Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

156. zk., 2024ko abuztuaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3928

EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 2koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteek edo fundazioek memoria demokratikoa berreskuratzeko proiektuak garatzeko dirulaguntzen deialdia egiten baita 2024. urterako.

Aginpide publikoak memoria historikoa ezagutarazteaz eta iraunarazteaz arduratu behar dira, memoria historikoa ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Helburu horretarako, erakundeek behar diren ekimenak bideratu beharko dituzte, aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen Gerra Zibilean eta Frankoren diktaduran gertaturiko bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten pertsonak: balio demokratikoak defendatzeko borrokatu zirenak eta gatazkan bizia galdu zutenak, askatasuna galdu zutenak eta, azken batean, aldi historiko horretan erbesteratzearen bidegabekeria pairatu zutenak.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legearen 3. artikuluak erakunde horri esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, EAEko gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.

Helburu horiek lortzeko, aginpide publikoek memoria ezagutarazteaz eta iraunarazteaz arduratu behar dira, memoria ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Helburu horrekin, bidegabekeriak eta giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonak aitortzeko eta birgaitzeko beharrezkoak diren ekimen instituzionalak ezarri behar dira. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, hartara, balio eta printzipio demokratikoak sustatu, horietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburua gerra zibilean bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten biktima guztien memoria berreskuratu eta ohoratzea da, bai eta EAEn 1936tik 1977ra Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsonak ere. Eta, beraz, senideena ere bai.

Institutu honek helburu horiek lortzeko dituen tresnetako bat, hain zuzen ere, dirulaguntzen ildoa da. Bestalde, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Dirulaguntzen 2021-2024 Plan Estrategikoa dauka martxan, zuzendariaren 2024ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez eguneratua. Horren barruan, diruz lagundu daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau. Zehazki, «Memoria historikoaren arloko dirulaguntzen deialdia» izeneko dirulaguntza-lerroa da, Institutuaren antzeko helburuak dituzten erakunde eta entitate publiko eta pribatuen baterako lana sustatzeko helburu estrategikoaren barruan sartua, memoria integratuaren politika publikoa koordinatzeko.

Era berean, azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bitartez onartutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko estatutuen 11.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Institutuko zuzendariari dagokio laguntzak eta dirulaguntzak erregulatzea, deitzea eta esleitzea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan 1936-1977 artean memoriaren tokiko ikerketa eta demokraziaren eta askatasunaren aldeko borroka berreskuratzeko eta bultzatzeko proiektu espezifikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte edo fundazioek EAEko memoria hedatzeko jarduerak garatzeko 2024ko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia arautu eta onartu da, ebazpen honen I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetako dirulaguntzak honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; oinarrizko araudia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotakoa; eta 21/2023 Legea, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

Bilbao, 2024ko abuztuaren 2a.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,

ALBERTO ALONSO MARTIN.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ELKARTEEK EDO FUNDAZIOEK MEMORIA DEMOKRATIKOA BERRESKURATZEKO PROIEKTUAK EGITEKO 2024. URTERAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA
OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan Gerra Zibiletik 1936-1977 aldian demokraziaren eta askatasunaren alde egindako borroka eta memoriaren tokiko ikerketa berreskuratu eta zabaltzeko proiektu espezifikoak diruz laguntzeko 2024. urterako laguntzen deialdia egitea. Era berean, pertsona eta gertaerak oroitzeko jarduerek eta EAEko memoria demokratikoa zabaltzeko jarduerek ere jasoko dituzte dirulaguntzak.

2. artikulua.– Epealdia.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2024ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, 2024ko abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Memoria berreskuratzeko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, 1. artikuluari jarraikiz, eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badituzte, betiere:

a) Gertakariak berreraikitzera eta 1936tik 1977ra Euskadin bizi izan diren eta giza eskubideen urraketa larriak ekarri dituzten gertaera traumatikoekin lotutako prozesuak dokumentatzera bideratutako ikerketak izan beharko dira: Gerra Zibila, eta diktadura frankista. Jatorrizko ikerketak izan behar dute, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak dagoeneko egindako ikerketekin gainjartzen ez direnak. Era berean, konpromisoa izan behar dute giza eskubideekin eta indarkeriarik ezarekin, bai eta EAEko memoria demokratikoaren balioak transmititzearekin ere. Alde horretatik, lanek biktimengan jarri behar dute arreta.

Ikerketak fase aurreratuan egon behar dute eta, beraz, PDF formatuko agirian aurkeztu beharko dira, eskabidearekin batera, baloratu daitezen.

b) Giza eskubideen urraketekin eta gizarte demokratikoaren eraikuntzarekin zerikusia duten pertsonak eta gertaerak oroitzeko edo omentzeko jarduerak, betiere giza eskubideekiko eta indarkeria ezarekiko eta EAEko memoria demokratikoaren balioak transmititzearekiko konpromisoari eusten diotenak. Hau da, oroimen-jarduerak ezin dira baztertzeko edo gertaerak parekatzeko erabili. Ezta terrorismo, indarkeria edo giza eskubideen urraketaren ezein adierazpide legitimatuko lukeen historia bat berridazteko ere.

c) EAEko memoria demokratikoa ezagutarazteko jarduerak. Honelakoak:

– Jardunaldiak edo mintegiak.

– Aldi baterako erakusketak.

– Liburuxkak argitaratzea. Deialdi honetan erregulatutako dirulaguntzen ondorioetarako, liburuxkatzat hartuko da lau orri baino gehiago eta berrogeita hamar orri baino gutxiago dituen inpresoa, aldizkazkoa ez dena.

– Webguneetarako eta ikus-entzunezko beste euskarri batzuetarako dibulgazio-edukia sortzea.

Jardueren edukiak gertakariak berreraikitzera eta 1936tik 1977ra Euskadin bizi izan diren eta giza eskubideen urraketa larriak ekarri dituzten gertaera traumatikoekin lotutako prozesuak dokumentatzera bideratuta egon behar dira: Gerra Zibila eta diktadura frankista. Alde horretatik, lanek biktimengan jarri behar dute arreta, eta Gogora Institutuaren estandar etikoak errespetatu. Hau da, edukiak ezin dira baztertzeko edo gertaerak parekatzeko erabili. Ezta terrorismo, indarkeria edo giza eskubideen urraketaren ezein adierazpide legitimatuko lukeen historia bat berridazteko ere.

Edukiak fase aurreratuan egon behar dira, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira, baloratu daitezen.

2.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira memoria demokratikoa berreskuratzeko xedea ez duten proiektuak, bai eta 3.1 artikuluan zehaztu gabeko jarduerak xede dituztenak ere.

Era berean, berariaz kanpo geratzen dira sariak emate hutsean dautzan proiektuak, bai eta memoria historikoa hezkuntzaren eremuan soilik zabaltzeko proiektuak ere. Kanpo geratzen dira, halaber, editatzeko eta/edo maketatzeko azken fasean dauden liburuak, bai eta muntatzeko eta/edo postprodukzioko azken fasean dauden dokumentalak ere.

4. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honetako dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta dauden legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoek eska ditzakete, haien estatutu sozialen arabera, memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzea badute helburu.

2.– Entitate eskatzaileek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

3.– Entitate eskatzaileek egunean izan beharko dituzte dirulaguntzen itzulketa-betebeharren ordainketak.

4.– Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako gorabeheraren bat dutenak.

5.– Artikulu honetan aipatutako baldintzak betetzen jarraitu behar da dirulaguntzen prozesu osoan, zeina amaituko baita jasotako laguntzak eta deialdi honetan aurreikusitako gainerako betebeharrak justifikatu ondoren.

5. artikulua.– Entitate eskatzaileen eskakizunak egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, baimen beharrik gabe. Hala ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eskatzaileak horri ezezkoa eman ahal izango dio, eta, orduan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bat egingo da honako betebehar hauek betetzen direla egiaztatzeko:

a) Entitate onuradunak konpromisoa hartzen duela xede bera duten eta bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emateko.

b) Entitate eskatzaileak eskaera egiten duen unean ordainduta dituela dirulaguntzen itzulketa-obligazioak.

c) Entitate eskatzaileak dirulaguntza eskatzea erabaki duela eta laguntzaren bidez ordaindu ezin den zatia finantzatuko duela.

d) Entitate onuradunak konpromisoa hartzen duela bere betebeharrak betetzen jarraitzeko dirulaguntzen prozedurak irauten duen bitartean, eskaera egiten denetik justifikatzen den arte.

e) Entitate eskatzaileak ez duela zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo dirulaguntza publikorik jaso ahal ez izateko zehapenik, eta ez dagoela dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten pean.

f) Entitate eskatzailea ez dagoela sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor- edo administrazio-bidean zigortuta.

Era berean, eskabidea egin duen entitateak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak.

6. artikulua.– Zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetara ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500) euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2024ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa entitate eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera finkatuko da, kontuan hartuta proiektuaren xederako zuzenean bideratutako aurrekontua eta oinarri hauetan definitutako dirulaguntzen balioespen- eta kuantifikazio-irizpideak. Nolanahi ere, gehienez ere hamar mila (10.000) euroko dirulaguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko, eta onuradun bakoitzak gehienez hogei mila (20.000,00) euro jasoko ditu.

3.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako 2023/2831 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 2831. zk., 2023-12-15ekoa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko hirurehun mila (300.000) euroko kopurua, hiru urteko edozein alditan. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela eragiten merkataritzari edo ez dutela lehiakortasuna faltsutzen, eta, horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntza eskatzen duen entitateak aitortu egin beharko ditu hiru urteko edozein alditan jaso dituen edo jaso ditzakeen beste laguntza batzuk. Erregelamendu honen ondoreetarako kontuan hartu behar den hiru urteko epea etenik gabe ebaluatu behar da. Minimis laguntza ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zenbateko osoa kontuan hartu behar da.

4.– Dirulaguntza hauek beste edozein entitate publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin bateratu daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Halakorik gertatuz gero, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

7. artikulua.– Laguntzak emateko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, norgehiagoka-prozedura jarraituko da. Bertan, aurkeztutako eskabideak ebaluatuko dira, elkarren artean alderatuta, 14. artikuluan jasotako irizpideen arabera. Eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei emango zaie dirulaguntza, betiere aurkeztutako proiektuek deialdi honetako 14.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa (40 puntu) lortu badute. Eskuragarri dagoen kreditua agortzen bada, deialdi honetarako eskuragarri dagoen kreditu osoa horien artean hainbanatuko da, 14. artikuluan ezarritako irizpideen arabera lortu duten puntuazioa kontuan hartuta, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoa betez.

2.– Ematen diren laguntzek ez dute gaindituko ez eskatutako zenbatekoa, ez proiektuko gehieneko zenbatekoa, 6.2 artikuluaren arabera, hau da, hamar mila (10.000) euro proiektu bakoitzeko. Inola ere ez dute gaindituko deialdi honen 6.2 artikuluan onuraduneko ezarritako gehieneko zenbatekoa; hau da, hogei mila (20.000,00) euroko zenbatekoa.

8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak badira, betiere 2024. urtean egiten badira, eta justifikazio-aldia amaitu aurretik ordaintzen badira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege orokorraren 30. artikuluari jarraituz.

Zehatza ez bada ere, diruz lagundu daitezkeen eta ezin daitezkeen gastuen zerrenda hau ezartzen da:

– Honako hauek hartuko dira ikerketa-jarduketetarako diruz lagundu daitezkeen gastutzat:

• Langileenak, ikerketa-proiektua garatzeko formalizatutako lan-kontratua badute, indarrean dagoen lan-legeriaren arabera egina.

• Bidaien eta dieten gastuak; gehienez ere aurrekontu osoaren % 10eko zenbatekoa.

• Proiektua egiteko beharrezkoak diren material inbentariagarri eta bibliografikoa alokairuan hartzeko gastuak.

– Honako hauek hartuko dira oroitzeko edo omentzeko jarduketetarako diruz lagundu daitezkeen gastutzat:

• Proiektua garatzeko izendatutako langileen gastuak, indarrean dagoen lan-legediaren arabera formalizatutako lan-kontratua badute.

• Ekitaldia egingo den lekua errentan hartzearen kostuak.

• Ekipamendu teknikoa eta soinu-, proiekzio-, dekorazio-, argazki- eta bideo-ekipamendua.

• Hizlarien eta gonbidatu berezien dieta-, garraio- eta ostatu-gastuak.

• Itzultzaileak, behar izanez gero.

• Pleita-, garraio-, muntaketa- eta desmuntaketa-zerbitzuak.

– Honako hauek hartuko dira ikerketa-jardueretarako diruz lagundu daitezkeen gastutzat:

Liburuxkak argitaratzeko: liburuxken edizioarekin zuzenean lotutakoak, hala nola diseinu, maketazio, jatorrizkoaren eta proben zuzenketa, edizioaren koordinazio, inprimaketa eta azaleztatzearekin lotutakoak.

Aldi baterako erakusketetarako: erakusketa diseinatzeko eta ekoizteko gastuak, erakutsi beharreko materialaren garraio-gastuak, baita erakusketa muntatzeko ezinbestekoa den beste edozein gastu ere.

Web-orrietarako eta ikus-entzunezko beste euskarri batzuetarako dibulgazio-edukia sortzeko: dibulgazio-edukia sortzearekin zuzenean lotutako gastu guztiak hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat. Ondorio horietarako, ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko web-orria mantentzeko gastuak.

– Jarduera guztietarako diruz laguntzeko modukoak dira zeharkako kostuak (bulegoaren alokairua, administrariak, mezularitza, bulegoko materiala eta abar), diruz lagundutako jarduerari egozten zaizkionak, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian, eta, betiere, kostu horiek jarduera benetan gauzatzen den aldiari badagozkio. Zeharkako kostuak proiektu guztiaren % 15 izan ahalko dira, gehienez.

– Honako hauek ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko inolako jarduketatan:

• Senidetasunezko otorduak edo agapeak.

• Entitatearen egitura finkoko langileen nominak.

• Lokalak eta eraikinak erostea.

• Luxuzko gastuak.

• Banku-kontuetako interes zordunak.

• Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

• Prozedura judizialetako gastuak.

• Zeharkako kostuak eta zergak, onuradunek berreskuratu edo konpentsatu ditzaketenean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

• Egile-eskubideak eskuratzeko inbertsio ukiezinak.

• Administrazioak egiaztatutako merkatu-balioa gainditzen duten gastuen kasuan, balio horretatik gorako zenbatekoa.

• Finantza-gastuak, aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak, notario- edo erregistro-gastuak, eta peritu-gastuak.

• Ez dira diruz lagunduko zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarren aldiz aldatzeko ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan ezarritakoa gainditzen duten langileen dietekin eta lokomozioarekin lotutako zenbatekoak. Hau da, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira, eta mantenurako dietako 42 euro, dagozkion egiaztagiriak aurkeztuta.

2.– Entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan oinarri honen arabera diruz lagundu ezin diren gastuak jasotzen badira, edo, diruz laguntzeko modukoak badira ere, ezarritako muga gainditzen badute, edo argi eta garbi gehiegizkoak badira merkatuko-balioa aintzat hartuz, kendu edo zuzendu egingo dira, diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontua finkatzeko; eta, hain zuzen ere, hori izango da dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko oinarria.

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte entitate interesdunek.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:

https://www.euskadi.eus/servicios/1043068

3.– Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Era berean, elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta.

11. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimakian egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri. Eskabide-inprimakian, jakinarazpen- eta komunikazio-abisuak jasotzeko datuak emango dira, bai eta aukeratutako hizkuntza ere.

2.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitate eskatzailearen datuak.

b) Proiektuaren memoria xehatua. Gutxienez honako alderdi hauek barne hartu beharko ditu:

– Proiektuaren helburuak.

– Erabiliko den metodologia eta prozesuaren kronograma.

– Entitate eskatzailearen esperientzia eta prestakuntza. Entitateak antzeko proiektuak gauzatzen duen esperientzia zehaztu beharko da, bai eta memoria demokratikoa berreskuratzeko beste edozein motatako jardueretan duen esperientzia ere.

– Herritarrekiko harremana. Hartzaileen kopurua, herritarrek parte hartzeko aurreikusitako mekanismoak, proiektuaren dibulgazio-ahalmena eta herritarrengan eragina izateko aukera zehaztu beharko dira. Halaber, proiektua zabaltzeko zein elkarterekin eta/edo udalekin lankidetzan aritzea aurreikusten den adierazi beharko da.

– Genero-ikuspegia eta hizkuntza ofizialen erabilera-planteamendua.

– Alderdi berritzaileak.

– Entitate eskatzaileak proiektua gauzatzeko eskura dituen giza baliabideak eta baliabide materialak; adierazi beharko da, gainera, entitateak berdintasunaren arloko prestakuntza eta/edo ibilbidea duen norbait baduen, eta gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatuta dagoen entitate eskatzailearen egituran. Halaber, boluntario gisa jardungo dutenen kopurua adierazi beharko da; hau da, proiektuan inolako ordainsaririk jaso gabe lagunduko dutenena.

c) Proiektua gauzatzeak ekarriko duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari diruz laguntzeko moduko zer partida finantzatzeko eskatzen zaion adierazita, bai eta proiektua finantzatzeko zer beste iturri dauden ere, halakorik balego. Aurrekontua deialdi honen III. eranskineko ereduaren arabera aurkeztu beharko da nahitaez.

d) Entitatearen estatutuen kopia, soilik baldin eta berariaz uko egiten bazaio dokumentazio hori dirulaguntza kudeatzen duen organoak zuzenean hartzeari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Entitate eskatzaileak hiru urteko edozein alditan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko. Minimis laguntzei buruzko adierazpena deialdi honen II. eranskineko ereduaren arabera aurkeztu beharko da nahitaez.

f) Zerga-betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiri positiboa, organo kudeatzaileak egiaztapena zuzenean lortzearen aurka egonez gero bakarrik.

g) Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen ez direla adierazten duena.

3.– Era berean, proiektuak balorazio hobea lor dezan, entitate eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

4.– Dagoeneko eginda dauden proiektuen kasuan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiri guztiak ere aurkeztu beharko dira.

5.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio entitate eskatzaileari, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Entitate eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak ikusten badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, entitateei 10 eguneko gehieneko epea emango die antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskabideari uko egin diotela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin.

13. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Epaimahaiburua:

– Ainhoa Zugasti Bilbao andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

Epaimahaikideak:

– Amaia Goenaga Sánchez andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Memoria Historikoko teknikaria.

– Roberto Palacios Martínez jauna, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Memoria Historikoko teknikaria.

– Ruth Cancelo García andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Memoria Historikoko teknikaria.

Idazkaria:

– Nagore Otaola Moscoso andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Aholkularitza Juridikoko teknikaria. Bileretan parte hartuko du, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan.

14. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, norgehiagoka-prozedura jarraituko da. Bertan, aurkeztutako eskabideak ebaluatuko dira, elkarren artean alderatuta, honako irizpide hauen arabera:

– Proiektuaren potentzial estrategikoa eta egokitasun edo interes soziala. 35 puntu gehienez. Irizpide honen barruan, honako azpi-irizpide hauek balioetsiko dira:

• Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. Proiektuaren izaerari, metodologiari eta antolamenduari buruzko azalpenaren argitasuna baloratuko da, zehaztu ahal izateko proposatutako jarduerak bat ote datozen dirulaguntzaren xedearekin. 15 puntu gehienez.

• Orain arte jorratu ez diren edo tratamendu publiko txikiagoa izan duten gaiak. 10 puntu gehienez.

• Gaiari buruzko ikuspegi berritzailea edo ezezaguna ematen duen tratamendua. 10 puntu gehienez.

Puntuazio handiagoarekin baloratuko dira proposamenaren berrikuntza-mailari buruzko informazio nahikoa ematen duten proiektuak, bai eta ikuspegi kualitatiboa barne hartzen duten proiektuak ere.

Ikerketa-jardueretan baloratuko diren alderdi berritzaileak honako hauek izango dira, adibidez:

– Hautatutako gaiari buruz orain arte argitaratu diren lan gehienek eman ez duten ikuspegia.

– Gutxiago landu den denbora-tarte kronologikoa edo eremu geografikoa.

– Orain arte jorratu ez diren gaiak, orain arte lekukotzarik jaso ez zaien edo hainbesteko tokia eman ez zaien kolektiboen lekukotzak eta abar.

– Proiektuaren kalitate tekniko eta ekonomikoa. 30 puntu gehienez. Irizpide honen barruan, honako azpi-irizpide hauek balioetsiko dira:

• Entitate eskatzailea. 5 puntu gehienez. Entitate eskatzaileek proposatu dutenaren antzeko proiektuak gauzatzen duten esperientzia eta gaitasuna baloratuko dira, bai eta memoria historikoa berreskuratzeko beste edozein motatako jardueretan duten esperientzia ere.

• Aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa. 15 puntu gehienez.

• Entitate eskatzaileak proiektua garatzeko jarriko dituen giza baliabideak eta baliabide materialak. 5 puntu gehienez.

Baloratuko da eskatzaileak egin beharreko proiekturako baliabide material egokiak dauzkala dokumentu bidez egiaztatzea, bai eta proiekturako giza baliabide egokiak dauzkala ere.

• Beste finantzaketa-iturri batzuk. 5 puntu gehienez. Entitate eskatzaileak zer baliabide ekonomiko jarriko dituen baloratuko da; propioak edo beste laguntza posible batzuetatik etorriak izan daitezke.

– Elkarteen eta udalen arteko lankidetza. Beste entitate batzuekin lankidetzan halako jarduerak egiten izandako esperientzia baloratuko da. 5 puntu gehienez.

– Proiektua hedatzeko eta ahalik eta hartzaile gehienengana iristeko hartutako neurriak. 5 puntu gehienez.

– Helburuak eta gastu-efizientzia ebaluatzeko kontrol-mekanismoak; puntuazio handiagoa emango zaie ebaluazio-tresnak eta -uneak behar bezala deskribatzen dituzten proiektuei deskribapen orokorragoak eta ez hain espezifikoak dituzten proiektuei baino. 5 puntu gehienez.

– Zeharkako politikak. 20 puntu gehienez.

• Euskararen erabilera proiektuan, eta euskarazko materialak edo material elebidunak sortzea. 10 puntu gehienez.

• Proiektuan genero-ikuspegia sartzea. 10 puntu gehienez.

Horretarako, aurkeztutako proiektuetan genero-ikuspegia nola jasotzen den baloratuko da. Halaber, baloratuko da gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua ote dagoen pertsona juridiko eskatzaileen antolaketa-egituran, bai eta proiektuan jardungo duten langileek genero-berdintasunaren arloko prestakuntza duten ere.

Guztira, 100 puntu emango dira gehienez.

2.– Dirulaguntza esleitzeko, eskabideak 40 puntutik gora lortu beharko du, aurreko baremoen arabera.

Eskatzaile bakoitzak zenbateko dirulaguntza jasoko duen zehazteko, eskatutako baldintzak bete eta eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditzen duten eskabideek lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Eskuragarri dagoen kreditua agortzen bada, deialdi honetarako eskuragarri dagoen kreditu guztia eskabideen artean hainbanatuko da, horietako bakoitzak lortu duen puntuazioaren arabera, deialdi honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

15. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Epaimahai kalifikatzaileak laguntzak emateko proposamena egingo du, proposamen horretan entitate onuradunen lehentasun-ordena ezarriz, eta emandako laguntzen zenbatekoa zehaztuko du.

2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusirik, dirulaguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean laguntzen zenbatekoa jaso beharko da. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

4.– Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

5.– Entitate onuradunen zerrenda, baita emandako dirulaguntzen zenbatekoa ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Erregistro Orokorrean argitaratuko dira, denek jakin dezaten.

16. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

17. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Entitate onuradunek onartu egin beharko dute emandako dirulaguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean entitate onuradunak idatziz uko egiten ez badio.

Dirulaguntza onartuz gero, bete egin beharko dira bai Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta hura garatzen duen araudia, bai 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena, edo hura ordezten duen araua. Berekin dakar, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoa onartzea, aplikagarriak diren agindu guztietan.

2.– Entitate onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, bai eta 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean eta 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

3.– Entitate onuradunek berariaz bete beharko dituzte onuradunen betebeharrak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotakoak.

4.– Entitate eta pertsona onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Deialdi honetako organo kudeatzaileak behar beste aldiz eta automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzak eskatzen dituzten pertsonek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela adierazten duen dokumentazioa, interesdunek berariaz baimena ukatzen ez badute behintzat. Azken kasu horretan, aipatutako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.– Entitate eskatzaileek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak informaziorik eskatuz gero, entitate onuradunek eman egin beharko diete.

7.– Entitate onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

8.– Diruz lagundutako proiektuetatik sortutako zabalkunde-jardueretan eta argitaratzen diren materialetan, entitate onuradunek sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko dituzte.

9.– Entitate onuradunek dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo edozein motatako jarduketen finantzaketa publikoaren publizitate egokia egin beharko dute, gardentasunaren legedian ezarritako baldintzen arabera. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Gogora institutuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusgarritasun-baldintza beretan.

10.– Era berean, onuradunaren betebeharra da deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluan ezarritakoaren arabera.

18. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 60 ordainduko da, dirulaguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epean, ez bada berariaz uko egiten.

b) Bigarren ordainketan, 2025ean, emandako dirulaguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aurrean justifikatu ondorengo likidaziotik sortutako zenbatekoa ordainduko da.

2.– Emandako dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunek Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko dute. Erregistratuta ez badaude edo aipatutako Hirugarrenen Erregistroko bankuko datuak aldatu nahi badituzte, izapideak elektronikoki egitera behartuta dauden pertsonek elektronikoki egin beharko dute, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez, hemen: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

19. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntzaren onuradun suertatzen den entitateak 2025eko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan emandako dirulaguntzaren erabilera justifikatzen duten agiri hauek:

a) Gauzatutako proiektuaren memoria xehea, pertsona onuradunak sexuaren arabera bereizita aipatuz eta genero-ikuspegia nola txertatu den azalduz.

Ikerketa-jarduketen kasuan, egindako proiektuaren memoria xehatuak, gainera, honako informazio hau jasoko du:

– Ikerketa-prozesuaren xehetasunak.

– Artxibategietarako joan-etorriei buruzko datuak.

– Kontsultatutako artxibo- eta bibliografia-funtsen xehetasuna.

– Elkarrizketak edo jasotako lekukotzak, data, ordua eta tokia zehaztuta.

– Ikerketaren ondorio partzialak edo azken ondorioak.

– Ikerketa-prozesuan bildutako dokumentuen kopia.

Ikerketa amaituta badago, ikerketaren azken testuaren kopia aurkeztu beharko da.

Oroitzapenezko eta zabalkundeko ekintzen kasuan, bertaratuen kopurua eta iraupena adieraziko dira. Liburuxkak argitaratzean oinarritutako zabalkunde-ekintzen kasuan, inprimatutako aleen kopurua adieraziko da, edo, deskargena, Interneten eskuragarri badaude. Webguneetarako dibulgazio-edukia sortzean oinarritutako zabalkunde-ekintzen kasuan, webgunearen helbidea adieraziko da.

b) Memoria ekonomikoa: memoria, era berean, honako dokumentu hauetaz osatuta egongo da:

i) Jarduketaren gastu eta inbertsio guztien zerrenda xehatu eta banakatua. Gastu eta inbertsioek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

• Jarduketa gauzatzeari erantzun behar diote, zalantzarik gabe.

• Eskuratze-kostuak ez du merkatuko balioa gainditu behar.

• Jarduketa egiteko epea amaitu baino lehen eginak izan behar dute (2024ko abenduak 31)

• Justifikatzeko epea amaitu baino lehen ordaindu behar dira (2025eko martxoak 31).

Gastu bakoitzaren kasuan, zenbatekoa, hartzekodunaren eta faktura edo ordainagiriaren identifikazioa, jaulkipen-data eta ordainketa-data adieraziko dira.

ii) Diruz lagundutako jarduketa finantzatu duten bestelako diru-sarrera edo dirulaguntzen zerrenda.

Bai gastuen zerrendan, bai diru-sarrerenean, diru-sarreren guztizkoari dagozkion zenbatekoek bat etorri beharko dute, eta, era berean, guztizkoak jarduketaren kostu osoarekin bat etorri beharko du.

iii) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak edo horien kopia autentikoa. Bai diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagozkion fakturak –fakturatzeko obligazioak arautzen dituen erregelamendua onetsi eta balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamendua aldarazten duen azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuaren 6. artikuluak ezartzen dituen eskakizun formalak bete behar dituzte–, bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektuaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta.

iv) Soldaten jatorrizko ordainagiriak edo kopia autentikoak, eredu ofizialaren araberakoak, eta, horiekin batera, Gizarte Segurantzako kotizazioaren aldizkari ofizialenak, kontratatutako kanpoko langileen gastuak justifikatzeko, bai eta aldi baterako kolaborazioen gastuen jatorrizko ordainagiriak ere. Horietan, besteak beste, honako datu hauek adierazi behar dira: jasotzailearen datuak, haien Nortasun Agiri Nazionala –NANa–, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako –PFEZa– atxikipena.

c) Dirulaguntza honen babespean sortzen diren programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko, idatzizko edo soinuzkoen ale bat.

2.– Administrazioak, beharrezko baderitzo, agiri originalak eska ditzake.

Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.

3.– Edonola ere, bete egin beharko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan xedatutakoa.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein entitate publikok edo pribatuk emandako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta deialdi honetan onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.

2.– Edozein arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez, eta dagokion atzerapen-interesa eskatuko du.

3.– Era berean, dirulaguntza aldatzen bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako zazpi baldintzak bete beharko dira.

21. artikulua.– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

1.– Honako kasu hauetan, baldintzak ez direla bete ulertuko da:

a) Dirulaguntza lortzea, horretarako beharrezko baldintzak bete gabe edo iruzur eginez, edo dirulaguntza eragotziko luketen datuak ezkutatuz.

a) Bere garaian aurkeztutako proiektua ikusita, jasotako dirulaguntza ez erabiltzea, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako, beste zerbaitetarako baizik.

b) Hautatutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, aldaketok funtsezkoak ez izanik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak berariaz baimentzen baditu, eskabide arrazoitu bat jaso ondoren.

d) Justifikazio-betebeharra ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluari jarraituz.

e) Deialdi honen 17.9 artikuluan jasotako publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.

2.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen artikulu honen 1. puntua, laguntza emateko ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako baldintzak, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzuli beharko dio, osoki edo partzialki, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze-interesarekin batera; horrez gain, dagozkion zigorrak ezarriko zaizkio. Hori guztia bat etorriko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

3.– Honako irizpide hauek ezartzen dira dirulaguntza emateko ezarritako baldintzen balizko ez-betetzeak mailakatzeko, kasu bakoitzean itzuli beharreko ehunekoekin:

a) Dirulaguntza lortzea, baldintzak faltsutuz edo ezkutatuz. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

b) Eskabidean jasotako helburuak inola ere ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

c) Eskabidean jasotako helburuak zati batean ez betetzea. Bete ez diren helburuekiko proportzioan.

d) Zabalkunderako neurriak ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

e) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

f) Egindako justifikazioa ez nahikoa izatea. Behar bezala justifikatu ez den zatiarekiko proportzioan.

g) Onuradun gisa ezarritako beste baldintza batzuk zati batean ez betetzea. Bete gabeko baldintzekiko proportzioan.

Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-printzipioari erantzunez.

4.– Era berean, dirulaguntzak itzultzeko prozeduran Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoa aplikatu beharko da.

22. artikulua.– Hizkuntza-eskubideak.

Ebazpen honen eremuan, herritarrek euskara zein gaztelania erabili ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin dituzten harremanetan, ahoz zein idatzita, eta hizkuntza horretan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala