Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2024ko uztailaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
3611

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 1ekoa, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez prozedura berria ezartzen baita igogailuen aldizkako ikuskapenak egin eta mantentze-lanak egiteko, apirilaren 2ko 355/2024 Errege Dekretura egokitu dadin. Errege-dekretu horren bidez, ITC AEM 1 «Igogailuak» jarraibide tekniko osagarria onartzen da, zeinak arautzen baitu igogailuak martxan jartzea, aldatzea, mantentzea eta ikuskatzea eta lehendik dagoen igogailu-parkearen segurtasuna handitzea.

I.– 2024ko apirilaren 13an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen apirilaren 2ko 355/2024 Errege Dekretua, ITC AEM 1 «Igogailuak» jarraibide tekniko osagarria onartzen duena, zeinak arautzen baitu igogailuak martxan jartzea, aldatzea, mantentzea eta ikuskatzea, bai eta lehendik dagoen igogailu-parkearen segurtasuna handitzea ere.

Jarraibide Tekniko Berria 2024ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean, eta igogailuen segurtasun-baldintzak zehaztea du helburu. Igogailuak martxan jartzeko eta aldatzeko prozedura ezartzen du, bai eta mantentzeko eta ikuskatzeko baldintzak ere, pertsonak, konpainia-animaliak eta ondasunak babesteko tresna horien funtzionamenduaren, aldaketen eta mantentze-lanen ondorioz sor daitezkeen istripu-arriskuetatik.

II.– Hori dela eta, beharrezkoa da estatuko araudi berrira egokitzea gaur egungo 5/2014 Dekretua, urtarrilaren 28koa, igogailuak mantentzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan igogailuak aldizka ikuskatzeko prozedura ezartzen duena, Arrazoi berberengatik, beharrezkoa da Igogailuen Aldizkako Ikuskapenen Eskuliburuaren seigarren edizioa estatuko araudi berrira egokitzea. Eskuliburu hori 2014ko otsailaren 20ko Aginduaren bidez onartu zen.

Gaur egun indarrean dauden arau autonomikoak aldatu eta estatuko oinarrizko araudira egokitzeko prozedurak izapidetzen ez diren bitartean, igogailuak ikuskatzeko jarduera duela gutxi onartutako estatuko oinarrizko araudira egokitzeko jarduketa-irizpideak ezarri behar dira ebazpen honen bidez.

Horretarako, igogailuen aldizkako ikuskapenak kudeatzeko aplikazioan behar diren aldaketak gehitu behar dira, eta aldaketa horiek ebazpen honen eranskinetan jasota daude.

Aurrekoa ikusita, jarduketa-irizpide hauek ezartzen ditut:

Lehenengoa.– Hasierako ikuskapenei dagokienez, igogailuak zerbitzuan jarri aurreko ikuskapenetan, UNE 192008:1 arauetan jasotako egiaztapen xehatuak egin beharko dira 203/2016 Errege Dekretuaren arabera merkatuan sartutako aparatuentzat, eta UNE 192008:2, berriz, makinei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2023ko ekainaren 14ko 2023/1230 (EB) Erregelamenduaren arabera merkatuan sartutako aparatuentzat. Erregelamendu horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/42/EE Zuzentaraua eta Kontseiluaren 73/361/EEE Zuzentaraua indargabetzen ditu.

Era berean, kontrol-erakundeak egindako ikuskapen horren ziurtagiria igogailuaren dokumentazioan sartuko da, zeina titularrak eduki behar baitu aparatua martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu aurretik; dokumentazio horrek Administrazioaren eskura egon behar du.

Bigarrena.– Bestalde, zerbitzuan dauden igogailuen segurtasuna areagotzeko neurri egokiak ezartzeko beharra ezartzen da. Egoera hori aparatu bakoitzaren aldizkako lehen ikuskapenean egiaztatuko da, bai aldizkako ikuskapenaren kasuan, bai instalazioan istripu bat dagoelako egindako ikuskapenaren kasuan.

Hori jasota geratuko da Kontrol Erakundeak egindako ikuskapen-aktan, dokumentu honen I. eranskinean adierazitako egiaztatze-kodeekin, eta apirilaren 2ko 355/2024 Errege Dekretuaren VII. eranskinean ezarritako epeen arabera (355/2024 Errege Dekretua, apirilaren 2koa, ITC AEM 1 «Igogailuak» jarraibide tekniko osagarria onartzen duena. Jarraibide horrek igogailuak martxan jartzea, aldatzea, mantentzea eta ikuskatzea arautzen du, bai eta dagoen igogailu-parkearen segurtasuna handitzea ere).

Hirugarrena.– Bereizgarriei dagokienez, dagokion aldizkako ikuskapena egin ondoren, aparatuan ikuskapenaren kalifikazioari dagokion ikuskapenaren adierazlea ezarriko da. Bereizgarri horiek dokumentu honen II. eranskinean adierazitako ezaugarriak izango dituzte, eta bertan adierazitakoaren arabera beteko dira.

Laugarrena.– Lehendik dagoen igogailuan ezin bada ezarri 355/2024 Errege Dekretuaren VII. eranskinean ezarritako segurtasuna areagotzeko neurriren bat bertan adierazitako irizpideekin, aparatuaren titularrak edo, hala badagokio, igogailu horiek ezarriko dituen enpresa kontserbatzaileak, bere ordez, administrazioari eskatu beharko dio ezintasun hori aitor dezala, eta, eskaerarekin batera, ezintasun hori egiaztatzen duen dokumentazio egokia aurkeztu beharko du, baita aparatuan ezar daitekeen neurri hurbilenaren deskribapena ere.

Horregatik guztiagatik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldizkako ikuskapenak kudeatzeko aplikazioetan ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren egoerak sartzea, eranskin horretan adierazten diren kodeekin. Egoera horiek «E» akronimoarekin gehituko dira.

Kontrol-erakundeak adierazi beharko dituen neurriak ezartzeko epeak 355/2024 Errege Dekretuaren VII. eranskinean ezarritakoak izango dira.

Egiaztatu beharreko elementuaren egoera dela eta, adierazitako egiaztapenetako bat akats gisa hartuko balitz egin beharreko aldizkako egiaztapenetan, bi egoerak alderatuz ateratzen den zuzenketa-epe zorrotzena bete beharko da.

Bigarrena.– Aurreko paragrafoan adierazitako egoerak egiaztatzeko, ebazpen honen II. eranskinean zehazten diren egiaztapenak egingo dira.

Hirugarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko otsailaren 20ko Aginduaren B eranskinaren eta aurreko atalean adierazitako egiaztapenen eta ebazpen honen lehenengo atalaren bidez sartutako kode berrien laburpena izango den dokumentu bat egiteko eta webgunean argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean adierazitako ikuskapen-bereizgarrien ereduak onartzea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau sektoreko eragileei zabaltzeko agintzea, eta sailaren web-orrian eta EHAAn argitaratzea.

Seigarrena.– Ebazpen honek 2024ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak..

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 1a.

Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

ZIGOR URQUIAGA URQUIZA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala