Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2024ko abuztuaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3880

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 18koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, 2024ko «Elkartu» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen, argitaratzen eta iragartzen dituena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publiko bat da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek sustatzeko xedez jarduten du: industriaren eta enpresen jarduera, industriaren arloko inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, informazioaren eta ezagutzaren gizartearen garapena, eta enpresen jarduera ekintzailea.

Horri dagokionez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak askotariko ekintzak jarri ditu abian EAEko enpresen nazioartekotzea bultzatzeko; besteak beste, gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko laguntza-programak.

Laguntza-programa hau, beraz, lehentasunezko helburu batekin diseinatu da: nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak egitea lankidetzan, eta nazioartekotze-prozesuaren garapen jasangarria sustatzea.

Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («20/2023 Legea») 7.2.a) artikuluan eskatzen du lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena printzipio jakin batzuen arabera egiteko, hala nola publikotasun-printzipioaren arabera. Era berean, 20/2023 Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla dirulaguntza mota edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri arautzaileak.

Hori guztia dela eta,

HAU EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2024ko «Elkartu» laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea (programaren edukia eranskin gisa gehitu zaio ebazpen honi).

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea osorik.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2024ko uztailaren 18a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA
2024KO ELKARTU LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. Legegintzaldiko Gobernu Programaren lehenengo ardatzak (Oparotasuna), Industriaren eta Nazioartekotzearen arloan, 18. konpromisoa jasotzen du: «Euskal enpresen nazioartekotzea».

Gobernu-programa horren aginduz, konpromiso hori Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko 2021-2024ko Planean zehaztu behar da, gutxieneko eduki batzuk jasoz. Horien artean, honako hau nabarmentzen da lehen atalean: «enpresen nazioartekotzeari finantza-laguntza emateko programak garatzea».

Horrela, jarraipena ematen zaio aurreko legegintzaldietan hasitako sustapen-politika publikoari, zeinak helburu baitu nazioartekotzen hasi berriak diren enpresak sustatzeko proiektuei laguntzea, kanpoko merkatuetara sartzeko oztopoak gainditzeko beharrezkoak diren heinean.

Elkarturen laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak dira, eta, haien bidez, enpresen arteko lankidetza bultzatu nahi da nazioartekotzearekin eta aliantzak sustatzearekin lotutako proiektuetan, garapen jasangarria lortzeko aliantzak sortzea helburu duen 17. GJHari berari lotuta.

Era berean, programa hau entitatearen 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago (Administrazio Kontseiluaren 2023ko abenduaren 20ko saioan onartu zen plana), eta planaren hurrengo helburua lortzen laguntzen du: «Lankidetzan diharduten enpresen nazioartekotzea sustatzea, horien artean daudelarik EAEko elkarte sektorialak, esportazio-partzuergoak eta salmenta-taldeak».

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da nazioartekotze-jarduerak egiteko enpresa-lankidetzara bideratutako dirulaguntzak ezartzea eta horietarako deialdia egitea 2024ko ekitaldirako, hurrengo artikuluetan jasotzen diren baldintzetan.

Elkartu programak bat egiten du Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren helburuekin, zeinak jasota baitaude XII. legegintzaldiko gobernu-programan eta hura garatzen duten plangintza estrategikoko tresnetan. Programaren helburua da, beraz, lankidetzan oinarritutako nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak babestea eta nazioartekotze-prozesuan garapen jasangarria sustatzea.

2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta haien izaera.

1.– Laguntza hauek behar bezala aurkeztutako eskabideen lehia jarraituaren arabera izapidetuko dira. Horrenbestez, laguntzak banaka eta ordenan ebatziko dira, dagozkion eskabideak oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin osatzen direnetik aurrera.

2.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko laguntzen edo de minimis laguntzen izaera dute. Beraz, Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako (EB) 2023/2831 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira (EBAO, L, 2023-12-15).

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 500.000 eurorenak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira (aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2024rako Aurrekontu Orokorretan sartuta daude).

2.– Funtsak mugatuak direnez, programaren bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora-tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta, horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak amaitzen badira, programari amaiera emango zaio, eta SPRIren Nazioartekotze zuzendariak horren berri emango du www.spri.eus webgunean eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua amaituta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman; beraz, ezetsi egingo dira aurkeztu diren baina ebazteko dauden eskabideak.

4. artikulua.– Entitate onuradunak eta onuradun izateko eskakizunak.

1.– Onuradun izan daitezke enpresa-lankidetzako elkarteak eta taldeak, horien artean esportazio-partzuergoak, salmenta-taldeak eta kanpo-merkatuetan elkarrekin jarduteko konpromisoa duen beste edozein figura juridikoki baliozko.

Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan, eskabidean berariaz adierazi beharko dira elkartekide bakoitzak bere gain hartutako egikaritze-konpromisoak, bai eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta haiek ere onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalmen nahikoa izango duena. Elkartea ezin izango da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

2.– Oinarri hauetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, elkartetzat hartuko dira honako eskakizun hauek betetzen dituzten entitateak:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

c) Bazkideen artean gutxienez 10 enpresa edo jarduera-zentro bat izatea EAEn.

d) Helburu nagusietako bat enpresa elkartuen nazioartekotzea izatea eta horretarako plangintza bat edukitzea.

3.– Enpresa-lankidetzako taldeen betekizun orokorrak:

a) Gutxienez 2 enpresak osatu beharko dituzte; independenteak eta loturarik gabekoak izango dira, eta, beren eragiketa-sinergiek eragindako abantailen elkarrekikotasunak bultzatuta, konpromisoa hartuko dute kanpoko merkatuetan batera jarduteko, arriskuak eta kostuak partekatuz. Era berean, EAEtik kanpoko sozietate-izena duten enpresak ere sartu ahal izango dira, eta haien partaidetza ez da izango partaidetzarik txikiena duen ETEarena baino handiagoa.

b) Enpresa onuradunak enpresa handiak eta ETEak izan daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta daudenak edo bertan ekoizpen-instalazioak dituztenak, baldin eta laguntza hauen deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurretik eratu badira.

c) Enpresa handiek parte hartzen duten proiektuetan, enpresa horiek trakzioa egin beharko dute, eta gutxienez ETE bat sartu.

d) Jarduerak enpresen edo entitateen arteko lankidetza-hitzarmen batean oinarrituko dira, kontratu baten bidez edo alderdien arteko konpromisoa argi eta garbi egiaztatzen duen beste edozein dokumenturen bidez.

e) Jarduera-plan edo nazioartekotze-estrategia bateratu bat izan beharko dute, honako hauek jasoko dituena: enpresa parte-hartzaileen deskribapena, haien produktu edo zerbitzuak, enpresen helburu eta espektatiba komertzialen definizioa, xede merkatuen, bezeroen eta segmentuen identifikazioa, egin beharreko jardueren definizioa, eta erantzukizunak eta epeak.

4.– Esportazio-partzuergoek, enpresa-lankidetzako taldeen kategoria espezifiko gisa, 3. paragrafoko baldintza orokorrez gain, betekizun berezi hauek bete beharko dituzte:

a) Nortasun juridiko propioa izatea, berau osatzen duten enpresa edo entitateekiko independentea.

b) Partzuergoa kudeatzeko pertsona bat izatea kontratatua, lanaldi osoan.

5.– ETEen definizioa Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioan zehaztutakoaren arabera aplikatzen da.

6.– Onuradun izateko baldintzari dirulaguntzaren indarraldi osoan eutsi behar zaio.

7.– Ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak jaso:

a) Bitartekaritza-lanak egiten dituztenek edo hirugarrenen produktuak soilik banatzen dituztenek, hau da, bitartekaritzako merkataritza-jardueran edo hirugarrenen produktuak banatzeko jardueran negozio-bolumen osoaren % 50etik gora dutenek.

b) Era berean, honako hauek ezin izango dira Elkartu programaren onuradun izan:

b.1.– DEALen 13. artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (DLO) 13.2 artikuluan aurreikusten den eragozpenezko egoeraren batean daudenak, aplikagarria den heinean.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen dituztela ulertuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean dagoela ulertuko da baldin eta zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta badaude edota itzultzeko ebazpena inpugnatu dela-eta ordainketa bertan behera uztea adostu bada.

b.2.– Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituztenak, soilik 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan.

b.3.– Sektore publikoren batekoak edo sektore publikoaren parte direnak, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalerako arauen arabera.

b.4.– Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak berreskuratzeko agindu bat dutenak.

b.5.– LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenak, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

b.6.– Hiru urteko edozein alditan 300.000 eurotik gorako de minimis laguntza jaso duten enpresak.

b.7.– Armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketan aritzen direnak, bat etorriz Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legearekin.

c) Azkenik, kanpoan geratuko dira EBrekin zorrak dituzten enpresak, baldin eta laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende badaude, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, bai eta krisian dauden enpresak ere, bat eginez krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen definizioarekin (EBAO, C 249, 2014-07-31).

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak eta gastuak.

1.– Eratze-gastuak: kanpoko aholkularitza gai juridiko, fiskal eta finantzarioetan, erabakiak hartzeko eta partzuergoak edo bestelako enpresa-elkarteak eratzeko.

2.– Jarduera-plana edo nazioarteko estrategia garatzeko gastuak: jarduera-plan bateratua egiteko kanpoko aholkularitzako gastuak.

3.– Gastu operatiboak: diruz lagundu ahal izango dira xede-merkatuan jardun ahal izateko beharrezkoak diren gastuak ere:

3.1.– Merkatuen prospekziorako aholkularitza-zerbitzuak. Xede-herrialde bakoitzeko azterlan bakarra lagunduko da diruz.

3.2.– Jabetza industrialari lotutako gastuak eta homologazioak:

a) Patenteen eta marken erregistroa: kudeaketa-gastuak diruz lagunduko dira, bai eta xede-herrialdeko erregistro ofizialetan izena emateko tasak ere.

b) Homologazioa eta ziurtapena: xede-herrialdean eskatzen den nahitaezko homologazioak eragindako gastuak, horretarako akreditatutako entitateek egindakoak, bai eta kanpoko bezero handien aurrean egindako ziurtagiriak eta aurrekalifikazioak ere.

3.3.– Taldearen funtzionamendu operatiboarekin lotutako gastuak: zeharkakotzat hartzen diren gastuak izango dira: bulegoen alokairua, hornidurak, gastu logistikoak eta taldearen sustapen-jarduerarekin lotutako beste edozein gastu partekatu.

3.4.– Xede-merkatuko ordezkaria edo merkataritza-agentea hautatzeko gastuak.

4.– Sustapen-gastuak: sustapenarekin lotutako gastuak ere sartuko dira:

4.1.– Nazioarteko azoketan parte hartzea (bai estatuan, bai atzerrian) erakusketari gisa, baldin eta enpresak ez badu ekitaldi berean beste administrazio, elkarte edo kluster batekin parte hartzen eta prezio publikoari lotutako dirulaguntza jasotzen. Nazioarteko azokaren definizioa bat etorriko da gaian eskumena duen ministerioaren irizpideekin. Kasu honetan, diruz lagundu ahal izango dira espazioaren alokairua, erakutsi beharreko produktuaren garraio-gastuak eta standaren dekorazioa, eta, atzerrian egiten diren azoken kasuan, azoka bakoitzeko bidaia-poltsa bat gehituko da, I. eranskinaren arabera.

4.2.– Atzerrian egiten diren kongresu, foro espezializatu eta nazioarteko azoketan bisitari gisa parte hartzea: diruz lagundu ahal izango da izena emateko kuota eta bidaia-poltsa bat, I. eranskinaren arabera.

Dirulaguntzaren xede diren nazioarteko azokak Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren 2023ko abenduaren 19ko ebazpenean jasota daudenak dira (2024ko urtarrilaren 1eko BOE). Ebazpen horren bidez onartzen da 2024ko nazioarteko azoka komertzialen egutegia.

4.3.– Online kongresu, foro espezializatu eta nazioarteko azoketan parte hartzea: izena emateko kuota eta horri lotutako bestelako gastu batzuk lagundu daitezke diruz.

Diruz lagundu ahal izango dira espazioaren alokairua, standaren dekorazioa (erakutsi beharreko produktuak garraiatzeko kostua barne), izena emateko kuota, eta azoka eta enpresa parte-hartzaile bakoitzeko bidaia-poltsa bat.

a) Elkarteen kasuan: gutxienez EAEn kokatutako hiru enpresa elkartu edo ordezkatu beharko dituzte.

b) Enpresa-lankidetzako taldeen azoketako parte-hartzea: erakusketari gisa, taldearen eskaintza bateratua egin beharko da.

Kasu horietan, ezinbestekoa izango da Basque Country marka (Euskadi Basque Country markaren, Spri Taldearen eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren logoak) ikusaraztea standetan eta azokan erabilitako sustapen-materialetan.

4.4.– Zuzeneko misioak: merkatuak aztertzeko, bezero izan daitezkeen enpresekin harremanetan jartzeko, azokak bisitatzeko edo kongresu edo foro espezializatuetan parte hartzeko prospekzio-bidaiak.

a) Elkarteen kasuan: gutxienez EAEn kokatutako hiru enpresa elkartu lagundu edo ordezkatu beharko dituzte.

b) Enpresa-lankidetzako taldeetan, diruz lagunduko dira partzuergoko gerenteak edo taldearen ordezkari edo liderrak enpresen ordezkari gisa egiten dituen bidaiak edo lankidetza-taldeko ordezkariren batek egindakoak.

Gehienez ere zuzeneko 3 misio lagunduko dira diruz xede-herrialde bakoitzeko, eta horietako bakoitzean bidaia-poltsa bat entitate parte-hartzaile bakoitzeko.

4.5.– Alderantzizko misioak: bezero potentzialak edo atzerriko preskriptoreak gonbidatzea.

a) Elkarteen kasuan: gonbidatuek elkartea bisitatu beharko dute, eta, gutxienez, EAEn kokatutako hiru enpresa elkartu.

b) Enpresa-lankidetzako taldeetan: partzuergoko edo taldeko enpresak bisitatzeko gonbidapena.

Gehienez ere, herrialde bakoitzeko alderantzizko 3 misio lagunduko dira diruz, misio bakoitzeko 10 gonbidapen gehienez, 1. eranskineko bidaia-poltsen arabera kalkulatuta.

4.6.– Sustapen- eta hedapen-elementuak. Sustapen-material bateratua bakarrik onartuko da, eta, bertan, parte hartzen duten enpresak identifikatu beharko dira. Partzuergoen kasuan, haien izena bakarrik onartu ahal izango da. Sustapen-elementuak herrialde horretako hizkuntza ofizialean edo ingelesez egin beharko dira.

5.– Azterlanak egitea:

a) Nazioartekotze-planak berriz egitea eta lankidetzako kontingentzia-planak idaztea.

b) Ikuspegi sektoriala edo taldekatua duten global supply chain aukerak eta birdiseinu-azterlanak egitea.

c) Nazioarteko e-commerce estrategia bat lantzea.

6.– Egitura-gastuak: langileak hautatzeko kanpo-kontratazioko gastuak edo gerentearen soldata-kostu gordina, esportazio-partzuergoen kasuan.

7.– Lankidetzan gauzatzen diren nazioarteko lizitazioen esparruan eskaintzak kudeatzea eta prestatzea.

8.– Ez dira diruz lagunduko prezio publikoen mendeko entitate publikoek egiten dituzten azterketa eta zerbitzuak.

9.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea:

a) Hirugarrenak azpikontratatzea edo kontratatzea onartzen da, % 100era arte. Nolanahi ere, DEALen 31.1 artikuluan, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 29. artikuluan eta DLOren Erregelamendua (DEO) onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa bete beharko da. Onuradun batek azpikontratatzen edo kontratatzen duela ulertuko da hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagunduko den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo geratuko da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa.

b) DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrenak kontratatzen badira, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, ezaugarri bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste entitate. Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskabidean aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta, abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

10.– Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ezingo da diruz lagundu, ez eta, oro har, zergak, tasak edo ekarpenak ere.

11.– DEALen 30.1 artikuluan aurreikusten den moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inolaz ere merkatuko balioa baino handiagoa izan.

12.– Onuraduna enpresa bada, ez dira kontuan hartuko Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean zehaztutako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.

13.– 2024ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean egindako ekintzak lagunduko dira diruz.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.– Laguntzak ehuneko hauetara irits daitezke, jasangarritasunaren arloan hartutako konpromisoaren arabera:

– Onartutako aurrekontuaren zenbatekoaren % 80, entitate onuradunaren buruak Global Compact edo Munduko Ituneko bazkide dela egiaztatzen badu.

– % 60, entitate onuradunaren burua ez bada Global Compact edo Munduko Ituneko bazkide.

2.– Gainera, eskabide bakoitzeko gehieneko dirulaguntza hauek ezartzen dira:

– Partzuergoen kasuan, onuradun bakoitzeko 60.000 euro gehienez, eta partzuergoan parte hartzen duen enpresa bakoitzeko 20.000 euro gehienez.

– Elkarte bakoitzeko 50.000 euro gehienez.

– Onuradun bakoitzeko 45.000 euro gehienez, eta enpresa bakoitzeko 15.000 euro gehienez, enpresa-lankidetzako taldeen kasuan.

3.– Bidaia-poltsen zenbatekoa 1. eranskinean zehazten da.

7. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Dirulaguntzak bateraezinak dira:

a) Administrazio honek, beste administrazio publiko batzuek edo entitate pribatuek herrialde eta kontzeptu beragatik emandako beste edozein laguntzarekin.

Aurrekoa baztertu gabe, de minimis dirulaguntzak pilatzeko erregimena aplikagarria izango da, bat etorriz dirulaguntza horiei buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordean 2023/2831 Araudian (EB) ezarritakoarekin (EBAO, L, 2023-12-15)

b) Klusterren elkarte dinamizatzaileei laguntzeko programakoekin.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskabideak aurkezteko epea, eta 2024ko urriaren 31n bukatuko da, edo, 3. artikuluan adierazitakoaren arabera, eskuragarri dauden funtsak amaitzean. Nolanahi ere, publikoarentzako arreta 2024ko urriaren 31ko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

2.– Eskabideak SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzendu beharko zaizkio, eta deialdi honen ondorengo izapide guztiak baliabide elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezarritakoaren arabera.

3.– Eskabidearekin batera, pertsona edo entitate eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4.– Laguntza-eskabidea, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatzen den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Eskabidea aurkeztearekin bat, eskatzaileak organo emaileari baimena emango dio zuzenean egiazta dezan betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimenari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko ziurtagiria entregatu beharko du, eskatzen zaion aldiro.

6.– Eskabide bakarra onartuko da eskatzaile bakoitzeko.

9. artikulua.– Eskabideen edukia eta erantsitako dokumentazioa.

1.– Entitate eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide telematikoa, behar bezala beteta eta ahalmen nahikoa duen entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatuta. Eskabidean, entitateari buruzko datuak eta jarduketei buruzkoak gehituko dira, balorazio egokia egiteko oinarria izango baitira.

b) Eskriturak eta entitate eskatzailearen ordezkaritza-ahalmena. Eraketa-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, kanpoko zerbitzuaren kostuaren kontratua edo aurrekontua aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.

c) Eskatzaileak ordainketak egiteko emandako bankuko kontu korrontearen titulartasun-ziurtagiria.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko ziurtagiriak, organo esleitzaileari baimena ukatzen bazaio dokumentu horiek eskuratzeko.

e) Honako alderdi hauei buruzko informazioa, erantzukizunpeko adierazpen gisa:

– Aurreko hiru urteetan jasotako de minimis laguntzen zerrenda, honako hauek adierazita: laguntza noiz eman zen, zer organismok eman zuen, zein programaren barruan eman zen eta zenbatekoa izan zen, 4. eranskinaren arabera.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste entitate publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntzak, honako hauek adierazita: laguntza noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren barruan eman zen eta zenbatekoa izan zen, 4. eranskinaren arabera.

– Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, enpleguari buruzko urteko datuak, negozio-bolumena eta negozioaren balantze orokorra, bai eta enpresari lotutako edo bazkidetutako gainerako enpresenak eta talde osoarenak ere. Horren barruan, talde osoaren antolakuntza-eskema gehitu beharko da, parte-hartzeekin eta enplegu-datuekin, ustiapen- eta balantze-kopuruekin, eta hori guztia dirulaguntzak eskatu aurreko bi ekitaldiei dagokienez, 3. eranskinaren arabera.

f) Enpresei emandako 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, Merkataritza-eragiketen berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean zehaztutako ordainketa-epeak bete direla ziurtatuko da, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez edo Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean (ROAC) inskribatutako auditore baten ziurtagiriaren bidez.

g) Hainbat hornitzaileren eskaintzak, DEALen 30.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

h) Memoria, diruz lagundu nahi diren jardueren zerrenda zehaztuta eta helburuaren araberako gastu motaren banakapenarekin.

i) Hala badagokio, Global Compact edo Munduko Ituneko bazkide izatearen egiaztagiria.

2.– Enpresa-lankidetzako taldeen kasuan, aurreko puntuan adierazitako dokumentazioaz gain, honako hauek aurkeztu behar dira:

a) Enpresa edo entitateen arteko lankidetza-akordioa, kontratua edo beste edozein dokumentu, alderdien arteko konpromisoa argi eta garbi egiaztatzen duena. 2. eranskina bete beharko da.

b) Enpresa-lankidetzarako taldearen jarduera-plana. Eraketa-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, kanpoko zerbitzuaren kostuaren kontratua edo aurrekontua aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.

3.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak beharrezkoa iruditzen zaion dokumentazio edo informazio osagarri oro eska dakioke eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko, eta, arau honetan aurreikusita ez dauden kasuetan, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea aplikatuko da. Zehaztutako epean entregatu beharko du dokumentazio hori, eskatzen zaion aldiro.

10. artikulua.– Zuzenketak.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat, hutsegiteren bat edo zehaztasun-faltaren bat dagoela, enpresa eskatzaileei jakinaraziko die, eta 10 eguneko epea emango die akatsa zuzentzeko; gainera, ohartaraziko die ezen, hala egiten ez badute, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, bat eginez Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoarekin.

11. artikulua.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-prozedura. Entitate laguntzailea.

1.– Organo kudeatzaileak ebaluatuko eta ebatziko ditu laguntza-eskabideak, ordenan, espedientea osorik dagoen unetik aurrera.

2.– Basque Trade & Investment - Nazioartekotzeko Euskal Agentziak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak, eta dagozkien txosten teknikoak emango dituzte. Sozietate horrek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren entitate laguntzaile gisa jardungo du, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Laguntza jasotzeko, bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea eta dagokion txosten teknikoa prestatzea.

b) Laguntza likidatzeko:

– Egindako gastu hautagarriak behar bezala gauzatzen direla kontrolatzea.

– Gerta daitezkeen gorabeheren berri ematea SPRIri.

Txosten teknikoek honako hauek jasoko dituzte: baliozkotzearen xehetasuna eta eskabide bakoitzari dagozkion gastu hautagarriak.

3.– Basque Trade & Investment - Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txosten teknikoetan jasotako proposamenak ikusita, SPRIren Nazioartekotze zuzendariak laguntza-eskabideak ebatziko ditu, aurkeztu diren ordenaren arabera, osorik daudenean eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

4.– Ebazpenak eduki hau izango du gutxienez:

– Entitate onuraduna.

– Aurkeztutako eta onartutako gastuen aurrekontua.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

– Justifikazioa egiteko modua.

– Ezesteko arrazoiak, hala badagokio.

– Aurka jar daitezkeen errekurtsoak, zein administrazio- edo epaitegi-organori aurkeztu behar zaizkion eta zein epetan jarri behar diren. Hala ere, interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez dezakete.

5.– SPRIren Nazioartekotze zuzendariak eskabidea baiesteko edo ezesteko ematen duen ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio modu telematikoan, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Onuradunari esleipenaren ebazpenaren berri ematean, de minimis laguntza bat dela jakinarazi behar zaio.

6.– Ebazpen hori gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaio enpresari, espedientea osorik dagoen unetik hasita, oinarri hauetako 2. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

7.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

12. artikulua.– Laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1.– Dirulaguntza bi ordainketatan emango da, honela:

– Dirulaguntzaren % 50, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.

– Gainerako % 50aren likidazioa, diruz lagundutako ekintzetan izandako gastuak justifikatu ostean.

2.– Justifikazio-dokumentuak telematikoki aurkeztu beharko dira, www.spri/elkartu helbidean enpresa onuradunaren legezko ordezkariaren sinadurarekin, eta dirulaguntzaren esleipenaren ebazpena jaso eta 2025eko otsailaren 28ra bitarteko epea egongo da horretarako. Dena dela, publikoarentzako arreta 2025eko otsailaren 28ko 15:00etan amaituko da.

3.– Hauek dira justifikazio-dokumentazio horretan jaso beharrekoak:

– Diruz lagundutako jarduerak egin izanaren justifikazio-memoria.

– Gastuen sailkapen-zerrenda, jarduera eta zenbateko bakoitzaren arabera.

– Onartutako gastuen fakturak, banakatutako kostuekin, igorpen-datarekin eta hornitzailearen identifikatzailearekin, bai eta ordainketen ziurtagiriak, horien zenbatekoa eta ordainketa-data ere.

– Egindako bidaien justifikazioaren kasuan, beharrezkoa izango da garraio-txartelak edota ostatu-txartelak aurkeztea, benetako kostuarekin, eta bidaien egiaztagiria ere gehitzea. Ibilgailu propioa edo taxia erabiltzea ez da barne hartuko.

4.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusiz gero enpresak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, hala jakinaraziko da, eta enpresak 10 eguneko epea izango du horiek zuzentzeko.

5.– Aurkeztutako likidazioaren inguruko ebazpena SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariak emango du, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da organo beraren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

6.– Ez dira kontuan hartuko Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean zehaztutako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.

13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Deialdi honen barruan esleituko diren dirulaguntzen entitate onuradunek bete egin behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak, eta, zehazki, honako hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean entitate onuradunak ez badio espresuki eta idatziz uko egiten, onartu dela ulertuko da.

b) Dirulaguntza esleitzea ekarri duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.

c) Dirulaguntza ematen duen entitatearen aurrean justifikatzea eskakizunak eta baldintzak betetzen direla, eta dirulaguntzak jasotzeko edo erabili ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea. Jarduera hori pertsonei buruzkoa denean, sexuaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.

d) Onartzea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako langileek beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela bere instalazioetako edozeinetan. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

e) Egiaztatzea, esleipena emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta dirulaguntza ordaintzeko unean, egunean daudela zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari lotutakoak, Ekonomia eta Ogasun Kontseilariaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak ezartzen duen bezala.

f) Faktura osoak gordetzea eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, faktura egiten denetik aurrera.

g) Entitatearen izaera juridikoak hala eskatuz gero, kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak edukitzea, pertsona onuradunari aplikatu behar zaion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen eran, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitate-egoerak eta erregistro espezifikoak ere, egiaztatze- eta kontrol-jarduketak behar bezala egingo direla bermatzeko.

h) Jasotako funtsak aplikatu izana justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jarduketak egin ahal izateko.

i) Egindako jarduera edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan adierazten diren kasuetan.

j) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.

k) Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, batez ere, euskararen erabilera.

l) Laguntzen xedea fiskalizatzeko eska dezaketen edozein informazio ematea Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organismo batzuei (Estatukoak zein erkidegokoak).

m) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede bererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

n) Laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera aldatu dela jakinaraztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

ñ) Elkartu programak ematen duen laguntza publikoaren xede diren sustapen-euskarri guztietan, programaren bidez emandako dirulaguntzaren jatorria adierazi beharko da, modu egokian.

o) Halaber, azoketan parte hartzeko laguntza jasoz gero, ezinbestekoa izango da Basque Country marka (Euskadi Basque Country markaren, Spri Taldearen eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren logoak) ikusaraztea standetan eta erabilitako sustapen-materialetan.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunek ez dutela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta, hala badagokio, laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetako bat, galdu egingo dute emandako laguntza eskuratzeko eskubidea, eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte kobratu dituzten laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien berandutze-interesak, eta, beharrezkoa bada, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzaten.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Laguntza-eskabidean eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez-betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Aldaketak baimendu ahal izango dira, baldin eta entitate onuradunak SPRIri baimena eskatu badio eta aldaketa horiek justifikatu baditu, ahal dela proiektuan aplikatu baino lehen, eta, betiere, programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol-neurriak ukatzea edo oztopatzea.

f) Proiektua beste helburu batera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan eta DAOren 91.etik 93.era bitarteko artikuluetan eta 20/2023 Legean aurreikusitako arrazoiak egotea.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DEALeko 51. artikuluaren arabera enpresa ez deslokalizatzeko aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta SPRIri dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, DEALen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera. SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunaren jarduketak konpromisoak betetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza partzialki ordainduko da, edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta, kalkulua egiteko, kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoari dagokionez. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta entitate esleitzaileak onartu ondoren.

Hala, onartutako proiektuen justifikazioan % 30 baino gutxiagoko beheranzko desbideratzea badago dirulaguntza esleitzeko onartutako aurrekontuari dagokionez, dirulaguntza berriro kalkulatuko da, hasierako esleipena kalkulatzeko erabilitako irizpide berberekin.

Halaber, % 30eko edo gehiagoko beheranzko desbideratze baten ondorioz galdu egin daiteke dirulaguntzarako eskubidea, dirulaguntza jasotzeko helburuak bete direla egiaztatuz gero izan ezik. Bigarren kasu horretan, aurreko atalean adierazitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jasotzeagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan, gertaera hori adierazteko eta itzulketa xedatzeko emango den ebazpenean zehaztuko da zenbat diru itzuli behar den.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

2.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta lege hori garatzen duen erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntzen arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

3.– Europako Batzordearen EB 2023/2831 Erregelamendua, abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. (EBAO-L-2023-81820).

4.– 28/2022 Legea, abenduaren 21ekoa, Enpresa Berrien Ekosistema Sustatzekoa (2022ko abenduaren 22ko BOE).

5.– 18/2022 Legea, irailaren 28koa, Enpresen Sorrera eta Hazkundeari buruzkoa.

6.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatzia bidalita: lopd@spri.eus Era berean, interesdunak datuak babesteko gure ordezkariarekin jarri ahal izango dira harremanetan, idatzizko jakinarazpen bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus

Horrez gain, interesdun orok eskubidea du edozein erreklamazio aurkezteko dagokion kontrol-agintaritzan. SPRIren kasuan, agintaritza hori Datuak Babesteko Euskal Agintaritza izango da: www.avpd.eus

SPRIk datu pertsonalen babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, pribatutasun-politika kontsulta daiteke web-orri honetan: https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/privacidad/

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

ERANTZUNKIZUNPEKO ADIERAZPENA

[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena](r)en ordezkari gisa (IFZ: [...]; egoitza soziala: [helbidea; Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa duen entitate eskatzailearen zentro bat adierazi behar da gutxienez]),

HAU ADIERAZTEN DU BERE ERANTZUKIZUNPEAN

I.– Betetzen dituela programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak, eta, zehazki, honako hauek:

(i) Dagokion eranskinean alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:

a) Aurreko hiru urteetan jasotako de minimis laguntzak. Adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer organismok eman zuen, zein programaren barruan eman zen eta laguntza zenbatekoa izan zen.

b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak. Adierazi beharko da laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren barruan eman zen eta laguntza zenbatekoa izan zen.

c) Enpresaren tamaina zehazteko informazioa.

(ii) Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen duela, DEALen 49. artikuluan adierazitako baldintzetan.

(iii) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa hartzen duela, DEALen 9.4h) artikuluan adierazitako baldintzetan.

(iv) Ez dagoela DEALen 13. artikuluan aurreikusitako ezein egoeratan.

(v) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako ezein egoeratan.

(vi) Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren.

(vii) Ez duela LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

(viii) Ez duela armarik produzitzen, merkaturatzen edo finantzatzen, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

II.– I. atalean egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan; eta konpromisoa hartzen duela aurrez aipatutako betebeharrei eusteko, bere eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tarte osoan.

III.– Badakiela ezen, adierazpen honekin batera doan datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez baditu, ezingo duela eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; eta, gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkiola, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. atalean ezarritakoaren arabera.

[...] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala