154. zk., 2024ko abuztuaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (292 KB - 26 orri.)
- EPUB (190 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3872
EBAZPENA, 2023ko irailaren 22koa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-baimen bakarra ematen baitzaio Asparrena – Donemiliaga industrialdean, Asparrengo udal-mugartean (Araba), Asparrengo Udalak sustatutako udal konpostaje-instalazioari.
AURREKARIAK
2022ko ekainaren 14an, Asparrengo Udalak ingurumen-baimen bakarraren eskaera bete zuen, Asparrengo udal-mugarteko Asparrena – Donemiliaga industrialdean udal-konpostajearen planta instalatzeko proiekturako, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, agiri tekniko hauek aurkeztu ziren:
– Ingurumen-baimen bakarrerako proiektu teknikoa.
– Laburpen ez-teknikoa.
– Hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko apirilaren 3ko idazkiaren bidez, aurkeztutako informazioa osatzeko eskatu zitzaion Asparrengo Udalari.
Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, erabaki zen, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko apirilaren 19ko iragarkiaren bidez, Asparrengo Udalak sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, epe horren barruan egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratu zen, 2023ko maiatzaren 5ean.
Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu zen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bateginaren 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko maiatzaren 10ean eta 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Asparrengo Udalari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, IHOBEri eta Nekazaritza Sailari –haiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren erakundeak–, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari, Arabako Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari.
2023ko maiatzaren 25ean eta ekainaren 15ean, lehen aipatutako txostenak jaso ziren, alegia, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta IHOBEri eskatutakoak.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko abuztuaren 18ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen Asparrengo Udalak Asparrena – Donemiliagako industrialdean (Asparrengo udalerria) dituen etxeetako eta komunitateko hondakinen materia organikoaren konpostaje-jarduera berrirako.
2023ko irailaren 5ean, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, Asparrengo Udalaren esku utzi zen espedientea, eta espedientean dago horren emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, legearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.
Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean aurreikusitako prozedura administratiboak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridikoak eta administratiboak deuseztatzen ditu. Era horretan, Administrazioak esku hartzeko sistema berri bat finkatzen da; horri esker, ingurumen-inpaktuei aurrea hartzeko neurri guztiak bilduko dituen erabaki administratibo bakarreko prozedura bakarra egon dadin Legearen I. B eranskinean jasotako jarduera eta instalazioetarako.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 19. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, ingurumen-baimen bakarraren mende egongo da I.B eranskinean jasotako jardueraren bat garatzen duten titulartasun publikoko edo pribatuko jarduera eta instalazioen ustiapena.
EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 32. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.
Ingurumen-baimen bakarraren bitartez, egintza bakarrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aurretiaz emandako prozedura administratibo bakarrean bateratuko dira baimen hauek guztiak: hondakinak ekoizteko eta kudeatzekoak; kolektorera, jabari publiko hidraulikora eta itsasoko eta lehorreko jabari publikora eginiko isurketetarakoak; eta atmosferara eginiko emisioenak. Horretaz gain, dagozkien emisioen mugako balioak ezarriko dira, aplika daitekeen arloko araudiak xedaturikoaren arabera.
Asparrengo Udalaren kasuan, ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, hondakinak sortu eta kudeatzeari eta atmosferara eginiko emisioei dagozkion baimenak behar ditu. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, aginduzko txostenak igorriz.
Instalazioak gehienez isur ditzakeen emisioen gai kutsagarrien balioak nahiz instalazioa ustiatzeko beste baldintza batzuk ezartze aldera, baita, ingurumena oro har albait gehien babesteko, ebazpen hau egiterakoan kontuan hartu dira erabilgarri dauden teknikarik onenen erabilpena, baita aplikatzekoa den arloko legerian ezarritako neurriak eta baldintzak ere.
Hemen azaldu dugun guztia aintzat hartuta, eta behin espedientean jaso den informazioa aztertu ondoren, ebazpen-proposamena egin zen, non jaso baitziren Asparrengo Udalak sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.
Goian adierazitako izapideak aipatu dugunaren arabera amaituta, entzunaldi-izapidea bete da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.
Hauek ikusi dira: sailburuordetza honen 2023ko urriaren 5eko Ebazpena; 10/2021 Legea, EAEko Ingurumen Administrazioarena, 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioarena; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Ekonomia zirkularra bultzatzekoa eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Proiektua gauzatzeko, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileez gain, Asparrengo Udalak kontuan izan beharko ditu zenbait neurri eta baldintza, zehazkiago, hondakinak kudeatzeko jarduera berrirako ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko abuztuaren 18ko Ebazpenean adierazitakoak.
Bigarrena.– Asparrengo udalerrian (Araba) etxeetako hondakinen materia organikoaren konpostaje-jarduera ustiatzeko eta uzteko, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak eta eskakizunak ezartzea (jarduera hori Asparrengo Udalak sustatua da).
Hirugarrena.– 16-U-01-000000000913 erregistro-kodea eta 0100038837 NIMA esleitzea Asparrengo Udalak Asparrena – Donemiliaga industrialdean ustiatutako instalazioari. Hona kokapena: UTM (ETRS89) 30N, X: 554607,494, Y: 4746713.48.
Laugarrena.– Ebazpen honetan baimendutako hondakinen kudeaketa hasteko, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek egin beharreko ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko dute instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.7 artikuluan ekonomia zirkularrerako xedatutakoaren arabera eraiki eta hornitu direla.
Bosgarrena.– Hiru urtekoa da ingurumen baimen bakarra eman zaion jarduera hasteko epea.
Seigarrena.– Asparrengo Udalari eskatzea erantzun bat eman diezaiela honako alderdi hauei, jarraian zehaztutako epeetan:
Instalazioaren eraikuntza amaituta, instalazioak martxan jartzeko gaituta daudenean, lizentziak, baimenak, jakinarazpenak edo inskripzioak eginda dagozkion erregistro sektorialetan, eta jarduera hasi aurretik:
– Organo honi zein Udalari aurkeztu beharko dio titularraren erantzukizunpeko adierazpen bat; alegia, instalazioa onartutako proiektura egokitzen dela eta ezarri zaizkion baldintzak beteko dituela konpromisoa hartzen duela.
– Teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria, baimenaren xede den jarduera motaren arabera, instalazioak onartutako proiektuarekin bat datozela eta ingurumen baimen bakarrean ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzen duena.
– «As built» proiektua; emisio atmosferikoen fokuen datuak (altuera, diametroa eta koordenatuak) eta uretara isurtzeko puntuen koordenatuak sartu beharko dira.
– Erantzukizun zibileko asegurua.
– Ingurumen-arriskuen analisia eta ingurumen-erantzukizunari buruzko araudiaren finantza-bermea eratu izana egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena, «as built» proiektuan oinarrituta.
Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduera egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe.
Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:
– Tratamendu-kontratuak, sortzen diren hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen kudeatzaile baimendu batek emandakoak.
Zazpigarrena.– Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 46. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako (funtsezko aldaketak), artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.
Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko agirien kasuan, ingurumen-organoak eskatutako aldaketa aztertu eta kalifikatuko du, funtsezkoa dela edo ez ebazteko.
Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.
Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
Zortzigarrena.– Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Asparrengo Udalak aldaketa horien berri emango du.
Bederatzigarrena.– Ingurumen baimen bakarraren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen organoak aldizka berrikusi behar du, ingurumen baimenen aurrerapen klausularen arabera.
Ingurumen baimen bakarraren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:
a) Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta, emisioetarako ezarritako muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni denean.
b) Isuriak nabarmen murritz daitezkeenean gehiegizko kosturik izan gabe, erabil daitezkeen teknikarik onenetan egindako aldaketa handien ondorioz.
c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta, beharrezkoa denean beste teknika batzuk erabiltzea.
d) Teknika erabilgarri onenak erabili lor litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.
e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.
f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzea beharrezkoa denean, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
g) Ingurumen-inpaktuak direla-eta ezarritako neurri babesleak, zuzentzaileak edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen dutenean ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzek edo bestelako oharrek.
h) Aldaketa beharrezkoa denean, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera.
Ingurumen-baimen bateratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamargarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 28.1 artikuluaren arabera, Asparrengo Udalak jakinarazi egin beharko du ebazpen honen xede den udal konpostaje-instalazioan titulartasun-aldaketarik eginez gero, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak onar dezan.
Hamaikagarrena.– Baimen honek balioa galduko du honelakoren bat gertatuz gero:
– Ebazpen honen seigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu epearen barruan, baldin eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
– Ebazpen honetan baimendutako jarduera hasi ezean hiru urteko epean, ebazpen honen bosgarren atalean adierazitakoaren arabera, interesdunak behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatu ezean.
Hamabigarrena.– Baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek egin beharreko ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla.
Hamahirugarrena.– Ingurumen-baimen bakar honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun gisa tipifikatuta dago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluaren arabera, eta aipatutako legearen 108. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.
Hamalaugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Asparrengo Udalari, ingurumen-baimen bakarra emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Hamabosgarrena.– Ingurumen-baimen bakar hau Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratzeko agintzea.
Hamaseigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 22a.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
AITOR ALDASORO ITURBE.
I. ERANSKINA
ASPARRENGO UDALAK ASPARRENGO UDALERRIAN SUSTATUTAKO UDAL KONPOSTAJE-INSTALAZIOAREN JARDUERA USTIATZEKO ETA ETETEKO BALDINTZA PARTIKULARRAK
Sustatzaileak jarduera ustiatzeko eta eteteko bete beharko dituen baldintzak eta betekizunak eranskin honetan eta ingurumen baimen bakarreko jarduerak ustiatzeko eta eteteko baldintza orokorretan jasotakoak izango dira. Nolanahi ere, baldintza partikularrak gailenduko zaizkie baldintza orokorrei.
ATALA: JARDUERA-BALDINTZA PARTIKULARRAK
JARDUERAREN DESKRIBAPENA
Jarduera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.B eranskineko 2. kategorian sartuta dago, «Hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko baimena behar duten jarduerak edo instalazioak» izenekoan.
Asparrena – Donemiliaga industrialdean dago enpresa, eta 6.943 m2ko azalera hartzen du guztira.
Asparrengo Udalaren instalazioetan garatzen den jarduera etxeetako eta komunitateko hondakinen frakzio organikoaren konpostajean oinarritzen da. Hondakin horiek gaika biltzen dira, eta ez dira konpostatzen komunitateko konpostaje-eremuetan edo etxeetan, ezta Asparrengo sorgailu handiek eta Asparrena–Donemiliagako eta Okiturriko industrialdeetan kokatutako sorgailuek sortutako biohondakinetan ere.
Arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jarduera honako kudeaketa-eragiketa hauei dagokie:
– Materia organikoa konpostatzea, hartzitzea eta eraldatzea; oxigenoa dagoenean, material ongarri, egonkor eta humus aberats bat (konposta) ekoizteko aukera ematen du. Bi fasetan egingo da: hartzidura- edo deskonposizio-fasean eta heltze-fasean. Estalki beraren azpian egingo dira, baina espazio bereizietan.
Ekoizpen-prozesu hauek egiten dira:
– Deskonposizio mesofiloa (<40 ºC).
– Deskonposizio termofiloa (>40-70 ºC).
– Heltzeko eta hozteko fasea.
Instalazioan erabiltzen den lehengaia etxeetako eta komunitateko hondakinak biltzeko materia organikoa da.
Konpostaje-instalazioa eraikiko den azpiegiturak honako hauek ditu: ur-hargunea, elektrizitate-hornidura eta industrialdeko banaketa-sareetatik datorren saneamendu-sarea.
Ez dago foku konfinaturik, isuri guztiak isurtze barreiatuak dira: lehengaiaren eta hartzidura- eta heltze-prozesuen ondoriozko gasen eta usainen isurtzeak, landare-materiala birrintzearen ondoriozko partikulen isurtzeak eta materialen zamalanak.
ATALA: HONDAKINEN KUDEAKETA - BALDINTZA PARTIKULARRAK
JARDUERAN HONDAKINAK KUDEATZEKO BALDINTZAK ETA BETEKIZUNAK
Hondakinen kudeaketari dagokionez, ingurumen baimen bakarreko jarduerak ustiatzeko eta eteteko baldintza orokorrak bete beharko dira.
– Hondakin onargarriak eta kudeaketa-eragiketa.
Hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzen duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratutako Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea hauei dagozkien hondakinak lehen aipatutako tratamendu-lerroan kudeatu ahal izango dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat etorriz. Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina, zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena. Hortaz, hondakin hauek baino ez dira onartuko:
(Ikus .PDF)
Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eranskineko R301 kodea dagokio jarduera kudeatzeko eragiketari:
R301. Bereizita bildutako biohondakinak eta bestelako hondakin konpostagarriak konpostatzeko instalazioak.
– Gaitasuna.
Kudeaketa-gaitasuna eguneko 1,92 tonakoa da.
– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
Baimen honetan adierazitako hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak alde batera utzi gabe, sustatzaileak ondoren azaltzen diren tratamendu-lerroetarako baldintzak betetzen direla bermatu beharko du:
a) 506/2013 Errege Dekretuaren 14. artikuluan (kalitatea kontrolatzeko barneko sistemak) xedatutakoa bete beharko da, batik bat bitarteko teknikoak eta giza baliabideak esleitzeari dagokionez, bai eta dagokion maiztasuna betez kontrol analitikoak egiteari dagokionez ere.
b) Emaitza fisikokimikoak eta mikrobiologikoak 506/2013 Errege Dekretuan ezarritako balioen edo 865/2010 Errege Dekretuko baldintzen araberakoak direnean baino ezingo dira produktuak bidali.
c) Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren baimenak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira, honako hauetan ezarritako eskakizunak betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 (EE) Erregelamendua, gizakiek jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko osasun-arauak ezartzen dituena; eta Batzordearen 142/2011 (EB) Erregelamendua, 2011ko otsailaren 25ekoa, aurrekoa aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.
– Kudeatutako hondakinen bizi-amaiera aintzat hartzeko bete beharreko baldintzak.
Instalazioan sortutako konpostak izena emanda izan beharko du Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren ongarrien erregistroan, eta ongarriei buruzko ekainaren 28ko 506/2013 Errege Dekretuak edo, hala badagokio, laborantzako substratuei buruzko uztailaren 2ko 865/2010 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko du. Inskripzio horrekin lotutako edozein aldaketaren berri eman beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.
Gainera, sortutako konpostak behar bezala bete beharko du (EB) 2019/1009 Erregelamenduak ezartzen duena; erregelamendu horren bidez, EB ongarriak merkaturatzeari buruzko xedapenak ematen dira, eta aldi berean, (EE) 1069/2009 eta (EE) 1107/2009 erregelamenduak aldatu eta (EE) 2003/2003 Erregelamendua indargabetzen da.
ATALA: AIREA - BALDINTZA PARTIKULARRAK
AIREAREN KALITATEA BABESTEKO BALDINTZA PARTIKULARRAK
– Katalogazioa.
Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren (atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzekoa eta katalogoa aplikatzeko oinarrizko xedapenak finkatzekoa) katalogoan sartutako jarduera hauek egiten dira:
(Ikus .PDF)
Instalazioak ez du emisio atmosferikoen foku konfinatu finkorik. Isuriak lausoak dira.
ATALA: HONDAKINEN EKOIZPENA
PLANTAN SORTUTAKO HONDAKINAK EGOKI KUDEATZEN DIRELA BERMATZEKO BALDINTZAK PARTIKULARRAK
Taula honetan ageri dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak (izartxoarekin eta EHZ kodearekin adierazita) eta arriskurik ez dutenak.
(Ikus .PDF)
ATALA: LURZORUA - BALDINTZA PARTIKULARRAK
LURZORUA ETA LURPEKO URAK BABESTEKO BALDINTZAK PARTIKULARRAK
Sustatzaileak lurzoruaren babesa ziurtatzeko beharrezko neurriak hartu beharko ditu, batez ere ezohiko jardunean prebenitzeko eta jarduteko, bai eta hondakinak biltegiratzeko ere. Era berean, egungo instalazioak egoera onean mantendu beharko ditu, kokapenera eta euri-uren sarera bota daitezkeen isuriak sakabanatzea saihesteko.
ATALA: ZARATA - BALDINTZA PARTIKULARRAK
ZARATAREN INGURUKO BALDINTZA PARTIKULARRAK.
– Zaratari buruzko baldintzak.
Behar diren neurriak hartuko dira, instalazioak kanpoko ingurumenera zabaldu ez ditzan urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean jasotako prozeduren arabera ebaluatuta.
(Ikus .PDF)
Kanpoaldeko muga-balioek lurzoruaren mailatik 2 metroko altuerari eta, fatxada leihodunen kanpoaldean, eraikuntzaren altuera guztiei egiten diete erreferentzia.
Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.
Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da baldin eta, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, baldintza hauek betetzen badituzte ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean:
– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.
– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.
– Lkeq, Ti indizearen batez besteko balioek ez dituzte 5 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.
Adierazitako muga-balioak betetzen direla egiaztatzeko, jarduerari lotutako zarata-fokuen modelizazio bat aurkeztu beharko da instalazioa martxan jarri aurretik, betetzen direla ziurtatzeko.
Gainditzerik izanez gero, egon daitezkeen gainditzeak zuzentzeko neurri zuzentzaileen proposamena aurkeztu beharko da. Neurri horietako bakoitzaren jarduera-egutegia proposatu beharko da, egikaritzearen arduraduna izendatuta.
– Zarataren kontrola.
Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urtetik behin: Ld, Le, Ln,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.
ATALA: EZOHIKO EGOERAK-BALDINTZA PARTIKULARRAK
PREBENTZIO-NEURRIEI ETA EZOHIKO EGOERETAN FUNTZIONATZEKO BALDINTZEI BURUZKO BALDINTZA PARTIKULARRAK.
– Jarduera etetea.
«Ezohiko egoerak-Baldintza Partikularrak» atalean aipatzen den lurzoru kutsatuen gainean indarrean dagoen araudiaren arabera, 38.21 da jarduera-kodea..
– Funtzionamendu anomalorako prebentzio-neurriak eta jarduerak.
CG-FDN ataleko izen bereko atala beteko da.
II. ERANSKINA
JARDUERAK USTIATZEKO ETA ETETEKO BALDINTZA OROKORRAK
Sustatzaileak ustiapenerako eta jarduteari uzteko bete beharko dituen baldintzak eta eskakizunak eranskin honetan eta ustiapenerako eta jarduteari uzteko baldintza partikularren eranskinean jasotakoak izango dira.
ATALA: AIREA-BALDINTZA OROKORRAK
AIREAREN KALITATEA BABESTEKO BALDINTZA OROKORRAK
– Baldintza orokorrak.
Instalazioa ustiatzean, ez dira gaindituko ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako gehieneko emisioen muga-balioak, eta ingurumen-organo honek ezarritako baldintza teknikoak bete beharko dira.
Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratu beharko da, behar denean, gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren, zeina emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako baita.
Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.
Neurri egokiak hartuko dira istripuz gertatutako emisioen probabilitatea txikitzeko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira; alegia, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien laburtuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.
Atmosfera Kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.
Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketarako gunea, laginketarako gunea, neurketarako portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko entitate batek egindako hasierako ILE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko dio Ingurumenaren gaineko erakundeari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Instalazioak «Airea-Baldintza Partikularrak» atalean jasotako fokuak ditu, Airearen kalitateari eta atmosfera babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legean adierazitako atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoan sartuta daudenak.
Foku ez-sistematikoetako bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagorako aldiro, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-foku gisa araupetu beharko da.
Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko gisa funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.
– Emisioen muga-balioak.
Lantegia ustiatzean, bermatu beharko da atmosferara egingo diren emisioek ez dituztela gaindituko «Airea-Baldintza Partikularrak» ataleko taulan jasotako emisioetarako ezarritako muga-balioak.
– Gasak biltzeko eta husteko sistemak.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo «Airea-Baldintza Partikularrak» ataleko taulan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketarako gunea, laginketarako gunea, neurketarako portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Isurketa lausoak minimizatzeko helburuarekin, jarioak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa egokiro diseinatuko da
– Emisio atmosferikoen kontrola.
Instalazioak emisioak kontrolatu beharko ditu, baimeneko «Airea-Baldintza Partikularrak» ataleko taulan ezarritakoari jarraikiz.
Aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako hauei dagokienez: neurketaren helburua eta plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.
Lortutako emaitzen erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.
Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egon beharko da.
ATALA: HONDAKINEN KUDEAKETA-BALDINTZA OROKORRAK
HONDAKINEN KUDEAKETAREN INGURUKO BALDINTZA OROKORRAK.
– Erantzukizun zibileko asegurua.
Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da seiehun mila euroko (600.000 euro) zenbatekoaz, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak.
Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.
– Hondakinen sarrera-kontrola.
Instalaziora balioztatuak izateko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honen baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko.
Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da aldez aurretik Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onespena lortzea eta ebazpen honetan adierazitakoa betetzea.
Lantegian tratatu beharrekotzat jotzen den hondakin-jatorri bakoitzeko, eragileak kasuan kasuko tratamendu-kontratua bete beharko du horretarako gaituta dagoen Ingurumen Sailburuordetzaren informazio-sisteman; bertan, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsiko da.
Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, tratamendu-kontratua bidaliko zaio hondakinaren titularrari, non ezarriko baitira baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, iraungitze-data. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik aztertu beharreko parametroak.
Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozen hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.
Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.
Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta hurbiltasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2030 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2030 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako onarpen-agiri baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du agiri hori. Kudeatu beharreko hondakin ez-arriskutsuak ezin izango dira jaso organo honek aldez aurretik tratamendu-kontratua baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 egun naturaleko epean egin beharko da, kontratua jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta berariazko iritzirik eman ez bada, aldekotzat joko da. Baliozkotu beharreko tratamendu-kontratuan jaso beharko dira, besteak beste, parametro mugatzaileak, hondakinen identifikazioa eta iraungitze-data, hondakina entregatzen ez bada.
Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete, eta, horrenbestez, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:
– Baztertzeko arrazoia.
– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.
– Beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, derrigorrezkoa izango da dagokion tratamendu-kontratua aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.
– Baldin eta ekoizleari itzultzen bazaio, identifikazio-agiriko gorabeheren apartatuan jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.
Baldin eta onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi egin beharko zaio.
Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, instalazioak hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu uneoro. Onarpena baldintzatzen duten parametro horiek ezartzea, kasu guztietan eta hondakin-partida bakoitzerako, metodo homologatuen bidez egingo da; zentroaren langile taldeko kide den laborategiko buru batek gainbegiratu beharko du eta espezializatutako tituluduna izan beharko da.
Hondakin bat ezin bada onartu, baina hondakin horren EHZ kodea hondakin baimenduen artean badago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azaltzen dituena.
– Zamalanak.
Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta behar diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.
Fabrikako hondakinen zamalanetan eta manipulazioan, nola ekipoen estankotasunean, emisio lausoak edo kontrolatu gabeak egotea saihestu beharko da, edo, bestela, ahalik eta gehien murriztu.
– Jasotako hondakinak biltegiratzea.
Balioztatu beharreko hondakinak gordetzeko gehieneko denbora bi urtekoa izango da.
Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.
Plantan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.
Hautsezko hondakinak eta soltean hartutakoak pabiloiaren barruko piloetan edo hobietan biltegiratuko dira.
Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute isuriren bat gertatu eta nahasiz gero arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakarten hondakin motetarako.
Hondakinek desagertu, galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan.
– Kudeatutako hondakinen datuen erregistroa.
Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat eduki beharko da, formatu fisiko edo telematikoan, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, hondakinen kopurua, izaera, jatorria, helmuga eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, hala dagokionean, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Ukatu egin diren hondakinen kasuan, kantitatea, ukatu den hondakinaren enpresa ekoizlea, uko egin izanaren arrazoia, ukatu den hondakinaren azken norakoa eta beste gertakari batzuk jakinaraziko dira. Aipatutako artxibo kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.
Aipatutako artxibo kronologiko hori hiru urtez gorde beharko da gutxienez, eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.
Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluarekin bat etorriz, urte bakoitzeko martxoaren 1 baino lehen aurkeztu beharko da artxibo kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.
Era berean, bidalitako konpost-kantitatea erregistratuko da, bai eta zehaztapenetatik kanpoko produktuen kantitatea eta helmuga ere.
Ebazpen honetan aipatutako kontrolen emaitzak atal honetan araututako erregistroan jasoko dira, baita sustatzaileak egin ditzakeen kontrasteko horiek ere.
– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.
Kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.
Horretaz gain, aurreikusten bada inportatu beharreko hondakinak edo inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balioztatze- edo ezabatze-tratamenduaren ondoren lortutako korronte garrantzitsuren bat zabortegian deuseztatu behar dela, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020ko Planean jasotako hondakinen arloko plangintzaren helburuekin.
ATALA: HONDAKINEN EKOIZPENA-BALDINTZA OROKORRAK
LANTEGIAN SORTUTAKO HONDAKINAK EGOKI KUDEATZEN DIRELA BERMATZEKO BALDINTZAK OROKORRAK
Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira, euren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
Hondakinak kudeatzeari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu egin behar da, eta, horretarako, balioztatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatzera bideratu: horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea edo berrerabiltzea lehenetsiko da balioztatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio horietara bidali beharko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.
Baldin eta aurreikusten bada hondakindegi baimenduan ezabatzea dela hondakinen azken helmuga, orduan, hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (zeinaren bidez ezarri baitira hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak) xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.
Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ingurumen-baimen bateratu honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Sortutako hondakinen kopurua handitzeak aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatzea dakarrenean soilik eskatu beharko da baimena egokitzea.
Hondakinak biltegiratzeko eremuek lurzoru iragazgaitza izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete; bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, bat etorriz betiere honako hauetan ezarritako irizpideekin: Europako Hondakin Zerrendan, zeina Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratu baitzen eta zeinaren bidez aldatzen baita Hondakinen Zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira ingurumen-baimen bateratuan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.
Hondakinak desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa ingurumen-organoan eta instalazioa kokatuta dagoen udalean.
Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora errege-dekretu hori garatuta xedatzen dena bete beharko da.
Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.
Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31 artikuluan ezarritako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.
Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarria bete beharko da.
– Hondakin arriskutsuak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak «Hondainen ekoizpena- Baldintza Partikularrak» ataleko taulan jasotakoak dira.
Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela-eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dute hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztatzea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.
Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta bilgarriek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.
Hondakin arriskutsuak gehienez 6 hilabetez eduki behar dira biltegiratuta.
Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori ingurumen-organo honi bidaliko zaio hondakina lehenengoz atera aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ingurumen-baimen bateratu honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.
Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Sustatzaileak artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.
Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak betetzen dituela horrelako gaiak garraiatzeko ezarritako baldintzak, indarrean dagoen legeriaren arabera.
Sustatzaileak sortutako olio erabilia kudeatu beharko du industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera.
Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, Pilei eta Metagailuei eta Haien Hondakinen Ingurumen Kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeek entrega horiek egin direla egiaztatzen badute. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde beharko dira gutxienez.
Sustatzaileak poliklorobifeniloak (PCB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, haiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan, polikrorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen horretan, eta hori aldatu zuen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan adierazitako baldintzak bete beharko ditu.
Sustatzaileak ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 (EE) Erregelamenduan zehaztutako gai erabiliak baldin baditu, berreskuratu egingo dira alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez deuseztatzeko, edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz, edota birziklatzeko edo birsortzeko xedez, tresnak berrikusi eta mantentzeko eragiketetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik.
Sustatzaileak urtero adierazi beharko dio ingurumen-organoari sortutako hondakin arriskutsuen jatorria zein den, zein kantitate sortu den, zer erabilera emango zaion eta adierazpenaren xede den ekitaldiaren amaieran zeintzuk dauden aldi baterako biltegiratuta. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa bidaliko du, dagokion urtekoa.
Hondakin arriskutsuen ekoizle gisa, artxibo elektroniko batean, honako datu hauek jaso beharko dira, ordena kronologikoan: sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balioztatze-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira.
Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, sustatzaileak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.
Urtean 10 tonatik gora hondakin arriskutsuren hasierako ekoizlea bada, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluari jarraituz, sustatzaileak minimizazio-plan bat izan beharko du, eta, planaren barruan, sortutako hondakin arriskutsuen kopurua eta haien arriskugarritasuna murrizteko hartuko dituen neurriak jaso beharko ditu. Plana agintaritza eskudunen eskura egongo da eta, lau urtean behin, ekoizleak emaitzen berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Aurreko betebeharretik salbuetsita egongo da EMAS ziurtagiria badu, edo, mota horretako hondakinak minimizatzeko neurriak barne hartzen dituen beste sistema baliokideren bat; horretarako, dagokion informazioa ingurumen-adierazpen baliozkotuan jaso beharko da.
Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, alegia, mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea, sustatzaileak hondakin arriskutsuen sorrera minimizatzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, lau urtetik behin, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluak ezartzen duen moduan, betiere sustatzaileak urtean 10t hondakin arriskutsu baino gutxiago sortzen ez baditu, edo EMAS ziurtagiri bat edo horren baliokide bat ez badu.
Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada sustatzailea bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, horrenbestez, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, sustatzaileak 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezartzen dira amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.
– Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuak egoki kudeatzearen kalitatea kontrolatzea.
Apartatu honetan adierazitako agiriak ingurumen-organora bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabilita.
– Aipatutako kudeatzaile baimenduak onartzearen agiri bidezko konpromisoa (kudeatzaileak EAEn kokatuta badaude).
– Identifikazio-agiria (kudeatzaileak EAEn kokatuta badaude).
– Hondakinen urteko aitorpena.
– Laburpen-memoria.
– Artxibo kronologikoa.
– Hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plana.
– Hondakin arriskugabeak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskugabeak «Hondakinen ekoizpena-Baldintza Partikularrak» ataleko taulan jasotakoak dira.
Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontziak berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati eman beharko zaizkio.
Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.
Oro har, kanpora eraman aurretik, hondakin guztiek izan beharko dute sinatuta tratamendu-kontratu bat kudeatzaile baimendu batekin, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ingurumen-baimen bateratu honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Sustatzaileak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.
Hondakina hondakindegira eramateko bada, hondakin arriskugabea lekualdatu aurretik, jarraipen- eta kontrol-dokumentua bete beharko da. Horretarako, bete egin beharko da Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatzen dena.
Hori hala izanik, hondakinak lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluari jarraikiz.
Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, sustatzaileak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak arau horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.
Urtean 10 tona hondakin arriskugabe baino gehiago sortuz gero, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, sustatzaileak formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balioztatze-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira. Artxibo kronologikoa hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioa oinarri hartuta egingo da. Fitxategi kronologiko hori gutxienez bost urtez gorde beharko da.
– Instalazioan sortutako hondakin arriskugabeak egoki kudeatzearen kalitatea kontrolatzea.
Apartatu honetan adierazitako agiriak ingurumen-organora bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabilita:
– Kudeatzaile baimenduarekin egindako tratamendu-kontratua (kudeatzaileak EAEn kokatuta badaude).
– Jarraipen- eta kontrol-dokumentua, hondakina zabortegian uztekoa bada.
– Hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatu behar badira balioztatzeko edo deuseztatzeko, lekualdaketa horri dagokion identifikazio-dokumentua.
– Laburpen-memoria.
– Ontziak merkaturatzea.
Sustatzaileak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituenez, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Ontzien Gaineko Urteko Adierazpena egin beharko du.
Era berean, sustatzaileak ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Sustatzaileak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi-hondakinei buruzko Legearen (11/1997, apirilaren 24koa) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.
Baldin eta sustatzaileak, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak, edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere jarraian zehaztutako kantitateetan baino handiagoetan:
– 250 tona, beira soilik bada.
– 50 tona, altzairua soilik bada.
– 30 tona, aluminioa soilik bada.
– 21 tona, plastikoa soilik bada.
– 16 tona, zura soilik bada.
– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.
– 350 tona, zenbait material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.
Enpresaren prebentzio-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen.
ATALA: LURZORUA-BALDINTZA OROKORRAK
LURZORUA ETA LURPEKO URAK BABESTEKO BALDINTZAK OROKORRAK
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzekoa) ezarritako betebeharrak betez aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenaren eta horretan jasotako gomendioen arabera, sustatzaileak lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.
Lur-mugimenduak.
Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:
1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:
a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c) apartatuan jasotzen denari jarraikiz, induskatu beharreko materialak (lurrak, eraiste-hondakinak eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.
b) Jarduera horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduera egin bitartean gainditze hori antzematen bada, nahitaezkoa izango da indusketa selektiborako plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta lehengoratzeko egiaztatuta dagoen entitate batek egina. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du, gauzatu aurretik.
c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:
– Jarduera sustatzen duen pertsona fisiko edo juridikoaren eta jarduera egingo duen kontratistaren identifikazioa.
– Jarduerak ukituko duen lekuaren kokapen-datuak, Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia barne hartuta.
– Jardueraren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduera-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.
– Jardueraren deskribapen xehatua.
– Induskatuko diren materialen bolumena, zolatak barne.
– Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.
– Jarduera hasteko aurreikusitako datak.
d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurren ezaugarritzearen emaitzak adierazi beharko dira; horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.
e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotako irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:
https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida
f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie. Irizpide horiek abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 zenbakian daude jasota (induskatu behar diren lurzoruen in situ laginketa).
g) Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta analisia, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitateak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta entitate horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.
h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako A-EBA balioak baino txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak dituzten lurrak, eta, horrenbestez, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.
i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.
2.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusi bada (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.
Horrez gain, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluaren arabera, kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, hartu beharreko neurriak ezar ditzan sailburuordetza horrek, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23.1.e) artikuluarekin.
ATALA: ZARATA-BALDINTZA OROKORRAK
ZARATAREN INGURUKO BALDINTZA OROKORRAK.
«Zarata-Baldintza Partikularrak» atalean ezarritako indize akustikoak ez gainditzeko beharrezkoak diren neurriak ezarriko dira.
Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.
– Zarataren kontrola.
Neurketa bidezko ebaluazio guztiak Administrazioaren II. mailako lankidetza-erakunde (ALE) batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.
Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak ingurumen-organo honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.
ATALA: EZOHIKO EGOERAK-BALDINTZA OROKORRAK
PREBENTZIO-NEURRIEI ETA EZOHIKO EGOERETAN FUNTZIONATZEKO BALDINTZEI BURUZKO BALDINTZA OROKORRAK.
– Instalazioa geldiarazteko eta martxan jartzeko eragiketak eta mantentze-lanen eragiketa programatuak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren emisioen eta hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.
Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, «Hondakinen ekoizpena-Baldintza Partikularrak» eta «Hondakinen ekoizpena-Baldintza orokorak» ataletan ezarritakoarekin bat etorriz.
– Jarduera etetea.
Jarduerari arau hauek aplikatu behar zaizkio: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea eta Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzeko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, sustatzaileak jarduera-etete horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea igaro baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta beranduenez ere noiz hasiko den lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Arauari dagokion jarduera-kodea «Ezohiko funtzionamendua-Baldintza Partikularrak» atalean ezartzen da.
Jarduera bertan behera utzi baino lehen, sustatzaileak instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, «Hondakinen ekoizpena-Baldintza partikularrak» eta «Hondakinen ekoizpena-Baldintza Orokorrak» ataletan ezarritakoari jarraikiz.
– Jarduera aldi baterako etetea.
Jarduera aldi baterako etetea jakinaraziz gero, sustatzaileak, aldi baterako uztearen jakinarazpenarekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.
Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioek egokiro funtzionatzen dutela ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina duen isurketa edo emisio oro saihesteko.
– Funtzionamendu anomalorako prebentzio-neurriak eta jarduerak.
Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:
Instalazioen mantentze-lan prebentiboak.
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsatzeko arriskua dakarren edozein egoera prebenitzeko.
Era berean, atmosferara egindako emisioak eta uretara egindako isurketak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.
Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.
Hondakin-urak ezingo dira «bypass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.
Programatutako mantentze-lanetan derrigorrez «bypass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumenaren gaineko organo honi jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isurketaren bat gertatzen bada, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena ingurumen-organo honi bidalita (apartatu honetako «Gorabeheraren bat gertatuz gero, agintariei jakinaraztea» puntuan adierazitakoari jarraituz).
Halaber, erregistro bat eduki beharko da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.
Besteak beste, erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, eta, orokorrean, fabrikan sortutako hondakinak maneiatzean, baliteke lurzorua eta ura kutsatzea. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua duten partzelen azalera guztiak irazgaiztuko dira.
Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.
Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.
Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoa den behar beste material guztia edukiko da, hau da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipo bereziak.
Kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat izango dute; eta saiatu behar dira efikaziari eragin diezaioketen isuriak tratamendu-instalaziora joan ez daitezen.
Gorabeheraren bat izanez gero, agintariei jakinaraztea.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak berehala eman beharko dio gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri ingurumen-organoari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako ezarritako helbide elektroniko hau baliatuz: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean alde hauek adierazi beharko dira gutxienez:
– Gorabehera-mota.
– Jatorriak eta arrazoiak (unean bertan zehaztu daitezkeenak).
– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.
– Sortutako ondorioak.
– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.
Gorabehera edo arazo larriren bat izanez gero, eta, betiere istripuz izandako emisio edo isuriren bat egonez gero, berehala jakinarazi beharko zaie SOS Deiak zerbitzuari eta instalazioa non dagoen kontuan hartuta dagokion udalari Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehatz-mehatz jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio ingurumen-organoari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:
– Gorabehera-mota.
– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
– Gorabeheraren iraupena.
– Isurketa istripuz gertatuz gero, emaria eta isuritako materiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.
– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.
– Eragindako kalteen zenbatespena.
– Hartutako zuzenketa-neurriak.
– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.
– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.
Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horretaz gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilaren eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.
Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.