Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2024ko abuztuaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
3905

AGINDUA, 2024ko uztailaren 26koa, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzeko eta beste batzuk kentzeko.

Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera, honako hauek behar dira unibertsitate-titulu ofizialak irakatsi ahal izateko: nahitaezko eta aldeko txostena egitea autonomia-erkidego eskudunak unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko duen behar eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruz; dagokion kalitate-agentziak aldeko txostena egitea ikasketa-planaren memoriaren kalitatea egiaztatzeko; Unibertsitate Kontseiluak ikasketa-plana egiaztatzea; eta autonomia-erkidegoak hura ezartzeko baimena ematea.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan arautzen da nola egokitu ikasketak goi-mailako irakaskuntzaren Europako esparrura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek beharrezkoak diren egokitzapenak egingo dituzte ikasketa-planetan eta kreditu- eta balorazio-sistemetan, eta, horiekin batera, behar diren neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzaren Europako sisteman sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.

Ikasketa ofizialak nola ezarri araututa dago Unibertsitate-ikasketen antolamendua eta horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan eta Gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuan.

822/2021 Errege Dekretuaren 26. artikuluak arautzen du ikasketa ofizialen ikasketa-planak egiaztatzeko prozedura. 3. puntuaren arabera, autonomia-erkidegoek, beren lurralde-eremuko unibertsitate-programazioari eta titulazio ofizialen mapa antolatzeari buruzko eskumenak baliatuz, nahitaezko txosten bat egingo dute unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko behar eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruz, egiaztatze-prozedura hasi aurretik. Prozedura honetan, baimendu beharreko titulazio guztiek lortu dituzte proposatutako tituluen behar eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko aldeko txostenak, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariaren eskutik.

Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluan dago araututa zer prozedura bete behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, Hezkuntza Sailak agindu-proposamena prestatu behar du, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak aldeko txostena egin dio, 2024ko ekainaren 26an, 2024-2025eko ikasturterako gradu eta masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko eta kentzeko proposamenari, zeina Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aurkeztu baitzuen.

Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak edo ebaluazio-agentzia eskudunak, 822/2021 Errege Dekretuaren 26. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan xedatutakoarekin bat, Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko proposamenen aldeko egiaztatze-txostena egin du (I. eta II. eranskinak), baita III. eranskinean jasotako titulazio ofizialak kentzearen aldekoa ere.

Unibertsitate Kontseiluak ebatzi du baieztatzea I., II. eta III. eranskinetan zerrendatutako gradu, eta master unibertsitate-irakaskuntza ofizialei dagozkien ikasketa-planak.

Horrenbestez, Gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuta, eta 2024ko uztailaren 24ko bilkuran Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari aurkeztu ondoren, jakinaren gainean eta informatuta egon daitezen, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I., II. eta III. eranskinetan zerrendatzen diren unibertsitateko gradu eta masterreko irakaskuntza ofizialak ezartzeko eta kentzeko.

2. artikulua.– Irakaskuntza horiek abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 18.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz kendu beharko dira (dekretu horren bidez arautzen da nola ezarri eta kendu behar diren gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak).

lehenengo xedapen gEHIGARRIA

Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraztea, azken horrek Gobernuari igor diezaion tituluei ofizialtasuna emateko proposamena, eta tituluak Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskriba daitezen; eta agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Unibertsitate-titulu ofizialen egiaztapena berritzeko, aintzat hartuko dira Unibertsitate-ikasketen antolamendua eta horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren 34. eta 35. artikuluak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 26a.

Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ iGLESIAS.

I. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO GRADUKO TITULU OFIZIALAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO MASTERREKO TITULU OFIZIALAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
TITULU OFIZIALAK KENTZEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala