Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2024ko abuztuaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3894

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 18koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitu eta Onartzeko Arautegia.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, 2024ko uztailaren 18ko osoko bilkuran, eta Graduko Batzordearen proposamenari jarraituz, UPV/EHUko Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitu eta Onartzeko Arautegia.

UPV/EHUren Estatutuetako 187.1.d) artikuluak idazkari nagusiari esleitzen dio UPV/EHUko erabaki guztien publizitatea bermatzeko eginkizuna. Bestalde, 39/2015 Legeko 131. artikuluak xedatzen du arautegi eta xedapen administratiboak kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu beharko direla, indarrean jarri eta ondorio juridikoak izan ditzaten, bat etorrita Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak dioenarekin 10. artikuluan.

Horregatik guztiagatik, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Bidaltzea UPV/EHUko Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitu eta Onartzeko Arautegia, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2024ko uztailaren 18an onartua, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua izan dadin, eranskinean jasota dagoen moduan.

Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta, kontra egiteko, aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio ebazpena eman zuen organoari hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio ordena horretako epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita epe biak. Edozelan ere, ezingo dira jarri bi errekurtsoak aldi berean.

Leioa, 2024ko uztailaren 18a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

Proposamena: aldatzea Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitu eta Onartzeko Arautegia, UPV/EHUk 2012ko maiatzaren 16an onartua
ARRAZOIEN AZALPENA

Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitu eta Onartzeko Arautegia 2012ko maiatzaren 16an onartu zuen UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, eta 2012ko ekainaren 19an argitaratu zen EHAAn. Harrez gero, aldaketa garrantzitsuak egon dira ikasketen erregulazioan, eta, beraz, beharrezkoa da arautegia eguneratzea.

Irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak unibertsitate ikasketen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen ditu, eta xedatzen du unibertsitateko gradu eta master ofizial guztiak dekretu horren beraren I. eranskinean agertzen diren jakintza eremuetakoren batean sailkatu beharko direla. Era berean, dekretuak dio graduko oinarrizko prestakuntzako kredituen erdiak, gutxienez, tituluaren jakintza eremuari lotuta egongo direla.

Bestalde, dekretuak aldatu ditu Unibertsitate titulu ofizialen kreditu akademikoak aitortzeko eta transferitzeko prozedurak. Horiek urriaren 29ko 1394/2007 Errege Dekretuak ezarri zituen, unibertsitate ikasketa ofizialen antolaketa ezarri zuenak. Dekretu hori indargabetua dagoelarik, dekretu berriaren arabera, aurrerantzean aitortuko dira «hasta la totalidad de los créditos de formación básica entre los título del mismo ámbito de conocimiento». Horretaz gain, honako hau dio dekretu berriak: «Serán objeto de estos procedimientos los créditos del resto de materias y asignaturas entre títulos del mismo ámbito de conocimiento o de ámbitos diferentes, siempre atendiendo a la coherencia académica y formativa de los conocimientos, las competencias y las habilidades que definen las materias o asignaturas a reconocer con las existentes en el plan de estudios del título al que se quiere acceder.»

Beraz, graduko ikasketen kredituak aitortzeko prozedurei begira, oso garrantzitsua da titulazioak eta haien oinarrizko prestakuntza zein jakintza eremutan sailkatzen diren Horrela, gertatuko da orain arte jakintza adar berekoak ziren titulazio batzuk –eta, beraz, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera beren artean gutxieneko kreditu kopuru baten aitorpena bermatuta zutenak– aurreratzean eremu desberdinetakoak izatea, eta, hortaz, ez izatea bermatuta gutxieneko kreditu kopuru horren aitorpena.

Ikastegiek hartutako eta Graduko Batzordeak berretsitako erabakiaren arabera, UPV/EHUko graduak errege dekretuko jakintza eremuetan sailkatu dira, eta, beraz, haien oinarrizko prestakuntza ere titulazioaren eremuari lotu zaio.

Horrenbestez, unibertsitateak egokitu egin behar du graduko ikasketen kredituak aitortzeko arautegia, ikasleei kalterik ez egitea eragotziz, eta bermatuz egoera akademiko berdinei tratu bera emango zaiela.

Horretarako, orain arte graduen artean aplikatu diren kreditu aitorpenak –hau da, ikasketak eta irakasgaiak jakintza eremuetan sailkatu artean aplikatu direnak– berdin aplikatuko dira aurrerantzean ere. Hala egingo da orokorrean, titulazioen ardura duten ikastegiek beste irizpideren bat erabili beharra justifikatzen duten kasuetan izan ezik.

Halaber, irakasgai bat batera ematen bada gradu batean baino gehiagotan, edo graduak ezarri zirenetik inoiz batera eman bada, titulazio horien ardura duten ikastegiek aitortu egin beharko dute, nahiz eta orain eremu desberdinetan sailkatuta egon titulazio bakoitzean.

Edozelan ere, arautegia 822/2021 Errege Dekretura egokitzean ikasleei kalterik ez egiteko, orain arte graduetan egin diren kreditu aitorpenak aurrerantzean ere aplikatuko dira.

Azkenik, kirol jarduerei buruzko II. eranskina ere eguneratu beharra dago, UPV/EHUn benetan egiten diren jardueretara egokitzeko.

Horregatik guztiagatik,

ALDAKETA HAU PROPOSATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatzea Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitu eta Onartzeko Arautegia, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzean onartua.

Honela aldatuko da Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitu eta Onartzeko Arautegia, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzean onartua:

1.– Honela geratuko da 6. artikuluaren 2. atala:

6.2.– artikulua.– UPV/EHUko ikastegiek beren batzorde akademikoek proposaturiko aitorpen automatikorako taulak onetsiko dituzte, hala egiterik dagoenean. Taulak etengabe eguneratuko dira, aldaketak sortu ahala, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz. Ikastegietan ezagutzera eman beharko dira bai hasierako taulak, bai eguneratzeak.

Gradu batean baino gehiagotan batera eman diren edo graduak ezarri zirenetik inoiz batera eman diren irakasgaiak aitorpen automatikorako tauletan jarriko dira, eta automatikoki aitortuko dira, jakintza eremu desberdinetan sailkatuta egon arren.

2.– Honela geratuko da 7. artikulua:

7. artikulua.– Ikasleak unibertsitateko ikasketa ofizialetan lortutako kredituak.

1.– Oinarrizko prestakuntzaren aitorpena graduetan.

822/2021 Errege Dekretuko 10.9 artikuluari jarraikiz, oinarrizko prestakuntzako kreditu guztiak aitortuko dira jakintza eremu bereko tituluen artean. Honela egingo da oinarrizko prestakuntzako kredituen aitorpena graduetan:

a) Jatorrizko titulazioa eta xede titulazioa jakintza eremu berekoak badira, 240 ECTS dituzten graduetan ikasleari oinarrizko prestakuntzako kreditu guztiak aitortu ahal izango zaizkio, eta, gutxienez, mota horretako 36 kreditu aitortuko zaizkio. Gutxieneko hori 37,5 eta 45 ECTS izango da 300 eta 360 ECTS dituzten graduetan, hurrenez hurren.

b) Jatorrizko titulazioa eta xede titulazioa jakintza eremu desberdinetakoak badira, ikasleari aitortuko zaizkio xede titulazioaren jakintza eremu berekoak diren jatorrizko titulazioko oinarrizko prestakuntzako irakasgaiak.

c) Era berean, jatorrizko titulazioko oinarrizko irakasgaiak aitortu ahal izango dira, ez a) ez b) atalekoak ez izan arren, haien gaitasunen eta edukien % 70 gutxienez bat badatoz xede titulazioko irakasgaienekin.

d) Oinarrizko prestakuntzako kredituak aitortu ahal izango dira oinarrizko prestakuntzako, nahitaezko edo hautazko kreditu gisa xede titulazioan.

2.– Nahitaezko irakasgaietan gainditutako kredituak:

Titulazioko nahitaezko irakasgai espezifikoetako kredituak aitortuko dira, xede titulazioko irakasgaien gaitasun eta ezagutzekin bat badatoz.

1. eta 2. ataletan aipatutako kasuetan, irizpide hauek erabiliko dira aitorpenerako:

a) Lanbide arautuetarako sarrera izateagatik Gobernuak zehaztutako baliozkotze baldintzak dituzten ikasketetan, ministerioaren aginduak zehaztutako irakasgai edo moduluetako kredituak aitortuko dira.

b) Titulu guztietan aitortuko dira antzeko eta maila bertsuko gaitasunak ematen dituzten eta, izaeraz eta neurriz, edukien % 75 gutxienez berdina duten ikasketak. Antzekotasuna ez da derrigor irakasgaika bilatu beharko; moduluka bilatu ahal izango da, edo, halakorik ezean, antzekoak izateagatik aitorpenerako aukera ematen duten irakasgai multzoetan. Era berean, ez da beharrezkoa izango irakasgaiak mota berekoak izatea (oinarrizkoak, nahitaezkoak edo hautazkoak).

3.– Hautazko irakasgaietako kredituak: aitortuko dira tituluko gaitasunen antzeko eta maila bertsuko gaitasunak ematen dituzten irakasgaietako kredituak, nahiz eta edukiak berdinak ez izan.

4.– Kanpoko Praktiketako kredituak: Kanpoko Praktiketako kredituak aitortuko dira tituluan eskatzen diren praktiken iraupen bera edo handiagoa badute eta tituluan eskatzen direnen antzekoak badira, motaz eta izaeraz.

5.– Diziplinarteko, nazioarteko eta unibertsitate arteko ikasketetan gainditutako kredituengatik hautazko kredituak aitortu ahal izango dira xede titulazioan, programen arautegian ezarritakoari arraituz.

3.– II. eranskina honela geratuko da:

II. ERANSKINA
KIROL EKINTZAK

Kirol ekintzen bidez kredituak aitortu ahal izango dira, UPV/EHUko Kirol Zerbitzuaren campus bakoitzeko eskaintzan aukera hori zehaztuta dagoen kasuetan. Eskaintza irailaren hasieran argitaratuko da urtero, eta ikasturte bereko urtarrilean argitaratuko denarekin osatuko da.

Ikasturte bakoitzean gehienez 3 ECTS lortu ahal izango dira. Kirol ekintza batean baino gehiagotan parte hartu ahal izango da, eta merezimendu guztiak pilatu ahal izango dira, ikasturte berean egiten badira (ezin izango dira urte desberdinetakoak batu).

1.– Jarduera fisikoak eta kirola.

UPV/EHUko Kirol Zerbitzuak antolatutako edo onetsitako kiroletan parte hartzen duten ikasleek 3 kreditu eskuratu ahal izango dituzte, gehienez, ikasturte bakoitzean. Kreditu bat emango zaie 25 saioko, eta 0,5 kreditu 13 saioko.

Saio bakoitzak gutxienez 50 minutu iraun beharko du.

Gehienez astean bi saio hartuko dira kontuan, eta egun desberdinetan egin beharko dira.

2.– Naturan egindako jarduerak.

Ingurumenaren zaintzarekin, gozamenarekin eta ezagutzarekin zerikusia duten jardueretan eta ingurumenari lotutako kiroletan parte hartzeagatik, ikasleek bi kreditu lortu ahal izango dituzte, gehienera, ikasturte bakoitzean. Kreditu bat emango zaie 25 orduko, eta 0,5 kreditu 13 orduko.

3.– Lehiaketak eta ekitaldiak.

Kredituak emateko, jokatutako partida edo jardunaldi kopurua hartuko da kontuan.

Beheragoko fasean lortutako merezimenduak hurrengo fasekoekin batu ahal izango dira.

Ikasturte bakoitzean gehienez 3 ECTS lortu ahal izango dira.

a) Ikasleek parte hartzen badute Kirol Zerbitzuak beren campusean antolatutako edo onetsitako txapelketetan, kreditu bat lortuko dute ikasturte bakoitzean, gehienez ere, kirol modalitate bakoitzeko.

b) Campuseko txapelketetatik gorako faseetara pasatzeko txapelketetan parte hartzeagatik, kreditu bat eskuratuko dute, gehienez, kirol modalitate bakoitzeko.

c) Unibertsitate arteko estatuko txapelketetan parte hartzeagatik, kreditu bat eskuratuko dute kirol modalitate bakoitzeko. Gainera, urrezko, zilarrezko edo brontzezko domina eskuratuz gero, beste bi kreditu lortuko dituzte.

d) Unibertsitate arteko nazioarteko txapelketetan parte hartzeagatik, kreditu bat eskuratuko dute kirol modalitate bakoitzeko.

e) UPV/EHUn goi mailako unibertsitate kirolari aitorpena daukaten ikasleek hiru kreditu eskuratu ahal izango dituzte ikasturte bakoitzean.

f) Aurreko ataletan jasota ez dauden kirol jarduerengatik kredituak eskuratzeko, interesdunek kasuan kasuko federazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, non zehaztuta egon beharko den zein mailatan lehiatzen diren.

Gehienez ere hiru kreditu eskuratu ahal izango dituzte ikasturte bakoitzean.

Baliokidetza taula:

(Ikus .PDF)

1.– Ikastaroak.

Ikasleek bi kreditu lortu ahal izango dituzte, gainera, ikasturte bakoitzean, kirol baten teknikak lantzeko ikastaro, mintegi edo biltzarretan parte hartzeagatik, UPV/EHUko Kirol Zerbitzuak antolatuak badira edo kirol federazioen edo Eusko Jaurlaritzan edo Kirolen Goi Kontseiluan erregistratutako pareko erakundeen onespena edo bermea badute. Kreditu bat emango zaie 25 orduko, eta 0,5 kreditu 13 orduko.

Nahitaezkoa izango da eskolen % 85era joatea eta ebaluazio proba gainditzea, halakorik balego.

2.– Laguntzaileak.

UPV/EHUko Kirol Zerbitzuak antolatutako edo onetsitako jardueretan laguntzen duten ikasleek bi kreditu eskuratu ahal izango dituzte, gehienez, ikasturtean. Saio bategatik 0,5 kreditu emango zaie, eta bi saiogatik, kreditu bat.


Azterketa dokumentala