144. zk., 2024ko uztailaren 23a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (390 KB - 32 orri.)
- EPUB (688 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
3600
AGINDUA, 2024ko uztailaren 11koa, Segurtasuneko sailburuarena, irabazi-asmorik gabeko erakundeek EAEn, 2024ko ekitaldian, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egiteko dirulaguntzen deialdia egiten duena.
Jokoa jarduera sozial, ludiko eta dibertimenduzkotzat hartzen da, baina patologiko bihur daiteke, baldin eta jokalariak askatasun emozionala galtzen badu, horrek zuzenean eragiten baitio jokamoldean. Horren ondorioz, oso nahaste ezgaitzailea bihurtzen da, progresiboa eta kronikoa, pertsonarengan narriadura indibiduala, familiakoa, soziala eta lanekoa eragiteaz gain, osasun publikoko arazo bihurtzen dena.
Uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorraren 10. artikuluak joko arduratsuaren printzipioak ezartzen ditu.
Joko arduratsutzat hartzen da arau- eta informazio-neurri batzuen multzoa, helburu dutenak jokalariak joko-jarduera kontzienteki, borondateari eta erabakitasun askeari kalterik egin gabe eta parametro osasungarrien barruan egitea.
Jokoa Arautzeko Agintaritzak jokalarien eskubideak babesten direla zainduko du, eta joko arduratsua sustatuko du; horretarako, prebentzio- eta heziketa-kanpainak bultzatu eta sustatuko ditu, eta prebentzio- eta laguntza-programetan parte hartuko du, osasun-arloan eskumena duen sailarekin, toki-administrazioekin eta adikzio-jokabideak artatzen dituzten elkarteekin.
Azpimarratzeko modukoak eta eraginkorrak dira irabazi-asmorik gabeko erakundeek joko patologikoaren arloan egiten dituzten jarduerak. Kontuan izanik Osasun Sailak diruz laguntzen dituela erakunde horiek adikzioen prebentzio selektiboaren, egokituaren eta asistentzialaren eremuan egiten dituzten jarduerak, deialdi honen helburua da informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduketetarako dirulaguntzak ematea.
Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren babesean egiten da; araudi hori honako hauetan dago jasota: Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean (2023ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.
Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak ematen didan eskumenaz baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Irabazi-asmorik gabeko erakundeek, 2024ko ekitaldian, Euskadin, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egin ditzaten dirulaguntzen deialdia egitea, eta agindu honetan jasotako oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ordezko araubidea.
Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 11.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
ERANSKINA
OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da irabazi-asmorik gabeko erakundeei norgehiagoka-araubidez dirulaguntzak emateko deialdia egitea, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egin ditzaten 2024. urtean.
2.– Dirulaguntza honen helburua da irabazi-asmorik gabeko erakundeek jokoari lotutako jokabide arriskutsu eta arazotsuei buruz egiten dituzten informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerei eusten laguntzea. Honako hau jotzen da prebentzio unibertsaltzat: biztanleria orokorrari zuzentzen zaiona eta osasunaren sustapenaren bidez egiten dena, jokoari lotutako adikzio-jokabideek dakartzaten arazoei buruzko ezagutza sortzeko eta orientazioa emateko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzen muga.
Agindu hau betetzeko, gehienez ere 100.000 euro bideratuko dira, zeinak EAEren 2024ko aurrekontuen 02 6113 22 452 24/1201 partidan kontsignatuta baitaude. Aurrekontu horiek abenduaren 22ko 21/2023 Legearen bidez onartu ziren.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Agindu honetan jasotako laguntzak jasotzeko (norgehiagoka-araubidean), irabazi-asmorik gabeko erakundeek joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egin beharko dituzte, 2024. urtean; jarduera horiek biztanleria orokorrera zuzenduta egon behar dira, eta joko patologikoa sor dezaketen aztura edo jokabideetarako sustagarria kentzeko izango dira. Horretaz gainera, erakunde horiek betekizun hauek konplitu beharko dituzte:
a) Legearen barruan sortuak izan behar dute, eta dagozkien administrazio-erregistroetan edo -erroldetan behar bezala erregistratuta egon, dirulaguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez.
b) Irabazi-asmorik gabeak izan behar dute, edozein dutela ere forma juridikoa –elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat–, eta helburu publiko bat edo gizarte-intereseko helburu bat lortzea sustatu behar dute. Irabazi-asmorik eza erakundearen estatutuetan jasota egon behar da.
c) Helburu publiko bat edo gizarte-intereseko helburu bat lortzea sustatu behar dute. Estatutuen xedeek interes orokorra sustatu behar dute, eta arlo hauetakoak izan daitezke: izaera zibikoa, hezkuntza, zientzia, kultura, kirola, osasuna, giza eskubideen sustapena, gizarte-laguntza, garapenerako lankidetza, emakumearen sustapena, familiaren sustapena eta babesa, haurren babesa, aukera-berdintasuna eta tolerantzia sustatzea, ingurumena babestea, gizarte-ekonomia edo ikerketa sustatzea, gizarte-boluntariotza sustatzea, edo arrazoi fisikoengatik edo gizarte-, ekonomia- nahiz kultura-arrazoiengatik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonei laguntzea eta arreta ematea.
d) Indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.
e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta eduki behar dituzte.
f) Diruz lagundutako jarduera gehiena Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar dute. Jarduera gehiena Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egiten dela ulertzeko, erakundearen zerbitzu edo jardueren onuradun edo hartzaile gehienek Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute administrazio-auzotasuna.
g) Ez dute egingo LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzen duen jarduerarik, barne dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.
h) Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan ezarritako betekizun orokorrak konplitu behar dituzte, eta ezin dira egon lege horren 13. artikuluan aipatzen diren egoera batean ere. Hauek dira egoera horiek:
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duen epai irmo baten bidez zehatua izatea edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zehatua izatea.
– Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorraraztea eta haien errudun deklaratua izatea.
– Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
– Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.
– Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.
– Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzearekin zehatua izatea, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Aginduaren ondoreetarako, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko proiektutzat joko dira xede hauek dituzten ekintzak zertzen dituztenak:
a) Joko patologikoaren arriskuarekiko kalteberatasun-egoerak detektatzea.
b) Joko arduratsuaren ezaugarriei buruzko ezagutza sustatzea.
c) Joko arazotsuan, gehiegizko jokoan eta joko patologikoan aritzeko arrisku-egoeraren adierazleei buruzko ezagutza eta jokoak adikzioa sortzeko duen ahalmenean eragin handiena duten faktoreei buruzkoa sustatzea.
d) Teknologia berriek jokorako dakartzaten arriskuen berri ematea.
e) Joko patologikoaren aurka borrokatzeko jarduera eta baliabide publikoak eta pribatuak zabaltzea.
2.– Proiektuek kolektibo hauek izan ahalko dituzte xede, besteak beste:
– Adingabeak.
– Gazteak eta nerabeak.
– Emakumeak.
– Familiak.
– Hezkuntza-komunitatea.
3.– 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte burututako proiektuek jaso dezakete dirulaguntza.
5. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da jarduera bera finantzatzeko beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzearekin. Administrazio honetako beste erakunde batzuek emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin ere izango dira bateragarriak. Dirulaguntzen zenbatekoak, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera, ezingo du gainditu erakunde onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua.
2.– Aurrekoaren ondoretarako, eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da; horren bidez, adierazi beharko da helburu bera lortzeko bestelako finantzaketa-iturririk dagoen ala ez, iturri horien zenbatekoa eta, hala badagokio, oraindik ebatzi beharreko dirulaguntzen eskabiderik dagoen ala ez, oinarri hauen 8. artikuluarekin bat etorriz.
3.– Lortutako laguntza eta dirulaguntza guztien batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, dirulaguntza murriztu egingo da, soberakinaren neurrian.
6. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.
1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
2.– Jakinarazpenak baliabide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Jakinarazpen-sistemak ahalbidetuko du egiaztatzea jakinarazten den egintza zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri erakunde interesdunari –edo, hala badagokio, legezko ordezkariari edo baimendutako pertsonari–, bai eta horrek edukia zer egun eta ordutan ikusi duen ere; une horretatik aurrera, egintzat joko da jakinarazpena. Eskuragarri jarri dela frogatuta dagoenean eta edukia ikusi gabe hamar egun natural igarotzen direnean, jakinarazpena ukatu dela ondorioztatu, eta izapidea egintzat joko da. Beraz, prozedurak aurrera egingo du, ofizioz edo hartzaileak eskatuta jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatu ezean.
3.– Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoen erabilera lege hauen bidez arautuko da: urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa, eta ekainaren 20ko 21/2023 Dekretua, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzkoa.
4.– Izapidetze elektronikoa eta baliabide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: modua eta epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da zenbatzen.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, eskuragarri daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-formulariora. Informazio-fitxa hori helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109103/
Prozedura honetako izapide guztiak baliabide telematikoz egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein ziurtagiri elektroniko erabiliko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
3.– Eskaeraren osteko izapide elektronikoak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Eskaerak, oinarri hauen 8. artikuluaren arabera erantsi behar den dokumentazio osagarriarekin batera, erakunde interesdunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztuko dira. Eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109103
Halaber, ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskriba daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntzan aurkeztu ahalko dituzte laguntza-eskaera eta erantsi behar den dokumentazioa. Era berean, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen duen moduan.
6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6.2 eta 6.3 artikuluetan xedatuarekin bat etorriz, eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, bai dirulaguntza emateko unean, bai ordainketak egiteko unean, eskatzaileek adostasunik eman beharrik gabe. Hala ere, eskatzaileak horren aurka ager daitezke, horren zergatia emanda. Halakorik egiten badute, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.
Era berean, bai laguntza ematean, bai ordainketak egitean, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen direla egiaztatuko da.
7.– Ziurtagiri elektroniko aitortu bidez identifikatutako pertsona fisikoen identifikazio-datuen kasuan, ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko.
8.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak.
8. artikulua.– Eskaeren edukia.
1.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez eskatzaileak betekizun hauek egiazta ditzake, eskaera-orri normalizatuetan:
a) Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu direla, eta, hala badagokio, lortu direla, beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik, eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa.
b) Erakunde eskatzaileak egiaztatzea ez duela zehapen administratibo edo penalik, dagokion epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, edo ez duela laguntzok jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik, barnean delarik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategineko 23. artikuluan ezarritakoa (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Legea).
c) Erakundeak egiaztatzea ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan zerrendatutako kausetako batean ere. Oinarri hauen 3 h) artikuluan aipatzen da hori.
2.– Subjektu onuradun gisa aurkezten direnek 1 a) apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, aurretik aurkeztu ez duten dokumentazioa aurkeztuz edo erakunde kudeatzaileari baimena emanez dokumentazioa egiazta dezan, laguntza edo dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.
3.– Eskatzaileak erakundearen eraketa-eskritura aurkeztu beharko du, bai eta haren estatutuak, haiek dagokion erregistroan duten inskripzioa eta erakundearen IFK ere.
Baldin eta organo kudeatzaileak dokumentazio hori aldez aurretik badauka erakunde eskatzaileak dirulaguntza hauen aurreko deialdietan aurkeztu duelako, ez da beharrezkoa izango hura berriro aurkeztea, aldaketarik izan ez bada.
4.– Proiektu bakoitzeko eskaera bat bete beharko da. Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109103
Eskabideetan, gutxienez, datu hauek jaso behar dira:
a) Proiektua aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zer erakunde ordezten duen; eta kokapen-datuak: posta-helbidea, telefonoa, eta abar.
b) Proiektuaren izena.
c) Erakunde sustatzailea: erakundearen deskribapena, ibilbidea eta proiektuak xede duen arloan izan duen esperientzia.
d) Proiekturako harremanaz arduratzen den teknikariaren datuak.
e) Proposatutako proiekturako lantaldeko kide bakoitzaren izen-abizenak, lanbide-taldea, titulazioa, arduraldia (lanaldi osoa edo partziala –ehunekoa adierazita–, proiektuari eskainiko zaion lanaldiaren ehunekoa), lan-kontratuaren hasiera- eta amaiera-data eta lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).
f) Proiektua nola gauzatuko den (deskribapena).
g) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.
h) Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen erakundearen historia laburra.
i) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.
j) Proiektuaren helburuak: helburu orokorra, helburu espezifikoak eta helburu operatiboak.
k) Proiektuko jarduerak, fase hauetan: plangintza eta diseinua, ezarpena eta gauzapena, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk. Fase bakoitzerako aurreikusitako kronograma.
l) Proiektuaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.
m) Proiektuaren aurrekontua, proiektuaren kostu osoa (kontzeptuka) eta proiekturako diru-sarrerak barne.
9. artikulua.– Eskaerako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzak jasotzeko eskaerak behar bezala betetzen ez badira edo guztiz betetzen ez badira, edo aurreko apartatuan zerrendatutako dokumentazioa eransten ez bazaie, errekerimendu telematikoa egingo zaio interesdunari, hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan. Halaber, jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Administrazioak, nahitaez, eskaera horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan xedatuaren arabera.
10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza izango da oinarri hauetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzordea sortuko da. Honako hauek osatuko dute:
– Joko eta Ikuskizunen zuzendaria; batzordeburua izango da.
– Joko eta Ikuskizunen Arabako Lurralde Bulegoko arduraduna.
– Joko eta Ikuskizunen Bizkaiko Lurralde Bulegoko arduraduna.
– Joko eta Ikuskizunen Gipuzkoako Lurralde Bulegoko arduraduna.
– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako teknikari bat.
– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako teknikari bat.
Kide anitzeko organoko idazkaria batzordeburuak izendatuko du, batzordekideen artean. Balorazio-batzordearen osaera jakitera emango da EHAAn argitaratuz, edozein interesdunek errekusazio-eskubidea erabil dezan, legez ezarritako kasuetan eta terminoetan.
Balorazio-batzordearen funtzionamenduari dagokion guztirako, osagarri gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da.
3.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez emango dira laguntzak.
Laguntzak kudeatzen dituen organoak edo balorazio-batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute; halaber, aurkeztutako datuak erkatu eta behar diren egiaztapenak egin ahal izango dituzte, laguntzak zuzen adjudikatzeko.
Aginduaren babesean egindako laguntza-eskaerak ebazteko eta jakinarazteko epea 6 hilabetean amaituko da, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
Aginduaren babesean egindako laguntza-eskaerak ebazteko gehieneko epea ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe igaro bada, eskaerak ezetsitzat hartu ahalko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, ezertan eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.
4.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Laguntzak emateko ebazpenek erakunde onuradunaren betebeharrak –oinarri hauen 13. artikulua– adieraziko dituzte, eta beren-beregi aipatuko dute onuradunaren beste betebehar bat: laguntzen destinoa fiskalizatzeko funtzioak betetzean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazio guztia ematea.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun gertatu diren erakundeen zerrenda (adjudikatutako zenbatekoak adierazita) eta hasiera batean emandako dirulaguntza aldatu zaien erakundeen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez, ezertan eragotzi gabe ebazpenak espresuki eta banan-banan jakinaraztea.
7.– Oinarri hauen arabera Segurtasuneko sailburuordeak laguntza emateko edo ukatzeko ematen dituen ebazpenek ez diote amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean –jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera–, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
8.– Norbaitek uko eginez gero, emandako dirulaguntza onartzeko epea igarota, ebazpen bat emango da, eta, horren bidez, uko-egiteetatik ateratako zenbatekoa adjudikatuko da, emandako puntuazio-hurrenkeraren arabera.
11. artikulua.– Adjudikazio-irizpideak eta horien haztapena.
1.– Laguntzak emateko prozedura lehiaketa izanik, aurkeztutako eskaerak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan planteatzen diren balorazio-irizpideak eta oinarri hauen IV. eranskinean ezarritako puntuazio-tarteak erabiliko dira, eskaera guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko. Honako hauek dira balorazio-irizpideak eta haien haztapena:
1.1.– Proiektuaren iraupena. Kontuan izango da ea proiektua denboraldi batean garatu den, ea edizio desberdinak izan dituen bata bestearen ostean, eta ea erakutsi den premiazkoa dela eta parte hartzen duten eragileek eta pertsonek onartu dutela. Egoera edo joera berrietara egokitzen den ere kontuan hartuko da. (Gehienez, 10 puntu).
1.2.– Dirulaguntzarekin egingo diren jardueren balorazioa (0-90 puntu):
a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean (gehienez, 30 puntu).
b) Sare-lana bultzatuz, jarduera koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea eremu sozial, sanitario, soziosanitario edo hezkuntza-eremuko beste erakunde batzuekin, hau da, interes sozialeko entitateekin eta federazio edo erakundeekin. Era berean, Jokoa Arautzeko Agintaritzarekin –batez ere Jokoaren Euskal Behatokiarekin– elkarlanean egin diren ekintzak baloratuko dira apartatu honetan (gehienez, 10 puntu).
c) Proiektuaren efizientzia, hau da, proiektuaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren arteko erlazioa (gehienez, 5 puntu).
d) Proiektuak joko arazotsuaren prebentzioan eta joko arduratsuaren hedapenean izango duen eragina, proiektuko jardueren hartzaileen kopurua neurtuta: (gehienez: 20 puntu).
e) Genero-ikuspegia kontuan hartzea, ulertuta ezen, proiektuaren diseinuan, exekuzioan eta ebaluazioan, kontuan hartu behar direla gizon eta emakumeen egoera, baldintza eta behar desberdinak (gehienez, 10 puntu).
f) Euskara erabiltzea pertsonekin egiten diren zuzeneko jardueretan, argitalpenetan eta material lagungarrietan eta proiektua bera diseinatu eta idaztean (gehienez, 10 puntu).
g) Prebentzio-proiektua zein talde- edo pertsona-tipologiari zuzentzen zaien (kalteberatasun edo bazterkeria gisa ulertuta, hau da, kontuan hartuta arrisku-jokoko jokabideak izateko aukera handia dakarten ezaugarri pertsonal, familiar edo sozialak) (gehienez, 5 puntu).
2.– Behin aurreko apartatuan jasotako irizpideak erabiliz eskaeren hurrenkera ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskaerei adjudikatuko zaizkie laguntzak, harik eta zuzkidura ekonomikoa agortu arte.
Berdinketa gertatuz gero, 1.1 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna.
3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, proiektua baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta ateratzen den ehunekoa, proiektu batek artikulu honetan ezarritakoaren arabera guztira lor ditzakeen puntuei dagokienez. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezingo da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.
12. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.
1.– Segurtasun Sailak, aurreko artikuluan ezarritako moduan, onartzen den aurrekontuaren % 75era arte finantzatu ahal izango du. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa; eskatutako proiektuan adierazitako jardueretara egokitua eta doitua egon behar du.
Diruz lagungarria den proiektuarekin zuzeneko erlazio objektiboa daukaten jarduerei dagozkien gastuak izango dira dirulaguntzaren xedea. Diruz lagundutako proiektua zuzenean gauzatzeko behar diren erakundeko langileei dagozkien zuzeneko gastuen barruan, haien arduraldi-ehunekoa eta lan-kategoria adierazi beharko dira. Langileen gastuak ezingo dira izan zenbateko hauek baino handiagoak:
a) Goi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 45.470 euro gordin urtean (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
b) Erdi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 37.245 euro gordin urtean (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
c) Administraria, lanaldi osoan: 30.024 euro gordin urtean (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
Zeharkako kostuak (administrazioa, kudeaketa, bulego-materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta beste zerbitzu batzuk, dirulaguntza eskatu den proiektuari argi eta garbi egozteko modukoak badira, formulazio, jarraipen eta ebaluaziorako) ezingo dira proiektuaren zuzeneko kostuaren % 20 baino gehiago izan.
Proiektu bakoitzari ez zaio emango laguntza-agindu honetarako xedatutako aurrekontu-partidaren guztizko zenbatekoaren % 15 baino gehiago. Geldikinik badago, ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen duen proiektu nahikorik ez dagoelako, ehuneko hori handitu egin daiteke, funtsak agortu arte.
2.– Diruz lagundutako jarduerak egitean hirugarren batzuk kontratatu beharra badago, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte: Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoak, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoak. Azpikontratazioaren proportzioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 baino handiagoa. Kontratuen zenbatekoak azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian xedatutako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen badu, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duen erakunde nahikorik ez dagoenean izan ezik. Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak hartuko dira kontuan, eta hautapena memoria batean berariaz justifikatu beharko da, baldin eta proposamen ekonomikoki abantailatsuena aukeratzen ez bada.
3.– Ordainketa zatikatua izango da: % 60 laguntza onartu ondoren ordainduko da, eta gainerako % 40a, berriz, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari 2025eko urtarrilaren 15a baino lehen dirulaguntzaren justifikazio-memoria bidali ostean. Memoria horretan, diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila adieraziko da, eta haren garapenaren balorazio kualitatiboa egingo da.
Ordainketa egiteko, beharrezkoa izango da aldez aurretik egiaztatzea erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkala eta ez dela zordun dirulaguntza itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.
4.– Justifikazio-memoriaren eredu normalizatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: Egoitza elektronikoa - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua onartutako aurrekontu guztiari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat da; bertan, gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda jasotzen da, eta dokumentu mota, identifikazioa, pertsona edo erakunde igorlea, kontzeptua, data, zenbatekoa eta proiektuari egotzi beharreko ehunekoa zehazten dira. Aurrekontuan aurreikusitako zenbatekoa eta benetako zenbatekoa adieraziko dira, baita diruz lagundutako jarduera finantzatzeko xedatutako beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.
Justifikazioa aurkeztu ostean, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak justifikatu diren gastuak argitzeko edo zuzentzeko eska dezake, bai eta emandako laguntza kontrolatzeko behar den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere. Horretarako, erakunde onuradunari telematikoki jakinaraziko zaio hamar eguneko epea emango zaiola zuzenketa egiteko.
Organo kudeatzaileak egiaztapena egingo du, egokiak iruditzen zaizkion frogagiriekin ausazko laginketa-teknikak baliatuz, dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko frogak eskuratzeko. Horretarako, onuradunari hautatutako gastu-egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahalko dio.
Gainera, dirulaguntza egoki aplikatzen dela egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastu-egiaztagiriak –lagin adierazgarri batean oinarrituta– egiaztatu egingo dira laguntza eman eta hurrengo bost urteetan. Gainera, Segurtasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Kontuen Euskal Epaitegiak bidezkoak diren ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak egin ahalko dituzte. Erakunde onuradunek gastua egin eta bost urtez gutxienez gorde beharko dituzte eman zaien dirulaguntzaren kontura egindako gastuen egiaztagiriak.
5.– Egiaztagiriak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, Nire karpeta gunearen bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Informazioa eta prozedura eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109103), 6. artikuluan xedatutako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jarduketen arabera.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Ezertan eragotzi gabe Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan aipatutako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak –aplikatzekoak diren heinean–, laguntzen onuradun diren erakundeek, oinarrien gainerako artikuluek ezartzen dituzten betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Oinarri hauetan xedatutako ereduak erabiltzea, bai eskaerak aurkezteko, bai emandako laguntzak justifikatzeko.
b) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.
c) Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea.
d) Segurtasun Sailarekin elkarlanean aritzea jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan.
e) Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren babesa berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko, hedatzeko edo, hala badagokio, argitaratzeko badira.
f) Diruz lagundutako jarduera 2024ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean egitea.
g) Laguntza-deialdi honetako jardueren ondorioz sortutako memorietan, proiektuetan eta bestelako testu idatzietan, ez da hizkera sexistarik erabiliko, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean adierazitako konpromisoei jarraikiz, eta bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako Legearen testu bateginak 19.4 artikuluan adierazten denarekin (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Legea).
h) Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko da. Hirugarren interesdunen alta emateko edo horien datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketa gertatuz gero –dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta behar bezala justifikatuta badaude– edo aldi berean beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira –administrazio publiko honen edo beste batzuen eskutik edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen eskutik–, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, betiere Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako baldintzak betez gero.
Ondore horietarako, Segurtasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta dirulaguntza jaso duten erakundeek, nahitaez, itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegizko kopurua. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzeak inoiz ez du ekarriko emandako dirulaguntza handitzea.
15. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Erakunde onuradunak bere betebeharrak betetzen ez baditu, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubidea galdu dela adieraztearekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak itzultzeko betebeharra sortuko da, bai eta ordainketaren unetik itzultzea bidezkoa dela erabaki arte sortutako berandutze-interesak itzultzekoa ere.
2.– Oinarri hauen 13. artikuluan aipatutako betebeharretako edozein ez betetzeak dirulaguntza itzultzea ekarriko du. Artikulu horretan aurreikusita ez dauden kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutako itzulketa-kausak aplikatuko dira, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan xedatutako kausak ere (38/2003 Lege Orokorra Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zuen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen 91. artikulutik 93. artikulura bitartean).
3.– Oinarri hauen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, kasu honetan ere bidezkoa izango da dirulaguntza itzultzea: emandako zenbatekoa –bakarrik zein beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa bada. Horrelakoetan, aipatutako kostua gainditzen duen zenbatekoa soilik itzuli beharko da, dagokion berandutze-interesarekin batera.
4.– Era berean, itzultzeko kausa izango da oinarri hauen 14. artikuluak aipatutako baldintzak aldatzea. Laguntza aldatzeko ebazpenaren arabera finkatzen den zenbatekoa gainditzen duen jasotako kopurua itzuli beharko da; ebazpenerako, oinarri hauetan dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira.
5.– Itzulketa-prozedura Segurtasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du, egokiak diren izapide prozesalak egin ostean. Prozedura hau izapidetzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatutakoari jarraituko zaio (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
6.– Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondoreetarako, eta erantzukizun-araubidea Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan xedatutakoa izango da.
16. artikulua.– Itzulketa-prozedurak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
– Prozedura hasteak, hala badagokio, oraindik egiteke dauden ordainketak etengo ditu.
– Segurtasuneko sailburuordeak itzulketa-prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinaraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.
– Alegazioak jaso ondoren edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
– Itzulketa-prozedura ebazteko epea hamabi hilabetekoa izango da, gehienez ere.
– Ebazpenak ez-betetzea dagoela baiesten badu, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, bidezko diren kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra, ebazpena jakinarazten denetik gehienez ere bi hileko epean. Epe hori borondatezko epealditzat joko da.
Dagozkion kopuruak borondatezko aldian itzuli ez badira, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikagarri den legezko araudian xedatutakoa betez joka dezan.
17. artikulua.– Aplikatu beharreko dirulaguntza-araudia.
Dirulaguntza-deialdi honi Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatuko zaio, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia eta lege hori garatzen duen Erregelamenduan jasotakoa (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Erregelamendua). Aplikatzekoa izango da, halaber, 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
18. artikulua.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua betez –Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra)–, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa betez –Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa–, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da zure datu pertsonalak tratamendu-jarduera honetan tratatu eta sartuko direla: Joko patologikoa prebenitzeko dirulaguntzak, zeinak ezaugarri hauek baititu:
Arduraduna: Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza. Segurtasun Saila.
Xedea: EAEn irabazi-asmorik gabeko erakundeek joko patologikoari buruzko informazio- eta prebentzio-jarduerak egiteko laguntzen eskaerak eta horien jarraipena kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak: ez da aurreikusten datu-komunikaziorik.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrialdean begira dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/152700-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.