Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2024ko abuztuaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3908

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 14koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, haren bidez formulatzeko Vitoria-Gasteizen (Araba) 5 MW-eko potentzia instalatuko eta 30 kV-eko ebakuazio-azpiegiturako PSFV Helios Vitoria deritzon eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuaren –Sociedad de Explotación Fotovoltaica IOTA SLk sustatua– ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2024ko otsailaren 13an, Arabako Industria Lurralde Ordezkaritzak (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak) eskaera bat aurkeztu zuen, Vitoria-Gasteizen (Araba) 5 MW-eko potentziako eta 30 kV-eko ebakuazio-azpiegiturako PSFV Helios Vitoria deritzon eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuaren –Sociedad de Explotación Fotovoltaica IOTA SLk sustatua– ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozeduran ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko azaroaren 9an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira, eta haien emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 4. epigrafean ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie honako hauei: «4. Energia fotovoltaikoaren instalazioak, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenak (...)».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertu da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizen (Araba) 5 MW-eko potentziako eta 30 kV-eko ebakuazio-azpiegiturako PSFV Helios Vitoria deritzon eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko, Sociedad de Explotación Fotovoltaica IOTA SLk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, eta xedatzea, espedientean jasotako txostenekin bat, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean xedatutako irizpideekin bat, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar dela, eragin nabarmenak izan ditzakelako ingurumenean, jarraian aipatzen diren arrazoiak direla eta.

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Ingurumen-dokumentuan jasotako informazioaren arabera, proiektatu den Helios Vitoria eguzki-instalazio fotovoltaikoak 5.000 kVA-ko potentzia izendatua eta 6.350 kWp-ko puntako potentzia izango ditu: LR5-72HBD modeloko 540 Wp-ko bi aurpegiko 11.760 modulu fotovoltaiko (Longirenak edo antzekoa), 6,35 MWp-ko puntako potentziako eguzki-eremua osatuz. Modulu horiek 420 katetan banatuta egongo dira, eta kate horietako bakoitzak 28 serieko modulu izango ditu. Egitura metaliko finkoen gainean instalatuko dira.

Egiturek 10 metroko tartea izango dute puntu homologoen artean, moduluek jardunean elkarri itzalik ez egiteko. Kateak lurraren topologiaren arabera multzokatuko dira, eta horietako bakoitza dagokion inbertsoreari konektatuko zaio.

Instalazio fotovoltaikoak aurrez fabrikatutako hormigoizko hiru eraikin txiki ditu: transformazio-zentroa, ebaketa-zentroa eta kontrol-zentroa; (18,9, 12,9 eta 25 m2-ko azalera dute, hurrenez hurren).

Egiturak finkatzeko, horiek 1,35 metroko sakoneran tinkatuko dira, eremuaren azterketa geoteknikotik eratorritako lurraren erresistentzia oso txikia denean salbu; kasu horretan, hormigoizko dadoak erabiliko dira. Hesiak masa-hormigoizko zimendu zilindrikoko putzu gisa zimendatuko dira.

Perimetro-hesia: 2.189 metroko luzera, guztira. Instalazioaren esparru osoa itxitura zinegetiko batek babestuko du, eta itxitura hori 2 metroko altuerako bihurdura bakuneko alanbre-sare galbanizatuarekin eginda egongo da (proiektu teknikoan perimetro-hesiaren koordenatuak agertzen dira). Gutxienez 15 cm-ko distantzia utziko da lurrarekiko. Hesiek ez dute elementu ebakitzailerik edo zorrotzik izango, eta ez dituzte ur-ibilgu naturalak etengo edo lurren higadura edo arrastatzea eragingo.

Drainatzeak: parke fotovoltaikoari drainatzea ziurtatzeko, bideekiko paraleloa den areka-sare bat egingo da jariatze-uretatik babesteko.

Azalera: instalazio fotovoltaikoa ezartzeko eremua, hau da, hesiek mugatzen duten lursaila (9,66 hektareako azalera guztira).

Sarbideak: proiektuak ez du sarbide berririk behar. Instalaziora A-3008 errepidetik sartuko da, Uribarri Arrazua kontzejuraino. Hortik, landa-bideak daude parkera iristeko. Proiektu teknikoan, instalaziora sartzeko koordenatuak agertzen dira: X: 533.763; Y: 4750.861.

Barruko bideak: esparruaren barruko bideak ibilgailuak instalazioko eraikinetara eta inbertsoreetara sartzeko. Barruko bideek 30 cm-ko lodierako ZA-20 zabor-legar artifizialeko oinarria izango dute, eta 4 metroko zabalera. Beharrezkoa izanez gero, drainatze-arekak egingo dira.

Metatze-guneak: obra egiten den bitartean, 45 m2-ko metatze-gune bat gaituko da, eta gune horrek hainbat material lagatzeko balioko du. Gune hori hesien barruan egongo da, eta egiturarik ezarriko ez den eremuan kokatuko da.

Lurpeko ebakuazio-linea: ebaketa-zentro berritik lehengo STR Vitoria azpiestaziora parke fotovoltaikoaren interkonexioa egiteko, 30 kV-eko linea elektriko bat eraiki behar da lurpean. Linearen trazadurak 3.950 metroko luzera izango du guztira. Lineak ezartzeko, 1,20 metroko sakonerako kanalizazioak eraikiko dira, eta, horietan, 200 mm-ko diametroa duten PVCzko 2 hodi jarriko dira, soro landuetatik igaroko direnak. 30 kV-eko linearako aurreikusitako trazaduran, Iturritxo erreka gurutzatzen da zubi gainetik. Ibilgu horren ibaiertzeko habitatei eta ibilguaren oheari kalterik ez eragiteko, zati horretako kanalizazioa lehendik dagoen pasabide baten petrilari atxikita egongo da.

Instalazioa egiteko eta martxan jartzeko aurreikusi den epea 4 hilabetekoa da.

Aztertutako alternatibak: ingurumen-dokumentuan alternatibak aztertzeko faseak deskribatzen dira. Garatu beharreko aukera teknologikoa justifikatzen da (fotovoltaikoa edo eolikoa). Kokatzeko alternatiben artean, eguzki-panelak pabiloi industrialen estalkietan, sabaietan eta eraikinetako terrazetan instalatzeko aukera aipatzen da. Eta bigarren alternatiba landa-lurzorua okupatzea izango da; alternatiba hau aukeratu da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Aurreikusita dago PSFV Helios Vitoria izeneko eguzki-instalazio fotovoltaikoa (aurrerantzean, EIF) Vitoria-Gasteizko udalerrian instalatzea. 9,66 hektareako azalera duen eremua 36. poligonoko 54. lurzatian kokatuta dago (H eta G azpipartzelak). Vitoria-Gasteizko hirigunearen ipar-ekialdean dago, eta Arratzua-Ubarrundia udalerriarekin egiten du muga iparraldean.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– EIFaren eremuan ez dago ur-ibilgu naturalik. 30 kV-eko linearako aurreikusitako trazaduran, Iturritxo errekarekin gurutzatzen da.

– EIFaren eremuan ez dago inolako landaredi naturalik. Instalazioen lursailek Noryesteko putzuaren ontzia dute oinarri. Proiektuaren inguruko landarediak jatorri antropikoko hainbat landare-formazio ditu: laboreak eta beste formazio natural edo naturalizatu batzuk. Lehenengoen artean, landare belarkarak daude, bereziki zerealak.

Dena den, eta geoEuskadiren bisorean jasotako informazioaren arabera, proiektatutako ebakuazio-linea Batasunaren intereseko habitatak dituzten lurretatik igarotzen da: 9240 Erkamezti subatlantikoa, 6210* Albitzak eta Mesobromion taldeko larreak, 4090 Txilardi kaltzikola tuparrizalea, Genistarekin, 91E0* Ibaiertzeko lizardi eurosiberiarra. Ingurumen-dokumentuak adierazten duenez, ebakuazio-linea lehendik dauden pisten egituraren barrutik igarotzen da, landaredi natural bakar bati ere eragin gabe.

– Era berean, linea Balio Estrategiko Handiko Nekazaritza eta Basozaintzako LPSn kalifikatutako lursailen azpitik igaroko da lurpean, baina ez die kalterik eragingo, linea lehendik dauden bideetatik igarotzen delako.

– Proiektua kokatzeko eremuan ez dago EAEn katalogatutako faunaren intereseko eremurik. Proiektuaren esparruan, EAEn galzorian dauden hainbat espezie daude, hala nola bisoi europarra eta igaraba. Hala ere, ez da aurreikusten eragindako sare hidrologikoan horrelakorik egongo denik.

– Aurreikusitako EIFak eta ebakuazio-lineak ez diote zuzenean eragiten EAEko gune babestuen sareari.

– Proiektatutako ekintzek ez dio zuzenean eragiten Natura 2000 Sarean zehaztutako inongo guneri. Proiektuaren inguruan, EAEko Natura 2000 Sareko hiru elementu nabarmen daude: Zadorra sistemako urtegiak, Zadorra ibaia eta Arabako Lautadako Irla-Hariztiak, proiektatutako EIFtik 1 eta 2,5 eta 3,7 kilometrotara, hurrenez hurren.

– Paisaia: alde batetik, EIFaren instalazioak nabarmen eragiten dio Noryesteko putzuaren ontziari. Kaiku irregularraren itxurako sakonune bat da, substratu harritsu batek estaltzen duena, eta bertan ez dago ia landaredi belarkararik. Instalazioen ikusgarritasunari dagokionez, EIFaren ontziaren behealdeko zatietan kokatuta dago eta, beraz, instalazioa ontziaren goiko perimetroaren ertzetik bakarrik ikusi ahal izango da.

– Ebakuazio-lineari dagokionez, obra-fasean bakarrik eragingo zaie paisaia-azpiunitate garrantzitsuei; izan ere, lurpeko instalazioak dira trazatu osoan.

– Hasierako dokumentuan adierazitakoaren arabera, kulturaren ikuspuntutik, inguruan ez dago eragina paira dezakeen kokagune katalogaturik. Hala ere, ebazpen honen ondorengo ataletan garatuko den bezala, eskumena duten erakundeen txostenetan adierazten da obrek eragin diezaieketen hainbat balizko arkeologia-gune daudela.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla-eta, ingurumen-dokumentuak inpaktuak eragiten dituzten ekintza hauek definitzen ditu: obra-fasean, eta instalazioaren ustiatze-fasean eta eraiste-fasean. Bateragarritzat jotzen ditu inpaktu guztiak, baina honako hauek nabarmentzen ditu: urbanizaezin gisa kalifikatutako lurzoruen okupazioa, obretan zehar sortutako zaratak eta hauts-emisioak, hondakinak sortzea... Jasotako txosten batzuk ez datoz bat ondorioarekin, hau da, aurreikusitako inpaktu guztiak moderatutzat jotzearekin.

Instalazioa egitearen ondoriozko inpaktu nagusiak izango dira eguzki-panelek nekazaritza-lurrak okupatzea, elektrizitate-kableak hedatzeko zangak irekitzea, eguzki-jarraitzaileak tinkatzea eta transformazio-zentroen, ebaketa-zentroaren eta perimetro-hesien zutabeen oinarriak hormigoiztatzea.

Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra-fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioa baliagarri dagoen aldi osoan. Ingurumen-dokumentuak ez du zehazten instalazioa ustiatze-fasearen iraupena, baina, normalean, 25 urteko bizitza baliagarria ematen zaie mota horretako instalazioei. Inpaktua leheneratu ahal izango da epe luzean, instalazioa desmuntatuta; izan ere, lurzoruak eragin txikia pairatuko du, eta lehengora itzuli ahal izango da, zuzenketa-neurri soil batzuk hartuta.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, eguzki-instalazioak instalatzea aurreikusten den lurzatiak lurzoru elkorreko eremu batean daude, eta erabilera bat dator indarreko hirigintza-araudiarekin.

Hala ere, jasotako txostenen arabera, ezin dira baztertu beste inpaktu batzuk: gertu egin nahi diren beste instalazio batzuekin sortutako sinergien ondoriozko natura-ondarearen gaineko erasanak; zehazki, eremuan dagoen faunaren gaineko erasanak, ez baitira behar bezala ebaluatu; eta, lur karstiko iragazkorrak direnez, lurpeko urei ere eragin dakieke, instalazioaren ekipo elektrikoen ondorioz. Gainera, ez dira behar adina aztertu konektagarritasun ekologikoaren gaineko inpaktuak.

Alderdi horiei dagokienez, aurreko puntuan adierazitakoaz gain, espedientean dauden txostenen edukiaren arabera, irismen-dokumentuan jasotako babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriren baten irismena ez da nahikoa, eta neurri berriak hartu beharko dira eta proposatzen direnak birformulatu, inpaktua ahalik eta gehien murrizteko (adibidez, leheneratze-azalera handitu, ingurumena zaintzeko programan proposatutako kontrolen maiztasuna sarritu, jarraipen-metodoak zehaztu, etab.).

Bigarrena.– Aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua prestatzea, ebazpen honen I. eranskinean adierazten den moduan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari eta proiektuaren sustatzaileari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 14a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.

ERANSKINA

Irismen-dokumentua: ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

1.– Ingurumen-inpaktuaren azterketa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak ondo bete beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatzen dituenak.

Aurrekoari jarraituz, atalek eskema metodologiko honi jarraitu behar diote:

1.– Proiektuaren deskribapen orokorra eta lurzoruak eta beste natura-baliabide batzuek etorkizunean izango duten erabileraren aurreikuspena. Isuriak, materiaren edo energiaren emisioak eta hondakin motak eta kopuruak zenbatestea.

2.– Aztertutako alternatiba nagusiak azaltzea, 0. alternatiba barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia), eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak justifikatzea, proiektuak eragindako ingurumen-ondorioak kontuan hartuta.

3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

4.– Inpaktua identifikatzea, kuantifikatzea eta neurtzea: ebaluatuko da ea zer-nolako eragina izan dezakeen proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, zorupean, airean, uretan, faktore klimatikoetan, klima-aldaketan, paisaian eta ondasun materialean (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne), ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko interakzioari, proiektua egikaritu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.

Proiektuak Natura 2000 Sareko espazioetan izango dituen ondorioak ebaluatzeko apartatu espezifiko bat gehituko da, leku bakoitzeko kontserbazio-helburu espezifikoak kontuan hartuta, eta barne hartuko ditu aipatu inpaktuak, Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta horien jarraipena. Eremu horietan eraginik aurreikusten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da eraginik ez dela izango.

5.– Proiektuaren kalteberatasuna. Istripu larri edo hondamendi handiren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kalte nabarmenen deskribapena, kasuan kasuko proiektuari dagokiona.

6.– Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.

7.– Ingurumena zaintzeko programa.

8.– Azterlanaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Azterketa egitean izandako informazio- edo teknika-zailtasunen txostena, zailtasunik izan bada.

Ingurumen-inpaktuaren azterketa egiteko, komeni da energia berriztagarriak jartzeko ingurumen-zonakatzea kontuan hartzea. Zonakatze hori Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak egin du, «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» lanaren esparruan. Horren arabera, GIS tresna bat egin behar da, eta tresna hori geoEuskadi atarian egongo da eskuragarri, eta hari esker identifikatuko da lurraldeko zer eremuk dituzten ingurumen-baldintzatzaile handienak parke eolikoak ezartzeko.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu beharko da zonakatzea, eta dagozkion justifikazioak aurkeztu beharko dira, aipatu tresnarekin gertatzen diren gainjartzeen arabera.

Era berean, inpaktuari buruzko azterketa egiterakoan, honako dokumentu hauek ere hartuko dira kontuan: «Parke fotovoltaikoen ingurumen-inpaktuko ikerketen edukia», Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena; «Guía metodológica para la valoración de repercusiones de las instalaciones solares sobre especies de avifauna esteparia»; eta «Guía para la elaboración de estudios de impacto ambiental de proyectos de plantas solares fotovoltaicas y sus infraestructuras de evacuación», azken bi horiek Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak argitaratuak.

Proposatzen diren jarduketen eta ziurrenik kalteak jasango dituen ingurunearen ezaugarriengatik, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, ingurumen-inpaktuaren azterketan aipatutako atalak garatu beharko dira, ondoren adierazitako hedadurarekin eta xehetasun-mailarekin.

1.1.– Proiektuaren deskribapena eta proiektuko ekintzak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak zehaztu beharko du aztergai duen proiektuaren irismena. Proiektua PSFV Helios Vitoria eguzki-instalazio fotovoltaikoa egiteko da. Hala ere, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren ataletan Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 eremuetatik gertu dauden instalazioak kontuan izan beharko dira (ingurumen-inpaktuaren adierazpena dute), baita gaur egun izapidetzen ari diren tipologia bereko instalazioak ere. Horregatik, proiektuak eragindako inpaktuak baloratzen dituen atalean izan beharko dira gogoan, baita inguruan proiektatutako instalazio fotovoltaikoen proiektuekin izan ditzaketen metatze- eta sinergia-ondorioak ere. Horrez gain, 5-10 km-ko ingurunean kokatuta dauden instalazio fotovoltaikoko beste proiektu batzuekin izan dezakeen lotura izan beharko litzateke kontuan.

Hala eta guztiz ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak esku-hartzearekin lotuta dagoen jarduketa multzoaren deskribapen xehea barne hartu behar du, eta okupatu edo aldatuko diren azalera guztiak kontuan hartu behar ditu; bereziki, inguruneko ingurumen-baldintzei nabarmen eragin diezaieketen ekintzak identifikatu behar ditu, zehatz aztertuta instalazioa egiteko fasea, instalazioaren funtzionamendu fasea, baita instalazioa gelditu eta bertan behera uztekoa ere. Halaber, sortuko diren isuriak, materiaren edo energiaren emisioak eta hondakin motak eta kopuruak zenbatetsi behar dira.

Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteak bai proiektuak proposatutako jardueratik beretik, bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke, bereziki, honako hauetatik: lehendik dauden sarbideak egokitzetik, obrarako instalazio lagungarriak eta materialak eta makinak kokatu eta ezartzetik, nahiz parke eolikoan sortutako energia elektrikoa ebakuatzeko linea eraikitzetik eta abian jartzetik eratorritako ekintzena.

Jarduketa guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuta.

Gainera, espedientean dauden txostenen arabera, justifikatu beharko da proiektuak bera gauzatuko den udalerrien lurralde- eta hirigintza-plangintzak betetzen dituela eta horiekin bateragarria dela.

Hala, erabat definituta geratu behar dute gai hauek:

1.1.1.– Proiektuko ekintzak, eraikitze-fasean:

Parke fotovoltaikoaren kokapen geografikoa.

Instalazioaren ezaugarri nagusiak: urtean sortzea aurreikusten dena (GWh/urte), instalatutako potentzia (MW eta MWp).

Garraio-sarerako ebakuazio-puntua eta ustiatze-fasearen iraupena.

Eragin-eremuaren kokapena eta mugaketa: instalazioak hartzen duen guztizko azalera (hesituta dagoen azalera), modulu fotovoltaikoek hartzen duten azalera garbia eta proposatutako antolamenduaren ezaugarriak. Azkenean zolatuta edo zigilatuta geratuko diren azalerak zehatz definituko dira.

Panel fotovoltaikoak:

– Panel fotovoltaikoen multzoen kopurua eta kokapena, xehetasunezko plano batean adierazita, UTM30N ETRS89 erreferentzia-sisteman.

– Panelen neurriak, panelak nola dauden elkartuta eta panelen arteko distantzia.

– Bakoitzaren potentzia.

– Islapen horizontalaren gradua.

– Euskarri mota eta ainguraketaren eta zimendatzearen neurriak.

– Muntaketa-prozesuaren xehetasuna.

Linea elektrikoa:

– Lurpeko tarteen deskribapena: hasiera eta amaiera, tentsioa, trazadura, luzera, zangaren eredu-sekzioak, aldi baterako eta behin betiko okupazio-zerrendak. Argitu beharko da zangak lehendik dauden bideetan edo errepideetan zehar joango diren edota haien ondotik. Horrez gain, ibilguak zeharkatzeko erabiliko diren metodoak deskribatuko dira, baita lurrazpiko tartearen eta zubien arteko loturak izan behar dituen baldintzak ere.

– Hala badagokio, aireko tarteen deskribapena: hasiera eta amaiera, tentsioa, trazadura, luzera, euskarrien kopurua eta ezaugarriak (altxaera, altuera, zimenduak), aireko kablearen altuerak, eroaleen eta euskarrien arteko distantziak, isolamenduak, eraikitzeko eta kableak jartzeko metodoa.

– Interkonexioko linea (parketik azpiestaziora doana) den edo ebakuazio-linea (azpiestaziotik lineak elkartzen diren eremura doana) den zehaztea.

– Lineak zeharkatuko dituen azpiegiturak eta zerbitzuak (sare elektrikoa, bideak eta abar), eta horiek berrezartzeko lana.

– Segurtasun-kalearen zabalera, eta mozketak edo kimaketak egingo diren lekuen azalerak, halakorik balego.

– Instalazio osagarriak eta metatze-guneak: kokapena eta okupatuko duten azalera.

– Sarbideak irekitzeko beharrak. Lehendik dauden bideak erabili beharrean bide berriak irekitzeko beharra justifikatzea. Bide berri horiek aurreko puntuan adierazitako xehetasun-maila berarekin deskribatuko dira.

Hala badagokio, aireko linearen euskarriak:

– Euskarri kopurua.

– Euskarri bakoitzaren X eta Y koordenatuak (ETRS89) eta euskarri bakoitza zer udalerritan dagoen kokatuta.

– Dagokion linea ebakuazio-linea den edo interkonexio-linea den.

Azpiestazio elektrikoa eta ebaketa-zentroak: azpiestazioaren izena; instalazioa non kokatuta dagoen (X eta Y koordenatuak ETRS89 sisteman); interkonexio-linea den edo nodora iristeko linea den; sarrera-tentsioa eta irteera-tentsioa; neurriak eta eraikuntza-elementuak (hesia, sarbidea, eraikinak eta abar). Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lur-mugimenduak. Lur-erauzketak eta betelanak egitea.

Instalazioaren barneko azpiegitura elektrikoa: transformazio-zentroen kokapena eta ezaugarriak, interkonexioetako kableetarako zangen neurriak (zabalera eta sakonera). Zangen eta horiek egiteko lur-mugimenduen luzera osoa, lan-zabalera, eraikitzeko fasean okupatuko diren zerrenda eta azalera osoak.

Lurzatiaren urbanizazioak eduki behar dituen ezaugarriak.

Itxiturak: luzera, altuera eta eraikuntza-materialak. Itxitura mota, diseinua (jarraitua, esparruka, etab.), guztizko luzera eta altuera, faunarentzako iragazkortasunaren ezaugarriak eta proiektatutako zaintza-sistema. Zentzu horretan, Vitoria-Gasteizko Udalak itxitura zinegetikoaren altuerari buruz egindako txostenean xedatutakoa bete beharko da.

Zerbitzu-hornidura: euri-urak drainatzeko sarea, saneamendu-sarea, ur-hornidura, telefonia-sarea, argiteria eta abar; xehetasun nahikoaz aztertu ahal izateko, ingurumenaren ikuspegitik, aurreikusten diren trazaduren egokitasuna, lursailen okupazioa eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorrak.

Parkerako sarbideak. Deskribapenean jaso beharrekoak:

– Trazadura. Bideen luzera.

– Luzetarako profila.

– Zeharkako profilak.

– Ereduzko sekzioak.

– Egindako lur-erauzketak eta betelanak: aldapak eta gehieneko altuerak.

– Fabrika-obrak.

– Aldi baterako okupazioak.

– Lineak zeharkatuko dituen azpiegiturak eta zerbitzuak (sare elektrikoa, bideak eta abar), eta horiek berrezartzeko lana. Eroanbide eta bide berrien trazadura.

– Obrako instalazio osagarrien eta materialak metatzeko guneen kokapena.

– Ur-ibilguen desbideratzeak, kanalizazioak eta abar egin beharra (behin-behinekoak eta behin betikoak).

– Zailtasunak dauden tokietan –aldapak, harkaitz-lekuak, ur-ibilguak, jariatze-urak eta abar–, bideak nola eraikiko diren zehaztuko da.

– Bereizita adierazi beharko dira batetik, egokitu beharreko zatiak (zer egin behar den zehaztuta) eta, bestetik, bide berriak Lehendik dauden bideak erabili beharrean, berriak irekitzea erabakitzen bada, justifikatu egin beharko zer dela-eta egin behar den halakorik.

Proiektuko fase bakoitzean sortutako hondakinak: ezaugarriak, sortutako kopuruak, metatze-guneak eta tratamenduak.

Hautsa, zarata eta bibrazioak sortzea.

Osasunerako eta ondare materialetarako arriskuren bat dakarten jarduketak identifikatzea.

Obra-aldiko trafikoa, aurreikusten den trafikoaren zenbatespena eta aukeratu diren ibilbideak, zehaztuta obrek norainoko eragina izan dezaketen egungo trafikoan eta nolako eragozpenak eratortzen diren.

Obren iraupen aurreikusia eta obra-plana. Proiektua eraikitzeko eta martxan jartzeko kronograma.

Eragindako edo lotutako jarduerak (erauzketakoak; trafiko astuna handitzea, aukeratutako ibilbideak).

Aldi baterako eta behin betiko okupatuko diren lursail-azalerak. Parke fotovoltaikoaren behin betiko guztizko okupazio-azalera zehaztuko da (sarbideak eta kanalizazio elektrikoak barne), baita obrak egiten diren bitartean materialak, hondakinak eta makinak metatzeko, behin-behineko sarbideak egiteko eta abar okupatuko den azalera ere. Eremu horiek kartografian islatu beharko dira.

Lur-mugimenduak. Aurretik zehaztutako eraikuntza-ekintza guztietan sortuko liratekeen lur-mugimenduak zehaztuko dira: deskribapena, erauzketako eta betelanetako lurren balantzea eta landare-lurrarena. Obrako eremutik kanpo kudeatu beharreko indusketako soberakinik badago, haien kuantifikazioa, soberakin-biltegien kokapena eta horiekin lotutako azpiegiturak. Mailegu-materialen beharra, eta, hala badagokio, haien jatorria.

Soberako lurrak kudeatzeko aurreikusitako irtenbideak deskribatuko dira. Indusketako soberakin horiek jasotzeko betelanak egin behar badira, haiek uzteko aukeratutako lekuaren karakterizazioa sartu beharko da ingurumen-inpaktuaren azterketan, gainerako ekintzen kasuan eskatutako xehetasun-maila berarekin.

Kasu honetan, soberakin-biltegi berrien proiektuak idazteko, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak agindutakoa bete beharko da (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena), eta, beraz, dekretu horren 26. artikuluan zehazten diren ur-gaietan eta biodibertsitate-gaietan eskuduntza duten organoen txosten nahitaezko eta lotesleak burutu beharko dira, eta haietatik eratorritako emaitza, baldintza eta neurriak ere jaso.

1.1.2.– Proiektuko ekintzak, ustiatze-fasean.

Parkearen funtzionamendu-baldintzak. Espero den urteko ekoizpena eta errendimendua.

Ustiapen-fasearen eta eskatutako baimenaren iraupena. Instalazioaren eta panel fotovoltaikoen bizitza baliagarria.

Parkeko gaueko argiztapen- edo seinaleztapen-sistema.

Mantentzeko eta kontserbatzeko jarduerak: panelak garbitzea, lurzatiko landaredia kontrolatzea.

Ur-harguneak: kokapena, erabilera eta bildutako kopurua.

Ingurumenean eragin dezaketen ustiapen- eta mantentze-eragiketak, isuri kutsatzaileak sor ditzaketen jarduerak edo elementuak barne, eta aurreikusitako SF6 gasaren edo antzekoen kontsumoa eta birjartzea.

Hondakin-urak isurtzea, ezaugarriak eta erabilitako tratamendua. Parkean euri-urak ibilguetara isurtzeko guneak eta aldez aurretik tratatzeko instalazioak.

Instalazioa ustiatzeko eta mantentzeko behar diren erregaiak eta produktu kimikoak, bai eta horiek biltegiratzeko elementuen edukiera eta kokapena ere.

Biltegiratze-guneen ezaugarriak, isurtze edo errekuntzaren ondoriozko istripuak saihesteko segurtasun-neurriak.

Zarata sortzen duten ustiapen-jarduerak, zarata horrek populazioan edo faunan ondorio nabarmenak eragin ditzaketenetan.

1.1.3.– Proiektuko ekintzak, jarduketa eteteko fasean eta eraisteko fasean.

Erabilitako ekipoen bizitza baliagarria. Jarduketa etengo den (ixteko baimen administratiboa) eta eraistea hasiko den garaia. Eraispen-fasearen iraupena.

Panelak, transformadoreak, lurpeko eta aireko linea elektrikoak, azpiestazioak, bide-sarea, eraikinak eta gainerako elementu osagarriak eraisteko eragiketen xehetasuna. Bideekiko eta lurpeko linea elektrikoen ibilguekiko gurutzaketen eraistearen xehetasuna.

Okupatu beharreko azaleren eta eraisteko jarduketa osagarrien kartografia (desmuntaketa egiteko, materialak edo hondakinak aldi baterako metatzeko, zabortegietarako, makinak aparkatzeko edo haien mantentze-lanak egiteko eragiketa-azalerak, sarbideak eta abar).

Eraispenaren ondoren parkeak erasandako azaleren lehengoratze/berreskuratze geomorfologikoa eta edafikoa egiteko eta landaredia leheneratzeko jarduketak.

Instalazioak eraistean sortuko diren hondakinak; materialen ezaugarriak; sortuko diren hondakinak lagatzeko lekua, bakoitzaren ezaugarrien arabera eta abar.

Atal honetako informazioarekin batera, proiektuaren eskalako planoak aurkeztuko dira, edukia hobeki ulertu dadin. Proiektuaren ezaugarriei buruzko bestelako informazio grafiko posibleaz gain, honako plano hauek aurkeztu beharko dira:

Ebakuazio-linea elektrikoen trazadura. Zortasun-eremua.

Instalazio fotovoltaikoaren drainatze-sistema.

Gune osagarrien kokapena.

Proiektua deskribatzeko informazio grafikoa pdf geoerreferentziatu formatuan eta shape formatuan aurkeztuko da. Azken horrek geruza bereizietan jasoko ditu elementuak (panel fotovoltaikoak, linea elektrikoak, zangak, ebaketa-zentroa, transformazio-zentroa, drainatze-sarea, eremu lagungarriak, metatze-guneak eta bideak).

1.2.– Aztertutako alternatibak azaltzea eta egin den hautua justifikatzea.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duenaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketan, irizpide anitzeko azterketa bat sartu behar da, proposatutako proiekturako teknikoki bideragarriak diren alternatibei buruz; ingurumenaren aldetik egokienak eta proiekturako garrantzitsuak diren alternatibei buruz (zero aukera edo jarduketarik ez egitea barne), hain zuzen.

Proposatutako irtenbidea justifikatu egin beharko da, eta, jarduketen dimentsioa eta hedadura ez ezik, lehendik badiren irtenbide tekniko guztiak ere aipatu beharko dira.

Alternatiben azterketa hura osatzen duten instalazio guztietara zabaldu beharko da (ebaketa-zentroaren kokapena, elektrizitatea ebakuatzeko lineak, transformazioko azpiestazioa, etab.), eta lurzoru naturalaren kontsumoa ez dakarten alternatibak bultzatuko dira.

Alternatibarik onena hautatzeko, askotariko irizpideak jasotzen dituen azterketa global bat egingo da. Azterketa horretan, alderdi ekonomikoak eta gizarte- eta ingurumen-alorrekoak hartuko dira aintzat.

Alternatibak baloratzeko prozesu horretan, kontuan hartuko da, gutxienez, zer inpaktu izango dituen alternatiba bakoitzak Batasunaren intereseko eta fauna mehatxatuaren habitatetan, naturagune babestuetan, kultura-ondarean eta nekazaritza-intereseko lurzoruetan, eta dagoeneko artifizializatuta dagoen lurzorua okupatzeari emango zaio lehentasuna.

Azterketak hainbat irtenbide tekniko eta eraikuntza-irtenbide planteatu beharko ditu, arestian aipatutako ingurumeneko elementu baliotsuen gaineko eraginak ahalik eta gehien murrizteko xedearekin.

Ildo horretan, antropizatu gabeko lurzorutik kanpo dauden instalazio fotovoltaikorako kokalekuak baloratu beharko dira eta dagoeneko industrializatuta dauden eremuak erabiltzeko aukera baloratu beharko da, faunari –bereziki abifaunari–, lurpeko urei eta interes-faunari ez eragiteko; kokatzeko beste alternatiba batzuk aztertuko dira, beste kokaleku batzuetan jartzea edo gaur egun planteatutako eremu berean leku gutxiago hartzen duten diseinuak jartzea ere azter daiteke.

Alternatibak aztertzean behar bezala justifikatu beharko da alderdi horiek nola kontuan izan diren.

Atala bukatzeko, hautatutako alternatiba argudiatu beharko da, eta, horretarako, bermatu beharko da hautatutako aukera bideragarria dela bai teknikoki bai ingurumenari dagokionez, eta ahalegina egingo dela ahalik eta eraginik txikiena izan dezan ingurumenaren osagaietan.

Alternatibarik egokiena aukeratzeko, txostenaren aurreko ataletan adierazi den bezala, komeni da energia berriztagarriak jartzeko ingurumen-zonakatzea kontuan hartzea. Zonakatze hori Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak egin du, «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» lanaren esparruan. Horren arabera, GIS tresna bat egin behar da, eta tresna hori geoEuskadi atarian egongo da eskuragarri, eta hari esker identifikatu ahal izango da lurraldeko zer eremuk dituzten ingurumen-baldintzatzaile handienak parke fotovoltaikoak ezartzeko.

1.3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko nagusien deskribapena.

Atal honetan, eremua deskribatuko da, ingurumen-alderdien egungo eta benetako egoera adieraziko da eta osagai baliotsuenak eta proiektuko ekintzen eragina gehien jasan dezaketenak nabarmenduko dira. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duena betez, proiektua egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak aztertuko dituen txostena ere sartu behar da, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera alderatzeko azterketa bat ere, aztertutako alternatiba bakoitzaren kasuan.

Atal hau egiteko, kontsultatutako administrazio publikoetatik eta interesdunetatik jasotako txostenak hartuko dira kontuan. Nolanahi ere, ingurumen-inbentarioaren irismenak txosten horiei eta dagokion irismen-dokumentuan finkatzen denari erantzuten diela justifikatu beharko da.

Lehenik eta behin, ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektuaren eragin-eremua zehaztuko da, aztergai dagoen inguruneko elementu bakoitzaren kasuan, eta behar bezala justifikatuko da, oro har onartutako azterketetan oinarrituz. Azterketaren atal hori lantzeko erabili den bibliografia aipatuko da.

Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (tokiko mailan, eskualdekoan eta abar).

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan edo norberak prestatuak edo bestelakoak.

Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.

Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko da.

Ezertan eragotzi gabe aurretik esandakoa, proiektuaren eraginpean dagoen eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak bereziki honako alderdi hauek hartuko ditu barne:

Geologia eta geomorfologia.

– Proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak. Baldintzatzaile geoteknikoak.

– Interes geologiko/geomorfologikoa duten leku, gune eta eremuen identifikazioa. Deskribapen hori modu xehatuan egin beharko litzateke, proiektuaren eremuarekin bat etorriz, iragazkortasun handiko lurzoru hondeatu eta biluzi batean.

Edafologia.

– Lurzoru motak eta lurzoruaren nekazaritza-ahalmena. Balio agrologiko handiko lurzoruak mugatzea, hala badagokio.

Gainazaleko hidrologia.

– Proiektuaren eragin-eremuko sare hidrografikoa eta uren kalitatea.

– Aldi baterako ur-ibilguen, ur-ibilgu iraunkorren eta instalazioaren elementu guztien artean dauden elkarreraginak adieraziko dira. Proiektatutako ebakuazio-lineen trazadura hartuko da kontuan bereziki.

– Gainazaleko ur-puntuen inbentarioa, hezeguneak, ureztapen-putzuak, putzuak, uraskak eta abar barne hartuta.

– Gainazaleko ur-harguneak, zertarako erabiltzen diren adierazita.

– Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan sartuta dauden eremuak identifikatzea.

– Uholde-arriskua, proiektuaren eragin-esparruan.

Lurpeko hidrología.

Proiektua interes hidrogeologikoko gune batean kokatuta dagoenez eta gune horretako akuiferoak kutsadurarekiko kalteberatasun handikoak/oso handikoak direnez, proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarri hidrogeologikoak zehatz-mehatz deskribatu beharko dira proiektuak akuiferoan izan litzakeen ondorioak zehazteko (instalatu beharreko ekipo elektrikoak). Horrez gain, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien programa egokia definitu beharko da.

Landaredia, flora, eskualdeko intereseko habitatak eta Batasunaren intereseko habitatak:

Inpaktua behar bezala ebaluatzeko eta babes- eta zuzenketa-neurri egokiak ezartzeko, kartografikoki zehaztu beharko da zer-nola banatzen diren proiektuaren eragin-eremuko landaredi autoktonoa, Batasunaren intereseko habitatak eta eskualdeko intereseko habitatak. Kartografia hori habitatak zehazki mugatzeko erabiliko da –bereziki, lehentasunezkoak–, proiektuak eragin ez diezaien.

Aipatutako intereseko habitat eta komunitateei dagokienez, proiektuaren eraginpean egongo den azalera zenbatetsi beharko da, eta habitat horietako bakoitzaren adierazgarritasunarekin kontrastatu –tokikoa, eskualdekoa eta abar–, habitat horien azaleraren galera objektiboki ebaluagarria izan dadin, proiektuaren eraginari buruzko irizpen argia emateko moduan.

Azterketa hau egiteko abiapuntu gisa, geoEuskadin dagoen kartografia tematikoa erabil daiteke, baina informazio hori eremuan bertan kontrastatu beharko da, xehetasun-kartografia in situ eginez, ahal dela GIS tresnen bidez, natura-balio handieneko elementuak identifikatzeko eta horiek kuantifikatzeko moduko eskalan.

Espezieen banaketa-mapa egingo da, landa-lanetan oinarrituta. Landarediaren karakterizazioak honako hauek hartuko ditu barnean: landare-komunitateen kontserbazio-maila, egituraren konplexutasuna, espezie bereizgarriak, enblematikoak edo esanguratsuak eta fauna-espezie mehatxatuak hartzeko ahalmena (umatze-, babes- eta elikadura-eremuak).

Azterketa horretan, espezie aloktono inbaditzaileen identifikazioa eta kokaleku zehatza barne hartuko dira.

Fauna.

Aztergai den eremuan dauden fauna-komunitateak deskribatuko dira, arreta berezia jarrita fauna-espezie mehatxatuei (fauna ornogabeko espezie babestuak barne) eta haien umatze, babes eta elikadurarako eremuei. Prospekzioak espezie bakoitzaren ziklo biologikoari egokitzen zaizkien garaietan egingo dira, espezie bakoitzaren bizi-zikloko garai garrantzitsuenak (ugalketa eta umatzea) ezinbestean barne hartuta, baita espezie bakoitza aurkitzea eta/edo identifikatzea errazagoa den garaiak ere. Ingurumen-inpaktuaren azterketetan, atal hau egiteko erabilitako metodologia, iturriak eta erreferentziako datu-baseak zehaztu eta justifikatu behar dira.

Proiektuaren eragin-eremuan putzuak eta hezeguneak baldin badaude, anfibioen komunitateak edo haiei lotutako beste espezie batzuk aztertuko dira. Eremu horiek xehetasun-mapa batean kokatuko dira, obrei ekin aurretik seinaleztatuta eta balizatuta egon daitezen lursailean bertan, eta obrek inolako kalterik eragin ez diezaien.

Era berean, uhalde-enararen banaketa-eremuaren barruan zer ezponda hareatsu dauden adieraziko da.

Faunari buruzko azterketak honako hauek landu behar ditu, baldin eta badaude: hezeguneekin lotutako hegazti urtarrak eta estepako hegazti-espezieen elikadura-eremu gisa erabiltzen diren bizi-eremuen mapa, bereziki hegazti-espezie hauena: mirotz urdina (Circus pygargus), Naumann belatza (Falco naumanni), atalarra (Burhinus oedicnemus), karraka (Coracias garrulus), basoilo txikia (Tetrax tetrax) eta kurriloa (Grus grus). Kontuan hartu beharko dira Kontserbazio Bereziko Eremuan bizi diren eta «Galzorian» gisa katalogatutako espezie erdiakuatikoak.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenaren arabera, kontuan izan beharko da orain arte faunari buruzko ingurumen-dokumentuan aurkeztutako datuak oso urriak direla; horrez gain, fauna asko eta askotarikoa erakartzen duten guneekiko gertutasuna izan behar da kontuan.

Zentzu horretan, «Guía metodológica para la valoración de repercusiones de las instalaciones solares sobre especies de avifauna esteparia» eta «Guía para la elaboración de estudios de impacto ambiental de proyectos de plantas solares fotovoltaicas y sus infraestructuras de evacuación» gidetan jasotakoarekin bat etorriz, landa-eremuko azterketa bat egin beharko da urteko ziklo oso batean, eguzki-instalaziotik gutxienez 2 km-ra zabalduta dagoen eremu batean, funtsezko espezie bakoitzaren mugikortasunaren arabera, lehen aipatutako espezieren baten hazkuntza-, elikadura- edo kontzentrazio-eremuetan eragina izanez gero.

Gida horietan jasotakoa aintzat hartuko da, eta, besteak beste, abifaunari buruzko azterketan espezie bakoitzaren alderdi hauek adieraziko dira: lurraldean duen babes-kategoria, populazioen balioespena, banaketa-eremua, fenologia eta espezieak lurraldeari ematen dizkion erabilerak, eta, hala badagokio, habitatak erabilera motaren arabera bereiziko dira, eta habitat kritikoak, eragindako errekerimendu ekologikoak eta proiektuarekiko kalteberatasuna nabarmenduko dira. Espezie horiek kontserbatzeko neurri berezirik ba ote dagoen ere zehaztuko da. Neurri horiek, hala badagokio, espezie bakoitzaren kudeaketa-planetan edo beste dokumentu arauemaile batzuetan jasota egongo dira.

Azterketan, erabilitako metodologiaren xehetasunak eta nahikotasuna adieraziko dira (erabili diren laginketa-metodoak, laginketarako egin den ahalegina, laginketen egutegia, erabilitako puntuak edo ibilbideak, detekzio-aldien iraupena, datuak hartzeko eta erregistroak artxibatzeko eta dokumentatzeko protokolo espezifikoa, etab.).

Igarobide ekologikoak. Habitaten konektagarritasuna/zatiketa.

Inpaktu-azterketan, lurreko konektagarritasuna lortzeko azpiegitura berdeko elementuak identifikatuko dira, eta, ondorioz, proiektuak lurraldearen konektagarritasun ekologikoan duen eragina baloratuko. Hala badagokio, beharrezkoak diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak proposatu beharko ditu. Alderdi horiek aztertzeko garaian, kontuan hartu beharko dira inguruan beste parke fotovoltaiko batzuk egoteak (martxan ala izapidetze-fasean egonda ere) ekar ditzakeen sinergia- eta metatze-ondorioak. Komenigarria da kontuan izatea zer lotura izango duen gutxi gorabehera 5-10 km-ra egongo diren instalazio fotovoltaikoen beste proiektu batzuk gauzatzearekin; besteak beste, Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 instalazioak izan beharko dira kontuan (dagoeneko ingurumen-inpaktuaren adierazpena dute), baita gaur egun izapidetzen ari diren instalazioak ere.

Ondare historiko-kulturala.

Proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-intereseko elementu guztiak identifikatu beharko dira, eta elementu horiek babesteko erabakiak zehaztu. Erabaki horiek elementu horiei buruzko xedapen arauemaileetatik datoz eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoaren araberakoak dira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zerbitzuaren txostenaren arabera, ebakuazio-lineak 117. ondare arkeologikoaren elementua (Doypako herrixka eta San Juan tenplua) gurutzatzen du, balizko arkeologia-gunea (1997ko uztailaren 8ko EHAA, 129. zk.). Era berean, 257. (Mutiandiko etxola-hondoa) elementuaren ondotik igarotzen da, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren Datu Basean balizko arkeologia-gune izateko proposamena duena. Azkenik, linea 610. ondare arkitektonikoko elementutik (San Juan ermita) gertu igarotzen da, baina ez du inolako eraginik.

Paisaia.

Paisaiaren eta ingurunearen ezaugarri nagusiak identifikatu beharko dira, baita proiektatutako jarduketak ingurune horretan duen eragina ere. Zehazki, alderdi hauen azterketa egingo da:

– Jarduketa ikuseremuaren hainbat gunetatik zenbateraino ikusten den, gune ibilienak lehenetsita, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuz.

– Kalitatea.

– Kalteberatasuna.

– Lehendik dauden parke eolikoekin eta gaur egun izapidetzen ari direnekin dauden sinergien azterketa. Komenigarria da paisaiaren azterketa gutxi gorabehera 10-15 km hedatzea proiektuaren inguruan.

Paisaiaren kalitatearen berezko paisaiaren osagai bereizgarriei arreta berezia jarriko zaie, alderdi estetiko eta kulturalak kontuan hartuta. Horri dagokionez, kontuan hartuko dira osagai naturalen eta erabileren integrazioa, konposizio estetikoa eta sortzen den giro emozionala. Paisaiaren kalitateari buruzko azterketak behar bezala baloratu beharko du parke fotovoltaikoko instalazioen presentziak balio estetiko-kulturaletan eragindako galera.

Energia berriztagarrien ezarpen-eremuaren sentsibilitatea.

Kontuan hartuko da «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» (2022) dokumentuan egindako ingurumen-zonakatzearen proposamena, eremuak energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioen ezarpenaren sentsibilitateari buruz egindakoa.

Inguruan baimenduta edo izapidetzen ari diren energia elektriko berriztagarriko beste proiektu batzuk identifikatzea.

Lurralde berean hainbat azpiegitura metatzeak metatze- eta sinergia-ondorioak izan ditzake, bereziki biodibertsitatean eta paisaiaren pertzepzioan. Horregatik, jatorri berriztagarriko energia elektrikoa sortzeko beste proiektu batzuk identifikatu eta kartografiatuko dira, bai abian daudenak, bai eraikitzen ari direnak, bai baimenduta daudenak bai baimentzeko prozesuan daudenak, Estatuko Administrazio Orokorrean nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan. Puntu honetan, identifikatutako, eraikitako, eraikitzen ari diren edo proiektatutako instalazio bakoitzak sortutako energia garraio-sarera konektatzeko azpiestazioak sartuko dira. 10 eta 15 km arteko azterketa-eremua gomendatzen da, eta, kasu guztietan, aztertutako lurralde-eremua justifikatu beharko da.

Horrez gain, proiektuaren inguruan eraikita dauden, eraikitzen ari diren edo proiektatuta dauden energia elektrikoa garraiatzeko beste linea batzuk identifikatuko dira.

Jatorri berriztagarriko energia elektrikoa sortzeko beste proiektuen oinarrizko deskribapena eta kartografia, baita konexio-azpiestazioena eta energia elektrikoa garraiatzeko lehen aipatutako lineena ere.

Zentzu horretan, gogorarazten da Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 instalazioek ingurumen-inpaktuaren adierazpena badutela.

Biztanleria eta giza Osasuna.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak eguzki-instalazio fotovoltaikotik, azpiestazio elektrikoetatik eta ebakuazio-linea elektrikotik hurbilen dauden biztanleguneen eta etxebizitza isolatuen kokapena eta horietara dagoen distantzia jaso beharko lituzke, eta proiektuak horietan ondoriorik izan dezakeen zehaztu beharko luke.

Dokumentazio grafikoa.

Atal honetan, irudikapen kartografikoak sartu beharko dira (pdf formatuan eta geoerreferentziatuta; alegia, pdf-ek eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean), bai eskala orokorrean bai xehetasunezkoan, jarduketa-eremuko ingurumen-inbentarioko alderdi garrantzitsuenen ingurukoak, kasu bakoitzean erabili den eskala adierazita. Besteak beste, proiektuaren eragin-eremuan dauden honako elementu hauen planoak jasoko dira: Natura 2000 Sareko lekuen mugaketa kartografikoa, Batasunaren intereseko habitatak, intereseko faunarentzako garrantzitsuak diren eremuak, hidrologia, jabari publiko hidraulikoaren eta haren babes-eremuen mugaketa, uholde-arriskua (lehentasunezko fluxugunearen mugaketa barne), eta kultura-ondareko elementuen mugaketa.

Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da, ingurumen-inbentarioko elementu nabarmenenak jasoko dituena.

1.4.– Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.

Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioaren elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioaren ondoren egingo da. Erasanaren garrantzia zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka erasango dituen baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-faseko, funtzionamendu-faseko eta eraiste-faseko inpaktuak bereiziko dira.

Inpaktuak baloratzeko, proiektutik eratorritako jarduketa guztiak hartuko dira kontuan, hala nola soberakinen biltegi berriak egitea (hala badagokio), soberako materialak soberakin-biltegietara eramateko trafikoa, sarbide iraunkorrak eta aldi baterakoak, instalazio osagarriak, lurren eta materialen aldi baterako metaketak eta abar.

Dokumentu honetako aurreko ataletan adierazi den bezala, inpaktuak identifikatzeko orduan behar bezala aztertu behar dira instalazioak proiektatutako eta/edo baimendutako gertuko instalazioekin batera izan ditzakeen metatze- eta sinergia-ondorioak, bereziki Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 instalazioekin (horiek ingurumen-inpaktuaren adierazpena dute).

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko erabilitako zenbatespen-prozesuak eta metodologiak aipatuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.

Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta, horretarako, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu horretan, funtsean, egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuko dira, zuzenketa-neurriak erabiliz.

A priori, kasu honetan, alderdi garrantzitsuenak, inpaktuak identifikatu eta balioesteari dagokienez, lurzoru ez artifizializatua okupatzearekin eta natura-baliabideak galtzearekin lotutakoak dira; hain zuzen ere, ekosistema baliotsuen gaineko inpaktuek (Batasunaren intereseko habitatak, espezie autoktonoetako basoak) eta espezie enblematikoen eta Batasunaren interesekoen gaineko inpaktuek (bereziki, abifauna, balizko kutsadura eta lurpeko urak...) sortutako galerekin lotutakoak.

Era berean, garrantzitsuak izan daitezke, kasu honetan, kultura-ondarean eta paisaian izandako eraginak.

Obra-fasean, baliteke lasaitasun publikoaren eta giza habitataren kalitatearen gaineko inpaktuak ere garrantzitsuak izatea; hautsa eta zarata sortuko dira, eremuan trafikoa ugaritzearen eta makinak joan-etorrian ibiltzearen ondorioz, nagusiki.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak arreta berezia jarriko du honako alderdi hauetan:

Edafologiaren eta nekazaritza-ahalmenaren gaineko inpaktuak.

Aldi baterako nahiz behin betiko okupatuko den nekazaritza-lursailaren azalera zehaztuko da. Inpaktua balioesteko, alderdi hauek hartuko dira kontuan: eraginpean hartutako azalera, azalera horren ezaugarriak eta nekazaritza-ahalmena eta azalera horrek azterketa-eremuaren ingurunean duen adierazgarritasuna. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean jasota dauden Balio Agrologiko Handiko lurzoruen gainean dauden ondorioak hartuko dira kontuan bereziki.

Ondare geologiko eta hidrogeologikoaren gaineko inpaktuak.

Proiektuarekin lotura duten lur-mugimenduek eragina izan dezakete intereseko baliabide hidrogeologikoetan.

Ziurtatu beharko da proiektuaren eragin-eremuan dauden geologia-intereseko lekuetan eta eremuetan ez dela gorabehera handirik gertatzen.

Hidrologiaren gaineko inpaktuak.

Behar adinako xehetasunez definituko dira hurbileko ur-puntuen gainean gerta daitezkeen eraginak, baita Iturritxo erreka zeharkatzeko gunea ere.

Batasunaren intereseko landarediaren eta habitaten gaineko inpaktuak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektua osatzen duten elementuek eragindako landaredi mota bakoitzaren azalerak zehaztu behar dira, horiei eska dakiekeen definizioaren arabera (ingurumen-inbentarioa egiteari buruzko puntuan zehazten da).

Obra-faseko aldi baterako okupazioa (nolabaiteko leheneratze-ahalmena izango da, mugatua bada ere) eta okupazio iraunkorra bereiziko dira. Batasunaren intereseko landarediaren eta habitaten gaineko inpaktua baloratzeko, eraginpeko azalera ez ezik, kontserbazio-egoera, adierazgarritasun-maila eta konektagarritasuna ere hartuko dira kontuan.

Zentzu horretan, adierazi behar da ebakuaziorako lurpeko linea elektrikoa planteatzen den nekazaritzako bidetik gertu Solapetas urmaela dagoela. Kontserbazio-interes bereziko kokagunea da eta, beraz, bereziki zaindu beharko da, proposatutako linea elektrikoa lurperatzeko obrak egitean hezegune horretan eta inguruko ingurune naturalizatu bakar batean ere ondoriorik ez izateko.

Floraren gaineko inpaktuak.

Mehatxupean dagoen edo EAEn oso urria den flora-espezie bakoitzaren kasuan, proiektuak okupatuko duen populazioen azalera zenbatetsiko da, populazio horien kokapenaren xehetasun-kartografia eta proiektuaren okupazio guztien kartografia kontrastatuta. Azalera horietan suntsitu/kaltetuko diren funtsezko espezie bakoitzaren ale kopurua zehaztuko da.

Kudeaketa-planak onartuta dituzten flora-espezieen kasuan, ingurumen-inpaktuaren azterketan, informazioa jaso beharko da, azaltzeko kudeaketa-plan horietan xedatutakoa noraino hartu den kontuan, eta, behar izanez gero, aipatutako habitataren eta espezieen nahitaezko baldintzak mantentzeko prebentzio-, babes- eta/edo zuzenketa-neurriak.

Faunaren gaineko inpaktuak.

Eraikitze-fasean habitaten bat suntsitzeagatik fauna-espezie sentiberei eragindako inpaktua baloratu behar du azterketak; horretarako, parkea eraikitzearen ondorioz suntsitutako edo epe luzera degradatutako espeziearen habitataren azalera eta kaltetutako populazioa balioetsiko da.

Azterketak zehaztu beharko du proiektuak zer eragin izan dezakeen onartutako kudeaketa-planak egin zaizkien espezieetarako interes bereziko eremuetan. Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketak edo ingurumen-dokumentuak informazioa jaso beharko du, azaltzeko nola hartu diren kontuan aipatutako kudeaketa-planetan xedatutakoa eta eragindako habitataren eta espezieen nahitaezko baldintzak mantentzeko prebentzio-, babes- edo zuzenketa-neurriak.

Ildo horretan, kontuan izan beharko dira Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak egindako txostenaren kontsiderazioak.

Inpaktuaren azterketak bereziki azpimarratuko du parkearen funtzionamendu-fasean abifaunak jasango dituen inpaktuen balorazioa, ahaztu edo gutxietsi gabe obra osoak beste fauna-talde batzuetan izan ditzakeen ondorioak.

Habitataren zatiketa eta igarobide ekologikoek/migrazio-bideek funtzionaltasuna galtzea baloratuko da. Energia elektrikoa ebakuatzeko aireko linean izandako talka edo elektrokuzioen ondorioz hil diren hegaztien tasaren balorazioa ere gehituko da.

1-5 km-tik beherako distantzian dauden beste linea elektriko batzuekin izandako metatze- eta sinergia-efektuak ere aztertuko dira, espezieen arabera. Azterketa egiteko hautatutako eremua justifikatuko du ingurumen-azterketak, egiaztatutako bibliografian oinarrituta.

Natura 2000 Sareko guneen eta gune babestuen gaineko eragina.

ES2110011 Zadorra sistemako urtegiak KBEari, ES2110010 Zadorra Ibaia KBEari eta ES2110013 Arabako Lautadako Irla-Hariztiak KBEari zeharka eragin diezaieketen aztertu beharko da, baita jarduketa-eremutik gertu dauden Uribarri urtegiko adarrei eta nazioarteko garrantzia duen Ramsar hezeguneari (3ES039 kodea) eragin diezaieketen ere. Baztertu egin beharko da proiektua gauzatzeak eremu horren kontserbazio-helburuetan eragin negatiboa izan dezakeenik.

Kontuan hartuta 92/43/EEE Zuzentarauak, edo Habitatei buruzkoak, zer dioen Natura 2000 leku batetik kanpo garatu arren bertan eragin nabarmena sor dezaketen proiektuei buruz (kontserbatu beharreko bertako elementuak kontuan hartuta), ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukien artean apartatu espezifiko bat sartu behar da, proiektuak parke fotovoltaikotik gertu dauden Natura 2000 Sareko espazioetan izango dituen ondorioen ebaluazio egokia egiteari buruzkoa, espazio horietako kontserbazio-helburuak kontuan hartuta (Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.4 artikulua).

Konektagarritasunaren gaineko inpaktuak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektuak (parke fotovoltaikoa eta horren azpiegitura osagarriak) lurraldearen konektagarritasun ekologikoan duen eragina baloratu beharko da, batez ere abifaunari dagokionez, eta, beharrezkoa bada, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak proposatu beharko dira. Lehendik dauden parke fotovoltaikoekin eta gaur egun izapidetzen ari direnekin dauden sinergiak ere izan behar dira kontuan azterketan.

Alderdi horiek aztertzeko garaian, kontuan hartu beharko dira inguruan beste parke fotovoltaiko batzuk egoteak (martxan ala izapidetze-fasean egonda ere) ekar ditzakeen sinergia- eta metatze-ondorioak. Komenigarria da kontuan izatea zer lotura izango duen gutxi gorabehera 10-15 km-ra egongo diren instalazio fotovoltaikoen beste proiektu batzuk gauzatzearekin; besteak beste, Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 instalazioak hartu beharko dira kontuan.

Paisaiaren gaineko inpaktuak.

Proiektuak (panelak, bideak, linea elektrikoak eta azpiestazioa) paisaiaren gainean izango duen inpaktua aztertzeko, ikusgarritasun-azterketa bat egin behar da, informazio geografikoko sistema batean oinarritua, zeinaren bidez kuantifikatuko baita jarduketak eragingo dien ikuseremuko lurren ehunekoa; hau da, parke fotovoltaikoko lur gaineko elementuak nondik ikusi ahal izango diren.

Aurreikusitako proiektuaren ezaugarriak eta hesi berde gisa erabiltzen diren altuko elementuak (zuhaitzak, eraikinak eta abar) hartuko ditu kontuan ereduak. Inpaktua kuantifikatzeaz gain, inpaktu hori zehaztean, kontuan hartuko da zer distantziatara dauden, azterketaren arabera, jarduketa ikusteko aukera emango duten guneak, eta gune horiek zer hauskortasun bisuala duten egon daitezkeen ikusleen kopuruaren ondorioz. Azterketaren emaitza gisa, ikusgarritasun-kartografia sortuko da, eta jarduketa aztertutako lurraldeko zer lekutatik ikusiko den irudikatuko da kartografia horretan.

Ikusgarritasun-azterketak parke fotovoltaikotik 5 km-ko inguruan dauden herri guztiak barnean hartu behar ditu.

Azterketak kontuan izan beharko ditu paisaia-inpaktuaren metatze- eta sinergia-efektuak, 5-10 km-ra baino gutxiagora dauden beste parkeekin batera.

Gomendatzen da egindako analisiaren emaitzak baloratzeko erraz interpreta daitezkeen datuak aurkeztea; adibidez, simulazio-irudiak sartuta.

Kultura-ondarearen gaineko inpaktuak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, kontuan hartu behar da proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-ondarearen gaineko eragina, ez bakarrik instalazio fotovoltaikoaren kokapenarekin zuzenki lotutakoa, baita sarbideekin, instalazio osagarriekin, ebakuazio-linea elektrikoarekin eta abarrekin lotutakoa ere. Gogoan izan proiektuaren jarduera-esparruan eta haren inguruan eremu arkeologiko batzuk daudela. Alde horretatik, kontuan izan beharko dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zerbitzuak egindako txosteneko gogoetak.

Metatze-efektuak eta efektu sinergikoak.

EAEn, hedadura txikiko lurraldea izanik, bata bestetik hurbil dauden parke fotovoltaikoak metatzeak ondorio handiak, metagarriak edo sinergikoak eragin ditzake.

Parke fotovoltaikoek sor ditzaketen efektu sinergiko nagusiak lurzoruek nekazaritza-ahalmena galtzea eta intereseko landarediaren eta abifaunaren habitatetan eta paisaian eragina izatea dira.

Horregatik, ingurumen-inpaktuaren azterketak honako hauek sartu behar ditu ondorioen azterketan, zehazki abifaunaren, intereseko habitat naturalen, eremu babestuen eta paisaiaren gaineko eraginen azterketaren kasuan: hurbil dauden eta ustiatzen ari diren edo izapidetze fasean dauden beste parke fotovoltaiko batzuekiko metatze- eta sinergia-inpaktuak, esaterako, Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 parke fotovoltaikoen proiektuen kasuan (Helios Vitoria PSFVtik 2 km pasatxora), eta 10-15 km-ko erradioan kokatuta dauden beste batzuen kasuan. Bereziki izan beharko dira kontuan «dei-efektua» delakoak abifaunari eragiten dizkion ondorioak.

Edozein kasutan, modu frogagarrian justifikatu beharko da sinergien azterketan jasotako azterketa-ingurua, eraginpean egon daitezkeen inguruneko elementuen arabera.

Eragin zuzenekoa edo zeharkakoa pertsonen osasunean eta herritarren lasaitasunerako baldintzetan.

Obrak egin eta ustiatu bitartean, zarata, trafikoa eta makinen joan-etorriak areagotzearen ondorioz pertsonen osasunean eta herritarren lasaitasunerako baldintzetan izan daitezkeen inpaktuak baloratuko dira.

1.5.– Proiektuaren kalteberatasuna.

Istripu larriak edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen ondorio kaltegarrien deskribapena, azterketa eta, hala badagokio, kuantifikazioa egingo da, baita istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuari buruzkoak ere. Helburu hori lortze aldera, proiektuari aplikatu beharreko arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutako informazioa erabili ahal izango da.

Horrelako ezbeharrek ingurumenean sortzen dituzten kalte nabarmenak prebenitzeko eta arintzeko aurreikusitako neurri guztiak bildu behar dira deskribapenean, baita halako larrialdietarako proposatzen diren prestaketak eta erantzunak ere, xehe-xehe.

1.6.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak proposatzea.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazi beharko da zer neurri aurreikusten diren aztertutako inguruneko elementu bakoitzak izango dituen ingurumen-ondorio negatibo nabarmenak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko.

Babes- eta zuzenketa-neurriak eta, beharrezkoa bada, konpentsazio-neurriak diseinatzeko, proiektua gauzatzeko behar diren elementu eta jarduketa guztiak hartu behar dira kontuan, eta horiek bat etorri behar dute inpaktuekin; zehazki, proiektuak hartzen duen espazioko ingurumen-elementu eta -balioen gaineko ekintzek eragindako inpaktuekin.

Zehatz-mehatz identifikatu eta deskribatuko da inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko ekintza bakoitza. Deskribapenak xehetasun-maila nahikoa izan beharko du, ziurtatzeko moduan hautemandako ingurumen-inpaktuak eraginkorki murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla, egikaritze-proiektuek izan ohi dituzten atalak barne hartuta: memoria, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurreikusitako neurri bakoitzari dagokion aurrekontuko partida eta preskripzio teknikoen agiria, baita hori guztia hobeto ulertzeko behar den kartografia ere.

Neurriak, oro har, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2021eko ekaineko «Parke fotovoltaikoen ingurumen-inpaktuko ikerketen edukia» agiriaren «2.5 Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurrien proposamena» atalean adierazitakora egokituko dira.

Zehazki, eta ezertan galarazi gabe aurreko ataletan eskatutako analisien emaitzen ondorioz sartu beharko liratekeen beste neurri batzuk, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien proiektuak neurri hauek hartu eta garatuko ditu, besteak beste:

Batasunaren intereseko habitatak, landaredi autoktonoa eta mehatxupeko flora eta fauna babesteko neurriak.

Neurri horien xedea izango da Batasunaren intereseko habitaten edo eskualdekoen gaineko afekzioa ekiditea edo minimizatzea, baita intereseko fauna-espezieen gainekoa ere, horien kontserbazioa bermatze aldera.

– Identifikatu diren flora-espezie babestuei eta balio handiko beste landare-komunitate batzuei eragin dakizkiekeen zuzeneko eta zeharkako afekzioak saihestuko dira.

– Aireko linea bat eginez gero (ez da aurreikusten proiektu honetan), behar diren neurriak ezarriko dira abifaunak ez dezan hariarekin talka egin eta ez dadin harekin elektrokutatu, (abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuarekin bat, hegaztiek goi-tentsioko linea elektrikoekin talka ez egiteko eta ez elektrokutatzeko neurriak ezartzen dituena); neurriok derrigorrean bete beharrekoak izango dira, eta sustatzaileari dagokio horien gaineko ardura.

– Lanak hasi baino lehen, fauna-prospekzioak egingo dira proiektuaren eremu osoan, baita ebakuazio-linea elektrikoak ukitutako eremuetan ere, kiropteroen babeslekurik, hegaztien arrautza multzorik, ugaztun-kumaldirik edo anfibioen eta narrastien errunaldirik badagoen aztertzeko, eta, horrela, hautemandako espezie mehatxatuetara eta horien ugalketa-aldietara egokitutako obra-plan bat egin ahal izateko.

– Babestu beharreko landaredi-masak zuinkatzea proposatuko da, eta kontserbatu beharreko zuhaitz aleak babestea.

– Ongi hautatuko dira obra-instalazio osagarrietarako eta metatze-guneetarako kokapenak, baita obrarako sarbideak ere, betiere landaredi naturaleko eremuak babestuz.

– Landarediaren gaineko inpaktua murrizteko prebentzio-neurriak zehaztuko dira, eta derrigorrean bete beharreko baldintzatzaile izango dira zuhaitz autoktonoak inausteko eta ebakitzeko jarraibideak, bai obra-fasean, baita ustiatze-fasean ere. Honako hauek izango dira, besteak beste:

• Oro har, ez da ebaketarik egingo, eta beharrezkoa denean bakarrik egingo dira inausketak. Eremu garrantzitsuenetan eta balio handikoenetan, debekatuta egongo da ezer ebakitzea.

• Intereseko landaredi-masetan inausketak egiteko baldintzak ezarriko dira: lehentasuna emango zaio linean eragina izan dezaketen goiko adarrak soilik inausteari, geldialdi begetatiboan. Beharrezkoa bada, mozketa linearekin talka egiten duten aleetan baino ez da egingo.

• Ebaketak eta inausketak eskuzko erreminta arinekin egingo dira, eta ez makina astunekin.

• Behar diren neurriak ezarriko dira instalazio fotovoltaikoan belar- eta zuhaixka-landaredia ahalik eta gutxien kentzeko.

• Ustiatze-fasean, landarediari bere horretan eusteko, metodo mekanikoak erabiliko dira, eta horretarako jarraibideak ezarriko dira. Ezingo da ez herbizidarik ez pestizidarik erabili landaredi naturala kontrolatzeko.

• Obrak faunarentzako ugalketa-aldi kritikotik kanpo egingo dira, arriskuan dauden espezieak detektatu diren eremuetan.

• Gaueko argiztapena ahalik eta gehien murriztuko da, faunaren arreta ez erakartzeko. Halaber, argiztapena behar bezala diseinatuko da argi-kutsadura orokorra minimizatzeko eta energiaren kontsumoa murrizteko.

• Pantaila fotovoltaikoen hesien diseinuak iragazkortasuna erraztu beharko du.

Sistema hidrologikoa eta hidrogeologikoa babesteko neurriak.

Prebentzio-neurriak ezarriko dira lursaila ez dadin iragazgaiztu; izan ere, nekazaritza- eta landa-ingurunean jariatze-urengatiko kalteak izateko arriskua areagotuko luke horrek.

Drainatze-sistema eraginkorra jarriko da instalazioan, instalazio fotovoltaikoak ukitutako gainazaleko jariatze-ura isurgune naturaletara bideratzeko, eta gai kutsagarriak arrastatzea ekiditeko. Aztertuko da ea beharrezkoa den dekantazio-urmael bat jartzea, jariatze-ur horiek tratatzeko isurgunera bideratu aurretik. Gainera, aztertuko da zer aukera dagoen urmael hori baso-faunarentzako babesleku bihurtzeko, hezeguneetako berezko espezieak landatuz, anfibioen ugalketarako habitatak ugaritzeko, nagusiki.

Jabari publiko hidraulikoaren babes-eremuetan (zortasun- edo zaintza-eremuetan), edo jabari horretan bertan, egin behar den jarduketa orok Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena eduki beharko du, Uraren Euskal Agentziaren bidez izapidetua. «Jabari publiko hidraulikoan jarduketak baimentzeko irizpide teknikoak» izenekoaren arabera, lurpeko gurutzaketak egitekotan, hodiaren goiko sorgailuak ibilguko ohea baino 1,5 m beherago joan beharko du, gutxienez, amildegietan eta ibilgu txikietan. Edonola ere, instalaziorako obrak baimentzeko orduan zehazki aztertu beharko dira ingurune hidrikoari eragindako ondorioak eta haren ezaugarriak, eta, hala badagokio, dagozkion preskripzioak ezarriko dira.

Honako neurri hauek proposatuko dira obra-faserako:

• Lurrazaleko ur-ibilguen eta hari lotutako landarediaren gaineko zuzeneko eragina saihestea.

• Metatze-guneak eta eremu osagarriak egoki kokatzea, zuzeneko nahiz isurketa bidezko inpakturik ez eragiteko ibai- eta akuifero-sisteman.

• Ibilguaren 5 metroko zortasun-zerrendak egoera naturalean eta libre utziko dira; balizatu egingo dira, nolanahi, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betegarririk ez pilatzeko, eta etxola, ontzi, itxitura, kutxatila eta bestelakorik ez jartzeko, ez behin-behinekorik, ez behin betikorik. Eremu horretan, ibaiertzeko landaredia errespetatu beharko da.

• Sortutako jariatze-uren eta istripuzko isurketen ondorioz, drainatze-sarerako finen edo kutsatzaileen isurketak minimizatzea.

• Material xurgatzailea eskura izatea (sepiolita edo antzekoren bat), istripuzko isurketak biltzeko.

• Ezin da ez zuzeneko ez zeharkako isurketarik egin Jabari Publiko Hidraulikora edo lursailetara, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aginduzko baimenik izan gabe; Uraren Euskal Agentziak izapidetuko du baimena.

Funtzionamendu-faserako:

• Panelak garbitzeko, ahalik eta ur gutxien erabiltzea, teknologia eta teknika eraginkorrenak aplikatuz, eta ahal den guztietan, birziklatutako uraren erabilera lehenetsi, lurraren kalitate ekologikoari eragiten dioten produktu kimikoak erabili gabe.

Lurzoruak babesteko neurriak.

• Proiektua diseinatzean, ahaleginak egingo dira instalazio fotovoltaikoan ahalik eta lur-mugimendu gutxien eragin dadin; lurzoruaren jatorrizko profilari bere horretan eutsiko zaio panel fotovoltaikoak jartzeko eremuan, lurpeko kableak jartzeko lubakiak dauden eremuetan izan ezik.

• Proiektatutako azpiegitura guztietara iristeko gaur egun dauden bideak eta sarbideak erabiltzea, eta, ahal dela, bide berririk ez irekitzea. Bide eta/edo sarbide berriak eginez gero, ahalik eta zabalera txikienarekin egitea gomendatzen da, landaredi autoktonoa errespetatuz eta dagokion ingurumen-organo eskudunarekin koordinatuta.

• Hondakinak kudeatzea, lurzoruan metatu ez daitezen. Obrako hondakinak sortu ahala kudeatzea gomendatzen da, instalazioetan ahalik eta hondakin gutxien metatzeko.

• Istripuz jario edo isuriak daudenerako jardun-protokolo bat ezartzea.

• Obren ondoren, eragindako lurrak geomorfologikoki leheneratzea.

• Obra-fasean lurzoruak kontserbatzeko neurriak aplikatzea (horma lehorrak eta metak eraikitzea, sare geotestil bidezko babesa, etab.) eta lurzoruaren kalitatea leheneratzeko eta berreskuratzeko neurriak hartzea ustiatze- eta desegite-faseetan.

• Neurriak hartuko dira lurzoruaren landare-geruza birlandatzeko erabiltzeko.

Herritarrei sorrarazitako eraginak eta eragozpenak murrizteko neurriak.

Atmosferaren kalitatea babesteko neurriak zehaztuko dira, hautsa, zaratak, usainak eta lurraldearen irisgarritasunarekin eta iragazkortasunarekin lotutako bestelako eragozpenak kontuan hartuta.

Orobat, obrako lanen ordutegia, makinen zirkulazio-abiadura eta abar mugatuko dira.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

Eraikitze-fasean ahalik eta hondakin gutxien sortzea. Produktuen bilgarriak minimizatzen dituzten edo birziklatutako materialak erabiltzen dituzten materialen hornitzaileak kontratatzea gomendatzen da.

Obra-fasean eta ustiatze-fasean hondakinak kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen kudeaketarekin lotutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriek sustatu behar dute hondakinak sortzea prebenitzea, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatzea, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk erabiltzea, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne. Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Proiektuaren garapenak eragin ditzakeen kultura-ondareko elementuei dagokienez –zehazki, 117. Doypa herrixka eta San Juan tenplua balizko arkeologia-gunea (1997ko uztailaren 8ko EHAA, 129. zk.)–, elementu horiek deklaratzen dituzten ebazpenetan eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa beteko da.

Kontsulten izapidean jasotako txostenen edukia kontuan hartuta, lur-mugimendu guztien kontrol arkeologikoa egitea eskatzen da, eta obrak egin aurretik, azterketa arkeologiko bat egin beharko da. Proiektu horretan oinarrituta, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak proiektu arkeologikoa egiteko beharra ezarriko du.

Paisaiarako eta obrek ukitutako lurrak leheneratzeko neurriak.

Leheneratzeko neurriak proposatuko dira proiektuak ukitutako gainazal guztietarako, baita aldi baterako okupatzen direnetarako ere; espezie autoktonoak erabiliko dira, eskualde bioklimatikoaren baldintza edafiko eta klimatikoetara egokituak.

Eragindako azalera guztiak landareztatzeko proiektua egingo da, hirugarrenek gauzatu ahal izateko behar besteko xehetasunarekin, exekuzio-proiektu bati dagozkion atalak kontuan hartuta: memoria, planoak, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurrekontua eta preskripzio teknikoen agiria. Aurrekontuan, bermealdiko mantentze-lanen kostua ere sartuko da. Eduki horiez gain, honako hauek hartu beharko ditu barne:

• Indusketa-lanetan sortutako landare-lurra kentzea eta berrerabiltzea.

• Belardiak berrereitea eta eragindako laboreak birlandatzea.

• Eragindako lurzatietan dauden itxiturak eta bestelako azpiegiturak berrezartzea.

Landareztatze-proiektuaren barruan, landare-espezie aloktono inbaditzaileak kontrolatzeko eta, kasua kasu, desagerrarazteko beharrezkoak diren jarduketak sartuko dira.

Jasotako txostenen edukia kontuan hartuta, leheneratze-proposamenak:

• Xehetasunez zehaztu beharko dira planteatutako leheneratze-jarduerak.

• Sustatzaileak egin duen proposamena, hau da, anfibioentzako 4 baltsa gaitzea, ez da nahikoa instalazio fotovoltaikoak okupatutako lurraren hedadurari dagokionez; beraz, ingurumen-integrazioko proiektuan asmo handiagoa planteatzea proposatzen da, eta ingurune horretan ingurumen-hobekuntza handiagoa izatea (adibidez, putzuaren ezponden ingurumena leheneratzeko jarduketak aurreikustea, modulu fotovoltaikoen okupazio-eremuan bertan edo beste batzuetan).

• Proiektatutako lau urmaelak inguruko ingurune naturalekin ekologikoki lotzeko, leheneratutako zerrendek handiago izan behar lukete aurkeztutako ingurumen-dokumentuko 4. planoan jasota datozenak baino. Horrenbestez, ingurumen-inpaktuaren azterketak handitu egin behar du leheneratzeko azaleraren proposamena.

• Komenigarria da narrastientzako babeslekuak, kiropteroentzako babes-kutxak eta instalazio fotovoltaikoek okupatzen duten eremuan funtzionaltasun ekologikoa bultzatuko duten antzeko beste elementu batzuk instalatzeko aukera baloratzea.

1.7.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea izango da, bertan adierazitako jarraibideekin eta zuzenketa-neurriekin batera.

Ingurumena zaintzeko programa funtsezko edukia da ingurumen-inpaktuaren azterketa orotan. Diseinuak, oro har, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2021eko ekaineko Parke fotovoltaikoen ingurumen-inpaktuko ikerketen edukia agiriaren «2.6 Ingurumen-zaintzako programa diseinatzea» atalaren araberakoa izan beharko du.

Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki non dauden jakiteko planoko kokapena eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere adieraziko dira. Puntu horretan, Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketari buruzko txostenean jaso beharko dira egindako gogoetak.

Kalitate-helburuak legediak edo oro har onartuta dauden azterketa teknikoek zehazten dituzten muga-balioen edo gida-balioen araberakoak izango dira. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezkoak irizten zaien parametroetan.

Era berean, dagokion aurrekontua gehitu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko. Proiektuari buruz eta proiektuak ingurunean duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezko diren kontrolez gain, jarraian adieraziko diren kontrolak ere egin beharko ditu programak:

Obra-fasean, kontuan hartu beharko dira honako hauek:

– Obrako jardunbide egokien neurriak behar bezala aplikatzen direla kontrolatzea.

– Obren seinaleztapena, obraren okupazio-mugak, materialen metaketa eta abar egokiak direla kontrolatzea.

– Intereseko landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Mehatxupeko flora- eta fauna-espezieen gaineko eraginak kontrolatzea.

– Ur-ibilguen eta erriberako landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Obrako jardunbide egokiak kontrolatzea, honako hauek saihesteko: hondakin-isurketak; lurzoruaren edo uren kutsadura, olio-jarioen ondorioz, eta eragozpenak sortzea, zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.

– Arkeologia-ondarearen gaineko eragina kontrolatzea.

– Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.

Ustiatze-fasean, hauek kontuan hartu beharko dira:

– Parke fotovoltaikoa ustiatu bitartean higadura-prozesurik agertzen den kontrolatzea.

– Airearen kalitatea, zarata eta eremu elektromagnetikoak kontrolatzea.

– Argi-kutsadura kontrolatzea.

– Abifauna kontrolatzea.

– Landaredia kontrolatzea.

– Landareztatzea eta ekologia nahiz paisaiaren leheneratzea behar bezala doala kontrolatzea.

– Paisaia-integrazioko neurriak kontrolatzea.

Landarediaren mantentze-lanen gauzatzea kontrolatzea, ebakuazio-linea elektrikoak aireko zatiak baldin baditu.

1.8.– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.

Gai honen inguruan indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta azterketatik ateratako ondorioen laburpen bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak VI. eranskinean ezarritako ezaugarriak kontuan hartuta.

Dokumentu horretan, zehatz-mehatz eta publiko orokorrak ulertzeko moduan, jaso beharko da nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurunean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, jendeari informazioa emateko.

Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean izan diren zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.

2.– Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari bidaliko dizkio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta jaso diren alegazio eta txostenen ingurumen-edukiari buruz sustatzaileak egin dituen oharren dokumentu bat, azaltzen duena nola hartu diren kontuan oharrok.

Dokumentazioa xede horretarako egin diren jarraibideak aintzat hartuta aurkeztu behar da, zeinak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian baitaude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumena/), dagokion atalean [Arloak > Ingurumen-ebaluazioa > Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea> Eskaerak aurkeztea].

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa gidaliburuaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gidaliburua ingurumen-organoaren web-orrian dago eskuragarri, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/2022_Dokumentuak-aurkezteko-GIDA_v4.pdf

Indarreko xedapenen arabera isilpekoak diren datuak dokumentu bereiz batean aurkeztuko dira. Kasu horretan, enpresa eskatzaileak argi adierazi beharko du zein informazio den isilpekoa bere iritzian, eta eskaera hori justifikatzeko ondorengo datu hauek eman beharko ditu:

– Eskatzailearen aburuz isilpekotasuna zer arauditan oinarritzen den identifikatu beharko da; bai eta dagokion agiri egiaztatzailea aurkeztu ere.

– Merkataritza-sekretua denean, enpresaren barruan sekretua bermatzen duten protokoloak.

Ingurumen-organoak erabakiko du dokumentazioa isilpekoa den ala ez, eta agiri horiek jendaurreko informazioaren izapidetik kanpo geratuko dira.

3.– Kontsulten eta jendaurreko informazioaren izapideak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluen arabera, organo substantiboak egin behar duen jendaurreko informazioaren izapideetan, ingurumen-organoak aurretiko kontsulten izapidean kontsulta egin behar die eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, baina, horietaz gain, komenigarria da Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren Kultura Zuzendaritzari ere kontsulta egitea.


Azterketa dokumentala