Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2024ko abuztuaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3757

AGINDUA, 2024ko uztailaren 23koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita Kultura eta Sormen Industrien Berrikuntzarako Funtsetik dirulaguntzak ematea KSI Berritzaile+ Programarako, 2024ko ekitaldian.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira artearen eta kulturaren arloko jarduerak eta horien zabalkundea. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Bereziki, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio Euskal Kultura eta Sormen Barrutiaren (BDCC, ingelesez) garapena kudeatzea, EAEn kultura- eta sormen-industrien (aurrerantzean, KSI) sektorearen garapena sustatuko duten ekintzak proposatzea, eragile publiko eta pribatuekin koordinazio- eta lankidetza-formulak proposatzea, EAEko beste sektore eta arlo batzuekiko topaguneen sorrera kudeatzea, kanpo-sareetan harreman-eremuak proposatzea, eta berrikuntza eta lehiaren alorrean EAE aukera-lurralde gisa kokatzen duten programa nahiz proiektuak detektatzea.

KSIak, Euskadi Sortzailea izendapenaren bidez, RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategiaren lau aukera-lurraldeetako bat dira, elikadura osasungarria, eko-berrikuntza eta hiri jasangarriekin batera, eta Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Planaren barruan kokatzen dira (Euskadi 2030 ZTBP), eta, aldi berean, Horizonte Europa Ikerketa eta Berrikuntza Esparru programa berriarekin lerrokatuta dago, zeinak zientzia, teknologia eta berrikuntzaren alde egiten baitu, EAE digitalago, berdeago eta inklusiboago bateranzko trantsizioa indartzearren. Alde horretatik, Euskadi Sortzailearen helburua da EAEko kultura- eta sormen-sektoreak garatzea, euskal enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) dagokien lekua izan dezaten.

KSIen sektoreak bere berezitasunak ditu, eta talentuan, esperimentazioan eta sormenean, berrikuntzan eta ezagutzaren sorkuntzan oinarritzen da berezko duen idiosinkrasia, zeinak ezinbestekoak baitira eta etengabe sortzen baitira. Testuinguru horretan, I+G+b delakoak, enpresa-lehiakortasunarekin eta nazioartekotzearekin lotutako beste jarduera batzuekin batera, funtsezko egitekoa du KSIen garapenean.

Testuinguru horretan eratu da Berrikuntza Funtsaren kargurako laguntza-deialdi hau, tresna osagarria Eusko Jaurlaritzako sailek euskal kultura- eta sormen-ekosisteman I+G+b dinamizatzeko erabiltzen dituzten partidentzat, ZTBP Euskadi 2030 eta RIS3 Euskadi estrategiaren hedapena sustatuz. Hori guztia bat dator 2030erako NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), Euskadi Basque Country 2030 Agendan sartuak (bereziki, Industria, Berrikuntza eta Azpiegituretako 9. GJHari dagokionez, azpiegituretan eta berrikuntzan inbertitzea hazkunde eta garapen ekonomikorako funtsezko eragileak direla ezartzen baitu).

Innobasqueren 2024ko Prospektiba Txostenak, 2024an panorama nagusia izango duten berrikuntza-joera nagusiak aztertzen dituenak, 5 gai-multzo nabarmentzen ditu: Adimen Artifizialaren nonahikoa eta praktika jasangarrien premia; lana eta talentua berriz definitzea eta antolamenduaren berrikuntza eta egokitzeko beharra, eta baita zibersegurtasunak eta konputazio kuantikoak aurkeztutako erronka eta aukerak ere. Panorama dinamiko eta ebolutibo horretan, nabarmentzekoa da Adimen Artifizial Sortzailearen eta Jasangarritasunaren zeharkakotasuna, 2023ko txostenarekiko elementu bereizgarri gisa.

Agindu hau, gainera, sartuta dago Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2021-2024 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartua) eta 2024rako Dirulaguntzen Urteko Planean (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 28ko Aginduaren bidez onartua) sartuta dago; bi planak aipatutako sailaren web-orrian argitaratuak daude.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da EAEko KSIen sektorean 2024-2025 aldirako berrikuntza-potentzial handiko proiektuak garatzen dituzten enpresei bideratutako dirulaguntza-deialdiaren oinarriak ezartzea eta horiek iragartzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Dirulaguntza hauetara 700.000 euroko zenbatekoa bideratuko da, horietatik % 50 2024. urteari dagozkio, eta gainerako % 50a 2025. urteari.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak eta eskakizunak.

1.– Erakunde hauek izan daitezke agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun:

a) Jarduera ekonomiko bat egiten duen pertsona eta erakunde oro, dena delakoa izanik bere forma juridikoa.

b) Enpresak, zeinak KSIak osatzen dituzten azpisektoreetako batean ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egon beharko duten, hots: Arte eszenikoak, Ikusizko arteak, Ikus-entzunezkoak, Argitalpenak eta medio inprimatuak, Musika, Kultura ondarea, Arkitektura, Artisautza, Eduki digitalak, Diseinua, Sormen-gastronomia, Hizkuntzaren industriak, Moda, Publizitatea eta marketina, eta Bideojokoak; baita KSI sektorearen zehar-erakundeak ere, hots: kultura- eta sormen-bitartekaritza nahiz aholkularitzako enpresak.

2.– Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak.

3.– Enpresa-taldeak. Enpresa bat beste erakunde batzuekin lankidetzan aurkezten bada, enpresa horrek ordezkari gisa jardungo du, onuradun gisa enpresa-taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko botere nahikoarekin. Erakunde eskatzaileak gutxienez % 35eko partaidetza izan beharko du proiektuan. Enpresa-taldeko kide den erakunde bat ezin izango da talde bereko beste erakunde batek azpikontratatua izan. Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikulua betez, nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen elkarte publiko edo pribatuen kasuan, berariaz adierazi beharko dira, bai eskabidean, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartutako egikaritze-konpromisoak, bai horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Horiek ere onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Elkartea ezin izango da desegin Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideak preskribatzeko legez aurreikusitako epea igaro arte.

4.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko beharrezko eskakizuna da egunean edukitzea zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ordainduta edukitzea dirulaguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak. Beharrezkoa izango da eskakizun horiek beteta izatea enpresa onuradun izateko, eta, beraz, dirulaguntza eman eta ordaintzeko unean horiek egiaztatuko dira, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla eta dirulaguntzak itzuli direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera

Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela dirulaguntza eskatu duten enpresek, haien oniritzirik behar izan gabe, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin. Hala ere, enpresa eskatzaileak beren-beregi uko egin ahal izango dio egiaztapen hori egiteari, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

5.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko beharrezko eskakizuna da ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla eta dirulaguntzak itzuli direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera.

6.– Hauek ezin izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak jaso:

a) Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluko ezarritako inguruabarren batean dauden enpresak.

b) Beren kapital sozialean, fundazio-ondarean edo gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena edozein administrazio publiko edo instituzionali edo sektore publikoko, finantza- edo kreditu-erakunderi dagokien erakundeak.

7.– Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duen pertsona fisiko edo juridiko, publiko, pribatu edo finantzaketa mistoko inori ez zaio inolako dirulaguntza, baliabide edo funts publikorik emango, ez zuzenean ez zeharka, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duen pertsona fisiko edo juridiko bati, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

8.– Pertsona/erakunde onuradunak enpresa-deslokalizazioan ez erortzeko konpromisoa adierazi beharko du, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9. artikuluaren arabera.

9.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeari lotutako irabazi-asmoa duten eta zuzenbide publikoko erakundeak ez diren pertsona fisiko eta juridikoek egiaztatu beharko dute, paragrafo honetan xedatutakoaren arabera, aipatutako legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela onuradun edo erakunde laguntzaile izateko. Enpresa hornitzaileari aldez aurretik kobratzea ahalbidetzen dion edozein finantzaketa baliozkotzat joko da paragrafo hau betetzeko, baldin eta haren kostua bezeroaren kontura bada eta ordaintzen ez duenean hornitzaileari errekurtsoa jartzeko aukerarik gabe egiten bada..

Oinarri arautzaileek bestelako egiaztapen-eperik edo -unerik aurreikusten ez badute, dirulaguntza ematea proposatzen zaien interesdunei behin-behineko ebazpen-proposamena jakinarazten zaienetik 10 egun balioduneko epean egingo da egiaztapena.

10.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik bete beharko dira eskakizun horiek, eta horiei eutsi beharko zaie harik eta ematen den dirulaguntza likidatzen den arte.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak eta eskakizunak.

1.– EAEko KSIen sektorean ahalmen berritzaile handia duten proiektuak, sektorearen lehiakortasunaren hobekuntzan nahiz nazioarteko posizionamenduan eragina dutenak, eta, horrela, transferentzia-prozesuak garatzen eta sinergiak eta aukera-espazio berriak sortzen laguntzen dutenak. Hauek egitearen aldeko apustua egiten duten KSIen sektoreko proiektuak lagunduko dira diruz:

a) Produktuaren/zerbitzuaren, prozesuaren edo negozio-ereduaren berrikuntza-proiektuak, diferentziazioa eta balio instrumentala, intrintsekoa edo soziala dakartenak.

b) Ernalketa gurutzatua sustatzen duten I+G+b proiektuak.

c) KSIek 2030erako ZTBPren hiru trantsizioetako batekin zerikusia duten I+G+b proiektuetan parte hartzea sustatzen duten proiektuak.

2.– Hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Lehendik dauden produktuak/zerbitzuak, prozesuak edota negozio-ereduak hobetzera bideratutako proiektuak, edo garatutako produktuak/zerbitzuak, prozesuak edota negozio-ereduak berritzat hartzeko adinako berritasunik ez dutenak. Kanpo geratuko dira, halaber, ohiko aldaketak edo aldaketa arruntak, aldaketa horiek lehendik badauden produktu/zerbitzuetan, prozesuetan edo negozio-ereduetan hobekuntzak ekar baditzakete ere.

Era berean, ez dira diruz lagunduko kudeaketa- edo euskarri-prozesuak hobetzera bideratutako soluzio digitalak ezartzeko proiektuak (ekonomia- eta finantza-kudeaketarako softwarea ezartzea, SW lokalizazioa, giza baliabideen kudeaketa, inbentario- eta katalogo-programak, etab.). Web-orriak garatzea, on-line salmentarako irtenbideak ezartzea, eta SW (lizentziak) eta hardwarea erostea ere ez dira finantzatuko.

3.– Dirulaguntzen xede diren jarduerak 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartean gauzatu beharko dira. 2024an gauzatutako gutxienekoa aurrekontuaren % 30 izan beharko da.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera eta 2024ko irailaren 16a (barne) arte izango da.

2.– Eskabide-inprimakia eta tramitazioari buruzko azalpenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1041205.

3.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta, atal honetan zehaztutako helbideen bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoen bidez. Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira (https://euskadi.eus/nirekarpeta); bertan eskuragarri daude bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak.

4.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Izapidetze elektronikoa ordezkari diharduen eta aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro elektronikoan inskribatuta dagoen (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/) pertsona baten bidez egin ahal izango da; ordezkari gisa egiaztatu beharko da prozeduran.

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta hari atxikitako egiaztagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabideak aurkezteak dakar beren-beregi eta formalki onartzea deialdi honen oinarriek definitzen dituzten baldintzak.

8.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du gehienez.

9.– Ezaugarri hauek izan beharko dituzte aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden ereduak erabiliko dira, eta eredu horien formatu berean aurkeztuko dira.

b) Gainerako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Benetako titulartasun-akta.

b) Beren-beregi deialdirako eratutako enpresa-taldeak direnean, inskripzio-erregistroaren arabera dagokien dokumentazioaz gain, erakunde parte-hartzaile guztien artean formalizatutako lankidetza-akordioa ere aurkeztu beharko dute. Akordio hori erakunde horien legezko ordezkari guztiek sinatu beharko dute, bakoitzak gauzatuko dituen konpromisoak jasoko dira, proiektua gauzatuko dela bermatuko du, eta emaitzak ustiatzeko itundutako baldintzak deskribatuko ditu.

c) Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako enpresek zein erregistrotan den inskribaturik adierazi behar izango dute eskabidean, eta ez da beharrezkoa izango horren egiaztagiririk aurkeztea.

d) Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako enpresek egiaztatu beharko dituzte erakundearen legezko eratzea, haien izaera juridikoaren arabera, eta pertsona ordezkariaren identitatea, bai eta ordezkaritza ahalmen nahikoa duela ere, eraketa-eskrituraren eta estatutuen bidez, bai eta kasuan kasuko erregistro publikoetan inskribatuta dagoela ere.

2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) Proposamenaren memoria zehatza, euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragai dagoen eskabide-ereduaren araberakoa. Bertan, proiektuaren izaera berritzailea zehazki argudiatuko da, proiektuaren interesa eta balioak zehaztuko dira, bai eta proiektua egikaritzeko aurreikusitako zereginen xehetasunak eta proiektua behar bezala gauzatzeko azpikontratatuko diren lanak ere.

b) Proiektuaren aurrekontua, banakatua eta partidaka xehatua, euskadi.eus egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren arabera. Proiektuaren plan ekonomikoak jarraibide hauek bete beharko ditu:

i) Aurreikusitako gastuen eta sarreren arteko aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da.

ii) Gastuen atalean:

– Proiektua garatzeko beharrezkoak diren elementu edo ekintzen kostua banakatuko da. Deialdi honen 8. artikuluan ezartzen da zer gastu lagundu daitekeen diruz.

– Proiektuari dagozkion gastuak agindu honen 2. artikuluan adierazitako epean gauzatu beharko dira.

iii) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa sartuko da diru-sarreren atalean, eta proiektua garatzeko aurreikusitako diru-sarrera publiko eta pribatu guztien jatorria banakatuko da.

c) 2024-2025 aldirako aurreikusitako egutegia.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzea onartzeko behar den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela (ebazpen baten bidez emango zaio horren berri).

8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira aurkeztutako proiektutik eratorritako gastu hauek:

a) Enpresa eskatzailearen plantillako langile propioen gastuak, eta, hala badagokio, enpresa-taldean parte hartzen duten erakundeetako langileenak, betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Enpresako langileek Gizarte Segurantzari egindako ekarpenen eta nominen bidez egiaztatuko da. Ezingo dute onartutako aurrekontuaren % 40 gainditu.

b) Zeharkako kostuak. Ezingo dute onartutako aurrekontuaren % 15 gainditu.

c) Oro har, enpresa onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin kontratatu diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren % 70etik gora, salbu eta diruz lagun daitezkeen gastu horiek Kultura Sailburuordetzak ebazpen bidez onartzen baditu, espezializazio handia dutelako eta/edo enpresa onuradunak bere baliabideekin egitea ezinezkoa duelako.

d) Laguntzaren xede den jardueraren publizitate-, komunikazio- eta hedapen-gastuak. Ezingo dute onartutako aurrekontuaren % 15 gainditu.

2.– Gastu hauek ez dira inolaz ere diruz lagunduko:

a) BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde onuradunak eta, hala badagokio, enpresa-taldean parte hartzen duten erakundeek zerga horren aitorpena egin behar dutenean. Horrelakoetan, egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa.

b) Inbertsio-gastuak.

3.– Kostu horiek Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoaren mende daude, eta, beraz, eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta deialdi honetan eta esleipen ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan egiten direnak.

b) Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango.

c) Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, pertsona edo erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, dituen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago eskaintza horiek egin, eman edo hornitzen dituen behar adina erakunde, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Beharrezkoa izango da aldez aurreko baimena ematea eta kontratua idatziz egitea, azpikontratazioak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.3 artikuluan adierazten den bezala.

9. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

10. artikulua.– Dirulaguntzak emateko eta zenbatekoak zehazteko prozedura.

1.– Laguntza hauek lehiaketa konkurrentzia araubidearen bidez emango dira, objektibotasun, gardentasun, berdintasun, bereizkeriarik eza eta publizitate printzipioen arabera.

2.– Baldin eta 8. artikuluan diruz lagundu ezin daitezkeen gastuak biltzen badira enpresa eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, kendu egingo dira, onartutako guztizko aurrekontua zenbatekoa izango den zehazteko, eta hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria.

3.– Esleipen-prozedura 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak aplikatuta puntuazio altuena lortu duen proiektuarekin hasiko da, lehentasun-ordenari jarraituz. Dirulaguntza bakoitzaren behin betiko zenbatekoak ez ditu inoiz gaindituko agindu honen 13. artikuluan ezarritako mugak. Kalkulatutako zenbatekoak muga horiek gainditzen baditu, emaitza gutxituko da muga guztiak errespetatzen dituen zenbatekorik altuena lortu arte. Deskribatutako prozesua errepikatu egingo da harik eta hautatutako proiektu eta jarduera guztiei erantzun arte edo deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte, 2. artikuluan jasotzen denez.

4.– Laguntza jaso dezaketen proiektuetan azkena ezin bada gehieneko zenbatekoarekin diruz lagundu esleipen ekonomiko nahikorik ez dagoelako, dirulaguntza emango da soilik baldin eta esleitu daitekeen zenbateko ekonomikoak proiektuaren bideragarritasuna bermatzen badu hurrengo artikuluan arautzen den balorazio-batzordearen iritziz.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea eta haren eginkizunak.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta hauek izango dira batzordekideak:

a) Presidentea: Kultura Sustatzeko zuzendaria, bera egon ezean batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.

b) Bokalak (aztertu beharreko irizpideekin lotura duten bost aditu-profesional):

– Gotzon Bernaola Ariño eta, egon ezean, Goizalde Atxutegi Rodriguezek ordezkatuko du.

– Marisa Luisa Arriola Nieto eta, egon ezean, Ainhoa Unamuno Aramburuk ordezkatuko du.

– Aurea Rodríguez López eta, egon ezean, Elisenda Juanola Saguek ordezkatuko du.

– Imanol Cuétara Camiruaga eta, egon ezean, Carmen Sánchez Martinezek ordezkatuko du.

– Aintzane Larrabeiti San Román eta, egon ezean, Xavier Fina Ribok ordezkatuko du.

2.– Batzordeko idazkari, hitzarekin baina botorik gabe, Aitor Izulain Berasarte (Kultura Sustatzeko zuzendaritzako teknikaria) eta, egon ezean, Iñigo Salinas Gastonek ordezkatuko du.

Era berean, balorazio-batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan jakintza espezifikoa duten pertsonak, presidenteak onartuz gero.

3.– Balorazio-batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitza librerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideen aplikazioan oinarrituta, txosten bat egingo du, eta bertan adieraziko ditu ematea proposatzen diren dirulaguntzak, honako hauek adierazita: onuradun gisa proposatutako eskabideen nortasuna, balorazio-fasean lortutako puntuazioa eta dirulaguntza ematea proposatzen den jarduketa, bai eta ukatzea proposatzen direnak ere, ukatzeko arrazoiak adierazita. Era berean, zein eskabide ez diren onartu adieraziko da. Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta Kulturako sailburuordeari helaraziko dio.

5.– Balorazio-batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie enpresa eskatzaileei.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

a) Proiektuaren berrikuntza-maila (40 puntu).

i) Proiektuaren izaera berritzailea bere ingurune espezifikoan (20 puntu). Produktu/zerbitzu, prozesu edo negozio-eredu berri bat sortzea baloratuko da, eta lehendik dagoenari aldaketa esanguratsu bat eragingo diona.

– 14-20 puntu artean. Proiektu oso berritzaileak, bereizketa-maila handikoak eta lehendik dagoenaren oso aldaketa esanguratsua eragiten dutenak.

– 7-13 puntu artean. Nabarmen berritzaileak diren proiektuak, desberdintze-maila ertaina dutenak eta lehendik dagoenaren aldean aldaketa esanguratsua eragiten dutenak.

– 1-6 puntu artean. Proiektu ez oso berritzaileak, desberdintze-maila txikikoak eta lehendik dagoenari aldaketa ez oso esanguratsua eragiten diotenak.

– 0 puntu. Berritasun- eta desberdintze-maila gabeko proiektuak, lehendik dagoenari aldaketa esanguratsurik eragiten ez diotenak.

ii) Balioa eta erabilgarritasuna ematea (10 puntu). Berrikuntza lotzen da desberdintasuna eta balio instrumentala, intrintsekoa edo soziala sortzearekin. Era berean, baloratuko da produktua/zerbitzua, prozesua edo negozio-eredua jendearengana iristea, nahiz eta merkaturatu aurreko fase batean izan.

– 7-10 puntu artean. Balio- eta erabilgarritasun-ekarpen handia duten proiektuak.

– 4-6 puntu artean. Balio- eta erabilgarritasun-ekarpen ertaina duten proiektuak.

– 1-3 puntu artean. Balio- eta erabilgarritasun-ekarpen txikia duten proiektuak.

– 0 puntu. Balio- eta erabilgarritasun-ekarpenik gabeko proiektuak.

iii) Hibridazioa (5 puntu). Positiboki baloratuko da hibridazioa, hau da, lankidetza hainbat sektoreren artean sustatzea balio erantsi handiagoarekin egin ahal izateko berrikuntza. Era berean, eragileen arteko lankidetza baloratuko da, ez bakarrik lan bateratu gisa ulertuta, baizik eta inplikatutako alderdi guztien helburuekin bat datorren irtenbide berritzaile gisa, lankidetza eraginkorra lortzeko arau argiak ezarriz.

– 3-5 puntu artean. Beste jarduera-sektore eta eragile batzuekin lankidetzan aritzeko proposamen oso argi eta sendoa duten proiektuak, bai ideiei dagokienez, bai garapenari eta ekarritako azken konponbideari dagokienez.

– 1-2 puntu artean. Beste jarduera-sektore eta eragile batzuekin lankidetzan aritzeko proposamen ez oso argia eta ez oso sendoa duten proiektuak, bai ideietan, bai garapenean eta bai ekarritako azken konponbidean.

– 0 puntu. Beste jarduera-sektore eta eragile batzuekiko lankidetza-proposamenik ez duten proiektuak, bai ideietan, bai garapenean, bai ekarritako azken konponbidean.

iv) Erreplikatasuna eta transferigarritasuna (5 puntu). Proiektua erreplikagarria eta transferigarria da balio duenean sortu den testuinguruaz bestelako batean antzeko ekimenak sortzeko erreferentzia-eredu gisa, arrakasta izateko aukerarekin.

– 3-5 puntu artean. Proiektuak erantzungarritasun nahiz transferigarritasun handia du.

– 1-2 puntu artean. Proiektuak erantzungarritasun nahiz transferigarritasun txikia du.

– 0 puntu. Proiektuak ez du erreplikagarritasunik eta/edo transferigarritasunik.

b) Proiektuaren izaera estrategikoa (25 puntu)

i) Enpresan I+G+b estrategiarekin eta haren negozio-ereduarekin lerrokatzea (15 puntu). Positiboki baloratuko da proiektua I+G+b estrategia batekin integratuta edo lotuta egotea nahiz garatutako I+G+b proiektuen emaitzetatik eratorria izatea. I+G+b estrategia hori enpresaren negozio-ereduan jasota egon behar da.

– 11-15 puntu artean. Enpresaren I+G+b estrategian erabat integratuta dauden eta indarrean dagoen negozio-ereduan sartuta dauden proiektuak.

– 6-10 puntu artean. I+G+b estrategiari nahiz negozio-ereduari partzialki lotutako proiektuak.

– 1-5 puntu artean. I+G+b estrategiari eta negozio-ereduari gutxi lotutako proiektuak.

ii) Eragina EAEko hiru trantsizioetako batean (10 puntu). EAEko hiru trantsizioetako batean izandako eragin-maila baloratuko da: teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa eta sozial-sanitarioa.

– 7-10 puntu artean. Hiru trantsizioetako batean eragin handia duten proiektuak.

– 4-6 puntu artean. Hiru trantsizioetako batean eragin ertaina duten proiektuak.

– 1-3 puntu artean. Hiru trantsizioetako batean eragin txikia duten proiektuak.

c) Proiektuaren kudeaketa (25 puntu)

i) Proiektuaren egokitasuna eta bideragarritasun tekniko-ekonomikoa (15 puntu). Positiboki baloratuko da behar diren baliabideak proiektuaren egungo eta etorkizuneko beharrizanetara egokitzea eta antolatzea.

– 11-15 puntu artean. Teknikoki eta ekonomikoki oso bideragarriak diren eta epe luzerako proiekzioa duten proiektuak.

– 6-10 puntu artean. Bideragarritasun tekniko eta ekonomiko moderatua eta epe ertainerako proiekzioa duten proiektuak.

– 1-5 puntu artean. Bideragarritasun tekniko eta ekonomiko txikia eta epe ertain/luzera proiekzio txikia duten proiektuak.

– 0 puntu. Bideragarritasun tekniko eta ekonomikorik ez duten eta epe ertain-luzera proiekziorik ez duten proiektuak.

ii) Inpaktu potentziala (10 puntu). Prozesuaren eta emaitzen jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egiteko sistema positiboki baloratuko da, dagozkion adierazleetan oinarrituta.

– 7-10 puntu artean. Prozesu- eta emaitza-adierazleen definizio handia duten proiektuak.

– 4-6 puntu artean. Prozesu- eta emaitza-adierazleen definizio ertaina duten proiektuak.

– 1-3 puntu artean. Prozesuen eta emaitzen adierazleen definizio txikia duten proiektuak.

d) Euskararen erabilera (5 puntu).

– 3-5 puntu artean. Euskararen erabilera proiektuaren jardueretan nahi edukietan txertatzen duten eta euskara sustatzeko eta komunikatzeko jardueretan euskararen erabilera bermatzen duten proiektuak.

– 1-2 puntu artean. Proiektua sustatzeko eta komunikatzeko jardueretan euskararen erabilera orekatua bermatzen duten proiektuak.

e) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa txertatzea (5 puntu).

– 3-5 puntu. Proiektuaren diseinuan, hedapenean nahi ebaluazioan genero-ikuspegia txertatzen duten proiektuak.

– 1-2 puntu. Emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua bermatzen duten proiektuak.

2.– Irizpide horien arabera, guztira gehienez 100 puntu lor daitezke; baztertu egingo dira, eta ezingo dira laguntza hauen onuradun izan 1.a) atalean, hots, proiektuaren berrikuntza-mailari buruzkoan, 25 puntu erdiesten ez dituzten eta, artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren arabera, guztira gutxienez 65 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

13. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Proiektu bat hautatu eta diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 20.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko du. Hautatutako proiektu bakoitzari ezingo zaio 50.000 euro baino gehiagoko dirulaguntza eman, ezta diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontu onartuaren % 80 baino gehiago ere.

2.– Aurrekontuak gutxienez % 20ko autofinantzaketa ehunekoa aurreikusi beharko du, hots, iturri publikoetatik ez datozen diru-sarreren zatia.

14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Balorazio Batzordeak txosten bat egingo du, eta bertan jasoko ditu eman nahi diren dirulaguntzak. Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta Kultura sailburuordeari helaraziko dio.

2.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa interesdunei. Jakinarazpen horretaz gain, ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Dena den, lehenik egindako jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat. Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Sei hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdi honen agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epe hori igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

4.– Lehenengo puntuan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5.– Onuradun izan ahal izateko, pertsona edo erakunde eskatzaileak egunean izan beharko ditu itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera. Agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak beteta dituela egiaztatzeari buruzkoa da.

15. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzen programa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Europako Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 Erregelamenduan (2023ko abenduaren 15eko EBAO, L 2831) ezarritako minimis araubidearen mende dago. Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beharrezkoak diren mekanismo guztiak jarriko ditu abian, pertsona edo erakunde onuradun bakar batek ere, ondoz ondoko hiru ekitaldi fiskaletan, dirulaguntza osoaren 300.000 euro baino gehiago jasoko ez dituela bermatzeko.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

3.– Hala ere, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektu bera edo haren zati bat edo batzuk egiteko emandako beste dirulaguntza batzuekin, izan dirulaguntza izenduna edo izan musikaren, arte eszenikoen, liburuaren, ikus-entzunezkoen, ikusizko arteen eta sormen-industrien arloetako dirulaguntza-aginduen babesean emandako laguntza oro.

16. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

1.– Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresa onuradunek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, enpresa onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen Kulturako sailburuordeak emandako jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean beren-beregi uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztu den baldintzetan gauzatzea. Enpresa onuradunak behartuta daude laguntza ematea eragin duen jarduera egikaritzera, eta ezingo da aldaketarik egin laguntza ematea eragin zuen xedearen edo helburuaren funtsean.

c) Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea helburu berarekin beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu bertako nahiz nazioarteko batek emandako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana.

d) Dirulaguntzaren onuradun enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikatu beharreko araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, bestela, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

2.– Era berean, enpresa onuradunek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte. Agindu horren bidez, zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak itzultzearenak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute.

Gainera, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute. Bereziki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia emateari buruzkoak, bai eta laguntzen izaera publikoaren publizitate egokia egiteari buruzkoak ere.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Laguntza eskatzen duen enpresa ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan edo bertako banku-datuak aldatu nahi baditu, ordainketa jaso ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du eskabidearekin batera edo prozeduraren beste fase batean, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak helbidean ezarritako ereduaren arabera.

2.– Hiru alditan ordainduko dira agindu honen kargura esleitutako dirulaguntzak, jarraian adierazten diren baldintzetan:

a) Lehenengo ordainketa, hots, dirulaguntzaren % 50, esleipen-ebazpena eman ondoren egingo da, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera hamabost eguneko epea igarota, beren-beregi uko egin ezean.

b) Bigarren ordainketa, hots, laguntzaren % 15a proiektua eta jarduerak gauzatu izana eta 2024rako onartutako aurrekontu osoari dagozkion gastuak justifikatu ondoren ordainduko da.

c) Azken ordainketa, hots, gainerako % 35a, dirulaguntzaren azken justifikazioa egin ondoren.

3.– Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari.

4.– Onuradun izan ahal izateko, pertsona edo erakunde eskatzaileak egunean izan beharko ditu itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera. Agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak beteta dituela egiaztatzeari buruzkoa da.

18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Proiektua bi unetan justifikatuko da, eta, bigarren eta hirugarren ordainketak egiteko, beharrezko baldintza izango da hori, aurreko artikuluan jasotzen den bezala.

a) Bigarren ordainketaren aurreko justifikazioa 2025eko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean egingo da, eta proiektua eta jarduerak gauzatu izana eta 2024rako onartutako aurrekontu osoari dagozkion gastuak jasoko ditu.

b) Hirugarren eta azken ordainketaren aurreko azken justifikazioa 2026ko urtarrilaren 15a baino lehen egingo da, eta proiektua eta jarduerak gauzatu izana eta 2025rako onartutako aurrekontu osoari dagozkion gastuak jasoko ditu.

2.– Justifikazio bakoitzarekin, euskadi.eus atarian eskuragarri dagoen dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Jardueren memoria, dirulaguntza emateko oinarritzat hartu zen proiektua bete eta garatu dela adierazten duena. Egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziko dira, baita horiek egitean izandako gorabeherak ere. Jarduera egin izana egiaztatzeko behar diren elementuak aurkeztuko dira (Jardueren oroitza).

Era berean, memoriak jaso beharko du diruz lagundutako proiektuek 4. artikuluko 1. atalean aurreikusitako helburuak lortzen nola lagundu duten, eta agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla aipatu beharko du.

Proiektuaren garapenean gertatutako edozein aldaketa jardueren memorian adierazi beharko da. Aldaketak Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluko baldintzak bete beharko ditu, eta idatziz eskatu beharko da, proiektua gauzatzeko epea amaitzeko hilabete falta denean eta organo emaileak baimendu duenean. Memoriari erantsi beharko zaizkio aldaketa eskatzeko eskaera eta baimena emateko ebazpena.

b) Gauzatze-urteari dagokion gauzatutako proiektuaren laburpena eta ebaluazioa.

c) Erakundearen legezko ordezkariak data eta guzti sinatutako memoria ekonomikoa, egikaritutako aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak) jasotzen duena, ahalik eta banakatuena, egikaritze-urteari dagokiona. Besteak beste, erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena eta beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek egikaritze-urteari buruz egindako ekarpenak jaso beharko dira (Aurrekontu exekutatua).

Proiektua eta diruz lagundutako jarduerak egikaritzean egindako gastu guztien egiaztagiri guztien zerrenda sailkatu eta ulergarria, egikaritze-urteari dagokiona (Gastua justifikatzen duten dokumentuen zerrenda).

Egindako gastuen egiaztagiri eta faktura originalak edo konpultsatuak, gauzatze-urteari dagokion aurrekontu onartuaren guztizkoari dagozkionak (fakturak edota gastuen egiaztagiriak). Ez da onartuko tiketen bidez justifikatzerik.

Diruz lagundutako jardueraren laburpen-bideoa.

d) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek xede eta helburu berarekin egindako ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena, gauzatze-urteari buruzkoa (Bestelako dirulaguntzak). Enpresa onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzaz gain bestelakorik jasoko ez balu, hori horrela dela adierazten duen Bestelako dirulaguntzak adierazpena ere aurkeztu beharko da.

3.– Justifikazioari buruzko dokumentazioak 5.9 artikuluko ezaugarriak bildu beharko ditu.

19. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea eta Aginduaren 3. artikuluaren erakunde onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira– edo beste erakunde publiko zein pribatu batetik beste laguntzaren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko.

20 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluarekin bat etorriz, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira, dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa egiten duen egunera arte, itzulketa aurrekoa bada, honako kasu hauetan:

a) Justifikazio edo justifikazio nahikoa ez izatea, lege honetan eta, hala badagokio, dirulaguntza arautzen duten oinarrietan ezarritakoaren arabera.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo faltsututa, bai eta hori eragotzi dutenak ezkutatuta ere.

c) Helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea edo dirulaguntzaren xede izan zen jokabidea ez hartzea.

d) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) Lege honen 12.5.d), 14.c) eta 42. artikuluetan ezartzen diren kontrol-jarduerei jarkitzea, desenkusatzea, oztopatzea edo uko egitea.

f) Lege honen 27. artikuluan jasotako publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.

g) Dirulaguntza bakoitzaren oinarri arautzaileetan aurreikusitako gainerako kasuetan.

h) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikulutik 109. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera, itzultzeko beharra dakarren erabaki bat hartzea.

i) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa, lege honen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

2.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedura Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa izango da.

21. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta izen hau duen tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Kultura- eta sormen-arlora bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Xedea: kultura- eta sormen-sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua.

Hartzaileak: arlo honetan eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: datuak begiratzeko, zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk dauzkazu, informazio gehigarrian jasotzen denez.

Informazio osagarria: gure webgunean kontsultatu dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml.

Araudia: Datuak Babesteko Araudi Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura sustatzeko zuzendaritzak aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedurari dagokionez agindu honetan arautu gabeko orotarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 23a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala