145. zk., 2024ko uztailaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (103 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
3624
EBAZPENA, 2024ko uztailaren 3koa, Joko eta Ikuskizunen zuzendariarena, zeinen bidez ezartzen baita ausazko analisiak egitea, post-mortem, zezenketa-abelburuei 2024ko zezenketa-denboraldian.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, bere eskumenen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren ikuskizunen osotasuna zaindu eta ikusleen eskubideak defendatu behar ditu.
Bigarrena.– Zezenketa-gaien Euskal Batzorde Aholku-emaileak, zezen-ikuskizunei buruzko kontsulta- eta aholkularitza-organoa den aldetik, 2015eko otsailaren 25eko ohiko bileran eztabaidatu zuen komenigarria izango zen ala ez zezenketa-abelburuei ausazko analisiak egitea post-mortem, ikuskizunaren osotasuna zaindu eta haren kalitatea hobetze aldera.
Hirugarrena.– Aurreko zezenketa-denboraldiko emaitzak ikusita, kontuan harturik ikuskizun mota hauetan ikusleen eskubideen errespetua bermatu behar dela eta ikuskizuna bera zorrotz egiten saiatu behar dela, egokia da 2024 zezenketa-denboraldian administrazio-kontrol berdinak egitea.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Lehenengoa.– Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas-jarduerei buruzko abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 8.b) artikuluak hauxe ezartzen du: «...honako eskubide hauek izango dituzte ikuskizunen eta jolas-jardueren ikusleek: a)................, b) Ikuskizuna ikusteko eskubidea edo jolas-jardueran parte hartzekoa; horiek guztiak, gainera, osorik eta enpresak iragarritako moduan eta baldintzetan jasotzeko eskubidea».
Bigarrena.– Euskadiko Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 55.10 artikuluak ezartzen du, ikuskaritza eta kontrolari dagokienez, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak post mortem egindako ausazko azterketak egin litzakeela; 57.10 artikuluan, aukera ematen du ausazko azterketak pikatzeko zaldiei ere egiteko. Hau da, Euskadiko Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, berariaz, horrelako analisiak egin daitezela agintzeko ahalmena ematen dio. Ausazko lagin horiek hartzeak ez ditu kaltetzen ikuskizunaren presidenteak erregelamendu bidez ezarrita dituen ahalmenak.
Agindu horiek eta aplikatu beharreko gainerako araudia ikusita, urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak (Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) aitortzen dizkidan eskuduntzez baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ausaz laginak hartzea 2024ko zezenketa-denboraldian Euskadiko lehenengo mailako zezen-plazetan toreatzen diren abelburu batzuei. Laginak hartu ondoko post mortem analisiek ikuskaritza eta kontrola egitea izango dute helburu.
Bigarrena.– Laginak hartu eta, gero, aztertu behar dira, Euskadiko Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 55. artikuluaren 4. eta 5. ataletan ezarritakoa eragotzi gabe.
Hirugarrena.– Ebazpen honek ezartzen dituen ausazko laginak hartzeko orduan, zehaztapen hauek kontuan hartu behar dira:
1.– 2024. urtean Euskadiko lehenengo mailako zezen-plazetan egiten den zezenketa bakoitzean toreatuko diren abelburuetako bakar bati hartu ahal zaizkio laginak.
2.– 2024ko zezenketa-denboraldian ausazko laginak adarrei baino ez zaizkie hartuko.
3.– Laginak hartu ahal zaizkie 4 urteko edo 4 urtetik gorako oinez toreatuko diren zezenketa-abelburuei (arrak).
4.– Zezenketa bakoitzean lehenengo, eta zozketa hutsez, ezarriko da laginak hartuko diren ala ez, baldintza hauen arabera:
a) Ikuskizunak egin behar diren egunetan, goizean, zezenketa-ordena zehaztuko da eta abereak bakartuko dira; eta, gero, zozketa hutsa egingo da.
b) Zozketan hauek egon behar dira: plaza-burua edo ikuskizun-burua, abeltzaintza-etxeetako ordezkaria, enpresa antolatzailearen ordezkaria, ikuskizunerako izendatu den abelburu-albaitaria eta plaza-ordezkaritza. Esandako pertsonak ez azaltzeak ez du zozketa egitea ekidingo.
c) Zozketa horrela egingo da: poltsa opaku baten barruan plaza-ordezkaritzako partaide batek itxura bereko bi bola sartuko ditu, bata gorria eta bestea zuria.
Beste plaza-ordezkaritzako partaide batek bi boletako bat aterako du eta, bola gorria ateraz gero, ikuskizun horretan toreatuko diren abelburuetako bati laginak hartuko zaizkio; bestela, bola zuria ateraz gero, ez zaizkio hartuko.
5.– Lagina hartuko dela ezarri bada, bigarren zozketa bat egingo da laginak zein abelbururi hartuko zaizkion zehazteko. Horretarako, zaku opaku batean ikuskizunean oinez toreatuko diren abelburu adina bola sartu behar dira. Plaza-ordezkaritzako partaide batek sartuko ditu bola horiek. Bola guztiak berdinak izango dira eta ondoz ondoko zenbakiak izango dituzte, «1»etik hasita, ikuskizunean toreatuko diren abelburuen kopurura heldu arte. Orduan, beste plaza-ordezkaritzako partaide batek bola bat aterako du eta bola horrek daraman zenbakia zein den, ordenan leku horretan dagoen abelburuari hartuko zaio lagina.
6.– Plaza-ordezkaritzak zozketen emaitzak akta berriemaile batean jasoko ditu, eta bertan egon diren guztiek sinatuko dute.
7.– Abelburua hil ostean, laginak hartu eta analisiak egingo dira, Segurtasuneko sailburuaren 2015eko abuztuaren 3ko Aginduan ezarritakoaren arabera; agindu horretan arautzen dira zezen-ikuskizun orokorretan lagin biologikoak hartzeko eta aztertzeko prozedura, eta lagin horien analisiak egiten dituzten laborategiak homologatzeko prozedura.
8.– Abelburuak giza kontsumorako erabiliko badira, abenduaren 9ko 1086/2020 Errege Dekretuan adierazitako baldintzak bete beharko dira (1086/2020 Errege Dekretua, Europar Batasunaren xedapenak aplikatzeko baldintza jakin batzuk arautzen eta malgutzen dituena, elikagaien ekoizpenaren eta merkaturatzearen higienearen arloan, eta haren aplikazio-eremutik kanpo dauden jarduerak arautzen dituena).
Erakunde edo pertsona antolatzaileak, edo, hala badagokio, plazaren titularrak, pertsona bat izan beharko du abereak hiltegira eramateko prestatzeko behar adinako ezagutza eta trebetasuna duena, aipatutako Errege Dekretuaren 24. artikuluko jarraibideen arabera.
Pertsona horrek adarrak moztu ahal izango ditu, abeltzaintzako albaitari-taldearen jarraibideak betez.
Laugarrena.– Ebazpen hau jakinarazi behar zaie Zezen-ikuskizunetako Antolatzaileen Elkarte Nazionalari, zezenketa-abelburuak hazten dituzten abeltzaintza-etxeak ordezkatzen dituzten elkarteei, zezen-plazetako buruei, Euskal Autonomia Erkidegoko zezen-plazetako titularrei, Foru Aldundien Abeltzaintza Zerbitzuei eta plaza-ordezkaritzari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen. Beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Segurtasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, horrela ezarri baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 112. artikuluan eta hurrengoetan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 3a.
Joko eta Ikuskizunen zuzendaria,
AITOR MIKEL URIARTE UNZALU.