148. zk., 2024ko uztailaren 30a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (181 KB - 11 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
3697
AGINDUA, 2024ko uztailaren 16koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko ideia onenetarako sarien bosgarren edizioaren deialdia.
2009ko abenduaren 29an, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen abian jartzea datu publikoak irekitzeko proiektua –publikotzat ulertuz pribatutasun-, segurtasun- edo jabetza-murrizketarik ez dituzten datuak– Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legean xedatutakoa betetzeko.
Halaber, 2021eko abenduaren 14ko Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen Gobernantzaren, Berrikuntza Publikoaren eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoa, Ardatz 2030, administrazio elektronikoaren era gobernu digitalaren alde egiten duena. Ildo horretan, plan estrategikoaren helburuak lortzeko, funtsezkoa da datu publikoak irekitzea eta haien berrerabilera sustatzea; izan ere, modu efektibo batez ahalbidetzen ditu gardentasuna, kontu-ematea, herritarrek balio publikoaren eta berrikuntzaren sorreran parte hartzea eta laguntzea, eta lagungarria da, orobat, EAEko gizarteari zerbitzu publiko edo pribatu berriak eskaintzeko.
Horrela, proiektuaren xedeak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren informazio-gardentasuna handitzea; sektore publikoan elkarreragingarritasuna hobetzea, berrikuntza sustatzea eta aberastasuna sortzea, eta, horretarako, datu publikoei balioa ematea.
Formatu berrerabilgarrian eta Open Data Euskadi webgunean (https://opendata.euskadi.eus) irekitako erabilera-lizentzien bidez ematen ditu argitara datu horiek Eusko Jaurlaritzak, hirugarren pertsonek datu horietatik eratorritako zerbitzuak sortzeko aukera izan dezaten.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru-aldundiek eta hiru hiriburuetako udalek beren datu irekien atariak dauzkate (Open Data), eta atari horietan kontsulta daitezke herritarrek eskuragai dauzkaten datu irekien sorten katalogoa.
Open Data Euskadin (https://opendata.euskadi.eus), balio ekonomiko eta sozial handiko katalogo bat dago, 11.000 datu sorta baino gehiagokoa; horien artean, honako datu hauek dira nabarmentzekoak: estatistikoak, geografikoak, administraziokoak, ingurumenekoak, turistikoak eta meteorologikoak.
Open Data Euskadin argitaratzen diren datu publikoak irekitzeko proiektuaren estrategiak hiru ardatz hauek ditu:
1.– Antolakunde publikoak eraldatzea, datu irekien kontzeptua lan-dinamikan sar dezaten.
2.– Eskainitako datuen kalitatea handitzea eta hobetzea.
3.– Datuok berrerabili eta kontsumituko dituzten pertsonen kolektiboa sortzen laguntzea, aberastasuna eta gizarte-balioa sortzeko.
Aurreko ardatzetako hirugarrenarekin bat etorriz, Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko ideia onenetarako sarien deialdia egiten da. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru-aldundien eta hiru hiriburuetako udalen laguntza izango dute sari horiek; horretarako, sarion epaimahaian parte hartuko dute, eta dauzkaten datu irekien katalogoak hautagaien eskura jarriko dituzte.
Hauek dira funtsezko helburuak: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak) dituzten datu irekien katalogoak ezagutaraztea, horien ahalmena erakustea, datu irekien erabilera eta zerbitzu eratorrien sorrera sustatzea, datu-kontsumitzaileek gehien eskatzen dituzten datuak zeintzuk diren zehaztea, eta horiexek irekitzen ahalegin berezia egitea.
Deialdiaren hartzaileak heterogeneoak dira; ez dute zertan aplikazio informatikoen garapenarekin lotuta egon, baina ohituta egon behar dira, ordea, informazioaren gizartearekin, eta, zehatzago, datu irekiekin. Sari horiei esker, datu publikoak berrerabiltzeko ideiak aurkeztu ahal izango dira, eta lanbide-arloan zein arlo sozialean aplikatzeko moduko tresna erabilgarriak bihurtuko dira. Deialdi honetarako, 13.500 euro gordin bideratuko dira.
Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko ideia onenetarako sarien bosgarren edizioaren deialdia onartzea, horretarako onartzen diren oinarri arautzaileen arabera. Oinarriok agindu honen eranskinean jaso dira.
AZKEN XEDAPENetako lehenengoa
Sariak, haien izaeraren arabera bidezkoa den orotan, xedapen hauetan ezarritakoari atxikiko zaizkie: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko erregulazioa, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua, eta 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baitu Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 16a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
ERANSKINA
EUSKADIKO DATU IREKIAK BERRERABILTZEKO IDEIA ONENETARAKO SARIEN BOSGARREN EDIZIOAREN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen datu irekien katalogoetako datu multzoak erabiliz zerbitzuak, azterlanak, web aplikazioak edo gailu mugikorretarako aplikazioak sortzeko ideiak deskribatzen dituzten proiekturik onenak saritzea.
Iragartzen diren sari hauek Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko 2024. urteko dirulaguntzen plan estrategikoan sartzen dira. Plan hori, berriz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak onartu zuen, 2024ko martxoaren 8ko Aginduaren bidez.
Bigarrena.– Kategoriak.
1.– Lehiaketara aurkezten den proiektu bakoitza sari-kategoria hauetakoren batera aurkeztu beharko da, ebatzi nahi den arazoaren gai-eremu nagusiaren arabera:
a) Kategoria: sanitarioa eta soziala.
b) Kategoria: ingurumena eta jasangarritasuna.
c) Kategoria orokorra: kategoria honetan sartuko dira gainerako proiektuak, hots, haien gai-eremu nagusia aurreko gaiez bestelakoa dutenak.
2.– Deialdi honen organo kudeatzaileak beretzat gordetzen du eskabidean adierazitakoaz bestelako sari-kategoria bati hobeto egokitzen zaizkion proiektuak birsailkatzeko eskubidea.
Hirugarrena.– Sariak.
1.– Sarietan 13.500 euro gordin emango dira orotara, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kargura.
2.– Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko ideien bi proiektu onenei sari bana emango zaie bigarren oinarrian aipatzen den kategoria bakoitzerako; hona hemen edukiak:
a) Lehen saria egiaztapen-diploma eta 3.000 euro gordin izango da. Aldi bakarrean ordainduko zaio zenbateko hori sarituari.
b) Bigarren saria egiaztapen-diploma eta 1.500 euro gordin izango da. Aldi bakarrean ordainduko zaio zenbateko hori sarituari.
3.– Saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta erakunde pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.
Laugarrena.– Proiektuak.
1.– Proiektu guztiek, inskribatzen diren egunean, baldintza hau bete beharko dute:
a) Datu irekien katalogo hauetakoren batetik ateratako datu multzo bat, gutxienez, erabili izana proiektua egiteko:
– Eusko Jaurlaritza (Open Data Euskadi): https://opendata.euskadi.eus
– Arabako Foru Aldundia (Araba Irekia): https://irekia.araba.eus/eu/open-data
– Bizkaiko Foru Aldundia (Bizkaia Open Data): https://www.opendatabizkaia.eus
– Gipuzkoako Foru Aldundia (Gipuzkoa Irekia): http://www.gipuzkoairekia.eus/es/datu-irekien-katalogoa
– Bilboko Udala (Bilbao Open Data): https://www.bilbao.eus/opendata/eu/inicio
– Donostiako Udala (Donostiako Udalaren datu irekiak): https://www.donostia.eus/datuirekiak/
– Vitoria-Gasteizko Udala (Open Data Vitoria-Gasteiz): https://www.vitoria-gasteiz.org/opendata
2.– Proiektu bat aurkezten duten pertsona fisikoek zein juridikoek haien proiektua ahalik eta argien azaltzeko testu-agiri bat erantsiko diote Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028604 helbide elektronikoan eskuragai dagoen sarien deialdian parte hartzeko eskabide-inprimakiari.
3.– Saria emateko, ez da aintzat hartuko zenbat pertsona fisiko zein juridikok hartu duten parte proiektuan. Pertsona bakar batek proiektu bat edo gehiago aurkez ditzake kategoria batean edo gehiagotan, bakarka edo talde bateko partaide gisa.
4.– Proiektua landu duten pertsona fisiko zein juridikoek baimena ematen diote Eusko Jaurlaritzari proiektuaren egilea aipatzeko deialdi honekin zerikusia duen edozein hedapen-jardueratan; baina horrek ez du sortuko pertsona horien aldeko inolako eskubide ekonomikorik, eta, hala egokituz gero, ez du ekarriko ematen den saria ez den beste inolako onurarik.
Bosgarrena.– Eskatzaileak.
1.– Eskabideak pertsona fisikoek zein juridikoek aurkeztu ahal izango dituzte. Pertsona juridikoak izanez gero, nortasun juridikoa izan beharko dute.
Pertsona fisikoek zein pertsona juridikoek haien eskabideak banaka edo taldean aurkeztu ahal izango dituzte, eta, pertsona fisikoen taldea bada, ez da beharrezkoa izango talde horrek nortasun juridikoa izatea.
Administrazio publikoek eta haren sektore publikoa osatzen duten entitateek ezin izango dute deialdi honetan parte hartu.
2.– Eskabidea aurkezten duen pertsona fisikoak sinatuko du, edo pertsona juridikoaren ordezkariak.
3.– Nortasun juridikoa duen pertsona juridiko zein fisiko batek baino gehiagok aurkezten dituzten eskabideetan, pertsona guztiak identifikatuko dira, baina gainerako kideen ordezkaritzan diharduenak baino ez du sinatuko.
Seigarrena.– Eskakizunak eta betebeharrak.
1.– Eskabidea aurkezten duten egunean eta sarien emakida izapidetzeko behar den denbora guztian, eskakizun hauek bete beharko dituzte proiektuak aurkezten dituzten pertsona fisikoek zein juridikoek:
a) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea lekarkiokeen zigor penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik.
b) Ez izatea zigor penal edo administratiborik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, bat etorriz martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin, zeinaren bidez onartzen baita Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, ez eta Transexualen berdintasun benetako eta eragingarrirakoa eta LGTBI kolektiboetako kideen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua ez betetzeagatik ere.
c) Berdintasun-plana indarrean izatea Estatuko araudiaren arabera nahitaez eduki behar duten enpresek.
d) 50 langile baino gehiagoko enpresek egiaztatzea, Estatuko legerian ezarritakoaren arabera, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
f) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako egoeretako batean.
2.– Pertsona fisiko zein juridiko eskatzaileek sarien deialdian parte hartzeko inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko betetzen dituztela dute a), b), c), d) eta f) letrei dagozkien eskakizunak. Inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028604.
3.– Laguntza kudeatzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du e) letrako eskakizuna betetzen den, elkarreragingarritasun-zerbitzuaren bidez, eskatzaileak berariaz kontrakoa adierazi ezean.
4.– Saridunen betebeharrei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoa bete beharko dute.
Zazpigarrena.– Epaimahaia.
1.– Aurkeztutako proiektuak epaimahai batek baloratuko ditu. Honela osatuko da:
Imanol Argüeso Epelde jauna, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzako proiektuen arduraduna. Epaimahaiburua izango da.
Diego David Álvarez Meaza jauna, aholkularitza teknikoaren sekzioko burua, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernamendu Onaren, Herritarrenganako Laguntzaren eta Zerbitzu Digitalen Zuzendaritza Nagusia. Idazkaritza-lanak egingo ditu, eta epaimahaiburua ordezkatuko du, hura ez badago.
Andoni Martín Santamaría, Arabako Kalkulu Guneko Eraldaketa Digitaleko Unitatearen arduraduna.
Loreto Susperregui Zabalo andrea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Modernizazio Zerbitzuko goi-mailako teknikaria.
Nora Folguera Martínez andrea, Vitoria-Gasteizko Udaleko Informazioaren Kudeaketako teknikaria.
Nagore González Echepare andrea, Donostiako Udaleko Datuen Udal Unitateko datuen analista.
Ainhoa Franco García de Cortázar andrea, Bilboko Udaleko Zerbitzu Digitalen eta Open Dataren Azpisailaren arduraduna.
2.– Epaimahaiko kideren bat ezin bada joan epaimahaiburuak deitutako bilkuraren batera, zerrenda honetako pertsona batek ordezkatuko du, zerrendako ordenari jarraituz:
María Carmen Guinea Lete andrea, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzako proiektuen arduraduna.
Xabier Torres Ugarte jauna, web-kudeatzailea, Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzako arduraduna.
Pilar Pascual Castro andrea, EJIE SAko (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea) teknikaria.
Alejandro Lara Garatxana jauna, EJIE SAko (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea) arduraduna.
3.– Proiektuak baloratzeko, epaimahaiak baremoa aplikatuko du, ondorengo oinarrian jasotako baldintzetan, eta sariak emateko proposamena aurkeztuko dio sariok emateko eskumena duen organoari.
4.– Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira.
5.– Epaimahaiko kide izateak eta epaimahaiaren bilkuretara joateak ez du inoiz ere eskubiderik emango ordainsari, bidaia-sari edo kalte-ordain gisa diru kopururik jasotzeko.
Zortzigarrena.– Baremoa.
1.– Epaimahaiak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuak. Gehienez 20 puntu eman ahal izango dizkie, baremo honen arabera:
a) Balio publikoa eta soziala: baloratuko da zer neurritan sustatzen duen administrazio publikoen gardentasuna, eta sortzen duen balio soziala eta publikoa, emakumeen eta gizonen eta talde minorizatuen berdintasunaren alde. Halaber, Agenda 2030ean definitutako Garapen Jasangarriaren 17 Helburuetako batean edo batzuetan egindako ekarpena baloratuko da, baita hizkuntza normalizazioan eta Euskal Herriko hizkuntza gisa euskararen presentzian egindakoa ere. 0 eta 3,5 puntu artean.
b) Balio ekonomikoa: proiektutik abiatuta negozioa sortzeko edo errentagarritasun ekonomikoa lortzeko potentziala. 0 eta 3 puntu artean.
c) Izaera berritzailea: kontuan hartuko da proiektua disruptiboa edo berria den. Berrikuntzarik eragiten duen eta, horretarako, hobetzekotan, lehendik dauden elementuak aldatu; edo zerbitzuan guztiz berriak diren elementuak sartzen dituen. 0 eta 3 puntu artean.
d) Bideragarritasuna: proiektutik abiatuta zerbitzu berri bat, ikerketa, web-aplikazio edo gailu mugikorretarako aplikazio bat sortzeko edo ezartzeko erraztasuna. 0 eta 3 puntu artean.
e) Baliagarritasuna: ebazten den arazoa zenbaterainokoa den eta zenbat hartzaile potentzial dauden hartuko da aintzat. Arazoa zenbaterainokoa den baloratzeko, kontuan hartuko dira erabilitako datuen eskaera eta interesa, aintzat hartuta balio handiko datuen multzoak, 2019ko ekainaren 20ko 2019/1024 (EB) Zuzentarauan, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu irekiei eta sektore publikoko informazioaren berrerabilerari buruzkoan, definituak. 0 eta 3 puntu artean.
e) Kalitatea eta argitasuna: koherentzia- eta argitasun-maila ideia aurkeztu eta azaltzean, ulergaitz egiten duten akats tipografikoak edo bestelakoak ez egotea baloratuko da. 0 eta 3 puntu artean.
f) Publikoaren bozketa: Open Data Euskadiren webgunean eman ahal izango zaie botoa hautagaiei (https://opendata.euskadi.eus). Apartatu honetako puntuazioa honela kalkulatuko da: hautagaitza bakoitzak lortutako botoak zati boto gehien lortu duen hautagaitzak lortutako botoak. Apartatu honetan lortutako puntuazioa izango da emaitza. 0 eta 1,5 puntu artean.
2.– Gutxienez 10 puntu lortu behar dira saria jasotzeko aukera izateko.
Bederatzigarrena.– Prozedura.
1.– Deialdi honen organo kudeatzailea Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritza da.
2.– Pertsona fisikoek zein juridikoek bete beharreko eskabide-inprimakia eskuragai egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028604 helbide elektronikoan, izapideak egiteko jarraibideekin, erantzukizunpeko adierazpenekin eta gainerako ereduekin batera.
3.– Eskabidea aurkezten duen pertsona fisikoak sinatuko du, edo pertsona juridikoaren ordezkariak.
4.– Pertsona fisikoek, juridikoek edo biek batera aurkezten dituzten eskabideak, gainerako kideen ordezkaritzan diharduenak baino ez ditu sinatuko.
5.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako bitartekoak erabiliko dira: Helbide hauetan eskuratu daitezke Egoitza Elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
6.– Eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztuko dituzte eskabidea eta dokumentazioa, hautatzen duten moduan. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileek hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
7.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla oinarri hauetan azaldutako eskakizun eta betebehar guztiak.
8.– Eskabideak 50 egun balioduneko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak deialditik kanpo geratuko dira.
9.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren https://www.euskadi.eus/nirekarpeta egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira, hala pertsona juridikoei nola pertsona fisikoei dagokienez.
10.– Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo aurkeztutako dokumentuetan forma-akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona fisiko edo juridiko interesdunari, akatsak zuzen ditzan edo behar diren dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; betiere, horretarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik.
11.– Eskabidea eta ondorengo izapideak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
12.– Epaimahaiak aztertuko ditu aurkeztutako ideiak, eta, ideia bakoitzari baremoa aplikatu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Funtzio Publikoko sailburuordeari, hark ebatz dezan.
13.– Open Data Euskadiren webgunean (https://opendata.euskadi.eus), behar diren baliabideak jarriko dira proiektuen bozketan parte hartzen dutenak erabiltzaile errealak eta balidatuak izan daitezen. Hala ere, anomaliaren bat azalduz gero, epaimahaiak eskubidea izango du emaitzak interpretatzeko eta iruzurrezko botoak ere kentzeko.
14.– Erakunde Harremanetarako sailburuordeak sariak emateko ebazpena eman aurretik, eta bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoarekin, organo kudeatzaileak bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu behar dituen dokumentu guztiak, egiaztatzearren epaimahaiak sarietarako proposatutako proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisikoek zein juridikoek betetzen dituztela bosgarren oinarriko eskakizunak, baldin eta interesduna horren aurka azaltzen ez bada. Hala izanez gero, eskabide-inprimakian berariaz horretarako gaitutako laukia markatu beharko du interesdunak, adierazteko berariaz aurka dagoela, eta, ondorioz, aurkakotasun horri loturiko dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
15.– Saritua izateko proposatu den proiektua aurkeztu duen pertsonak uko egiten badio Administrazioak aurreko paragrafoan adierazitako egiaztapena egiteari eta ez badu horretarako behar den dokumentazioa aurkezten, edo egiaztatzen bada ez dituela betetzen saria lortzeko eskakizunak, organo kudeatzaileak horren berri emango dio epaimahaiari, beste proposamen bat igor dezan ondoen baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen pertsonari saria eman dakion.
Proposatutako beste pertsona horri dagokionez, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera jardungo du deialdi honen organo kudeatzaileak.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpen bat emango du sariaren deialditik kanpo uzteko epaimahaiak proposatu baina erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako datuen benetakotasuna egiaztatu ez duen pertsona.
16.– Organo kudeatzaileak deialdia hutsik uzteko proposamena egingo du aurkeztutako proiektuetako bakar batek ere aurreko oinarriko gutxieneko puntuazioa lortzen ez duen kategorietan.
17.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpen bat emango du saria emateko edo deialdia hutsik uzteko; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028604 helbidean argitaratuko da ebazpen hori. Gainera, ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Aurrekoa gorabehera, deialdi honen organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak igorri ahal izango dizkie SMS edo mezu elektronikoen bidez, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.
18.– Deialdia ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea ezin izango da 5 hilabetetik gorakoa izan, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitu eta ebazpena jakinarazi ez bada, deialdia hutsik utzi dela ulertuko da.
19.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak sariak emateko edo lehiaketaren deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hamargarrena.– Saria onartzea edo hari uko egitea.
1.– Sarirako izendatutako pertsonek 3 egun balioduneko epea izango dute, saria emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, berariaz adierazi ahal izateko sariari uko egiten diotela. Horrela eginez gero, ongien baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsonei emango zaie saria. Horretarako, inprimaki bat izango dute eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren https://www.euskadi.eus/nirekarpeta egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean.
2.– Ez bazaio sariari uko egiten aurreko paragrafoan adierazitako moduan, saridunak onartu egiten duela ulertuko da.
3.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpen bat emango du, aditzera emango duena sariari uko egin zaiola eta ongien baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisikoei zein juridikoei eman zaiela saria. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028604 helbidean argitaratuko da. Gainera, ebazpen hori elektronikoki jakinarazi beharko da egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Oinarri honetako lehen paragrafoan xedatutakoaren arabera jardungo dute saritutako pertsonek.
4.– Saritutako pertsona guztiek uko egiten badiote emandako sariari, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpen bat emango du deialdia hutsik utzi dela adierazteko. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028604 helbidean argitaratuko da. Horrez gain, deialdi honetan parte hartzen duten pertsona fisikoei eta juridikoei ere jakinaraziko zaie ebazpen hori, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.
5.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena izango dute sariek.
Hamaikagarrena.– Sariak ematea.
1.– Sariak ekitaldi formal batean emango dira. Nahitaez bertaratu beharko da proiektu sarituak aurkeztu dituen pertsona fisikoa, edo, pertsona juridiko batek aurkeztu baditu, horren ordezkaria, edo, pertsona bat baino gehiago badira, eskaera sinatu duena, hau da, gainerakoak ordezkatzen dituena sarien deialdia egin duen administrazio publikoaren aurrean. Euren proiektuen xehetasunen azalpen laburra egingo dute. Deialdi honen organo kudeatzaileak behar besteko aurrerapenez jakinaraziko dizkie ekitaldia egiteko eguna, tokia eta ordua.
Baldin eta, arrazoi justifikatuengatik, pertsona horietakoren bat ezin bada joan sariak emateko ekitaldi formalera, hala jakinarazi beharko dio deialdi honen organo kudeatzaileari astebete lehenago; ordezkoa izendatuko du, bere izenean saria jaso dezan, eta ordezko pertsona horren identifikazio-datuak organo kudeatzaileari jakinaraziko dizkio.
2.– Sariari uko egin diola ulertuko da baldin eta pertsona fisikoak edo pertsona juridikoaren ordezkariak edo eskaera sinatu duen eta sariaren deialdia egin duen administrazio publikoaren aurrean gainerakoen ordezkari diharduen pertsona fisikoak edo hura ordezkatzeko izendatutakoak ez badu baieztatzen sariak emateko ekitaldira etorriko den ala ez. Halakoetan, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpen bat emango du, aditzera emateko sariari uko egin zaiola eta ondoen baloratutako hurrengo proiektuak aurkeztu dituzten pertsona fisikoei zein juridikoei eman zaiela saria, eta aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.
Hamabigarrena.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Open Data Euskadi sariak.
Arduraduna: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritza.
Helburua: Open Data Euskadi sarien deialdiak kudeatzea eta ebaztea.
Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak: Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/).
Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/148400-capa2-eu.shtml.
Araudia:
Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
(https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:
(https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).