156. zk., 2024ko abuztuaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (174 KB - 7 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3931
EBAZPENA, 2024ko ekainaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Berangoko Intxaurraga baserriko (Bizkaia) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko urtarrilaren 16an, Berangoko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Berangoko Intxaurraga baserriko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko apirilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Berangoko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Basauriko 03. Jarduketa Integratuaren (JH.I.03) Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.c eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berangoko Intxaurraga baserriko (Bizkaia) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:
a) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Hiri Antolamenduko Plan Berezi honen xedea da Berangoko 48640 (Bizkaia) udalerriko Gorrondatxe bideko 5. zenbakian dagoen Intxaurraga baserria kokatuta dagoen SZ-R.A. lursailerako aurreikusitako gehieneko etxebizitza kopurua handitzea, eraikigarritasuna eta gainerako hirigintza-parametroak aldatu gabe, gaur egun Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak jasotzen dituen 2 unitateetatik 4 unitatera pasatuz, eta eraikigarritasuna 230 m2-ko batez besteko balioan lagata etxebizitza bakoitzeko.
Higiezin hori Berangoko HAPOren barruan dago katalogatuta, kontserbatu beharreko eraikin gisa, eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartuta dago.
b) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.c eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du baldintzarik ezartzen etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planak dagoeneko urbanizatuta dagoen lurzoru-eremu baten antolamendu xehatua aldatzen du. Hala, ez da hauteman bateraezintasun aipagarririk hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Planaren eremuko lurzorua hiri-lurzorua da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea. Gainera, aurreikusitako garapenean energia-aurrezpena eta efizientzia indartzeko neurriak sar daitezke.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, afekzio-eremuan egiten diren jarduketak eta jarduerak honako arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez egiten direnean: kultura-ondarearen babesa, hondakinen kudeaketa, isurketak, lurzoruaren babesa, urak, kutsadura akustikoa, ingurumena eta segurtasuna eta osasuna, besteak beste.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Eremuan ez dago naturagune babesturik, interes geologikoko lekurik edo beste katalogo batzuetako espaziorik (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetan jasotako natura-intereseko guneen zerrenda). Ingurunean ez dago intereseko lekurik, hezeguneei edo korridore ekologikoei dagokienez. Era berean, aztergai den eremuan ez dago arriskuan dauden fauna- eta flora-espezieen berri, eta ez da hauteman Batasunaren intereseko habitatik.
Lurzatian dagoen landaredia lorategiei eta hiriko berdeguneei dagokie.
130 m ingurura, Gobela ibaia dago. Planaren xede den eremuan ez dago hezegunerik, ezta ur-punturik ere.
Eremuak oso kalteberatasun handia du akuiferoen kutsadurarekiko. Ez da bestelako ingurumen-arriskurik hauteman; izan ere, eremuak ez du uholde-arriskurik; ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan; baldintza geoteknikoak aldekoak dira eta ez da arrisku teknologikorik detektatzen (SEVESO establezimenduetatik hurbil edo merkantzia arriskutsuak garraiatzeagatiko arriskuak).
Planaren eremuan, fauna mehatxatuko hainbat espezieren Lehentasunezko Banaketa Eremuak hauteman dira: arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus), Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) eta iberiar baso-igela (Rana iberica). Hala ere, planaren eremua kontuan hartuta, eremuan dauden fauna-komunitateak eremu urbanizatuetako komunitateei lotutakoak dira, eta espezie horien presentzia oso zaila da.
Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren 2023ko abuztuko txostenaren arabera –organo substantiboak aurkeztu baitu–, higiezina ez dago jasota Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan, baina bai Berangoko HAPOren katalogoan babestu beharreko elementuen artean. Beraz, oinarrizko babeseko kultura-ondasuntzat jotzen da, eta Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legeak zehaztutako babes-araubidea aplikatu behar da (21. eta 45. artikuluak). Hau da, ezin izango da ez osorik ez zati batean eraitsi.
Kultura Ondarearen Zerbitzuaren txostenaren arabera, eraikinak kultura- eta ondare-balio nahikoak ditu, eta gorde egin behar dira. Baserria eraberritzeko eta 4 etxebizitzatan banatzeko proposamena bideragarria da, betiere aipatutako txostenean zehazten diren eraikuntzako esku-hartze irizpideak betetzen badira.
Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak eraikuntza birgaitzeko/birkonfiguratzeko obren egikaritze-faseari lotuta daude. Jarduketa horien ondorioz, makinak harat-honat ibiliko dira, eta emisio atmosferikoak, hondakinak, isuriak, zaratak eta abar sortuko dira, eta horrek eragina izan dezake lurrazaleko uren kalitatean (kasu horretan, zeharkako afekzioak gerta daitezke euri-urak biltzeko sistemen bidez) eta airean.
Aurreikusitako jarduketak kontuan hartuta, ez da aurreikusten lurzoruaren okupazioa handitzearekin edo lur-mugimenduarekin lotutako inpakturik. Era berean, Gobela ibaiarekiko distantzia dela-eta, ez du inolako eraginik ibaiari lotutako interes-balioetan. Eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, baztertu egiten da planaren etorkizuneko garapenak eragin nabarmena izatea lurpeko ur-baliabideetan.
Beste inpaktu posible batzuk emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenekin lotutakoak dira.
Ingurumen-dokumentu estrategikoak inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat jasotzen du, eta bertan ondorioztatzen da planaren eremuan betetzen direla kalitate akustikoaren helburuak kanpoko espazioan eta eraikinaren fatxada guztietan, bai egungo egoeran, bai etorkizunean aurreikusitako eszenatokian. Horri dagokionez, esan behar da Planetik eratorritako jarduketak ez dakarrela etorkizuneko garapenik, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan zehazten den bezala. Beraz, kanpoaldeko kalitateko helburu-balioak ez dira 5 dBA murrizten, eta lehendik dauden eremu urbanizatuetarako ezarritako balioak aplikatu behar dira.
Proposatzen diren jarduketen izaera eta horietatik eratortzen diren eraginak kontuan hartuta, jarduera horietatik eratorriko diren inpaktuak, oro har, aldi baterakoak izango dira, eta ez esanguratsuak, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, eta, bereziki, kultura-ondarea babesteari buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokien arabera egiten badira.
3.– Ebazpen honetan, Berangoko Intxaurraga baserriko Hiri Antolamenduko Plan Berezian sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurriak ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz.
Plana onartzearen ondorioz, bereziki, eta besteak beste, honako neurri hauek zehaztuko dira –garatzen diren plan edo proiektuetan aplikatuko dira–, bai obren faseari dagokionez, bai funtzionamendu-faseari dagokionez:
• Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Proposatutako esku-hartzearen eremuko elementuetan egingo diren esku-hartzeak zaharberritze kontserbatzailekoak izango dira, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan (abenduaren 31ko EHAA, 249. zk.) jasotako «Birgaitzeko esku-hartzeak» izeneko I. eranskinean definitzen diren moduan.
Gainera, ondare hori kautelazko babes-ingurune batez hornitze aldera, 15 metroko gutxieneko tarteari eustea gomendatzen da, eraikuntzarik, instalaziorik eta eraikuntza berriko eraikinei atxikitako hesirik gabe. Distantzia hori higiezinak konfiguratzen dituen edozein horma, atari edo eraikuntza-elementutatik neurtuko da.
– Berangoko HAPOren arabera, Intxaurraga baserriari tokiko babesa ematen baitio, debekatuta dago osorik edo partzialki eraistea, eta bere konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak mantendu behar dira; gainera:
• Alderdi arkitektonikoari balioa eman beharko zaio, fatxadak zaharberritu ahal izango dira, eta aldaketa partzialak egin ahal izango dira, konposizioaren batasuna aldatu gabe eta balio estilistiko bereziko elementuak errespetatuz. Arkitektura- edo kultura-garrantzi berezia duten barne-espazioak zaharberrituko dira.
• Sendotzea, berreskura ezin daitezkeen atalak aldatuta, egitura-elementuen posizioa edo kota ez da aldatuko, hala nola euste-hormak, forjatuak eta gangak, eskailerak edo estalkia.
• Estalkian jatorrizko estaldura-materiala ezarriko da.
• Eranskin degradatzaileak ezabatu egingo dira interesik ez dutenean edo jatorrizko arkitektura-ezaugarriei eragiten dietenean.
– Horrez gain, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Obra-fasean dagoen eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan..., bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu jasota, gutxienez: lanaldiak, makineria, urik ez isurtzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira.
Obrako materialak baldintza meteorologiko txarretan (euriteak edo haize gogorrak) garraiatzea saihestuko da. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, partikularik barreia ez dadin atmosferara.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
Plan Bereziaren garapenak lurzoruan izan ditzakeen eraginak minimizatzeko, lurzoruaren iragazkortasuna errazten duten eta drainatze jasangarriko teknikak erabiliz iragazketa-ahalmena handitzen duten irtenbideak erabiltzea.
– Obrengatik eragindako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz eragindako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
– Ahal den neurrian, irizpide bioklimatikoak eta energia-eraginkortasunekoak hartuko dira kontuan baserria zaharberritzean.
– Honako hauekin lotuta dauden ekonomia zirkularreko neurriak sartzea: obran landare-lurra kudeatzea eta berrerabiltzea, materialen kontsumoaren inpaktua minimizatzea (lurren balantzea/oreka, etab.), material jasangarriak, birziklagarriak eta jatorri naturalekoak erabiltzea.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (hemen argitaratuak: https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia-kontsumoa murriztea edota energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
– Halaber, klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Berangoko Intxaurraga baserriko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Berangoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Berangoko Intxaurraga baserriko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 5a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.