Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2024ko abuztuaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
3763

130/2024 DEKRETUA, uztailaren 16koa, zeinaren bidez errebokatzen baita Badihardugu: Deba Ibarreko Euskera Alkartia izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena.

Badihardugu: Deba Ibarreko Euskera Alkartia izeneko elkartea onura publikokotzat jo zen 2021eko urriaren 5eko 218/2021 Dekretuaren bidez. Dekretu hori 2021eko urriaren 11n argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuak arautzen du zer baldintza eta prozedura bete behar diren onura publikoa aitortzea lortzeko, mantentzeko eta ezeztatzeko.

Horrez gain, aipatutako ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 44. artikuluak, zeina baita onura publikoko elkarteen betebeharrei buruzkoa, ezartzen du onura publikoko aitorpena duten elkarteek aurreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak aurkeztu behar dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45. artikuluaren arabera, onura publikoaren aitorpena Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez ezeztatu ahal izango da, baldin eta egiaztatzen ez bada aitorpen hori eragin zuten betekizunak betetzen jarraitzen dela edo elkarte-mota horri behin eta berriz eta modu larrian urratzen badira dagozkion betebeharrak.

Babesletzaren 2024ko uztailaren 4ko txostenean adierazitakoaren arabera, elkarteak ez du bete kontuak epearen barruan aurkezteko eginbeharra, 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldiei dagokienez. Ez-betetze hori larritzat eta behin eta berriz egindakotzat kalifikatu da Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2024ko uztailaren 4ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horrek amaitutzat ematen du elkartearen onura publikoaren aitorpena errebokatzeko hasitako prozeduraren instrukzioa, dagozkion informazio-eginbideak eta gainerako izapide egokiak egin ondoren, eta dekretu hau ematea proposatzen du. Hori guztia, uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren 21-27 artikuluetan xedatutakoa betez.

Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, emandako txostena ikusi ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2024ko uztailaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Errebokatzea Badihardugu: Deba Ibarreko Euskera Alkartia izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena, larriki eta behin eta berriz ez betetzeagatik aitorpen horri dagozkion eginbeharrak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, aukerako berraztertze- errekurtsoa aurkez daiteke aurretik.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko uztailaren 16an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala