Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2024ko abuztuaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3907

AGINDUA, 2024ko uztailaren 30ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatu eta komunikatzeko laguntzen 2025. urteko deialdia (ISV Sustapena).

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 43. artikuluak xedatzen duenez, estatu kide guztiek esku hartu beharko dute mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean, eta, 57. artikuluak eta hurrengoek, berriz, sektore horretan egin beharreko esku-hartze motak eta horiek egiteko Europar Batasunak emango duen finantza-laguntza jasotzen dituzte. Erregelamendu horretan, Europar Batasuneko estatuek nekazaritza-politika erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako (NPEaren plan estrategikoak) laguntzari buruzko arauak ezarri dira, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduen indargabetzea xedatu da; laguntza hori Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuko da.

Ondoren, Espainiako Erresumaren Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Plan Estrategiko Nazionala 2023-2027 argitaratu da, eta haren helburua da garapen jasangarria lortzea nekazaritzarekin, elikagaiekin eta landa-eremuekin loturikoetan gizartearen elikagai-segurtasuna bermatzeko sektore lehiakor baten eta landa-eremu bizi baten bidez. Europako Batzordeak 2022ko abuztuaren 31n onartu zuen plana, C (2022) 6017 Erabakiaren bidez, eta, ondoren, 2023ko abuztuaren 30ean aldatu zuen, C (2023) 5746 Erabakiaren bidez.

Nekazaritza Politika Erkideari buruzko arau berriak indarrean sartzearen ondorioz, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorearentzako laguntza-programak utzi egingo dio politika horren neurrietatik aparte egoteari eta plan estrategikoaren parte izango da, hots, esku-hartze bat gehiago izango da, Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektoriala deritzon horretan.

Estatu-mailan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua argitaratu da, eta haren bidez arautu da Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala.

Autonomia-esparruan, duela gutxi argitaratu da 66/2024 Dekretua, 2024ko maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko dena.

Bestalde, agindu honen bidez, deialdia egiten da urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuan ezarritako laguntzak emateko, baina laguntza horien gastua 2026ko Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren aurrekontuari egotziko zaio. Horrenbestez, laguntza horiek eraginkorrak izateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko Aurrekontu Orokorretan behar besteko kreditua eduki behar da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Laguntza-lerro hau sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago, zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu baitzen, eta laguntzen du bertan aurreikusitako helburua lortzen, hau da, nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren industriari laguntzea, horretarako Europar Batasuneko, estatuko eta autonomia-erkidegoko neurriak artikulatuz.

Hori dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuak sustatzeko eta komunikatzeko ekintzak eta programak egiteko laguntzen 2025. urterako deialdia onartzea. Deialdiaren oinarriak agindu honen I. eranskinean daude jasota.

2. artikulua.– Baldintza.

Agindu hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan, behin betiko ebazpenaren unean, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke nekazaritza-gaietan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 30a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuak sustatzeko eta komunikatzeko ekintza eta programetarako laguntzen deialdia egitea, betiere 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean garatzen badira.

Laguntza hauek xedapen eta erregelamendu hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 Erregelamendua (EB) (apirilaren 15eko 2016/1149 EB Erregelamendu Delegatuak osatua), Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua, Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 Betearazpen Erregelamendua (EB), urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen duena, eta 66/2024 Dekretua, 2024ko maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko dena.

2. oinarria.– Ekintza-motak eta programen iraupena.

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 Erregelamenduaren (EB) 58.1 artikuluko k) letrako lehen paragrafoan aipatutako esku-hartzea garatuko da, programen bidez, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 2. artikuluan zehaztutakoaren arabera. Programa horien barruan, ekintza edo azpi-ekintza bat edo hainbat egin ahalko dira, aipatu Errege Dekretuaren XX. eranskinean zerrendatuak, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta merkatuak ireki, dibertsifikatu eta finkatzeko.

2.– Halako ekintzak programa baten barruan gauzatu beharko dira, hala zehazten baita urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren artikuluko 30.2 puntuan, eta ekintza horiek 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean garatu beharko dira.

3.– Hirugarren herrialde bateko merkatuko laguntzaren gehieneko iraupena, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako definizioaren arabera, urtebetekoa izango da. Salbuespena izango da, hala ere, 4. apartatuan kalitate bereiziko figura baten bidez (JDB edo AGB) babestutako ardoetarako adierazitakoa.

4.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 Erregelamenduaren (EB) 58.1 artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, JDB edo AGB figura duten ardoen irteera komertzialak finkatzeko hirugarren herrialdeetan garatzen diren sustapen- eta komunikazio-ekintzek gehienez ere hiru urteko iraupena izango dute (epe luzaezina). Muga hori onuradun jakin baterako aplikatuko da, hirugarren herrialde bateko merkatuan. Horretarako, kontuan hartuko da honako hauen konbinazioa: herrialdea, eskualdea, ekintza, azpi-ekintza eta xede-publikoa.

3. oinarria.– Onuradunak eta betekizunak.

1.– Hirugarren herrialdeetan sustapen-neurriak finantzatzeko laguntzen eskabideak honako hauek aurkez ditzakete:

a) Ardogintzako enpresak, baldin eta urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badituzte. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta egon behar dute enpresek.

b) Mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeak, eta erakunde horiek biltzen dituzten elkarteak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 152. eta 156. artikuluei jarraituz definituak.

c) Lanbidearteko erakundeak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 157. eta 158. artikuluen arabera definituak eta maila nazionalean aitortuak, eta Espainian aitortuak Nekazaritzako elikagaien lanbidearteko erakundeak arautzen dituen abenduaren 30eko 38/1994 Legean xedatutakoari jarraituz.

d) Erakunde profesionalak: halakotzat hartuko dira gehienbat ardoaren sektorean jarduten dutenak, estatuan aitortuta daudenak indarreko araudiarekin bat etorriz, betiere estatutuetako helburuen artean sustapen-jarduerak egitea jasota badute.

e) Ardogintzaren adierazpen geografiko babestuen eta jatorri-deitura babestuen kudeaketa- eta ordezkaritza-organoak eta haien elkarteak.

f) Bi ekoizle edo gehiago biltzen dituzten aldi baterako elkarteak edo elkarte iraunkorrak, baldin eta beren helburuen artean ardoa sustatzeko eta merkaturatzeko ekimenak garatzea badute.

g) Kooperatibek berek edo kooperatibakideek egindako ardoak merkaturatzen dituzten kooperatibak.

h) Ardogintzaren sektoreko enpresez bakarrik osatutako irabazi asmorik gabeko elkarteak, helburuen artean ardoak kanpoan sustatzea dutenak.

i) Produktuak eta merkatuak hirugarren herrialdeetan sustatu eta komunikatzeko jarduera garatzeko legez ezarritako eskumena duten erakunde publikoak, baldin eta erakunde hori ez bada laguntzaren onuradun bakarra.

Ekoizleak biltzen dituzten aldi baterako elkarteek edo elkarte iraunkorrek ordezkari bat izendatu beharko dute, ahalmen nahikoa izango duena elkarteak laguntzen onuradun den aldetik izango dituen betebeharrak konplitzeko, hala ezartzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan. Elkarteko kide guztiak onuradun izango dira, eta elkarte hori ezingo da desegin, harik eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 43. artikuluan xedatutako preskripzio-epea igaro arte.

2.– Onuradunek, langile-kopuruaren, enpresaren tamainaren eta azken urteetako lan-esperientziaren arabera, frogatu beharko dute gaitasun tekniko nahikoa dutela hirugarren herrialdeekiko merkataritza-harremanen eskakizunei aurre egiteko, eta badaukatela baliabide finantzario eta langile nahikoa bermatzeko neurria ahalik eta modurik eraginkorrenean aplikatzen dela. Horretaz gain, bermatu beharko dute aski produktu dutela, kantitate nahiz kalitatean, egindako sustapenaren ondorioz sor daitezkeen eskaerei epe luzeko erantzuna ziurtatzeko, behin sustapena bukatuta.

3.– Ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak, ez eta krisi-egoeran daudenak ere, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauetan definitutakoaren arabera (Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioa, 2014ko uztailaren 31koa).

4.– Ardogintzako industrien kasuan, dagokion erregistroan izena emanda egon beharko dute, eta datuak eguneratuta izan beharko dituzte. Eskatzailea esportatzaileen elkartea bada edo esportazio partzuergoa bada, horiek osatzen dituzten enpresen 2/3, gutxienez, erregistro horretan inskribatuta egotea.

4. oinarria.– Produktu eta herrialde onargarriak.

1.– Produktuak sustatzeko esku-hartzeak egin ahal izango zaizkie urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XXI. eranskinean zehaztuta dauden kalitatezko produktu izanik zuzeneko kontsumorako direnei, baldin eta kategoria hauetako batean sartzen badira:

a) Jatorri-deitura babestua duten ardoak.

b) Adierazpen geografiko babestua duten ardoak.

c) Ardogintzako mahats-barietatea (edo barietateak) zehaztua duten ardoak.

2.– Irteera komertzialak finkatzera bideratutako programak soilik jatorri-deitura eta adierazpen geografiko babestua duten ardoei buruzkoak izango dira.

3.– Sustapen-neurriak egiteko modukoak izango dira hirugarren herrialde guztiak.

4.– Sustapen-neurriak egiteko hautagarritzat joko dira eskabide-inprimakian jasotako markak, «sustapen-programa honetan sartutako markak» izeneko atalean, hain zuzen ere.

5. oinarria.– Ekintzen eta programen ezaugarriak.

1.– Programek oso argi definituta egon behar dute, eta, bereziki, zehaztuko dira zein helburu zehatz dituzten, zer hirugarren herrialde edo merkatu duten helburu, zer ardo-mota landuko dituzten, zer ekintza eta azpi-ekintza gauzatu nahi diren eta haietako bakoitzak zer kostu izango duen gutxi gorabehera.

2.– Proposatutako estrategia koherentea izan behar da programarako ezarritako helburuekin.

3.– Onuradunak bermatuko du proposatutako eragiketaren kostuek ez dituztela gaindituko merkatuaren prezio normalak, eta kostuen moderazioa betetzen dela. Kostuak justifikatzeko, onuradunarekiko independenteak diren enpresen aurrekontuak aurkeztuko dira.

4.– Sustapen-mezuak produktuaren berezko ezaugarrietan oinarrituko dira, eta aintzat hartzen dituzten hirugarren herrialdeetako araudi aplikagarrira egokitu beharko dira.

5.– Jatorri-deitura babestua eta adierazpen geografiko babestua duten ardoen kasuan, produktuaren jatorria sustapenaren parte moduan adierazi beharko da.

6.– Aurreko 4. eta 5. zenbakietakoa eragotzi gabe, marken erreferentziak sustapenaren parte izan daitezke, hala badagokio.

7.– Sustapeneko materialak Europar Batasunaren ikurra eramango du, eta, gainera, honako adierazpen hau jaso beharko du: «Europar Batasunak finantzatua». Ikurra eta finantzaketaren adierazpena Batzordearen 821/2014 Betearazpen Erregelamenduan (EB) ezarritako ezaugarri teknikoen arabera jarriko dira.

6. oinarria.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

1.– Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko ekintza eta programetarako laguntza-eskabideak aurkezteko epea, eta 2024ko irailaren 15ean bukatuko da.

2.– Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

3.– Eskabideak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/servicios/ (Ref:1223003)

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/ (Ref:1223003)

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, honen bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta/, edo

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, ordezkaritza egiaztatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

5.– Laguntza hauen eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia eskuragarri dago https://www.euskadi.eus helbidean, eta agindu honen II. eranskina da.

7. oinarria.– Espedientearen fase desberdinetan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Laguntza-eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

• Pertsona fisikoentzat:

– Eskabidea aurkeztu aurreko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.

– Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion ekonomia-jardueren eranskina.

• Pertsona juridikoentzat:

– Legezko ordezkariaren NANa.

– Enpresaren eratze-eskritura eta, hala badagokio, gerora erregistratutako eskrituren kopia, enpresaren egungo egoera frogatzen dutenak.

– Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskritura.

– Entitatearen estatutu erregistratuak.

– Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zerga.

• Bien kasuan:

– Sustapen-programa honetarako bakarra eta esklusiboa den kontuaren titulartasuna ziurtatzen duen agiri eguneratua, banku-erakundeak egina.

– Azken 3 urteetako balantzeak eta galdu-irabazien kontuak, ikuskatuta, legez horretara behartuta badaude.

– Sustapen-programaren memoria deskriptibo zehatza, herrialdeka, eskualdeka, ekintzaka eta azpi-ekintzaka.

– Xede-taldearen taula, azpi-ekintza bakoitzeko eta eskatutako herrialdeka eta eskualdeka.

– Proposatutako kostuek merkatuko prezio normalak gainditzen ez dituztelako justifikazioa, eskatutako gastuaren zenbatekoa edozein dela ere (hiru aurrekontu identifikagarri eta konparagarri, ondasun edo zerbitzu berari buruzkoak, hiru hornitzaile gaitu desberdinenak, euren artean eta onuradunarekiko independenteak, moduluka mugatutako kostuen edo kostu sinplifikatuen kasuetan izan ezik).

– Nahitaezko deklarazioak, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XXIII. eranskinaren arabera (905/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen duena).

– Luzapenaren kasuan, lehenengo bi urteetako emaitzen txostena.

2.– Aldaketa-eskabide guztiak, aldaketa txikiak barnean direla, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 67. artikuluan deskribatuta dauden bezala, azpi-ekintza egin baino 15 egun lehenago aurkeztu beharko dira gutxienez, 6. oinarriaren 3. puntuan deskribatutako bitartekoen bidez.

3.– Onartutako alderantzizko misioak egitea gutxienez 4 egun lehenago jakinarazi beharko da, lekuan bertan kontrola egin ahal izateko, hala dagokionean.

4.– Programaren parte baten ordainketa eskatzen bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– PDF artxibo pertsonalizatua.

– Laguntza-eskabidean jasotako ekintzen laburpen-txostena, azpi-ekintzatan banakatuta (fitxa bat azpi-ekintza bakoitzeko).

– Fakturak, ordainketa-ziurtagiriak eta aurkeztutako gastuen euskarri materiala.

– Lortutako emaitzen ebaluazioa, onuradunak programan hasiera batean aurreikusi dituen helburuak betetzen direla egiaztatu ahal izateko: kontu bakar eta esklusiboaren bankuko kontu-laburpena.

– Kontu bakarrari lotutako txartelen bankuko kontu-laburpena.

– Konpentsazio-ordainketen kasuan, faktura igortzen duenaren ziurtagiria.

5.– Programaren azken ordainketa eskatzen bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– PDF artxibo pertsonalizatua.

– Laguntza-eskabidean jasotako ekintzen laburpen-txostena, azpi-ekintzatan banakatuta (fitxa bat azpi-ekintza bakoitzeko).

– Fakturak, ordainketa-ziurtagiriak eta aurkeztutako gastuen euskarri materiala.

– Lortutako emaitzen ebaluazioa, onuradunak programan hasiera batean aurreikusi dituen helburuak betetzen direla egiaztatu ahal izateko.

– Auditoretza-txostena edo, 150.000 eurotik gorako laguntza izanez gero, finantza-egoeren ziurtagiria.

– Kontu bakar eta esklusiboaren bankuko kontu-laburpena.

– Kontu bakarrari lotutako txartelen bankuko kontu-laburpena.

– Konpentsazio-ordainketen kasuan, faktura igortzen duenaren ziurtagiria.

– Onuradunaren ziurtagiria, onartutako programaren administrazio- eta kudeaketa-gastuak justifikatzekoa.

– Sustapeneko azpi-ekintzak egiten dituzten langileen gastuen justifikazioa.

– Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, honako hauei dagokienez:

– Ez duela laguntza bateraezinik jaso.

– Ez duela zorrik, itzulketa-prozeduraren ebazpen baten bidez aginduta.

– Sustapen-materiala bat datorrela bai Europa Batasunaren araudiarekin, bai programa garatzen den hirugarren herrialdeko legediarekin, eta, hala badagokio, helmugara iritsi dela egiaztatzeko proba aurkeztu dela.

– Aurkeztu diren programa gauzatzeko gastuak laguntza-eskabidean edo jakinarazitako aldaketetan sartutako ardoen markei bakar-bakarrik dagozkiela.

– Hala badagokio, eskatzaileari lotutako enpresek egindako gastuaren fakturazioari dagokiona.

8. oinarria.– Kudeatzea eta balorazio-batzordea.

1.– Elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskuduna izango da deialdi honek arautzen dituen laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko hiru bokalek osatuko dute, eta horietako bat enpresa-programaren arduraduna izango da. Beste biak, berriz, elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskuduneko teknikarien artetik aukeratuko dira, eta zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horrek, era berean, adieraziko du nor izango den idazkaria eta nor batzordeburua. Balorazio-batzordea osatzen duten pertsona guztientzako ordezkoak ere izendatuko dira, aipatutako zuzendaritzako teknikarien artetik. Balorazio-batzordearen osaerari buruzko ebazpena EHAAn argitaratuko da, batzordea eratu aurretik.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean. Batzordeak funtzionatzeko, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.

3.– Balorazio-batzordeak proiektuen bideragarritasuna aztertu eta espedienteak baloratu aurretik, elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskuduneko teknikari batek eskaera bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honetako betekizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, batzordeari aurkeztuko diona.

4.– Balorazio-batzordeak funtzio hauek izango ditu:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Halaber, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea, eta proiektua eta agindu honetan ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila baloratzea.

c) Egindako ebaluazioaren emaitzak jasoko dituen txostena egitea, laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituta.

Txostenak eduki hau izango du:

A) Baiestea gomendatzen diren eskabideei dagokienez:

– Erakunde onuradunen izena edo sozietatearen izena eta IFKa.

– Diruz lagun daitekeen inbertsioa, aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

B) Ezestea gomendatzen diren eskabideei dagokienez:

– Erakunde onuradunen izena edo sozietatearen izena eta IFKa.

– Eskabidea ukatzeko arrazoiak.

5.– Balorazio-batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

9. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

1.– Aurkeztutako eskabideen balorazioa bi fasetan egingo da.

Elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak laguntza-eskabideak aztertuko ditu, atal honekin bat datozen egiaztatzeko, eta, halaber, honako etapa hauen arabera ezartzen diren ebaluatuko du:

a) Onargarritasuna egiaztatzeko fasea: egiaztatuko da betetzen direla urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 60. eta 61. artikuluetako betekizunak (905/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen duena), eta proposatutako kostuek ez dituztela gainditzen merkatuko prezio normalak.

b) Lehenespen-fasea: aurreko fasea gainditu duten programei baino ez zaie aplikatuko. Lehenago aipatutako urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XXIV. eranskinean (lehenespen-irizpideak) ezarritako irizpideen arabera emango da puntuazioa.

2.– Gainera, aipatutako urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XXIV - 3 eranskinean ezarritako irizpidean oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoak erabakitako balorazio-irizpide hauek aplikatuko zaizkio, gehienez ere 50 punturaino:

a) ETEek egindako programak, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioarekin bat: 20 puntu;

b) ETEek egindako programak, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat etorriz: 10 puntu;

c) JDB edo AGB kalitate-bereizgarriak dituzten produktuak jasotzen dituzten programak: 20 puntu;

d) Ardogintzako mahats-barietatea (edo barietateak) zehaztua duten produktuak jasotzen dituzten programak: 15 puntu;

e) Eskabidearen unean indarrean den ekoizpen ekologikoko ziurtagiria daukaten produktuak jasotzen dituzten programak: 5 puntu;

f) Neurriak ezarri dituztela egiaztatzen duten onuradunek garatutako programak, ingurumena babesten dutenak, eskabidearen unean indarrean diren ingurumen-ziurtagirien bidez egiaztatuak. 5 puntu.

3.– Bazter utziko dira 25 puntu lortzen ez dituzten programak.

4.– Aurreko oinarrian deskribatutako balorazio-batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak.

10. oinarria.– Laguntza emateko ebazpen-proposamena.

1.– Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziak funtsak banatzeko akordioa lortu ondoren, elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak, balorazio-batzordearen txostena kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen horretan, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzailea eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko dira.

Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

2.– Programa onargarrietan aurreikusitako guztizko aurrekontuak autonomia-erkidego bakoitzari edo, hala badagokio, FEGA OAri esku-hartze horretarako hasiera batean esleitu zitzaion finantza-muga gainditzen duen laguntza badakar, honako aukera hauetako bat hautatuko da:

a) Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 59. artikuluan aurreikusitako gehieneko laguntza ematea, puntuazio-ordenaren arabera, autonomia-erkidego bakoitzerako sustapenaren esku-hartzerako erabilgarri dauden funtsen mugen barruan.

b) Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 59. artikuluan aurreikusitako gehieneko laguntza murriztea, gutxienez % 35eko finantzaketaraino, autonomia-erkidego bakoitzerako sustapenaren esku-hartzerako erabilgarri dauden funtsak agortu arte, puntuazio-ordenaren arabera.

3.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena formulatuko da.

4.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. oinarria.– Laguntza emateko ebazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, elikagaien industrien arloko sailburuordetza eskuduneko titularrari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen bakarra emango du, eta hor jasoko dira eskatutako zein laguntza emango diren eta zein ukatuko.

2.– Aldeko ebazpena emanez gero, onuradunek elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunari jakinaraziko diote, gehienez ere hilabeteko epean, dirulaguntza onartzen dutela, ezarritako baldintzetan, eta egikaritza ona bermatzeko gordailua justifikatuko dute, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/127 Erregelamendu Delegatuan (EB) aurreikusitako baldintzen arabera, Europar Batasunaren finantzaketaren kopuruaren % 15etik gorako zenbatekoan, programa era egokian egikaritzen dela bermatze aldera. Onarpena jakinarazten ez bada edo egikaritza ona bermatzeko gordailuaren justifikazioa aurkezten ez bada, laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta, beste izapiderik gabe, espedientea artxibatu egingo da.

3.– Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 66. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziak funtsak banatzeko erabakia hartzen duenetik aurrera.

4.– Ezarritako epean ebazpen espresurik ez badago, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat.

12. oinarria.– Ekintzak eta programak aldatzea.

1.– Hasieran onartutako sustapen-programaren aldaketak aurkeztu ahalko ditu onuradunak, bi motatakoak, hain zuzen:

a) aldaketa handiak, hau da, aldaketa txikiak ez direnak.

b) aldaketa txikiak, hau da, atal honen 5. puntuan jasotzen diren xehetasunak dituztenak.

2.– Aldaketa guztiak behar bezala justifikatu eta jakinarazi beharko dira.

3.– Ez da aldaketarik onartuko, baldin eta:

a) Programa onartzeko aurkeztu ziren helburu orokorrak aldatzen badituzte.

b) Onartzeko baldintzetan aldaketarik sortzen badute.

c) Onartutako edo aldatutako programaren aurrekontua murrizten badute, % 20tik gorako aldea eraginez.

d) Programaren egikaritza atzeratzen badute.

e) Lehenespen-fasean laguntza-eskabideak jaso zuen puntuazioan aldaketa eragiten badute, hain zuzen, eskabideak onartuak izateko gutxieneko puntuazioaren azpitik geratzea ekarriko zukeena.

4.– Onuradunak azpi-ekintza egin baino gutxienez 15 egun lehenago aurkeztu beharko ditu aldaketa handiak. Edonola ere, aldaketa-eskabidea aurkezteko azken eguna 2025eko azaroaren 15a izango da.

Elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak ebaluatuko ditu aurkeztutako aldaketa handien eskabideak, eta horien emaitza onuradunei jakinaraziko die, bi hilabete baino lehen.

Jakinarazpen hau indibidualki egin ahalko da aldaketa bakoitzerako, edo multzoan aurkeztutako aldaketa guztietarako.

Azpi-ekintza bat ez gauzatzea aldaketa handitzat hartuko da beti.

5.– Aldaketa txikiek ez dute agintaritza eskudunaren aldez aurreko baimena behar. Azpi-ekintza egin baino gutxienez 15 egun lehenago jakinarazi beharko dira. Edonola ere, aldaketa-eskabidea aurkezteko azken eguna 2025eko azaroaren 15a izango da.

Aldaketa txikitzat joko dira onartutako programa baten azpi-ekintzen arteko finantza-transferentziak, onartutako edo aldatutako zenbatekoaren gehienez % 20ra arte.

6.– Oinarri honetan xedatutakoa gorabehera, organo eskudunak salbuespenez baimena eman dezake aurreko apartatuetan adierazitako baldintzekin bat ez datozen aldaketak egiteko, ezinbesteko kasuetan edo salbuespeneko inguruabarretan. Salbuespenezko inguruabarrak edo ezinbesteko kausak daudela aitortu ahal izango da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorrita.

7.– Onartutako edo aldatutako aurrekontuak aldatzea dakarten aldaketen ondorioz, emandako dirulaguntza egokitu egin beharko da.

8.– Onartutako aurrekontuak gehitzea dakarten aldaketek ez dute ekarriko onartutako dirulaguntza handitzea.

9.– Onuradunak bere horretan mantenduko du egikaritze onaren bermea gordailutzeko betebeharra, hasierako dirulaguntzaren gainean kalkulatutako zenbatekoen arabera.

13. oinarria.– Finantzaketa.

1.– Sustapen eta komunikazioko ekintzetarako Europar Batasunak izango duen finantza-laguntza ezin izango da izan diruz lagun daitezkeen gastuen % 50etik gorakoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 Erregelamenduaren (EB) 59.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Onuradun bakoitzak eskatutako laguntzaren gehieneko zenbatekoa ezin izango da izan sustapeneko esku-hartzera bideratutako aurrekontu osoaren ehuneko 5 baino handiagoa, dagokion finantza-ekitaldirako mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren finantzaketa-fitxa kontuan hartuta.

14. oinarria.– Aurrerakinak.

1.– Onuradunak aurrerakina jasotzeko eskabidea aurkez diezaioke Eusko Jaurlaritzan elikagaien industrien arloko eskumena duen zuzendaritzari. Aurrerakin hori, gehienez ere, Europar Batasunaren urteko ekarpenaren zenbatekoaren ehuneko 80 izan daiteke.

2.– Aurrerakina emateko, onuradunak berme bat eratu behar izango du, gutxienez aurrerakinaren zenbateko berean, Eusko Jaurlaritzako organismo ordaintzailearen alde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 Erregelamenduaren (EB) 64. artikuluaren eta Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/127 Erregelamendu Delegatuaren (EB) IV. kapituluaren arabera, zeinak osatu egiten baitu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 Erregelamendua (EB), erakunde ordaintzaileei eta beste organo batzuei, finantza-kudeaketari, kontuen likidazioari, bermeei eta euroaren erabilerari buruzko arauekin. Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailutuko dira bermeak.

15. oinarria.– Ordainketak.

1.– Europar Batasunaren urteko ekarpena ordainketa bakarrean edo bitarteko ordainketen bidez jasotzeko eskatu ahal izango da. Egindako eta ordaindutako ekintzei edo azpi-ekintzei buruzkoak izango dira eskabideak. Ordainketa-eskabide guztiak, aurrerakinen eskabideak salbu, onargarriak izateko, V. apartatuko 3. puntuan deskribatutako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira.

Bitarteko ordainketek eta aurrerakinaren ordainketak ezin izango dute guztira gainditu Europar Batasunaren ekarpenetik eratorritako diru-erabilpenen guztizkoaren % 80, hasieran onartutako edo aldatutako programaren aurrekontuari dagokionez.

2.– Ordainketa guztiak banku-kontu baten bitartez egingo dira, eta kontu hori xede horretarako baino ez da erabiliko.

3.– Bitarteko ordainketen eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztu behar zaizkio, lau hileko aldi bakoitzaren osteko hurrengo hilabetea bukatu baino lehen, urtarrilaren 1etik aurrera.

Bitarteko ordainketek eta urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 70. artikuluan aurreikusitako aurrerakinaren ordainketak ezingo dute guztira gainditu Europar Batasunaren ekarpen osoaren ehuneko 80.

4.– Urteroko bakoitzaren ekintzak bukatu ondoren, eta otsailaren 15a baino lehen, onuradunak laguntzaren azken ordainketa eska dezake Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan aurrean.

5.– Elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak edota Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak, gehienez, 90 egun balioduneko epean egingo dute ordainketa, ordainketa-eskabidea osorik jasotzen duten egunetik hasita. Epe hori eten egin ahal izango da elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak egindako jakinarazpenaren bidez, baldin eta informazio gehiago jasotzea edo egiaztapenen bat egitea beharrezkoa dela iritziz gero.

6.– Ordainketa-eskabide guztiekin batera, auditoretza-txosten bat aurkeztuko da, eta, han, epigrafe honen hurrengo apartatuan oro har adierazten diren egiaztapen guztiak jasoko dira gutxienez. 150.000 euroko edo hortik gorako dirulaguntza onartua duten programak badira, txostenak finantza-egoerari buruzko ziurtagiri baten tankera izango du.

Auditoretza-txosten horretan eta finantza-egoeren ziurtagirian, zehaztuko da zer-nolako egiaztapenak egin diren, eta adieraziko dira onuradunak laguntza jaso ahal izateko betekizunak eta arau aplikagarriak betetzen ez dituela pentsarazten duten gertakari eta salbuespen guztiak. Beraz, informazio hori zehatz eta argi eman beharko da, organo kudeatzaileak modua izan dezan hurrengo apartatuan adierazten diren puntuen gaineko erabakia hartzeko. Betiere, egiaztatutako atal guztietan ateratako ondorioak adieraziko dira, bai eta ez-betetzeak edo aukeratu ezineko gastuak zein diren ere.

Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako kontu-auditore batek egingo ditu bai auditoretza-txostena bai finantza-egoeren ziurtagiria, Kontu Auditoretzaren uztailaren 20ko 22/2015 Legearen 27. artikuluan adierazitako finantza-bermea ematearren, eta egokiro frogatu beharko du proposatutako gastuak diruz laguntzeko modukoak eta benetakoak direla.

7.– Auditoretza-txostenetan eta finantza-egoeren ziurtagirietan, oro har, honako hauek egiaztatu behar dira:

a) Onuradunak egiazki izandako gastuak izango dira, edo onuradunak erakunde antolatzaile baten esku utzi badu informazio- edo komunikazio-programaren edo haren zatiren baten aplikazioa, erakunde horrek izandako gastuak izan behar dira.

b) Onartutako programaren aurrekontuan agintari eskudunek diruz laguntzeko modukotzat jotzen dituzten gastuak izango dira, programa gauzatzeko beharrezkoak direnak, agintari eskudunak sustapen-programako indarreko azken ebazpenean onartutakoari jarraituz.

c) Aurkeztutako gastuen faktura eta egiaztagiri guztiak bat datoz aplikatzekoa den legeria fiskal eta sozialaren eskakizunekin.

d) Onuradunak bere gain hartutako gastuak egiaztatzen dituzten jatorrizko fakturak dauzka, eta enpresaren erregistroetan daude adierazita.

e) Justifikatzen diren gastuak ordaintzeko, kontu bakar eta esklusiboa erabili da.

f) Ordaintzeko erabilitako kreditu-txartelak kontu bakar eta esklusibo horri lotuta daude.

g) Onuradunak kontu bakar eta esklusiboaren banku-laburpena aurkeztu du, eta, han, jasota daude justifikatutako ordainketa guztiak, laguntza ordain dakiola eskatzeko oinarri direnak.

h) Hirugarrenen bati edo zerbitzu-hornitzaileei azpikontratatutako sustapeneko ekintzak eta azpi-ekintzak justifikatuta daude zein bere fakturarekin eta benetan egindako ordainketaren agiriarekin.

i) Justifikatutako sustapeneko ekintza eta azpi-ekintza guztiak egin dira aldi hautagarriaren barruan, hau da, 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra.

j) Egindako sustapeneko azpi-ekintzetan izandako joan-etorrien bidaia-txartelak edo ontziratze-txartelak aurkeztu dira, oroharreko prezioan aurkeztutako dietenak izan ezik.

k) Egindako sustapeneko azpi-ekintzek euskarri teknikoak dituzte: CDak, argazkiak, liburuxkak, bideoak, prentsa-oharrak, dastaketa-koadernoak, edo antzekoak, bai eta erabilitako sustapen-materiala helmugara heldu delako ebidentziak ere.

l) Langileen gastuak egiaztagirietan justifikatu dira, kontuan hartuta urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 68. artikuluan eta XXVII. eranskinean adierazitakoa.

m) Aurkeztutako administrazio-gastuetarako, kontuan hartu da urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 68. artikuluan eta XXVII. eranskinean adierazitakoa.

Berrikusitako faktura guztien zerrenda beharko da, eta, hala badagokio, gorabeherak edo diruz laguntzeko modukotzat hartzen ez diren zenbateko partzialak edo guztizkoak adierazita.

Eta 150.000 euroko edo hortik gorako dirulaguntza-eskabideen kasuan, finantza-ziurtagirietan, gainera, honako hauek egiaztatu beharko dituzte:

a) Proposatutako gastuak identifikagarriak eta egiaztagarriak dira: esaterako, kontsignatuta daude sustapen-ekintzak egiten dituen onuradunaren edo erakundearen kontabilitatean, eta zehaztuta daude onuradunari edo erakundeari aplika dakizkiokeen kontabilitate-arauen arabera.

b) Proposatutako gastuak zentzuzkoak eta justifikatuak dira, eta finantza-kudeaketa onaren irizpidea betetzen dute, bereziki ekonomian eta efizientzian.

8.– Era berean, ekintzak teknikoki justifikatzeko, onuradunari eska dakioke sustapen-ekintzak egin izana egiaztatzeko frogabideak aurkezteko.

9.– Oro har, tributuak ezin dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu ez baditu onuradunak benetan ordaindu. Inoiz ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura edo konpentsa daitezkeen zeharkako zergak. Beraz, finantzaketatik kanpo geratuko dira BEZa (balio erantsiaren gaineko zerga) eta IGICa (Kanarietako zeharkako zerga orokorra), kengarriak diren heinean.

10.– Ordainketa-eskaera kasu honetan soilik eman ahal izango da ontzat: onuradunak egiaztatzen duenean egunean dituela zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharra ere.

11.– Onuraduna elkarte bat izanez gero, ez da dirulaguntzarik ordainduko, baldin eta elkarteko kideren batek aurreko puntuan ezarri diren betebeharrak egunean ez baditu.

16. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Orokorrean, diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira diruz lagundutako azpi-ekintzaren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, dagokion programaren egikaritza-epean zehar egiten direnak eta onuradunak ordainketa-eskabidea baino lehen ordaintzen dituenak, organo eskudunak ezar ditzakeen salbuespenak salbuespen.

2.– Halaber, diruz lagunduko dira:

a) Onuradunaren administrazio-gastuak, betiere egindako programaren kostu diruz lagungarri guztien % 4 gainditzen ez badute. Gastu horien barruan sartuko dira onuradunaren gastuak, esaterako administrazio eta kudeaketako gastuak (barneko informatika-gastuak, adibidez), idazkaritza-gastuak, kontabilitatea, korrespondentzia, alokairua, komunikazioak, kontsumo arruntak (ura, gasa eta elektrizitatea), mantentze-gastuak eta, hala badagokio, finantza-egoeren ziurtagirien gastuak, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 70.8 artikuluan jasotakoaren arabera.

Gastu horiek diruz laguntzeko, programaren aurrekontuan partida bereizi moduan aurreikusi behar dira. Justifikatzeko, onuradunak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, onartutako programan egindako gastu horiek egiaztatzen dituena.

Finantza-egoeren ziurtagiriari buruzko kanpoko auditoretzen kostuak diruz lagundu ahalko dira, baldin eta kanpoko erakunde independente eta kualifikatu batek egin baditu.

b) Onuradunak egindako langile-gastuak, filialen bidez, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 31.7 artikuluaren arabera, edo agintaritza eskudunaren baimenaren ostean, ekoizleen erakunde bateko kide den kooperatiba baten aldetik, baldin eta finantza-programa zehatz bat prestatu, egikaritu edo haren jarraipena egitearekin lotuta eratu badira.

Langileen gastu horien barruan sartuko dira, besteak beste, onuradunak kontratatutako langileen gastuak eta langile iraunkorrek programa betetzen egiten dituzten lanorduekin lotutako gastuak.

Onuradunak kasuan kasuko programarekin lotuta benetan egindako lanak zehazten dituzten egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Programa jakin batekin lotutako langileen gastuaren balioa modu independentean ebaluatu eta egiaztatu beharko da, eta ez da izango zerbitzu-mota horretako merkatuko prezio arruntak baino altuagoa.

Onuradunen langile iraunkorrek programa egikaritzearekin lotuta egiten dituzten langile-gastuak zehazte aldera, aplikatu beharreko tarifa kalkulatuko da, honako eragiketa honen bidez: programa egikaritzen lan egindako horien artean dokumentatutako urteko azken soldata-gastuak zati 1.720 ordu. Lanaldi partzialen kasuan, modu proportzionalean zehaztuko da.

Langileen gastuen batura ezingo da izan gauzatutako ekintzen diruz lagun daitezkeen kostu guztien % 20 baino gehiago. Ondorioz, gastu horiek behar bezala banakatuta agertu beharko dira aurkezten den programaren aurrekontuan.

Gastu horiek eta beste zenbait diruz laguntzeko baldintzak urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XXVII. eranskinean jasota daude.

3.– Gastu bat diruz lagunduko da:

a) baldin eta gastua eragiten duen sustapeneko azpi-ekintza programaren urtealdian egin bada, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta

b) baldin eta onuradunak justifikazio-epea bukatu baino lehen ordaindu badu gastua, hau da, otsailaren 15a baino lehen.

4.– Aitzitik, ezingo dira diruz lagundu urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XXVIII. eranskinean aipatutako kostuak.

17. oinarria.– Laguntza murriztea osorik ez egikaritzeagatik.

1.– Egiaztatzen bada ez dela egikaritu onartutako, edo, kasua bada, aldatutako laguntza-eskabidean jasotako azpi-ekintzaren bat, oinarri honetan ezarritakoa kontuan hartuta ordainduko da laguntza.

2.– Ezinbesteko kausak edo salbuespeneko inguruabarrak direla-eta azpi-ekintza bat edo gehiago gauzatu ez bada, amaierako laguntza murriztuko da proportzio berean, hau da, osorik egikaritu diren banakako azpi-ekintzei dagokien zenbatekoa baino ez da ordainduko.

3.– Ezinbesteko kausak edo salbuespeneko inguruabarrak ez diren arrazoiak direla-eta azpi-ekintza bat edo gehiago egikaritu ez bada, baina eragiketaren/programaren amaierako helburu orokorra bete bada, amaierako laguntza penalizazioz murriztuko da, hasierako edo aldatutako laguntza-eskabidearen barruan dauden eta osorik egikaritu ez diren azpi-ekintzei dagokien zenbatekoaren % 100 kenduta. Hau da, emango den laguntza kalkulatzeko, osorik egikaritu diren banakako azpi-ekintzen zenbatekoari penalizazio hori aplikatuko zaio, eta horren emaitza izango da ordainduko dena.

4.– Ezinbesteko kausak edo salbuespeneko inguruabarrak ez diren arrazoiak direla-eta azpi-ekintza bat edo gehiago gauzatu ez bada, eta, gainera, eragiketaren/programaren amaierako helburu orokorra bete ez bada, ez da dirulaguntzarik emango.

5.– Murrizketa horiek aplikatuz gero, banakako azpi-ekintzengatik laguntzak ordaindu badira, azpi-ekintza horien zenbatekoak eta dagozkien interesak itzultzeko eskatuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

18. oinarria.– Bermeak kentzea.

1.– Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 79. artikuluan aurreikusitako bermea kenduko da, baldin eta organo ordaintzaileak egiaztatzen badu betebehar guztiak bete direla eta ondorioztatzen badu aurrerakina baxuagoa dela Batasunak programa honetara bideratutako ekarpenaren benetako gastuak baino.

2.– 11.2 oinarrian aipatzen den bermea, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 66. artikuluan jasotzen dena, azken ordainketa egin arte egongo da indarrean, eta autonomia-erkidegoko erakunde ordaintzaileak berme hori ezereztea erabakitzen duenean kenduko da.

19. oinarria.– Onuradunen betebeharrak, Europako funtsen bidezko finantzaketaren informazioa eta publizitatea.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

2.– NPEPEaren eta Europako laguntzaren informazio-, publizitate- eta ikusgarritasun-betekizunak betetzen direla bermatzeko, zeinak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 123. eta 124. artikuluetan jasota baitaude, honako hauetan eman beharko dute NPEPEaren laguntzaren berri:

a) onuradunaren webgune ofizialean, halakorik edukiz gero, eta sare sozialetako kontu ofizialetan jardunaren deskribapen laburra egingo dute, laguntzaren mailaren proportzioan, helburuak eta emaitzak adierazita, eta Europar Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduta.

b) herritarrei edo parte-hartzaileei zuzendutako eta jardunaren betearazpenarekin lotutako komunikazio-arloko agiri eta materialetan, adierazpen bat jarriko dute erraz ikusteko moduko toki batean, eta hor zehaztuko dute Europar Batasunaren laguntza jaso dutela.

Ikurra nabarmenduta agertu beharko da herritarrei jardunen berri emateko prestatzen diren komunikazio-material guztietan, hala nola produktu inprimatuetan eta digitaletan, webguneetan eta horien sakelakoetarako bertsioetan. Ikurrarekin batera honako azalpen hauetako bat agertu beharko da, kasuan kasukoa: «Europar Batasunak finantzatua» edo «Europar Batasunak modu bateratuan finantzatua».

20. oinarria.– Materiala egiaztatzea.

Laguntzaren onuradunek ziurtatu beharko dute programen esparruan sustapenerako eta komunikaziorako prestatutako materiala bat datorrela bai Europar Batasuneko araudiarekin bai programa garatuko den hirugarren herrialdeko legediarekin. Horretarako, onuradunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari eta, han, adierazi beharko du materiala egokia dela, behar den araudi aplikagarria betetzen dela eta hartzaileak hirugarren herrialdean erabilitako sustapen-materiala helmugara heldu delako ebidentziak badaudela, helmugako herrialdeaz beste merkatu batean erabil ahal bada behintzat.

21. oinarria.– Bateraezintasuna.

1.– Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak bateraezinak izango dira xede bereko beste edozeinekin, eta, bereziki, «Lehiatu Sustapena» laguntzen programan aurreikusitako laguntzekin.

2.– Halaber, deialdian jasotako laguntzak 905/2022 Errege Dekretuaren 81. artikuluan ezarritako bateragarritasun-arauen bidez arautuko dira (905/2022 Errege Dekretua, urriaren 25ekoa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen duena). Zehazki, ezin izango dira laguntza hauen kargura finantzatu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren babesean LGENF funtsaren bidez finantzatutako neurriak edo esku-hartzeak, ezta Europar Batasuneko finantza-tresnek finantzatutako beste neurri batzuk ere, eta laguntza horiek ezin izango dira inola ere metatu edo osatu Eusko Jaurlaritzak edo foru-aldundiek helburu bererako finantzatutako beste edozein laguntzarekin.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala