150. zk., 2024ko abuztuaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (280 KB - 16 orri.)
- EPUB (296 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3759
EBAZPENA, 2024ko uztailaren 3koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena; honen bidez, 2024. urtean langile autonomoen eta ekintzaileen artean laneko arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza sustatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onartzen dira.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak badaki langile autonomoen kolektiboan eta ekintzailearen izaera duten beste pertsona batzuen artean laneko arriskuen prebentzioaren gaineko prestakuntza eta kualifikazioa beharrezkoak direla.
Langile Autonomoaren Estatutuaren 20/2007 Legeak 8.2 puntuan ezartzen duenez: «Administrazio publiko eskudunek langile autonomoen berezitasunetara egokitutako prebentzio espezifikoko prestakuntza sustatuko dute».
Bestalde, Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko ekainaren 28ko 16/2012 Legearen 15. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, zeinek bere eskumenen eremuan, ekintzailetza-jarduerari laguntzeko programa eta jarduketa egokiak egingo dituzte, 14.b) artikuluan aipatu diren helburuak lortzeko. Azken horrek ekintzailetza-jarduerari laguntzeko botere publikoen politika, programa eta jarduketak koordinatzeko beharra jasotzen du.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Jarduerarako Araudia onartzeko den uztailaren 30eko 191/2002 Errege Dekretuak 4.h) artikuluan ezartzen duenez, laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko planak eta prestakuntza-ikastaroak programatu, antolatu eta bideratzea dagokio, bere jarduera-eremuaren barruan. Eremu hori testu bereko 2. artikuluan zehazten da, eta beren kontura nahiz besteren kontura aritzen diren langileei eta kooperatibisten aplikatzen zaie.
Gainera, kontuan hartu behar da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2024ko Kudeaketa Planaren barruan ezarritako helburuen artean dagoela laneko arriskuen prebentzioa sustatzea langile autonomoen eta ekintzaileen artean. Era berean, helburu hori lortzeko, kolektibo profesional horiekin lan egiten duten ahalik eta elkarte profesional, sindikatu eta irabazi-asmorik gabeko erakunde gehien inplikatu nahi dira.
Hori guzti hori, kontuan hartuta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak hainbat eginkizun dituela, behar-beharrezkoak direnak laneko osasuna, higienea eta segurtasuna sustatzeko eta prebenitzeko bere helburuak betetzeko orduan. Horretarako, langile autonomoen eta ekintzaileen prestakuntza sustatu eta indartzen du, deialdi honetan islatutako eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2024. urterako Plan Estrategikoan jasotako dirulaguntzaren teknikaren bidez.
Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2023-2026 Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako erakundeko zuzendari nagusiaren 2024ko urtarrilaren 31ko ebazpenaren bidez onartu zen. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen web-orrian argitaratuta dago, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluko baldintzak betetzen ditu.
Printzipio horien ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean jasotakoarekin bat etorriz, eta onetsitako gastu-kredituaz baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak langile autonomoen eta ekintzaileen artean laneko arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza sustatzeko jarduerak garatzeko eman beharreko dirulaguntza-programako deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea (haren edukia ebazpen honekin batera erantsi da).
Bigarrena.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.3 artikuluaren arabera, ebazpen hau eta oinarri arautzaileak osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hirugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, epea zenbatzen hasiko da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan.
Barakaldo, 2024ko uztailaren 3a.
OSALANeko zuzendari nagusia,
MARÍA LOURDES ISCAR REINA.
ERANSKINA
OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAK LANGILE AUTONOMOEN ETA EKINTZAILEEN ARTEAN LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOAREN ARLOKO PRESTAKUNTZA SUSTATZEKO JARDUERAK GARATZEKO EMAN BEHARREKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK 2024KO EKITALDIRAKO
1. artikulua.– Helburua eta eremu subjektiboa.
1.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak langile autonomoen eta ekintzaileen artean laneko arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza sustatzeko jarduerak garatzeko 2024ko ekitaldirako dirulaguntzak deitzea eta arautzea da xedapen honen helburua, betiere ebazpen honetan zehaztutako baldintzetan.
2.– Xedapen honen ondoreetarako, langile autonomoak izango dira Langile Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen I. tituluan (Eremu subjektiboa) ezarritakoak.
3.– Halaber, xedapen honen ondoreetarako, ekintzaileak izango dira Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko ekainaren 28ko 16/2012 Legearen 2. artikuluaren 2. atalean jasotakoak.
2. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Xedapen honetan onartutako laguntzak bateragarriak dira administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin. Edonola ere, erakunde onuradunek Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari jakinarazi beharko diote dirulaguntza horiek eskuratu izana.
2.– Emandako laguntza eta dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jardueraren kostu osoaren % 100, jarduera horrexetarako diren beste dirulaguntzak edo finantzatutako ekintza horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Xedapen honen helburura bideratutako baliabide ekonomikoak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2024. urterako aurrekontuen IV. kapituluan ezarritako aurrekontu-kreditutik etorriko dira, eta berrogeita hamar mila (50.000) euro izango dira. Aurrekontua 3113 programako IV. kapituluan dago jasota.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Xedapen honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira langile autonomoen eta ekintzaileen elkarte profesionalak, sindikatuak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak, baldin eta laneko arriskuen prebentzioaren gaineko prestakuntza ematen badute, ebazpen honen 9. artikuluan ezarritako baldintzetan.
5. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.
1.– Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako debeku-egoeraren batean dauden erakundeak.
2.– Ez zaio dirulaguntza, baliabide edo funts publikorik emango, zuzenean nahiz zeharka, ezein pertsona fisiko edo juridiko publikori, pribaturi edo finantzaketa mistokori, baldin eta LGTBIfobia praktikatu, sustatu edo indartzen badu, bihurketa-terapiak egin edo sustatzea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera.
3.– Erakunde eskatzaileek prebentzioko modalitate bat hautatu behar izango dute, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak jasotakoen artean, eta arriskuen ebaluazioa egin dutela edo egiten ari direla egiaztatu.
4.– Laguntza-eskabidea aurkezten duelarik, eskatzaileak berariazko baimena emango du Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak zuzenean eskura dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, azaroaren 17ko 38/2003 Legea arautzen duen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako inguruabarren egiaztapena (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori). Kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako erregelamenduaren artikulu jakin horietan aurreikusitako baldintzetan.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea xedapen honek ondoreak hartzen dituen unean zabalduko da, hau da, berau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, eta 2024ko azaroaren 1ean edo deialdi honetako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortzen direnean (aurretik gertatzen bada) amaituko da. Azken inguruabar hori gertatzen bada, EHAAn Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren ebazpena argitaratuko da, baliabide ekonomikoak agortu direla eta eskabideak aurkezteko epeak amaitu direla iragartzeko.
7. artikulua.– Eskabideak egitea eta aurkeztea.
1.– Honako helbide honetan eskuratu daitezke izapideak egiteko jarraibideei buruzko administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, bai eta eskabidearen formularioa ere:
https://www.euskadi.eus/servicios/0048105.
2.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak (sarbidea, izapidea eta jarraipena) «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
3.– Eskabidea elektronikoki izapidetu ahalko da, ordezkariaren bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
4.– Helbide hauetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
5.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago erregulaturik: herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretua; Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa-PLATEA- onartzen duena. Eskabidea, eransten zaion dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako edozeinetan aurkez daiteke. Halaber, prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.
6.– Formulario elektroniko normalizatuko eskabideak aukera hau ematen du: laguntza eskatzen duten erakundeek berariaz baimena ematea organo kudeatzaileari nortasun-agiri nazionalaren datuak edo identifikazio fiskaleko zenbakiari buruzkoak eta erregistro ofizialetako datuak eskura edo egiazta ditzan, laguntzak kudeatzeko ondorioetarako bakarrik, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoak datuok egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Baimena isilbidez emantzat joko da, baimen hori berariaz ukatzen ez bada.
7.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau erantsi beharko da:
a) Erakunde eskatzaileak legez eratuta egon beharko du, eta erakundearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:
– Erakundearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.
– Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Erakundearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den erakundearen izenean egiteko.
b) Eskatutako prestakuntza-jardueraren deskribapena, I. eranskineko ereduaren arabera.
c) Eskatutako prestakuntza-jardueraren aurrekontu ekonomikoa, II. eranskineko ereduaren arabera.
8. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1. eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 eguneko epearen barnean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio erakunde eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.
2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak «Nire karpeta» atalean kontsultatu daitezke (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/). Jakinarazpen hori egindakotzat joko da interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela ulertuko da, eta izapidea egindakotzat joko da prozeduraren arabera, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta, teknikoki edo materialki ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu.
9. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak.
1.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunaren eta 2024ko azaroaren 30aren artean garatu diren prestakuntza-jarduera guztiak kontuan hartuko dira, eta nahitaez bideratu beharko dira Autonomoen Araubide Berezian alta emanda dauden langile autonomoen artean edo ebazpen honen 1. artikuluan zehaztutako ekintzaileen artean laneko arriskuen prebentzioaren gaineko prestakuntza sustatzera, betiere langile horien jarduera profesionalaren helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan badago.
2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak aurrez aurre edo online saioetan eman ahalko dira. Online saioak «zuzeneko» saioak izan beharko dira. Horretarako, diruz lagunduko den jardueran aurreikusitako saio guztietan ikasleak eta profesionalak bertan direla bermatzeko sistema telematikoak edo aplikazioak erabiliko dira (online saio sinkronikoak).
Jarduera horiek guztiak gutxienez 10 ikastorduko eta gehienez 30 ikastorduko ikastaroetan garatu beharko dira.
3.– Ikastaroek honako gai hauek garatu beharko dituzte.
I.– Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak.
a) Lana eta osasuna: arrisku profesionalak. Arrisku-faktoreak.
b) Lanak eragindako kalteak. Laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak. Lanak eragindako beste patologia batzuk.
c) Segurtasuna eta osasuna lanean, genero-ikuspegiarekin.
d) Oinarrizko arau-esparrua laneko arriskuen prebentzioaren arloan. Arlo horretako eskubideak eta betebeharrak.
II.– Arrisku orokorrak eta horien prebentzioa.
a) Segurtasun-baldintzei loturiko arriskuak.
b) Laneko ingurumenarekin lotutako arriskuak.
c) Lan-karga, nekea eta laneko atsekabea.
d) Arriskuen kontrolerako oinarrizko sistemak. Taldeko eta banakako babesa.
e) Larrialdi-eta ebakuazio-planak.
f) Langileen osasunaren kontrola.
III.– Arrisku espezifiko sektorialak eta horien prebentzioa.
IV.– Prebentzioaren kudeaketako oinarrizko elementuak.
a) Laneko segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako erakunde publiko eta pribatuak.
b) Prebentzio-lanaren antolaketa eta dokumentazioa.
c) Dokumentazioa: jaso, landu eta artxibatzea.
V.– Lehen sorospenak.
30 ikastordutik beherako iraupena duten ikastaroek ikasleek beren jarduera profesionala garatzen duten sektore profesionalaren beharren arabera egokitu ahalko dituzte emandako gaiak, edukia eta denbora.
30 ikastorduko ikastaroek lehen aipatutako gai guztiak jaso beharko dituzte beren gaitegian.
4.– Laneko arriskuen prebentzioaren gainean goi-mailako prestakuntza duten langileek eman beharko dituzte prestakuntza-ekintzak, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen 39/1997 Errege Dekretuak VI. kapituluan ezarritakoaren arabera, edo laneko arriskuen prebentzioaren gaineko unibertsitate-masterra dutenek.
5.– Prestakuntza-ekintzak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eskainiko dira, eta edukietan eta sortutako dokumentazioan genero-ikuspegia txertatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak xedatutakoa betetzeko.
6.– Prestakuntza-ekintzen garapenarekin lotutako jarduerak partzialki edo osorik azpikontratatu ahalko dira, baldin eta beharrezkoak badira prestakuntza-jarduera egiteko, artikulu honetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako baldintzak betez.
7.– Erakunde onuradunek 2 hilabeteko epean garatu beharko dituzte diruz lagundutako ikastaroak, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den datatik aurrera. Edonola ere, 2024ko azaroaren 30erako amaituta egon beharko dute. Dirulaguntzak emateko ebazpenak eskabideak aurkeztu diren hurrenkeran emango dira, baldin eta xedapen honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Beraz, komenigarria da erakunde eta elkarte eskatzaileek eskabideak aurkezteko datak egokitzea, eskatutako prestakuntza-jarduerak garatzeko aurreikusten diren datak kontuan hartuta.
10. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Diruz lagun daitezkeen gastuak honako hauek izango dira:
– Ikaskuntza-gastuak: ikastaroa emateko irakasleak, eduki didaktikoen garapena, ikasleentzako dokumentazioa eta lokalen alokairua.
– Ikastaroaren kudeaketa-gastuak: ikasleen erakarpena, ikastaroaren publizitatea eta matrikulen kudeaketa.
Diruz lagundutako zenbatekoa dokumentalki justifikatzen dena izango da, gehienez ere 325 euro ezarrita prestakuntza jaso duen ikasle bakoitzeko (325 euro x prestakuntza jaso duten ikasleen kopurua), betiere gehieneko hori emandako ikastorduak bider 160 euro egitearen ondoriozko zenbatekoa edo baxuagoa bada (160 euro bider emandako ikastaroko ikastorduak).
2.– Inskripzio-epea zabalik dagoen aldian, erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bat baino gehiago aurkeztu ahalko du. Edonola ere, erakunde eskatzaileari emandako dirulaguntzak guztira 20.000 euro izango dira, gehienez.
11. artikulua.– Laguntzen izaera, balorazioa eta adjudikazio-proposamena.
1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.
2.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Zuzendariordetza Teknikoa arduratuko da, organo instruktorea den aldetik, aurkeztutako eskabideak aztertzeaz eta deialdi honen 9. artikuluan ezarritako baldintza espezifikoak betetzen direla egiaztatzeaz, eta dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari.
12. artikulua.– Esleipenaren ebazpena.
1.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak laguntza bakoitza esleitu edo ukatuko du, arrazoituta, ebazpen bidez, eskabideak aurkeztu diren hurrenkera kontuan hartuta, betiere xedapen honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eskabide-epea edo deialdi honetako laguntzara bideratutako aurrekontu-kreditua agortu arte. Ebazpen hori dagokion erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio. Erakunde interesdunei jakinarazpenak bitarteko elektroniko bidez egingo zaizkie, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko 91/2023 Dekretuaren 69. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Laguntza guztiak esleituta, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, emandako eta ukatutako laguntza guztien zerrenda argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
3.– Ebazpen honen babesean aurkeztutako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea 6 hilabete izango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denez geroztik. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.
4.– Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Berariazko ebazpenik ez badago, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, ustezko egintza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.
5.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
13. artikulua.– Adjudikazio-ebazpena aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak baimenik gabe aldatuz gero, litekeena da laguntza emateko ebazpen hori aldatzea edo bertan behera uztea. Erakunde onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen VI. tituluan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubidea bete beharko du.
2.– Adjudikazio-ebazpenean zehaztutako epean eta moduan egin beharko dira jarduerak. Alabaina, beste dirulaguntza batzuk ere eskuratzen badira edo dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldarazteko moduko gorabeherarik gertatuz gero, betiere dirulaguntzaren bidez lortutako helburuei edo laguntza emateko funtsezkoak diren edo erabakigarriak izan diren alderdiei, onuradunaren zehaztapenari eta hirugarrenei eragiten ez badie, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak behar den aldatze-ebazpena emango du eta, hala badagokio, emandako dirulaguntzen zenbatekoak birdoitu. Erakunde edo pertsona onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozeduraren arabera.
3.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa –gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta– aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa denean, sortutako gastu errealari egokituko zaio dirulaguntza, era proportzionalean.
14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikazio-prozedura.
1.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2.– Eskatutako prestakuntza-ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, eta onartutako jardueraren kostua ordaindu aurretik, erakunde onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Egindako jarduerak eta horien kostua jasotzen dituen memoria ekonomikoa, III. eranskinaren arabera. Memoria honetan jasotzen diren langile propioen gastuek bete egin beharko dituzte gastuaren kontzepturako dedikazio-orduen kopurua, izen-abizenak, orduko egotzitako kostua (eurotan) eta langileen urteko orduen kopurua.
b) Egindako gastuen fakturak edo egiaztagiriak.
c) Prestakuntza-jardueraren aprobetxamendu-ziurtagiria, IV. eranskineko ereduaren arabera.
d) Ikastaroa eman duten irakasleen laneko arriskuen prebentzioaren gaineko goi-mailako titulazioa egiaztatzen duen agiriaren kopia eskaneatua.
e) Inkestak, V. eranskineko ereduaren arabera, prestakuntza-jarduerako ikasleek beteta.
f) Sortutako dokumentazioa, emandako prestakuntzaren gaitegia eta edukia jasotzen dituena, bertan egiaztatzen direlarik ebazpen honen 17. artikuluan jasotako betebeharrak (hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista, bi hizkuntza ofizialen erabilera, eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak diruz lagundutako jarduera delako aipamena).
3.– Prestakuntza-jarduerarako onartutako aurrekontuan aurreikusitako gastuak justifikatzeko, fakturak eta froga-balioa duten bestelako agiriak aurkeztuko dira, merkataritza-trafiko juridikoan baliozkotasuna dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurrekontuan islatutako gastua benetan egin dela egiaztatzeko. Fakturek harreman zuzena eduki beharko dute diruz lagundutako jarduerekin, eta, horietan, finantzatu daitezkeen kontzeptuak agertu beharko dira, bereizita eta banakatuta. Fakturekin batera, horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.
Langile propioen gastuak langileen nominekin eta aseguru sozialekin justifikatuko dira. Kalkulu-aldian enpresan lan egin den ordu-kopurua adieraziko da, hitzarmenaren edo itunaren arabera, eta diruz lagundutako jarduera egiteko erabili den ordu-kopurua jasoko da.
4.– Fakturetako edo agirietako gastuaren data ezin da izan 2024ko azaroaren 30a baino geroagokoa.
5.– Onuradunei ordainketak egiteko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
– Zorrik ez izatea, itzultzeko ebazpen baten bidez aginduta.
– Ez egotea sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen itzultze- edo zigor-prozeduretan.
15. artikulua.– Jardueren jarraipena eta kontrola.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko langileek aldian behingo jarraipena egingo dute, ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, bai eta egiten ari diren eta egin diren ekintzak egiaztatzeko ere. Alde horretatik, erakunde onuradunek Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa eman beharko dute.
16. artikulua.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzeko prozedura.
Dirulaguntzaren erakunde onuraduna Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 36.1 artikuluan ezarritako egoeraren batean egonez gero, edo Dirulaguntzei buruzko Araudi Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak 91., 92. eta 93. artikuluetan ezarritako kasuren batean, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, honako hau adierazi: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela erakunde onuradunak, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta dirulaguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola, hargatik eragotzi gabe bidezko beste akzio batzuk, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen du eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen ditu). Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubide hau aplikatuko zaie: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan ezarritakoa eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 52. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoa.
Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak partzialki betetzen ez badira, emandako laguntzaren zenbatekoa azkenean justifikatutako jardueretara egokituko da, ebazpen honen 10. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzea.
2.– Prestakuntza-jardueren testuinguruan sortutako argitalpen, liburuxka, agiri eta euskarri informatiko guztietan, oro har, berariaz aipatu beharko da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak diruz lagundu izana, hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).
3.– Erakunde onuradunek, hala badagokio, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari erraztasunak emango dizkiote, egindako jarduerak ikuskatzeko.
4.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako prestakuntza-jardueretan aurreikusitako baldintzetan egon den aldaketa oro.
18. artikulua.– Datuen tratamendua.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta honako izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: prestakuntza.
Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.
Helburua: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak antolatutako edo/eta diruz lagundutako ikastaro eta jardunaldien kudeaketa eta ziurtapena.
Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzea.
Hartzaileak:
Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.
Interesdun legitimoak.
Ikastaroak egin dituzten langileak dituzten enpresak.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/063000-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Xedapen honetan aurreikusi ez den guztirako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta hura garatzen duten arauetan, halakorik badago.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Xedapen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.