Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

161. zk., 2024ko abuztuaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3995

AGINDUA, 2024ko uztailaren 16koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako elikagaien kooperatibismoa sustatzeko laguntzak ezartzen dituena. Kooperatu 2024 Programa.

Nekazaritza-asoziazionismoak, fenomeno orokor gisa, eta kooperatibek, bereziki, rol nagusia betetzen dute Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorean. Lurraldea egituratzen laguntzen dute: nekazaritza-jarduerari jarraipena ematen baitiote, landa-enplegua sustatzen baitute eta garapen ekonomiko eta sozialaren eragile izateko gaitasun berezia baitute. Hori dela eta, gure landa-eremuen bideragarritasuna eta iraunkortasuna bultzatzen dute. Adibide gisa, EAEko nekazaritzako elikagaien kooperatiba-sektorearen osaera aipa dezakegu: gutxi gorabehera 72 erakundek, 821 enplegatuk eta 7.03 bazkidek osatzen dute, eta 2023an 400 milioi euroko fakturazioa osatu zen. Segmentu hori funtsezkoa da gure nekazaritza-elkarteen sarean, eta Euskadiko nekazaritza-ekoizpenaren lehen maila egituratzen du. Horrez gain, lurralde-kohesioa laguntzen eta hobetzen du, kalitatezko enplegu egonkorra sortzen duelako, eta landa-inguruneko herritarrek eskatzen dituzten zerbitzu berriak eskaintzen dituelako.

Gizarte-ekonomiak, eredu kooperatiboaren bitartez, historian zehar balio izan du ekoizle txikien jarduera ekonomikoa errentagarri bihurtzeko: balio demokratiko eta solidarioetan oinarrituta, ahaleginak batzen dira, eta eskalako ekonomiak lortzen dira, enpresa egiteko modu espezifiko gisan. Hala ere, egungo enpresa-testuinguru ekonomiko globalizatuan lortutako enpresa-unitate ekonomikoak ez dira nahikoak. Orokorrean, elikadura-industriak oso atomizatuta daude. Horregatik ahalegin gehiago egin behar dira enpresak integratzeko, enpresa-ikuspegitik, funtsezko zutabea baitira sektorearen iraunkortasunerako, bai eta landa-herriek bizirik irauteko eta garapena izateko ere.

Esan bezala, atomizazioa nagusi da sektorean; horren ondorioz, hobekien egituratutako erakundeak ere ez dira beren ahaleginak eta inbertsioak errentagarri bihurtzen ari. Hori dela eta, neurriak abiarazi behar dira kooperatibetan oinarritutako talde merkaturatzaileak integratzea eta indartzea sustatzeko, nekazaritzako elikagaien kate osoan jarduteko gai izan daitezen eta nekazarien errenta hobetzen eta gure landa-eremuetan nekazaritzako elikagaien industria-sarea sendotzen lagun dezaten.

Errusiak Ukraina inbaditu izana ondorio handiak izaten ari da arlo guztietan. Bereziki, modu kritikoan larriagotu da nekazaritza-sektore askok lehendik bizi zuten egoera, EBtik kanpoko baliabideen mendekotasun handia baitzuten. Ekoizpen-kostuen igoera etengabea da egoera horren ezaugarri nagusia, animaliak elikatzeko lehengaien eta energiaren eta erregaien prezioen igoeraren ondorioz. Identifikatutako inpaktu-esparru horren guztiaren ondorioz, Euskadiko nekazaritza-kooperatiben egoera ia muturrekoa da; beraz, euskal kooperatiben sektoreari laguntzeko tresna bat emateko premia sentitu dugu.

Atomizazioa are handiagoa da Ukraniako egoeraren ondorioz, beraz, horrek eragiten dituen eragozpenak zuzentzeko, kooperatiben eta elkarteen integrazioa bultzatzea eta sustatzea lehentasunezko jarduera-ardatz gisa ezarri da, uste baita horrek erakunde horien lehiakortasuna, birdimentsionamendua, modernizazioa eta nazioartekotzea bultzatuko dituela, Euskal Herriaren ekonomia eta lehiakortasuna hobetzeko egiturazko erreformen esparruan.

Horregatik, garrantzitsutzat zein egokitzat jotzen da itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emateko deialdia egitea, 1.200.000 euroko finantzaketa ezarrita. Laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako kredituetatik hartuko dira soilik.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidearen babespean ematen dira laguntza hauek, salbu eta onuradunak nekazaritza-produktuen lehen ekoizpenean aritzen diren enpresak badira; izan ere, Errusiak Ukrainari eraso ondoren ekonomia babesteko estatu-laguntzen Aldi Baterako Krisi eta Trantsizio Esparruaren babesean emango dira laguntza horiek (2023/C 101/03), baldin eta onuradunak nekazaritza-produktuen lehen ekoizpenean aritzen diren enpresak badira.

Agindu honen bidez egiten den deialdiko laguntzak ezohikoak direnez, ez dira jaso Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024rako, 2025erako eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen. Hala ere, laguntza horiek guztiz bat datoz 2024ko aurrekontuen memorian jasotako «Elikagaien industriari laguntzea» jarduera-ardatzarekin; zehazki, «Sektoreen egituraketa modernizatzea eta antolaketa-egituren finantza-laguntza» helburu instrumentalarekin.

Era berean, deialdi honetan, honako xedapen hauek betetzen dira: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan Erregulatzekoa.

Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUGU:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

2024rako onartzea Kooperatu 2024 Programa, EAEn nekazaritzako elikagaien kooperatibismoa sustatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak. Oinarriak agindu honetan jasota daude.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari ala Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 16a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea 2024ko ekitaldirako laguntzak arautzea eta deialdia egitea da, nekazaritzako elikagaien sektorean kooperatibak integratzeko eta elkartzeko prozesuak sustatzeko. Prozesu horien ondorioz, baliteke bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibak eta lankidetza ekonomikoko beste modalitate batzuk sortzea, hala nola enpresa-elkarteak, kooperatiben arteko akordioak eta kooperatiba-taldeak eta kooperatiba mistoak (Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legean aitortzen dira figura horiek. III. kapitulua, 146.etik 155.era bitarteko artikuluen arabera); Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren prozesuak, elkarte horien enpresa-dimentsioa, eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzera bideratuta.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun laguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; horrenbestez, 1. oinarriaren xedea betetzeko, 1.200.000 euro bideratuko dira.

2.– Indarrean dagoen legedia beteta aurrekontu-aldaketarik onartuz gero, emango diren laguntzen zenbateko osoa ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere. Gehikuntza hori egiten baldin bada, kontuan hartuta hasierako aurreikuspena baino % 20 handiagoa izan daitekeela, deialdia ebatzi aurretik egin beharko da, eta horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, elikagai-industrien arloan eskumena duen sailburuordetzaren titularraren ebazpen baten bidez. Publizitate horrek ez du esan nahi beste eskabide batzuk aurkezteko epea irekiko denik, ez eta ebazteko epea berriro zenbatzen hasiko denik ere.

3. oinarria.– Erakunde onuradunak.

1.– Hona hemen agindu honetan jasotako laguntzak jaso ahal izango dituzte nekazaritzako elikagaien erakundeak, betiere baldin eta laguntzaren xede diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan badaude.

• Nekazaritzako elikaduraren arloko kooperatibak.

• Bigarren mailako nekazaritzako elikaduraren arloko kooperatibak.

• Eraldaketarako nekazaritza-sozietateak.

• Merkataritza-erakundeak, baldin eta haien kapital sozialaren ehuneko 50 baino gehiago lehen aipatutako erakunderen batekoa bada. Sozietate anonimoa izanez gero, haren akzioak izendunak izan beharko dira.

2.– Aurreko atalean jasotako erakundeek, betiere beren produkzio-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan badago, honako prozesu hauetako bat egiteko laguntzak jaso ahal izango dituzte:

• Erakunde bat edo gehiago entitate bakar batean integratzea, erakunde integratuen nortasun juridikoa iraungi gabe.

• Bat egitea: erakunde batek bi erakunde edo gehiago xurgatu dituelako, guztiak desegin direlako, eta erakunde berri bat eratu delako.

• Lankidetza ekonomikoko hainbat modalitateren bidez elkartzea, hala nola enpresa-elkarteen, kooperatiben arteko akordioen eta kooperatiba-taldeen eta kooperatiba mistoen bidez.

3.– Eskaera bakarra onartuko da integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesu bakoitzeko. Horregatik, eskaera aurkeztean integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesua amaitu ez bada, dirulaguntzaren xede den prozesuko kide guztiek osatutako taldeak bakarrik formulatu beharko du eskaera, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskabidean berariaz adierazi beharko dira erakunde bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu behar zaion dirulaguntzaren zenbatekoa. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute. Ordezkari edo ahaldun horrek ahalmen nahikoa izango du, onuradun gisa, integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesu horretan parte hartuko duten erakunde guztiei dagozkien betebeharrak betetzeko. Erakunde horrek jasoko ditu dirulaguntzaren funtsak, eta gainerakoen artean banatuko ditu.

4. oinarria.– Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.

1.– Agindu honetan iragarritako edozein laguntzaren onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dira. Baldintza horiek, halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuak jasotzen dituzte. Honako oinarri hauek dira:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtso-deklarazioa ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitu ez izana, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-denboraldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak ez sorrarazi, haien errudun deklaratuak izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

Baldintza hau betetzen den egiaztatzeko, kontuan hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoa. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.

f) Egoitza fiskala ez izatea araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako ezein lurralde edo herrialdetan.

g) EAEko Administrazioak eta haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehaturik ez egotea, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota beteta izatea, edo hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatuta izatea.

k) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda ez egotea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

l) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

m) Berreskuratze agindu baten pean ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

n) Eskatutako dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak bete beharko ditu, eta hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da.

o) Nekazarien elkarte eta erakundeen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legean erabaki-organoetako ordezkaritza orekatuari buruz ezarritako mugak betetzea.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeen kasuan, kide guztiek bete beharko dituzte aurreko eskakizunak.

3.– Pertsonek edo erakundeek oinarri honen a) letratik k) letrara bitartekoetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela justifikatzeko, lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak erabiliko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen erregelamendu-mailako araudian ezarritakoaren arabera, edo administrazio-ziurtagiria, edo, dokumentu hori agintaritza eskudunak eman ezin duenean, agindu honen II. eranskinean aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

5. oinarria.– Laguntza jaso dezaketen gastuak eta inbertsioa.

1.– Laguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira egin beharreko integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketen aholkularitza- eta notariotza-gastuak, bai eta eragiketa horiei lotutako inbertsio-gastuak ere, 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 1era bitartean egindakoak. Eskatzaileek integrazio-, bat egite edo elkartze-plan bat aurkeztu beharko dute, eta lotutako inbertsioak identifikatu beharko dituzte, bai eta haren bideragarritasuna oinarritzen duen plan ekonomiko-finantzario bat ere, aginduaren 10. oinarrian jasotakoaren arabera.

2.– Produkzio-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan duen erakunde juridiko bakar batek egin beharko ditu gastuak eta inbertsioak.

3.– Honako gastu hauek laguntzaren esparruaren barne hartuko dira:

A) Egin beharreko eragiketak deskribatzen dituen integrazio-, bategite- edo elkartze-plana egiteko erakunde eskatzailearen aholkularitza-gastuak, bai eta eragiketaren bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioaren oinarri den aholkularitza- eta notariotza-gastuak ere. Hau da:

• Prozesuan parte hartzen duen enpresaren kudeaketari eta akziodunen egiturari buruzko aurretiazko diagnostikoa.

• Inbertsiorako eta harremanetarako aukerak eta egin beharreko inbertsioaren irizpideak identifikatzea.

• Integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesua planifikatzeko egin behar den ikerketa eta informazio-bilketa.

• Behar bezalako diligentziako prozesuak.

• Eragiketa ixtea, prozesuan parte hartzen duten hirugarren alderdiekin negoziatzea, etab.

B) Bazkide nagusiei eta teknikariei aholkularitza emateko gastuak.

C) Eragiketa formalizatzeko ateratzen den entitatearen notariotza-gastuak.

D) Abalen, maileguen interesen eta ondoriozko proiekturako zorpetzea eta zirkulatzailea finantzatzeko eta berrantolatzeko beste elementu batzuen finantza-kostuak.

E) Erakunde eskatzaileak proposatutako inbertsioek, honako baldintza hauek betetzen badituzte, agindu honetan xedatutakoaren arabera aplikatzekoak direnez gain:

a) Honako kategoria hauetakoren batean dauden aktiboak izatea, horretarako azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotako Kontabilitate Plan Orokorreko –ondoko epigrafeetako– definizioaren arabera:

203 Jabetza industriala eta patenteak.

206 Aplikazio informatikoak.

210 Lurrak eta ondasun naturalak.

211 Eraikuntzak.

212 Instalazio teknikoak.

213 Makineria.

214 Tresneria.

215 Beste instalazio batzuk.

217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.

Nolanahi ere, aktiboek lotura zuzena izan beharko dute integrazio-, bategite- edo elkartze-jarduerekin.

Aktiboen preziotzat haien balio «netoa» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

Integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketen ondorioz eratutako erakunde berriaren aktiboan sartzen diren makinak instalatzeko inbertsioak hartuko dira kontuan.

b) Lehen aldiz martxan jarriko diren ondasun higiezinak eraikitzea eta eskuratzea; bigarren eskuko ondasun higiezinak eskuratzea eta birgaitzea, baldin eta, azken hamar urteetan, ez badute jaso dirulaguntza nazionalik edo erkidegokorik, hain justu ere laguntzak jarraitzen duen kasuan laguntza bikoiztea dakarrenik.

Kasu guztietan lurren balioa laguntzatik kanpo geldituko da. Tasatzaile independente eta egiaztatu batek ezarriko du balioa.

Inbertsioa justifikatzeko beharrezkoak diren makina eta instalazioak eduki beharko dituzte higiezinek. Lehengaiak eta produktuaren balio-kate bereko produktu amaituak biltegiratzeko higiezinei dagokienez, bertan egiten den jarduera justifikatzeko beharrezkoak diren eskakizunak bete beharko dituzte makinek, baldin eta higiezin horiek Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroan inskribatu ahal badira.

c) Gutxienez, hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta hiru urte irautea, gutxienez, enpresaren aktiboan.

d) Aktiboak, oro har, ez egotea hirugarrenei lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

e) Kooperatiba eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (edonola ere, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).

f) Finantza-errentamendu bidez finantzatzen diren inbertsioek, dirulaguntza jaso dezaketen inbertsiotzat hartzeko, errentamenduaren kontratua amaitzen denean erosteko aukera berariaz sartuta izan beharko dute.

g) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko.

h) Dirulaguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak eskatzailearen edo laguntza-eskaeran parte hartzen duten edozein kooperatibaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan.

6. oinarria.– Enplegua.

Integrazio-, bategite- edo elkartze-planek bermatu egin beharko dute xurgatutako erakundearen, xurgatzailearen edo lortzen den erakundearen enpleguari eustea. Hasierako plantillari eutsi beharko zaio, gutxienez hiru urtez, bategite-, integrazio- edo elkartze-bidezko erakunde berria eratzen denetik. Betetze horren jarraipena egiteko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

1.– Hasierako plantillaren mantentzea modu garbian neurtuko da, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako «Enpresan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillaren txostenean» jasotako datua oinarritzat hartuta, laguntza-eskaeran sartutako erakunde bakoitzaren laguntza eskatu aurreko urtean.

2.– Justifikazioan, eta laguntzaren azken ordainketaren eskaerarekin batera, «Enpresan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» aurkeztuko da. Txosten hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egingo du, aurkezten den egunaren aurreko 30 egunetan, eta, elkartzea bada, eskaeran sartutako erakunde guztiei buruzkoa, edo integrazioaren edo bat-egitearen ondoriozko erakundeari buruzkoa.

7. oinarria.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Agindu honen esparruan eman behar diren laguntzak ez dira itzuli beharko, eta norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluarekin bat etorrita.

Dirulaguntzen gehieneko muga 280.000 eurokoa izango da nekazaritzako produktuen ekoizpen primarioan diharduten erakundeentzat, eta 300.000 eurokoa, gainerako nekazaritzako elikadura-erakundeentzat.

Bategite- edo integrazio-gastuei dagokienez, dirulaguntzak diruz lagundu ahal diren gastuen% 100eraino iritsi ahalko dira; kooperatiben arteko akordioak baldin badira, dirulaguntzak gastu horien % 70 estalduko du gehienez.

Aholkularitzari edota notaritzari buruzko gastuen gehieneko muga 30 000 eurokoa izango da, eta gastuok justifikatu beharko dira.

8. oinarria.– Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez badu diruz lagundutako jardueraren edo eragiketaren kostu osoa. Muga hori gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio deialdi honi jarraikiz emandako laguntzari, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.

2.– Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren esparruan emandako laguntzak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoak, beste administrazio publiko batzuek onuradun berei emandako beste minimis laguntza batzuei metatu ahal izango zaizkie, baina agindu honetakoak ez diren helburuekin, guztien artean ez dezaten gainditu erregelamendu horretan ezarritako laguntzaren gehieneko muga, hau da, 300.000 euro, hiru urteko edozein alditan.

3.– Era berean, Errusiak Ukrainari eraso ondoren ekonomia babesteko estatu-laguntzen neurriei buruzko Krisi eta Trantsizioko Aldi Baterako Esparruaren babesean emandako laguntzak (2023/C 101/03) beste laguntza batzuekin metatu ahal izango dira, esparru horretan ezarritakoari eta Europako Batzordearen SA 102771 (2022/N) Erabakiaren bidez onartuko Aldi Baterako Esparru Nazionalaren 7. atalean ezarritakoari ere jarraituta.

9. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakunde eskatzaileek eskabidea eta hurrengo oinarrian adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte baliabide elektronikoen bidez.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Laguntza-eskabidearen edukiaren oinarrizko edukia Agindu honen II. eranskinean eman da argitara.

3.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-formulariora) honako esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/servicios/1245501.

Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Eskabidea ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/.

4.– Eskabide bakarra aurkeztu beharko da, beteta, erakunde eskatzaileak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.

5.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Gainera, dirulaguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak zer hizkuntza aukeratu, hizkuntza hori baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoari jarraituz.

6.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten bada ez dela aldaketarik egin, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraituta. Alabaina, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren adierazi beharko da. Eskabidea aurkezteak berekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea dokumentazio hori eskuratzeko, hargatik eragotzi gabe baimena berariaz ukatu ahal izatea. Hala eginez gero, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

7.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez badira adierazitako agiriak aurkezten, erakunde eskatzaileari 10 egun balioduneko epea emango zaio falta bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren agiriak aurkezteko (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio). Horrez gain, adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.

8.– Erakunde eskatzaile bat eskabidea aurrez aurre aurkezten saiatzen bada, elektronikoki aurkeztu behar duela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskaera benetan bide horren bitartez gauzatu den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

9.– Automatikoki egiaztatuko da erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izango onuradunek horretarako berariazko baimena ematea, salbu eta berariaz aurka egitea; kasu horretan, egiaztatu egin beharko du hori, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikulua, eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeari buruzkoa, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.

10. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira eskabideak: kooperatiba eskatzaileak eskaera bete beharko du. Gutxieneko edukia agindu honen I. eranskinean zehaztu da. Honako dokumentu hauek ere aurkeztu behar dituzte, eskabidearekin batera:

a) Erakundeak sendotzeko edo hazteko planteatutako integrazio-, bategite, elkartze-planen memoria xehatua, egin behar diren eragiketak zehaztuta, hala badagokio, eta hari lotutako inbertsioak adierazita.

Plan horretan honako hauek jaso behar dira:

• Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea, bategitea edo elkartzea.

• Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide-kopurua.

• Kalkulatutako aurrekontua.

• Erakunde bakoitzak kostuetan dituen partaidetza-portzentajeak.

• Faseak, iraupena, metodologia eta, bategiteen kasuan, bat egindako erakundeen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.

• Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu: aholkularitza-enpresaren datuak, azterlana egiten lankidetzan aritzeko akordioa eta agindu honen 4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Finantzaketa-plan ekonomikoa, prozesuaren bidegarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa eta inbertsioak justifikatzeko.

c) Dirulaguntza eskatzea eragin duten gastu guztien aurrekontua edo proformako faktura. Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 30.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa 40.000 euro edo handiagoa bada obretan, edo 15.000 euro edo handiagoa gainerakoan, onuradunak ez badira sektore publikoko kontratazio-organo, gutxienez hiru hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde eskaintza horiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den dirulaguntzaren aurretik egin. Halako kasuetan, kostuen moderazioa egiaztatu beharko da, justifikazio-memoria baten bidez.

Eskaintzek benetakoak eta ez-fikziozkoak izan behar dute, hornitzaile erreal eta independenteenak, eta behar bezain zehatzak izan behar dute, eta elementu berak izan, alderagarriak izateko. Aurkeztutako hiru eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez bada, memoria batean beren-beregi justifikatu beharko da horren arrazoia.

d) Eskaera eskatzeko proiektuan parte hartzen duten erakunde guztien eraketa-eskritura eta estatutu erregistratuak.

e) Eskaera eskatzeko proiektuan parte hartzen duten erakunde guztien zergen identifikazio-txartela.

f) Erakunde eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea eta parte hartzen duten erakundeen arteko akordioa.

g) EAEko Kooperatiben Erregistroan izena emateko eskaera egin izanaren agiria.

h) Erakundeen akzio-egituraren eskema, honako hauek ere adierazita: erakundeen akzio-errealitatea eta beste erakunde batzuetako partaidetza, langile kopurua, negozio-bolumena eta balantze orokorra (eskabidea egin aurreko bi urteetako abenduaren 31koa).

i) Prozesuan parte hartzen duten erakundeei buruz, urteko kontuak eta Kooperatiben Erregistroan utzitako dokumentazio osagarria; edo, halakorik ezean, sozietateen gaineko zergaren azken bi aitorpenak edo, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena. Kooperatiba beste kooperatiba batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

j) Eragiketan parte hartzen duten erakundeei buruz, «Enpresan alta-egoeran dauden plantillako langileen batez besteko kopuruari buruzko txostena», dirulaguntza eskatu aurreko urtea kontuan hartuta. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egiten du txosten hori. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

k) Hala badagokio, xede horiek betetzeko kontratatutako aholkularitza-enpresaren eskaintza xehatua; bertan, egin beharreko lanak zehaztu beharko dira, baita zerbitzuaren prezioa eta integrazioak, bategiteak edo elkartze-eragiketak sor ditzakeen inbertsioen zenbatespena ere. Hori guztia 5.1.b) oinarrian zehazten diren baldintzetan egingo da.

l) Diruz lagundu daitezkeen gastu guztien banakapena biltzen duen laukia.

m) Erakunde eskatzailearen eta eskaeran inplikatutako erakunde guztien erantzukizunpeko adierazpena. II. eranskinean adierazitako alderdiei buruzko datuak faltsutuz gero, indarrean dagoen zehapen-araubidearen mende geratuko dira erakunde horiek, administrazio-arloan zein zigor-arloan.

2.– Nolanahi ere, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko elikagaien industriaren arloko eskumena duen zuzendaritzak, hots, laguntza horiek kudeatzeko organoak, beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

11. oinarria.– Balorazio-irizpideak

Eskaeren balorazioa oinarri honetan ezarritakoaren arabera egingo da. Eskabide bakoitzari eman behar zaion puntuazio zehatza kalkulatzeko, bete beharreko hurrengo balorazio-irizpideak eta horiei dagozkien puntuazioak hartuko dira kontuan. Irizpide horiek bete behar dira, eta eskaera eskatzean egiaztatu beharko dira.

1.– 30 puntu emango zaizkie integrazio- edo bategite-prozesuei.

2.– 10 puntu emango zaizkie elkartze-prozesuei.

3.– Bi puntu emango zaizkie prozesuan parte hartzen duen erakunde bakoitzeko.

Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emango zaio oinarrizko bazkide kopuru handiagoa duen erakundeari.

12. oinarria.– Laguntzak kudeatzea eta Balorazio Batzordea.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailean elikagaien industriaren arloko eskumena duen zuzendaritza da.

2.– Eskaerak ebaluatu eta baloratzeko, Balorazio Batzordea eratuko da. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko hiru kidek osatuko dute, eta horietako bat Enpresa Programaren arduraduna izango da. Beste biak, berriz, elikadura-industrien arloko zuzendaritzako teknikarien artetik aukeratuko dira, eta zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horrek, era berean, adieraziko du nor izango den idazkaria eta nor batzordeburua. Balorazio Batzordea osatzen duten pertsona guztientzako ordezkoak ere izendatuko dira, aipatutako zuzendaritzako teknikarien artetik. Elikadura-industrien arloko zuzendari eskudunak batzordearen osaerari buruz ematen duen ebazpena EHAAn argitaratuko da, batzordea eratu aurretik.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean. Batzordeak funtzionatzeko, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.

3.– Balorazio-batzordeak proiektuen bideragarritasuna aztertu eta espedienteak balioetsi aurretik, Elikadura-industrien arloko zuzendaritza eskuduneko teknikari batek eskabide bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honen eskakizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, eta batzordeari aurkeztuko dio.

4.– Balorazio Batzordeak funtzio hauek izango ditu:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Halaber, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten inbertsio-eskabideak ebaluatzea; hain zuzen ere, proiektuak ebaluatu eta agindu honetan finkatutako irizpide objektiboak zenbateraino betetzen diren aztertzea.

c) Egindako ebaluazioaren emaitzak jasoko dituen txostena egitea, baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituta. Txostenetan honako hau bildu beharko da:

A) Baiesteko eskabideei dagokienez:

– Erakunde onuradunen izena edo sozietatearen izena eta IFK.

– Diruz lagun daitekeen inbertsioa, aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

B) Ezesteko eskabideei dagokienez:

– Erakunde onuradunen izena edo sozietatearen izena eta IFK.

– Eskabidea ukatzeko arrazoiak.

5.– Balorazio-batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

13. oinarria.– Ebazpen-proposamena.

1.– Kontuan hartuta 11.4.c) oinarrian aipatu den Balorazio Batzordearen txostena, elikadura-industrien arloko zuzendari eskudunak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzailea eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita.

Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena formulatuko da.

3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraituta.

14. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, elikadura-industriaren arloko sailburuorde eskudunak ebatziko du deialdia, ebazpen bakar baten bidez. Ebazpen horretan, eskatutako laguntzak eman edo ukatuko dira.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du gutxienez:

A) Baietsitako eskabideei dagokienez:

i) Erakunde onuradunen izena edo sozietatearen izena eta IFK.

ii) Diruz lagundu daitekeen inbertsioa.

iii) Dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa eta aurrekontu-ekitaldien araberako banaketa.

iv) Diruz lagundutako jarduerak egiteko epea.

B) Ezetsitako eskabideei dagokienez:

i) Erakunde onuradunen izena edo sozietatearen izena eta IFK.

ii) Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

3.– Lehiaketa-prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluari jarraituta. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

Horrez gain, eta informazio gisa, interesdun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta interesdun bakoitzari bereziki eragiten dioten ebazpenaren alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak barne, banakatuta eta behar bezala arrazoituta. Era berean, aplikatutako irizpide objektiboen eta laguntzaren ehunekoaren berri emango da. Informazioa modu elektronikoan helaraziko da, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/nirekarpeta.

Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako data joko da jakinarazpen-datatzat.

4.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, laguntzak emateko aldi baterako esparruak ezarritako gehieneko epea baino lehen. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat.

15. oinarria.– Laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakundeak administrazio honen datu-base egokian jasota egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.

2.– Dirulaguntza ordaintzeko, oinarri honen 4. apartatuan aipatutako dokumentu guztien administrazio-kontrola egin beharko da, eta, hala badagokio, diruz lagundutako inbertsioak in situ kontrolatu beharko dira.

3.– Honela egin daiteke laguntza ordaintzeko eskaera:

• Ordainketa partziala egiteko eskaera: integratzeko, bat egiteko edo elkartzeko prozesua amaituta eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan onartuta egon ondoren.

• Azken ordainketa egiteko eskaera: inbertsio guztiak amaitu ondoren.

4.– Ordainketa-eskaera egiteko, enpresa onuradunak honako apartatu hauek bete beharko ditu «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orrian:

A) Ordainketa-eskera bete behar du, ordainketa partziala edo osoa eskatzen den adierazita.

B) Integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketa osatzeko eskriturak edo kontratu-dokumentuak.

C) Integrazio-, bategite- edo elkartze- prozesua amaitutakoan, Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuta egon behar du.

D) Adierazpen bat, zeinaren bidez adierazten baita ezen, laguntza jaso ondoren, erakundea ez dagoela berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

E) Kooperatibaren baliabide propioen prezioaren, jatorriaren eta aplikazioaren adierazpena, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25 edo gehiagokoei buruzkoa.

F) Dirulaguntzaren xede diren inbertsio gauzatuen aitorpena.

G) Sendotze-eragiketari zuzenean lotutako aholkularitza-gastuen fakturen koadroa, bai eta gastu horiek egin izana egiaztatzen duten agiriak ere.

H) Fakturen koadroa, inbertsio-gastuen edo sendotze-eragiketari lotutako bestelako gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa banakatua).

I) Fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak, baliozkoak direnak merkataritzako trafiko juridikoan, edo administrazio-efikazia dutenak, ordainketa-agiriekin batera.

J) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailean elikagaien industriaren arloan eskumena duen zuzendaritzak ikuskatuko ditu aitortutako inbertsioak.

K) Horrez gain, beharrezkotzat jotzen diren agiriekin eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da, aitortutakoa egiaztatzeko.

5.– Behin integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketa notarioaren aurrean sinatuta, kooperatibak lau hilabeteko epea edukiko du kooperatibari zuzenean lotutako gastuak aurkezteko, eta justifikazio hori 2025eko urriaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du.

Inbertsioak egiteko ezarritako epea amaitutakoan, hiru hilabete izango ditu inbertsioen azken aitorpena aurkezteko. Nolanahi ere, 2025eko azaroaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du justifikazio hori.

6.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoetan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Elikadura Industriaren arloko zuzendari eskuduneko teknikariek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, Zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du.

7.– Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa aurkezturiko justifikazioarekiko proportzionala izango da.

8.– Erakunde batek laguntza ez-legitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatzeko justifikazioa. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez baita ordainduko harik eta aipatutakoa justifikatu arte.

9.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, egiaztatuko da onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela, baita laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.

16. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 15 eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, joko da onartu egin duela.

2.– Laguntza eman zaion helbururako erabiltzea.

3.– Integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesuaren ondoriozko erakundeek 2025eko ekainaren 1a baino lehen behar bezala burutu eta formalizatu beharko dute beren eraketa.

4.– Integrazio-, bategite- eta elkartze-eragiketetan ezarritako gastuak eta inbertsioa egin izana betetzea eta justifikatzea.

5.– Hasierako plantillari eusteko baldintza betetzea, 6. oinarrian zehaztua, gutxienez hiru urtez.

6.– Enpleguari eusteko eta gastuak eta inbertsioa egiteko epearen barruan, elikadura-industriaren arloko zuzendaritza eskudunari, hots, organo kudeatzaileari eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea; hala, proiektua garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal ditzan.

7.– Elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskudunari idatziz jakinaraztea integratzeko, bategiteko edo elkartzeko proiektuaren aldaketa edo dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako elementuren bat aldatu izana egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean, eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu baino lehen.

Aldaketa hori organo emailearen ebazpen bidez onartu beharko da, eta, ebazpen horretan, emandako laguntzaren zenbatekoa doituko da, hala badagokio. Era berean, horren berri emango zaio erakunde onuradunari.

8.– Egindako gastuei eta inbertsioari lotutako behin betiko fakturak eta ordainketa-agiriak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorren eskura jartzea, bost urtez.

9.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

10.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren betekizunak betetzeko behar duen informazio guztia ematea, agindu honi lotuta emandako laguntzei dagokienez.

11.– Elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunari idatziz jakinaraztea beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, eta, hala badagokio, eman dizkietela, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egunetan; halaber, aurreko hiru ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldian zehar beste minimis laguntza batzuk jaso izana ere jakinaraztea. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, betiere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen.

12.– Kooperatibak bidegabeko laguntzarik jaso badu, eta Europako Batzordeak, dirulaguntza eman ondoren, laguntza hori berreskuratzeko agindua ematen duen erabaki negatiboa hartu badu, elikagaien industriaren arloko eskumena duen zuzendaritzari jakinaraztea, baldin eta oraindik laguntza hori itzuli ez bada.

13.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren betebeharrak betetzea.

14.– Diruz lagunduko diren proiektuen finantzaketa publikoa delako publizitate egokia egitea, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa jasota. Horrekin batera, berariaz aipatu behar da Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak emandako dirulaguntza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera.

15.– Emandako laguntzaren indarraldian zehar, egunean edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zordun izanez gero.

16.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

17.– Babestutako dirulaguntzek, gutxienez, hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta hiru urte irautea, gutxienez, enpresaren aktiboan.

18.– Dirulaguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez hiru urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan.

19.– Entitate emailearen egiaztapen-jarduketen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen eraginpean geratuko da entitate onuraduna, dirulaguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian jasota dauden jarduketen eraginpean ere.

20.– Integrazio-prozesuan parte hartzen duten erakundeek eta bazkideek diruz lagundutako prozesuari gutxienez bost urtez eutsi beharko diote eratzen direnetik, eta erretiratzearen berri eman beharko diote elikagaien industriaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, gutxienez hamabi hilabete lehenago.

21.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

17. oinarria.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, elikadura-industrien arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira. Horretarako, elikagaien industrien arloan eskumena duen sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitu ahal izango dira. Horretarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako prozedura aplikatuko da.

2.– Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak integrazio, bategite- edo elkartze-planen jarduketak abiarazteko eta inbertsioa gauzatzeko ezarritako epeak nahitaez bete beharko ditu.

18. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin dezake laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, betiere. Horretarako, idazki bat helaraziko dio elikadura-industriaren arloko zuzendariari, zeinak, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko baitu atzera-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin diezaioke emandako laguntzari, emandako laguntza onartu eta gero eta gastua gauzatzen amaitu aurretik, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu, betiere. Uko egitea adierazteko idazki bat aurkeztu beharko dio elikadura-industriaren arloko sailburuordeari, zeinak, ebazpen baten bitartez, esanbidez onartuko baitu uko-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

19. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak

1.– Erakunde onuradunak agindu honetan eta aplikagarriak diren arauetan ezarritako eskakizunetako bat edo, hala badagokio, laguntzak emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzetako bat betetzen ez badu, elikagaien industriaren alorrean eskumena duen sailburuordetzako titularrak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin eta erakunde interesdunari 15 eguneko epean entzunaldia eman ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du administrazio-ebazpen bidez, eta, hala badagokio, jasotako laguntzen printzipala eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

2.– Bidezkoa izango da jasotako zenbatekoak itzultzea eta laguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesak eskatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

3.– Honako hauek ez-betetzearen kausak dira:

a) Onartutako inbertsioak ez hastea 2024ko ekitaldian.

b) Integrazioa, bategitea edo elkartzea formalki ez gauzatzea.

c) Enplegua ez mantentzea oinarri honek 6. oinarrian zehazten dituen baldintzetan.

d) Aurkeztutako eskabidean inbertsioetarako aurreikusitako epeak ez betetzea.

e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

20. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Helbide honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml

II. ERANSKINA
ESKABIDEA EGITEKO FORMULARIOAREN EDUKIA

Laguntzaren eskaera-inprimakia webgune honetan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1245501

Hona hemen edukia:

1.– Dirulaguntza mota hautatzea:

• Integrazioa.

• Elkartzea.

• Bategitea.

2.– Eremu generikoak:

– IFK.

– Helbidea.

– Lurraldea.

– Telefonoak, helbide elektronikoa.

– Harremanetarako solaskidea.

– Legezko ordezkaria, izena, abizenak, telefonoa eta NANa.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

– Jakinarazpenetarako hizkuntza.

– Zerga-egoitza.

– Nekazaritzako produktuen ekoizpen primarioa: bai ala ez.

– Jarduera nagusia eta lortutako produktuak.

– Ondoriozko erakundeari buruz edo integrazioan edo bategitean dauden erakunde bakoitzari buruz: enplegatu kopurua, sexuaren arabera bereizita.

– Ondoriozko erakundeari buruz edo integrazioan edo bategitean dauden erakunde bakoitzari buruz: zuzendaritza organoak osatzen dituzten pertsona kopurua, sexuen arabera banakatuta.

3.– Erantzukizunpeko adierazpena:

– Bere erantzukizunpean adieraztea laguntza-eskabidean adierazitakoa egia dela, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak direla; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko duela, eta ez duela adieraziko ez zekiela faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaeren berri.

– Bere erantzukizunpean adieraztea konpromisoa hartzen duela proiektua gauzatu dela egiaztatzeko behar den dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren esku jartzeko.

– Bere erantzukizunpean adieraztea ez dela krisian den enpresatzat hartzen, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauekin bat etorriz (Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioa, 2014ko uztailaren 31koa).

– Bere erantzukizunpean adieraztea ez dagoela ezein berreskuratze-aginduren eraginpean, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

– Ezin izan bada lortu lekukotza judizialik, ziurtagiri telematikorik edo datu-transmisiorik, edo administrazio-ziurtagiririk, onuradun izateko debekuen pean ez dagoela egiaztatzen duenik, erantzukizunpeko adierazpena, halako debekurik ez izateari buruzkoa:

• EAEko Administrazioak eta haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko betebeharren ordainketan egunean dagoela.

• Ez dela kondenatua izan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

• Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat izatea, edo horretarako legezko debekuren bat izatea, sexu-diskriminazioak eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeak eragindakoak barne, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

• Ez duela eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, ez dagoela esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edo ez dagoela desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

• Ez duela Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin bera suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratuta.

• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen Eusko Legebiltzarraren ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo ez dira Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

• Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

• Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota, eta egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

• Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, ez daukala zehapenik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

• Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda ez egotea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak Ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartuta egonik (markatu dagokiona):

a) Enpresak, kontabilitateko araudiaren arabera, ezin du galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu eta, beraz, Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek igorritako ziurtagiri hau aurkeztu du, baldintza betetzen duela egiaztatzeko (enpresa hornitzailearen kobrantza aurreraturako edozein finantzaketa gorabehera):

• Urteko azken kontuetako auditoretza-txostenetik ondorioztatzen bada hornitzaileei egin beharreko ordainketen epeak % 100 bete direla: auditoreak igorritako ziurtagiria, bere auditoretza-lanean urteko kontuen memoriaren edukiaren zuzentasunaren gaineko ebidentzia lortzeko prozedurak egin direla adierazten duena, 13.3 bis artikuluko baldintza betetzen dela ziurtatzeko.

• Ziurtagiri hori igorri ezin bada (ez dagoelako ikuskatutako urteko konturik edo horien arabera hornitzaileei egindako ordainketen epeen betearazpen-ehunekoa % 100etik beherakoa delako): ziurtagiria, «Adostutako Prozeduren Txosten» batean oinarrituta, dirulaguntzaren eskabidea egin edo ordainketa justifikatzeko orduan (dagokiona) baldintza betetzen dela egiaztatzeko (ziurtagiriak sei hilabeterako balioko du).

b) Enpresak, kontabilitateko araudiaren arabera, galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu dezake, eta, beraz, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 26. artikuluaren arabera gainerako kasuen eraginpean dago, honako hau aitortuta:

• Ez dago azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.3.bis artikuluko ezein kasutan.

– Beren erantzukizupean hauxe adieraztea (Markatu lauki egokia):

• 50 langile edo gehiago daude eta Emakumeen eta gizonen berdintasun efektiborako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluko 2. apartatuak xedatutakoa betetzen da, berdintasun plana lantzeari eta aplikatzeari dagokiona baita.

• 50 langile edo gehiago daude eta Emakumeen eta gizonen berdintasun efektiborako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluko 5. apartatuak xedatutakoarekin bat, enpresak ez du berdintasun plana landu eta abian jarri behar.

• 50 langile baino gehiagorentzako enplegua ematen du, eta sexu-jazarpenari edo sexuagatiko jazarpenari aurrea hartu eta aurre egiteko neurriak ezarri ditu enpresan, estatu-legeek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako moduan.

– Enpresa mota (markatu dagokiona):

• Enpresa ez da ez enpresa txikia ez ertaina, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak enpresa txiki eta ertainez emandako definizioarekin bat etorrita.

• Enpresa txikia edo ertaina da, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak mikroenpresez, enpresa txikiez eta ertainez emandako definizioarekin bat etorriz.

ETEen kasuan, adierazi enpresaren kategoria (dagokiona):

• ETE-mikroenpresa (10 enplegatu baino gutxiago; 2 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra).

• ETE txikia (50 enplegatu baino gutxiago; 10 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra).

• ETE ertaina (250 enplegatu baino gutxiago; 50 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo 43 milioi eurotik beherako urteko balantze orokorra).

– Ez dela aldatu enpresak Sozietateen gaineko Zergan duen kategoria.

– Onuradunari lotutako enpresek jaulkitako fakturak aurkezten badira programan, faktura horiek ez dute gainkostu gehigarririk ekarriko dirulaguntzaren xede den programara.

Era berean, adierazi beharko da laguntza-eskabidea aurkezteak berekin ekarriko duela eskatzailearen baimena, elikadura-industriaren arloko zuzendaritza eskudunak automatikoki egiazta ditzan haren identifikazio-datuak (NANa eta IFK), eta zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, bai eta baimen hori espresuki ukatzeko aukera ere; kasu horretan, dagozkion agiriak eta ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu eskatzaileak.


Azterketa dokumentala