Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2024ko abuztuaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3893

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 5ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Ingeniaritza Energetikoa Sailaren Arautegiaren aldaketa argitaratzeko agindua ematen duena.

2024ko urtarrilaren 15ean, Ingeniaritza Energetikoa Saileko Kontseiluak barne arautegia aldatzea onartu zuen, jakintza arlo guztiak sartzeko, kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako teknikarien ordezkaritza Kontseiluan aldatzeko, lehenengo eta bigarren deialdien artean 15 minututako epea ezartzeko, Zuzendaritzaren agintaldiaren iraupen berria finkatzeko eta bertan behera geratu ziren xedapen iragankorrak ezabatzeko.

Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du.

Hainbat aldaketa egin behar direnez, proposatu da testu berri bat onartzea eta egungo erregelamendua indargabetzea.

Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.3 artikuluari jarraituz, UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio sailen arautegien aldaketak onartzea, Gobernu Kontseiluak horretarako eskumenak eskuordetuta, baldin eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez. Eskuordetza hori dela bide, eta bere eskumenak erabiliz, UPV/EHUko idazkari nagusiak honako txosten hau aurkezten dio Gobernu Kontseiluari.

Horregatik guztiagatik,

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Ingeniaritza Energetikoa Sailaren Arautegiaren aldaketa, eranskinean jasotzen den moduan, onartzea.

Bigarrena.– Agintzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.

Hirugarrena.– Ingeniaritza Energetikoa Sailaren Arautegiaren aldaketa arautegia argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2024ko martxoaren 5a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
INGENIARITZA ENERGETIKOA SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen oinarrizko arautegiko 3.1 artikuluarekiko komunztadura.

1.– Ingeniaritza energetikoa sailaren egoitza Bilboko Ingeniaritza Eskolan dago: Torres Quevedo Ingeniariaren plaza 1, 48013 Bilbo.

2. artikulua.– Sailen oinarrizko arautegiaren Testu Bateratuko 7. artikuluarekiko komunztadura.

Ingeniaritza energetikoa sailak honako jakintza arlo hauek barne hartzen ditu:

115 – Itsasontzigintza.

540 - Ingeniaritza Hidraulikoa.

550 - Ingeniaritza Nuklearra.

590 - Makina eta Motor Termikoak.

600 - Fluidoen Mekanika.

3. artikulua.– Sailen oinarrizko arautegiaren Testu Bateratuko 8. artikuluarekiko komunztadura.

1.– Ingeniaritza Energetikoa sailak honako sail atal hauek ditu:

a) Bilboko Ingeniaritza Eskolako sail atala (egoitzako atala): Torres Quevedo Ingeniariaren plaza 1, 48013 Bilbo.

b) Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako sail atala: Nieves Cano kalea, 12, 01006 Vitoria-Gasteiz, Araba.

c) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako sail atala: Europa plaza 1, 20018 Donostia, Gipuzkoa.

d) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibarko sail atala: Otaola hiribidea 29, 20600 Eibar, Gipuzkoa).

4. artikulua.– Sailen oinarrizko arautegiko 10. artikuluarekiko komunztadura.

1.– Saileko kontseiluko osakideak izango dira zuzendaria, idazkaria, irakasle-ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak, bai eta ordezkari hauek ere:

a) Sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileei dagozkien ordezkariak, ordezkari bat bost kideko edo bostetik beherako multzo bakoitzeko.

b) Ikasleen bina ordezkari ikasketa ziklo bakoitzeko (gradu, master eta doktoregoa).

c) Administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren hiru ordezkari, jardunean eta sailari atxikita, hauetarik bi idazkari administratiboak izango dira, eta bestea, gainerako taldekoa.

2.– Graduko eta masterreko ikasleen ordezkariak sailari atxikitako eskolak ematen ditueneko ikastegietako ikasleen kontseiluen bitartez aukeratuko dira, ikastegietako ikasleen kontseiluen arautegiek xedatutako prozedurari jarraikiz.

3.– Master eta doktoregoko ikasleen ordezkariak saileko zuzendariak deituta bi urterik behin, abenduan, egingo den bileran aukeratuko dira. Bilera horretara deituko zaie sailaren graduondoko programetan matrikulatutako ikasle guztiei. Horretarako, bilerara deitu beharreko ikasleen errolda eskatuko dio saileko zuzendariak hala dagokion zerbitzuari.

5. artikulua.– Sailen oinarrizko arautegiaren Testu Bateratuko 13 eta 14. artikuluarekiko komunztadura.

Ingeniaritza energetikoa sailak Batzorde Iraunkorra izango du, Sailen Esparru Arautegiko 13. eta 14. artikuluetan zehaztutako osaera eta eginkizunak izango dituena.

6. artikulua.– Sailen oinarrizko arautegiaren Testu Bateratuko 19.2 artikuluarekiko komunztadura.

Kide anitzeko organoko kideek eskubidea dute zein bere eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen agiriak eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Horretarako, eskari idatzia egin behar dute posta elektronikoz, mezua kide anitzeko organoko idazkariari zuzenduta eta kopian jarrita zuzendaria edo, egoki denean, koordinatzailea. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost eguneko epean, gehienez ere, haren esku jarriko da dokumentazioa saileko Idazkaritzan.

7. artikulua.– Sailen oinarrizko arautegiaren Testu Bateratuko 20. artikuluarekiko komunztadura.

Ingeniaritza energetikoa saileko kide anitzeko organoak baliozkotasunez eratuta geratuko dira, Sailen Esparru arautegiaren testu bateginaren 20. artikuluan ezarritakoaren arabera. Deialdi batetik bestera arteko tartea 15 minututakoa izango da.

8. artikulua.– Sailen oinarrizko arautegiaren Testu Bateratuko 22.4 artikuluarekiko komunztadura.

Botoa eskuordetu ahal izango da, Sailen Esparru Arautegiko 22.4 artikuluan zehaztutako moduan. Botoa erakundearen posta elektronikoa erabilita eskuordetuko da, mezua botoa eskuordetzan izango duen pertsonari eta kide anitzeko organoko zuzendariari zuzenduta; mezua bilerarako zehaztu den lehenengo deialdia baino lehen bidali behar da.

9. artikulua.– Sailen oinarrizko arautegiaren Testu Bateratuko 27.4 artikuluarekiko komunztadura.

Saileko zuzendaritzaren agintaldia 6 urtetakoa izango da, luzaezinak eta berriztaezinak.

10. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren testu bategineko 4.2 artikuluarekiko komunztadura.

Saileko Kontseiluan eta Batzorde Iraunkorrean hutsune bat sortzen denean, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du lekua, hamabost eguneko epean, organoko idazkaria jakitun jartzen denetik hasita.

11. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren testu bategineko 4.3 artikuluarekiko komunztadura.

Saileko Kontseiluko edo Batzorde Iraunkorreko kide titularra ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, edo, oro har, behar bezala egiaztatutako egoera batean, kide titularraren ordez aritu ahal izango da hautagai zerrenda bereko hurrengo ez-hautetsia. Horretarako, posta elektronikoaren bidez (eta bide horretatik soilik) egoeraren berri eman behar zaio saileko zuzendariari kopian jarrita saileko idazkari akademikoa, eta idatziari egiaztagiriak erantsita behar zaizkio; ohiko bileren kasuan, gutxien dela 48 ordu lehenago jakinarazi beharko da, eta ez-ohiko bileren kasuan, 6 ordu lehenago, betiere, kide anitzeko organoaren bilerarako deialdi ofiziala egin denetik kontatzen hasita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzearekin batera, indargabetuta geratzen da Ingeniaritza energetikoa Sailaren egungo arautegia, 2022ko apirilaren 11n Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala