Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2024ko uztailaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL TRENBIDE SAREA
3505

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 11koa, Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca-ren Kontrataziorako Batzorde Delegatuarena, «Burtzeña-Barakaldoko Vegas de Tapia kaleko lurzatian dauden lursail eta nabeen okupaziorako eta erabilera partzialerako jabari publikoko emakida» (Burtzeña II emakida) esleitzeko.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– ETSko Ondare Sailak, interesdunak eskatuta, Burtzeña-Barakaldoko (Bizkaia) Vegas de Tapia kaleko lurzatian dauden lursail eta nabeak okupatzeko eta partzialki erabiltzeko jabari publikoko emakidaren izapideak hasi zituen ofizioz, apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren eranskineko 49.4 taldeko 49. dibisioan aurreikusitako jarduera bat garatzeko.

Bigarrena.– 2023ko azaroaren 7an, egiaztatu zen aurretiazko aldeko txostena emanda zegoela dagoeneko, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 74.3 artikuluan aurreikusitakoa.

Hirugarrena.– Emakidaren aurrekontua 277.063,20 eurokoa da, BEZik gabe, kanon gisa; hilean 2.308,86 euro ordainduko dira (BEZik gabe), ETSk egindako euskarri-tasazio ofizialaren arabera zehaztuta. Egikaritzeko hasierako epea hamar (10) urtekoa da, eta bi alderdiak ados jarrita luzapenak egin daitezke, gehienez ere beste hamar (10) urtez, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 82.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Aurrekarietan aipatutako espedientearen xedea da jabari publikoko emakida bat arautzea erabilera pribatiborako, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 68.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Hain zuzen, 3.609,46 m2-ko azalera partzialki okupatu eta erabiltzeko izango da emakida, Burtzeña-Barakaldoko (Bizkaia) Vegas de Tapia kaleko lurzatian kokatutako lursail eta nabeen barruan, salgaiak errepidez garraiatzeko merkataritza-jarduera bat garatzeko.

Bigarrena.– Higiezin hori herri-jabariko ondasuna da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (EAEAO) titulartasunekoa, eta Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca (aurrerantzean, ETS) ente publikoari atxikita dago. Emakidadunak proposatutako jarduera garatzeko erabiliko denez zati batean, hark izapidetu beharko ditu beharrezko diren espedienteak, emakida ustiatzeko eta bere jarduera gauzatzeko eska daitezkeen mota guztietako baimenak eta lizentziak bere kontura eta arriskura lortzeko.

Hirugarrena.– Erreferentziako espedientean jasotako dokumentazioa eta informazioa aztertuta, egiaztatuta dago behar bezala betetzen dela Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan jabari publikoko emakidei buruz aurreikusitakoa.

Laugarrena.– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ETSri dagokio, ondasuna atxikita duen erakundea den aldetik, administrazio-emakidei buruzko espedienteak izapidetzea.

Bosgarrena.– Emakida-erabakian jaso beharreko edukiari dagokionez, espedientean jasotako dokumentazioan eta informazioan honako hauek daude jasota:

– Ondasuna edo eskubidea erabiltzeko araubidea.

– Dena delako baimenak edo emakidak bete beharko duen araubide ekonomikoa.

– Jarri beharreko bermea, hala badagokio.

– Kontserbazio- eta mantentze-gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak bere gain hartzea, bai eta ondasuna bere izaeraren arabera erabiltzeko eta jasotzen den egoeran entregatzeko konpromisoa ere.

– Ondasunaren erabilerak edo haren gainean egin beharreko jarduerak eskatzen dituen lizentzia eta baimen guztiak bere kontura eskuratzeko konpromisoa.

– Okupazioaren ondoriozko erantzukizuna bere gain hartzea, eta, hala badagokio, dagokion aseguru-poliza formalizatzeko betebeharra aipatzea.

– Lagatzaileak emakidaren xede den ondasuna ikuskatzeko ahalmenari eustea, emakidaren baldintzen arabera erabiltzen dela bermatzeko.

– Epea eta epe hori luzatu edo subrogatzeko araubidea, hala badagokio, nahiz; nolanahi ere, aldez aurreko baimena beharko den luzatu edo subrogatzeko.

Seigarrena.– Hautatutako esleipen-prozedura Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 74.3 artikuluan araututako konkurrentzia-prozedura da, eta hori emateko, lege-testu beraren 74.4 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

EHAAn iragarki bat argitaratu beharko da, eta, bertan, emakida antolatzeko baldintzak jaso beharko dira, interesdunak aurkeztutako eskaerari erantzunez. Hona hemen xehetasunak:

– Eskatzailea: Transportes Aquino Espinoza, S.L.

– Xedea: Burtzeña-Barakaldo inguruan 3.609,46 m2-ko azalera okupatzea eta erabilera pribatiboa egitea, N9516599H, U3013723E eta 013-1104-05001 erreferentziadun pabiloietatik eta jatorrizko lurzatitik hartuta, hurrenez hurren.

– Hasierako okupazio-epea: 10 urte, okupazio hori berritzeko aukera emanda, bi alderdiak ados jarrita, gehienez beste 10 urtez.

– Enpresak proposatutako aldez aurreko lanak eta bere jarduera garatzeko kokalekua egokitzeko eta/edo gaitzeko beharrezkoak izan daitezkeen gainerako lan osagarriak enpresaren kontura izango dira, eta haren kontura izango dira kontserbazio- eta mantentze-lanak, zaintza eta segurtasuna, zergak, tasak eta gainerako zergak, bai lursailaren titulartasunari lotutakoak, bai bertan garatu beharreko jarduerari lotutakoak, bai eta okupazio horren xede diren ondasunak izaeraren arabera erabiltzeko eta jasotzen dituen egoeran itzultzeko konpromisoa ere.

– Sartzeko kaminoa, lurrak dauden lekura sartzeko denen sarbide bakarra denez, libre, hutsik eta kontserbazio- eta segurtasun-egoera onean mantendu beharko da, esleituta duen asmorako erabilgarria eta eraginkorra dela ziurtatzeko, eta bide-zortasuna izango da eskatutako okupazioarekin zerikusirik ez duen gainerako terrenoetarako.

– Okupatuko diren lursailak kokatuta dauden lurzatiaren barruko igarotze- eta/edo zirkulazio-araubideari dagokionez, kokalekuan dauden gainerako okupatzaileekin eta/edo jarduerekin koordinatu beharko da, bateragarri izan dadin, eta interesdun guztiek beren jarduna normal burutzeko moduan.

– Eskatzaileak konpromisoa hartuko du berak lortzeko beharrezko diren lizentzia eta baimen guztiak, lursailen ezarri nahi dituen erabileren arabera eta/edo horien gainean egin beharreko jardueren arabera.

– Tokatzen ez den norbait sartzen bada, edo tren-instalazioei edozein kalte egin badie inork, gertatutakoa eskatzailearen erantzukizuna izango da, eta okupazio-aldian sortzen diren konponketa-gastuak eta erantzukizunak bere kontura izango dira.

– Aldi baterako okupazio horrek ez dio inolako erantzukizunik ekarriko ETSri, eta eskatzailea izango da ezarritako epean mantentzearen eta segurtasun-baldintzen arduraduna.

– ETSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez dute inolako erantzukizunik izango instalazioen aldi baterako okupazioaren eta erabileraren ondorioz interesdunek (okupatzaileek eta, oro har, eraginpean egon daitezkeen hirugarrenek) jasan ditzaketen kalteengatik.

– Era berean, ETSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez dute inolako erantzukizunik izango okupatzaileak edo hirugarren erabiltzaileek trenbide-instalazioetan eta lursailetan eragin ditzaketen kalteengatik.

– Une oro, lursailean dabiltzanek Trenbideko teknikariek emandako jarraibideak bete beharko dituzte, hala eskatuz gero.

– Instalazio horietan egin beharreko edozein obra, lan eta/edo egokitzapen-jarduketa, txosten honetan aipatutakoez gain, aldez aurretik jakinaraziko zaio ETSri, teknikariek adostasuna eman dezaten eta gauzatzeko beharrezko baldintzak zehaztu ditzaten.

– Eskatzaileak erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat entregatuko du ETSn, prima ordaindu izanaren dagokion frogagiriarekin batera, aipatutako kontingentziak estaltzeko; poliza horrek frankizia bat ezarria badu, eskatzaileak edo haren izenean jarduten duenak pertsonalki erantzungo dio frankiziaren zenbatekoari.

– Ez da beharrezko edo nahitaezko jotzen interesdunak fidantza gehigarria eratzea.

– Emakida horri dagokion zenbatekoa, hasieran, honako hau izango da: hileko alokairua 2.308,86 euro/hil (BEZik gabe).

– Zenbateko hori urtero handituko da okupazioaren indarraldiko urte bakoitzean, eta eguneratu egingo da Estatistikako Institutu Nazionalak, EUSTATek edo Euskal Autonomia Erkidegoan hura ordezka dezakeen antzeko erakundeak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko kontsumoko prezioen indizeak izandako aldakuntzaren arabera, aurreko urte arteko aldiari dagokionez.

– Okupazio hori, ematen denetik ondorioak izanik ere, baldintzatuta egongo da: Irauregi-Lutxana lineako trenbide-garraioa martxan jartzeak baldintzatuko du, ETSrentzat lehentasunezkoa izango baita. Hala, bada, trenbideko garraioari berriro ekin zaiola egiaztatzen bada, eta garraioa garatzeko beharrezkoa eta/edo komenigarria bada, okupazioaren baldintzak berrikusi egingo dira (eta, hala badagokio, okupazioa ebazteko eta/edo amaitzeko aukera ere egon liteke), inolako kontraprestaziorik eta/edo konpentsaziorik sortu gabe. Era berean, interesdunak, okupazio hau kokatuta dagoen lursaileko gainerako garraio-operadoreen konkurrentzia-erregimenean eta baldintza berberetan, trenbide-garraioko salgaien azken garraioa –instalazioetatik entrega-puntuetaraino– egiteko prest egon beharko du, trenbide-operadorearekin hitzartu beharreko egintza edo negozio juridikoaren bidez.

– ETSk berariaz gordeko du emakidaren xede den ondasuna edozein unetan ikuskatzeko ahalmena, baliozkotutako xedearen eta/edo xedearen arabera erabiltzen dela bermatzeko, baita baimendutako baldintzen arabera ere.

Interesdunek hogeita hamar (30) eguneko epea izango dute, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, ondasun bera okupatzeko beste eskaera batzuk aurkezteko, interesdunak nahi duen helburu berberarekin. Epea amaitzeko eguna balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera luzatuko da automatikoki.

Horiek horrela, ETSren Kontratazio Batzorde Delegatuak honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Onartzea Burtzeña-Barakaldoko Vegas de Tapia kaleko lurzatian dauden lursail eta nabeak okupatzeko eta partzialki erabiltzeko (3.609,46 m2) jabari publikoko emakidaren espedientea eta gastua. Aurrekontua 277.063,20 eurokoa da, BEZik gabe, kanon gisa. Hilean 2.308,86 euro ordainduko dira (BEZik gabe), eta exekuzio-epea hamar (10) urtekoa izango da, nahiz beste hamar (10) urte luzatzeko aukera ere badagoen.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, 30 eguneko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, ondasun bera okupatzeko beste eskaera batzuk aurkez daitezen, interesdunak nahi duen helburu berarekin.

Bilbon, 2024ko uztailaren 11n.

ETSko zuzendari nagusiaren ordezkatuz.

Kontratazio Batzordeko lehendakaria,

SARA BARREAL JIMENEZ.


Azterketa dokumentala