Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2024ko uztailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
3599

AGINDUA, 2024ko uztailaren 8koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez ingurumenaren arloko sailburuorde eskudunari eskuordetzen baitzaizkio ingurumenaren arloko zenbait eskumen.

Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluak hauxe ezartzen du bere 1. apartatuan: «Administrazio publikoetako organoek beste organo batzuei delegatu diezaiekete beren eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta hierarkikoki bata bestearen mendekoa ez izan (.../...)». Hala, ingurumen-arloko sail eskuduneko titularrari dagokio gai horretako askotariko sektoreko lege arautzaileen zehatzeko ahala baliatzeko eskumena.

Alde batetik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 112. artikuluaren arabera, ingurumeneko sailburu eskudunari dagokio zehatzeko ahala baliatzea Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde partekatuen eskumenen gaietako oso arau-hauste astunen kasuetan, salbu eta 1.500.000 eurotik gorako isuna dakarten kasuetan edo jardueren edo instalazioen aldi baterako edo behin betiko uztea edo ixtea (erabatekoa edo partziala) erabakitzen den kasuetan, zeinetan Gobernu Kontseiluaren eskumena izango baita zehatzeko ahala baliatzea. Irizpide berak arautu behar du Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legeak biltzen dituen arau-hausteen erregimena, arauetara igortzen duen azken xedapenetako seigarrena betez.

Bestalde, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 62. artikuluak ezartzen du ingurumen-arloko sail eskuduneko titularrari dagokiola arau-hauste astunen kasuan zehapen-prozedura ebaztea.

Gainera, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 6. artikuluaren 4. apartatuak ezartzen duenez, Uraren Euskal Agentziaren ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio ingurumenaren arloan eskumena duen sailaren titularrari.

Hori horrela, eta kontuan izanik egitura berria sortu dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren ondorioz, eta bertan adierazitako eskumenak ere kontuan izanik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-arloko sailburuorde eskudunaren esku uztea honako eskumen hauek:

a) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean jasotako zehapen oso astunak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde partekatuen eskumenen gaietan, salbu eta 1.500.000 eurotik gorako isuna dakarten kasuetan edo jardueren edo instalazioen aldi baterako edo behin betiko uztea edo ixtea (erabatekoa edo partziala) erabakitzen den kasuetan.

b) Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legean bildutako zehapenak ezartzea, aurreko apartatuan adierazitako baldintza berekin, arauetara igortzen duen azken xedapenetako seigarrena betez.

c) Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusitako arau-hauste astunak ezartzea.

d) Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren ebazpenen aurkako gora jotzeko errekurtsoak ebaztea.

Bigarrena.– Eskuordetza honen bidez emandako ebazpen guztietan, berariaz aipatuko da horrela eman direla, eta organo eskuordetzaileak emandakotzat joko dira.

Hirugarrena.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren titularrak edozein unetan baliogabetu ahal izango du agindu honetan aipatzen diren eskumenen eskuordetza. Baliogabetzeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Laugarrena.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren titularrak bereganatu egin ditzake agindu honek aipatzen duen eskuordetzan jasotako edozein gairen ardura eta ebazpena, hartara eragotzi gabe eskuordetzak iraun ahal izatea, espresuki aldatzen edo baliogabetzen ez den bitartean.

Bosgarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 8a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.


Azterketa dokumentala