156. zk., 2024ko abuztuaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (189 KB - 12 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3929
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 27koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Zumarragako (Gipuzkoa) «Z-5.1 Altzairutegia 1» zonaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen duena.
AURREKARIAK
2023ko urtarrilaren 7ko Ebazpenaren Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, EAED-185INET espedientearen testuinguruan, Zumarragako (Gipuzkoa) «Z-5.1 Altzairutegia 1» zonaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formulatu zuen, bat etorrita Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Zumarragako Udalak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, besteak beste, 2023ko abuztuaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (153. zenbakia) iragarri bezala. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.
Zumarragako Udalak azaldu du jendaurreko informazioaren aldian ez dela alegaziorik aurkeztu, eta, eskaerarekin batera, eragindako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin egindako kontsulta-izapidean jasotako txostenak ere igorri ditu, administrazio-espedientean jasotako emaitzarekin eta edukiarekin.
2024ko martxoaren 14an, Zumarragako Udalak Zumarragako (Gipuzkoa) «Z-5.1 Altzairutegia 1» zonaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskaera egin zion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari.
Eskaerarekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu ziren: Planaren azken proposamena (2023ko abenduko data), ingurumen-azterketa estrategikoa (2023ko abenduko data), inpaktu akustikoaren azterketa (2023ko maiatzeko data), Zumarragako Arcelor Mittal enpresaren instalazio siderurgiko zaharren eremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartu aurretik lurzoruaren kalitate-adierazpena lortu behar ez zela justifikatzen duen txostena (2023ko azaroko data), eta eragindako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin egin beharreko jendaurreko informazioaren izapidea eta audientzia-izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumenaren babes-maila handia bermatuko du eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, plan, programa eta proiektuen lanketan, ezarpenean, onarpenean eta baimentzean ingurumen-alderdiak integratuko ditu, ingurumenaren aldetik bideragarriak diren alternatibak aztertu eta hautatuko ditu, ingurumenaren gaineko eragin kaltegarriak prebenitu, zuzendu eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak ezarriko ditu, eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen- eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.
Orobat, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, II.A. eranskinean zehazten denari jarraituz ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planei, programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie. Eranskin horretan jasotako plan eta programen artean, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta arlo jakin batzuei –hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilera– erreferentzia egiten dieten planak eta programak daude.
Halaber, kontuan hartuta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikulua eta hurrengoak, eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikulua eta hurrengoak, bai Zumarragako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez –zeinaren irismena aurrez ezarri baita–, kontsulta publikoen bidez eta eragindako administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bidez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Planak ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Kontuan hartu dira 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zumarragako (Gipuzkoa) «Z-5.1 Altzairutegia 1» zonaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpena formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren xede den eremua Zumarragako «Z-5.1 Altzairutegia 1» hirigintza-eremuari dagokio. Hiri-lurzoru industrial horretan, Arcelor Mittal enpresak altzairugintzako jarduera garatu zuen 2016. urtera arte; gaur egun, industria-jarduera txatarrarekin lan egiten den eremu batera mugatzen da. Planaren xedea «Z-5.1 Altzairutegia 1» hirigintza-eremuaren antolamendu xehatua arautzea da. Eremuak 99.000 m2-ko azalera du. Planaren eremutik kanpo, eremuaren alboan, kanpoko bi eremu definitu dira, eta bertan urbanizazio osagarriko obrak egitea aurreikusten da, beharrezkoak baitira Urola ibaiaren lurpeko ibilguaren zati bat berriro azalera agertzeko eta eremura sartzeko bide berria definitzeko. Sarbide horrek zerbitzua emango die, halaber, GI-2632 errepidearen ekialdean dagoen Zumarragako industrialdeari eta Urretxuko eta Legazpiko lurretan den Kaminpe industrialdeari. Urbanizazio partekatua gauzatzea konplexua denez, hirigintzako lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute inplikatutako hiru udalerriek (Zumarraga, Urretxu eta Legazpi), Planaren hirigintza-izapidetzea eta hari lotutako proiektuak egiteko.
Planean proposatutako antolamendua honako hau da:
– «Z-1.2 Altzairutegia 2» eremua. Ingurumen-azterketa estrategikoarekin bat, 84.815 m2-ko azalera duen lurzati industrial pribatu bat mugatu da. Barruan, GI-2632 errepidearekiko paraleloa den bide bat definitu da, industria-erabilerako bi azpilurzatietarako sarbidea ematen duena: 35.000 m2-ko azalerako P1 azpilurzatia (bertan, lehendik dagoen eraikina ordeztea planteatzen da), eta 31.090 m2-ko azalerako P2 azpilurzatia (bertan, egun dagoen eraikina mantentzea edo ordeztea baimentzen da).
– GI-2632 errepidetik sartzeko konponbidea. GI-2632 errepidetik sarbide berri bat egitea planteatu da, 44 metroko kanpo-diametroa duen biribilgune baten bidez. Sarbide horrek zerbitzua ematen die, Arcelorreko orubeari ez ezik, GI-2632 errepidearen ekialdean dagoen Zumarragako industrialdeari eta Urretxu eta Legazpi arteko Kaminpe industrialdeari.
– Urola ibaiaren zati bati estaldura kentzea. Gaur egun estalita dagoen Urolaren ibilguaren 100 metroko zati bat berriro azaleratuko da. Ibilguaren egungo sakonerak (12-13 m) ez du uzten ibaiaren estaldura zati luzeagoan kentzea; horrenbestez, ibaiak estalita jarraituko duen lekua eta inguruak landareztatu egingo dira, ingurunea berdegune publiko bihurtuz. Jarduketa horren barruan sartzen da Txakolin errekastoaren eta Urola ibaiaren arteko lotura azaleratzea.
– Espazio publikoak. Berdegune publiko bat definitzen da Urola ibaiaren inguruan, 8.452 m2-ko azalerakoa.
Esleitutako eraikigarritasun osoak Planaren eremuaren barruan egun dagoen eraikigarritasuna mantentzen du; bada, duela gutxi egindako neurketaren arabera, eraikinek 71.937 m2c hartzen dituzte egun, eta sestra azpiko 1.352 m2c ere badaude. Sestra azpiko 1.352 m2c horiek bideek eta berdegune pribatuak hartutako azalerari esleitzen zaizkio; era berean, egun dagoen aparkalekua ere mantendu da.
Gehieneko okupazioari dagokionez, bi eraikuntza-egoera aurreikusi dira: bat, lehendik dagoen eraikina mantentzen den kasuetarako, betiere definitutako azpipartzela produktiboaren barruan (1. egoera); eta, bestea, lehendik dagoen eraikina ordezten den kasuetarako (2. egoera). Bi egoera horietan, «56ko nabeak» gisa identifikatutako eraikuntza mantendu eta birgaituko litzateke.
Aparkaleku publikoko eremu gisa, GI-2632 errepideko sarbidearen ondoko gune bat definitu da, partzela industrialera sartzeko langaren eta errepidearen arteko espazioa aprobetxatuz; gune horretan 68 aparkaleku publiko egitea aurreikusi da. Partzela industrialaren barruan, bertako bide pribatu nagusiaren alboetan eta bidearen amaierako gunean, guztira 301 aparkaleku aurreikusi dira.
Alternatibei dagokienez, ingurumen-azterketa estrategikoarekin bat, hiru diseinatu dira, 0 alternatiba edo jarduketarik ez egitea barne (aukera hori baztertu egin da, ez duelako laguntzen eremua berroneratzen). O alternatiban, Urola ibaia egungo instalazioen azpian lurperatuta geldituko litzateke, eta eremura Artiz bizitegi-auzotik sartzen jarraituko litzateke. Bestalde, lurzati handi bat zatitzeko aukerarik gabe mantentzeak zalantzan jarriko luke jarduera ekonomiko berriak bertan kokatu ahal izatea.
1. alternatiban, Urolaren ibilguaren zati bati estaldura kenduko litzaioke, 75 metroko tarte bati zehazki. Ekintza horren barruan sartzen da Txakolin errekastoaren eta Urola ibaiaren arteko lotura azaleratzea ere. Berdegune publiko bat definitzen da Urola ibaiaren inguruan, 6.100 m2-ko azalerakoa. Partzela industrial pribatuak 87.281 m2-ko azalera du guztira.
2. alternatiba, Planak azkenean hautatu duena, aurrekoaren antzekoa da, baina Urolaren ibilguaren zati handiagoa beti kentzen zaio estaldura, 100 metroko tarte bati zehazki. Aurreko aukeran bezala, jarduketa horren barruan sartzen da Txakolin errekastoaren eta Urola ibaiaren arteko lotura azaleratzea. Partzela industrial pribatuaren azalera 83.781 m2-koa da, 1. alternatibakoa baino txikiagoa beraz. Urola ibaiaren inguruan berdegune publikora bideratutako espazioa, berriz, 1. alternatiban aurreikusitakoa baina handiagoa da, 8.452 m2-ko azalerakoa zehazki. Alternatiba honetan 1956ko ijezketa-nabeak mantentzen dira; arkitektura-, kultura- eta teknologia-balioko eraikuntza da, eta berau birgaitzea eta berrerabiltzea sustatuko da.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Plana garatzeko bi urbanizazio-proiektu idaztea aurreikusi da, bat sarbideentzat eta bestea Urola ibaiaren azaleratzearekin lotutakoa.
Plana altzairugintzako industria-jarduerak erabat aldatutako lurzoruetan garatzen da. Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago beste katalogo batzuetan jasotako tokirik edo elementurik ere, adibidez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrendan edo Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan.
Altzairutegiko instalazioen azpitik bideratuta eta lurperatuta igarotzen da Urola ibaia, azaleratzen den 116 metroko luzerako tarte batean izan ezik –Planaren eremuaren barruan dago tarte hori–. Halaber, Planaren eremuan dago Txakolin erreka ere, Urola ibaia bezala lurpean igarotzen dena. Lurpeko urei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasuna oso txikia da, eta, gainera, eremua ez dago interes hidrogeologikoko gune batean.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-eremuek, landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek eta landaredirik gabeko guneek osatzen dute, eta aurkeztutako dokumentazioak ere horrela berresten du. Ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik.
Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako eremurik ere. Ustez, eremuan dagoen fauna hiri-inguruneetara egokitutako espezie arruntak dira.
Eremua Legazpiko ikuspen-arroari dagokio, eta eremu antropogenikoan dagoen hiri-paisaia da. Eremua ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartuta (Eusko Jaurlaritza, 2005).
Planaren eremuan altzairutegi zaharrari lotutako hainbat elementu kultural daude: 34. Esteban Orbegozo galdetegia; 34-2. Ijezketa-trenak; eta 34-3. Tximinia. Elementu horiek geoEuskadi bisorean agertzen dira deklaratu gabeko beste kultura-ondasun batzuk bezala; Euskal Kultura Ondarearen Zentroak proposatu du higiezinok babestea, zehazki, babes-maila ertainarekin.
Zaratari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betez sustatzaileak aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanarekin bat etorriz, bete egiten dira aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak (Dekretuko I. eranskineko 1. zatiko A taula), bai egungo egoeran bai 20 urteko epean. Halaber, Dekretuaren 42. artikulua betez, dardara-mailen ebaluazioa egin da, aplikatzekoak diren kalitate-helburuak egiaztatzeko. Azterlanaren ondorioen arabera, emaitzak bibrazioen muga-balio murriztaileenen azpitik daude –besteak beste, egoitza-, ospitale- edo hezkuntza-erabileretarako ezarritako muga-balioen azpitik–; horrenbestez, baldintzak egokiak dira aztergai den eremuan aurreikusitako erabilerak gauzatzeko.
Uholde-arriskuari dagokionez, 10 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko lekuen eraginpean dago eremua; are, partzialki, lehentasunezko fluxu-eremuarekin bat ere egiten du.
Bestalde, eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako 20080-00036 kodeko lurzatian dago.
Beste ingurumen-arrisku batzuei dagokienez, eremua Seveso motako enpresetan sortutako istripu larrien arrisku-eremuetatik kanpo dago; halaber, ez da identifikatzen salgai arriskutsuen garraiotik eratorritako arrisku handirik ere. Era berean, eremuan ez da identifikatzen arrisku sismikorik, baso-suteagatiko arriskurik edo akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun handi edo oso handiagatiko arriskurik.
Eremuaren kokapena eta garapenaren dimentsioak kontuan hartuta, Planaren inpaktu nagusiak gauzatze-fasean izango dira, batez ere lur-mugimenduekin, aurreikusitako eraispenekin (lehendik dagoen eraikina ordeztuz gero), eraikin berrien eraikuntzarekin eta eremuaren berrurbanizazioarekin lotuta. Obren ondorioz, askotariko afekzioak izango dira eremuan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortuko dira, hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzearen ondorioz atmosferaren kalitatea murriztuko da, zaratak izango dira, ustekabeko isurketek eta partikulen garraioak uren kalitateari eragiteko arriskua izango da... Kontua izan behar da, gainera, guztia hire-eremu erabatekotzat jo beharreko gune batean gertatuko dela.
Lurzatiak kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin bat egiteari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
Kultura-ondareko elementuei dagokienez, Planaren azken proposamenean 1956ko ijezketa-nabeak mantentzen dira; arkitektura-, kultura- eta teknologia-balioko eraikuntza da, eta berau birgaitzea eta berrerabiltzea sustatuko da. Euskal Kultura Ondarearen Zentroak babestea proposatutako tokiko intereseko elementuei dagokienez (galdategia, ijezketa-trenak eta tximinia), lehen biak ez mantentzea justifikatzen da, dagoeneko fabrikaren egungo instalazioetan ez daudela argudiatuta (aurreko jabetzak beste enklabe batzuetara eraman ditu); tximiniari dagokionez, berriz, kontserbatzeko saiakera egingo da, betiere teknikoki posible bada eta enklabean sustatu nahi den industria-jarduera garatzeko arriskurik edo eragozpenik ez badakar. Nolanahi ere, kultura-ondareari dagokionez, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aldatzen duen azaroaren 30eko 14/2023 Legean xedatutakoa beteko da.
Bestalde, Urola ibaiaren lurpeko ibilguaren zati bat berriro azaleratzea eta berdegune berriak sortzea Planak ekarriko dituen alderdi positiboak dira.
Ustiapen fasean, eremuaren gaineko afekzio esanguratsuenak 10 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuarekin lotutakoak izango lirateke; aldiz, Uraren Euskal Agentziaren 2023-08-08ko txostenaren arabera, uholde-arriskuko eremuan egindako jarduerek ez dakarte pertsonen edo ondasunen segurtasunaren urrakortasuna areagotzea uholdeen aurrean, eta ez dute ere nabarmen handitzen ingurunearen uholde-arriskua. Nolanahi ere, aipatutako txostenak ezartzen duen bezala, 35/2023 Errege Dekretuaren 45.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpoko uholde-arriskuko eremuetan, urbanizatutako lurzoru egoeran dauden lurzoruen kasuan, eraikinak uholde-arriskua kontuan hartuta diseinatuko dira.
Fase honetan, gainera, baliabideen eta energiaren kontsumoa handitzearekin, inguruko mugikortasuna handitzearekin eta eremuan jarduera berriak ezartzearekin lotutako afekzioak espero daitezke.
B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko urtarrilaren 27ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.
Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-inpaktu posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.
C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.
D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira babes-, zuzenketa-, konpentsazio- eta jarraipen-neurriak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:
D.1.– Jabari publiko hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.
– Urola ibaia azaleratzearekin lotutako urbanizazio-proiektuak xehetasun handiagoz jasoko du ibaiaren ibilgu berriaren konfigurazioa. Ibai-oheak substratu irregularra izan beharko du, faunari bizitzea eta errekatik ibiltzea bermatuko dion gutxieneko ur-lamina bat izan dadin. Proiektatutako harri-lubetak, behar-beharrezkoa izanez gero bakarrik izango du hormigoia, estradosean zehazki; harri-lubetaren ingurumen-integrazio egokia bermatzeko, landareztatu egingo da eta hutsuneak lurrez estali. Era berean, aire zabalean geratuko den ibilguaren inguruetan zer landaredi izango den definitu beharko da; zuhaitzak eta zuhaixka autoktonoak landatu beharko dira, haltzadi kantauriar bat sortuz (sahatsak, haltzak).
Era berean, urbanizazio-proiektuak Txakolin errekaren lehengoratze zehatza barne hartuko du, Txakolin errekak eta Urola ibaiak bat egiten duten gunea aintzat hartuta.
– Eraispen-, urbanizazio- eta eraikuntza-lanak ingurune hidrikoari ahalik eta kalte gutxien eragiteko beharrezko neurriak definitzen dituen proiektu batean zehaztu beharko dira, eta lanak programatzerakoan kontuan hartu beharko da uholdeak izateko arriskua.
– Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.
D.2.– Uholde-arriskua murrizteko neurriak.
Bat etorriz 35/2023 Errege Dekretuaren 45.1 artikuluan ezarritakoarekin, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpoko uholde-arriskuko eremuetan, urbanizatutako lurzoru egoeran dauden lurzoruen kasuan, eraikinak uholde-arriskua kontuan hartuta diseinatuko dira.
D.3.– Uren kalitatea babesteko neurriak.
– Urbanizazio-proiektuan, zenbait neurri hartuko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu daitezen lurrazaleko uretara; neurri horien artean egongo dira, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
Gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko da obraren irteeran; dekantatutako jalkinak beren ezaugarrien arabera kudeatuko dira eta Uraren Euskal Agentziari gurpilak garbitzeko sistemaren dekantazio-putzuaren efluentea isurtzeko baimena eskatuko zaio.
Proiektua gauzatzeko faserako, zehaztu beharko da nola kontrolatu lurrazaleko uren kalitatea Urola ibaian.
– Egun erabiltzen ez den industria-uraren bilketa birgaitzeko (1. lurzatiari zerbitzua emateko), aprobetxamendu horren emakida izapidetu beharko da zerbitzuan jarri aurretik.
Urbanizazio-proiektuak zehatz-mehatz definituko ditu eremuko ur-hornidurako hodi guztien dimentsionamenduarekin eta trazadurarekin lotutako ezaugarriak.
– Saneamenduak sistema bereizle bat izango du, euri-uren eta ur beltzen saneamendu-sare batez osatutakoa.
Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, gogorarazten dugu hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dutela.
Planaren eremuan baimendutako isurketa-puntuei dagokienez, beharrezko neurriak hartu beharko dira isurketa-puntuetan aldaketak egitea saihesteko, eta, eginez gero, Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko zaio.
Urbanizazio-proiektuak zehatz-mehatz definituko ditu eremuko saneamendu-sareko hodi guztien dimentsionamenduarekin eta trazadurarekin lotutako ezaugarriak.
D.4.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.
Planak antolatzen duen eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokaleku bat dagoenez (kodea: 20080-00036), Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak eta berau garatzen duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa beteko da.
D.5.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen Zentroak babestea proposatutako altzairutegi zaharrarekin lotutako kultura-ondareko elementuei dagokionez, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aldatzen duen azaroaren 30eko 14/2023 Legean xedatutakoa beteko da.
Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2023-08-09ko txostenarekin bat, gomendatzen da esku-hartzeek erreferentziatzat esku-hartze kontserbatzailea deitutako esku-hartze kategoria izatea, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren «Birgaitzeko esku-hartzeak» I. eranskinean zehaztu bezala.
D.6.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.
Egungo eraikuntza ordeztuz gero, eraikin berriak definituko dituzten garapen-proiektuek azterlan akustiko bat eduki beharko dute, egiaztatzeko etorkizuneko eraikinetan kalitate akustikoko helburuak beteko direla eraikinaren altuera guztietan leihodun fatxaden kanpoaldean. Hala badagokio, kalitate akustikoko helburuetara iristeko behar diren neurriak ezarriko dira, EAEko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 40. artikuluan zehaztutakoaren arabera eta eremu akustikoak eta erabilera aurreikusiak kontuan hartuta.
D.7.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako jarduketak gauzatzen diren bitartean.
Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki:
– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihesteko neurriak, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten lan osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatu beharko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk baliatzea, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Aurreikusitako eraispenak egitean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Kalitate akustikoaren babesa obretan: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Baldin eta aurreikusten bada obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, bat etorriz urriaren 16ko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluarekin. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
– Kultur ondarearen babesa: Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Airearen kalitatearen babesa: kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
– Obrengatik eragindako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz eragindako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
– Berdeguneak «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenari jarraikiz loreztatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
D.8.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Planaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida» argitalpenaren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.
Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia-kontsumoa murriztea edota energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Eraikinen barne-kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea eta/edo kontserbatzea.
• Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.
• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
D.9.– Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.
Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira. Adibidez, klima-aldaketara egokitzeko eta «uharte termikoaren efektua» gutxitzeko asmoz, jarduketak ahalbidetzen badu, hiri-babesleku klimatiko gisa funtzionatuko duten itzalguneak sortu eta ingurunea naturalizatzeko prozesuak sustatuko dira.
E) Ingurumen-jarraipeneko plana.
Ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio Planaren ingurumen-jarraipenak, zeinak ingurumena zaintzeko programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko Planean xedatzen dena betetzen dela, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.
Aurreikusitako urbanizazio-proiektuek zehaztu egin beharko dituzte obrak egin bitartean egin beharreko kontrolak, batez ere ibai-uren kalitatearekin, Urola ibaiaren ibilgu berriaren konfigurazioarekin, ibaiaren lehengoratzearekin eta lur-mugimenduekin lotutakoak –bereziki, bat etortzeagatik lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko 20080-00036 kodeko lurzatiarekin–. Halaber, hala badagokio, kontserbatu beharreko ondare-intereseko elementuei buruzko kontrolak zehaztuko dira.
Ingurumen-jarraipenaren barruan, Urola ibaiaren lehengoratzearen arrakasta kontrolatuko da.
F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.
Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2023ko urtarrilaren 27an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.
Arreta berezia jarriko da, besteak beste, lurzoru-kontsumoa minimizatzean; hondakinak egoki kudeatzean; jabari publiko hidraulikoa babestean; eremuaren kalitate akustikoan; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarrian; habitatak eta espezieak zaintzean eta hobetzean; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzean; arrisku naturalak minimizatzean, eta lehentasuna ematean kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.
Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Zumarragako (Gipuzkoa) «Z-5.1 Altzairutegia 1» zonaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, Plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Zumarragako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 27a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.