152. zk., 2024ko abuztuaren 6a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (155 KB - 5 orri.)
- EPUB (152 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
3810
83/2024 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien 2024. urterako igoera onartzen duen Erabakia.
2024ko uztailaren 23an egindako bilkuran, Gobernu Kontseiluak onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien 2024. urterako igoera onartzen duen Erabakia, eta behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien 2024. urterako igoera onartzen duen Erabakiaren testua, zeina eranskinean jaso baita.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 31.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 31KO 83/2024 EBAZPENARENA
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOAN DIHARDUTEN LANGILEEN ORDAINSARIEN 2024. URTEKO IGOERA ONARTZEN DUENA
Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen 19. artikulutik 24.era arautzen da zer ordainsari ordainduko zaizkien Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileei, eta legean xedatutakoaren arabera, aurrekontu-ekitaldian zehar indarrean daudenak izango dira lan-araubidekoak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko ordainsariak, Administrazio Publikoetako funtzionarioen oinarrizko ordainsarien araubidea erregulatzen duten arauei jarraituz.
19. artikuluaren 13 eta 14 apartatuek lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta parekoen eta behin-behineko langileen 2024ko ekitaldirako ordainsariak arautzen dituzte; 22.1 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako, fundazioetako eta partzuergoetako zuzendarien ordainsariak aurreikusten ditu; 19.9 artikuluak lan-araubideko langileen ordainsariak ezartzen ditu; eta, azkenik, Ertzaintzako langileen ordainsariak 20. artikuluan daude araututa.
Ekainaren 26ko 4/2024 Errege Lege Dekretuak, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko zenbait neurri luzatzen dituenak eta zerga-, energia- eta gizarte-arloan premiazko neurriak hartzen dituenak, sektore publikoan diharduten langileen ordainsariak 2024ko igotzeko agintzen du, oinarrizko izaerarekin.
Zehazki, 4/2024 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluko 1. apartatuak ezartzen duenaren arabera, 2024. urtean, sektore publikoaren zerbitzura diharduten langileen ordainsariak, gehienez, % 2ko gehikuntza globala izan ahalko dute, 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko (azken horien barruan sartzen dira 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 19.Bi.2 artikuluan aurreikusitakotik eratorritako igoerak). Ordainsari horiek homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira, erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari, bai antzinatasunari dagokionez. Ordainsarien igoera horrek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorio ekonomikoak.
Era berean, 6. artikuluaren 7. apartatuak 2023ko abenduaren 31n indarrean zeuden oinarrizko ordainsarien igoera zelan egikaritu zehazten du.
Halaber, Gobernu Kontseiluak zehaztu egin behar du Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 122.2.a).1 artikuluan araututako lanpostu-mailako osagarriaren urteko zenbatekoa, bai eta gainerako ordainsari osagarriena ere.
Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 17.2.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio ezartzea, urtero, zer arau eta gidalerro bete behar diren aplika daitezen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta instituzionalaren zerbitzuko funtzionarioen ordainsari-araubidea eta administrazio horien zerbitzuko gainerako langileen soldata-baldintzak.
Horren ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, 2024ko uztailaren 23ko bilkuran, hau
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Baimentzea, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2023ko abenduaren 31n indarrean zeuden urteko guztizko ordainsarien % 2ko igoera orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko entitate publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako lan-kontratudunak ez diren langileentzat, baita lehendakariarentzat, sailburuentzat, goi-kargudunentzat eta parekoentzat eta behin-behineko langile eta zuzendaritza-kideentzat ere.
Bigarrena.– Honako oinarrizko ordainsari hauek jasoko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionario eta estatutupeko langileek:
a) Soldata eta hirurteko gisa, 2024ko urtarriletik abendura bitarteko nomina arruntetan (zenbatekoak hamabi hilekori dagozkie):
(Ikus .PDF)
b) 2024ko ekaineko eta abenduko aparteko ordainsari bakoitzeko, honako kopuru hauek jasoko dira soldata eta hirurteko kontzeptu gisa:
(Ikus .PDF)
Hirugarrena.– Bat etorriz Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 122.2.a) artikuluan ezarritakoarekin, hau izango da 12 hilekori dagokion lanpostu-mailako osagarriaren zenbatekoa 2024. urtean, lanpostu-maila bakoitzari dagokiona:
(Ikus .PDF)
Laugarrena.– Honako hau izango da Ertzaintzako kategoria bakoitzean 12 hilekori dagokion destino-osagarriaren zenbatekoa 2024 urtean:
(Ikus .PDF)
Bosgarrena.– 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, funtzionarioen gainerako ordainsari osagarriak, halaber, % 2 igoko dira 2023ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko. Hala ere, aldaketa batzuk egiteko modua izango da programa bakoitzari atxikitako langile kopurua aldatzearen ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz.
Seigarrena.– 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, hauek izango dira lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta parekoen ordainsariak:
(Ikus .PDF)
Zazpigarrena.– Behin-behineko langileen ordainsariak % 2 igoko dira 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2023ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko.
Zortzigarrena.– Justizia Administrazioan diharduten langileen ordainsariak berariazko araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.
Bederatzigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, haren organismo autonomoetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan diharduten langile lan-kontratudunen ordainsariak % 2 igoko dira 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.
Hamargarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako entitateen zerbitzuan diharduten langile lan-kontratudunen soldata-masak ezin izango dira % 2 baino gehiago igo 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.
Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa da 2024ko soldata-masaren gehieneko muga, zeina negoziazio kolektiboaren bidez erabakiko baita nola banatu eta aplikatu modu indibidualean.
Hamaikagarrena.– Osagarri pertsonalak eta iragankorrak, baita zerbitzuarengatiko kalte-ordainak ere, beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, eta, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, horien zenbateko indibidualak ezin izango dira % 2 baino gehiago igo 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.
Halaber, ordainsari-kontzeptu batzuk erabaki honetan xedatzen denetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta haien araubideak, aplikagarri zaien araudiari jarraituz, baztertzen badu ordainsari-igoera orokorraren bidez eguneratzea.
Hamabigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.