Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2024ko uztailaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
3623

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 16koa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita, 2024ko ekitaldirako, Enpresa-arloko I+Ga sustatzeko Hazitek Programaren II. fasearen deialdia.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko urtarrilaren 10eko Aginduan dago araututa enpresetan I+Ga sustatzeko Hazitek programa, eta agindu horren bidez egin zen horrelako proiektuetarako dirulaguntzak eskatzeko I. fasearen deialdia. Bada, 8. artikuluan adierazten denez, laguntzak emateko prozedurak bi fase izango ditu: I. fasea, proiektuak hautatzeko (zer proiektu onartzen diren zehaztuz amaituko da); eta II. fasea, laguntzak emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritakoaren arabera (alegia, I. fasean onartutako proiektuei laguntzak emateko, baldin eta eskaria egiten badute).

I. fasea, proiektuak hautatzekoa, 2024ko urtarrilaren 10eko Aginduan aurreikusitakoaren arabera osatu da. Hala, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen uztailaren 3ko Ebazpena, proiektuak onartzekoa, dagoeneko jakinarazi zaie erakunde eskatzaile guztiei, iragarki-taula elektronikoan argitaratuta.

I. fasea ebatzita, orain, II. fasearen deialdia egin behar da, agindu arautzailearen hirugarren atalean zehazturik dagoen bezala.

Eta 13. artikuluaren arabera, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpena behar da II. fasearen deialdia egiteko (aurretiaz I. fasean onartutako proiektuei laguntzak esleitzeko da II. fasea).

Laguntza-programa hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartutako 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Dirulaguntzen Plan Estrategikoa www.euskadi.eus egoitza elektronikoan kontsultatu daiteke.

Aurreko guztiagatik, aipatutako aginduaren 13. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua) xedatutakoaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

II. faserako deialdia egitea 2024. urterako, I. fasean onartutako proiektuetarako laguntzak esleitzeko (Enpresa-arloko I+Ga sustatzeko Hazitek programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko urtarrilaren 10eko Aginduaren bidez deitu zen I. fasea). II. faserako deialdia ebazpen honen eranskinean jasotako oinarrien arabera egingo da.

AZKEN XEDAPENAKO LEHENENGOA

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko urtarrilaren 10eko Aginduan (Enpresa-arloko I+Ga sustatzeko Hazitek programa arautzen du eta I. fasearen deialdia, diruz lagundu daitezkeen proiektuen eskabideak aurkeztekoa, egiten du) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) VI. tituluari eta VII. tituluko III. kapituluari egiten zaizkien aipamenak indargabetuta daudenez, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen xedapenek ordeztuko dituzte.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 16a.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.

ERANSKINA

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da deialdi bat egitea aldez aurretik I. fasean onartutako proiektuen artean laguntzak esleitzeko (II. fasea), 2024ko ekitaldirako. Lehen fasearen deialdia 2024ko urtarrilaren 10eko Aginduaren bidez egin zen.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko, 92.500.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

Kopuru horretatik, 42.500.000 euro lehiakortasuna areagotzeko proiektuak finantzatzeko izango dira; eta 50.000.000 euro, berriz, proiektu estrategikoak finantzatzeko.

Aurrekontu-ekitaldian banatuko diren dirulaguntzen zenbateko osoak ez du ezarritako diru kopuru hori gaindituko (edo egin beharreko eguneraketaren ondoren geratzen den kopurua, baldin eta, indarrean dagoen legeriaren arabera, aurrekontuan aldaketarik egitea onartzen bada).

Deialdiaren zenbatekoa guztizko zenbatekoaren % 10 igo daiteke gehienez, eta hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Zenbatekoa handitzeak ez du ekarriko eskabideak aurkezteko beste epe bat, ezta ebazteko beste epe bat zenbatzen hastea ere.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko urtarrilaren 10eko Aginduaren 7. artikuluan jasota daude. Agindu horrek Enpresa-arloko I+Ga sustatzeko Hazitek programa arautzen du, eta I. faserako deialdia egiten du, diruz lagundu daitezkeen proiektuetarako eskabideak aurkeztekoa.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.2 artikuluaren arabera, egindako gastutzat hartuko da dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan zehaztutako justifikazio-epea bukatu baino lehen benetan ordaintzen den gastua.

Enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan egon beharko dute ordainduta entitate onuradunek beren merkataritza-eragiketetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuek, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza, gutxienez, eskatu beharko ditu obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

Aurkezturiko eskaintzen artean aukeratzeko, zeinak justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean sartu behar baitira, efizientzia eta ekonomiaren irizpideak erabiliko dira. Ez bada bada eskaintza merkeena aukeratzen, egindako aukera espresuki justifikatu beharko da memoria batean.

Nahitaezkoa bada, aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin arabera, eskaintza batzuk eskatzea eta eskaintza horiek aurkezten ez badira edo eskaintza ekonomikoena ez den bat aukeratzen bada aukeraketa hori behar bezala justifikatu gabe, ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du organo emaileak, eta onuradunak ordaindu beharko ditu horrek eragiten dituen gastuak. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz likidatuko da dirulaguntza: onuradunak adierazitako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.

4. artikulua.– Betekizunak.

Hazitek programa arautzen duen aginduko 3. eta 21. artikuluetan dator zehazturik zer baldintza bete behar dituzten proiektuek eta erakunde eskatzaileek. Deialdi honetako laguntzak eskuratu ahal izateko, baldintza horiek betetzen direla egiaztatu beharko da.

Gainera, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluaren arabera, entitate onuradunak enpresa-deslokalizaziorik (lege horren 49. artikuluan ezarritako moduan) ez egiteko konpromisoa adierazi beharko du, bai eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa ere, arau beraren 9.4.h) artikuluaren arabera. Bi konpromiso horiek erantzukizunpeko adierazpen bidez egingo dira, eta horretarako emango dira.

Azkenik, ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 2., 3., 4. eta 5. paragrafoetan jasotako egoeraren batean dauden erakundeak.

5. artikulua.– Eskabideak: aurkeztea eta epea.

1.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko urtarrilaren 10eko Aginduko 14. eta 21. artikuluetan jartzen du nola egin behar den eskaria. Agindu horren bidez dago arauturik Enpresa-arloko I+Ga sustatzeko Hazitek programa, eta bertan dago eginda I. faserako deialdia ere, dirulaguntzak jaso ditzaketen proiektuetarako eskabideak aurkeztekoa.

2.– Egoitza elektroniko honen bidez soilik eskuratu eta bete ahal izango da eskabidea:

https://www.euskadi.eus/servicios/1030809/ (castellano).

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030809/ (euskera).

Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko, espedientearen jakinarazpenak eta kontsultak barne, kanal elektronikoa erabiliko da, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Eskabideak aurkezteko epea 2024ko irailaren 10ean amaituko da, eta ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

6. artikulua.– Ebaluazio-organoa, organo kudeatzailea eta ebazteko eskumena duen organoa.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko eta laguntzak emateko proposamena egiteko, ebaluazio-organoa eratuko da. Hauek osatuko dute organo hori:

Natividad Niño Bartolome izango da ebaluazio-organoko burua; ordezkoa Catalina Chamorro Silgado izango da, eta bokalak, berriz, hauek:

– Ana Belén Camacho Vera, Industria eta Energia Eraldaketako zuzendaria, edo, haren ordez, Rosa Murillas Maza, Industria eta Energia Transmisioko Zuzendaritzako talde teknikokoa.

– SPRIren ordezkari bat: Amaia Martinez Muro izango da, edo haren ordezkoa, Maite Hernández Hernández.

– Larraitz Segurola Bereciartua, Teknologiaren arloan eskumena duen zuzendaritzako talde teknikokoa, edo haren ordez, Amaia Gandarias Uriarte, idazkari-lanak egingo dituena.

Eskabideak ebaluatu ondoren, organo horrek txostena egingo du; bertan, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztu, eta Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariari, laguntza horiek kudeatzen dituen organoari, helaraziko dio. Zuzendariak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena aztertu ondoren, proposamen bat egingo dio Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari, zeinak eskumena baitu laguntzak esleitzeko ebazpenak emateko.

7. artikulua.– Emandako dirulaguntzak aldatzea

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntzaren organo emaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldin eta artikulu horretan zehazten diren betekizunak betetzen badira. Hauek dira betekizunok:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatzen duenean, entitate onuradunak aldaketa jakin bezain laster jakinaraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e artikuluan adierazitako betebeharraren arabera, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Entitate onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

2.– Era berean, laguntzak eman zituen administrazio-organoak gehienez sei hilabetez luzatu ahal izango du egin beharreko jarduerak gauzatzeko epea, entitate onuradunak salbuespenez eskatu eta justifikatu ondoren, baldin eta alegatutako arrazoiek hala justifikatzen badute eta lehenengo atalean ezarritako baldintzak betetzen badira. Ondorioz, atzeratu egingo da dagokion laguntzaren ordainketa.


Azterketa dokumentala