150. zk., 2024ko abuztuaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
3762
129/2024 DEKRETUA, uztailaren 16koa, zeinaren bidez errebokatzen baita Sociedad de Oceanografía de Gipuzkoa izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena.
Sociedad de Oceanografía de Gipuzkoa izeneko elkartea onura publikokoa deklaratu zen Jaurlaritzaren Kontseiluaren martxoaren 31ko 76/1992 Dekretuaren bidez.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuak arautzen du zer baldintza eta prozedura bete behar diren onura publikoa aitortzea lortzeko, mantentzeko eta errebokatzeko.
Horrez gain, aipatutako ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 44. artikuluak, zeina baita onura publikoko elkarteen betebeharrei buruzkoa, ezartzen du onura publikoko aitorpena duten elkarteek urreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak aurkeztu behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan.
Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45. artikuluaren arabera, onura publikoaren aitorpena Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez ezeztatu ahal izango da, baldin eta egiaztatzen ez bada aitorpen hori eragin zuten betekizunak betetzen jarraitzen dela, edo behin eta berriz eta modu larrian urratzen badira elkarte-mota horri dagozkion betebeharrak.
Babesletzaren 2024ko ekainaren 21eko txostenean adierazitakoaren arabera, elkarteak ez du bete kontuak epearen barruan aurkezteko eginbeharra, 2019, 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldiei dagokienez. Ez-betetze hori larritzat eta behin eta berriz egindakotzat kalifikatu da Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2024ko ekainaren 24ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horrek amaitutzat ematen du elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzeko hasitako prozeduraren instrukzioa, dagozkion informazio-eginbideak eta gainerako izapide egokiak egin ondoren eta dekretu hau ematea proposatzen du. Hori guztia, uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren 21-27 artikuluetan xedatutakoa betez.
Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, emandako txostena ikusi ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2024ko uztailaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Errebokatzea Sociedad de Oceanografía de Gipuzkoa izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena, larriki eta behin eta berriz ez betetzeagatik aitorpen horri dagozkion eginbeharrak.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, aukerako berraztertze- errekurtsoa aurkez daiteke aurretik.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko uztailaren 16an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.