152. zk., 2024ko abuztuaren 6a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (179 KB - 9 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
3811
EBAZPENA, 2024ko uztailaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Leaburu herriko (Gipuzkoa) Leaburuko HAPOko A.4.1. Zuhazki-Lantegia eremua berrurbanizatzeko Leaburuko Udalak (Gipuzkoa) sustatutako proiektuaren ingurumenari buruzko txostena.
AURREKARIAK
2024ko apirilaren 24an, Leaburuko Udalak eskaera egin zion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, Leaburu herriko (Gipuzkoa) Leaburuko HAPOko A.4.1. Zuhazki-Lantegia eremua berrurbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren ingurumen-inpaktuaren gaineko txostena eman zezan. Proiektu horri aurrerantzean «proiektua» esango zaio. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin da; arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, 2024ko maiatzaren 21ean, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren Ingurumen Ebaluazioko Zerbitzuak kontsulta-izapidea abiarazi zuen, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren inguruan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraituz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluko 2. puntuan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II.E eranskinean biltzen diren proiektuei: 3.– Beste proiektu batzuek, II.D eranskinekoak ez direnek, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertu da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Idaztea Leaburu herriko (Gipuzkoa) Leaburuko HAPOko A.4.1. Zuhazki-Lantegia eremua berrurbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren gaineko txostena. Honela:
A) Hauxe da urbanizazio-proiektu horren xedea: Leaburu-Txarama herriko Txarama auzoan industria-pabiloi bateko lurzati baten urbanizazioa osatzeko behar diren obrak definitzea, dimentsionatzea eta baloratzea.
B) Leaburuko HAPOko A.4.1. Zuhazki-Lantegia eremua berrurbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren gaineko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren helburuak Leaburu-Txaramako Txarama auzoan zur-industriari lotutako jardueretarako industria-pabiloi bat dagoen lurzati baten urbanizazioa osatzeko behar diren obrak definitzea, dimentsionatzea eta baloratzea dira.
Ingurunea berrantolatu eta prestatuko da, eta eremuko funtzio- eta ingurumen-arazoei erantzungo zaie, zehazki, nahitaez laga behar diren lursailetan. Lursail horiek Leaburuko Udalak jasoko ditu. Lursail horiek 2.308 m2-ko azalera dute, gutxi gorabehera.
Urbanizazio-obrak aurreikusten dira, hala nola bideak, ur-hornidura, saneamendua, energia elektrikoa, argiteria publikoa, telekomunikazioak, lorezaintza eta antzeko beste batzuk.
Horren harira, indarrean dagoen HAPOan (2018an onartu zen behin betiko) beharrezkotzat jo zuten eremuaren hirigintza-garapeneko prozesua osatzea, haren errealitate fisikora eta funtzionalera legez egokituta, eta eremua hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatu zuten, erabilera eta jabari publikoko toki-zuzkidurei dagozkien lurzoruak lagatzea aurreikusi zutelako. Proiektu hau aipatutako HAPOko zehaztapenak garatzeko tresna da.
Hortaz, jarduketa hauek egitea aurreikusi da:
– Industria-lurzatia ingurune publikoan integratzea. Lurzati hori gaur egun hesiz inguratuta dago. Lurzatia irekita utziko da.
– Gaur egungo zerbitzu-azpiegiturak osatzea, egokitzea eta berritzea.
– Aparkaleku publiko bat egitea errepideko sarbidearen ondoko eremuaren sarreran.
– Anbulatorio-zerbitzuan (osasun-zerbitzuan eta elbarrientzako zerbitzuan) erabiltzeko zenbait aparkaleku-plaza eraikitzea udal-jabetzako lursailaren ondoan, lurzatiaren iparraldeko mugan.
– Oinezkoentzako eta txirrindularientzako bide bat egitea, egungo espaloiaren ondoan oinezkoen eta bizikleten zirkulazioa hobetzeko eta segurtasunez ibili ahal izateko.
– Ibaiaren ondoko lurretan ibaiertzeko espezie autoktonoak landatzea, eremuan landareak eta loreak edukitzeko.
– Eremuaren hegoko aldean, ibaiaren ondoan, eraikin txiki batzuk eraitsiko dira, eta, ondoren, libratuko den lursailaren landaredia lehengoratuko da.
– Hainbat altzari eta lorezaintzako elementu izatea, bidezidorrean zehar egonlekuak sortzeko. Kontuan hartu da errota zaharraren eta paper-fabrikako instalazioen hondakinak daudela. Hondakin horiek urbanizazioan txertatuko dira, auzoaren iraganeko aztarna gisa.
– Zabor-hondakinak biltzeko eta bus-geltoki bat jartzeko aukera aztertzea.
Jarduketa horiek gauzatzeko, lur-mugimendu txikiak egin beharko dira, egungo urbanizazioa berdegune berrietara eta etorkizuneko bidezidorrera moldatzeko, etorkizuneko urbanizazioan jarraitutasuna egon dadin. Lur-mugimendu horiek zoladurak eraisteko lanei lotuta daude, oinezkoentzako bide berria lehendik dagoen urbanizazioaren kotetara egokitzeko.
Bide-zoruei eta zoladurei dagokienez, oro har, eremuak kontserbazio-egoera onean daude; beraz, egokitzapen txikiak baino ez dira egin beharko. Eraitsi behar den azalera ere berreskuratu beharko da; horretarako, zoruko tarte batzuetan konponketak egin beharko dira. Azken egoeran, errodadura-eremuak, oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidea eta oinezkoentzako ibilbideak egongo dira.
Ingurumen-dokumentuan jarduketarik ez egiteko (0 aukera) eta proiektuak garatutako aukera aztertzen ditu, eta proposatutako aukera gauzatzeko beharra justifikatzen du. Horretarako arrazoia gaur egungo bide-segurtasuneko arazoak konpontzea eta aparkaleku publikoa sortzea da.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Proiektuaren eremua Araxes ibaiaren eskuinaldean dago, Lau-haizeta inguruan, eta Leaburuko Txarama auzoaren pareko Araxes ibaiaren meandro bat hartzen du barnean. Hirigintzaren ikuspegitik, A.4.1. Zuhazki-Lantegia eremua da, eta 13.215 m2-ko azalera hartzen du barne. Araxes ibaiaren meandro natural bati irabazitako lursaila da, ibaiaren zortasun- eta zaintza-eremuan. Denborarekin, lur-berdinketak egin dira lurzatiaren barruan, lurrak lautzea lortzeko; horren ondorioz, Araxes ibaiaren jatorrizko ibilgua desitxuratu da.
Ekialdean, proiektuaren eremuak GI-2135 errepidearekin egiten du muga. Errepide horrek oinezkoentzako espaloia dauka. Espaloi hori errepidearen ertzetik igarotzen da, Txarama auzoaren hasieratik, Tolosarekiko mugan, Bentako bizitegi-eremuraino (eremuaren hegoalderantz dago).
Eremuak izaera misto nabarmena du industrian, nekazaritzan eta basogintzan; industria-pabiloi bat da nagusi, eta eremuaren erdia baino gehiago (% 55) artifizializatu da industria-erabileretarako, errepide-sareetarako eta bizitegi-eraikinetarako.
Eremua bat dator, partzialki, Araxes Ibaia (ES2120012) Kontserbazio Bereziko Eremuarekin (KBE), ingurune hidrikoari lotutako Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen dituen martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuaren bidez izendatuta. Hauek dira KBE horren gako-elementuak:
– Ibai-habitatak, ibaiertzeko haltzadiak eta lizardi subkantauriarrak (Habitataren kodea: UE. 91E0*).
– Mustela lutreola (bisoi europarra).
– Parachondrostoma miegii (loina) eta arrain-komunitatea.
– Ibaietako hegaztiak: Cinclus cinclus (ur-zozoa), Alcedo atthis (martin arrantzalea) eta ibaiertzetako beste hegazti-espezie batzuk.
Araxes ibaia ere bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) interes bereziko eremu gisa sartu da espezie horretarako onartutako kudeaketa-planean.
Araxes ibaiaren ertzetan, azterlanaren eremuan, ibaiertzeko haltzadi eurosiberiar bat dago (4.059 m2-koa), Batasunaren Intereseko Habitat gisa sailkatuta (91E0*), baina azterketa-eremuaren hegoaldean degradatuta dago, eta espezie aloktono inbaditzaileak daude.
Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroaren arabera, aztertutako eremuan erregistratutako 3 eremu daude.
– Uretako espezie ekonomikoki esanguratsuak babesteko eremuak. Arrainak babesteko eremuak. Kodea: 1603100016.
– Habitatak eta espezieak babesteko eremuak: KEB ES2120012 Araxes ibaia.
– Espezie mehatxatuen interes bereziko guneak: Espezie mehatxatuen (bisoi europarraren) interes bereziko eremua.
Araxes ibaia, aztergai den zatian, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen Azpiegitura Berdearen Bilbe Urdinean sartuta dago.
EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen proiektuaren arabera, Araxes ibaia KEB «eskualde-mailako garrantzia duen lotura-interes bereziko ibai-tarte» gisa sailkatuta dago, eta N-130 errepidea (GI-2135), berriz, «xede-espezieak eta onuradunak harrapatzeko kontzentrazio gune» gisa.
Azterketa-eremuaren hego-ekialdeko muturrean presa txiki bat eta Araxes ibaiaren azaleko hargunearen kanala daude (40001999 kodea).
Honako hauek dira eremuan espero daitezkeen landareak: iparraldean, haltzadi kantauriarra; eta hegoaldearen erdialdean, harizti azidofiloa eta baso misto atlantikoa. Hala eta guztiz ere, eremua urbanizatzeak lurraldea eraldatu duenez, benetako landareak ez dira adierazitako horiek. Eremuaren hegoaldean, Araxes ibaiaren ertzetan ibaiertzeko haltzadiak daude: haltzak (Alnus glutinosa), lizarrak (Fraxinus excelsior) eta sahatsak (Salix spp.). Eskuineko ertzean, formazio hori degradatuta dago; izan ere, lurzorua industria-erabileretarako artifizializazioak haren azalera mugatzen du, eta espezie aloktono inbaditzaileak daude, hala nola alboa (Platanus x hispanica), banbua (Phyllostachys aurea) eta tximeleta-zuhaixka (Buddleja davidii). Industria-pabiloiaren atzealdean, Araxes ibaiaren ertzetan ibaiertzeko basoa dago. Haltzak dira nagusi, baina albo espezie inbaditzailearen aleren bat ere badago (Platanus x hispanica).
Industrialdeko lorategi gisako eremuetan, eremuaren sarbidearen ondoan, tamaina ertaineko bost artez osatutako multzoa nabari da (Quercus ilex). Ondoren, Araxes ondoko industrialdearen mugatik jarraituz, gereziondo-lerrokadura bat landatu da (Prunus spp.). Eremuko gainerako lorategi gisako eremuetan bi lizar, taxazeo bat eta palmondo bat daude. Iparraldean zazpi fruta-arbola gazte dituen eremu bat dago.
Arriskuei dagokienez, azterketa-eremuaren hegoaldeko muturra, mendebaldeko eremu batekin batera, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuekin bat dator. Hala eta guztiz ere, proiektatutako jarduketa guztiak eremu horretatik kanpo egin dira. Bestalde, nahiz eta proiektuaren eremuan bi kokaleku kutsatu dauden (20050-00002 eta 20050-00005 kodedunak), ez da aurreikusi haien gaineko eraginik.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak proiektua gauzatzeko fasean gertatuko dira, eraispenak, beharrezko lur-mugimenduak (soberakinen bolumena 4,5 m3 ingurukoa izango da, eta hurbileko obra batean erabiliko da) eta planteatutako berrurbanizazio-obrak direla eta. Jarduketa horiek eragina izango dute ingurumenean, honako hauek ohikoak izaten baitira haietan: zarata sortzea, atmosferaren kalitatea murriztea, hondakinak sortzea, ibilgura eta lurzorura ustekabeko isurketak egiteko arriskua.
Jarduketa gehienak lurzoru artifizializatuan egingo dira, ingurune industrializatu batean.
Araxes ibaia kontserbazio bereziko eremuari dagokionez, haren mugen barruan egin behar den jarduera bakarrak etxola bat eraistea, proiektuaren kotarainoko hormigoizko zolata fresatzea edo eraistea eta behe-tentsioko sare elektrikoa ezartzea izango dira. Eremuaren hegoaldean, ibaiaren ondoan, dagoen etxola eraistea eta eremuko espezie inbaditzaileak kentzea eragin positibotzat jotzen da Araxes ibaia KBEa kontserbatzeko. Era berean, eta gainerako jarduerek KBEan duten eraginari dagokionez, ebaluazioa egin ondoren hauxe ondorioztatu da: proposatutako jarduketak eta neurriak kontuan hartuta, baztertu egiten da ibilguan eta, zehazki, arrain-komunitatean eraginik sortzea, ezta haltzadietan eta lizardietan ere (ez da espero mozketarik edo sasi-garbitzerik egitea). Bi elementu horiek funtsezkoak dira KBEan. Eremuan funtsezkoa den beste elementu bati dagokionez, hots, bisoi europarrari dagokionez (Mustela lutreola), eremuan egoteko aztarnarik eduki ez arren, ezin da irmo adierazi bisoi europarrak eremu hori erabiltzen ez duenik; hala ere, kontuan hartuta egin behar diren jarduketak eta proposatutako prebentzio-neurriak, ez da litekeena proiektuak espezieari eragitea.
Uholde-arriskuari dagokionez, proiektutako jarduketa guztiak uholde-arriskuko eremuetatik kanpo egingo dira; beraz, proiektua ez da arrisku horren kaltebera, ez obra-fasean, ezta ustiapen-fasean ere. Era berean, Uraren Euskal Agentziak emandako txostenaren arabera, hormigoizko zenbait eraikin kentzea aurreikusi denez, printzipioz espero da ibilguaren ahalmen hidraulikoa hobetzea.
Ustiapen-fasean, eremua irisgarriagoa eta funtzionalagoa izango da.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan; eta beharrezkoa izan ez dadin Leaburuko HAPOko A.4.1. Zuhazki-Lantegia eremua berrurbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak betetzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.
Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Horrez gain, apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:
– Proiektuaren eremua.
Jardueraren gehieneko afekzio-eremua bat etorriko da sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduran aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten diren mugekin.
Obrak, bai eta lurra okupatzea berekin dakarten eragiketa lagungarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak.
Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik egonez gero, hori zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokienak aplikatuko dira.
– Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
Egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko, behar diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorura, lurpeko uretara eta lurrazaleko uretara substantzia kutsagarriak ez isurtzeko.
Ezin izango da lurrazaleko edo lurpeko urik bildu nahitaezko administrazio-emakidarik gabe, ezta ezein ibilgutara edo lurretara isuririk egin ere, dagokion baimenik gabe.
Azpimarratu egiten da ezen, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera, ezin dela inolako jarduketarik egin ibilguen zortasun-eremuan, eta une oro errespetatu beharko dela ibaiertzeko landaredia.
Araxes Ibaia kontserbazio bereziko eremuari dagokionez, arreta eta neurri zorrotzak hartu beharko dira, babestutako eremuari kalterik ez egiteko.
Eremuaren uholde-arriskuari dagokionez, kontuan izan behar da, ezponda lehengoratzen denean, ezin izango dela huste-ahalmena murriztu, ez eta ingurunean lehendik dagoen uholde-arriskua larriagotu ere.
– Kaltetutako eremuak lehengoratzeko eta paisaia babesteko neurriak.
Proiektuaren exekuzioak ukitutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesurik eta ibilguetarako solido-arrasterik ez izateko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.
Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko.
– Airearen kutsadura murrizteko neurriak.
Ahalik eta hauts gutxien sortuko da obrek irauten duten bitartean, batez ere lurrak mugitzen eta garraiatzen direnean. Horretarako, neurri hauek hartuko dira:
• Sarbidean, ibilgailuen trafikoa eta obrako makinena mugatuko da.
• Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.
• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
• Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-isurketen arabera, ureztatuko ere. Sarbideek egoera onean egon beharko dute une oro, lokatzik gabe.
• Ez da hondakinik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
– Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.
Zarata jatorrian murrizteko jardunbide egoki operatiboak aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatu eta uzteko eragiketetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztean, makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzean, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzean eta abarretan ere.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzera zuzendutako neurriak.
Proiektuaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako bi kokaleku badaude ere (20050-00002 eta 20050-00005 kodedunak), eta haiei eragitea aurreikusi ez bada ere, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoari jarraitu beharko zaio.
Hala ere, obrek irauten duten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.
– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
– Garbiketa eta obra-akabera.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotza egingo da; proiektuaren eraginpeko eremuan obra-hondakinik ez uzteko, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen Leaburuko HAPOko A.4.1. Zuhazki-Lantegia eremua berrurbanizatzeko Leaburuko Udalak sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Leaburuko Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 5a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta bat etorriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
AITOR ALDASORO ITURBE.