161. zk., 2024ko abuztuaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (128 KB - 4 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
3994
AGINDUA, 2024ko uztailaren 17koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailean hutsik dagoen lanpostu bat izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena.
Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan hutsik dago Lurralde ordezkariaren lanpostua (511786 kodea, 6 dotazioa). Beraz, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2.c) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, sail honek erabaki du agindu honen eranskinean zehazten den lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egitea. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, Lanpostuen Zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan izan ezik:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.
2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, Irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, betiere Lanpostu Zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.
Bigarrena.– Eskabideak.
1.– Eskatzaileek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren langileen gaietan eskumena duen Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitae» bat erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-ezagupenak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen diren bestelako merezimendu guztiak.
Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.
Hautagaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
Laugarrena.– Ebazpena.
Deialdi hau Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean. Hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu behar du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du. Hala ere, zuzendariordetzetako eta lurralde-ordezkaritzetako titularren lanpostuen kasuan, lanpostua erreserbatu egingo da lehiaketa bidez edo karrerako funtzionario izatera iristeko prozesu baten bidez lortu denean.
Agindu hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.
Administrazio bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke eman duen organoaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren aurrean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 17a.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
ERANSKINA
Deitutako lanpostua:
– Izena: Lurralde ordezkaria (511786. kodea, 6 dotazioa).
– Kokapena: Etxebizitzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza.
– Saila: Etxebizitza eta Hiri Agenda.
– Herria: Bilbao.
– Kidegoak-Aukerak-Eskalak: A Taldea (EAP).
– Destino-osagarriaren maila: 29.
– Berariazko osagarria: 0-A.
– Hizkuntza-eskakizuna: 3.
– Derrigortasun-data: ez dauka.