Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Buscar

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

161. zk., 2024ko abuztuaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3996

EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 2koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita agindu-proiektu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan –funts publikoekin ordaindutakoetan– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duen agindua laugarrenez aldatzen duena.

Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak agindu-proiektu bat egin du, helburu honekin: 2008ko martxoaren 10eko Agindua aldatzea (EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan –funts publikoekin ordaindutakoetan– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duen Agindua), araubide bereziko kirol-irakaskuntzetan urte bakoitzeko irailaren 1etik hurrengo urteko ekainaren 30era bitarteko epetik kanpo irakatsi ahal izateko, bai eta asteko zazpi egunetako edozeinetan ere, igandeak barne, eta eskolaz kanpoko beste aldi batzuetan, baldin eta ikasleen ezaugarriek, kirol-irakaskuntzako modalitateak edo espezialitateak hala eskatzen badute.

Honako izapide hauek egin dira ebazpen hau eman arte:

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzeari buruz, arauaren testua egin aurretik kontsulta publikoa egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan iragarkia jarriz. Bertan, arauaren eraginpeko herritarren iritzia jaso da, bai eta arauaren eraginpean dauden eskubide edo interes legitimoak dituzten pertsonak biltzen edo ordezkatzen dituzten erakunde edo elkarteena ere, baldin eta haien helburuek arauaren xedearekin lotura zuzena badute.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoa betez, Hezkuntzako sailburuak prozedura hasteko agindua eman zuen 2024ko ekainaren 20an, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 16. artikuluak esleitutako eskumenei jarraikiz.

Era berean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoari jarraikiz, Hezkuntzako sailburuak, 2024ko uztailaren 31n, izapidetzen ari den agindu-proiektua aldez aurretik onartzeko agindua eman zuen. Aginduan arau-proposamena erantsi zen.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lege honetan aurreikusitako aurretiazko kontsultaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak egin behar dira, baldin eta herritarren eskubide eta interes legitimoei zuzenean eragiten badie eta artikulu honetan aurreikusitako salbuespen-kausarik ez badago.

Horretarako, jendaurrean jartzen da agindu-proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan –funts publikoekin ordaindutakoetan– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duen agindua laugarrenez aldatzen duena. Jendaurrean jarriko da hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 16. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, honako hau:

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea agindu-proiektua (Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan –funts publikoekin ordaindutakoetan– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duen agindua laugarrenez aldatzen duena), hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten, adierazitako proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 2a.

Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,

EUGENIO JIMENEZ IBAÑEZ.


Azterketa dokumentala