Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2024ko abuztuaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
4003

AGINDUA, 2024ko uztailaren 17koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez onesten baitira Euskal Autonomia Erkidegoan establezimenduren bat duten entitateei bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko laguntza ekonomikoak emateko oinarriak, eta 2024rako deialdia egiten baita.

Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburu nagusietako bat da familia-eredu jakin bat sendotzea, non betekizun lagaezinak kontsideratzen baitira autonomia, kide guztien arteko errespetua eta bi bikotekideen arteko berdintasuna, biek ala biek ere lanbidean eta bizitza pertsonalean aurrera egiteko aukera berberak eduki eta partekatzen baitituzte, gure gizartearen balio demokratikoekin bat datorren eredu baten arabera.

Lege horrek azpimarratzen du garrantzitsua dela familia-ardurak eta lan-erantzukizunak kontziliatzen laguntzea, bai eta emakumea lan-merkatuan sartzen eta haren karrera profesionala garatzen ere. Halaber, familiaren barnean gizonen eta emakumeen erantzunkidetza finkatzen laguntzea zein garrantzitsua den jasotzen du, eta, bereziki, seme-alaba adingabeak zaintzeari eta hezteari dagokionez, eta mendekotasun-egoeran edo egoera sanitario oso larrian dauden pertsonak zaintzeari dagokionez.

Abenduaren 12ko 13/2008 Legeak, 17. artikuluan, zehazten du enpresei laguntza eman behar zaiela lana eta familia kontziliatzen lagundu dezaten; era berean, adierazten du Eusko Jaurlaritzak sustatu egingo duela enpresek neurriak hartzea, langileek lana eta familia bateragarri egin ditzaten.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15.c) artikuluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta horien funtzioak eta ekintza-eremuak mugatzeari buruzkoak– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari esleitzen dizkio, beste funtzio eta jardun-eremu batzuen artean, familia babesteari eta lan-bizitza eta familia bateragarri egiteari dagozkionak.

Aldez aurretik aipatutako dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoan oinarrituta, desagertutako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzako organo eta unitateek eta Lehendakaritzako aurreko egiturako Gazteria Zuzendaritzak osatuko dute Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila.

Halaber, eta ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenaren arabera, dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoa gauzatzen den bitartean, indarrean jarraituko dute Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eta Jaurlaritzako sailen egitura eta eginkizunak zehazten dituzten arau organikoek.

Azaldutakoaren arabera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 15. artikuluak ezartzen duenez, Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren eginkizunak dira, besteak beste, politika publikoa ikuskatzea eta ebaluatzea jardun-arlo hauetan: gizarte-zerbitzuak eta gizarte-ongizatea; zahartzea eta erronka demografikoa; familia-politika eta komunitate-politika; haurtzaroari eta nerabezaroari buruzko politika; boluntariotza; migrazioa eta asiloa; nazioarteko babesa eskatzen dutenei arreta, eta migrazioak.

Urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak, 17. artikuluan, Familia eta Haurren Zuzendaritzari esleitzen dio, besteak beste, politika publikoetan familia- eta komunitate-ikuspegia sustatzea, eta familia, haurtzaroa eta nerabezaroari buruzko politikak planifikatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan. Zehazki, eta Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean ezarritakoaren arabera, Familiei Laguntzeko Erakundearteko Plana lantzea, garatzea eta ebaluatzea dagokio.

2018. urtean EAEko erakundeek Familien eta Haurren Aldeko Ituna sinatu zuten. Itun horretan, besteak beste, konpromiso hauek biltzen dira: alde batetik, «gurasoek seme-alabentzako beharrezkoa den bezain besteko astia izatea erraztea, familien premiei aurre egiteko denbora sozialaren antolaketa egokiago bat, eta antolaketa sozial erantzunkidea bultzatzea»; eta, bestetik, «gai hauekiko harremana duten eragile pribatuak sentsibilizatzea, bereziki lan-harremanetan zuzeneko inplikazioa dutenak, adibidez, sindikatu eta ugazaben elkarteak, beharrezkoa delako eragile publiko eta pribatuen arteko lotura hori».

2018-2022 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko Erakundearteko IV. Planaren (Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19ko bilkuran onartua eta Eusko Legebiltzarrean 2018ko irailaren 13an aurkeztua) 2. ardatza «bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioa eta seme-alabak zaintzeko ardura partekatua erraztea» da; ardatz horretan lehentasuneko helburu hau ezartzen da: «Gurasoek beren seme-alabei behar den denbora guztia eskaintzeko erraztasunak ematea eta, horretarako, denbora soziala modurik egokienean antola dadin sustatzea –familien premien arabera– eta ardura partekaturako antolamendu soziala erraztea». Horretarako, hainbat ekimen proposatzen ditu; horietako batzuk enpresei zuzenduta, langileei kontziliazioa errazteko beharra haiekin lantzeko.

Neurri horien artean dago enpresetan kontziliazio-planak egitea finantzatzeko laguntza-ildo bat ezartzea.

Bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioa hobetzea ez da helburu erraza. Aldaketa sozial eta kulturala eskatzen du, eta horrek gizarte-eragileak, enpresak eta administrazio publikoak elkarlanean aritzea eskatzen du. Gero eta nabarmenagoa da kontziliazioa ez dela soilik eremu pertsonalera eta familiarrera mugatzen, eta hari ez laguntzeak kostu sozial eta ekonomiko handia dakarrela pertsonentzat, familientzat eta entitateentzat. Kontziliatzeko zailtasunek arazo hauek sortzen dituzte: gaixotasunak, estresa, eskola-porrota, umeak babesik gabe gelditzea, lanean errendimendu gutxi izatea, lanera ez agertzea eta lan-aldaketa ugari izatea.

Gizartea aldatzen ari da. Langileen beharrak eta lehentasunak desberdinak dira. Eta horrek zailtasunak sortzen dizkie EAEko enpresei beren plantilletara kualifikatutako pertsonak erakartzeko eta bertan atxikitzeko. Dagoeneko ez da aski soldata; behar berrietara moldatu behar da eta langileen ongizatean inbertitu behar da. Hori egiteko modu bat langileen bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren alde egitea da.

Gero eta baliagarriagoa da lan-baldintza malguak eskaintzea (langileari bere bizitzako eremuak antolatzeko aukera emango diotenak) eta langileen benetako beharretara egokitutako kontziliazio-neurriak planteatzea, talentua erakarri eta atxiki ahal izateko, konpromisoa eta eraginkortasuna hobetzeko, lan-absentismoa saihesteko, irudia hobetzeko eta lehiakideengandik bereizteko.

Kontziliaziorako diagnostiko eta plan bat egitea lehen urratsa da, eta enpresei lagundu diezaieke beren plantillen egoera ezagutzen eta haien beharrak ezagutzen, premia horiei modu eraginkorragoan erantzungo dieten ekimenak hartzen, eta eskura dauden neurriak komunikatzeko eta kudeatzeko modua hobetzen. Gainera, neurri horiek erabiltzeko eta baliatzeko baldintzak ezartzeko aukera ere ematen du, eta baldintza horiek berrikusteko eta egokitzeko oinarriak ezartzen ditu.

Baina entitate guztiek ez dituzte kontziliaziorako diagnostikoa eta plana modu autonomoan egiteko behar diren baliabide material eta profesionalak. Hori dela eta, agindu hau ezartzen da, zeinak arautzen baitu baliabide ekonomikoak eskaintzen dituen laguntza-lerro bat. Lerro horren bidez, EAEn lantokiak dituen edozein entitatek aholkularitza-enpresa bat kontratatu ahal izango du, diagnostikoa eta kontziliaziorako lehen plana egiteko.

Dirulaguntza-lerro hau 2022an hasi zen, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren uztailaren 6ko Aginduaren bidez. Agindu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko entitateei laguntza ekonomikoak emateko oinarriak onartu zituen bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioari buruzko egoeraren Diagnostikoa eta Ekintza-plana egiteko, eta 2022rako deialdia haren bidez gauzatu zen. Hari esker, 44 entitate txiki eta ertainek laguntza jaso zuten kontziliaziorako diagnostikoa eta plana egiteko aholkularitza-zerbitzuak kontratatzeko.

Lehenengo deialdi horren ostean, bigarren deialdi bat onartu zen 2023an, ekainaren 7ko aginduaren bidez, eta aurrekoarekin alderatuta zenbait desberdintasun zituen. Adibidez, aurrekontua 420.000 eurora igo zuen; aukera eman zuen 250 langile baino gehiago zituzten entitateek laguntza eska zezaten, baldin eta proiektua gehieneko langile kopurua zuen lantokira mugatzen bazen; eta gehieneko muga batzuk ezarri zituen proiektuaren kostuari zegokionez, xede zuen pertsona kopuruan oinarrituta. Gainera, zenbait doikuntza egin zituen berdintasun-araudira egoki zedin. 27 entitate onuradun izan ziren.

Agindu honek laguntza-lerroaren hirugarren deialdia arautzen du. Dirulaguntza Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Agindu horren bidez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024-2027 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zen, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan jasotako xedapenak betez eta Familia eta Haurren Zuzendaritzak legegintzaldi honetarako ezarritako lehentasunezko ildoekin bat etorriz.

Horrekin entitate gehiagorengana iristea aurreikusten da, EAEn establezimenduak dituzten, beren langileen bizi-baldintzak hobetzeko kontziliazioaren aldeko apustua egiten duten eta beren jarduna kontziliaziorako diagnostiko eta plan batean oinarritzen duten enpresen multzoa handitze aldera.

Agindu honetan araututako laguntzak izapidetzeko nahikoa aurrekontu-kreditu dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2024 ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 21/2023 Legean, abenduaren 23koan, (2023ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.).

Dirulaguntza hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 2024-2027 aldirako egindako Dirulaguntzen Plan estrategikoan dago. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren web-orrian argitaratuta dago.

Dirulaguntzen agindu hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak emandako arau-esparruari lotzen zaio.

Azaldutakoaren bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2024ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onartzea,I. eranskinean jasotzen diren baldintzetan. Laguntza horien helburua da entitateei bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko aholkularitza-zerbitzuak kontratatzeko laguntza ematea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araubide juridikoa.

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak arau hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia; azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua eta administrazio-zuzenbideko gainerako arauak. Halakorik ezean, zuzenbide pribatuko arauak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 17a.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea laguntza ekonomiko batzuen oinarriak onartzea eta laguntza horien 2024ko deialdia egitea da; laguntzok entitateei aholkularitza-zerbitzuak kontratatzen laguntzeko dira, entitate horietako langileen bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko.

2.– Dirulaguntza Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) lantokiak dituzten entitateei zuzenduta dago, baldin eta diagnostiko bat eta kontziliaziorako ekintza-plan bat egitea kontratatu nahi badute eta ez badute aurretiko diagnostikorik edo planik.

3.– Diruz lagunduko da entitate bakoitzak diagnostikoa eta lehen ekintza-plana egiteko kontratatzen duen aholkularitza-zerbitzuak gauzatzeak eragiten duen kostuaren % 70. Beraz, dirulaguntzatik kanpo geratzen dira hurrengo diagnostikoak eta ekintza-planak egiteak eragiten duen kostua, bai eta planean jasoko diren neurriak ezartzeak eragiten duena ere.

2. oinarria.– Hautaketa eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen deialdirako zuzkidura ekonomikoaren iturria izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2024 ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan zehaztutako kasuan kasuko aurrekontu-kredituak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren dirulaguntzak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean (2023ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.) laurehun eta hogei mila (420.000) euroko kreditua ezarri da; 210.000 euro 2024ko ordainketa-kredituaren kargura emango dira eta 210.000 euro 2025eko konpromiso-kredituaren kargura.

3. oinarria.– Entitate onuradunak. Betekizunak.

1.– Agindu honetako dirulaguntza baten onuraduna izateko, entitateek, eskaera aurkezten den egunean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan xedatzen diren betekizunak bete behar dituzte, eta, gainera:

a) Nortasun juridiko propioa eta independentea izan behar dute, eta dagokien erregistroan izena emanda egon. Inskripzio hori egiaztatzeko, dagokion erregistroko inskripzio-ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko da (Merkataritza Erregistroa, Fundazioen Erregistroa, Elkarteen Erregistroa, Kooperatiben Erregistroa...). Nortasun juridiko bereiziz osatutako taldeetako parte diren entitateek modu independentean aurkeztu beharko dituzte eskabideak.

Enpresaburu gisa jarduten duten eta plantilla beren kargura duten autonomoen kasuan, entitatea dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatu beharrean, autonomo direla egiaztatu beharko dute, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) alta emateko ebazpena aurkeztuta.

b) EAEn kokatutako establezimenduren bat izatea.

c) Entitateak eskatzen duen laguntzak xede hau izatea: EAEn dauzkan establezimenduen egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egitea kontratatzea. Ez da emango dirulaguntzarik EAEtik kanpoko establezimenduen egoeraren diagnostikoa edo ekintza-plana egiteko.

d) Gehiengo partaidetza edo kontrola sektore publikoko entitate baten gain ez egotea, ez zuzenean, ezta zeharka ere. Gainera, ezin dute dirulaguntzarik jaso sektore publikoaren finantzabide iraunkorrak jasotzen dituzten entitateek, ez eta beren gobernu-organoetan finantzabideak ematen dituzten erakundeek izendatutako edo proposatutako pertsonak dauzkaten entitateek ere.

2.– Ezin dira izan onuradunak inguruabar hauetako batean dauden entitateak:

a) Kontziliazio-planen bat izatea.

b) Lantoki bererako dirulaguntzaren bat jaso izana kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko, dirulaguntzen 2022ko edo 2023ko deialdietan. Egoera horretatik salbuetsiko dira onuradun izateko proposamena jaso ondoren laguntzari berariaz uko egiten diotenak eta hari uko egin diotenerako ordainketaren bat jaso eta aurreratutako zenbatekoa itzultzen dutenak.

c) Zigortuta egotea, epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe, edota zigortuta egotea prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik.

d) Borondatezko konkurtso-deklarazioa eskatu izana; prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta egotea; konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek); esku-hartze judizialaren pean egotea eta desgaituta egotea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoela.

e) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean errudun deklaratu dutelako.

f) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen lege-ordezkaritza dutenak lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean ez izatea. Betebehar horiek egunean edukitzea nahitaezkoa da onuraduna izateko zein dirulaguntza likidatu arte onuradun gisa mantentzeko.

h) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea. Puntu hori Ogasunari eskatutako egoitza fiskalaren dagokion ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

i) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez izatea.

j) Laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten duen administrazio-zehapena edo zigor-arloko zehapena jaso izana, eta horretarako lege-debekua ezarrita edukitzea.

k) Administrazio-zehapena edo zigor penala jaso izana sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, zehapenean ezartzen den aldian.

l) Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

Plantillan 50 langile baino gehiago dauzkaten entitateek berdintasun-planaren erregistroaren ziurtagiria edo indarreko planaren dokumentua aurkeztu beharko dute. Plana indarrean ez badago, berritzen, berrikusten edo negoziatzen ari delako, horren aurretik indarrean egon den berdintasun-plana aurkeztu beharko dute, eta horrekin batera erantzukizunpeko adierazpena ere bai, azaltzen duena zergatik ez dagoen indarreko berdintasun-planik eta argitzen duena plana (lehena zein berritua) prestatzen ari dela. Plan bat izatera behartuta badaude, ez dute baldintza hori beteko eskaera egiten den egunean halakorik ez dutenak.

m) Zehapena jaso izana Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean jasotako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta hartu beharreko zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena bete arte.

n) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, edo, halakorik ezean, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu ez izana.

ń) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako egoeretako batean egotea.

3.– Entitate onuradunak adierazi beharko du ez dagoela a), b), e), f), i), j), k), l), m), n) edo ń) letretan adierazitako ezein kasutan, eskaera-formularioan (II. eranskina) jasotako baldintzetan emandako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Halaber, aurreko apartatuko c), j) eta k) letretan xedatutakoari dagokionez, eskaera egin zen egunarekin alderatuta gehienez ere hiru hilabeteko antzinatasuna duten zigor-aurrekarien ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Administrazioak ofizioz, elkarreragingarritasunaz baliatuz, aztertuko du d) eta g) letretako baldintza betetzen den ala ez, non eta entitate eskatzailea ez den egiaztapen horren kontra azaltzen; hala denean, entitateak organismo eskudunek ezarritako betebeharrak betetzen dituela frogatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Baldin eta entitate eskatzaileak erabakitzen badu frogagiriak bere kabuz aurkeztea, eskabidea aurkezten den datan eguneratuta daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak erantsi beharko ditu.

h) letran jasotako kasuari dagokionez, entitate eskatzaileak dagokion ogasunak emandako egoitza fiskalaren ziurtagiria aurkeztu beharko du.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Dirulaguntzak aholkularitza-entitateak kontratatzeko emango dira, eta 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko maiatzaren 31ra bitartean bi elementu hauek gauzatzen lagundu beharko dute entitateok:

a) Entitatearen bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa.

b) Bizitza pertsonala, lana eta familia kontziliatzeko ekintza-plana.

2.– Diagnostikoa eta plana osagarriak dira; beraz, biak egin behar dira. Ez da emango dirulaguntzarik bietako bat bakarrik egiteko.

3.– Diagnostikoan eta ekintza-planean, entitate eskatzaileak EAEn dauzkan establezimenduak hartu behar dira kontuan. Eskabide-orrian adierazten diren EAEko establezimenduetan bakarrik aplikatzeko egin behar dira diagnostikoa eta ekintza-plana.

4.– Diagnostikoan aztertu behar da, gutxienez, nolakoa den entitate eskatzaileko bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren arteko kontziliazioa eremu hauetan:

a) Entitatearen hasierako egoera: entitatearen eta beraren inguruabarren analisi zehatza (entitate mota; lanpostu motak; plantillaren profila; entitatearen ezaugarri eta muga bereziak ekoizpen-sektorearen, egiten duen jardueraren edo bezeroen beharren arabera; komunikatzeko eta erabakitzeko moduak; sindikatuak; langilearen beharrak eta abar).

b) Kontziliazioak entitatearen barne-politikan daukan garrantzia.

c) Entitateak kontziliaziorako onartzen eta sustatzen dituen neurriak (nahitaez bete beharreko neurriak, hitzarmenean adostutako neurriak, berezko neurriak, hobekuntzak); entitatearen jarrera eta motibazioa neurriak eskaintzeko.

d) Langileen bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioa hobetzeko beste laguntza-baliabiderik dagoen/eskaintzen den.

e) Langileei dauden kontziliazio-neurriak eta horiek eskatzeko moduak jakinarazteko prozedurak dauden. Ezagutza-maila, onarpen-maila eta erabilera-maila. Proposamenak egiteko aukera.

f) Entitatearen kontziliazio-neurriak ebaluatzeko, horien jarraipena egiteko eta hobetzeko adierazleak edo prozedurak dauden.

5.– Plana entitate kontratatzailearentzat berariaz egin behar da, eta hark EAEn dauzkan establezimenduen ezaugarrietara moldatu behar da. Abiaburutzat aurreko diagnostikoaren emaitzak hartu behar dira, eta horien arabera ildo estrategikoak eta helburu eta neurri zehatzak proposatu behar dira; gainera, horien guztien egutegia finkatu behar da ezartzen diren lehentasunak kontuan hartuz.

Orobat, planean eragile arduradunak zehaztu behar dira, neurri bakoitzerako erabiliko den aurrekontua zenbatetsi behar da, eta emaitzak neurtzeko aukera ematen duten jarraipen-formulak ezarri behar dira.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntza-gastuak izango dira dirulaguntzen xede dudarik gabe izan daitezkeen jarduerekin bat datozen gastuak, baldin eta guztiz beharrezkoak badira eta agindu honen 4.1 oinarrian ezartzen den epealdiaren barruan egiten badira.

Diruz lagundutako gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Agindu honetan ezartzen diren ondorioetarako, egindako gastutzat hartuko dira agindu honen 16. oinarrian ezartzen den justifikazio-aldia amaitu baino lehen egiaz ordaindu direnak.

3.–. Inola ere ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura edo konpentsa daitezkeen zeharkako zergak.

Zeharkako zergak berreskuratu edo konpentsatu ezin dituzten entitateek dirulaguntza-gastu modura sartu ahal izango dituzte.

4.– Diruz lagundu daitekeen jarduketaren % 100 kontratatu dezake entitate onuradunak.

5.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak onuradunak. Zerbitzu bat emateko eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzuok emateko edo haietaz hornitzeko behar beste entitate (ezaugarri bereziak dituztelako), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.

6.– Aurreko paragrafoetan zehazten ez den guztirako, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

6. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kontziliazioaren egoeraren diagnostikoa eta plana egiteko kontratatzen den aholkularitza-zerbitzuaren kostuaren % 70 izango da (BEZik gabe), gehienez 10.500 euro entitate onuraduneko.

Gainera, gehieneko kopuruak ezartzen dira proiektuaren kosturako, plantillako pertsonen kopuruaren arabera, haiei zuzenduta baitago proiektua:

Honela:

20 pertsona baino gutxiagoko plantillei zuzendutako proiektuak: 7.000 euro + BEZa.

21 eta 50 pertsona arteko plantillei zuzendutako proiektuak: 8.000 euro + BEZa.

51 eta 100 pertsona arteko plantillei zuzendutako proiektuak: 10.000 euro + BEZa.

100 pertsonatik gorako plantillei zuzendutako proiektuak: 15.000 euro + BEZa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hau hartuko da erreferentzia gisa: proiektuaren xede diren EAEko zentroetako plantilla osatzen duten pertsonen kopuruaren arabera adierazten den gehieneko kostua. Aurkezten den proiektuaren kostua plantillako langileen kopuruaren araberako kategoriari dagokion gehieneko kopurua baino gehiago bada, dirulaguntza kategoriarako ezarritako gehieneko kopuruaren arabera kalkulatuko da.

Proiektua enpresa osoarentzako aurkeztu ahal izango da (EAEn badago), edo EAEn dauden lantoki zehatzetarako. Azken kasu horretan, laguntza eskatu duen lantokiko langile kopurua hartuko da plantillaren adierazle gisa, erakundean lan egiten duten pertsonen guztizko kopurua hartu beharrean.

Entitate eskatzailea BEZaren aitorpenetik salbuetsita badago eta ezin badu jasanarazi, dirulaguntzaren zenbatekoa aholkularitza-proiektuaren kostuaren arabera kalkulatuko da, BEZa sartuta.

7. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Laguntza hau eskatu nahi duten pertsona juridikoek modu telematikoan egin behar dituzte izapide guztiak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan xedatutakoaren arabera).

2.– Eskabide-eredua (agindu honen II. eranskinean dago) eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa

3.– Agindu honetako administrazio-prozeduraren informazio-fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/servicios/1209003

4.– Eskabidearen ondoko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean dagoen espediente digitalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta sinatzeko onartzen diren baliabideak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

6.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da.

Ordezkaria ez badago inskribatuta EAEko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan, entitate eskatzaileak beraren ordezkaritza modu sinesgarrian frogatu beharko du zuzenbidean onartutako modu baten bidez, bai eta ordezkaritzaren irismena ere.

EAEko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoa helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

8. oinarria.– Eskabideak nola eta non aurkeztu.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da zenbatzen, eta 2024ko irailaren 30ean amaituko da.

2.– Eskaera oso-osorik bete beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan horretarako berariaz jarritako formularioan, agindu honen II. eranskineko eredu normalizatuan. Horrez gainera, proposamen teknikoa (III. eranskina) eta agindu honen 9. oinarrian zehazten diren gainerako agiri beharrezkoak aurkeztu beharko dira.

3.– Entitate onuradunak edo entitate eskatzailearen ordezkaritza egiaztatzen duen pertsonak sinatuko du eskabidea, digitalki. III. eranskinari (proiektua) sinadura digitala txertatu beharko dio aholkularitza-entitateak.

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren arabera, entitate eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko Eusko Jaurlaritzaren esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak. Familia eta Haurren Zuzendaritzak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, salbu eta entitate eskatzaileek egiaztapen hori egiteko baimena berariaz ukatzen badute. Kasu horretan, haiek aurkeztu beharko dituzte agiri horiek.

Halaber, entitate eskatzaileei ez zaie eskatuko aurretik beste edozein administraziori aurkeztutako dokumenturik. Horretarako, entitateak dokumentu horiek noiz eta zein administrazio-organotan aurkeztu zituen adierazi beharko du, eta Familia eta Haurren Zuzendaritzak eskatu beharko ditu, non eta entitateak berariaz aurka egin ez badio prozeduran. Salbuespen gisa, aurreko apartatuetan aipatutako dokumentuak ezin badira eskuratu, entitate eskatzaileak berriz eskatu ahal izango du horiek aurkezteko.

5.– Entitate eskatzaile bakoitzari dirulaguntza bat emango zaio gehienez. Entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, sarrera-erregistroaren arabera epealdiaren barruan aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan, eta azkena aurkeztuta aurrekoetan atzera egin duela ulertuko da eskatzaileak, arrazoiak azalduta, besterik adierazi ezean.

6.– Laguntza jasotzeko eskabidea eta eskabidearekin batera doan dokumentazioa aurkezterakoan, entitate eskatzaileek erabakiko dute zein hizkuntza ofizialetan aurkeztu. Era berean, laguntzaren eskaeraren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko euskararen erabileraren normalizazioari buruzko 10/1982 Legearen 6.1 artikuluan ezartzen den bezala.

7.– Entitate eskatzaileak adieraziko du eskabideko datuak eta horrekin batera bidalitako dokumentaziokoak egiazkoak direla eta laguntzaren onuraduna izateko indarrean dagoen araudian ezartzen diren baldintzak betetzen dituela. Egiaztapen hori dirulaguntza jaso aurretik egin beharko du.

9. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Nolanahi ere, eskabidearekin (II. eranskina) batera agiri hauek aurkeztu beharko dira dirulaguntza eskuratu ahal izateko betekizunak betetzen direla frogatzeko:

a) Behar den erregistroan (Merkataritza Erregistroa, Elkarteen Erregistroa, Fundazioen Erregistroa, Kooperatiben Erregistroa...) inskribatuta dagoelako ziurtagiri eguneratua.

Enpresaburu gisa ari diren autonomoek Langile Autonomoen Araubide Bereziko (LAAB) altaren ebazpena aurkeztu beharko dute.

b) Plantillako langileen kopuruaren frogagiriak: eskaeraren aurreko hilabeteko Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinak eta langileen izenen zerrenda (TC2 eredu zaharra).

Proiektua ez bada EAEko langile guztientzat planteatzen, edo entitateak EAEtik kanpo plantilla badu, proiektua aurkezten den EAEko lantokian/lantokietan zenbat langile dauden egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

c) III. eranskina, aholkularitza-entitateak bizitza-pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioaren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko aurkeztutako proposamen teknikoa azaltzen duena, aholkularitza-entitatearen sinadura digitalarekin. Proposamen teknikoa III. eranskineko formatuan bakarrik aurkeztu daiteke.

d) Entitate eskatzailea BEZa aitortzetik salbuetsita badago, BEZa aitortzetik salbuetsita dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria, kasuan-kasuan, eskuduna den administrazioak emana.

e) Onuradunaren zigor-aurrekarien ziurtagiria, eskabidea egin zen datarekin alderatuta hiru hilabeteko antzinatasuna duena gehienez ere.

f) Kasu bakoitzean eskumena duen administrazioak eskatutako egoitza fiskalaren ziurtagiria.

g) Uko eginez gero 3.2 oinarriko d) eta g) letretan adierazitako betekizunak betetzearen gaineko ofiziozko egiaztapenari, eskabidea aurkezten den egunean bertan eguneratutako egiaztagiriak.

h) 50 pertsona baino gehiagoko plantilla duten entitateak badira, enpresaren Berdintasun Planaren erregistro-ziurtagiria, edo, indarrean dagoen planaren dokumentua; bestela, une horretan indarrean dagoen plana ez izatearen eta plana egiteko fasean egotearen zergatia zehazten duen erantzukizunpeko adierazpena, plana lehenengoa izan edo hurrengoak izan.

i) Aurkeztu beharreko dokumentazioa espediente elektronikoarekin batera bidaliko da, honen bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

3.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak edozein unetan eskatu ahalko du jatorrizko agiriak aurkezteko, egiazkoak diren egiaztatze aldera.

10. oinarria.– Eskabideak zuzentzea eta hobetzea.

Dirulaguntzaren eskabidea ez badago osorik beteta, berarekin batera aurreko oinarrian ezartzen diren derrigorrezko agiri guztiak aurkezten ez badira edo agiriok bete beharreko baldintza guztiak betetzen ez badituzte edo beren edukia nahikoa ez bada, entitate eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko aldian akatsak zuzentzeko edo agiriak aurkezteko edo osatzeko, eta adieraziko zaio ezen, eskatutakoa egin ezean, eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela eta laguntzak kudeatzen dituen organoak hori deklaratzen duen berariazko ebazpena eman beharko duela, baita jakinarazi ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatzen denarekin bat etorriz.

11. oinarria.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da.

Norgehiagoka da eskabideak konparatuta laguntzak emateko prozedura. Eskabideen arteko lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan zehaztutako adjudikazio-irizpideak hartuko dira kontuan, eta, horrela, aipatutako irizpideekin gehiengo balorazioa lortu dutenei bakarrik emango zaie dirulaguntza.

Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren zuzendaria izango da agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak kudeatzeko eskumena daukan organoa. Gainera, zuzendaritza horrek hautatuko ditu dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko eskumena daukan balorazio batzordeko kideak.

Kudeatzeko eskumena duen organoak ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarrituz ebazpen-proposamenak egiteko.

Eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak txostena egingo du egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko, 12. oinarrian adierazitako balorazio-irizpideen arabera.

Ildo horretan, entitate eskatzaileen hurrenkera bat egingo du eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko ditu, handienetik txikienera.

Zenbait entitatek puntu kopuru bera lortzen badute, agindu honen 12. oinarriaren c) irizpidearen arabera puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da berdinketa hausteko.

Balorazio Batzordeak puntuaziorik onena lortu duten entitateei laguntza ematea proposatuko du, agindu honen 2.3 oinarrian adierazitako aurrekontu-kreditua agortzen den arte.

Nolanahi ere, laguntzaren emakidadun izateko, entitateak, gutxienez, 100etik 50 puntu lortu beharko ditu, 12. oinarrian xedatutako irizpideen arabera.

Enpresei ez zaie laguntzarik emango, baldin eta ezin bada haien gastu-eskabidea osorik ordaindu agindu honetan araututako dirulaguntzen deialdirako adierazitako finantzaketarekin.

Organo kudeatzaileak, Balorazio Batzordearen txostena ikusi ostean, ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta behin betikoa izango da.

Behin betiko ebazpen-proposamenean, laguntza zein entitaterentzat den eta zenbat emango zaien adieraziko da (zerrendatuta), eta lortutako puntuazioa eta baliatu diren balorazio-irizpideak zehaztuko dira.

Halaber, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

Behin betiko ebazpen-proposamena dirulaguntzaren onuradun izateko proposatutakoei jakinaraziko zaie, 10 egun balioduneko epe luzaezinean onarpena jakinaraz dezaten. Ez badute jakinarazten, ulertuko da onuradun izateko proposatutako entitateak uko egin diola eskabideari.

Entitateren batek uko egiten badio, erreserban geratu den –onuradun izateko baldintzak bete arren, aurrekonturik ez zegoelako– hurrengo entitateari emango zaio dirulaguntza, hots, puntuazio altuena lortu duen hurrengoari, betiere sortutako geldikinak dagokion zenbatekoaren osotasuna estaltzeko aukera ematen badu.

12. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan eskabideak baloratzeko, horietako bakoitzari dagokion puntuazioaren arabera:

A) Entitate eskatzaileak kontziliazioarekin duen harremana eta konpromisoa, eta proiektua hasteko arrazoia (5 puntu gehienez).

A.1.– Entitate kontratatzaileak kontziliazioaren arloan izandako ibilbidearen laburpena. Esperientzia eta ibilbidea (2 puntu gehienez).

A.2.– Proiektua gauzatzeko entitatearen jarrera eta arrazoia. Proiektua abian jartzearen alde egiteko arrazoi zehatzak (puntu 1 gehienez).

A.3.– Diagnostikoak eta planak barruan eta kanpoan eduki dezaketen eraginaren aurreikuspena (Puntu 1 gehienez).

A.4.– Entitateak proiektuarekin duen konpromiso publikoa. Entitateak proiektua gauzatzeko asmoa daukala azaldu die plantillako langileei (puntu 1 gehienez).

B) Proiektuan kontziliazio erantzunkideari eta kontziliazio-neurriei buruzko prestakuntza-plan bat sartzea, zuzendaritzarentzat eta langileentzat (10 puntu gehienez).

B.1.– Proiektuan entitatearentzako kontziliazio erantzunkidearen arloko prestakuntza-plan bat sartzea (2 puntu gehienez).

B.2.– Prestakuntza-planean azaldu beharreko kontziliazio erantzunkidearen arloko ideia nagusien azalpena (2 puntu gehienez).

B.3.– Kontziliazio erantzunkideari buruzko prestakuntza-saio bat sartzea entitateko gerentziarentzat eta arduradunentzat, gutxienez 2 ordukoa (2 puntu gehienez).

B.4.– Kontziliazio erantzunkideari eta kontziliazio-neurriei buruzko aurkezpen bat egitea (pwpt, bideoa edo antzeko zerbait), langile guztiei bidaltzeko (2 puntu gehienez).

B.5.– Kontziliazioari buruzko aurrez aurreko prestakuntza-saio bat antolatzea, gutxienez 2 ordukoa, plantillako 25 pertsonako (2 puntu gehienez).

C) Proiektua entitate eskatzailearen ezaugarri eta beharretara egokitzea (15 puntu gehienez).

C.1.– Enpresa kontratatzailearentzat bereziki planteatutako proiektu motaren azalpena. Balioetsi egingo da modu arrazoituan azaltzea entitatearen zer ezaugarriren arabera proposatzen den jarduketa-proiektua (tamaina, sektorea, plantillaren profila, marra gorriak, zuzendaritzaren beharrak, lanpostu motak, ekoizpen-erritmoak, egungo erronkak, kontziliazioaren inguruko eragozpenak, lan-giroa...) (15 puntu gehienez).

D) Proiektua (diagnostikoa eta plana) (15 puntu gehienez).

D.1.– Proiektuaren laburpen orokorra. Honako hauek zehaztu behar dira: proiektua osatzen duten faseak, fase bakoitzeko mugarriak, fase bakoitzerako proposatzen diren lan-saioen kopurua eta fase bakoitza burutzeko aldia. Proiektuaren bi osagaiak (diagnostikoa eta plana) nola uztartzen diren zehaztu behar da (5 puntu gehienez).

D.2.– Proiektuaren dinamizazioa: talde eragilea. Fase bakoitzean aurreikusitako osaera eta funtzioak. Kontuan edukiko da taldean zuzendaritzako kideak, sindikatuen ordezkariak eta plantillako langileak dauden (2,5 puntu gehienez).

D.3.– Proiektuan inplikatuko diren eragileen eta haiek proiektuaren fase bakoitzean inplikatzeko erabiliko diren formulen azalpena (2,5 puntu gehienez).

D.4.– Proiektua entitatearen politiketan integratzeko formulak (2,5 puntu gehienez).

D.5.– Doikuntza ekonomikoa. Apartatu honetan, proiektuaren kostua kalkulatzeko garaian kontuan hartu diren irizpide kuantitatiboak baloratuko dira (profil profesionalak, aurreikusitako lanorduen kopurua eta kostua, aurrekontuan sartutako saioak, etab.) (2,5 puntu gehienez).

E) Diagnostikoa (20 puntu gehienez).

E.1.– Diagnostikoarekin lortu beharreko helburuak (3 puntu gehienez).

E.2.– Diagnostikoan aztertuko diren esparruak/alderdiak (3 puntu gehienez).

E.3.– Entitatearen diagnostikoa egiteko behar den informazioa lortzeko eta egiaztatzeko aurreikusitako metodologia. Entitateari eskatuko zaion informazioa eta hori antolatzeko erabiliko diren tresnak (4 puntu gehienez)

E.4.– Entitatearen ezaugarrien arabera, plantillari buruzko informazioa lortzeko aurreikusitako partaidetza-dinamiken azalpena (2 puntu gehienez).

E.5.– Plantillako kideek beren beharrak zein diren komunikatzeko parte hartu dezaten laguntzeko tresnak aplikatzea (5 puntu gehienez)

Kontziliazio-beharrei buruzko online-galdetegi bat emango zaie langile guztiei (puntu 1)

Diagnostikoak irauten duen artean, parte hartzeko gune irekiak eskainiko ditu (puntu 1)

Langile guztiei irekitako talde-dinamikak, informazio kualitatiboa biltzeko (3 puntu). Talde-dinamikak plantillako lanpostu mota desberdinetako ordezkarien kopuru jakin batera mugatzen badira informazio kualitatiboa biltzeko, apartatu honetan puntu 1 emango da.

E.6.– Langileei emaitzen berri emateko formulak (3 puntu gehienez)

F) Kontziliaziorako ekintza-plana egitea (20 puntu gehienez).

F.1.– Plana egiteko erabiliko den metodologia (5 puntu gehienez).

F.2.– Zer irizpide eta eragile proposatzen diren planean sartuko diren helburuak eta neurriak zehazteko, hautatzeko eta lehenesteko. Langileek helburuak eta neurriak hautatzean eta haiei lehentasuna ematean duten parte-hartzea baloratuko da (5 puntu gehienez)

F.3.– Plana sindikatuen ordezkaritzarekin eta plantillarekin alderatzeko formulak eta uneak egotea (5 puntu gehienez).

Aukerak:

Talde eragilean bakarrik kontrastatzea: puntu 1.

Talde eragilearekin + plantillako ordezkaritza sindikalarekin kontrastatzea: 2 puntu.

Talde eragilearekin + ordezkaritza sindikalarekin + plantillarekin kontrastatzea (ekarpen zuzenak egiteko aukerarekin): 5 puntu.

F.4.– Planaren iraupena. Egutegi-proposamenaren justifikazioa (5 puntu gehienez).

G) Kontziliazioko ekintza-plana abian jartzeko eta haren jarraipena egiteko tresnak (15 puntu gehienez).

G.1.– Planaren neurriak ezarriko direla bermatuko duen kontrol-organo bat egon dadin planteatzea (5 puntu gehienez).

G.2.– Planaren jarraipenerako formulak. Neurrien aplikazioaren jarraipena egiteko eta planeko helburuak ebaluatzeko eta berraztertzeko entitateari emango zaizkion tresnak. Sar litezkeen adierazle moten proposamena (5 puntu gehienez).

G.3.– Entitateko eragileei planaren berri emateko metodologia. Planaren berri barnean (plantilla) zein kanpoan (bezeroak, web-orria...) zabaltzea baloratuko da (5 puntu gehienez).

Balorazioa errazteko eta aukera-berdintasuna eta objektibotasuna bermatzeko, Balorazio Batzordeak balorazio-eskala bat erabiliko du II. eranskinean aurkezten diren proiektua burutzeko irizpideetako bakoitzari dagokion puntuazioa mailakatzeko. Eskala puntuazio-tarte bakoitza 3 mailatan zatitzean datza. Hala: irizpidea aipatzea, bestelako azalpenik eman gabe, gehienez 0,5 punturekin puntuatuko da 0-2 urkiletan, eta puntu 1ekin gainerakoetan; irizpidea azaltzea urkilaren tarteko puntuazioarekin puntuatuko da; eta irizpidea entitatearen ezaugarrietara eta beharretara nola egokitzen den arrazoituta, justifikatuta eta egokituta azaltzea urkilaren gehieneko puntuazioarekin puntuatuko da.

13. oinarria.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio Batzordean gutxienez hiru pertsona eta gehienez lau ariko dira. Familia eta Haurren Zuzendaritzako langile publikoak izan beharko dira. Horietako bat batzordeko idazkari izendatuko dute; hitz egin ahal izango du, baina ezin izango du eman botorik.

2.– Balorazio Batzordean sexu bateko eta besteko pertsonen kopurua orekatua izateko neurriak hartuko dira. Gainera, batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da organoa osatu aurretik Familia eta Haurren zuzendariaren ebazpen baten bidez.

14. oinarria.– Ebazpena.

1.– Prozedura Gizarte Politiketako Sailburuordetzak ebatziko du, Familia eta Haurren Zuzendaritzak emandako behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren.

2.– Ebazpenak, dirulaguntza nori emango zaion edo nork jasoko duten azaltzeaz gain, adieraziko du zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den, eta eskatzen diren gainerako baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaeren berariazko ezespena ere.

3.– Era berean, zerrenda bat ere sartuko da. Zerrenda horretan jasoko dira entitate onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako baietsiak izan ez diren eskabideak, eta adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion eskabide bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

4.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Argitalpenak jakinarazpenaren ondorioak sortuko ditu.

5.– Entitate eskatzaileek abisua jasoko dute eskabidean adierazitako gailu elektronikoan edo helbide elektronikoan, jakinarazteko ebazpena egoitza elektronikoan argitaratu dela. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

Halaber, entitate onuradunen zerrenda argitaratuko da EHAAn, guztiek haren berri izan dezaten.

6.– Deialdia ebazten duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

7.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epealdia sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epealdi horretan ebazpena jakinarazten ez bada, entitate interesdunek dirulaguntzaren eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute.

15. oinarria.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza aldatu egin daiteke baldin dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, beste edozein administraziotatik edo entitate publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada edo bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira.

16. oinarria.– Laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1.– Dirulaguntza zatika ordainduko da. Lehenengo zatia, zenbatekoaren % 50, dirulaguntza ematen den unean ordainduko da, eta gainontzeko % 50 jarduketa guztiak egin eta eragindako gastu guztiak frogatu ondoren (muga-eguna: 2025eko ekainaren 30a), hurrengo oinarrian zehazten den moduan.

Bigarren ordainketa 2025eko otsailaren 15etik aurrera egingo da, diruz lagundutako jarduera guztiak egin direla frogatu ondoren.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutakoen ondorioetarako, entitate onuradunek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diagnostiko osoa, dirulaguntza emateko aurkeztutako proposamen teknikoaren arabera egina.

b) Entitatearen kontziliaziorako ekintza-plana, dirulaguntza emateko aurkeztutako proposamen teknikoaren arabera egina.

c) Jasotako funts publikoak nola erabili diren azaltzen duen justifikazio-memoria. Memorian, lan-prozesua eskabideko proiektu teknikoaren eta lortutako helburuen arabera azaldu behar da. Horri dagokionez, egindako eta laguntza emateko baloratu ziren jarduketak zehaztu beharko dira.

Gainera, zehaztu behar da zer diru-sarrera erabili diren proiekturako eta zein izan diren horretarako finantzabideak (agindu honetako dirulaguntza barne), bai eta dirulaguntza jaso duen jarduketaren amaierako gastua ere.

Frogatu egin behar dira dirulaguntza eman zaien jarduketen kostua ordaintzeko funts guztien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa.

d) Aholkularitzak emandako zerbitzuen kostua frogatzen duen faktura, behar bezala banakatuta.

e) Faktura ordaindu izanaren egiaztagiria.

Fakturak edo antzeko froga-balioa duten agiriak (merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak) xehatuta aurkeztu beharko dira, dirulaguntza jaso duten jarduketen inguruan egindako gastua edo erabilitako funtsak zuzen egin edo erabili direla frogatzeko bezainbeste.

Beraz, bankuko egiaztagiriaren frogagirian egiaztagiri horren bidez ordaindutako fakturaren kontzeptua eta zenbakia aipatu behar dira.

Era berean, gastuak faktura elektronikoen bidez ere frogatu ahal izango dira, zerga-arloan onartzeko eskatzen diren baldintzak betez gero.

3.– Ordainketa egiteko, Familia eta Haurren Zuzendaritzak edozein unetan eskatu ahal izango du jatorrizko agiriak aurkezteko, egiazkoak direla ziurtatzeko.

4.– Dirulaguntza jasotzen duen jarduketaren behin betiko guztirako kostua dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartutakoa baino gutxiago izanez gero edo gastuaren egiaztagirien bidez justifikatutako zenbatekoa egindako jarduketen guztirako kostua baino gutxiago izanez gero, bidezko likidazioa egingo da eta dirulaguntza benetako kostuaren arabera doituko da.

5.– Dirulaguntza zuzen aplikatu den egiaztatzeko, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak behar diren ikuskapenak, jarraipenak eta kontrolak egin ahal izango dituzte legez ezarritako aldian.

17. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

1.– Entitate onuradunek dirulaguntzak onartzen badituzte, dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudian oro har ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta agindu honetatik ateratzen diren betebehar guztiak ere.

Zehazki, honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

b) Dirulaguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea, eta Gizarte Politiketako Sailburuordetzak edo Familia eta Haurren Zuzendaritzak diruz lagundutako jarduera edo jarduerak egiaztatzeko aukera ematea.

c) Gizarte Politiketako Sailburuordetzari frogatzea betekizunak eta baldintzak bete direla, proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko edo baliatzeko kontuan hartutako helburua bete dela.

d) Onartu egin beharko dira egiaztatze-jarduketa guztiak, hala Gizarte Politiketako Sailburuordetzak egiten dituenak nola Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituenak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratutako dirulaguntzei eta bestelako laguntzei dagokienez. Halaber, onartu egin beharko dira Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak xedatzen dituen guztiak.

e) Gizarte Politiketako Sailburuordetzari jakinaraztea beste administrazio edo entitate publiko batzuei edo entitate pribatuei xede bererako aurkeztutako laguntza-eskaera guztiak eta haiek emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide guztiak.

f) Gizarte Politiketako Sailburuordetzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa.

e) eta f) letretan aipatzen diren inguruabarren berri izan bezain laster eman beharko da haien berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

g) Honako hauek izatea: kontabilitate-liburuak, izapideak eginda dituzten erregistroak eta behar bezala ikuskatutako gainerako dokumentuak, kasu bakoitzari aplikatzen zaion merkataritza- eta sektore-legediak eskatutako baldintzekin; eta, horrez gain, egiaztapenerako eta kontrolerako ahalmena era egokian erabiltzen dela ziurtatzeko deialdi-agindu honek eskatu adina kontabilitateko egoera-orri eta erregistro zehatz.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, zeren eta egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako hedatze-neurriak hartzea. Ildo horretan, gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, modu argian jaso beharko da Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz. Dekretu horrek Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen du.

j) Jasotako funtsak itzultzea agindu honetan edo dirulaguntzen arloko araudian arautzen diren kasuetan.

k) Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon beharko du. Entitatea ez badago erregistratuta, edo baldin badago baina erregistro horretan bere buruari buruz eskuragarri dauden bankuko datuak aldatu nahi baditu, dagozkion kudeaketak egin beharko ditu, hemen: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/.

l) Diruz lagundutako jardueran egin nahi diren aldaketa guztiak idatziz jakinaraztea. Horretarako, nahitaez beharko da Familia eta Haurren Zuzendaritzaren berariazko onarpena.

m) Familia eta Haurren Zuzendaritzari igortzea agindu honen 16.2 oinarrian ezartzen diren frogagiriak, eta horien jarraipenean eta ondoko ebaluazioan laguntzea.

n) Aurrean aipatutako itzulketa-prozedura edo zehapen-prozeduretako bat hasiz gero, Familia eta Haurren Zuzendaritzari jakinaraztea.

o) Eta, oro har, beste edozein, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak esleitzeko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da entitate onuradunek konpromiso hauek haien gain hartzea, edo, hala badagokie, frogatzea:

a) Planean ezarritako neurrietako bat abian jartzea plana egiten denetik urtebete igaro baino lehen.

b) Entitateko pertsona bat prozesuaren dinamizazioaren arduradun izendatzea, agindu honen eskabide-orrian zehazten den bezala.

c) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 48. artikuluan ezarritako baldintzetan.

18. oinarria.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzea.

1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntza emateko baldintzak, edo ez badu betetzen agindu honetan eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudian adierazitako betebeharren bat, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako kasuren bat gertatzen bada, jasotako zenbatekoa itzuli beharko du, osorik edo zati batean.

2.– Itzuli beharreko zenbatekoa, hala badagokio, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 37. artikuluetan adierazitako irizpideak kontuan hartuta ezarriko da.

3.– Ez-betetzea mailakatzeko, eta proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau adierazten da:

a) Emandako laguntzaren zenbateko osoa itzultzera behartuko dute honako hauek:

a.1.– Ez justifikatzea edo nahikoa ez justifikatzea, 20/2023 Legean eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera.

Hala, erabateko ez-betetzetzat hartuko da proiektua benetan gauzatu dela frogatzen duen dokumentazioa ez aurkeztea (diagnostikoa, kontziliazio-plana, justifikazio-memoria, entitate-aholkulariaren faktura eta entitate eskatzaileak faktura ordaindu izana frogatzen duen egiaztagiria), eta emandako laguntzaren % 100 itzuli beharko da.

Era berean, justifikazio-agiri guztiak aurkezten badira, eta horiek aztertu ostean ikusten bada plana edo diagnostikoa ez datorrela bat laguntza ematea eragin duen proposamen teknikoa betetzearekin, emandako laguntzaren % 100 itzuli beharko da.

a.2.– Dirulaguntza eskuratzea agindu honen 3. oinarrian eskatutako baldintzak bete gabe edo faltsututa.

a.3.– 17. oinarrian adierazitako betebeharrak ez betetzea, 1.i) apartatuan adierazitakoa izan ezik.

b) Emandako laguntzaren zati bat (% 25) itzuli beharko da:

b.1.– Proiektua benetan gauzatu dela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren (diagnostikoa, kontziliazio-plana, justifikazio-memoria, entitate-aholkulariaren faktura eta entitate eskatzaileak faktura ordaindu izana frogatzen duen egiaztagiria), betetze-maila erabatekotzat ez hartu arren proposamen teknikora nabarmen hurbiltzen denean eta bere konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat egiaztatzen denean.

b.2.– Ez betetzea 17.1. oinarriaren i) letran xedatutakoa.

19. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira EAEko Administrazio Orokorrak eta EAEko sektore publikoko gainerako entitateek xede bererako emandako beste laguntza batzuekin.

2.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateratu egin daitezke beste administrazio eta entitate publiko batzuek eta entitate pribatuek xede bererako emandako beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta dirulaguntza guztien baturaren guztirako zenbatekoa ez bada dirulaguntza honen xede den jarduketaren guztirako kostua baino gehiago.

3.– Beste laguntzarik jasoz gero, baldin eta guztien batura dirulaguntza honen xede den jarduketaren guztirako kostua baino gehiago bada, soberakina bateraezintzat joko da eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak emango duen laguntzaren zenbatekotik kenduko da.

20. oinarria.– Datu pertsonalen tratamendua.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio gehiago:

https://www.euskadi.eus/rgpd/1209003

https://www.euskadi.eus/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1512

21. oinarria.– Estatu-laguntzak.

Europako araudiaren arabera, agindu honetan jasota dauden dirulaguntzak ez dira estatu-laguntzak. Beraz, Europar Batasunaren aurrean ez da egin behar inolako izapiderik eta ez zaio ezer jakinarazi behar.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala