta hurrenkera hori bikoitza izango da derrigortasun-data igarota eta derrigortasun-datarik gabeko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetarako, deialdiko oinarri hauetan ezarritako sailkapen-irizpideetan oinarrituta eta eskabidean adierazitako lehentasun-ordenaren arabera, berdinketa hausteko irizpideak aplikatuta, hala badagokio, eta jarraian adierazten diren irizpideak aplikatuta:
1.– Espezialitateei buruzko zerrendak eta espezialitaterik ez baina titulazio-betekizun espezifikoa duten plazen zerrendak honako hauek osatuko dituzte:
– Oposizio-lehiaketa gainditu eta gutxieneko iraunaldi lotuta daudenak, edo
– oposizio-lehiaketa gainditu eta gutxieneko iraunaldiari loturik ez daudenek, espezialitatearen eta berariazko betekizunaren baldintza betetzen badute eta hauetakoren bat aukeratu badute:
– Espezialitatearen betekizuna duten plazak edo
– espezialitatearen betekizunik ez baina titulazio-betekizun espezifikoa duten plazak.
2.– Espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko plazen zerrenda honela osatuko da:
– Oposizio-lehiaketa gainditu eta gutxieneko iraunaldiari lotuta ez daudenak, baldin eta espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko plazak aukeratu badituzte.
– Nolanahi ere, azken zerrenda horretan sartuko dira oposizio-lehiaketa gainditu dutenak, gutxieneko iraunaldiari lotuta daudenak eta:
• Espezialitate bat aukeratu badute baina, behar besteko kopururik ez dutenez, espezialitatedun plazei atxiki ez bazaizkie
• baldin eta, gainera, eskabidea betetzeko unean beren lehentasunen artean espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko plaza bat eskatu badute.
Aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak aurkezteko. Erreklamazioak behin betiko zerrenda onartu baino lehen ebatziko dira.
Epe hori igarotakoan, Epaimahaiak, hemeretzigarren oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz onartu eta argitaratuko du oposizio-lehiaketa gainditu duten pertsonen behin betiko sailkapen-ordena, dagozkien kalifikazioen, puntuazio-ordenaren eta hautatutako aukeraren arabera, eta eskabidearen hurrenkeran eta hirugarren oinarrian xedatutakoaren arabera hautatutako aukera.
Hamabigarrena.– Deitutako plazetarako aukera.
Gorago adierazi den moduan zerrendatutako pertsonek, behin betiko sailkapen-hurrenkerei jarraituz, prozesuan eskainitako plazen artean aukeratu ahal izango dute.
Horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzak argitara emango ditu eskainitako destinoak; era berean, indarrean dagoen Lanpostuen Zerrendan haietako bakoitzari buruz agertzen diren datuen informazioa argitaratuko da.
Eskabideak aurkezteko epea ireki baino gutxienez hiru egun natural lehenago argitaratuko da epe hori, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez.
Deialdiko lanpostu hutsak hamaikagarren oinarrian zehaztutako sailkapen-hurrenkerei jarraituz esleituko dira.
Destinoak izangaien eskabidearen arabera eta lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira, baldin eta eskatutako lanposturako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Deitutako destino guztiak nahitaez beteko dira, baldin eta destino horiek lortu nahi dituzten pertsonek oinarri hauetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.
Eskainitako destino guztiak benetan bete ahal izateko, Giza Baliabideen Zuzendaritzak aukeratzeko ahalmena eman ahal izango die eskainitako lanpostu kopurua baino izangai gehiagori, baina ezin izango dira, inola ere, benetan deitutako destinoak baino destino gehiago esleitu.
Giza Baliabideen Zuzendaritzak argitara emango du destinoen behin-behineko esleipena.
Hautaketa-prozesua amaitu ondoren, prozesu hori gainditzen duten izangaiak esleitutako destinoetara joango dira, eta haiei atxikiko zaizkie behin-behinean, apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuan ezarritako moduan.
Hamahirugarrena.– Betekizunak egiaztatzea eta Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako praktiketako ofizialen izendapena.
1.– Bigarren oinarrian ezarritako araudiarekin bat etorriz deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten hautatutako pertsonak Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako praktiketako ofizial izendatuko ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen baten bidez. Ebazpen hori hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da, prestakuntza-ikastaroaren hasiera-egunarekin batera.
2.– Betekizunen bat ez betetzeagatik uko-egiteak edo baztertzeak gertatzen badira, aurreko apartatuan adierazitako ebazpena argitaratu baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak erabakiko du hautaketa-prozeduratik haiek kanpo uztea eta kanpoan utzitakoak ordezkatzea. Ezarritako sailkapen-hurrenkeraren lehentasun-ordenari jarraituz sartuko dira uko egite edo baztertze horien ondorioz deialdiko lanpostu-kopuruan sartzen diren pertsonak, betiere eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.
Hamalaugarrena.– Prestakuntza-ikastaroa.
1.– Bederatzigarren oinarrian xedatutakoaren arabera hautatutako pertsonei dei egingo zaie, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako ofizialen Ikastaroa egiteko. Antolaketa akademikoaren arabera, txanda batean edo gehiagotan eman ahal izango da ikastaroa.
2.– Interesdunei ikastaroan hasteko jakinarazpena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak egingo du, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.
3.– Ikastaroari edo txandei atxikitzeko, aintzat hartuko dira premia akademikoak eta hamaikagarren oinarrian ezarritako lehentasun-ordena.
Ikastarorako txanda bat baino gehiago antolatuz gero, txanda horietarako atxikipena aldatu ahal izango da, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatuz eta hala ezkontza nola erditze, erditze aurreko edo ondorengo egoeretatik eratorritako egoerak kontuan hartuta. Inguruabar horiek aintzat hartu ahal izateko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusian alegatu beharko dituzte eraginpean egon daitezkeen pertsonek, hamaikagarren oinarrian aurreikusitako argitaratzeetatik hasita hamar egun naturaleko epean.
Lana eta Familia Bateragarri Egiteko Legea aplikatzetik eta ezkontza nahiz erditze, erditze aurreko eta erditze ondoko egoeretatik eratorritako inguruabarren ondorioz dagokien txanda ez den beste txanda bati atxikitako prestakuntza-ikastaroa egiten duten pertsonei dagokienez, irizpide hauek aplikatuko dira:
a) Hasiera batean egokitu zitzaion txanda baino lehenago jasotzen badu prestakuntza, egin beharko zuen txandan argitaratuko da haren kalifikazioa.
b) Hasiera batean egokitu zitzaion txanda baino geroago jasotzen badu prestakuntza, egin beharko zuen txandatik eratorritako eskubide berak mantenduko ditu, nahiz eta bere kalifikazioa benetan egindako txandan argitaratuko den.
4.– Prestakuntza-ikastaroa ikasketa-planaren arabera emango da. Ikastaroa gai edo ez-gai gisa kalifikatuko da.
5.– Prestakuntza-ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian bertan edo Akademiako Zuzendaritza Nagusiak zehazten dituen zentro edo bulegoetan egingo da.
6.– Prestakuntza-ikastaroa egiten den bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein lizentzia edo baimen emateko organo eskuduna.
Prestakuntza-ikastaroan nahitaez joan behar da eskola-jardueretara, eta zerbitzu-premiatzat hartuko da edozein baimen-eskabide egiteko.
7.– Prestakuntza-ikastaroaren azken kalifikazioa hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera jakinaraziko da.
8.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak kanpoan utziko ditu prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak.
9.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein unetan, ikaslearen espedientetik ondorioztatzen bada ezin duela ikastaroa gainditu, prozesutik kanpo utzi ahal izango da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, interesdunari entzun ondoren.
10.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu baino lehen hura borondatez uzten bada, Administrazioak eskubidea izango du uko egin duen pertsonari eskatzeko bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzul ditzala.
Horretarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatuko dira:
– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa, bat etorriz Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoak ematen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen dituen Herrizaingoko sailburuaren 2011ko urriaren 26ko Aginduaren 2.1 artikuluan ezarritako zenbatekoekin (2011ko urriaren 26ko EHAA, 203 zk.).
– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipo pertsonalaren zenbatekoa.
11.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu ondoren, izangaiak aurreko destino eta kategorietara itzuliko dira, praktikaldia hasi arte.
Hamabosgarrena.– Praktikaldia.
1.– Prestakuntza-ikastaroa gainditu duten pertsonek egingo dute praktikaldia, hamabigarren oinarrian ezarritakoaren arabera zehazten diren zentro edo bulegoetan; Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako praktiketako ofizialen prestakuntza integrala lortzeko jarduera-arlo egokienetan arituko dira, bereziki lanbide-kategoria horri dagokionez Ertzaintzaren polizia-zerbitzuen egitura eta funtzionamendua ezagutzeko.
2.– Praktikaldia hasi aurretik, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emango du, praktikaldia baloratzeko eta gainditzeko prozedurak, sistemak eta iraupena ezartzeko eta praktikaldiko destinoak esleitzeko. Ebazpen hori hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.
3.– Praktikaldian, Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako ofizial kategoriari dagozkion zereginak gauzatzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Ebaluazioa praktikaldiak irauten duen bitartean gertatzen diren gertakariei buruzkoa baino ez da izango.
4.– Praktikek Gai edo Ez-gai kalifikazioa jasoko dute, eta kalifikazioak hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.
5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak hautaketa-prozeduratik bazter utziko ditu praktikaldia gainditzen ez dutenak.
6.– Praktikaldia gainditzen ez duten pertsonak hautaketa-prozeduratik kanpo uztea proposatuko du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak.
Hamaseigarrena.– Praktiketako ofizialen araubide juridikoa.
1.– Praktiketako ofizialek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Barne Araubidean ezarritako diziplina-araubideko arauak bete beharko dituzte, eta, ordezko gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako diziplina-araubideko arauak, irakaskuntzako diziplina-falta soila ez den kasuetan.
Ofizial kategoriara sartzeko izangaiek diziplina-espedientea hasita badute edo geroago irekitzen bazaie, aipatutako diziplina-espedienteetan hutsegite larri edo oso larriengatiko zehapenik ez ezartzea ezin besteko baldintza izango da hautaketa-prozesuan onartua izateko, prozesu horretan jarraitzeko eta kategorian sartzeko.
Era berean, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74.2 artikuluan aurreikusitako ordainsariak aplikatuko zaizkie.
2.– Praktiketako ofizialei lizentzia bat emango zaie betetzen zuten lanpostuari dagokionez. Lizentzia hori ordaindu egingo da, non eta ez duten aukeratzen Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74.2 artikuluan aurreikusitako ordainsariak jasotzea.
3.– Praktiketako ofizialek egoera horri eutsiko diote harik eta kategoria horretan karrerako funtzionario izendatu arte, edo hautaketa-prozesutik kanpo geratu arte, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74. artikuluan eta ondorengoetan zehatzen denaren arabera.
Hamazazpigarrena.– Hautaketa-prozedurako behin betiko sailkapena eta karrerako funtzionarioen izendapena.
1.– Hautaketa-prozedurako behin betiko sailkapen-hurrenkera izangaiek oposizio-probetan, lehiaketan eta euskararen ezagutzaren balorazioan lortutako eta islatutako kalifikazioak batuz zehaztuko da, eta, hala badagokio, ikasketa-planak prestakuntza-ikastaroari eman diezaiokeen balorazioa gehituko da.
2.– Hautaketa-prozedura amaitu eta hurrengo bi hilabeteen barruan, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak karrerako funtzionario izendatuko ditu hautaketa-prozedura gainditu duten pertsonak; izendapena hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.
Izendapena Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizial gisa egingo da.
3.– Izendatutako pertsonek 10 eguneko epea izango dute, gehienez, lanpostuaz jabetzeko, izendapena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Horrela egiten ez badute, ezinbesteko kasuetan izan ezik, haien jardun guztiak ondoriorik gabe geratuko dira, eta karrerako funtzionario izateko dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
Hemezortzigarrena.– Pertsonak identifikatzea hautaketa-prozeduran.
Hautaketa-prozedura honetan parte hartzen dutenek (hautaketa-prozesua, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia) eskabidean erabilitako identifikazio profesionaleko zenbakiaren bidez identifikatuko dira. Era berean, identifikazio profesionaleko zenbaki hori bera erabiliko da Ertzaintzako Ikuskapen eskalako ofizial izendatzeko.
Hemeretzigarrena.– Argitalpenak.
Berariaz bestelakorik xedatu ezean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean argitaratuko dira argitalpenak, eta GURENET saileko intranetean ere kontsultatu ahal izango dira.
Argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean egiten diren eguna hartuko da abiapuntutzat epeak zenbatzeko.
Halaber, era eta izaera berean argitaratuko dira bertatik erator daitezkeen administrazio-egintza guztiak.
Hogeigarrena.– Kalte-ordainak.
Barneko edozein hautaketa-prozesutara aurkeztea borondatezkoa denez gero, izangaiek ez dute inolako eskubiderik izango hautaketa-fasean, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian sor daitezkeen bidaia-gastuen edo bestelako gastuen gainean, eta, beraz, Administrazioak ez du gastu horiek ordaindu beharrik izango.
Hogeita batgarrena.– Errekurtsoak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdi-ebazpen honen aurka (administrazio-bidea amaitzen baitu), interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu ahal izango dute.
Aukerako berraztertze-errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da jurisdikzio-bidera jo errekurtsoa berariaz ebatzi arte edo administrazioaren isiltasuna dela-eta ustezko ezespena gertatu arte.
Interesdunak jurisdikzio- bidean aurkaratzea aukeratzen badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Interesdunek aurkaratu ahal izango dituzte deialdi honetatik, Epaimahai Kalifikatzailearen jardueratik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.
Arkauti, 2024ko uztailaren 30a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.
ERANSKINA
GAI-ZERRENDA
IKUSKAPEN ESKALAKO OFIZIALA
1.– 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa.
Ordena publikoaren aurkako delituak. 550. artikulutik 562. artikulura.
Giza hilketa eta haren formak. ZK, 138. artikulutik 143 bis artikulura.
Lesioak. 147. artikulutik 156 quinquies artikulura.
Askatasunaren aurkako delituak. 163. artikulutik 172 quater artikulura.
Gizakien salerosketaz. 177 bis artikulua.
Sorospen-beharra ez betetzea. ZK, 195. eta 196. artikuluak.
Bizitza pribatuaren, norberaren irudirako eskubidearen eta egoitzaren bortxaezintasunaren aurkako delituak. 197. artikulutik 204.era.
Ohorearen aurkako delituak. ZK, 205.etik 216.era bitarteko artikuluak.
2.– Gizonen eta emakumeen berdintasuna.
4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.
Atariko titulua.
I. titulua: Eskumenak, funtzioak, antolaketa eta finantzaketa.
II. titulua: Euskal botere eta Administrazio Publikoen Jardunean genero-ikuspegia txertatzeko neurriak.
III. titulua: Hainbat esku-hartze arlotan berdintasuna sustatzeko neurriak.
3.– Trans Legea.
4/2023 Legea, otsailaren 28koa, trans pertsonen berdintasun benetako eta eraginkorrerakoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa.
Atariko titulua.
II. titulua. I. kapitulua.
IV. titulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Zortzigarren azken xedapena.
4/2024 Legea, otsailaren 15ekoa, pertsona trans-ak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa.
I. kapitulua. Xedapen orokorrak.
II. kapitulua. 9. artikulua.
VIII. kapitulua. 42. artikulua.
4.– Euskal autonomia Erkidegoko Poliziaren araudia.
1/2020 Legegintzako dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena.
15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren sistema antolatzekoa.
Ertzaintzaren egitura.
5.– Bide-segurtasuna.
Bide-segurtasunaren eta istripuen ikerketaren arloko koordinazio-protokoloa. (002 zerbitzu-agindua).
Zigor Kodearen aplikazioa bide-segurtasunaren arloan. (004 zerbitzu-agindua).
6.– Ingurumena.
Lur gaineko ur kontinentaletako isurketetako jarduketak. (034 zerbitzu-agindua).
Baso-suteetako jarduketak. (035 zerbitzu-agindua).
7.– Seinalamenduak eta atxilotzeko aginduak.
Atxilotzeko eta entregatzeko Europako agindua. (020 jarraibidea).
Atzerriko herrialdeek sortutako «SIS» seinaleak. (037 jarraibidea).
«SIS/BDSN» seinaleak (eremu nazionala). (038 instrukzioa).
8.– Poliziaren esku-hartzeak bide publikoan.
Leku publikoetan biltzeko eskubidea eta manifestatzeko eskubidea babestea. (006 instrukzioa).
Poliziaren esku-hartzea grebarako eskubidea egikaritzen den bitartean. (051 zerbitzu-agindua).
Polizia-jarduketak gaixotasun psikiko iraunkorrak dituzten pertsonekin. (014 instrukzioa).
Gorabehera kritikoen aurrean jarduteko prozedura. (007 zerbitzu-agindua).
Banketxeko lapurreta-alarmaren prozedura. (001 agindu operatiboa).
Prebentzio-zerbitzua eta berehalako erantzuna «PRI-bizkor» emateko prozedura. (008 agindu operatiboa).
«CCPA»-rekin komunikatzeko protokoloa (097 instrukzioa).
Gorabehera kritikoen aurrean erabakiak hartzeko eremuak (084 instrukzioa).
Jarduteko prozedura «uas-drone»en hegaldiei dagokienez (092 instrukzioa).
«UDE-LIU» jarduera-protokoloa (012 zerbitzu-agindua).
9.– Poliziaren esku-hartzeak alderdi penaletan.
Ertzaintzak gorroto-delituen aurrean jarduteko prozedura. (077 instrukzioa).
Delituen eta gorroto-gertakarien talde egonkorra (094 instrukzioa).
Ertzaintzaren plan estrategikoa «TSH»ren aurka, sexu-esplotazioa eta prostituzio-delitua helburu dituena (091 instrukzioa).
Sexu-esplotaziorako xedez egindako gizaki-salerosketako emakume adingabeei arreta emateko koordinazio protokoloa aplikatzea (031 zerbitzu-agindua).
Sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituen kasuetarako jarduketak (037 zerbitzu-agindua).
Ikerketa kriminalistikoaren arloko jarduerak (013 zerbitzu-agindua).
«IIOO» eta/edo ertzain-etxeetako lurralde-taldeek egindako begizko ikuskapenaren prozesua kudeatzea (008 agindu operatiboa).
Ikerketa ziberkriminala (054 zerbitzu-agindua).
Sarrerak eta erregistroak (053 zerbitzu-agindua).
Akusazio eta salaketa faltsuetarako eta delitu-simulazioetarako prozedura (004 agindu operatiboa).
Delituaren biktimari laguntzea (030 zerbitzu-agindua).
Ikerketa garrantzitsuen kudeaketa (013 agindu operatiboa).
Ondare-ikerketak (014 agindu operatiboa).
10.– Poliziaren esku-hartzeak administrazio-eremuan.
Armen eta objektu arriskutsuen arloko zehapen-prozedurari buruzko instrukzioak. (010 instrukzioa).
Material piroteknikoa biltegiratzea eta saltzea. (028 instrukzioa).
Adingabeek jokoan parte hartzea. (010 agindu operatiboa).
HSBLON jasotako arau-hausteak izapidetzea (013 instrukzioa).
Polizia-jardunaren ondoriozko jokabideen kalte-ordainen eskaerak izapidetzeko prozedura (060 instrukzioa).
11.– Kudeaketa aurreratuko prozesuak.
Atxiloketaren prozesua. (019tik 029ra bitarteko zerbitzu-aginduak).
EI/GI prozesua. (039tik 046ra bitarteko zerbitzu-aginduak).
12.– Bestelakoak.
Desagertutako pertsonak, gorpuak eta identifikatu gabeko gorpuzkiak. (063 instrukzioa).
Poliziaren jarduera adingabeekin. (048 zerbitzu-agindua).
Armamentuaren, munizioaren eta istiluen aurkako beste elementu batzuen erabilerari eta kontrolari buruzko araudia. (073 instrukzioa).
Ertzaintzaren irudi korporatiboa (070 instrukzioa).
Elkarrizketa eta harremanak justizia-administrazioarekin (017 zerbitzu-agindua).
Herritarrentzako arreta-zerbitzua (058 zerbitzu-agindua).
Tokiko adimena. Hurbiltzailea (012 agindu operatiboa).